Euskararen Gramatika

14. Adjektiboa

14. Adjektiboa

14.1. Zeri deitzen diogun adjektibo

14.1a Adjektiboa perpausaren osagai bat da, izenaren inguruan ageri dena. Arruntean izenaren kualitate bat adierazten du eta horretarako erabiltzen da, hots, izenaren ezaugarri bat adierazteko: etxe zuria, katu beltza, bide zabala. Adibide horietan adjektiboak artikuluarekin ageri dira baina adjektiboak ez du berez, noski, artikulurik behar ezinbestean: etxe zuri hori, katu beltz batzuk, bide zabal asko. Artikulua sintagma osoarena da, ez adjektiboarena bakarrik.

EGLU-I liburukian (157-158) adjektiboen kategorian bi eratako elementuak biltzen dira: izenondoak (etxe zuri hori) eta izenlagunak (plazako etxea) ere. Lehenbiziko sailekoak dira, nolabait esateko, adjektibo “garbiak”, eta kategoria hori osatzen dute. Holakoak dira gorri, handi, ergel, polit, txiki eta abar. Ikusten denez, kategoria bat osatzen dute (adjektiboen kategoria) eta hola ageri dira hiztegietan, hiztegi hitzak dira. Batzuetan atzizkiren bat ere har dezakete: jakintsu, ikusgarri eta abar. Bigarren sailekoek (plazako, alkatearen…) ez dute, ordea, halako kategoriarik osatzen: plaza eta alkate izenak dira, kategoria horretakoak dira, eta hola ageri dira hiztegietan. Behin izen horiei -ko edo -en erantsirik izenlagun direla esaten dugu, eta EGLU-I liburukian, esan bezala, adjektiboen kategorian sailkatzen genituen, izenondoekin batera. Hala ere, bistan da gauza desberdinei buruz ari garela, plazako eta alkatearen ez baitira hiztegi hitzak, ez dute horiek kategoriarik (izenarena ez bada, baina betiere atzizkia kendurik) osatzen. Gramatikaren ikuspuntutik izenondo garbi horiek (gorri, txiki) bakarrik jo daitezke adjektibotzat. Gramatika honetan ere horiek bakarrik hartuko ditugu adjektibotzat: bi hitz horiek, adjektibo eta izenondo, sinonimotzat hartuko ditugu aurrerantzean. Baina hori hala bada ere, egia da batzuek (izenondoek) eta besteek (izenlagunek) betetzen dituzten funtzio sintaktikoek badutela antzekotasun handia. Biak doaz izenarekin. Kontura gaitezen perpaus erlatiboek ere izenlagunen funtzio bera betetzen dutela: [Mirenen] etxea eta [Mirenek duen] etxea adibideetan ikusten da hori. Eta gramatika askotan perpaus erlatiboak perpaus adjektibalak direla esan ohi da.

14.1b Izenondoak eta adjektiboak neurri batean sinonimotzat hartzen baditugu ere, bai izenlagunek bai izenondoek betetzen duten funtzioa ikusirik, denak multzo berean sartuko ditugu, baina bereizketa bat eginez. Adjektiboek (izenondoek, beste hitzetan) adjektibo sintagmak osatzen dituzte, adjektibo sintagmetan biltzen dira. Izenlagunak, esan bezala, ez dira adjektiboak, baina dituzten ezaugarriak kontuan hartuz, sintagma adjektibalak osatzen dituztela esanen dugu, sintagma adjektibaletan biltzen direla alegia. Hola, etxe gorria adjektibo sintagma litzateke, baina plazako etxea, Maiteren alaba, ekarri duzun autoa… ordea, sintagma adjektibalak direla esanen dugu. Bien arteko erlazioa adibide askotan ikusten ahal da: asko dakien gizona (izenlaguna) gizon jakintsua (adjektiboa) dela esaten dugu. Izenondoak (adjektibo deituko ditugu) hitz kategoriak dira. Izenlagunek ez dute kategoriarik osatzen, baina duten funtzioagatik esan daiteke adjektiboekin pareka daitezkeela, betiere maila batean.

14.1c Izenondoek eta izenlagunek toki jakina dute beti izenari dagokionez: izenlagunak ezkerrean ageri dira, eta izenondoak eskuinean. Hori da toki naturala, nolabai esateko, toki ez markatua nahiago bada: izenondoak eskuinean (mutil garbia) eta izenlagunak ezkerrean (herriko plaza; Mirenen autoa; bigarren lasterkaria). Beste hitzetan esateko, sintagma adjektibalak ezkerrean beti, eta adjektiboak izenaren ondotik, eskuinean. Horrek ez du esan nahi, ordea, toki kanoniko hori batzuetan hausten ez denik: Joxe Plazaburukoa edo Jaun zerukoa esaten dugu, arazorik gabe, frantziar politikaria. Kasu horietan adjektiboa eta izenlaguna tokiz aldatuak ageri dira, eskuinean izenlaguna (zerukoa), eta ezkerrean adjektiboa (frantziar). Holako gauzak hizkuntza askotan gertatzen dira. Bai, gure ingurukoetan: casa grande, ventana bonita, église baroque edo crêpe sucrée esaten da arruntean, bai frantsesak bai gaztelaniak izenaren eskuinean jartzen baitute adjektiboa (hori da toki naturala). Baina horiekin batera gran mentira, pequeña verdad, gentil garçon edo bonne note ere ikusten dira. Esan behar da bigarren hurrenkera hori lehenbizikoa baino markatuagoa dela. Ingelesez adjektiboak izenaren aurretik jartzen dira: white house, big horse. Baina egitura zaharkitu batzuetan ez dira izenaren ondotik doazen adjektiboak ere falta: They heard creatures unseen. Zentzu zaharkitua dute A Love Supreme; The Matrix Reloaded edo Paradise Loast gisakoek. Geroago itzuliko gara berriz ere puntu honetara.

Zerbait holako gertatzen da euskaraz ere: gentilizioak (-ar) eta -dun tankerako adjektiboak izenaren ezkerreko aldean agertzen badira ere, batzuetan eskuinera eramaten ditugu (§ 14.2.3).

Ez bestela. Gainerako izenondo arruntek ez dute holako askatasunik, eta beti joan behar dute izenaren eskuinean: mutil koxkorra (*koxkor mutila), leiho handia (*handi leihoa) eta abar. Egia da batzuetan ikusi izan direla *sindikal arazoak edo *ekonomiko egoera bezalako adibideak, baina gutxi izateaz gain ez dira batere zuzenak: arazo sindikal edo egoera ekonomiko eskatzen du euskarak. Berdin arazo sozial, eta ez *sozial arazo. Hurrenkera hori harridura perpaus batzuetan hauts daiteke eta, hola, gaixo bekataria! nahiz bekatari gaixoa! bezalakoak erabiltzen dira euskaraz. Baina aski erabiliak dira hurrenkera arrunteko harridura perpausak ere: hau mendi handia!, hau ume txikia!

14.1d Adibideetan ikusten denez, adjektiboek izenaren zer-nolakotasuna adierazten dute: Liburu handi bat erosi nuen; Gizon beldurgarri hark mutikoa izutu zuen. Hor, bistan da, handi-k liburua nolakoa den esaten digu, eta beldurgarri-k gizonaren kualitate bat, funtsezko ezaugarri bat, ematen du aditzera. Egia da lurrezko ontzia, edo urrezko eraztuna esaten badugu, hor ere lurrezko eta urrezko hitzek izenaren kualitate bat adierazten dutela, baina badira argumentu nahiko onartzeko horiek ez direla benetako adjektiboak. Beste hitzetan esateko: adjektiboek askotan izenaren kualitate bat adierazten badute ere, horrek ez du esan nahi izenaren kualitatea adierazten duten hitz guztiak adjektibo direnik.

14.1e Batzuetan esan izan da ez dela modu argirik adjektiboen eta izenen artean bereizketa garbiak egiteko. Mitxelenak (1987: 374-375) berak zioen hori. De Rijkek (2008: 19) ere aipatzen du kontu hori, baina berehala gaineratzen du hori esatea gehiegikeria da. Egon daitezke zenbait antzekotasun, dio, eta adjektiboak, zenbait kasutan, izen gisa ere erabiltzen ditugu, baina alderantzizkoa ez da egia: ez da adjektibo gisa erabiltzen den izenik152 (“ez bada adjektibo bezala hasten”). Azalpena pixka bat iluna bada ere, ez baitakigu ongi zeri egiten dion erreferentzia, badirudi hori ez dela beti hola betetzen, eta testuinguru batzuetan bizidunen izen batzuk adjektibo bezala ere erabiltzen ditugu: Mutiko hau astoa da; Ze zakurra den; Bileran daudenak oiloak dira; Ez izan hain umea!; Begira zerriak direla horiek; Gezurra dirudi hain haurrak izatea eta abar. (§ 14.8).

Izenen eta adjektiboen arteko berezitasunen berri emateko bi argudiobide erabiltzen dira: alde batetik sintaxian bereizten dira (irakasle gizena / *gizen irakaslea) eta semantikan ere. Hori ez da, ordea, beti betetzen: egia baita batzuetan izenek eta adjektiboek funtzio sintaktiko berdinak dituztela (Mikel irakaslea da / Mikel handia da, geroago itzuliko gara predikatu osagarrien kontu honetara), eta badituztela beste batzuetan elkarren arteko propietate semantiko komunak ere. Jokalari hitza, esaterako, adjektiboa izan daiteke (gazte jokalari ona da) edo izena (hamar jokalari bakarrik ditugu), eta ez da zalantzarik hor ezaugarri semantiko antzekoak dituztela, izena nahiz adjektibo izan. Gradu markak ere har ditzakete batzuek eta besteek (izenek adjektibo modura erabiliak direnean): bide hau baino maldago / handiago ez duzu erraz aurkituko; horrek dioena egiagoa / gezurragoa da. Esan dezagun, bestetik, izenek gradu zenbatzailea hartzen dutela, eta adjektiboek ez: lau ate / *lau eder.

Batzuetan adjektiboak substantibatzen ditugu: andre eria (adjektiboa), baina eriak ospitalera eramaten ditugu (izena); herriko mutil gazte horiek dantzari onak dira (adjektiboa), baina gazteek ez dute lanik (izena). Hori ezin da adjektibo guztiekin egin, eta badirudi erregulartasun semantiko batzuek agintzen dutela noiz egin eta noiz ez.

Substantibatze prozedura horiek arruntak dira: propietate edo ezaugarri batzuetatik abiaturik, adjektiboak izen bihurtzen ditugu ezaugarri batzuk konpartitzen dituzten multzokide izendatzeko. Multzo horiek badute, nolabait ere esateko, halako nabarmentasun berezi bat gure eguneroko hizkeran. Batzuetan adinarekin dute zerikusia (gazte, zahar, nerabe); herritartasunarekin (hiritar, atzerritar, probintziar, frantziar…); tokiarekin (aurrelari, atzelari); zaletasunarekin (mendizale, futbolzale, euskaltzale, bekatari, saindu…); kulturarekin (jakitun, lizentziadun, autodidakta, unibertsitario); larruaren edo ilearen kolorearekin (beltz, zuri, ilegorri) edo pertsonen ezaugarri fisikoekin (burusoil, ñimiño, konkordun, begimakur, ezker); osasunarekin (gaixo, eri, afasiko, elbarritu, legenardun); lanarekin (zientzialari, ekonomialari, ikertzaile, kimikari); talde politiko edo artistikoekin (budista, marxista, peronista) eta bestelakoekin (mozkor, alkoholiko, famadun, intelektual, erretzaile) eta abar. Horiek guztiak substantibatze prozeduren ondorio direla esan daiteke, hau da, jatorriz adjektibo izanik, izen gisa erabiltzen ditugu. Batzuetan ezaugarri negatiboekin lotzen dira: etxe honetan eri batzuk bizi dira esaten da, baina nekez etxe honetan osasuntsu batzuk bizi dira153. Berdin: badugu itsu bat gelan, baina ez *baditugu buruargi batzuk gelan (itsu eta buruargi antonimotzat harturik), edo nor da zoro hori?, baina ez *nor da zentzudun hori?154

14.1f Adjektiboak, oro har, izenaren ondoan jartzen ditugu, izenaren eskuinean. Baina predikatu osagarri modura ere agertzen ahal dira: etxe hori ez da oso handia; katu hura beltza zen. Esan dezagun, hortaz, adjektiboa izena aldatzen duten edo izenaz predikatzen diren hitzek osatzen dutela. Greko-latindar tradizioan oinarritzen da izena eta adjektiboaren arteko bereizketa hori: hola, izena benetako zerbait izango litzateke, kendu ezin den zerbait, “substantzia”, nahi bada, eta adjektiboa, berriz, bigarren mailako kontu zerbait, izenaren gaineko ezaugarriren baten berri ematera heldu den zerbait, bigarren mailakoa esan bezala edo, nahi bada, “akzidente” bat. Zentzu horretan diogu adjektiboak izena aldatzen duela.

Izenaren “aldaketa” hori oso zentzu zabalean hartu behar da hemen, batzuetan ez baitute benetan izenaren inolako ezaugarririk adierazten, nola ez den, esan bezala, ezaugarritasun hori aski modu zabalean hartzen. Bistan da etxe handia, auto garestia edo gerla izugarria sintagmetako adjektiboek ezaugarri baten berri ematen digutela. Baina kafe hutsa nahi dut, Miren ingeniari industriala da edo bereizketa zehatzak esaten badugu, nekez sar daitezke azken adjektibo horiek aurrekoen sail berean: huts aski izenondo berezia da, ikusiko dugunez; ingeniariak ez dira industrialak (hemen kanpoko zerbaitekin gertatzen den erlazio mota bat adierazten da, izenaren ezaugarri zuzena baino gehiago), eta zehatzak ez du benetan izena aldatzen. Horiek ez dute hitzen inolako ezaugarririk adierazten, ez dute zinez maila horretako informaziorik ematen. Zernahi gisaz, adjektibotzat hartuko ditugu hemen, nola egiten baitute gauza bera beste hizkuntza batzuetako gramatika eta hizkuntzalari gehienek.

14.1g Izenlagunek eta adjektiboek pareko funtzioak badituzte ere, gorago esan bezala, badira haien artean desberdintasunak. Eta ez bakarrik tokiari dagokionez. Hasteko, izenlagunek ez dituzte hartzen izenondoek (zinezko adjektiboek) hartzen dituzten konparazio atzizkiak: handiago, handiegi, handiena, *Mirenenago, *Mirenenegi, *Mirenenena. Bai, badakigu jakin Koldo mendikoago da kalekoago baino bezalako perpausak era ditzakegula. Baina ez da ia holako adibiderik ageri ez egungo literaturan eta tradizioan. Aski bakanak dira.

14.1h Izenondoek beste atzizki batzuk ere hartzen ahal dituzte. Ez dituzte izenondo guztiek atzizki berak hartzen, baina handi gisako batek, esate baterako, holakoak har ditzake: handiki, handiketa, handigura, handinahi, handikor, handios, handiputz, handisko, handitasun, handitzar eta abar. Nekez hartuko ditu holakoak izenlagun batek: *etxekoki, *etxekoketa, *etxekogura, *etxekonahi eta abar. Beraz, bada hor izenlagunen eta izenondoen arteko bereizketa garbi bat.

14.1i Izenlagunen barne egitura, izenondoekin gertatzen ez den bezala, konplexua da berez: mendi-ko, Miren-en. Horiek postposizioen (Miren-ekin) egituren pareko zerbait erakusten dute. Aldiz, handi edo gizen bezalako izenondoak hitz soilak dira, lexemak, zuhaitz edo ohe bezalakoak. Aurrekoak (mendiko) ez bezala, azken horiek hiztegietan ageri dira. Jakina, hiztegikoak dira lexikalizatu diren hitz batzuk: gerriko, betaurreko, belarritako… Baina horiek ez dira izenlagunak, ez dira arruntean izenekin erabiltzen.

14.1j Adjektiboez eta izenlagunez gain izenek har ditzakete beste izen edo izen sintagma batzuk ere modifikatzaile: Nerbioi ibaia; Nelson Mandela presidentea; apartheid hitza. Adibide hauetan izen propio batek, edo izen arrotz batek mugatzen du ibai, presidente edo hitz izenen eremua. Gramatika honetan morfologian aztertzen dira horrelako egiturak (ikus “Aposizio egiturako hitz elkartuak” § 7.2.8). Bestelako egiturak ere aurki daitezke izena modifikatzen: Stalin agintari krudel horrek; Koldo Mitxelena hizkuntzalari, idazle eta euskaltzain errenteriar bikainaren omenez. Sintagma egiturak dira, azken adibide horietan, Stalin eta Koldo Mitxelena izenak modifikatzen ageri direnak; bi pertsona horien ezaugarriren bat nabarmentzeko funtzioa duten sintagmak. Horietan guztietan sintagma bakarraren barruan gertatzen da modifikatze harremana. Bada, azkenik, bi izen sintagma ondoan emanik adierazten den modifikatze harremana ere: Hillary Clintonek, AEBko presidentetzarako lehiatu zen lehen emakumeak. Aposizio egitura esaten zaie aipatu ditugun modifikatze mota horiei guztiei (ikus § 28.9.2).

14.2. Adjektibo motak

14.2.1. Adjektibo kalifikatzaileak

Orain arte eman ditugun adibide gehienetako adjektiboak adjektibo kalifikatzaileak dira. Gramatika batzuetan adjektibo arrunt ere deitzen dira. Esan bezala, izenaren berezko ezaugarriren bat nabarmentzen dute. Adjektibo kalifikatzaileek koloreekin dute zerikusia (gorri, zuri), neurriarekin (handi, txiki, luze), izaerarekin (eskuzabal, maitagarri), formarekin (makur, zabal), izenaren bestelako ezaugarriekin (berri, zahar, ikusgarri), kopuru edo kantitatearekin (bikoitz, bakun) eta abar. Eta esan dugu holako adjektiboak izenaren eskuinean jartzen ditugula. Batzuetan, egiten den kalifikazio hori metaforikoa izan daiteke: Zure hitz beltz horiek kezkaturik utzi naute. Baina, beste hizkuntza batzuetan ez bezala, euskaran ez du horrek aparteko eragin sintaktikorik sintagma osatzean.

Euskal hitz batzuek, hala ere, arazoak sortzen dituzte. Adjektibotzat jo izan dira gramatiketan (ikus, adibidez, EGLU-I: 159), eta izenaren eskuinean nahiz ezkerrean ageri dira. Harridura perpausetan hurrenkera aldatzen da: handia, zientzialari hori! Badira beste bi kasu gehiago: -dun atzizkiarekin osatutako hitzekin gertatzen dena, eta gentilizioekin (-ar atzizkia erabiltzen dutenekin, bereziki). Horietan bi hurrenkerak onartzen ditu euskarak: dirudun neska, nahiz neska diruduna; frantziar idazlea, nahiz idazle frantziarra. Geroago (§ 14.2.3) itzuliko gara berriz ere puntu honetara, eta erabileraren gorabeherak hobeki zehaztuko ditugu. Adjektiboen arteko sailkapena dela eta, beste hizkuntza batzuetako gramatikek beste hitz mota batzuk ere sartzen dituzte adjektiboen artean: erakusleak (hauek, horiek eta horien parekoak, delako hizkuntzan), posesiboak (neure, zure… bezalakoen parekoak), galdetzaileak (zein, zer… bezalakoak), guk “zenbatzaile zehaztugabeak” deitzen ditugunak (batzuk, guztiak eta horien gisakoak) eta abar. Guk ez ditugu adjektibotzat hartuko. Edo forman oinarriturik, ingelesez, esaterako, gramatika batzuk “-ing bukatutako adjektiboez” mintzo dira. Horiek guztiek osatuko lukete adjektiboen multzoa: azkenekoa, batzuetan, euskararen -tze, -le, -ari… bezalakoen parekoa litzateke. Egia da kantari edo saltzaile gisako hitzek adjektiboen funtzioa izan dezaketela euskaraz (neska kantari, gizon saltzaile…) baina, nolanahi ere, horiek, adjektibo balira, adjektibo arrunten artean sartuko lirateke. Egokiagoa da, zernahi gisaz, izentzat hartzea, batzuetan adjektibo gisa erabiltzen ahal badira ere, beste izen batzuekin gertatzen den bezala: gizon umea da hori edo mutiko astoa esaten dugu, edo neska oiloa, nahiz ume, asto eta oilo izen hutsak diren, batzuetan adjektibo bezala erabiltzen ahal direnak. Hortaz, horiek ere ez ditugu adjektiboen artean sailkatuko.

Esan dezagun izena aldatzen duten hitzak bakarrik joko ditugula adjektibotzat, dela izenaren berezko ezaugarria nabarmentzen duten (etxe handia), dela kanpoko beste zerbaitekin erlazionatzen diren (ingeniari industriala). Lehenbiziko sailekoak adjektibo kalifikatzaileak dira, eta bigarrenekoak erreferentzia adjektiboak. Alde batera uzten ditugu, oraingoz, -dun eta -(t)ar atzizkiekin osatzen ditugunak.

14.2.2. Funtzio murriztailea duten adjektiboak

Adjektiboek berez funtzio murriztaile bat izan dezakete zenbaitetan. Hori da adjektiboen beste ezaugarri bat. Konpara ditzagun ondoko bi perpaus hauek: Florentziako monumentu harrigarriek txundituta utzi naute; Ordenagailu eramangarriak gero eta erabiliagoak dira. Pentsatzekoa da Florentzian monumentu harrigarriak eta ez-harrigarriak izango direla, toki guztietan gertatzen den gisan. Baina hiztunak ez du bereizketa hori egin, eta hiri hartako monumentu guztiak jotzen ditu harrigarritzat. Edo, beste modu batera esanik, harrigarriak diren zerak bakarrik jotzen ditu monumentutzat. Gauza bertsua gertatzen da hortz zuriak, haitz gogorrak, gau ilunak, ezpain gorriak edo belai berdea diogunean, adibidez.

Aldiz, bigarren perpausean, eramangarri adjektiboak murriztapen bat ezarri dio ordenagailu izenari: hori esaten duenak nahita baztertzen ditu mahaiko ordenagailuak, eta multzo batekoak bakarrik aipatu nahi ditu. Bigarren perpausean, baina ez lehenbizikoan, erakusten du adjektiboak funtzioa murriztaile hori. Eta gauza bera gertatzen zaigu kale estu, kafe bero edo irakasle maitagarri esaten dugunean ere, adjektibo horiek kale, kafe eta irakasle mota batekin bakarrik lotzen baititugu.

14.2.3. -dun eta -(t)ar atzizkiak hartzen dituzten hitzen kategoriaz

14.2.3a Esan dugu gramatika batzuetan, EGLUn ere, -dun eta -(t)ar atzizkiekin osatutako hitzak adjektibotzat jotzen direla. Jakina denez, -dun atzizkiaz bukatutako hitz horiek perpaus erlatiboetan dute oinarria: dirua duen neska perpausa izanik oinarrian ez da hortik zail pentsatzea perpaus horrek dirudun neska eman dezakeela. Horrek azalduko luke nola geratu diren -dun hitz horiek gramatikan izenaren ezkerrean, perpaus erlatiboak arruntean ezkerrean ematen ditugunez. Baina, aldi berean, egia da -dun hitz horiek eskuinean ere agertzen ahal direla (egungo euskaran arrunta da), perpaus erlatiboekin gertatzen den gisan: neska dirua duena (neska diruduna). Azter dezagun, zernahi gisaz, lasaitasun pixka batekin kontu hau.

Esan dezagun, hasteko, atzizki hori hartzen duten hitzak ez direla gehiegi, kontrakoa ematen badu ere, euskaraz erabiltzen ditugun gainerako hitzen agerraldi kopuruekin erkatuz gero. Gaurko euskaran, -dun hitz horien artean, maizen ageri dena euskaldun da, eta ondotik datoz, erabilerari dagokionez, arduradun, zaldun, txapeldun, haurdun, errudun, eledun, ahaldun, bizidun eta fededun. Gainerako -dun guztiak ez dira gehiegi erabiltzen. Adibidez, gorridun, koadrodun, loredun, zergadun, koloredun, lizentziadun edo esperantzadun noizbehinka bakarrik ageri dira.

14.2.3b Zein da hitz horien kategoria? Esan bezala, Gramatika Batzordeak (EGLU-I: 159) adjektibo gisa sailkatu zituen, eta hurrenkerari dagokionez, -dun adjektibo horiek salbuespentzat hartu ziren, izenaren ezkerrean ageri baitira eta ez, euskal adjektiboei berez dagokien tokian, eskuinean.

Baina badirudi arazoa pixka bat nahasiagoa dela. Hasteko, gehienetan ez bada, sarri askotan bakarrik ere ageri dira, ondoko izenik gabe. Hitz batzuen kasuan ia salbuespenik gabe ageri dira bakarrik, gainera. Horietan izena dela esan daiteke beldurrik gabe: bost andre etorri dira, bost euskaldun etorri dira, bost zaldi etorri dira… ez dirudi hor desberdintasun handiegirik dagoen, ez dago hor inolako ezabaketarik. Nekez esan daiteke adibide horietan euskaldun adjektiboa dela. Hainbeste euskaldun bizi da hemen esaten da, baina *hainbeste zuri bizi da, edo *hainbeste gizen bizi da, edo *hainbeste ekonomiko bizi da ez da esaten euskaraz, testuinguru markatu batean ez bada. Ez da hori euskaldun hitzaren kasua, aise askatasun handiagoa baitu155.

Ohart gaitezen, gainera, izenek zenbatzaileak har ditzaketela: Badira hemen bost andre; Badira hemen hamar euskaldun. Ez, ordea, adjektiboek non ez den elipsia egiten: Badira hemen kopa zuriak eta beltzak; Zurien artean badira bost estuak eta sei zabalak. Hor kopa hitza isiltzen dugu, testuinguruagatik bai baitakigu zeri buruz ari garen. Euskaldun hitzak ez du holako debekurik.

Bestetik, adjektiboek gradu maila hartzen ahal dute: Etxe hau beste hura baino politagoa da esaten dugu, adjektiboari gradua emanez (§ 14.10), baina izenek gradurik hartzen ez dutenez, nekez esango dugu *gazte hau beste hura baino kaputxadunagoa da, edo *zezen hori arras adarduna da. Horrek erakusten du -dun hitz horiek izenak direla. Egia da, hala ere, Miren Koldo baino euskaldunago da esan daitekeela. Hori euskaldun hitzak gaurko erabileran gradu desberdinetako esanahia har dezakeelako gertatzen da. Ez da izen bakarra horretan: txerriago, astoago, oiloago… izen batzuk adjektibo gisa erabil daitezkeelako.

14.2.3c Euskaldun hitza, esan bezala, hainbestetan bakarrik erabiltzen dugu, beregaineko edozein izen bezala: euskaldunek hau diote, euskaldun gutxi dago herri horretan eta abar. Beste zenbaitetan, izenekin gertatzen den gisan, adjektibo baten laguntza ere izan dezake: euskaldun prestua. Hor ere izena da, izen arrunta. Baina badira euskaldun herri bezalakoak ere. Sintagma hori anbiguoa da: herria bera da euskalduna, txikia edo handia izan daitekeen bezala, eta orduan euskaldun adjektiboa litzateke, eta salbuespena, hurrenkerari dagokionez (herri euskalduna litzateke arruntena egun, herri polita bezala). Hala ere, egitura hori izen elkarketa arrunt gisa ere azter daiteke: baratxuri herria (herri hori baratxurien herria da) esaten den moduan esan dezakegu euskaldun herria (herri hori euskaldunen herria da). Adjektiboez ari bagara, eta gaurko euskara idatzia kontuan izanik, ez da dudarik neska euskaldun eredua dela idazleek gehien erabiltzen dutena, datuek erakusten dutenez. Dozenaka adibide daude kazetari euskaldun eta ardura euskaldun bezalako eredukoak. Egia bada ere horiekin batera badirela euskaldun neska bezalakoak ere, baina aise gutxiago. Horiek dira datuak.

14.2.3d Badirudi, zernahi gisaz, -dun hitz horiek ez direla berdin erabiltzen orain eta historian zehar. Literatura klasikoan askoz ere sistematikoago gertatzen da -dun atzizkia duten hitzak izenaren ezkerrean agertzea: euskaldun aitona, euskaldun herria, euskaldun jakintsua, euskaldun gizon, euskaldun gerlari eta abar. Hori ikusten da D. Agirre, Arrese Beitia, Kirikiño, Mirande, Larzabal, Iztueta, Lizardi, Zamarripa, Iratzeder, Eizagirre, Otaño, J. A. Mogel, Orixe, Azkue, Mendiburu, Kardaberaz, Etxeita, Labaien, Lhande, Iraizoz, Lafitte, Zerbitzari eta beste idazle batzuetan. Egia da noizbehinka hausten dela araua (irakurle euskaldun), baina literaturan salbuespenak dira holakoak. Larrekok, ordea, maiteago ditu andre euskaldun, adiskide euskaldun, andre euskaldun edo gaixo euskaldun tankerako hurrenkerak. Baina euskaldun gazteria ere erabiltzen du.

14.2.3e Aldaketa bat gertatzen ari da euskaldun neska eredutik (maizago erabilia tradizioan) neska euskaldun eredura (aise gehiago erabilia gaur egungo testu idatzietan). Esan daiteke, hortaz, aldaketa hau gertatzen ari dela urteen indarrez: perpaus erlatiboa + izena → -dun adjektiboa + izena → izena + -dun adjektiboa. Eta euskaldunok, -dun hori bere toki naturalera eramaten dugula, behin erlatibotasun izaera galdurik: izenaren eskuinera. Kasu horretan, -dun adjektiboa dagokion tokian egongo litzateke. Horregatik diogu adjektiboa dela. Besteetan, aurretik doanean, -dun atzizkiak osatzen duen hitza izena izan daiteke (euskaldun herri) langile, kantari edo saltzaile izenen parekoa. Edo adjektiboa, batez ere erabilera klasikoan (euskaldun neska).

Gertatzen ari den aldaketa hori garbiago ikusten da -dun duten gainerako hitzen kasuan.

14.2.3f Gehienak bakarrik erabiltzen dira aski modu arruntean: arduradun, zaldun, txapeldun, haurdun, errudun, eledun, ahaldun, bizidun, fededun, akziodun, elebidun, kargudun, hobendun, zordun, erdaldun, ahalguztidun, zentzudun eta abar. Edozein izen bezala: Txapeldunak sartu dira; Pentsiodunek dirua galdu dute; Bekadun gutxiago aurten eta abar. Izenak dira holakoetan. Izen elkarketan ere agertzen ahal dira: txapeldun izaera; pilota txapeldun. Edo adjektibo gisa: gazte txapeldun. Hori gertatzen da -dun formako gainerako hitzekin ere. Hori gertatzen da -dun atzizkia duten hitz gehienekin.

14.2.3g Gentilizioak ditugu bigarren sailekoak, -(t)ar multzokoak alegia: pertsonak nongoak diren esaten digute adjektibo horiek. Hola, zarauztar, frantziar, donostiar, bizkaitar… bezalakoak biltzen ditugu multzo honetan. Ikusten denez, leku izenari -(t)ar atzizkia erantsirik osatzen ditugu adjektibo hauek. Izenari dagokionez, zer toki hartzen dute? Bada, arau estuak ematea ezinezkoa da.

Gaurko idazleen artean jokalari donostiar, erdilari donostiar, aurrelari donostiar, izaera donostiar tankerakoak arruntak dira. Baina donostiar egunkari, donostiar musikari, donostiar izaera, donostiar kazetari, donostiar bizimodu, donostiar idazle, donostiar kronista, donostiar poeta, donostiar merkatari, donostiar eskultore bezalako adibideak ere anitz dira.

14.2.3h Atzizki honekin osatutako hitzen izaeraz Artiagoitia (2002a) arduratu da, besteak beste. Gentilizio deitzen diegu hitz horiei, baina egiazko erabilera ez da gentilizioetara mugatzen. Hor sartzen dira herria edo sorterria adierazten duten aipatu adjektiboak: lesakar, bermeotar…; izen berezi edo deitura batetik sortuak: agirretar, goenagatar, azkaratear, garziatar, kingtar, muxikar… eta horrekin izendatzen da familia horietako kide dena; hirugarren multzo batean sartzen dira izen arruntetik sortutako batzuk ere: baserritar, herritar, eskuindar, menditar, kaletar…; eta bada oraindik beste multzo bat ere, izen berezietatik sortzen dena eta beharbada eztabaidagarriago izan daitekeena euskaraz: domingotar, erasmotar, freudiar, kafkar/kafkatar/kafkiar (denak erabiltzen dira gaur egun), orwelldar, euklidiar eta abar. Azken saileko horiek ez dute deus ikustekorik familiakoekin eta jarraitzaileen izaerari egiten diote erreferentzia (oinaztarrak eta ganboatarrak bezala).

-(t)ar atzizkiaz osatutako hitzak, -dun atzizkiarekin osatutakoekin gertatzen den gisan, izen gisa erabiltzen ditugu maiz, bakarrik, baina ez dira falta auzo herritar bezalakoak, anitzetan ageri direnak, prentsan batez ere. Hor adjektiboa da. Erabilera arrunta da hau, eta hori ongi ikusten da egungo testuetan: uhin zerutiar; eiakulazio goiztiar; produktu atzerritar; bisitari gautar eta abar. Literatura klasikoan ere anitz dira holakoak: jatorri goitar (Agirre); matematika goitar (Labaien); kide goitar (Lizardi); arazo goitar (Erkiaga); izar ibiltaun goitar (Azkue); medizina eskuar (Axular); artzain menditar (Barrensoro); pizti gautar (Loramendi); nekazari basotar (B. Mogel) eta abar. Horietan guztietan adjektibo arruntak dira, izenaren eskuinean kokatzen direnak eta ez dute, hortaz, arazorik sortzen.

14.2.3i Bada, dena den, beste multzo bat ere: kasu batzuetan izenaren ezkerrean ageri dira gentilizio hauek. Arrunta da hori herri izenetik sortzen diren -(t)ar guztiekin. Adibidez, oso sistematikoa da hori politikari hitzarekin: kirgizistandar politikaria, txekoslovakiar politikaria, costarricar politikaria eta abar (ez dugu alderantzizko eredukorik, hots, politikari -ar bezalakorik, aurkitu). Baina ez dira horiek bakarrak: herritar gerla, baserritar esnea, atzerritar multzo bezalako adibideak denak oraingo testuetakoak dira. Tradizioan ere ez dira falta: goitar handiki (Agirre); menditar gizakote (Agirre); gautar poeta (Mirande); basotar sagu (Mogel). Horietako batzuk izentzat har daitezke: zail da esatea zer deberdintasun dagoen espainiar politikaria eta politikari espainiarra sintagmen artean, inolako desberdintasunik baldin bada ere. Neurri batean, -(t)ar atzizkidun hauek -dun atzizkidunek dituzten zalantza berak sortzen dizkigute, kategoriari dagokionez. RAEko hiztegiak adjektibotzat jotzen ditu gaztelaniaz dauden horien pareko hitzak, baina frantseseko Robert hiztegiak adjektibo eta izentzat.

14.2.3j Hizkuntza batzuetan euskararen -(t)ar gentilizioen parekoei adjektibo bereziak deitzen zaie. Izen arruntak (mahai, neska) eta bereziak (Jone, Iker) bereizten ditugun gisan, hizkuntza batzuek adjektibo arruntak (handi, eder) eta bereziak (gentilizioak) bereizten dituzte. Arrazoi horregatik ingelesez, esaterako, adjektibo “berezi” hauek letra larriz idazten dira beti: Spanish, Basque eta abar. Frantsesez ere gauza bera gertatzen da.

Nolanahi ere den, hau esan dezakegu: -dun eta -(t)ar atzizkidun hitzak izenaren ezkerrean erabiltzeko joera izan bada ere, tradizioan ikusten denez, ez dela hori euskarak izan duen joera bakarra, izenaren ondotik ere erabili baitira, edozein adjektibo bezala. Bestetik, oso arrunta dela, bai kasu batean, bai bestean, izen gisa erabiltzea. Eta egungo idazkietan eskuineko aldean jartzeko joera handiagoa dagoela (Euskal Bilgune Islamiarra, EBI, da azken aldiotan sortutako elkarte baten izena). Beraz, izen edo adjektibo izan daitezke. Adjektibo direnean, gero eta joera handiagoa dugu eskuinean jartzeko. Batzuetan, hala ere, batez ere tradizioan edo gaur egun hitz zehatz batzuetan, izenaren ezkerrean ere ageri dira.

Batzuetan -(t)ar honen erabileraz gehiegikeria egiten da: Zorrotza auzo bilbotarra; Anoeta herri gipuzkoarra; Eskulangileek kale gasteiztarrak bete dituzte… Horien ordez beste modu hauek askoz ere egokiagoak dira: Zorrotza Bilboko auzoa; Anoeta, Gipuzkoako herria; Eskulangileek Gasteizko kaleak bete dituzte…

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 178. araua: “Kanpoko leku-izenei dagozkien herritar-izenak eta jatorri- adjektiboak sortzeko irizpideak”.

14.2.4. Beste gentilizio batzuk

14.2.4a Badira beste gentilizio batzuk ere, kanpoko hizkuntzetatik zuzenean mailegatzen diren adjektiboekin eginak, leku izena kanpotarra denean: frantses, italiano, erruso, ingeles… Horiek ere erabiltzen dira euskaraz (jakina, frantziar, italiar, errusiar, baztertu gabe), baina ez dute denek bide bera segitzen, eta erabilera zalantzak sortzen dira zenbaitetan. Iparraldean arrunta da erruso presidente, erruso jakintsu edo erruso tropa bezalakoak ikustea Herria aldizkarian, esate baterako. Hegoaldeko hiztunek nahiago dute berez gentilizio mailegatua den erruso hitza, edozein adjektibo gisan, izenaren eskuinean jarri: azentu erruso, jatetxe erruso eta abar. Baina italiano idazle bezalakoak ere ikusi ditugu idazkietan. Zalantzak ikusten dira, nolanahi ere, egungo erabileran, gauza bera adierazteko: frantses hiztun / hiztun frantses. Batzuetan, paraleloak diren egitura horietan bereizketak egin daitezke: gauza bat baita akademia frantses (Frantzian dagoen edozein akademia) eta frantses akademia (frantsesa irakasten den akademia). Berdin gertatzen da setter ingelesa (Ingalaterrako setterra) eta idazle ingelesa (Ingalaterrako idazlea, beste hizkuntza batean idazten badu ere).

Diogun gisan, idazle ingelesa (Ingalaterrako idazlea) batera ingeles idazlea sintagmak ere badu lekua (ingelesez idazten duena da hori, nonahikoa dela ere). Zer egin, ordea, setter ingelesa / ingeles setterra bikotearekin, bietara ageri denez gero. Hor nekez balio dezake ingeles idazlea / idazle ingelesa bikotekideen artean egin dugun bereizketak. Baditugu ingeles hiztun, ingeles itsasgizon eta ingeles musikagile, eta horiekin batera hiztun ingelesa, itsasgizon ingelesa edo musikagile ingelesa. Bietara erabiltzen dira holakoak, estatu frantsesa / frantses estatua edo telebista frantses / frantses telebista bezala. Horien esanahietan ez da bereizketarik, eta badirudi adjektiboa eskuinean nahiz ezkerrean ageri dela.

14.2.4b Esan dezagun, azkenik, ingeles filologia, frantses estatu edo errusiar akademia bezalakoetan egokiagoa dela, agian, gentilizioa adjektibotzat hartu beharrean izentzat hartzea, eta orduan izen elkartua izango genuke: ingeles filologia, beharbada, euskal filologia bezala sentitzen dugu, bi izenek osatua.

Sail berekoak dira euskal literaturan ikusten ahal diren giristino legea, giristino herria bezalakoak. Kasu horietan ere, giristino, ingeles bezala, ez da adjektiboa, baizik izena: giristinoen legeaz ari gara. De Rijkek ere (2008: 18) Euskal Herria, giristino legea eta frantses gizona izen elkartutzat hartzen ditu156. Zernahi gisaz, lege giristino (giristinoa den legea) eta giristino legea (giristinoek duten legea) bereizi badaitezke ere, ezin da holakorik egin arazo ekonomiko, laguntza sozial, hizkuntza nazional edo istripu laboral bezalakoekin. Horien pareko izen elkartuak ekonomia arazo, gizarte laguntza, nazio hizkuntza eta lan istripua dira, bi izenek osatzen dituzte. Edo, berehala ikusiko dugunez, euskal gizartea bezalakoak.

14.2.4c Laburtuz: gentilizio hauen kasuan ere (-dun hitzekin gertatzen den gisan) badirudi izenak ditugula (bakarrik ageri direlarik, edo elkarketan) eta adjektibo, bestela, izenaren eskuinean jartzen ditugunean. Eta testu modernoetako joera, hain zuzen, hori dela, eskuinera eramatea.

Beste atal batean (§ 14.1c) aipatu dugu adjektibo kalifikatzaileak izenaren eskuinean ageri direla: etxe berri, idazle apal. Eta *ekonomiko arazoak bezalako sintagmak ez daudela zuzen eratuak, hurrenkerari dagokionez. Gauza bera, hortaz, alderdi politikoak (*politiko alderdiak), laguntza sozialak (*sozial laguntzak) eta hizkuntza nazionala (*nazional hizkuntza) bezalakoekin. Hori da hurrenkera arrunta.

14.2.5. Euskal langileria tankerakoen izaera

Zer gertatzen da orduan euskal langileria, euskal gizona edo euskal liburua bezalakoekin? Ez al da euskal hori adjektiboa? Ez, ez da hala, izena da: euskara dugu hor azpian, eta beste izen batekin elkartzen denean euskal ematen du. Hitz elkarketan ezartzen den lege zaharra da hori, bi silaba baino gehiago dituen hitzetan (kasu honetan hiru: eus-ka-ra) ezartzen dena. Gaur egun, hala ere, lege horrek pisua galdu du, nahiz merkatal gune (merkatari-gune), merkatal ganbara (merkatari ganbera) bezalakoetan ere ezartzen den. Unibertsital arazoak bezalakoek ez dute holako arrakastarik izan.

14.2.6. Erreferentzia adjektiboak

14.2.6a Orain arte adjektibo kalifikatzaileak (polit) eta bestelakoak bereizi ditugu (euskaldun, greziar). Sailkapen anitz egin izan dira adjektiboen artean. Euskararen kasuan honako hauek proposatzen ditugu.

Badira, batetik, adjektibo kalifikatzaileak, esan bezala: handi, polit, eder, itsusi eta abar. Bigarren multzo batean sartzen ditugu erreferentzia adjektiboak. Adjektibo hauek ere, jakina, izena kalifikatzen dute, baina, nolabait esateko, aurrekoak ez bezala, ez dira adjektibo arruntak, izenari ematen dioten kalifikazio hori ez da berezko kalifikazioa, baizik kanpoko beste zerbaitekin erlazionatuz izenak irabazten duen zerbait. Holakoak dira donostiar, gasteiztar, dirudun, sozial, nazional, filosofiko eta abar. Adjektibo kalifikatzaileek abstraktua den ezaugarri batekin (edertasuna, handitasuna) lotzen dute izena, ezaugarri hori izenak berezkoa balu bezala, baina erreferentzia adjektiboek kanpoan dagoen beste errealitate batekin lotzen dute izena: nazioa, Donostia, dirua, filosofia eta abar. Frantses irakaslea sail berekoa litzateke. Erreferentzia adjektibo horiek nekez hartzen dute graduatzailerik (?nahiko donostiarra da, ?testuliburu hori beste hura baino ingelesagoa da) edo konparazio atzizkirik (?Odon Markel baino donostiarragoa da157, ?oso krisi ekonomikoa da).

14.2.6b Erreferentzia adjektiboen sail honetan, dena dela, bi azpisail bereizi izan dira (Zabala 1997: 536): batetik, adjektibo sailkatzaileak (irakasle ingeles, arazo politiko), eta adjektibo tematikoak (eraso errusiar: ‘errusiarrek egin duten erasoa’), bestetik. Jakina, adjektibo bera, ingurunea nolakoa duen, bata (sailkatzailea: neska errusiarra) nahiz bestea (tematikoa: eraso errusiarra) izan daiteke.

14.2.7. Adjektibo adberbialak

Hirugarren multzo batean sartzen dira adjektibo adberbialak: negu hurbila, mendi urruna, leiho berria, hiztun argia, kantu arina, egun iluna, zeru goibela eta abar. Batzuetan, hala ere, sailkapen honetan ageri diren multzoen arteko mugak ongi bereiztea ez da batere kontu erraza, eta horregatik, autore batzuek nahiago dute oroz gain bi multzo bakarrik bereizi: adjektibo kalifikatzaileak eta erreferentzia adjektiboak.

14.2.8. Adjektiboen bestelako sailkapen batzuk

14.2.8.1. Adjektibo ebakitzaileak

Gramatiketan beste sailkapen mota batzuk ere ageri dira, beste mota bateko irizpideak erabiltzen direlarik. Ikus ditzagun bi adibide hauek: irakasle gizena eta irakasle ona. Bietan ageri da adjektibo kalifikatzaile bat (gizena, ona) dagokion izenaren ondotik. Baina kontura gaitezen predikazio erlazioa ez dela berdina batean eta bestean. Lehenbizikoan ari gara esaten norbait irakaslea dela eta, gainera, gizena dela. Baina bigarrenean, ez: bigarrenean ari gara esaten norbait irakasle bezala ona dela. Multzoen arteko ebakidura nola egiten den, horrek markatzen du sintagma hauen esanahia. Irakasle gizena diogunean, norbait irakaslea eta gizena dela diogu, baina irakasle ona diogunean ez gara esaten ari norbait irakaslea dela eta, gainera, pertsona ona: oso ona izan liteke irakasle bezala (eta hori ari gara esaten), baina aski txarra pertsona bezala. Aldiz, irakasle gizena baldin badiogu, pertsona hori irakaslea dela ari gara esaten, eta pertsona gizena, aldi berean. Lehenbizikoei adjektibo ebakitzaileak esaten zaie, eta ez-ebakitzaileak, berriz, bigarrenei.

14.2.8.2. Adjektibo ez-ebakitzaileak

14.2.8.2a Adjektibo ez-ebakitzaileek ez dute ematen sintagmaren denotazioa ebakidura bidez, hori da haien ezaugarri nagusia: irakasle ona ez da sortzen munduko irakasle multzoko (zernahi direla ere “irakasleak” norberak eraikitzen duen mundu kulturalean) eta munduko on multzoko (zernahi direla ere “onak” norberak eraikitzen duen mundu kulturalean) banakoak elkartuz, baizik irakasle multzokoak hautatuz eta multzo horretan aukeratzen dira on izateko baldintzak —norberaren ustean— betetzen dituztenak hartuz. Baina irakasle gizena, ordea, ez da hola sortzen: horren denotazioa ebakidura bidez sortzen da (irakasle multzokoak, eta gizen multzokoak hartuz).

14.2.8.2b Adjektiboari buruz egin diren lanetan, holako adjektibo ez-ebakitzaile horiek moduzko adberbioekin lotu izan dira: irakasle ona, berez, ongi irakasten duen norbait da (irakasle on – ongi irakatsi), nahiz erlazio hori ez den beti sistematikoa, eta batzuetan ez da betetzen: ganibet ona (irakasle izena irakatsi aditzarekin erlazionatua da, baina ganibet izenak ez du pareko aditzik). Adjektibo ez-ebakitzaile hauek badute beste ezaugarri bat ere aipatzekoa dena: handi, txiki, zabal edo gizen adjektiboek propietate erlatiboak adierazten dituzte eta izen batez predikatzen dira, baina aldi berean eta perpaus berean adjektibo horren antonimoa ere predika daiteke izen horretaz, inolako kontraesanik sortu gabe: kukuso handiena ere beti izango da ttipia eta elefante ttipiena beti izango da handia. Izen ebakidura (intersección designativa) esaten zaio honi.

Baina gramatikari batzuek ez dute argi ikusten kontu hau eta uste dute gramatikaren barneko irizpideak eta gramatikaz kanpokoak nahasten ditugula. Hola, esate baterako, erauntsi ikusgarria esaten badugu, esan genezake erauntsi hitzak duen denotazioa (munduan izen hori daramaten euri zaparradak) eta ikusgarri hitzak duen denotazioa (ikustea merezi duten gauzak) ebakiz sortzen dela (irakasle gizena bezala). Baina gramatikaren aldetik, ordea, ez dirudi hori horrela den. Esan daiteke ikusgarri adjektiboak erauntsi hitzaren denotazioa zehazten duela, hitz horri, eta horri bakarrik, nolabaiteko ezaugarria gehituz: ikustea merezi duen erauntsien arteko bat. Beraz, erauntsi ikusgarria izan zen hura diogunean, ikustea merezi izan zuen erauntsia izan zen hura ari gara esaten. Ez da kontua erauntsi multzoa hartzen dugula kontuan eta ikusgarrien multzoa (irakasle – gizen), baizik erauntsiak bakarrik, eta hortik ikusgarri direnak (irakasle – on).

14.2.8.2c Adjektibo ez-ebakitzaileen barneko multzo berezi bat osatzen dute espresuki gauzatzen edo adierazten ez den, baina testuingurutik, aditz bat dela eta, interpretatzen ditugun adjektibo batzuek. Beste zenbaitetan, markatzen duten izenaren ezaugarri lexikoek argitzen dute nolakoa den adjektiboa. Holakoak dira idazkera erraza, liburu zaila, etxe erosoa eta abar. Idazkera erraza diogunean erraz idazten duen norbaiti buruz ari gara, liburu zaila esaten dugu irakurtzeko erraza ez den liburu batez ari bagara eta etxe erosoa baldin badiogu, han bizitzeko erosoa den etxe batez ari gara. Ohart gaitezen aulki ikusgarri horretan liburu zail hau gogo handiz irakurriko dut esaten badugu hor ageri diren izen-adjektibo erlazioak aski desberdinak dira: batzuk zuzenean interpreta daitezke (handi), baina beste batzuek kanpoko erreferentzia (zail) ezinbestekoa dute. Kanpoko erreferentzia hori, jakina, era askotakoa izan daiteke, nolakoa den izena bera: liburu zaila (irakurtzeko), bide zaila (ibiltzeko), partida zaila (irabazteko), sarrera zaila (aurkitzeko), argudiobide zaila (ulertzeko), baldintza zaila (betetzeko) eta abar. Betiere inguruneak garrantzi handia du holako adjektiboetan, eta horregatik, gramatikari batzuen artean eztabaidak sortu izan dira. Esaterako, liburu zaila diogunean gehienek pentsatuko genuke “irakurtzeko zaila” dela. Baina idazle baten ikuspuntutik liburu “zaila idazteko” izango da, edo marrazkiak egiten dituen baten ikuspuntutik “zaila ilustratzeko”, inprimatzaile baten ikuspuntutik “zaila inprimatzeko”, edo liburu denda baten jabearen ikuspuntutik “zaila saltzeko”. Gauza bera gertatzen da ganibet ona baldin badiogu: gehienetan “mozteko ona” dela pentsatuko dugu, baina zirku batean norbait baldin badabil ganibetak zerbaiten kontra distantziatik botatzen, ganibet hori ona dela pentsatuko du “zerbaiten erdian edo inguruan sartzeko”, adibidez. Kontua da noraino eraman behar den analisi semantikoa: formen eta esanahien arteko erlazio objektiboen berri eman behar du, edo hiztunen kontzientzian dauden formen eta esanahien arteko erlazio nabarmenen berri? Hizkuntzalariak ez datoz bat.

14.2.9. Epitetoak

Bada, azkenik, beste azpisail bat adjektiboen artean: epitetoek osatzen dutena. Adjektibo hauek ere, orain arte ikusi ditugun adjektibo kalifikatzaileek bezala, aldatzen duten izenaren berezko propietate bat nabarmentzen dute. Ezaugarri hori berezko propietatea izan daiteke edo, beste batzuen ustetan, hiztunaren uste subjektiboarekin erlazionatzen den propietatea. Euskaraz zeru urdin, uste on, uste ustel, uste apal, elur xuri, gaixotasun larri, gau ilun, gau beltz bezalakoak sartuko genituzke atal honetan.

14.3. Adjektibo bat baino gehiago izen sintagmaren barnean

14.3.1. Adjektiboen tokia

14.3.1a Adjektiboak izenaren inguruan hartzen duen tokiaz aritu gara aurreko pasarteetan. Eta -dun, -(t)ar amaiera duten hitzek sortzen dituzten arazoak kendurik (§ 14.2.3), adjektibo arruntak izenaren eskuinean ageri direla esan dugu. Kontua da, ordea, izenek adjektibo bat baino gehiago ere hartzen ahal dutela. Adjektibo horietako bat gentilizioa edo -dun amaierakoa bada, jakina, izenaren ezkerrean agertzen ahal da, adjektibo segida arintzeko-edo, eta kalifikatzailea, berriz, eskuinean: hondarribiar mutil gazte bat; dirudun andre zaharra; nafar mediku famatua. Hala ere, biak eskuinean ere ikus ditzakegu: mutil gazte hondarribiarra; andre zahar diruduna; mediku nafar famatua. Hala ere, hurrenkera guztiak berdinak dira? Beste hitzetan esateko, mutil hondarribiar gaztea, andre dirudun zaharra edo dirudun andre zaharra bezalakoak berdin erabiltzen ditugu euskaraz? Berdin ditugu nafar mediku diruduna, mediku nafar diruduna eta mediku dirudun nafarra?

Ikusten den gisan aukera anitz ditugu eskura. Zaila da hor arau estuak ematea, baina, lekukotasunak aztertuz, esan daiteke hurrenkera batzuek aukera handiagoa dutela beste batzuek baino. Kontuan izanik adjektiboak izenari buruzko informazio gehigarria ematen digula (kolore, tamaina, luze/laburreko neurria, adina…), informazio horietatik garrantzitsuen sentitzen duguna izenaren ondoan jartzeko joera dugu: herri txiki polita diogunean tamaina azpimarratu nahi dugu eta herri polit txikia diogunean, berriz, gehiago nabarmendu nahi dugu herriaren edertasuna. Tamaina eta kolorea adierazten duten sintagmetan kolorea lehenago aipatzeko joera dugu: kapela urdin zabala, kapela gorri handia, pipa beltz motza bezalakoak errazago ateratzen dira kapela zabal urdina, kapela handi gorria edo pipa motz beltza baino, nahiz azken hau J. B. Elizanburuk erabiltzen duen. Zernahi gisaz, esan bezala, hiztunak zein adjektibo sentitzen duen garrantzizkoago, hura jarriko du izenaren ondoan.

14.3.1b Lafittek (1962: 120) aipatzen du hiztunaren asmo pragmatikoak agintzen duela adjektiboen hurrenkera. Hori aurretik esandakoarekin loturik egongo litzateke (zer azpimarratu nahi dugun, hori jarri lehenik, alegia), baina ezaugarri pragmatiko horrekin hitzen “harmonia” ere aipatzen du. Hau da, badirudi hizkuntza aldetik hurrenkera batzuk harmonizatuago leudekeela beste batzuk baino. Harmonia horren barnean kokatuko litzateke lehenik laburra eta gero luzea hurrenkera, EGLUk ere aipatzen duen gisan (EGLU-I: 162). Goenagak (1980) ere gauza bera dio.

14.3.2. Adjektiboen hurrenkera hierarkia

14.3.2a Gai hau, adjektiboen hurrenkerarena, munduko beste zenbait hizkuntzatan ere aztertu izan da, eta hizkuntzalariek nolabaiteko hierarkiak seinalatu izan dituzte adjektiboen erabileran, indar unibertsala izango balute bezala. Hola, Artiagoitia (2002a), Sproat eta Shih (1991) ikertzaileek proposatutakoaz baliatzen da. Adjektibo multzoen ordenak hurrenkera hau segituko luke: kualitatea, neurria, forma, kolorea, jatorria. Beraz, loreontzi txinatar zuri txikia egokiago litzateke, hizkuntzetan hedatuago litzateke, loreontzi zuri txiki txinatarra baino. Hor izenetik urrunen dagoenetik hurbilen dagoenera irakurri behar da hierarkia. Egokiago, hortaz, loreontzi zuri txikia sintagma loreontzi txiki zuria baino. Egokiago irakasle donostiar gizena sintagman ikusten den hurrenkera irakasle gizen donostiarra baino. Pragmatika kontua izan daiteke erabakitzea zer nahi dugun azpimarratu, hurrenkeren artean hautua eginez: ardo beltz ona, edo ardo on beltza. Oyharçabalek (2006b) ere aztertua du kontu hau eta ondorio hauetara iritsi da, Scott-en (2002) hierarkia segituz: negu hotz luzea, salda bero ona, zaku pisu lodia, bide zabal lasterra, mutiko gazte ederrak, leiho erronda handia, eskultura fin gora bat hurrenkerak neutroagoak dira negu luze hotza, salda on beroa, zaku lodi pisua, bide laster zabala, mutiko eder gazteak, leiho handi erronda, eskultura gora fin bat hurrenkerak baino. Artiagoitiak (2006: 149) dioenez, itxuraz irmo diren hurrenkera horiek —nahiz aldaketak egin daitezkeen— bat datoz beste zenbait hizkuntzaren kasuan proposatu diren aldaketekin.

14.3.2b Scotten hierarkia kontuan izanik, hurrenkera hauek ikusten ditu Artiagoitiak euskal literaturan:

Jatorria, adina: Sukaldari frantses gazte bat (H. Etxeberria); jatorria, tamaina: Kamioi poloniar handi bat (H. Etxeberria).

Jatorria, ebidentziala eta ebaluazioa: Idazle frantses ospetsu bat (K. Izagirre).

Kolorea, forma: Harri gorri borobil bat (Atxaga).

Kolorea, adina: Zodiac gris berria (K. Izagirre); kolorea, hezetasuna: Lur beltz bustia (Saizarbitoria).

Kolorea, tenperatura: Urre dirdiratsu bero bat (Mirande).

Kolorea, zabalera: Euli urdin gizenak (K. Izagirre).

Kolorea, tamaina, ebaluazioa (?)158: Tximeleta urdin txiki bat (Atxaga); Petalo zuri txikia (Atxaga); Begi beltz handi biguna (Agirre); Iceberg beltz txikerra (K. Izagirre).

Kolorea, kopurua (?), ebidentziala (?): Baso zuri sarria (K. Izagirre); kolorea, ebaluazioa: Goiz argi eder hartan (Erkiaga); Aurpegi zuri leunak (Agirre); Begi beltz ederrak (Barriola); Tortura zuri ospetsua (K. Izagirre); Ezpain zuri margotu berriak (H. Etxeberria); Neska ilegorri ederra (Saizarbitoria); Zur ilun garestia (K. Izagirre); adina, pisua: Brui gazte armatuak (K. Izagirre).

Adina, ebaluazioa: Morrosko gazte ederra (Etxeita); Arropa zahar zikindua (K. Izagirre); Bikote gazte zintzurtu (K. Izagirre); Neska gazte guztiz ederra (Saizarbitoria); Arropa zahar garbia (K. Izagirre).

Hezetasuna, tamaina: Intsektu idor txiki-txikia (H. Etxeberria); tenperatura, tamaina: Dutxa bero azkarra (H. Etxeberria).

Zabalera, ebaluazioa: Bekoki zabal garbiak (Agirre).

Goiera, ebaluazioa: Apaiz altu baldarra (Saizarbitoria); luzera, kopurua (?): Oihu urrun bakan batzuk (K. Izagirre).

Luzera, ebaluazioa: Galtza motx hutsetan (Atxaga); Mahai luze betea (K. Izagirre).

Tamaina, ebaluazioa: Etxebizitza txiki polita (K. Izagirre); Gizon txipi urduria (K. Izagirre).

14.3.2c Erreferentzia adjektiboak eta adjektibo arruntak (kalifikatzaileak) elkartzen ditugunean, haiek hurbilago daude izenetik bigarrenak baino: Kontzeptu etiko distortsionatua (K. Izagirre); Ekintza politiko interesgarria (K. Izagirre); Motozerra elektriko txiki (H. Etxeberria); Osagai kimiko soila (H. Etxeberria); Gai kimiko astun (H. Etxeberria); Militante ezkertiar zintzoa (Saizarbitoria); Oso adimen politiko laburra (K. Izagirre). Adibide guztietan, erreferentzia adjektibo sailkatzaileak dira. Adjektibo tematikoak direnean badirudi lehenik adjektibo hori doala, eta gero kalifikatzailea: eraso islamiar bortitza; *eraso bortitz islamiarra.

14.4. Izen koordinatuak eta adjektiboak

Zenbait izen sintagmak izenondo bakarra izanik ere, izen bat baino gehiago erakusten dute, askotan eta juntagailuaren bidez lotuak. Horrelakoetan izen sintagma osoa hartu behar da kontuan, bi izenek bat egingo balute bezala: haren samurgo eta haserrea baldin badiogu, esaterako, singularrean doa (*haren samurgo eta haserreak) eta aditza ere hola eskatzen du gehienetan: haren samurgo eta haserreak kezkatu ninduen/*ninduten, edo ikusi nuen/ *nituen haren samurgo eta haserrea. Horri adjektibo bat eransten baldin bazaio, singularrean doa: haren samurgo eta haserre handia/*handiak ikusi nuen. Berdin haren samurgo eta haserre handiak kezkatu ninduen. Aldiz, haren samurgo eta haserre handiek kezkatu ninduten esan daiteke, jakina, baina kasu horretan haserrea bera da plurala: haren haserre handiak ikusi nituen.

14.5. Partizipioa eta adjektiboa

14.5a Aditza hiru modutan agertzen zaigu euskaraz: partizipio (sartu), aditzoin (sar) eta aditz izen (sartze-) bezala (ikus 25. kapitulua), nahiz batzuetan aditzoinak eta partizipioak itxura bera duten: jan, edan, bota eta abar, aditzoin eta partizipio dira, aldi berean. Hiru forma horietatik partizipioa da adjektibotik gehien hurbiltzen dena. Partizipioaren forma erabiltzen dugu hiztegietan, gainera, aditzak izendatzeko, beste hizkuntza batzuetan ez bezala: ikusi (baina ver/voir/see, eta horien partizipioak: visto/vu/seen).

Partizipioak eta adjektiboak badituzte ezaugarri komunak. Adibidez, mugatzailea hartzen ahal dute biek: handi-a / egin-a; zabal-a / zabaldu-a; ilun-a / eskertu-a eta abar. Biak erabiltzen ahal dira izenaren ondoan: etxe handia / basamortu egina; gela zabala / gela zabaldua; karrika iluna / andre eskertua… Eta predikatu gisa: Etxe hori handia da; Lana egina da eta abar. Konparazio atzizkiak ere hartzen dituzte: Etxe hau handiagoa da; Andre hura eskertuago zen… Eraiketa postposizionalekin ere berdintsu agertzen ahal dira: Oinetako zikinekin/zikinduekin etorri zen. Zaila da batzuetan bien arteko desberdintasunik atzematea: Barnez hutsik/husturik sentitu zen

14.5b Baina partizipioak, adjektiboak ez bezala, aditzak ere badira, eta aditz laguntzailea hartzen ahal dute: egin du, zabaldu dute, eskertu dute (*handi dute, *zabal dute, *ilun dute…). Partizipioek, bestetik, adberbioak onartzen dituzte: goizik egina, pozik etorria, atzo ikusia, baina ez adjektiboek: *goizik handia, *atzo zabala eta abar.

14.5c Esan dezagun, zernahi gisaz, partizipioak, nolabait, aditz adjektiboak direla. Eta horregatik, neurri batean bederen, gainerako adjektiboen jokabidea dutela. Zeharo lexikalizatuak direnean izenarekin erraz agertzen dira: Haur ongi ikasiek ez dute horrelakorik esaten. Holakoetan, ordea, eta euskalkien arabera izenaren ezkerrean ere agertzen ahal dira: Ongi ikasi haur batzuk bizi dira etxe hartan. Maiz ageri da hori ekialdeko euskalkietan. Mendebaldean haur ongi ikasi batzuk dugu. Pentsa daiteke fededun gizona, lekeitiar arrantzalea edo erruso presidentea gisako egitura dugula holakoetan. Esan dugu fededun horren azpian fedea duen perpausa dagoela. Eta aipatu dugu nola ari den erabilera aldatzen, izenaren ezkerretik eskuinera pasatuz. Bistan da ikasi haur horren azpian ere ikasia den haurra dugula (ongi ikasitako haurrak aski arrunta da), eta nola lehenbizikoan ere fededun gizon tradiziokotik gizon fededun sintagmara aldatzeko joera dela, berdin gertatzen dela bigarrenarekin, ikasi haur sintagmatik haur ikasi sintagmara aldatuz. Bada tarteko beste esamolde bat ere: Haur batzuk, ongi ikasiak, bizi dira etxe hartan. Molde batera nahiz bestera datu horiek guztiek toki berera eramaten gaituzte: adjektiboen joera beti izenaren eskuinean agertzea da gaur egun.

Adibide horietan guztietan beste gauza bat ere ikusten da: partizipioa izenaren eskuinean dagoenean, adjektiboa denean, izen sintagmari zor zaion eskema orokorrean biltzen da. Hortaz, ondoko bi perpaus hauek egitura parekoa dute: Pertsona nekatuaren itxura du Andonik; Pertsona onaren itxura du Andonik. Eta berdin beste hauetan ere: Pertsona hori aski nekatua da; Gauza hori mila bider esana da. Komunztadura eginez numeroarekin: Pertsona horiek nekatuak dira; Gauza horiek esanak dira.

14.6. Adjektiboak predikatu gisa

14.6a Esan dezagun, nolanahi ere, adjektiboa bi tokitan erabiltzen dugula: Etxe handia egin dute; Etxe hori handia da. Lehenbiziko kasuan adjektiboa izenaren ondoan doa. Bigarrenean predikatu osagarrian. Lotura aditz batekin (§ 14.7 eta, oro har, 24. kapitulua), kasu honetan izan aditzaz baliatuz, perpaus horretan zerbait predikatzen da etxeaz: handia dela, hain zuzen ere. Bada, gauza bera gertatzen da partizipioekin ere: [pertsona nekatuek] ez dute pazientziarik; pertsona horiek [nekatuak daude]. Beraz, partizipioak ere bi tokitan.

Hala ere, bada euskaraz nahasbidea sor dezakeen horren antzeko beste itzuli bat ere. Partizipio adjektibo hori predikatu gisa doanean (Andoni nekatua dago), badu parean beste esapide bat, aski hedatua: Andoni nekaturik dago. Bistan da -ik horrek, gainerako partitibodun sintagmen antzera, predikatu osagarrian bakarrik duela tokia, edo gainerako sintagma partitiboak ageri diren testuinguruetan: Ez da hemen gizonik / gizon nekaturik; Ikusi duzu hor ikaslerik / ikasle kezkaturik? Holako testuinguruetan (ezezko eta galde perpausetan) nekaturik formako hitzak adjektibo arruntak dira, -ik amaiera hartzen dutenak. Baina predikatu osagarrian ageri badira, orduan adberbioak direla esan daiteke: Miren triste/pozik/arduraturik dago. Holakoetan ezin da izenaren ondoan agertu, sintagma osatuz: Andoni nekatua da / [gizon nekatua] da; Andoni nekaturik dago / *Andoni [gizon nekaturik] dago. Horrela, nekatua adjektibo arrunta denez, komunztadura egin behar da: Andoni eta Patxi nekatuak daude. Baina, nekaturik forma bakarra da, eta komunztadurak ez du ukitzen: Andoni eta Patxi nekaturik daude. Gauza bera gertatzen da ondoko adibideotan: Bada irakasle bat, Antton deitua; Badira bi irakasle, Miren eta Patxi deituak.

Beraz, nekatua/nekatuak dugu alde batetik, eta nekaturik bestetik. Lehenbizikoa adjektiboa da, eta bigarrena adjektiboa izan daiteke testuinguruak partitiboa eskatzen duen toki batzuetan, ezezko eta galde perpausetan, eta adberbioa besteetan (predikatu osagarrian).

14.6b Bada, horien ondoan, beste aldaera bat, nekaturik (adjektiboa ez denean) formaren parekoa: nekatuta. Hau ere nolabaiteko adberbioa da, eta erabilera markatzen duten muga sintaktikoak estuagoak dira, predikatu osagarrian bakarrik agertzen ahal baita. Holakoak adberbio direnez gero, aldakaitzak dira, eta ez du ez batak ez besteak inolako komunztadurarik egiten, berdin dela subjektua singularrean edo pluralean doan: Andoni nekatua/nekaturik/nekatuta dago; Andoni eta Miren nekatuak/nekaturik/nekatuta daude. Batzuetan entzuten diren *nekatutak, *sartutak eta horien gisakoak guztiz arrotzak dira euskaraz.

Hortaz, bada, -ik eta -ta bezala amaituak adberbiotzat hartzen ditugu. Izen sintagmen barnean agertzekotan -ko atzizkia ezinbestekoa dute (ikusitako, ikusiriko) gainerako adberbioek (atzoko, ustezko…) gisan. Horregatik euskaraz ez dute tokirik *pertsona nekatutaren itxura edo *langile zapaldutaren gisako perpausek. Beraz, ez *bada irakasle bat, Antton deiturik/ta; *badira bi irakasle, Miren eta Patxi deiturik/ta. Kasu horietan argiago ikusten da perpaus erlatibo laburtua dela: Bada irakasle bat, Antton deitzen dena / deitua dena / deitutakoa

14.6c -ta hartzen duten itzuliek (nekatuta), jatorriz, honako osagai hauek dituzte: nekatu + eta. Ikusi, hortaz, zein hurbil dauden elkarren artean perpaus hauek: Hau esan eta alde egin zuen; Hau esanda alde egin zuen; Hau esanik alde egin zuen. Esanahiaz berdinak izanik ere, bi egitura ditugu hor: [Hau esan], eta alde egin zuen, batetik, eta [Hau esan eta], alde egin zuen, bestetik. Lehenbizikoa juntadura arrunta da eta bigarrena esaera adberbiala. Bada, esanda/esanik bigarren egitura horren aldaerak dira, adberbialak horiek ere. Gauza bera ondoko hauekin ere: Bere zor guztiak ordaindu eta hil zen; Bere zor guztiak ordainduta hil zen; Bere zor guztiak ordaindurik hil zen.

Lehenago esan dugu nekaturik formakoek ez dutela tokirik izen sintagmaren barnean (non ez den testuinguru markatu batzuetan, partitibozko sintagmak posible diren tokietan alegia), adberbioak baitira. Gauza bera esan behar da nekatuta formari buruz. Orain esan behar dugu alderantziz ere betetzen dela araua, hau da, adjektiboek ez dutela tokirik adberbioaren tokian: Erabakia harturik/hartuta bilera amaitu zuten. Baina ez da euskaraz esaten *erabakia hartua bilera amaitu zuten. Zeinahi dela ere erabakia harturik/hartuta horren barneko egitura, bistan da egitura horrek adberbioaren papera duela perpausean eta noiz? galderari erantzuten diola: goizean / berandu / erabakia harturik amaitu zuten bilera. Bada, hor ez du tokirik adjektiboak: *Erabakia hartua amaitu zuten bilera. Arrazoi beragatik gora andre askatua esan behar da, zerbait esatekotan, eta ez *gora andre askatuta.

14.6d Aurreko adibide guztietan ez dira erraz bereizten esanahien arteko desberdintasunak. Esan dezagun Mikel nekatua da eta horren tankerako perpausak maizago entzuten direla ekialdean, eta Mikel nekatuta dago perpausaren tankerakoak, berriz, gehiagotan mendebalean. Laburtuz, dena den, esan dezagun hauek direla predikatu osagarriko egiturak: Atea irekia/irekirik/irekita da(go). Eta adberbio kutsu argia dutenean, berriz, honako hauek: Atea irekirik, hizketan segitu genuen; Atea irekita, hizketan segitu genuen.

14.6e Azken ohar bat atal honi dagokionez. Partizipioak, zenbait kasutan, adjektibo gabe, izen bihurtu dira. Anitzetan, esan, egin, jan, ekarri, begiratu… ez dira adjektiboak, baizik izenak: Aitonaren esanak gogoan ditugu oraindik; Apostoluen eginak; Oiloen jana prestatzen ari da; Zein izan da zure lanaren ekarria?; Emaiozu begiratu bat nire artikulu honi eta abar.

14.7. Lotura aditzak

14.7a Predikatua eta izen sintagma lotzen dituen aditzari lotura aditza deitzen zaio, edo aditz kopulatiboa. Aditz horien artean usuena izan dugu, baina ez da bakarra, egon ere aski arrunta baita: Mutil txikia da; Zopa hotza dago. Egia da zopa hotza dago baino maizago erabiltzen dela zopa hotz dago. Honek arazo interesgarri bat sortzen du, bigarren kasuan (hotz dago) ageri den hotz hori adjektibotik baino hurbilago baita adberbiotik: Jon dotore etorri da eta horren gisako perpausetan bezala. Berehala itzuliko gara hona (ikus 24. kapitulua).

Badira beste lotura aditz batzuk ere, bigarren mailako predikatu deitzen ditugunak: bilakatu, bihurtu, egin, iruditu, ukan… ondoko adibide hauek erakusten duten gisan: Gure haurrak handi egin dira; Zapata hauek txiki(ak) ditut; Etxe hori hotza iruditzen zait… Ikusten denez, lotura aditz horiek bi izen lotzen dituzte: Etxe handi hura hauts bihurtu zuten; Pello alkate egin dute; Mikel soldadu joan zen; Isabel irakasle dago Sorbonan; Itziar serora joan zaie eta abar. Bigarren mailako predikatuak dira.

14.7b Predikatu osagarria dela eta, aurkezten zaigun arazorik nagusiena da jakitea noiz agertu behar duen mugatzaileak eta noiz ez. Ez da batere erraza arau argiak ematea kontu honetan, besteak beste arau zehatzik ez dagoelako ere.

Joan, egon, bihurtu eta hartu bezalako aditzekin, normalean mugagabean doa osagarria, batez ere predikatu osagarriak izen (sintagma) batek osatzen badu: Ura ardo bihurtu zuen; Andoni irakasle dago eta abar. EGLUn espresuki esaten da predikatuak ezin duela holakoetan mugatzailerik hartu: *Ura ardoa bihurtu zuen; *Andoni irakaslea dago (EGLU-I: 168). Hala ere, hemen zehaztapen batzuk egin behar ditugu. Egia da euskararen literatura tradizioan joera holakoa dela: Duguna jan dugu eta arlot gara bihurtu (RS); Berehala […] ezdeus bihurtu balitz (Axular); Mahai saindutik urrunduz ez zara perfektoago bihurtu (Baratziart); Gatz bihurtu zen (Añibarro); Non gehiago edertu zuten, eta bihurtu zuten argiago (Larramendi) eta abar. Egia da, horrekin batera, gaur egun badela joera holako anitzetan predikatua mugatzeko, batez ere sintagma konplexua denean: Egin nahi dien erreferentzia multzo gabea bihurtzen da; Afrikak bizi duen egoera politiko eta sozialaren enbaxadore nagusia bihurtu delako; […] argitaraturik gabeko rock musikaren lanik famatuena bihurtuz… Gaurko literatura lanetan, egile batzuk aski sistematikoak dira mugagabearen erabileran, baina badira egileak bietara erabiltzen dutenak: Kontu larria bihurtzen ari zen hura, eta orrialde berean Istripuzko hilketa hura istripu huts bihurtzeko. Dena dela, ez da hau oraingo kontua. Baina badira adibideak literatura klasikoan ere (plazerak… atsekabea bihurturik irakur daiteke XV. mendeko testu batean). Zernahi gisaz, tradizioa eta gaurko erabilera ere bat datoz, oro har, predikatu osagarriko sintagma mugatzailerik gabe emateko.

14.7c Lotura aditza izan denean adjektibo sintagma arruntean mugatuan joaten da: Aita ona da; Edurne ikaslea da; Hango etxe hura oso polita zen lehen. Adjektibo sintagman agertu behar duen mugatzailea beti artikulua da, eta ez erakuslea, adibidez. Bestalde, mugatzaile horren zeregina adjektibo sintagmaren eta izen sintagmaren arteko komunztadura markatzea besterik ez dela dirudi. Horrek esan nahi du izen sintagma singularra bada, adjektibo sintagmak ere singularra behar duela izan, eta izen sintagma plurala bada, adjektibo sintagma ere plurala izango dela: Aita ona da / Gurasoak onak dira; Eliza hura oso zaharra da / Eliza haiek oso zaharrak dira.

14.7d Hala ere, badira zenbait adjektibo mugatzailerik gabe agertzeko joera dutenak: Zoriontsu zara?; Libre ote gara hiritarrak nahi duguna egiteko?; Guztiak gara berdin legearen aitzinean; Jauna, zure grazia handi, azkar eta gozo da eta abar.

Gauza bera gertatzen da hizkera batzuetan, gehiago Iparraldean, -ago eta -egi konparazio atzizkiak erabiltzen ditugunean, eta arrunta da mugagabea: Zer, hori baino ederrago? Jakina, mugatua ere berdin erabiltzen ahal da holakoetan. Berdin bestela ere: Etxe hori handiegi/handiegia da. Ez, ordea, superlatiboarekin, hor beti erabiltzen baitugu mugatzailea: etxe(rik) handiena.

14.7e EGLU-I liburukian (170-171) horien parean ageri dira beste “adjektibo” hauek: gai, gauza, aiher, haizu, zilegi, sori, bide (komeni, ados, akort…) bezalakoak: Ezkontzaren haustea lege da, baina batzuen ustez ez zilegi; Ez naiz gai zuk diozuna ulertzeko; Ados ginen geure asmo guztietan… Baina multzo honetan sailkatzea ez da oso egokia. Hasteko gai, gauza, bide, lege eta abar ez dira adjektiboak, baizik izenak. Bestetik, eta ikusten denez, ez dute komunztadurarik egiten subjektuarekin: neska horiek abilak dira eta neska horiek gai/gauza/ ados/akort dira, baina ez neska horiek *gaiak/*gauzak/*adosak/*akortak dira… Askoz ere egokiagoa da pentsatzea aditz esapideak direla.

Eta aditz esapideen sailean sartu behar lirateke beldur izan, gose izan, ahalke/lotsa izan eta holakoak ere: Gure umea gose da / goseak dago; Haserre da gure izeba; Lotsa naiz eskatzen didazuna egiteko. Horiek mugatzaile gabe doaz. Gauza bera gertatzen da on/hobe/zail/gaitz/harrigarri izan bezalako esapideekin: Gauza guztiak ongi egitea zail da; On da ume guztiak eskolatzea; Harrigarri da zein nekez ikusten duten hau batzuek; Mendian zein den eder eper zango hori… Hauetan forma mugatuek ere badute tokia (zaila da, ona da…), eta hizkera bizian asko erabiltzen dira, mugagabeak hizkera landurako gehiago utziz.

Aldi berean, esapidetzat hartuko ditugu egiteko trebe (egiteko gai/gauza esapideen parekoa), jateko on eta abar.

Adjektiboek osagarriak hartzen ahal dituzte zenbait esapidetan: Elizari hurbil egin dute etxea; Diruz aberats zen baina osasunez behartsu; Ondoan zabal eta puntan mehar (Axular); Ez da apezetako on (Axular).

14.7f Adjektibo sintagma partizipioaz osatua bada, orduan ere mugatzailea ezinbestekoa da: Liburu hori oso ongi idatzia da. Hain zuzen ere, mugatzaileak ematen digu predikatu osagarria eta aditzaren lehen osagaia elkarrengandik bereizteko bidea: hil da / hila da; bete da / betea da; gaur sortu / sortua da. Bikote horiek ez dute, bistan da, esanahi bera. Hemen sartu behar dira honako itzuli hauek ere, bigarren mailako predikatuak deituak: Liburu horiek aitonak erosiak dira; Mutil hori nobela ugari irakurria da.

14.7g Lotura aditza izan izanik predikatu osagarria adjektiboz ez, izenez edo izen sintagma batez osatua egon daiteke. Izen sintagma horren erreferentzia zehatza bada ez da dudarik, eta mugatua izanen da: Andoni gure irakaslea da; Andoni atzo ikusi genuen mutila da. Baina izen horrek zerbait orokorra adierazten badu, nolabaiteko adjektibo modura edo, interpreta daitekeena, nahiz eta berez izena izan, orduan zilegi da mugatzailerik gabe ematea osagarri predikatibo hori: Andoni irakasle(a) da; Ni naiz lekuko eta ni nerau naiz epaile; Ez nekien bekatu zirela; Isilik uzten dituen gauza guzien ordain da ematen dion hori; Zeru horiek Jaunaren bizilekuaren atari besterik ez dira; Bera da jaun eta jabe… Nahiz ez den hori ere beti betetzen: Esan zigun gu ginela aberastasun horien jabeak. Jakina: hor jabe ere esango lukete hiztun askok.

14.8. Adjektiboa eta kategoria aldaketak

14.8a Gorago (§ 14.7a) esan dugu Jon dotore etorri da bezalakoetan ageri den dotore hitza, berez adjektiboa izanik (Jon oso dotorea da), hemen adberbio gisan erabiltzen dugula (nola etorri da?). Kategoria aldaketa hau oso arrunta da euskaraz: Ontzi gogorra, baina gogor ematen badiozu hautsiko da azkenean; Maite zintzoa da, eta aski zintzo jokatzen du beti; Bide luzea egin genuen elkarrekin, eta luze mintzatu ginen hortaz; Liburu horiek merkeak dira eta merke erosi ditugu. Batzuetan ez da erraz gertatzen horiek zer diren zehaztea, baina mugagabean doazelarik adberbioak direla esan dezakegu. Ohartzen bagara, denek galdera mota berari erantzuten diote: nola eman, nola jokatu, nola mintzatu, nola erosi… Eta horren erantzuna adberbiala da. Nahi bada, kasu hauetan, adberbio gisa erabiltzen den adjektibo baten aurrean gaudela esan daiteke.

Atzizki adberbiala erantsiz gero ez dute esanahirik aldatzen, eta bistan da adberbioa dela: gogorki, zintzoki, luzeki. Merke-rekin sor daitezke zalantzak (*merkeki), baina garbi dago ez adjektibo guztiek onartzen dutela -ki adberbiala (*zuriki, *txikiki), ez edozein adjektibo erabil daitekeela adberbio gisan: xarmant, eder…, esaterako, beti adjektiboak dira (*Xarmant egin du; *Eder egin du) eta atzizkia behar dute adberbializatzeko: Xarmanki egin du; Ederki egin du.

14.8b Esan dezagun, laburtzeko, kategoria aldaketa hauek egiten dutela posible batzuetan adjektibo garbiak direnak (dotore, luze, ilun) adberbio gisa erabiltzea, adberbioak izatea beraz, nolakoa den testuingurua. Kategoria aldaketa prozesu hauek ez dira inoiz ere unibertsalak eta batzuetan ez dira emankorrak, esan nahi baita, adjektibo guztiak ez direla modu automatikoan adberbio gisa erabiltzen ahal. Badira beste mota bateko aldaketak ere: Ur hotza ez dut gogoko esaten dugu, baina horren ondoan arrunta da hotz handia egiten duela esatea. Adjektibo lehenbizikoan, eta izen bigarrenean. Ondoko adibide honetan eder adjektiboa izen gisa erabiltzen du autoreak: Bazterraren ederrak osagarria emaiten zion, bai eta liburuek hain ardura kentzen duten bihotzeko bakea (J. Etxepare).

Adjektiboak izen bihurtzeko bide arrunta da -tasun eranstea: eder/edertasun, gozo/gozotasun, handi/handitasun edo bortitz/bortiztasun bikoteetan (adjektibo/izen) ikusten da hori. Ohart gaitezen, nolanahi ere, hori ez dela ezinbestekoa, eta batzuetan adjektiboa darabilgu zuzenean izen gisan: sagardoaren gozoa, nekearen handia, justiziaren bortitza eta abar.

14.8c Batzuetan, ordea, alderantziz gertatzen da: adin gara edo adinak gara diogunean adin bera dugula, adin berekoak garela, adierazi nahi dugu. Kasu honetan izena erabiltzen dugu adjektibo bezala. Ondoko hauetan ere gauza bera: pertsona oiloa, pertsona zorria, gizon deabrua, emazte zilar hori, gizon astoa, mutiko zakurra eta abar.

14.9. Adjektibo berezi batzuk

14.9.1. Huts

Bada adjektibo bat aski berezia dena: huts. Horrekin osatzen ditugu kafe hutsa, gezur hutsa da hori edo ontzi huts batzuk bezalako sintagmak. Berez izena da: Huts handiak eta txikiak egin ditu; Zeren nola etsaiak beti ere zelatan baitaude, zer ere huts edo falta edireten baitute (Axular); Hutsetik sortu da mundua; Amaren hutsa sentitzen du eta abar. Adjektibo bezala izenekin erabiltzen da: Gezur hutsak esaten ditu; Ardo hutsa da hori; Ogi hutsez nekez elikatuko zara; Nahikunde hutsetan iragaten zaigu denbora; Jenio bizikoa, espiritu hutsa; Erregeek jaiotza hutsez hartzen dute agintea eta abar.

Batzuetan beste adjektibo bat ere kalifika dezake: On hutsa da neska hori; Alfer hutsa da Joseba lanerako… Holakoak predikatu osagarrian erabiltzen ditugu batez ere. Eta aditz izenekin ere maiz: Zu ikuste hutsak ikaragarrizko poza emanen dio amari; Pentsatze hutsak kezkatzen nau.

14.9.2. Beste hitzaren kategoriaz

14.9.2a Bereziki ilunagoa da beste hitzaren kategoria. Ingurune bat baino gehiagotan ageri da. Batzuetan konparazio perpausetan erabiltzen da, batez ere bizkaieraz: Ez dugu inoiz ere eduki orain dugun beste diru; Non etxean beste babes? eta abar. Beste batzuetan ‘adina’ren esanahiarekin erabiltzen dugu, konparazioetan hori ere: Ez zen inor bere aita izan zen beste; Gai horretaz zuk dakizun beste ez daki inork ere… Zenbaitetan ‘baino/baizik’en parekoa da: Ez du buruko minik beste ematen. Bistan da horietan guztietan ez dela adjektiboa.

Beste testuinguru batzuetan, ordea, zalantzak sortzen dira: Beste liburua erosiko dut; Beste etxean bizi da eta abar. Horien parean liburu gorria erosiko dut edo etxe zaharrean bizi da esaten badugu, badirudi testuingurua nahiko antzekoa dela kasu batean eta bestean. Badira, hala ere, desberdintasun nabarmenak. Hasteko, kokagunearena. Izenaren aurretik ageri da, ezkerrean, eta hori ez da, azaldu dugunez, adjektiboen toki naturala. Bestetik, ez du graduatzailerik hartzen (handi/handiago, baina ez beste/*besteago). Zail dirudi, hortaz, adjektibotzat jotzea. Hala ere, hemen aipatzen dugu beste zenbait hizkuntzatako gramatikariek ere, zailtasun berak izanik, hala egiten dutelako. RAEren hiztegian adjektibo bezala ageri da otra vez, otro día edo otra esquina bezalakoetan. Baina RAEko gramatikak zalantza gehiago erakusten du159. Ingelesez ere adjektibo (other person), izen (each praises the other), izenordain (others in the medical profession) eta adberbio gisa (we can’t collect the rent other than…) sailkatzen dute. Antzeko arazoak gertatzen dira frantsesez ere. Hizkuntza Akademiak adjektibo (autre enfant), izenordain zehaztugabetzat (cette bague est plus belle que l’autre), adjektibo kalifikatzailetzat (depuis son veuvage, c’est un autre homme) eta konparazioetan agertzen den elementutzat (je vous considère comme un autre moi-même) jotzen du.

14.9.2b Erabilerari dagokionez, bakarrik ager daiteke, izenordain gisan: Besteek egingo dute hori. Izenarekin batera agertuz gero, izenaren ezkerrean ageri dela. Hala da, baina badira tradizioan bestelako adibide batzuk, eskuinaldean. Lazarragak eskuinaldean ematen du: Banekarren esku bestean… baina aski adibide gutxi dira holakoak. Determinatzailea behar du (artikulua/erakuslea edo zenbatzailea, batzuetan biak), edo partitiboa: beste etxea, beste etxe bat, beste bost etxe, beste bost etxeak, beste etxerik, baina *beste etxe (bai, jakina, beste zein etxe?, baina hor determinatzailea ageri da). Zenbatzaile zehaztugabeak (oro har kuantifikatzaile zehaztugabeak: zenbait, anitz, asko…) eta izenordain zehaztugabeak (edozein, zernahi, zein, zer…) aurretik nahiz atzetik jartzen ahal dira: beste etxe zenbaitetan / beste zenbait etxetan / zenbait beste etxetan (zenbait bertze lekutan, Pouvreau); beste anitz etxetan / beste etxe anitzetan / anitz beste etxetan (anitz beste gauzaz, Belapeire); beste eritasun asko / beste asko eritasun / asko beste eritasun (asko bertze eritasun gaizto, Dassanza). Egia da, hala ere, atzetik ageri diren adibideak tradiziokoak direla eta gaur egun ez direla ia erabiltzen.

14.9.2c Izenordain zehaztugabeekin ere erabiltzen da beste, eta badira lekukotasun franko: beste edozein etxetan / beste etxe edozeinetan / edozein beste etxetan (edozein beste bidez, Mendiburu); beste zein etxetan / beste etxe zeinetan / zein beste etxetan (zein beste herririk dago?, Uriarte) eta abar. Sail honetakoak dira honako hauek ere: Deus bertze probetxurik (Leizarraga); Kontu egiten zion beste inori […] (Antia); Ez du inor beste behar… edo aposizioan: Inork bestek ez bezala moldaturik (Kardaberaz); Inork bertzek zuzenez ezin galde diezakeguna (Haraneder); Ez baitu deusez ere bertzez, konturik egiten (Axular) eta abar.

Adberbioekin ere erabiltzen da: beste nonbait, beste inon, beste norabait joango dira eta abar.

Esan bezala, ez dago argi beste hitzaren kategoria zein den. Esan dezagun, nolakoa den erabilera, zer testuingurutan erabiltzen dugun, baduela tokia sailkapen bat baino gehiagotan.

Azken ohartxo bat egokia ez den erabilera bati buruz. Arrunta da gaur egun, beharbada erdararen eraginagatik, beste argibideak, beste egunkariak, beste berriak bezalakoak irakurtzea, otras noticias, otros diarios eta abarren pare. Horietan ezinbestekoa da beste argibide batzuk, beste egunkari batzuk, beste berri batzuk esatea, lehenbiziko moldeak aski ingurune markatua eskatzen duelako: Egunkari hau gelditzen da, beste egunkariak amaitu dira.

14.9.3. Gabe hitzak sortzen dituen arazoak

14.9.3a Gabe adjektibo berezien artean sailkatu izan da zenbaitetan. Baina honekin ere beste-rekin gertatzen den antzeko zerbait gertatzen da. Gutxitan ageri da bakarrik, eta gehienetan badu aurretik sintagma osagarri bat. Nolakoa den testuingurua, postposizioa, izena, adjektiboa edo adberbioa ere izan daiteke. Jatorriz izen edo adjektibo, gaur egun gehienetan postposizioa da: uste gabe, eten gabe, duda(rik) gabe… Gutxitan ageri da bakarrik, gehienetan aurretik behar baitu sintagma osagarri bat, batzuetan isildu daitekeena, nahi izanez gero: zure baimenarekin edo gabe. Sintagma osagarri horrek ez du izan behar sail jakin batekoa.

Batzuetan izen sintagma du aurrean. Sintagma hori mugagabea da edo absolutiboa. Kasu batzuetan, gutxienetan, mugatua, bat zenbatzailearekin (edo erakusleren bat). Holakoak ditugu argirik gabe, argi gabe edo euro bat gabe bezalakoak. Paper gabe / paperik gabe; baimen gabe / baimenik gabe; babes gabe / babesik gabe; liburutegi on bat gabe; erreferentzia bat gabe… bezalakoak ere sail berekoak dira. Egungo joeran, sintagma mugagabea (diru, neke…) batez ere izen soilekin erabiltzen da. Egitura pixka bat konplexuagoa baldin bada errazago erabiltzen dugu partitiboa. Partitiboaren aurretik batere erabiltzen da maizkara: batere dirurik gabe; batere lotsarik gabe

14.9.3b Aurretik duen izen sintagma mugatua izan daiteke, baina gutxiagotan ageri da, eta tradizioan batez ere Iparraldekoa da, baina badira Hegoaldean ere adibideak: karitatea gabe (Pouvreau); […] bere behar duena gabe gelditu (Axular); eguzkiaren argia gabe (B. Enbeita); kanpokoa eta gorputzekoa bakarrik arimakoa gabe (Astarloa); aireak ere ez aski ongarrikoak gabe (Duvoisin); liburu hori gabe; senar-emazteak gabe eta abar. Artikuluaren ordez erakusle bat edo bat zenbatzailea ere har ditzake sintagmak, esan bezala. Badira adibideak tradizioan eta gaurko idazleen artean ere, baina batzuek ez dute egokia ikusten egitura hori: urruntasun hori gabe (Lapeire); deskantsu hori gabe (J. P. Arbelbide); mesprezio hura gabe (Pouvreau); haritz bakar bat gabe (Duvoisin); oroitzapen bat gabe (Laphitz); aldaketa bat gabe (Xarriton); istant bat gabe (Epaltza) eta abar. Postposizioa denean baditu beste ingurune batzuk ere.

14.9.3c Beste batzuetan gabe izena da: Emanaz beraren gabeak edo premiak eskatzen duen gauza (Mendiburu); Gaizto da bai gabea ontsa bizitzeko (Laplace); Ezin hobeagoa, hutsik eta gaberik ez duena (Ubillos); Zure gabean aurkitzen naiz (P. Mujika) eta abar. Osagarria genitiboan erabiltzen da batzuetan, adibideetan ikusten denez. De Rijkek dioenez (2008: 310), gaurko euskaran gutxiago erabiltzen da gabe hori izen gisa eta badira beste itzuli batzuk erabiliagoak. Batez ere falta (diru faltan), eskas (hori jakin eskasean) edo ez izena (maitasun ezaz, nik ikusi ezean).

14.9.3d Azkenik, esan dezagun adjektiboa ere izan daitekeela ‘ez duena’, ‘zerbaiten faltan dena’ adierazteko: Ez naiz gabe (Duvoisin, ‘ez naiz pobre’ adierazteko); Gabea pairagarri, ukana hondagarri (Azkue, ‘pobreak sufritu, aberatsa hondoratu’); Gabeak hatsa kirats (Oihenart) eta abar. Batzuetan instrumentala du aurretik: […] gero eta urrez eta zilarrez gabeago aurkitzen zuten (Larreko); Zein karitatez gabeak diren (Iratzeder). Zenbaitetan guztiz lexikalizatuak diren hitz elkartu adjektibaletan bigarren osagai gisa arrunta da (ikus OEH): artega, donga, eskerga, egoska, inauska, axolagabe eta abar. Izen sintagma izan dezake batzuetan aurretik: ardura gabea, erru gabe, punimendu gabe, beldur gabe, gorputz odol gabe…; Ez da dudarik, egiazko “eskual-duna” zen Frantsez; ez, ez zen “eskual-gabea” (Narbaitz). Holakoetan, aurreko osagarria soila da arruntean. Egitura konplexuagoa denean, joera gabeko erabiltzearena da. Hola, galderatxo bat garrantzi gabea perpausaren ordez, hiztunak errazago erabiltzen du garrantzi gabeko galderatxo bat.

14.9.3e Batzuetan, hala ere, ez da garbi gelditzen noiz den izen eta noiz adjektibo. Jakina, aurreko izen sintagma partitiboan agertzea arrunta da: hutsik gabea, bihotzik gabea, baliorik gabea, eskolarik gabea… Zenbait kasutan batere-rekin ageri da: dudarik batere gabea (Mihura); harrokeriarik batere gabea (Uztapide). Sintagma mugatua izan daiteke, ondoko adibide hauetan bezala: zimurtxo bat gabea; eranskin hori gabeak. Edo partizipio ondoan, aski arrunta: ikusi gabea, entzun gabea, ohartu gabea eta abar. Ez hainbeste aditzoinarekin bakarrik: Berria zen, oraino uki-gabea (Orixe); Agindu uts-ezin eta idatz-gabeak (Zaitegi). Ez dira oso erabiliak. Adlatiboarekin erabiltzen du Orixek: Santa Kruz oraindik Lekunberrira gabea zela.

14.9.3f Badira adjektibo elkartuak gaberen gainean eraikiak: arduragabe, bihozgabe, baztergabe, errugabe, dirugabe, eskolagabe, gogogabe, hobengabe, indargabe, odolgabe, tolesgabe… Ohart gaitezen hizkera doinuak bereizten duela beldurgabe (adjektiboa) eta beldur gabe (izena + postposizioa).

Ura barik ardoa edan du edo elizatik gabe tabernatik gatoz edo ilundu gabe bezalakoetan, gabe hori adberbioa da. Bizkaieraz erabiltzen da barik (gaberik), aski arrunta da. Eredu estandarrean ere onartua da (eten barik), baina askotan zuzenean erabiltzen da gabe (eten gabe).

14.10. Adjektiboen mailakatzea

14.10.1. Sarrera

Adjektiboek izena kalifikatzen dutenean, edo predikatu osagarrian ageri direnean, kalifikazio hori maila desberdinetan egin dezakete. Hola, ez da gauza bera etxea garestia dela esatea eta etxea oso garestia dela edo herriko garestiena dela esatea. Hiruretan esaten da etxea garestia dela, baina hori ez da txuri edo beltz kontua, graduak baitaude garestitasun horretan.

Adjektibo gehienek, eta zenbaitetan adberbioek ere, onartzen dituzte mailak. Garesti adjektiboak kualitate bat adierazten du, baina garestitasun maila hori aldatu egiten da esapide batetik bestera. Hola, zerbait garestia izan daiteke, nahiko garestia, aski garestia, garestiagoa, arras garestia, oso garestia, garestiegia eta abar. Adjektibo markatu batzuekin, aski gutxi dira hala ere, ezinezkoa da, duten esanahiagatik, maila horiek bereiztea: Gizon begibakar bat atera zitzaidan bat-batean. Ezin esan hor *oso begibakarra edo *beibakarregia eta abar.

14.10.2. Marka fonetikoak

14.10.2a Mailakatze hori egiteko marka fonetikoak (handiiiia), morfologikoak (handixea da), adberbioak (arrunt handia) eta konparazio atzizkiak (handiagoa) erabiltzen ditugu.

14.10.2b Balio bereizlerik ez dutenez, gaitz da arlo honetan zehazki mintzatzea marka fonetiko hauetaz. Baliabide hauek ahozko hizkerari dagozkio eta, horrenbestez, arruntean, ez dute idatzian (bustidurak salbu) aztarnarik uzten.

Zernahi gisaz, hiru marka mota aipa daitezke: azentua, palatalizazioak eta kontsonanteetan gertatzen diren zenbait ezaugarri fonetiko azkartzea.

Hola, sarritan silabako bokalaren luzapenaz lagundurik markatzen dugu azentua, eta anitzetan lehen silaban egiten dugu marka hori: jáaaaatorra duk hori gero!; sorgin gáaiztoa zen hura. Baina horrek ez du esan nahi beti hola egin behar denik, anitzetan beste silaba batean ere egin baitaiteke: edéeeeerra da! Hori da mailakatzeko erabiltzen dugun lehenbiziko bidea.

14.10.2c Euskaraz bustidurak garrantzi handia du, eta adjektiboekin ere baliatzen dugu anitzetan: nolakoa den testuingurua, ur hotza gauza bat da, ur hotxa bestea. Edo gizon zozoa eta gizon xoxoa. Palatalizazioa erabiltzen dugu, hain zuzen ere, forma hipokoristikoak sortzeko. Hortaz, adjektiboekin eztigarri gisa baliatu ohi dugu, ez goi maila adierazteko. Hala ere, oso neke da kontu horietan arau zehatzik ematea: gozo/goxo, zuhur/xuhur, bizi/bixi, labur/llabur, zintzo/txintxo eta abar. Dena den, askotan bi formak zeharo lexikalizaturik ageri dira, zeinek bere esanahi propioa duela. Hori da, hortaz, erabiltzen dugun bigarren bidea: gaizoa eta gaixoa aski diferenteak izan daitezke.

14.10.2d Bada, gainera, hirugarren bide bat: kontsonanteetan zenbat ezaugarri fonetiko indartzea, nolabait esateko. Puntu hau beste biei lotua agertzen zaigu anitzetan. Gisa denez, frikarietan nabarituko da hobekienik, txistukarietan (assssko, hasssserre…) nahiz —hasperena bizi den tokietan— soinu hasperenduetan (hhhandia, hhhitsa, zikhhina…, zeinetan hasperentzea indar handiagoz gertatzen baita). Zenbait lekutan /rr/-rekin ere holako zerbait gertatzen da: izugarrrria, harrrroa

Marka fonetiko horiek beste mailakabideekin metatzen ahal dira: goxo-goxoa, biziki luxea, oso txintxoa… Eta esan behar da, bestetik, adierazkortasun bide hau izenekin ere gertatzen dela, enfasi kontua baita azkenean.

14.10.3. Marka morfologikoak

14.10.3a Marka morfologiko erabilienak -sko/-xko eta -ska/-xka dira: gaztesko, harrosko, ilunska, gorriska, zozoska eta abar. Hola ageri dira mintzoen arabera. Euskaltzaindiak ez du arau zehatzik eman aldaera horien artean baten batek lehentasunik duen besteen gainetik, baina praktikan, hiztegi batuan egin diren aukera guztiak -xko/-xka aldekoak dira, besteei buruz deusik esaten ez bada ere: luzexko, handixko, urrunxko, hurbilxko, horixka, gorrixka eta abar.

Zer desberdintasun dago kamioneta berde, zahar eta luze sintagmaren eta kamioneta berde, zahar eta luzexka sintagmaren artean? Edo aurpegi hori eta aurpegi horixka-ren artean? Gehienetan, holakoetan nahiko edo holako zerbait adierazten du esapide horrek: nahiko luzea, horikara eta abar. Batzuetan soberatasuna adierazteko ere erabiltzen da: Gaztexko zara manera horretan mintzatzeko.

14.10.3b Beste batzuetan -xe atzizkia ere erabiltzen da: finituxe, egintxe, lotsatuxeEuskararen batasuna egintxe zela pentsatu izan dugu; Lotsatuxe nengoen semearen irudia lohituko ote nion; Atea zabalduxe utzi zuen; Egun horretan akituxe utzi zuen bere burua eta abar. Horiek ‘ia egina’, ‘pixka bat lotsatua’, ‘pixka bat zabaldua’ eta ‘ia akitua’ esan nahi dute. Konparatiboekin ere ageri da askotan: handixeago (‘pixka bat handiago’), handixeegi eta abar.

Bizkaia aldean, batez ere, -tzar erabiltzen da. Gehienetan izenekin (harritzar hura eraiki zutenak ez ziren bertakoak; sarrerako atetzarra autoarekin eraitsi zuen) ageri bada ere, Azkuek zioenez, zenbaitetan adjektiboei ere lotzen ahal zaie: handitzar. Gaurko idazleen artean ere itsasontzi handitzar horiek edo min handitzar batek joa bezalakoak ageri dira.

Badira beste bi atzizki txikigarri: -txo eta -to. Hola esaten dugu, adibidez, neskato beltzarantxo bat ikusi dugu atean. Hor sartzen dira txikitxo, pobretxo, gorritxo, luzetxo eta abar. Bai bata eta bai bestea arrunta da izenekin edo beste kategoria batzuekin ere erabiltzea: neskato, hobeto, gaizto, polito, ezertxo, ondotxo, haurtxo, gehitxo eta abar.

Beste atzizki batzuk (-ats, -ail, -tsu) koloreekin erabiltzen ditugu batez ere: gorrats, gorrail, gorritsu eta abar. Hemen sartzen ditugu luzetsu, zoriontsu, distiratsu, irribarretsu, arriskutsu eta abar. Lehenbiziko bi atzizkiak oso gutxi erabiltzen dira.

14.10.3c Indarra emateko edo, batzuetan izenondoa errepikatzen dugu: polit-polita da hori; gorri-gorriak dira etxean ditugun loreak; liburu eder-ederra da; txiki-txikia sentitu nintzen eta abar. Errepikatze hau ez da adjektiboekin bakarrik gertatzen, eta adberbioekin ere gauza bera egiten dugu anitzetan: poz-pozik etorri zen; blai-blai egin ziren, neka-neka eginda etorri dira menditik

14.10.4. Mailakatze adberbioak

14.10.4a Adjektiboaren mailak adierazteko adberbio berezi batzuk erabiltzen ditugu: oso, guztiz, biziki, nahiko, aski, samar, batere eta abar. Ez dute denek maila mota bera adierazten, jakina. Batzuetan goi maila adierazi nahi dugu, beste batzuetan nahikotasuna edo konparazioa, eta ezeztapena ere zenbait kasutan. Horretarako erabiltzen ditugu adberbioak.

Goi maila adierazteko euskarak dituen adberbiorik erabilienak oso, guztiz, biziki, txit, arrunt, erabat, zeharo, izugarri, gogorki, itsuski, hagitz, ondo, ongi, franko, lar, sobera… bezalakoak ditugu. Literatura tradizioan xoil ere erabili izan da Iparraldean, egun indarrik ez duena maila adberbio gisa: Non baitirudi zeruaz xoil benedikatua (Goihetxe); Egia da, ordea, ez da ez xoil eta alde guztiz ilun ere izanen (Axular).

Adberbio hauek adjektiboaren ezkerrean dute tokia: Neska hura oso polita da; Erabat aspertuak geunden; Franko gaztea da; Biziki neska atsegina zen Edurne. Adjektiboa izen sintagma baten barnean baldin bada, ordea, bi joera nagusi ditugu adberbioaren kokalekua finkatzeko: a) batzuetan mailakatze hori izenaren eta adjektiboaren artean ezartzen dute (arazo oso larrietan murgildua dabil) eta b) beste hiztun batzuek nahiago dute adberbioa izenaren ezkerretan sartu (oso arazo larrian murgildua dabil). Tradizioan ere bi eratako adibideak ageri dira: Oso bihotz txarra duzu (Apaolaza); Ez zirudien etxera joateko oso presa handia zuenik (Txillardegi); Oso bikote barregarria (Uztapide); Gizon oso ona zen (Garate); Sinetsi diet zure liburuei eta hango hitz oso ezkutuei (Orixe); Segurak aiuntamentu oso zaharra zeukan (Insausti).

Gainerako adberbioekin berdin gertatzen da: biziki kantu ederra / kantu biziki ederra; izugarri liburu polita / liburu izugarri polita eta abar.

Batzuetan oso aditzarekin ere erabiltzen da: Pena guzietatik, bihotza oso argitu zitzaion (Lardizabal); Hilabete honetan gaztetu da oso (Apaolaza); Oso zait atsegin hango giroa (Mitxelena); Hemengo sagardo-egintzak gutxitu dira oso (Uztapide). Bestetik, adjektiboa ere izan daiteke: Liburu osoa irakurri zuen; Gobernu osoa joan zen; Maitasun osoa adierazi dio eta abar.

Maila adberbio hauek guztiek ez dute zeharo banaketa bera, baina euskalkien araberako erabilera desberdinagatik zaila gertatzen da gauzak xeheki azaltzea.

14.10.4b EGLUn esaten da zenbaitek gaizki ikusten duela ingurumen batzuetan “gero eta hedatzenago” ari diren anitz maite ukan, asko gustatu… bezalakoak (EGLU-I: 182). Hori bakarrik esaten da, baina testuinguruagatik badirudi asko maite zaitut eta horren gisakoak baztertzen direla oso maite zaitut gisako egituren alde. Baina hori ez da batere berria. Egia da literatura tradizioan badirela Oso maite ninduen (Orixe); Oso maite nuen (Urruzuno); Oso maite izaten zuten (Salaberria); Zure semea oso maite du (Altzaga) bezalako adibideak, ez gehiegi, esateko, baina anitzez ugariagoak dira beste eredukoak: Ez duzu anitz maite Jesus (Mendiburu); Beraz Iainkoa hagitz maite, baduzu, Filothea (Pouvreau); Guztiz maite zuen […] Dariok (Mendiburu); Nagusiak anitz maite zuena (Duvoisin); Hainbat maite dudan seme hau (Duvoisin); Guziz maite gaituen Aita (Joanategi); Guziz maite zuen seme bat (Iraizoz); Zein baitzuen guziz maite (Leizarraga); Hau guziz maite baitu (Haraneder); Guztiz maite zuela Euskal Herria (Etxeita); Gure bihotzak guztiz maite duena (Otaño); Euskaldunek anitz maite dute (Manezaundi); Anitz maite ere zuelakotz (Barbier); Jon asko maite dut (Lizardi); Asko maite dudalako (Barriola); Asko gustatu zitzaion haren egiteko grazia (Txirrita); Elkar arras maite zuten bi haurrek (Zerbitzari); Mintzaira polita arras maite dut (Manezaundi) eta abar. Eta gaurko idazleen artean ere asko modukoa maizago ikusten da holakoetan oso modukoa baino.

14.10.4c Han berean (EGLU-I: 182) aipatzen da segidan asko-rekin gauzak are konplikatuagoak direla. Lapurdiko tradizioan, esaten da, aski-ren balioa duela eta batzuetan adjektiboaren ezkerrean eta besteetan eskuinaldean jartzen dela. Adibide hauek ematen dira: Bera baita bere baitan eder asko (Axular) eta Berak dira bere baitan asko klar eta ozen (Axular). Gauzak, ordea, ez dira hain sinpleak. Hasteko, bi adibide horietaz aparte nekez aurkituko dira adibide gehiago. Bada bat Duvoisinena: Asko gazteago hartu izan dituen bezala. Ez dugu besterik ikusi. Beste kontu bat da izenarekin ageri denean asko. Orduan bai, Iparraldeko idazle anitzek Hegoaldekoek bezala erabiltzen dute asko, nahiz izenaren ezkerraldean paratzea aski arrunta den: Zuk beraz zigila ezazu ikuspena, asko egunen buruan gertatu beharra delakoz (Duvoisin); Euskararen ez ikastea, gure auzo gurekin hainbertze egiteko duketenentzat, beren buruen asko erraztasunez gabetzea da (Hiriart-Urruti); Bertze asko berri bezala (Hiriart-Urruti); Bazen oraino asko lan egiteko (Larzabal); Bederen orain asko gelditzen zaigu egiteko (Duhalde) eta abar. Erabilera hori aski hedatua da.

Axularrek eta Gazteluzarrek badituzte hainbeste adibide aski-ren balioarekin, baina horietako oso gutxi dira adjektiboekin. Axularrek ia ez du aski inoiz ere erabiltzen (lau agerraldi bakarrik). Gazteluzarrek eta Leizarragak behin ere ez. Horregatik Leizarragak (eta Mirandek ere) erabiltzen du batzuetan asko zenbatzailea aski-ren balioarekin. Hona hemen adibide batzuk: Ez ziren bideak asko segur (Axular); Ez da asko gaizkirik ez egitea (Axular); Asko goizik latinen kultura eta hizkuntza ezagutu zituztela (Mirande); Egunero Jainkoaren obrak meditatu behar dira, ala astean egun batez asko da? (Leizarraga); Asko duzu zuk manatzea, asko hitz bat erratea (Gazteluzar).

Gaur (hala esaten da EGLU-I liburukian) Gipuzkoan asko erabiltzen da goi maila adierazteko, eta izenondoaren eta adberbioaren eskuinaldean jartzen da, mugatzaile eta guzti, zenbaitetan: Alai askoa zen gure mutila!; Iñaki han azaltzen zen lasai asko… Adibide anitz ageri dira gaurko idazleen artean: Natural askoa iruditu zitzaion (M. Mujika); Erlatibismo horren formulazio egoki askoa Txillardegik eman du (Azurmendi); Tipo jator askoa (J. A. Arrieta); Gizon zintzo askoa (Atxaga); Ilajez harro askoa (Lertxundi); Kontu bat harrigarri askoa (Juan Garzia); Zuzen askoa zen (Juaristi).

Baina erabilera hori ez da gaurko kontua, eta XX. mende hasieratik badira adibideak gipuzkoar idazleen artean (Lizardi, Labaien, Iztueta eta abar). Bada Etxeberri Ziburukoaren ondoko adibide hau ere, bitxia gertatzen zaiguna, ez baitu lapurteraz inolako lekukotasunik bestela: Zure semearen gorputz sakratuaz Jainkoa, Ohore handia duzu guk probetxu askoa (Etxeberri Ziburukoa).

14.10.4d Horren gisako zerbait gertatzen da batzuetan ondo eta ongi-rekin ere, maila adberbio gisa erabiltzen direnean: Ondo gazterik hil zen gizajoa!; Ongi tristea zen nobela hura; Luis izan zen ondo gazterik (Kardaberaz); Ondo galanta da zuen mutikoa (Azkue); Nere ahala ongi ttikia izanagatik […] (Diharasarri) eta abar.

14.10.4e Nahikotasuna adierazteko holako elementuak erabiltzen ditugu: nahiko(a), aski, asko, dexente, samar… Sail honetan samar besteetatik bereizten da, ez baita zenbatzailea: Lan zail samarra eman digute… Arrunta da gipuzkerazko literaturan: Serio samar jarrita (Lizardi); Urrun samar geunden (Iraizoz); Gogor samar aurpegia eman ziolako [] (Agirre); Merke samar dute saldu (Orixe); Haserre samar ikusi behar gaituzte (Txirrita) eta abar. Neurri batean, samar hau hurbil dago, esanahi aldetik nahiko adberbiotik, nahiz ez den gauza bera. Hola, zer moduz egin duzu lo? galderaren erantzuna nahiko ongi edo ongi samar izan daiteke, besteak beste. Nahiko ongi erantzuten duenak ongi samar erantzuten duenak baino zerbait positiboago erantzuten duela dirudi. Era berean, nobela bat on samarra dela esatea badirudi nahiko ona dela esatea baino zertxobait gutxiago esatea dela.

Nahiko eta aski baliokideak direla esan dezakegu: Nahiko neska polita aurkitu du gure Joxek; Aski aberatsak dira Peruren gurasoak. Ez dirudi, esanahi aldetik, desberdintasunik atzeman daitekeenik adibide horietan nahiko eta aski-ren artean. Bestetik, nahiko eta nahikoa erabiltzen dira. Adibide zaharrenetan, mendebaldekoak beti, izenaren ondotik nahikoa ageri da maizago, eta nahikoa da nolanahikoa esapidean ageri den aldaera bakarra. Iparraldean nahiko erabiltzen dute Iratzederrek, Jatsuko Etxeparek eta Xalbadorrek, eta oro har, gaur egun, nahiko da forma erabiliena adjektibo edo adberbio/esapide adberbialekin ageri denean: nahiko luzea; nahiko ederra; nahiko ergela; nahiko ongi, nahiko erraz… Izena eta adjektiboaren artean ere joaten da: gizon nahiko ergela; kapa nahiko handia; jangela nahiko handia… Baina ez da beharrezkoa, eta aurretik ere joan daiteke: nahiko erren handia; nahiko etxe handia; nahiko presio handia… Ez da arraroa idazle berak bietara erabiltzea gaur egun.

Aski eta asko adberbioaren eskuinean ere ikusiko ditugu esapide batzuetan: segur aski; seguru asko.

14.10.4f Ezezko predikazioetan ukapen osoa batere-ren bidez egiten da: Etxe hau ez da batere polita; Mutil hori ez da batere ikasle ona. Ikusten denez, batere hau adberbio sailekoa da eta izen predikatuetan bakarrik ageri da, ez bestelako izen sintagmetan: *Batere etxe merkeak ez dituzte saltzen. Forma arautua batere izanik ere, aldaera asko ditu mintzoen arabera: batre, baterere, bapere, bape, batbere, bate eta abar. -ik marka duen izen sintagmetan ageri da: Ez dute kontzientzia onik batere; Ez dut dirurik batere; Ez genuen asmorik batere zuri esateko eta abar. Gabe duen izen sintagmekin ere arrunta da arras: Batere zapore gabekoa da; Batere dirurik gabe gelditu ginen. Arrunta da ere galde edo baldintza perpausetan: Probetxurik batere hartu duk hortik?; Batere baldin bada haien artean hola pentsatzen duenik…; Baldin badu batere indarrik… eta abar. Batzuetan edozein esan nahi du: Herriko bertze neskatxa batere baino gehiago zen. Adberbio huts gisa ere: Ez dugu duda egiten batere; Mundu hau ez da bigunago batere; Bere partetik ez zuen batere entsaiatu; Hori onarturik ere ez dute batere garbitzen beren zorra; Kopeta beltza batere argitu gabe sartu zen sukaldean

14.10.5. Konparazioak eta adjektiboen mailakatzea

14.10.5.1. Sarrera

Orain arte aipatu ditugun maila adberbioen bidez adjektiboaren maila bere horretan adierazten dugu, beste batekin konparatu gabe. Alegia, oso polita eta biziki higuingarria esaten dugunean politasunari edo higuingarritasunari maila ezartzen diogu, baina ez dugu beste ezeren politasunarekin edo higuingarritasunarekin konparatzen.

Adjektiboak mailakatzeko oso bide emankorra osatzen dute konparaketek. Hemen, perpaus bakunaren eremuan gabiltzanez gero, ez ditugu puntu larrienak baizik aipatuko (ikus 32. kapitulua). Adjektiboari zenbait atzizki berezi erantsiz eman daiteke askotan konparazio bidezko mailakatzea.

14.10.5.2. -EN atzizkia

14.10.5.2a -en atzizkia erabiltzen dugu superlatibo erlatibo deitzen dena osatzeko. Superlatibo mota hau erabiltzen dugu aipatu nahi den kualitatearen (politasuna, adibidez) gorentasuna, beste batzuekin erkatuz, markatu nahi dugunean. Adibidez, oso polita diogunean, politasunaren goi maila adierazten dugu, baina politasun hori ez dugu beste ezeren politasunarekin erkatzen, bere hartan hartzen baitugu. Baina hau da politena esaten badugu, zenbait gauza elkarrekin konparatu ondoren egiten dugu baieztapen hori. Adjektiboari -en atzizkia erantsiz osatzen da superlatiboa: handi-en, ederr-en, urdin-en eta abar. Superlatiboen forma oso erregularra da, salbu gehien eta hoberen-en kasuan (asko-ren eta on adjektiboaren superlatiboak. Azkeneko honek badu onen forma erregular arrunta ere). Hurrena, aurrena, lehena, azkena… gisakoak ere superlatibo mota honetakoak dira.

14.10.5.2b Adjektiboa predikatuan denean, adjektiboa bakarrik joan daitekeela ikusi dugu (§ 14.6). Superlatiboan dagoenean ere ber gauza gertatzen da: Edurne da handiena; Liburu hori da karioena… Baina askotan adjektiboa izen sintagma baten barruan dago, izenari lagunduz: Liburu polit bat erosi dute; Mutil galant horrek egingo du lan hori eta abar. Holako sintagmetan adjektiboa superlatiboan doanean, aurreko izena partitiboan joan daiteke: Libururik politena erosi dute. Ez da, hala ere, beharrezkoa hori. Estilo kontua da, eta autore berak bi moduak erabiltzen ditu askatasunean: bekaturik handiena/aintzindari handiena (Duvoisin); gaitzik handiena / egile handiena (Pouvreau); balentriarik handiena / erokeria handiena (Hiriart-Urruti); Jaunik handiena / gaitz handiena (Etxeberri Ziburukoa)… literatura klasikoan. Eta gaurko idazleen artean biak erabiltzen badira ere, -ik partitibo marka gehiago erabiltzeko joera ikusten da: oparirik handiena / eragin handiena (Urkiza); apaltasunik handiena / segurtasun handiena (Xarriton) eta abar.

Holakoetan libururik edo mutilik edo trabarik esaten dugunean, liburuen, mutilen edo traben multzo osoa hartzen dugu kontuan, eta multzo horretatik politena, galantena, handiena hartzen dugu. Ideia hau azpimarratzeko, batzuetan beste zenbait esapidez baliatzen gara: Munduko mendirik garaiena da hori; Inon den neskarik alferrena dugu Itziar; Inoiz ikusi dudan txakurrik beldurgarriena da Txuti. Ohart gaitezen, zernahi gisaz, beste postposizio batzuk ere erabiltzen ditugula zenbaitetan: liburuetan/liburuetatik/liburuetarik politena erosi genuen. Betiere, superlatiboa dagokion izen hori zein multzotik atera den aditzera eman nahi bagenu bezala. Hai zuzen ere, multzo horri dagokiolako deitzen zaio superlatibo erlatiboa. Zernahi gisaz, esan bezala, izena marka batekin nahiz inolako markarik gabe erabil daiteke.

14.10.5.2c Euskaraz superlatibo hau beti baiezkoa da, ez du forma ezezkorik. Hola, neska politena esapidearen parean ez dugu neska gutxien politena edo antzekorik. Holakoetan polit-en antonimora jo beharrean aurkitzen gara: neska itsusiena. Egia da, hala ere, badirela holako adibide bat edo beste. Tradizioan hauek aurkitu ditugu: Prenda orotarik ez da gutien beharrena (Goihetxe); Gutienik ahulena (J. Etxepare); Gutienik freskoenak (Eskualdun Kozinera). Eta oraingo idazleek badituzte holakoak ere: Arimarik gutxien ustelduena (Iñurrieta); Gutxien erabilienen artean (Salaburu); Gutxien maitatuenak (Elexpuru); Gutxienik egokiena (Arrigain). Ez dugu beste adibiderik aurkitu. Egia esateko, zenbait alorretan (zientzietan, esaterako) badirudi gutxien(ik) beroen edo holako esapideak beharrezko gertatzen direla. Kontuan hartu behar dugu horren parekoa izan daitekeen -ago atzizkiarekin, adibidez, ez da gutiago eder, ez da gutiago espantagarri gisakoen esapideak ikusten ahal direla: M. Elizanburuk, Duvoisinek eta Mihurak erabiltzen dute. Izenarekin, ez da gutiago egia… askoz ere maizago. Eta gaurko idazleen artean ere ez da adibide bat edo beste falta (Garzia, Olano eta abar).

Esan dezagun, azkenik, zenbait esapidek -en superlatiboa eskatzen duela: Ahalik eta sagar(ik) handiena har ezazu; Ahalik gehien ikas ezazu; Albait arinen etor zaitez; Ahal den oherik zabalena aukeratuko dugu

14.10.5.3. -AGO atzizkia

14.10.5.3a -ago atzizkiaren bidez konparatiboak osatzen ditugu, esan nahi baita bi elementu jartzen ditugula erlazioan, eta bati besteari baino maila goragokoa baldin badagokio, daraman adjektiboari -ago atzizkia eransten diogu. Eta orduan adjektibo hori konparatiboa dela esaten dugu: handiago, politago, gorriago, zikinago eta abar. Hemen ere badira salbuespenak: on-ek badu bere konparazio forma arrunta, onago (Lizarragak, J. M. Zabalak, Aranbillagak, Orixek… erabiltzen dute), baina askoz ere gehiago erabiltzen da hobe aldaera, literaturan nola gaurko idazkietan ere. Ongi eta gaizki adberbioak ere mailaka ditzakegu, eta horrela sortzen dira hobeki (eta hobekiago, gutxiago erabilia) eta gaizkiago aldaerak.

-ago atzizkiaz baliaturik sortutako konparazio adjektiboa predikatu osagarrian denean, artikuluarekin nahiz gabe agertzen da: Etxe hori handiago(a) da. Zein elementurekin konparatzen dugun esaten bada, elementu horri baino eransten zaio: Etxe hori beste hura baino txikiagoa da. Azpimarratutako egitura hori beste egitura baten laburdura besterik ez dela esan daiteke: beste hura den baino txikiagoa

14.10.5.3b Konparazioek berek ere maila bat baino gehiago izan dezakete, ondoko adibide hauek erakusten dutenez: Etxe hau beste hura baino ederragoa da; Etxe hau beste hura baino askoz ere ederragoa da. Holako diferentziak markatzeko, askoz, aise, dexente, biziki, pixka bat, apur bat eta antzekoak erabiltzen ditugu: Zu baino biziki handiagoa da; Zure autoa nirea baino apur bat luzeagoa da. Era berean, denbora eta kantitatea adierazten duten adberbioak ere baliatzen ahal ditugu. Hauetan zenbat beranduago, edo zenbat gehiago, edo zenbat garestiago galderei era honetara erantzun dakieke: Bi ordu beranduago etorri zen trena; Bi kilo gehiago erosi beharra izan nuen; Mila pezeta garestiago jarri dituzte sarrerak.

14.10.5.3c Diferentzia zenbaterainokoa den aditzera emateko ere instrumentalaz baliatzen gara: Buruaz handiago zen Edurne senarra baino (senarra Edurneri gehienez kokotseraino iristen zaiola esan nahi du). Beste erabilera batzuk ere baditu instrumentalak, betiere konparazioaz ari garela: Eztarriaz beherago sartzen zaio ke beltza (Etxeberri Ziburukoa); Mereziez gehiago hartu dute saria; Zeruaz gorago da, lurraz beherago (Hiribarren) eta abar (§ 21.6.3k). Horietan ‘eztarria baino beherago’, ‘mereziak baino gehiago’ eta ‘zerua baino gorago eta lurra baino beherago’ esan nahi dugu.

Zenbait esapidetan, -agodun izenondoa, edo dena delakoa (adberbioa ere izan daiteke) erabiltzen dugu. Esapide hauek egitura bat baino gehiago erakusten dute:

14.10.5.3d Gero eta… -ago: Gero eta politago da nobela hau; Gero eta urrunago doa txalupa; Gero eta diru gehiago eskatzen dute; Solasak eta hurbilago entzuten dira. Batzuetan gero soil horren ordez geroago ere erabiltzen dugu: Geroago eta diru gehiago behar dute; Geroago eta liburu zailagoak idazten dituzte; Geroago eta gehiago bermatzen dituzte eta abar. Lehen esapidea da gehien erabiltzen dena, baina bi moldeek badituzte adibide franko bai gure tradizioan eta bai gure egungo idazleetan.

14.10.5.3e Beti eta… -ago ere erabiltzen da: Mendiak beti eta gorago agertuz; Karlisten mehatxuak beti eta azkarrago; Beti eta maila txikiagoak; Beti eta barnago… Esapide hau ez da aurreko beste biak bezainbat erabiltzen, baina badira adibideak egungo idazleetan eta tradizioan ere, batez ere Iparraldekoen artean: Beti eta gogorragoak (Duvoisin); Beti eta barnago sartzen zituzten (Barbier); Beti eta geroago (Haraneder); Beti eta gibelago (J. B. Etxepare); Beti eta gaitzenago eta errebelatzenago (Axular).

Adjektiboa izen sintagma batean ageri bada, gero eta… esapidea izenaren ezkerretara joan daiteke, baina baita izenaren eta adjektiboaren artean ere: Gero eta auto garestiagoak erosten ditu Beñatek edo Auto gero eta garestiagoak erosten ditu Beñatek.

14.10.5.3f Zenbat eta… -ago ere erabiltzen dugu holako esapideak egiteko: Zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta arinago ikasten du. Ikusten ahal dugunez, esapide konplexuagoa da. Batetik, zenbat horren ondotik heldu den eta hori aukerakoa da. Bistan da idazle gehienek hala erabiltzen dutela, baina badira egungo testuetan hori gabeko adibide batzuk, nahiz ez gehiegi: Dorrea zenbat altuago, orduan eta txikiagoak zirenak (Otsoa); Zenbat hurbilago, orduan eta bortitzago (Alonso). Baina askoz ere arruntago eta unibertsalagoa da beste esamoldea, alegia, eta daramana: Zenbat eta abertzaleago, orduan eta espainolagoa dela izatez (Segurola); Zenbat eta euskaldunago, orduan eta bakarrago (Perurena); Zenbat eta zaharrago, orduan eta pazientzia gutxiago eta abar.

Bestetik, adibideetan ikusten denez, esapidea konplexuagoa da, eta badu bigarren atal bat: … orduan eta… -ago. EGLUn esaten da bigarren atal horretako eta hori ere aukerakoa dela (EGLU-I: 189): Zenbat (eta) gehiago irakurri, hainbat arinago ikasten dut; Zenbat (eta) zaharrago, hainbat (eta) petralago; Zenbat (eta) beranduago etorri, gero (eta) okerrago zuretzat. Hiru adibide horiek ageri dira EGLUn, eta hor ikusten da bai lehenbiziko eta nola bigarrena askeak direla. Han esaten denaren arabera, Zenbat eta beranduago etorri, gero eta okerrago zuretzat esan daiteke, edo aldaera bat aipatzeagatik (ez baita bakarra) Zenbat beranduago etorri, gero okerrago zuretzat. Ez dirudi, ordea, gero okerrago hori batere zuzena den. Esapidearen bigarren zatiari dagokionez, zalantza gabe, gure tradizioan hainbat erabili da, batez ere Hegoaldean: hainbat (eta) zaharrago. Hori da eredu erabiliena: Zenbat eta gehiago eta handiagoak […] hainbat handiagoak (Mendiburu); Zenbat eta gorago dagoen […] hainbat eta harroago ikusi ohi da (Agirre) eta abar. Badira aise gehiago. Hori da, esan bezala, eredua. Badira, hala ere, adibide batzuk, gutxiago, besteen parean, orduan eta edo orduan bakarrik erakusten dutenak, eta ez hainbat: Zenbat eta gehiago begiratzen nion emazteari, orduan eta itsusi eta zakarragoa aurkitzen nuen bere senarra (Barriola); Zenbat eta denbora gehiago iraun, orduan eta zailago izaten da kentzea (M. Aranburu); G. Mujikak, Mogelek, Barrensorok, Soroak eta J. I. Urangak ere erabiltzen dute esapide hori. Diferentzia handiarekin, hiruren artean (hainbat, orduan, gero), gero-rekin osatutako esapideak dira gutxien erabiltzen direnak. Ez da ia adibiderik tradizioan, eta gaurko idazleen artean ere aski gutxi ageri da: Zenbat eta aurrerago joan, gero eta lausoago zen nire baitan etxe haren oroitzapena (Igerabide); Zenbat eta gehiago hurbildu, soinua gero eta zehatzagoa zen (Gabiria); Zenbat eta gehiago iraun, gero eta gehiago haziko da (Berria). Ez da, nolanahi ere, konparaziorik beste biekin.

Esapide horiek laburturik ere ematen ditugu: zaharrago eta txarrago (zenbat eta zaharrago hainbat txarrago). Badira tradizioan ere adibideak: Zenbat eta gehiago egin, barregarriago iduri (Anabitarte); Zenbat eta gehiago aritu, errazago asma dezakezue (Lizardi); Zenbat eta literatura gehiago irakurri, herriak astoago bihurtzen direla, uste dut (Lauaxeta); Zenbat eta ilunago, hobe (Altzaga) eta abar.

Hala ere, Iparraldeko gure tradizioan pisu handiago izan du beste esamolde honek: zenbatenaz… hanbatenaz. Hona hemen adibide batzuk: Zenbatenaz maizago eta barrenago erabiliko baitugu kontsiderazio hau, […] hanbatenaz borondatea ariko da berokiago (Pouvreau); Zenbatenaz hori eginen baituzu lasterrago, hanbatenaz hobeki kausituko zara (Xurio); Zenbatenaz izanen baita […], hanbatenaz Jainkoak estimatuko duela… (Haraneder) eta abar. Hurrenkera aldaturik ere badira adibide bat edo beste: Eta haiek gaitzesten baikaituzte hanbatenaz gehiago, zenbatenaz gure eskasak hurbilagotik ikusten baitituzte (Xurio); Eta are hanbatenaz gehiago, zenbatenaz ikusten baituzue hurbiltzen dela eguna (Haraneder).

Zernahi gisaz, Hegoaldeko tradizioan ez dugu mota honetako adibiderik atzeman. Egungo idazleek ere ez dute ia erabiltzen.

14.10.5.3g Aldian baino aldian… -ago esapidea ere erabili izan da: Aldian baino aldian gaiztoago iruditzen zait gizon hori. Hala ere, ez du tradizioan adibide askorik: Aldian baino aldian grazia eta atsegin gehiago guri… (Mendiburu); Aldian baino aldian zeruko indar eta beldur gutiagorekin (Mendiburu). Batzuetan baino hori gabe, edo beste toki batean jarririk ere: Aldian-aldian hurreragotuaz (Lardizabal); Aldian-aldian baino umilkiago (Mendiburu).

14.10.5.3h Zein baino zein… -ago moldea ere erabiltzen da: Neska horiek zein baino zein ederragoak dituzu. Hegoaldeko tradizioan badira adibideak: Zein baino zein santuago zirelarik (Lizarraga); Zein baino zein zitalagoak (Lizardi); Zein baino zein gozoagoak (Zamarripa); Zein baino zein doinu zerutarragoak (S. Mitxelena); Zein baino zein gogorragoak (Lardizabal); Zein baino zein naroago (Agirre) eta abar. Esan bezala, adibideak Hegoaldekoak dira, nahiz Xalbadorrek ere baduen hau: Zein baino zein hobeak. Egungo idazleetan aski arrunta da esapide hau.

14.10.5.3i Ezinago + adjektiboa arrunta da euskaraz (ezinago maitea, ezinago zalua, ezinago nahasia…). Horren parekoa da ezin adjektiboa + -ago esapidea (ezin maiteago, ezin zaluago, ezin nahasiago…). Holako erabilera nahiko arrunta da tradizioan eta egungo idazleen artean ere: ezinago ederra zen paraje hura / ezin ederrago(a) zen paraje hura; nobela ezin zailagoa idatzi du / nobela ezinago zaila idatzi du.

14.10.5.3j Adjektiboa + baino + adjektiboa + -ago (edo adberbioa + baino + adberbioa) eta izena + baino + izena + -ago egituraz ere baliatzen gara zenbait kasutan: gezur handia baino handiagoa; ederra baino ederragoa; ongi baino hobeki; egia baino egiago

14.10.5.3k Ordua adierazteko ere gutxiago edo gutxi erabili behar izaten dugu (§ 16.3.5): hamaikak laurden gutxiagotan sartu ginen herrian; hamabiak bost gutxi dira

14.10.5.4. On, hobe…

14.10.5.4a Hobeto (hobeki) eta hobe. Honetaz ere ohartxo bat egin behar da, gauzak batzuetan aski nahasiak gertatzen baitira. Hobe adjektiboa da, on-i dagokion konparatibozko forma, hain zuzen. Baina ongi/ondo adberbioei dagozkien konparatibozko formak hobeki eta hobeto dira. Hortaz, hobeago eta hobetoago esatea alferrikako zerbait esatea da, hobe eta hobeto aski baitira. Hobekiago-ren kasuan ere berdin gertatzen da, hobeki aski bailitzateke. Holaxe esaten du EGLU-I liburukiak (190).

14.10.5.4b Kontua da, ordea, idazleek ez dutela gauza bera pentsatzen. Gure literatura tradizioan asko erabili izan da hobeago, egile anitzen lumetan: Ez dut erremedio hobeagorik (Pouvreau); Seguruago da anitzez, eta hobeago (Xurio); Meta handiago eta hobeago (Duvoisin); Ezin ediren dezaket erremedio hobeagorik (Axular); Harentzat baita hobeagoa (Etxeberri Ziburukoa); Hobeago ere bainuke (Haraneder); Promes hobeagoen gainean (Leizarraga); Ura baino hobeagorik deus (Larzabal); Zer hobeagorik (Aranbillaga); Berri hobeagorik (Barbier); Bera baino hobeago den bat (Uriarte); Non eta hobeagorik ez den (Kardaberaz) eta abar. Esan daiteke ia idazle gehienek, guztiek ez bada, behin eta berriz erabili dutela. Hobe ere, jakina.

Egungo literaturan ere nahiko arrunta da hobeago aldaera. Bestetik, hobetoago Uriartek, Soroak, Urangak, Lardizabalek, Altzagak… erabiltzen dute eta badira egungo testuen adibide batzuk, ez anitz. Hobekiago honako idazle hauek daude erabiltzaileen artean: Etxeberri Sarakoa, M. Elizanburu, Axular, Mirande, Larzabal, Xurio, Pouvreau, J. Etxepare, Baratziart, Etxeberri Ziburukoa, Haraneder, Materre, Aranbillaga, Arbelbide, Duvoisin, Hiriart-Urruti eta abar. Egungo literaturan arras hedatua da aldaera hau. Hortaz, laburtuz, hau esan daiteke: nahiz eta aldaera erredundanteak izan, asko erabili dira, batez ere hobeago eta hobekiago (Iparraldean), literatura tradizioan. Eta gaurko idazleen artean ere bi aldaerek badute tokia. Hizkuntzetan gauza erredundante asko ageri dira, eta euskara bera ere zenbait kontutan aski erredundantea da.

14.10.5.4c Aipa dezagun hemen, zernahi gisaz, erabilera oker bat: nola esan? galderak adberbioa eskatzen du ezinbestean erantzunean, eta ez adjektiboa. Hortaz, horrek hobeki esan / hobeto esan edo hobeki erran eskatzen du, eta inondik ere ez *hobe esan. Egia esateko, tradizioan badira esapide honen adibide batzuk, nahiz ez gehiegi ere, denak adberbioarekin osatuak: hobeki erran, hobeto esateko, hobeki esan eta abar. Ordea, gaurko literaturan holako ehunka adibide badira, baina esan beharra da *hobe esan ere guztiz hedatua dela, nahiz ez-gramatikala izan. Idazle askok erabiltzen dute, corpusek erakusten duten gisan.

14.10.5.5. Are… -ago

14.10.5.5a Are… -ago itzulia ere erabiltzen dugu. Tradizio handia du literaturan (Axular, Kardaberaz, Pouvreau, Leizarraga, Iztueta, Haraneder, Agirre Asteasukoa, Lizardi, Orixe, Lardizabal, Antia, Larramendi, Beobide, Labaien, Arana, Mendiburu, Iraizoz, Anabitarte, S. Mitxelena, Mirande, Barrensoro, Arrue, Arrese…), eta aski arrunta da egungo idazleen artean: Eta are gehiago printzeak eta erregeak; Are distiratsuago egin zuen ospakizuna; Are ttikiago zen; Are gutiago gainerako langileak; Are miresgarriagoa dena; Etxe hori beste hura baino handiago(a) da, baina eliza are handiagoa…

14.10.5.5b Are… -ago itzuliaz baliatzen garelarik, aldez aurretik zerbait suposatzen dugu. Ezin gara, besterik gabe, ni are aberatsagoa naiz esaten hasi. Hau dioenak, aldez aurretik X aberatsa da edo X Y baino aberatsagoa da suposatu behar du, esaldia zentzuzkoa izango bada. Konparazio soilak ez bezalako inguramena eskatzen du, beraz, egitura horrek. Mikel Itziar baino zaharragoa dela diogunean, esate baterako, Mikelen eta Itziarren arteko adin aldea baizik ez dugu adierazten: mundu honetan hark honek baino denbora luzeagoa daramala esaten dugu, ez besterik. Ez dugu, alegia, ezer esaten ez eta suposatzen ere, haien adinari dagokionez: gazteak, helduak nahiz adinean ondotxo sartuak izan daitezke. Mikel Itziar baino are zaharragoa dela esaten dugunean, berriz, aurretik esana edo ezaguna den beste zerbait ere hartzen dugu gogoan: Itziar bera edo zaharra dela edo, bederen, beste hirugarren bat baino zaharragoa dela. Eta hori gogoan harturik, Mikel areago dela esaten dugu.

14.10.5.5c Hortaz, egitura hau testuinguru hauetan erabiltzen dugu:

Adjektiboa, gradu positiboan, konparazio buruari badagokiola aurretik esan edo, bederen, ezaguntzat ematen denean: Itziar zaharra da. Mikel, berriz, are zaharragoa. Itziar zaharra badelako erabiltzen dugu ondoko perpausean are partikula. Hor berariaz aipatzen da Itziar zaharra dela. Gauza ezaguna dela suposatzen denean, berriz, ez da holako aipamenaren beharrik: Gaua baino are ilunagoa zen.

Adjektiboa konparazio-buruari, erabat dagokiona izan zein izan ez, hirugarren bati baino gehiago bederen badagokionean: Mikel Itziar baino zaharragoa da, Andoni are zaharragoa. Kasu honetan Mikel benetan zaharra den ala ez den ez zaigu axola. Beharbada hirurak umekondo batzuk baizik ez dira. Baina Mikelen eta Itziarren artean aldea badagoenez, Andoni alde horretatik areago dagoela esan dezakegu.

Gauza, beraz, honetara bil daiteke: are… -ago egiturak, konparatibo enfatikoa denez, oinarri jakin bat behar du konparazio-buruan, handik are gorago igotzeko. Eta oinarria hauxe da: konparazio-buruari adjektiboa badagokiola edo berez edo, bederen, beste hirugarren batekin konparatuz gero. Hori, noski, edo berariaz lehenik aipatu edo gauza jakintzat suposatu egin daiteke.

Kasu hauetan, are bezala, oraindik edo oraino ere erabil daitezke: Mikel Itziar baino zaharragoa da. Andoni oraindik zaharragoa. Askotan, oraindik eta oraino-ren parean ere ere ageri ohi da: Andoni oraindik ere zaharragoa da, nahiz Andoni zaharragoa da oraindik (ere). Adibide hauek erakusten digutenez, oraindik eta oraino lekuz alda daitezke, are ez bezala: *Andoni zaharragoa da are. Batzuetan adjektiboa isildua dago, konparaketaren osagarriak berak adierazten baitu. Orduan, -ago atzizkia are-ri berari eransten zaio: Haurrak baino areago zarete; Judas baino areago zen. Horietan esan nahi da, haurrak baino haurrago edo Judas baino Judasago, hau da, Judas baino txarrago edo gaiztoago.

14.10.5.5d Edo honetatik beretik, nagusitasuna adierazteko, baino-ri ere lotzen ahal zaio -ago atzizkia, adjektiboa isilduta: Ni bainoago den bat behar litzateke. Ikus, adibidez, pasarte bera nola ematen duten itzultzaile desberdinek:

a) Baina zeren ikustera ilki içan çarete? Propheta baten? Bay diotsuet eta Propheta bainoagoaren (Leizarraga).

b) Zertara atera zerate, bada? Igarle bat ikustera? Bai orixe, ta Igarle bañon areagoa esango dizuet (Orixe. Kerexeta. Zugasti).

c) Zertara atera zineten, bada? Profetaren bat ikustera? Baietz diotsuet; eta profeta baino gehiago den bat (Elizen arteko Biblia).

d) Zeren ikusten izan zirezte beraz? Profeta baten? bai eta nik erraiten dautzuet, profeta bainoago baten (Leon).

-ago atzizki hau -tzendun aditz osagaiari ere erants dakioke, Axularrek erakusten digun bezala (gaur egun ere erabiltzen da nafar-lapurteraz): desiratzenago du; erortzenago dira; zauriak gordintzenago. Era berean, nahiz-ren parean nahiago ere hor dugu. Eta nahien ere bai.

14.10.5.5e -egi atzizkia eransten diogunean adberbio nahiz adjektiboari, gehiegizko maila aditzera ematen dugu: handihandiegi; txukuntxukunegi; ederederregi; berritsuberritsuegi; berant/beranduberantegi. Baina asko + -egi elkarketak gehiegi, larregi edo sobera ematen du. Hola erabiltzen dugu esapide hau: Gizon jakintsuegiak ez ditugu behar; Garestiegia da hau zuretzat; Lan hau ez da txukunegia; Berritsuegia da langile ona izateko. Hain zuzen, azken adibide honek erakusten duen bezala, sarritan -egidun adjektiboak -tzeko formako osagai bat eraman ohi du: Garestiegia da erosteko; Urrutiegi dago egun batean joateko eta abar.

-egidun adjektiboa predikatu osagarria denean, batzuetan artikulua agertu beharrik ez dela dirudi: Berritsuegi da langile ona izateko. Bizkaieraz gehiegi-ren ordez larregi erabiltzen da, eta -egi atzizkiaren ordez lar markatzailea: Diru gehiegi ematen diote = Diru larregi ematen diote; Etxe handiegia erosi zuen = Etxe lar handia erosi diote; Lar etxe handia erosi diote. Ekialdeko euskalkietan, berriz, -egiren ordez sobera zenbatzailea ere erabiltzen da zenbaitetan: Handiegia da = Sobera handia da.

14.10.5.6. Berdintasunezko konparazioak

14.10.5.6a Konparazioaren atalean aipatu beharrekoak dira, halaber, nahiz eta adjektiboari atzizkirik erantsi gabekoak izan, berdintasunezko konparazioak. Berez, hauek ere perpaus elkartuak dira, nolabait laburtuak agertzen direnak. Aurrerago (§ 32.2) luzexeago mintzatuko bagara ere hauetaz, adjektiboen mailakatzeaz ari garenez gero, hemen ere zerbait aipatu beharrean gara. Eta -ago eta -en atzizkiak aipatu ditugun bezala, berdintasuna nola adierazten dugun ere esan behar. Ikus ditzagun bi adibide hauek: Erronkari Basabürüa bezain ederra da; Auto hori ez da nirea bezain zaratatsua. Adibide horietan ere eder eta zaratatsua izenondoen maila adierazten dugu, oso ederra edo zaratatsuena esaten dugunean bezala. Baina oraingoan bi elementu edo bi izen sintagma konparatzen ditugu, eta adjektiboaren aurrean konparaburua den izen sintagma + bezain ezartzen dugu. Era honetako egiturak arruntean predikatuan agertzen zaizkigu: Telebista hau beste hori bezain garestia da. Baina izen sintagmaren barruan ere ager daiteke era honetako konparazio perpaus bat (laburtua nahiz laburtu gabea): Zu bezain neska polit gutxi dira herri honetan.

14.10.5.6b Konparatzen diren bi muturrak aditzera eman gabe, askotan bat suposatu egin ohi dugu. Horrelakoetan, honen, horren, eta hain mailakatzaileak ezartzen ditugu. Horiek, sintaxiari dagokionez, bestelako maila adberbioen jokabidea dute. Hain euskalki guztien tradizio idatzian erabili izan da: Errege, ezta egundaino lurraren gainean hain emazte ederrik sortu (Axular); Hain prestuak (Kardaberaz); Ain miragarriak ziren (Agirre Asteasukoa) eta abar. Horren ondoan ditugu Gauza hori horren garrantzitsua bada, esan ezazu bezalako esapideak. Baina batez ere hain erabili izan da literaturan, eta hain da egun ere gehien erabiltzen dena. Berez, hiru mailatakoak badira ere, eta teorian hirurek balukete toki, bai tradizioan eta bai gaur egun hain aldaera da maizen ikusten dena.

14.10.5.7. Harridura esaldietan

14.10.5.7a Ondo eta asko adjektiboen ondoan erabiltzen ditugula esan dugu lehenago eta era honetako esamoldeak batez ere harridura adierazten duten perpausetan erabiltzen ditugula: Ondo zapalduak bizi ginen orduan! Adjektiboak oso normalak dira harridurazko esapideetan. Hain zuzen, harridurazko esapide hauetan dute bere lekua berez galdetzaile (ikus 17. kapitulua) diren zenbait elementuk ere, zein, ze, zer, nolako (zelako): Zein polita zegoen (Anabitarte); Zein polita den (Agirre); Zein ederra zaren (Mendiburu); Zein ederra, garbia… (Lizarraga); Zein ederra zaren (Duvoisin) eta abar. Zein mailakatzailearen parekoa da zeinen ere, aise gutxiago erabilia. Erabiliak dira, halaber, ze eta zer ere: Ze itsusiak (Astarloa); Ze harrigarrizko trebetasuna (Manezaundi); Zer harrigarria (Webster); Eta egun hartan zer polita… (Leizarraga); Zer polita den (Iraola) eta abar. Gaur egun ere zein da gehien ageri dena, baina ze eta zer ere erabiltzen dira, eta ez gutxi, bai literaturan eta bai, batez ere, hizkera bizian. Nolako eta zelako (bizkaieraz) ere arruntak dira harridura perpausetan: Nolako damua (Mogel); Nolako mesedea (Agirre Asteasukoa); Nolako argi-hastea (Lizarraga); Zelako ahotsa (Lauaxeta); Zelako bekatua (Astarloa) eta abar. Zein (eta ze, zer, zeinen ere) adjektiboaren maila adierazten duten mailakatzailetzat har daiteke. Alegia, zein polita den itsasoa!, itsasoa oso polita da esateko beste modu bat besterik ez da.

Zein nahiz beste aldaera guztiek adjektiboaren maila adierazten dute eta aditzari zehar-galderaren -en atzizkia erantsi behar zaio, adibideetan ikusten den gisan.

14.10.5.7b Hortaz, ikusten denez, zer horrek balio bat baino gehiago bereganatzen ditu: galdetzailea (zer ordu da? galdetzen dugunean bezala); mailakatzailea (zer polita den zerua), eta azken honetatik nahikoa hurbil gertatzen dena baina adjektiboarekin gabe izenarekin agertzen denean: Zer ondasunak ekarri dituen […] Jaunaren hitzak! (Agirre Asteasukoa). Hemen nolako-ren baliokidea da. Azken zer hau ez da egiazko galdetzailea, galdetzaileak izen sintagma mugagabean joatea eskatzen baitu, baina nolako horrek, berriz, izen mugatua: Zer liburu nahi duzu? = Zein liburu nahi duzu?; Zer ondasunak ekarri ditudan = Nolako ondasunak ekarri ditudan.

14.10.5.8. Zenbait debeku

14.10.5.8a Izen sintagma baten barruan aurkitzen den adjektiboak maila adberbioren bat baldin badarama edo, eskuarki, maila adierazteko erabiltzen dugun itzuli horietakoren bat baldin badarama, konparazio perpaus bat, adibidez, oso kontuan izan behar dira zenbait debeku eta traba.

Horrelakoetan izen sintagma mugaturik joan ohi da, baina mugatzaile modura -a edo -ak (pluralean) duela: oso gizon petrala; hain liburu interesgarria; etxerik merkeenak; Andoni bezain gizon ospetsua eta abar. Holako izen sintagmek nekez onartzen dituzte zenbatzaile numeralak eta bestelakoak. EGLUn esaten da ondoko perpaus hauek bezalakoak ez diruditela oso bidezkoak, eta haien gramatikaltasuna zalantzan jartzen duten galdera marka batekin ageri dira: ?Oso neska polit bat etorri zitzaigun; ?Neska oso polit asko ikusi genituen hondartzan; ?Arazo oso garrantzitsu bat. Eta horiek baino “askoz jatorragotzat” jotzen dira beste hauek: Oso neska polita etorri zitzaigun; Oso arazo garrantzitsua; Arazo oso garrantzitsua (EGLU-I: 197).

14.10.5.8b Hala ere, eta egia izanik batzuetan hiztun askorentzat biziki gogor gertatzen direla, ezin dugu ukatu holako adibide batzuk gure tradizioan ere ikusten ahal direla: Konfesio oso jeneral bat eskatzen dutenak (Mendiburu); Kontrizio oso egiazko bat (Añibarro); Gizon oso jakitun bat (Mirande); Berri oso eder bat (Urruzuno); Arrain oso polit bat (Larzabal); Jangai oso gozotsu bat (Lhande); Saindutasun oso eta perfektu bat (Mihura). Eta gaurko idazleen artean ere badira: Oso irudi bakun bat (J. Zabaleta); Diseinu oso desberdin bat (X. Arregi); Min oso zehatz bat (Atxaga); Hots oso fin bat (Saizarbitoria) eta abar. Adibide guztietan bat ageri da: beharbada ez da zenbatzailea, baizik artikulu zehaztugabea.

14.10.5.9. Aposizioa eta aposizio motak

14.10.5.9a Arruntean, zenbatzaile hauen beharrean baldin bagara, egokiago da izen sintagma zatitzea eta bi zatiok aposizio modura ematea: Neska bat etorri zitzaigun, oso polita; Neska bat, oso polita, etorri zen; Neska asko, biziki politak, etorri ziren guregana; Bi liburu erosi nituen, hain merkeak non…; Sei sagar aukeratu nituen, handienak; Sei sagar, handienak, aukeratu nituen eta abar.

14.10.5.9b Era berean, artikuluarekin (-a-rekin alegia) normalago gertatzen dira izen sintagma hauek bestelako erakusleekin baino. Hola, liburutegian zen libururik handiena hartu zuen perpausak normalago dela dirudi liburutegian zen liburu(rik) handien hura hartu zuen perpausa baino. Hala ere, batez ere, izen sintagma agertu behar lukeen izena isilpean gordea badago, erakuslea agertzeko inongo trabarik ez dugu: Mesedez, eman iezadazu handien hori!; Han goian dagoen zikinen hura zurea da. Hauetan ere, jakina, aposizio bidea beti dago irekirik: Liburu hura, liburutegian zen handien hura, hartu zuen. Hau oraindik nabarmenago gertatzen da oso, hain, biziki, eta antzeko maila adberbioak ditugunean. Adibidez, ez dira oso bidezkoak honako perpaus hauek: ?Biziki liburu interesgarri hau gomendatzen dizut; ?Oso film barregarri hura ikustera joan ginen. Horien ordez, perpaus erlatiboen itzulinguruetara jo genezake inolako oztoporik gabe: Biziki interesgarria den liburu hau gomendatzen dizut; Benetan barregarri zen film hura ikustera joan ginen.

14.10.5.9c Dena den, eztabaidagarri gertatzen da gorago aipatu ditugun itzuli horien aposiziotasuna. Ikus, bestela, zer pasatzen den izen sintagma horiek kasu marka edo postposizio atzizkiren bat eraman beharrean aurkitzen direnean. Adibidez, bi liburu oso interesgarriak irakurri ditut edo hiru haur oso bihurriak dituzte gure lagunek esango bagenituzke ere, zein da, ondoko perpausetan, egokiena?: Iritsi naizenean, bi liburu oso interesgarriez ari ziren, ala, iritsi naizenean, bi liburu oso interesgarriz ari ziren?; Hiru haur oso bihurriei berebiziko zigorra eman die andereñoak, ala, hiru haur oso bihurriri berebiziko zigorra eman die andereñoak?

14.10.5.9d Adjektiboak lagun daraman izenaren zer-nolakoa adierazten duela badakigu. Hori da, hain zuzen, adjektiboaren zeregina. Baina askotan izen sintagma batean adjektiboak egin behar lukeen papera aposizioan doala esan ohi dugun izen batek, edo beste izen sintagma batek egiten du. Adibidez: Axular, gure idazle handiak, idatzi zuen bezala…; Larrañaga irakasleak bestela esan omen du. Aposizio hitzak zentzu bat baino gehiago du gramatiketan. Zentzurik itxienean harturik, aposizio bat dugula esaten dugu izen batek edo izen egitura batek beste izen bati zuzenean eragiten dionean: irakasle jauna, Larrañaga futbolaria eta abar. Askotan, erreferentzia bat argitzeko balio dute: Villasante, euskaltzainburu izan zena…; Jon, zure osaba

Adibide horiek erakusten dizkigute, hain zuzen, bi aposizio mota nagusienak. Lehenbizikoan, izen sintagma bat dugu: Axular eta ondoren, beste izen sintagma bat, aurrekoaren erreferentzia bera duena, baina ezaugarri berriren bat adierazten diguna. Lehenbiziko honi aposizio ez-murrizgarria deituko diogu. Hauetan, gehienetan, eten bat gertatzen da bi izen sintagmen artean. Hona hemen beste zenbait adibide: Gasteizen, Euskadiko hiriburuan, taberna gehiegi dago; Pellok, atzo aipatu nizun lagunak, andregaia utzi egin du. Hauetan, bistan da, Gasteiz eta Pello-ren ondoren datorren sintagmaren erreferentzia Gasteiz eta Pello bera dira. Hori, honako hau esatea bezala izango litzateke: Gasteizen (eta Gasteiz Euskadiko hiruburua da) taberna gehiegi dago; Pellok (eta Pello da atzo aipatu nizun laguna) andregaia utzi egin du. Aposizio ez-murrizgarriak “A, B” tankerakoak dira.

14.10.5.9e Bigarren aposizio motari murrizgarria deitzen diogu. Arruntean aposizio mota honen egitura honako hau izan ohi da: deitura bat eta gero izen arrunt bat. Orduan deituraren funtzioa da izen horren erreferentzia zehaztea. Adibidez, Larrañaga irakaslea edo Garate medikua eta antzekoak esaten ditugunean, irakasleen edo medikuen multzotik bat ateratzen dugu eta bat honi buruz ari garela adierazten dugu. Hau da, hain zuzen, jaun, andere, andereño, maisu, irakasle eta antzeko izenekin erabili ohi dugun jokabidea: Lasa andereak deitu dizu; Itziar andereñoari esan behar diogu. Kasu horretan Lasa eta andere, Itziar eta andereño aposizioan daudela esan ohi dugu: Lasa eta Itziar izen berezien zeregina da zein andere edo zein andereñoz ari garen zehaztea. Era honetakoak ditugu hauek ere: Gipuzkoa plazan dago denda hori; Arrantzaleak taberna oso polita da. Noski, lehenbiziko adibidean, Gipuzkoako plazan ere esan daiteke. Honek esan nahi duena da, zein plazatan, alegia plaza guztien artean zehazki zeinetaz ari garen esaten digu. Aposizio murrizgarriak “A B” tankerakoak dira. Azalpen aposizioak ere deitzen dira. Kasu batean nahiz bestean (“A, B” zein “A B”) jarraitutasun bat ikusten da izenen artean.

Hala ere, batzuetan ez da erraz jakitea zein motatako aposizioa dugun aurrean. Adibidez, eman dezagun badirela denok ezagutzen ditugun Garate izeneko mediku bat, andereño bat eta futbolari bat, eta haien artean bat bereizi nahi dugula egiten ari garen elkarrizketan: Garate futbolaria. Hori esaten badut, ez gara ari futbolarien multzotik Garate izenekoa aipatzen. Alderantziz: Garatez ari gara, baina izen horretako bat baino gehiago ezagutzen ditugunez, orduan zehaztu egin behar dugu Garate hori zein den: futbolaria, alegia. Dena den, jaun, andre eta antzekoak erabiltzen ditugunean bigarren motako aposizioa dugula dirudi, aposizio murrizgarria alegia. Lehen motako aposizioan lehenbiziko izen sintagmak erreferentzia zehaztua izan ohi dugu gehienetan. Horregatik, oso normala da izen berezi bat aurkitzea lehenbizi edo izen sintagma mugatua izatea.

14.10.5.9f Gaur egun zenbaitek ahaztuxea dutela dirudien afera batez ohartu behar dugu. Gorago jarri ditugun adibideen arabera, euskaraz ordena normala honako hau da: deitura + izen arrunta. Esan nahi baita: IGONE arrandegia, eta ez *Arrandegi IGONE; JAKINTZA liburu denda, eta ez *Liburu denda JAKINTZA. Bestalde, horrelakoetan, denda edo taberna baten izena, adibidez, nagusiaren izena bera bada, honela ere esan daiteke: Igoneren arrandegia; Antonen taberna. Bada beste esamolde bat ere, euskalki batzuetan aski arrunta dena: taberna edo arrandegia izen arruntak ere ezkutarazi ditzakegu eta honako hauek esan. Hori ikusten da ondoko adibideotan: Igonerenean oso arrain freskoa izaten dute; Antonenetik atera garenean istripu bat izan dugu. Noski, honek ez du balio etxe baten (denda, nahiz taberna) izena pertsona izena ez denerako. Ez dugu esaten *Arrantzaleenean edo *Beti alaiarenean.

14.10.5.9g Saindu adjektiboa nahiz izena izan daiteke. Horregatik, aposizio modura ere ager daiteke, izena denean. Horrela, saindu adjektibo normal bat da kasu honetan: Pertsona saindua dela diote, baina deabrua dirudi. Hurrengoetan, berriz, izen bihurtua da: Ekar ezazu saindu hori; Sainduek lan handia dute zurekin. Eta ondoko beste hauetan, saindu izena beste izen berezi bati lotua ageri denean, aposizioa dugu: Anton saindua; Loiolako Inazio saindua. Hor, saindu-ren aurretik doan izen bereziak zein sainduz ari garen zehazten digu, Bidasoa kafetegia esaten dugunean bezala, hots, zein kafetegiz ari garen esaten digu. Baina Santa Ines, San Anton, San Pedro, Santa Anastasia eta horrelakoetan, multzo osoa, san(ta) eta guzti, izen berezitzat hartu behar da. Hain zuzen, San Anton, dagoen-dagoenean, saindu baten izena dugu, oso- osorik, pertsona baten izena Patxi edo Miren izan daitekeen bezala.

14.10.5.9h Jaun eta andere gisakoak izenaren ezkerretara nahiz eskuinetara ager daitezke (tradizioan izenaren ezkerrean ekialdean, eta eskuinean Hegoaldean, betiere salbuespenekin). Hala ere, izen berezi bat dugunean, izen horren eskuinetara doaz gaur egun: Lasa jauna; Eduarda andrea; Alberdi anderea. Erretore eta serora hitzekin, adibidez, hola erabiltzen da: jaun erretorea; andere serora. Hona hemen ekialdeko adibide batzuk: Jaun erretore xaharra (Larzabal); Jaun erretoreak hala galdeturik (Barbier); Azkainen prediku aulkitik erran […] jaun erretoreak (Zerbitzari); Galdegiteko bezala jaun erretoreari (Duvoisin); […] bai zuri eta bai andere serorari (Larzabal); […] egungo elizetako andre serorei (Hiriart-Urruti); Beharbada andre serorari…

Izen bereziekin gauzak ez daude, ordea, hain garbi, gure tradizioan denetatik baitago. Hasteko, andre, andere eta andra hitzak erabiltzen dira, idazle eta euskalkien arabera (askotan andre eta andere idazle berak). Eta izen bereziaren aurretik jartzea aski arrunta da: andre Kaxilda (Altzaga); andre Kiteri, andre Anjela (Barriola); zure andre zahar Isabel, andre Ana, andre Eba (Mendiburu); andre Ana Josepa, andre Luzia (Agirre) eta abar. Batzuetan artikulua darama. Lizarragak erabiltzen du hola: andrea Teopiste, andrea Marzionilla, andrea Damaris, andrea Safira, nahiz artikulu gabe ere inoiz: andre Klaudia. Laphitzek ere bai: Andrea doña Marina Saez de Likona.

Baina izenaren ondotik jartzea ere ez da hain arrotza, artikuluarekin nahiz gabe: Domini andrea (Labaien); Elekta andrea (Uriarte); Madalena andre (Etxeberri Ziburukoa) eta abar.

Jaun hitza, arruntean, salbuespenak salbuespen, izenen ondotik ageri da: Jainko jauna (Duvoisin); Iñazio jauna (Laphitz); Larzabal jauna (Larzabal); Sabarots jauna (Larre); Juez jauna, Patrakar jauna (Urruzuno); epaikari jauna, alkate jauna (G. Mujika); konde jauna, Wolfio jauna (Arrue) eta abar.

14.10.5.9i Don eta bere aldaera On ere erabiltzen dira aposizioetan, izen bereziaren ezkerrean beti: On Ramon agurgarria (Irazusta). Egitura horren antzeko beste bat da ahaidetasuna adierazten duten izen arruntek izen bereziekin osatzen dutena. Horrelakoetan, izen arruntak ezkerretara joaten dira: amona Mariaxun (Orixe); amona Mikela (Arzak); amona Inaxi (Azkue); amona Pia (Iraola); amona Mantagorri (Larzabal); amatxi Matiste (Orixe); amama Juana (Arrese Beitia); aitatxi Ganix (Larzabal); izeba Isabel (Azkue); izeba Marta (Erkiaga); otto Pettan (J. B. Etxepare). Badira, zernahi gisaz, holako adibide batzuk ere: Anjel aitona (Barriola); Joanes aitona (Agirre).

Batzuetan bikoizketak ere gertatzen dira: Narbaitz jaun kalonje; Mgr. Tessier Baionako jaun apezpikua. Dena dela, hainbeste jaun eta andere beharrezko ote? Ez zuen horrela uste Hiriart-Urrutik: “«Jaun Oihanburu», edo «Jaun Errekarte»? –Ez eta Errakarte edo Oihanburu jauna […] Oihanburuko jauna, ba; Errekarteko jauna ba; eta etxeko jauna ere ba […]. Eskuaraz mintzatu nahi direnek erraiten dute eta erranen Jaun jujea, jaun mera, jaun axuanta. Bizipide edo karguaren izenarekin jauna” (1972. Zezenak errepublikan [Eskualduna, 1908-VII-17]).

14.10.5.9j Dena dela, aposizioa oso komenigarri gertatzen da zenbatzaileak eta adjektiboak inguratzaile asko dituztenean: Bi gizon ezagutzen ditut, oso berritsuak; Bi gizon, oso berritsuak, ezagutzen ditut.

14.10.5.9k Beste arazo bat ere bada: aposizioan doazen izen sintagmek, perpausean betetzen duten funtzioaren arabera, atzizkiren bat izango dute. Baina, bi zatiek eraman behar dute atzizki hori, ala batek eramanda nahikoa da?

Aposizioa murrizgarria denean, dudarik ez da: atzizki bakarra izango du eta bera, jakina, izen sintagma osoaren azkenean: Urola ibaitik; Axular ikastolara. Baina besteetan gauza ez dago hain garbi. Gehienetan badirudi aski dela kasu marka behin bakarrik ezartzea, izen sintagma osoaren azkenean: Canpion, euskaltzale fin hark, sarritan esaten zuen… Ez da beharrezko hor Canpionek, euskaltzale fin hark, sarritan esaten zuen… esatea. Etena handia denean, ordea, eta egiazki aposizio ez-murrizgarria denean, bi sintagmei marka erantsirik askoz ere argiago gelditzen da perpausa: Canpionek, hainbeste aldiz gogoratzen dugun hark; Nik, bekatari honek, ez nuke honelakorik esango; Andoniri, nire lehengusuari, gauzak gaizki atera zaizkio. Baina, hori ere, ingurunearen arabera erabaki behar da, nekez eman daitezke arau eztabaidaezinak: Andoni, nire lehengusuari, gauzak gaizki atera zaizkio.

152 “unless it starts out as one” dio, nahiz zaila gertatzen den horren zentzua ulertzea.

153 Hau ez da beti betetzen, ordea: etxe honetan jakintsu batzuk bizi dira.

154 Arazo hau (adjektiboen substantibatzearena, alegia) nahiko arazo nahasia da azaltzeko. Hizkuntza askotan gertatzen da eta gramatikari batzuek nahiago izaten dute “izen gisa erabilitako adjektiboak” edo “adjektibo gisa erabilitako” esapideez baliatu.

155 Egia da, ordea, beste adjektibo batzuekin ere gertatzen dela hori, izen bihurturik erabiltzen ditugu: Ospitalea eriak sendatzeko eraiki dute.

156 Gaixo gizona ere izen elkartutzat hartzen du hor berean, baina ez dugu arrazoi garbirik ikusten hor gaixo izentzat jotzeko.

157 Horiek onartzekoak dira, zernahi gisaz, erreferentziakoak izanik aldatu eta kalifikatzaile izatera pasatu direnean (izenak adjektibo gisa erabiltzen direnean bezala: asto, txerri…; edo adjektiboak adberbio gisa erabiltzen direnean (§ 14.8)). Ez da gauza bera, baina batzuetan gertatzen dira horrelako aldaketak, Mikel oso profesionala da diogunean, adibidez.

158 Galdera marka horiek Artiagoitiarenak dira.

159 “Se ha observado que la categorización gramatical de la palabra otro […] es problemática porque se asimila en parte a los adjetivos, pero tiene propiedades que lo identifican como cuantificador o como determinante indefinido” (RAE 2009: 13.10l).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper