Gramatiketan beste sailkapen mota batzuk ere ageri dira, beste mota bateko irizpideak erabiltzen direlarik. Ikus ditzagun bi adibide hauek: irakasle gizena eta irakasle ona. Bietan ageri da adjektibo kalifikatzaile bat (gizena, ona) dagokion izenaren ondotik. Baina kontura gaitezen predikazio erlazioa ez dela berdina batean eta bestean. Lehenbizikoan ari gara esaten norbait irakaslea dela eta, gainera, gizena dela. Baina bigarrenean, ez: bigarrenean ari gara esaten norbait irakasle bezala ona dela. Multzoen arteko ebakidura nola egiten den, horrek markatzen du sintagma hauen esanahia. Irakasle gizena diogunean, norbait irakaslea eta gizena dela diogu, baina irakasle ona diogunean ez gara esaten ari norbait irakaslea dela eta, gainera, pertsona ona: oso ona izan liteke irakasle bezala (eta hori ari gara esaten), baina aski txarra pertsona bezala. Aldiz, irakasle gizena baldin badiogu, pertsona hori irakaslea dela ari gara esaten, eta pertsona gizena, aldi berean. Lehenbizikoei adjektibo ebakitzaileak esaten zaie, eta ez-ebakitzaileak, berriz, bigarrenei.