Euskararen Gramatika

15. Determinatzaileak (I): mugatzailea

15. Determinatzaileak (I): mugatzailea

15.1. Determinatzaile motak

15.1a Izenaren atalean izen mota desberdinak aztertzen dira (§ 12.3): arruntak (mahai), bereziak (Jone), abstraktuak (maitasun), konkretuak (etxe) eta abar. Izenak sintagmetan antolatzen dira, eta ISek beti hartzen dute izena ardatz. Izen bereziak eta izenordainak kenduta, izenek beti behar dute determinatzaile bat sintagma osatzeko: Ume asko iritsi ziren gailurreraino; Haur beltzarana zigortu du andereñoak; Soineko hori erosi nahi nuke; Hiru liburu irakurri behar dituzu.

Adibide horietan guztietan beharrezkoak ditugu asko, -a, hori eta hiru gisakoen determinatzaileak: *Ume iritsi ziren; *Haur beltzaran zigortu du andereñoak; *Soineko erosi nahi nuke; *Liburu irakurri behar dituzu. Ikusten denez, azken perpaus horiek ez dira gramatikalak.

Bai, ordea, partitiboaren markarekin: Ez zen umerik iritsi; Ez du haur beltzaranik zigortu andereñoak; Ez nuke soinekorik erosi nahi; Ez duzu libururik irakurri behar.

Beraz, asko, -a, hori eta hiru, determinatzaileak direla esango dugu. Determinatzaileen sail hauek bereizten ditugu:

I. Mugatzailea: Mugatzailearen barnean bi multzo bereizten ditugu:

a) Artikulua: -a; zenbait kasutan bat zenbatzailea; eta beste zenbait kasutan -ik partitibo marka (§ 15.5).

b) Erakuslea: hau, hori, hura

II. Zenbatzailea: bi, hiru, hamar, asko, gutxi, zenbait… Zenbatzaile zehaztuak (bat, bi, hiru…) mugatzaileekin batera ager daitezke; beste batzuk, ordea, ez (ikus § 16 Zenbatzaileak).

III. Zehaztugabea: zein, edozein, zernahi eta abar.

15.1b Orain arte dioguna kontuan hartuta, esan dezakegu euskaraz [±mugatzaile] tasunaz balia gaitezkeela izen sintagmak sailkatzeko. Egoerarik arruntena sintagma [+mugatzaile] markarekin azaltzea da, esan nahi baita izen sintagmak mugatzailea hartuko duela arruntean. Alabaina, [-mugatzaile] azaltzen denean, izen sintagmak ez du mugatzailerik hartuko.

Baina nola jakin noiz dagokion tasun bat eta noiz bestea izen sintagma bati? Printzipioz, esango dugu euskaraz izen sintagmak mugatuak direla (§ 2.7, § 12.2), mugagabe izateko arrazoi sintaktiko markaturik ez bada segurik. Hortaz, izen sintagma noiz izango den [-mugatzaile] ikusiko dugu lehenik: gainerakoetan izen sintagmak artikulua edo erakuslea hartu beharko du. Artikuluaz ariko gara lehenik.

15.2. Artikulua

15.2.1. Mugatzailearen beharra

15.2.1a Mugatzaileen saila osatzen duten lehenbiziko multzoa osatzen du artikuluak. Euskal artikulua -a da, artikulu zehaztua alegia. Baina zenbait kasutan, ikusiko dugunez, bat zenbatzailea ere artikulua da (Leizarragak testuinguru berean arkumea bezala eta ardi bat bezala erabiltzen ditu, adibidez), artikulu zehaztugabea. Horien pluralak -ak eta batzuk dira. Bataren eta bestearen balio parekoa horiek astoak dira eta horiek asto batzuk dira perpausetan ikus daiteke. Esaterako, jende asko espero genuen, baina azkenean ikasle batzuk bakarrik etorri dira eta horiek asto batzuk dira perpausetan ageri den batzuk horrek aski balio desberdinak ditu. Lehenbiziko perpausean bakarrik da zenbatzailea, eta ikasle asko, zenbait ikasle… sintagmen parekoa da. Ez, ordea, bigarrenean, hor parean direnak -ak eta batzuk baitira. Horregatik diogu artikuluaren balioa dutela zenbaitetan bat eta batzuk berez zenbatzaile diren hitzek.

Arruntena da izena beti artikuluarekin agertzea. Hori da egoera neutroa, ez-markatua. Baina batzuetan ez du ez artikulurik ez erakuslerik. Segidan jartzen ditugu kasu horiek.

15.2.1b Izen sintagman zenbatzaileren bat azaltzen denean (ikus 16. kapitulua): Gizon askok parte hartu zuen biltzarrean; Ez dakit zergatik egiten duzun horrenbeste lan; Bost liburu irakurri behar dituzue ikastaroan zehar.

Hala ere, kontuan izan zenbatzaile zehaztuak mugatzailearekin elkar daitezkeela: Irakurri ditut bost liburuak.

Kantitatea, neurria, adierazten duten izen sintagmak ere zenbatzailea daramatenez, mugagabeak ditugu: Bost kilo sagar erosteko agindu dit amak; Lau metro oihal beharko duzu soineko hori josteko.

15.2.2. Mugatzailerik gabeko sintagmak

15.2.2a Izen sintagma izen bereziak osatzen badu, pertsona nahiz leku izena izan, izen sintagma horrek ez du mugatzailerik izango: Mirenek eta Iñakik ez diote elkarri jaramonik egiten; Donibanen eta Eibarren oso hizkera desberdina dute, nahiz guztiak euskaraz egin. Kasurik arruntena hori da, baina badira izan berezi batzuk mugatzailea daramatenak ere: Bizkaia, Azpeitia eta abar. Itxura bertsukoa izanik ere, beste batzuetan berezkoa dute izen batzuek azkeneko -a hori: Donostia, adibidez. Batzuetan izen bereziak gehiago determina daitezke: Gure Axular handia / handi hura12.3.2).

Izen sintagmaren ardatza izenordaina denean ere, izen sintagma [-mugatzaile] motakoa izango da: Edonork daki horrenbeste; Zu behintzat ez zara gurekin etorriko. Izenordainak ezin dira determinatu haien izaera baita berez determinatzaile izatea. Horregatik, izen bereziekin ez bezala ezin dugu *ni handia / handi hau edo holako zerbait esan.

15.2.2b Egin, eman, hartu, bihurtu… aditzekin elkartzen ditugun izenak. Adibide gehienak egin aditzarekin osatzen ditugu: Min egin zion bihotzak: tinko-tinkoa hartu behar izan zuen bihotz hori (Barbier); Sarritan, luma erortzen utzi eta amets egiten zuen (K. Zabala); Aberriaren alde lan egiteak bere ordaina izaten du (Jimenez). Baina beste lokuzio hauek ere arruntak dira: Min hartu arren eutsi dio sendo eta han gelditu da (Barriola); Min hartu al duzu? (Soroa); Orduan haragiaren arauaz ezin garateke haserretu gabe, min hartu gabe, eta barenean irakin gabe (Axular); Ordu hartan manu eman nizuen, nioelarik: Zuen Jainko jaunak […] (Duvoisin); Alde haietako artzain, eta unaiak Isidrori kontu eman, eta andrea gaizki, edo pauso gaiztoetan zebilela salatu zuten (Kardaberaz); Behar du beraz fraidearen izpirituak kontu eman, zer darasaten haren ezpainek (Joanategi); Jaungoikoari kontu eman zion (Soroa); Sakristaua itxura hartan ikusteak beldur eman dit (Labaien); Jauna, zure urrikalmenduak asti eman dit (Duvoisin); Nahikoa lan egin du hark bere urteetan (Agirre); Alde askotara lan egin behar dugula, jakina (Larreko); Zuetarik bat bederak hil araz beza bere ahaide idoloei ohore bihurtu diotenak (Larregi).

15.2.2c Perpaus batean bi izen sintagma nor kasuan ditugunean, bietatik bat bigarren mailako predikatua delarik (§ 24.4): Hona hemen Ameriketara artzain joandakoren batek egindakoa (Arranz); Zortzi urterekin artzain joan zela bere anaiarekin Extremadura aldera […] (Atxaga); Beraz, aurtengo San Joan gauean ere, une batez, harriak ogi eta urak ardo bihurtuko dira (Anso); Aita izan ote zuen “Hor konpon, Mari Anton” lehenbiziko aldiz esan ziona medikuaren etxera neskame bidali zuen egunean? (Lertxundi); Jaunak apaiz izendatu zaitu Joiadaren ordez (Elizen arteko Biblia); Ondorioz kanpaina bat izan zen honen kontra apezpiku izendatu zutelarik (Arbelbide); Alkate izendatu zutenean, berriz, Azpilgo ehorzlea eroetxera bidaltzea izan zen bere lehen neurria (Irigoien); Juan Pedro Aguirre, edo oraino Etxezuri, Luzaiden alkate egon zen denboran, bere indar eta eragin haundiaz baliatu zen herriaren alde jokatzeko (Aintziburu eta Etxarren); Gero, 1936ko otsaileko bozetan herriaren gehiengoak berriro alkate hautatu zuen (Jimenez).

Adibide horietan, pertsonaren egoera, estatusa, edota materia aldaketa adierazten duten izen sintagmak mugagabean azaltzen zaizkigu (euskaraz perpaus bakoitzean kasu bakoitzeko sintagma bakarra dugulako erregelaren salbuespena).

Ikus Euskaltzaindiaren 40. araua: “Topiko(a) bihurtu”, Donostian, 1995eko uztailaren 28an onartua.

Aditzei dagokienez, berriz, joan, egon, bidali, bihurtu, hautatu, aukeratu, egin, izendatu eta abar aurkituko dugu.

15.2.2d Izenondoa, atributu (predikatua) funtzioa betetzen duenean (ikus § 14.6 eta 24. kapitulua), mugagabe gisa erabil dezakegu. Iparraldean eta ekialdean honetarako joera handiagoa dago; Hegoaldean eta mendebaldean txartzat ematen ez bada ere, askoz maizago eransten zaio mugatzailea adjektiboari: Egoki eta bidezko da, zuzen eta osasungarri, Zuri, Jaun guztiz ahaltsu horri…; Ikusteko zen orduan mutiko horren zangoek, patarra gora on baziren, patarra behera zer balio zuten! (J. B. Elizanburu); Ezen egoki da guk zuzen den guzia honela bete dezagun (Duvoisin); Egoki da irakurleak jakin dezan (Juan Garzia); Egoki da, eta zuzen, senideez oroitzea (Elizen arteko Biblia); Zu zaitu jabe, zuzen da ezagut dezazun (Jon Muñoz); Zuzen da definitzea erranez honela (Xarriton); Adiskide zintzoa osasungarri da bizitzan (Elizen arteko Biblia).

15.2.2e -n eta -z (Iparraldean -kin ere) kasu markak hartzen dituzten izen sintagmek, batik bat izen soilez osatuak badaude, badirudi adberbio antzeko balioa hartzen dutela, eta izen sintagma horiek [-mugatzaile] motakoak izan ohi dira (§ 21.6, § 22.2.4.3, § 22.6.7c): Oinez ibiltzen hasia zagok (Agirre); Turutaren durrundak sutan ezartzen du (Duvoisin); Elur eta ilunpeak estali du ibarra eta mendia: nire bihotza, elurretan dagoen hilobia (Jautarkol); Ilunpetan zegoen lurra (Agirre); Ostegun arratsaldeetan Green Point-era joaten da autoz (O. Arana).

Iparraldean -kin kasu marka hartzen duten izen sintagmak ere nola? galderari (eta ez norekin? galderari) erantzuten dioten neurrian, mugagabean azaltzen dira: Bozkario handirekin hartu zuten eman nien berria.

Hala ere, kontuz ibili behar dugu, ilargi, eguzki eta beste batzuekin ere honako bereizketok egiten baititugu: Aziendetan, aziendetan duk urrea, ez ilargian ez! (Larzabal); Egungo Ebanjelioan aipatzen dizkigu Jesukristok seinale izanen direnak eguzkian, ilargian, izarretan, itsasoan eta lurrean azken juizioko egunaren aitzinean (Lizarraga); Orduan izanen dira seinaleak eguzkian, ilargian eta izarretan, eta lurraren populu guziak izanen dira hersturetan (Haraneder); Eta etxeraino ez zela zabaldu esan zion, etxeko leihorik txikienean gauero ilargitan irakur zezala erreguturik (E. Bustintza); Zerua, zein ederra den. Mendiak, horra ilargitan (Arrese Beitia); Eta utziko dituzte kanpoan egon daitezen eguzkitan, eta ilargitan, eta zeruko izarren aurrean […] (Uriarte).

Lehen hiru adibideetan ilargi hitza etxe, baso edo beste izen baten parekoa dugu. Nafarroan -n kasu marka hartzen duten izen sintagmetan, sutan/suan bereizketa egiten da, hots, mugagabe/mugatu singular: Jar ezazu eltzea suan!; Etxea sutan dago; Etxea ketan dago; Suhiltzailea kean sartu da (ikus § 20.1).

15.2.2f Prolatibo deitzen zaion kasua adierazten duen postposizioa beti mugagabeari eransten zaio: Erregetzat hartu dute, benetan errege itxura baitu; Tontotzat daukate, baina edozein egunetan ohartuko gara uste duten baino azkarragoa dela.

15.2.2g Gauza bera gertatzen da bat zenbatzailearekin aurkitzen dugun -en bat egituran, beti mugagabean erabiltzen dugu: Ikasleren bat kopiatzen harrapatzen baduzu, bidal ezazu kanpora.

15.2.2h Hemen aipatutako egiturez kanpo, izen sintagmek mugatzailea edo erakuslea eraman beharko dute. Mugatzaile (nahiz erakusle) hauei izen sintagmaren eskuineko muturra dagokie: Zirku horretako elefante zuria zoragarria iruditzen zait; Mutiko hori andereño guztiek maite dute.

Kontuan har dezagun mugatzaile edo erakuslea izen sintagma osoari dagokiola, ez ondoan ezkerretara dagoen elementuari bakarrik. Beraz elefante zuri multzo osoa da -aren bidez mugatzen dena, ez zuri bakarrik.

15.2.2i Zenbaitetan -ik partitiboa ere erabiltzen dugu -a artikuluaren ordez. (§ 18.5).

15.3. Artikulua eta sintagmaren numeroa

15.3a Izen sintagma osatzerakoan, [±mugatzaile] tasunaz gainera, [±plural] tasuna ere, numeroa seinalatzen duena, beharrezkoa zaigu. Berdin gertatzen da erakuslea hartzen badu ere. Tasun bakoitzarekin dugun aukera bikoitza kontuan izanik, honako eskema hau eman dezakegu:

Illustration

15.3b Izen sintagmak pluralez jartzeko -k eransten zaio artikulu nahiz erakusleari. Jakina denez, singularrak ez du marka berezirik: Gizon asea-Ø zoriontsu izan ohi da; Lapur famatu hura-Ø erori da azkenean; Zakurra-k xaxatu ditu ijitoen kontra; Enbor horie-k txikitzeko agindu diet.

Adibide horietan gizon asea eta lapur famatu hura izen sintagma mugatu singularrak direla esango dugu: -a edo erakuslea + Ø. Aldiz, zakurrak eta enbor horiek, izen sintagma mugatu pluralak: -a edo erakuslea + -k.

15.3c Bestaldetik, mugagabe diren izen sintagmetan ez singularrak ez pluralak ez du marka berezirik. Hala ere, noiz diren [+plural] eta noiz [-plural], aditzaren komunztaduran ikusten da (nor, nork edo nori sintagmetan): Ander etorri da; Bilbo atsegina da; Gizon asko etorri da; Gizon asko etorri dira; Hiru liburu irakurri dut; Hiru liburu irakurri ditut.

Determinatzailea zenbatzailea denean, izen sintagmak [+plural] nahiz [-plural] bezala har daitezke, komunztaduran ikus daitekeenez. Hala ere, mendebaldeko euskaldunek komunztadura pluralean egiten dute oro har (beraz, zenbatzailedun izen sintagmak [+plural] motakoak dira hauentzat). Ekialdekoek joera handiagoa dute halako izen sintagmak singulartzat hartzeko, baina Hegoaldekoek bezala, komunztadura pluralean ere egin dezakete (§ 16.3).

15.3d Baina izen sintagma mugatu pluraletan beste forma hauek ere aurkitu ditzakegu: Guk, irakasleok, geure biziko ixtorioak botatzen dizkiegu ikasle gizajoei; Zuek, apaizok, ez duzue kolperik jotzen.

Ikusten denez, -a + -k formaren parean, -o + -k dugu adibide hauetan. Hau da, mugatzailea neutroa, ez-markatua, nolabait esatearren, eta mugatzaile hurbila (-o), lehen edo bigarren pertsonari dagokiona, hiztun edo entzulearen hurbiltasuna markatzen duena. Gaur egun, mugatzaile hurbil hau ondoren pluralgilea darraikionean bakarrik erabiltzen dugu. Izen sintagma singularrean, aukera bakarra, mugatzaileari dagokionez, -a baita.

Bizkaian, hala ere, gordetzen dituzte (hemen) berton bezalako formak, nahiz singularra izan.

15.3e Bat zenbatzailearen mugatzaile balioa (-a artikuluaren parekoa) dela eta, ikus § 16.2.2.

15.4. Erakusleak

15.4.1. Erakusleen funtzioa

15.4.1a Mugatzailearen bigarren multzoa osatzen du erakusleak. Erakusleen funtzioa zerbait seinalatzea da, izenak berak dioen bezala. Zerbait erakusten duten elementuak dira. Euskaraz, elementu erakusle hauek ditugu: hau/hori/hura; hauek/horiek/haiek.

Beraz, seinalatze horretan hiru gradu bereizten ditugu: hizketan ari denagandik gertu, ez hain gertu eta urrun dagoena. Edota hizketan ari dena (ni), entzuten ari dena (zu) eta elkarrizketan parte hartzen ez duena (hura): Hainbeste bider zure aldera azaldu naizen honek, oraingoan ere lagunduko dizut; Hainbeste bider nire alde azaldu zaren horrek, oraingoan ere lagunduko didazu, ez al da hala?

15.4.1b Hurbiltasun-urruntasuna espazioan gerta daiteke: Eltze honetan egosi ohi ditugu babarrunak esango dugu gertu daukagun eltzeaz ari bagara, eltze hori seinalatu eta bere hurbiltasuna espresuki adieraziz. Aldiz, eltze horretan esango dugu, eltzea pixka bat urrutixeago badago, eta eltze hartan… urrun dagoenez hitz egiterakoan.

15.4.1c Gradazio bera denboran ere aurki daiteke: Aste honetan hasiko zaizkigu azterketak esatean, hitz egiten ari garen uneari dagokion astea seinalatzen dugu; edota Azken ehun urte honetan adina aurrerapen ez du inoiz ezagutu gizadiak perpausean azken-ek eta aditza orainaldian erabiltzeak hurbiltzen baitizkigu ehun urte horiek. Baina, Ni 1955ean jaio nintzen eta, diotenez, urte hartan sekulako izozteak izan ziren, aipatzen dugun garaia urruti gelditzen zaigulako.

15.4.1d Azkenik, maila edo gradu hauek balio nozionala ere izan dezakete, hots, leku/denboratik at dagoen urruntasun-hurbiltasun maila. Hala gertatzen da, esaterako, kontaketan, aipatu berria den zerbait seinalatu nahi dugunean: Etxe txiro batean neska eder bat bizi zen. Eta neska honek

Hau, lehen graduko erakuslea, kontaketan ondoren datorrena aipatzeko, iragartzeko ere erabili ohi da: Hauxe esan nahi nuen, enkargua egingo dudala, baina ez neure gustuz, agindu didatelako baizik.

15.4.2. Erakusleen lekua perpausean

15.4.2a Erakusle hauen lekua, adibideetan zehar ikus dezakegunez, izen sintagmaren azken muturra da. Beraz, mugatzaileak hartzen duen leku bera hartzen du: Atzo ikastolarakoan kontatu nizuen ipuin polita; Atzo ikastolarakoan kontatu nizuen ipuin polit hura.

15.4.2b Baina askotan erakusle hauek berez bakarrik osa dezakete izen sintagma. Horregatik esan ohi da hirugarren pertsonako izenordain bezala ere funtziona dezaketela (ikus 13. kapitulua). Hala ere, hurbiltasun-urruntasun ideia gordetzen denez, balio seinalatzailea ez dute galtzen: Horri gozokiak eman dizkiozu eta niri ez. Gure ondoan dagoen batez ari bagara (horri gozokiak eman dizkiozu edo hari gozokiak eman dizkiozu…).

15.4.3. Erakusleen erro eta formak

15.4.3a Erakusleen formari dagokionez, berriz, erakusle bakoitzak, singularrean, bi erro itxuraz desberdin ditu: hau, hori, hura absolutibo kasuan; hon-, hor-, har- gainerako forma guztietan. Horrela, mutil hau etorri da eta mutil honi eman dizkiot nituen intxaur guztiak esaten dugu.

15.4.3b Bestalde, balio erakuslea duten adberbio kategoriako formak ere baditugu. Lekuzko adberbioak ditugu honako hauek (§ 22.5): hemen, hor, han; hona, horra, hara. Adberbio hauek aurkezpen balioa ere izan dezakete. Hala nola: Horra! Horra! Gure Olentzero… Alde honetatik beheraxeago aipatzen ditugun hona hemen eta gainerakoen pareko direla esan daiteke.

15.4.3c Hurrengoek modua adierazten dute (§ 22.6): honela, horrela, hala. Eta hortik sortzen den izenlaguna: honelako, horrelako, halako.

15.4.3d Gradu bakoitzeko nora kasua eta adberbioa (edo postposizio sintagma zirkunstantziala) ere elkar ditzakegu: hona hemen; horra hor; hara han… Tradizioan badira lekukoak: Eta horra nondik heldu den Beltzuntzeko izena (Webster); Horra nola hemendik aintzina dudan eginen (Duvoisin); Jainkoak azkenean hara nola berari berean kendu dizkion (Amundarain); Hona hemen lanperna (Barriola); Begira ezazu, horra hor non dauden (Barriola).

Baina hiru graduen arteko bereizketa ez da beti gordetzen, eta, ondorioz, gradu desberdinetako erakusleak elkartzen ditugu, batez ere hara hirugarren gradukoarekin. Badirudi hori dela neutroena: Hara hemen apaiz jauna, aita (Garitaonandia); Hara hor xehe-xehea aipatua gertakari burutik joangarria, hara hor begien aitzinean (J. B. Etxepare).

15.4.3e Honako hauek zenbatzaile zehaztugabetzat hartzen ditugu (§ 16.3): honenbeste, horrenbeste, hainbeste nahiz honenbat, horrenbat, hainbat. Tradizioan badira adibideak: Ez fida, zeren munduarekin ibiliagatik horrenbat urtez haragiaren akuiluak, eztenak eta eragintzak ez dituzun sentitu eta sentitzen (Pouvreau); Hainbat urte baziren etxe horretan zegoela (Mirande); Heltzen zen bat eta eskatzen zituen honenbeste metro makarroi (J. B. Bilbao).

Berez, honenbeste lehen pertsonari loturik erabili behar omen genuke, horrenbeste bigarrenari, eta hainbeste hirugarrenari, horren alde egin izan dute batzuek: Kutxan honenbeste diru nuenik ez nuen uste; Aurrezki kutxan horrenbeste diru zenuenik…; Aurrezki kutxan hainbeste diru zuenik

Baina hori ez da hala izan: Emanen didazu zure alabetarikan bat eta nik emanen dizut horrenbeste diru (Webster); Beste hainbeste eginen nion mutil hari (Larzabal); Hil al da zuk hainbeste maite zenuen laguna? (Altzaga); Gizonak horrenbeste bizi ahal izatea (Lizardi). Eta gaur egun hainbeste (zein hainbat) beste biei nagusitu zaie eta forma hori da gehienetan erabiltzen duguna. Alde horretatik esan dezakegu erakusle balioa galdu duela, eta kantitate mugagabea, konparazio absolutuaren esanahiaz, adierazteko balio duela: Baina nik hainbeste jaso dut dagoeneko Idazki Santutik (Elizen arteko Biblia); Eta zuk nola dakizu hainbeste (Iturralde); Guk paramilitarrei hilean hainbeste ordaintzen diegu eta babestu egiten gaituzte (Sarrionandia).

15.4.3f Horien parean ditugu adjektiboaren maila graduatzeko erabiltzen direnak: honen, horren, hain. Aurreko sailekoek bezala, horiek ere balio seinalatzailea galdu, eta kualitateari dagokionez, konparazio absolutua adierazteko balio dute: Ez nuen uste honen eskuzabala nintzenik; Ez nuen uste horren eskuzabala zinenik; Ez nuen uste hain eskuzabala zenik.

Baina paralelismo hori praktikan ez da betetzen: Bizitzan lehen aldikoz, kuartelera eraman behar ninduten ni, beti horren zintzo eta zuzen portatua nintzena (Elosegi); Ni ez naiz horren doilorra (J. Zabaleta); Animatu egiten nintzen, azkenerako elkarrizketa hura horren “normala” iruditzen ez zitzaidalako (J. Zabaleta); Hiri hau horren bakantzailea, bereizgarria baita (I. Zabaleta). Praktikan, egun, hain da beste biei nagusiturik, gehien erabiltzen dena: Baina ni ez nengoen hain segur (Irigoien); Eta hi nora hoa, hain azkar? (Morales); Zu, hain xarmangarria izanik, ez zaitut ikusten horren guztiaren erdian (Lopez de Arana); Zuek, hain katolikoak zaretenez, askotan irakurriko duzue Biblia (Atxaga).

Itxuraz pixka bat desberdinak izan arren, berdintasunezko konparazioa adierazten duten bezain eta bezainbat (= adina, beste) formetan, erakuslea aurkitzen da bigarren atalean, (h)ain, (h)ainbat formetan: Paris Londres bezain hiri ederra da; Madrilek Bartzelonak bezainbat biztanle ditu. (§ 32.2).

15.4.4. Erakusleak eta esapideak

15.4.4a Hortaz bi perpaus lotzeko erabiltzen dugu, balio ilatiboa duela: Zu eta biok ez ginateke hizketan ariko une honetan, isiltasuna izango bailitzateke nagusi, batasuna eta isiltasuna. Hortaz, orokorrean, ona da bai gauzen artean hutsune bat egotea, bai zu eta bai ni bi izatea eta ez bakarra (Gorrotxategi). Badira balio ilatiboa duten beste esapide batzuk ere, horrenbestez, hartara eta abar (§ 42.22): Ezkonduak eta aita edo ama ziren gehienak, eta zailxeago zen horrenbestez egiteko hura (Elosegi); Horrenbestez, ordea, ez ditugu aipatu film horretan ageri diren zabaldegi eguzkitsuak, jostailuzko etxekoak (Mitxelena); Hartara, hiri merkatari batean epaile gutxiago dago, eta lege gehiago (Iñurrieta); Hartara, sekula ez dut jakin nolako zirrara sorrarazi zioten erregeren hitzek, zirrararik sorrarazi bazioten (Epaltza).

15.4.4b Hala-hala Etxepareren garaitik dokumentatzen da, eta gaur egun ere erabiltzen da Iparraldeko hizkeretan: Baldin luzaro bekatun egoteaz […] egiten badiogu bidegabe Jainkoari eta Aingeruei, segur da hala-hala egiten diogula gure buruari ere (Axular); Hala-hala Baigorri aldekoek edo Hazparne inguruko batzuek eginen zuten beste hainbeste (Larzabal). Beste batzuetan ‘erdizka’ edo esan nahi du, eta Hegoaldean ere erabiltzen da esanahi horrekin: —Eta?… —Hala-hala… bihotzak ez du ongi erantzuten eta egunetan bakarrik hartu nahi ez duela, asko ahuldu da (Etxaniz).

Nola hala ere sail berekoa da: Nola-hala dutxatu, kolonia pixka bat sartu eta gidariarengana biratu nintzen (I. Araque).

Bestetik, hala nola ere aipatu behar da. Tradizioan Iparraldean eta Nafarroan ageri da gehien bat. Esanahiari dagokionez ‘… bezala’ esan nahi du batzuetan: Libra gaitzazu peril honetarik, hala nola libratu baitzenuen Abraham Kaldeanoen eskuetarik (Materre); Xuxen joan dituzu karguko urratsak, hala nola orenak erlojuko orratzak (Xalbador). Beste batzuetan ‘hots, adibidez, alegia…’ esan nahi du: Ur gehienak hormatuak ziren, hala nola Biebreko ura (Laphitz); Euskalaririk gehienek ukitu behintzat egin dute, hala nola Stempfek […] eta, inork baino barrenkiago, Rene Lafonek (Mitxelena). Azken kasu honetan aditzak menderagailua hartzen du batzuetan: Bekatu arinak direnean behintzat, hala nola baita emazte zuzenezkoa hiltzea (Mirande).

Horiek guztiak adberbioak dira.

15.4.4c Erakusle hauek absolutiboan doazenean harriduretan ere erabil daitezke: Hau duk egarria! (Lopez de Arana); Hori duk eta, adiskidea! (Morales). Askotan erakuslea errepikatzen da: Hura zen gizona, hura! (Agirre); Hura zen, hura, tonto-Pilatus! (Dibarrart); Hura zen hura penitentzia (Larzabal); Hau duk hau, beroa eta itomena (O. Arana); Hori duk hori segurantza (Olano); Horiek dituk, horiek, barrenak! (Jokin Muñoz); Larunbata, jaieguna!? Hauek dituk, hauek! (A. Elduaien, Berria).

Erakusleak artikulu modura ere erabil daitezke. Erlatibozko perpausetan, lehen edo bigarren pertsona singularrari badagozkio: Zertan pentsatzen ote duzu zuk, orainokoan ere, buruan ile duzun baino bekatu gehiago egin duzun orrek? (Axular). Erlatiboaren pareko egituretan, erlatiboaren aditza azaltzen ez bada ere: Nik bekatarionek (nik, bekatari naizen honek); Zuk zerriorrek. Hala ere, izen bizigabeari loturik ere azal daiteke, baina aurretik gradu bereko erakuslean doan neurrian: Hau etxeau benetan polita da. Horietan goian aipatu paralelismoa ez da hausten: nik… -onek; zuk… -orrek eta abar.

Ikus beste adibide ezagun hau: Maritxu nora zoaz, eder galantori? Kantu horretan, -ori elementuak ez du ezer seinalatzen, nahiz aditz komunztaduran ageri den zu horri dagoen lotua. Izen sintagma horrek eskatzen duen artikulua baizik ez da. Alde honetatik esan dezakegu erakusle bakoitza bilaka daitekeela (eta bilakatu dela) artikulu: Nik bekatarionek aitortzen diot… Hor ere gauza bera gertatzen da, eta bekatarionek subjektua ere ni izenordainari dago lotua. Erakusle bakoitzak dagokion artikulua hartzen du. Badira beste adibide batzuk ere: Zorionak polittori!; Begixen bistatik kendu zaittez, gaiztuori (T. Etxebarria); Tontuori, hago isilik. Bizkaieraz arrunta da ahozko hizkeran.

Azken batean, -a bera ere hirugarren graduko erakusle artikulu bilakatua baizik ez da. Gaur egun, -au eta -ori, lehen eta bigarren pertsonari loturik erabil ditzakegu forma markatu bezala; -a, berriz, edozein kasutan erabil daiteke. Hain zuzen, -au, -ori oraindik ere maiz erabiltzen ditugu erlatibozko perpausen ondoren: Zeure bizitzan dirua barra-barra erabili duzunorrek, proba ezazu orain nolakoa den miseria; Bekatu gehiago egin duzun horrek (Axular); Nekez uxa ditzaket, beraz, inoren ezpaiak, neronek ditudanak garbitzeko gauza ez naizenonek (Mitxelena); Hutsa naizenau huts geldi nadin (Orixe).

15.4.4d Norbaiti errespetuz zuzentzean eta gutunen hasieretan ere erabil daiteke hori: Hamabigarren urteko kanpaina amaitutakoan, jaun agurgarri hori —hasi zen postaburua… (Morales); Ongi etorria, aba agurgarri hori (Lizardi); Potter jaun agurgarri hori (I. Mendiguren); Andre agurgarri hori (gutunetan).

15.4.5. Erakusle indartuak

15.4.5a Erakusleei indarra emateko bi bide nagusi ditugu: -xe atzizkia eta ber- aurrizkia: hauxe, berau eta abar. Horiek aztertuko ditugu ondoren.

15.4.5b Hasieran esan dugu hau/hori/hura saileko elementuek seinalatzaile, erakusle funtzio dutela. Seinalatze horri indar handiagoa eman diezaiokegu -xe erantsiz orain arte ikusi ditugun formei: Izen horrexekin egin zen ospetsu mendebaldeko aurreneko matematika-liburua idazteagatik (Jon Muñoz); Kontu horrexekin etortzen zait larunbatero, ez dakit zenbat denboraz geroztik (Epaltza).

Erakusleetatik sortzen diren adberbioek ere bide bera hartzen dute: Jauna balia dakidala! Horrelaxe nire gogoeta, hitz eta egintzek izan behar dute (Duvoisin); Halakoxe salda ederra egin zen! Baina nire andreak ez zuen tanta bat ere hartu (Barriola); Bai errege hura halaxe holaxekoa zen; hargatik, gizon serioek zen bezala atxikiko zuten (M. Elizanburu).

Bigarren graduko erakuslea honako esapideetan ere erabil daiteke, bai horixe! edo horixe baietz! noski-ren baliokide direnak: Ez al gara bada hiltzen Jaungoikoak nahi duenean? Apaiz jauna: Bai horixe (Barriola); Ekarriko al didazu etxerakoan kafea? Bai horixe!

15.4.5c Beraz, hauexek ditugu aldaera nagusiak: hauxe, horixe, huraxe; honexek, horrexek, harexek; honexen, horrexen, harexen. Beste zenbait kasutan, -xe atzizkia erroari lotu ordez, postposizioaren ondoren ere azal dakiguke: honexeri/honixe; horrexeri/horrixe; harexeri/harixe; honexekin/honekintxe; horrexekin/horrekintxe; honexetan/honetantxe; horrexetan/horretantxe, baina *harxetan formak ez du lekukorik. Beste aldaera batzuk: honexetara/honetaraxe; horrexetara/horretaraxe; honexetatik/honetati(k)xe; horrexetatik/horretati(k)xe. Aurretik nahiz atzetik ager daiteke -xe atzizkia, tokian tokiko erabileraren arabera. Zernahi gisaz, azaldu dugunez, hartantxe eta bertantxe esaten dugu beti, halere; ez *hartxetan edo *bertxetan.

15.4.5d Erakusleetatik sortu adberbioak ere hola eratzen dira: hementxe, hortxe, hantxe; honaxe, horraxe, haraxe; honelaxe, horrelaxe, halaxe; honelakoxe/honelakoxeko/honexelako; horrelakoxe/horrelaxeko/horrexelako…; honexenbeste/honenbestexe; horrexenbeste/horrenbestexe

15.4.5e Erakusleak indartzeko ber- aurrizkiaz ere baliatzen gara. Berez, ber horrek badu izaera berez ere, izenaren ezkerrean, eta hala erabili izan tradizioan, Iparraldean, ‘bera’ esan nahi duela: Apostoluak ere ber gauza dio (Tartas); Orok ber gauza erranen didatela (Hiriart-Urruti); Ber denboran Michelena Luisi izkiriatzen diot (Mirande). Hola sortu da berrehun ere (ber ehun). Beste batzuetan ‘bakarrik, laguntza gabe’ adierazi nahi du: Eta Jainko bat ber haur, gizonei zaie honelako manifestatzen eta erakusten (Leizarraga). Edo ‘-(e)n unetik, bezain laster’: Etorri den ber, hasi da berriketan (Euskaltzaindiaren Hiztegia). Subjuntibozko -n adizkiaren ondoan beharrezkoa eta nahikoa den baldintza adierazten du: Leku segurura hel nadin ber (‘Leku segurura heltzen banaiz’). ‘Bakarrik’ ere esan nahi dezake: Ala juduen ber da Jainkoa? Ala jentilen ere? (Leizarraga).

Baina, horretaz gain, erakusleen indargarria ere bada: berau/berori/bera; berauek/beroriek/beraiek; beronek/berorrek/berak…, gainerako postposizioekin ere: Hau berau eman zuen aditzera gure Salbatzaile berak (Añibarro); Ingeniatuko du berorrek nola salbatu ni ere, nahi badu, ezbanaiz ere digno (Lizarraga); Eta berau ikusirik, Zakarias ikaratu zen, eta beldurra sartu zitzaion (Añibarro); Baina euskara maite honi, eta beronen alde gauden euskaldunei heldu zaigu geure eguna (Kirikiño).

15.4.5f Berori errespetuzko izenordain gisa erabili izan da, aditza hirugarren pertsonan azaltzen dela (§ 13.3.4): Beti umore onean berori (Agirre); Berak ordainduko du gaur berorrek egiten dion oparia (Agirre); Beharko! Inguruko auzotarrek (bere maizterrak batzuk) denak berorika egiten zioten, haserretu ez zedin (Otaño).

15.4.5g Bera erakuslea aurreko berau eta berori baino orokorragoa da, haiek ez bezala, euskalki guztietan atzeman baitaiteke. Hauek dira bi erabilera nagusiak: andre bera etorri da vs andrea bera etorri da. Lehenbiziko kasuan determinatzaile indartu arrunta da, “andre hura” sintagmaren pareko. Bigarrenean aposizioan dago eta, hori dela eta, bai aurreko sintagmak (andrea) bai erakusleak (bera) kasu marka edo postposizio berdina hartzen dute. Gauza bat da, hortaz, alkate berarekin etorriko gara (lehen aipatu dugun alkate horrekin etorriko gara) eta beste bat alkatearekin berarekin etorriko gara (hots, ez edozeinekin, baizik alkatearekin). Joera handia dago bera hirugarren graduko izenordain gisa erabiltzeko, batez ere postposizioen kasu markak hartzen baditu. Orduan aise maizago ikusiko dugu izenordainaren erabilerarekin (§ 13.3.8): Berak ordea guziak aterarazi zituen, eta bere hiru ikasleak eta neskatxaren aita-amak berarekin harturik neskatxa zetzan tokira sartu zen (Iraizoz); Nekazariak alkate, edo nagusi balira, bakoitzak nahiko luke berari hori gordetzea (Kardaberaz); Gero eskaintzen dizkiot nire bizitza, eta egun guziko hitz, pentsamendu eta obrak, guziekin eta bakoitzarekin berari agradatu nahiez (Agirre Asteasukoa); Belar bakoitzak hartzen du berari doakion gozoa (Duvoisin).

Ikusten denez, bera-k adierazten digu aurretik doan izena bi bider aipatzen dela (nolabait esateko): Hastapeneko lagun berekin niagok: lau ingeles, hiru norteamerikano, bi indio (J. Etxepare). Adibide horretan, esaterako, hasieran sendia eta urlia lagunekin nengoen eta orain ere lagun horiexekin nagoela adierazten du berekin horrek, eta ez beste batzuekin.

15.4.5h Esan bezala, izen sintagmaren muturrean azaldu ordez, ekialdeko mintzoetan izenaren ezkerretara azaltzen da ber-: Ber gauza erran (‘gauza bera erran’). Baina erlatibozko perpaus baten ondoren ere azal daiteke, -(e)n momentuan, -(e)n bakoitzean… adierazteko: Bere atean bat ikusten zuen ber […], besoak zabalduz altxatzen zizkion (J. Etxepare); Ezen, urrunerat hautemaiten nuen ber, isilik jartzen nintzen, erdi ahalke, erdi izutua (J. Etxepare); Problemaren edozein askapen ongietorria izango da, Theresa beste jendeetara joaten uzten ez duen ber (Mirande); Eskoletan erakusten ez dena, beharrago baizik ez bakoitzak bereaz egin, ahal duen ber (Hiriart-Urruti).

15.4.6. Bera eta berdin

15.4.6a Gaur egun batzuetan nahasian erabiltzen diren bera eta berdin bereizi behar genituzke, bakoitzak bere balio propioa baitu. Adibidez, erka ditzagun honako bi perpausok: Nire lehengusuaren ezteietara eraman nuen soineko berarekin joango naiz zureetara ere batetik, eta Zure alabak eta nireak soineko berdina dute bestetik.

Lehen adibidean soineko bakar batez ari gara; soineko bakar hori da bi bider jantziko dudana. Bigarren adibidean, aldiz, bi dira eta bi horien arteko erabateko antza, berdintasuna predikatzen dugu. Bigarren perpaus hau beste modu batera esan nahi bagenu, honela egin genezake: Zure alabaren soinekoa, nire alabarena bezalakoa da.

15.4.6b Honako adibide hauetan etxe batez bakarrik ari gara: Ez da beharrezko koinatu-koinatak etxe berean bizi izatea (Iñurrieta); Alarguna eta biak etxe berean bizi zirela okurritu zitzaion (Elorriaga). Ondoko hauetan, ordea, etxe bat baino gehiago dira: Erdiguneko kaleetako teilatu gorriak, parkeak, eliza dorrea, kanpoaldean egiten ari ziren bi auzo berri, etxe berdin-berdinez osatutako lau lerroko auzoa […] (Maia); Maiz, Frantziako berdintasuna izan da, denentzat gauza bera, mintzaira bakarra, bizitzeko molde bakarra, ikas etxe berdina […] (Herria). Gauza bera honako adibideetan ere: Gu laurak, auto berean joan beharrak ginen Paueko krematoriumera (Landart); Eta matrikulak bikoizturik behar duela, beste auto berdin batetik hartua, marka eta kolore berekoa (L. Garro).

15.4.6c Beraz, bera-k behin baino gehiagotan errepikatzen den objektu, pertsona… bakarra adierazten du; berdin-ek ostera, objektu, pertsona… bat baino gehiago izanik, haien arteko erabateko antza. Honenbestez, ezin genezake esan honako hau: *Bi amek haur bera izan dute. Nork berea izan baitu dudarik gabe; bi haur, beraz, denera. Bai, ordea, beste hau: Biok plater beretik jan dugu (plater bakarra da eta biok plater horretatik jan dugu).

Era berean, emakume bakarra bada ezin dezakegu hau esan: *Joan den astean harategian aurkitu nuen emakume berdina aurkitu dut gaur kalean. Beste hau, aldiz, ongi legoke: Belarritako berdinak erosi dizkiete hiru ahizpei.

15.4.7. Bera aposizioa

15.4.7a Bera-k izen sintagma ere osa dezake, baina beste izen sintagma batekin aposizioan doan izen sintagma, izen sintagma horrek hartzen duen mugatzaile eta kasu marka edo postposizio atzizkia hartuaz: Hanbatenaz ere zuzenkiago, non haurrak baitzuen han berean, bi urratsetan, erlisionezko irakaspenen hartzeko bidea (J. Etxepare); Edo uste al du inork mesede bat egiten diola Mariari bere alaba izanarekin? Deabruaren beraren soberbiak ez luke gehiago asmatuko (Agirre); Bitartean, abadeari berari begira, esku eskolari aldarera eragiten diola […] (Zamarripa); Akusatu zuten bi lekukok abadearen aitzinean, abadearekin berarekin aditurik (Axular).

Adibide horietan bera aurretik doan izena azpimarratzeko erabiltzen da.

15.4.7b Leku kasuetan (hots, -n, -ra, -tik kasu marka hartzen duten sintagmekin nahiz leku adberbioekin), bera beste izen sintagma batekin aposizioan ageri da askotan: Bihotza erdiratzen zitzaien zorionaren zorionez! Han berean xoratu ez baitziren! Beharrik da euskalduna kaso onekoa (Barbier); Ezagutu zuenean hurbildua zela jadanik bere azken orenera, eramanarazi zuen bere burua elizarat, hartu zituen elizakoak eta, handik beretik, haren arima saindua joan zen hirurogei eta hamabi urtez maitatu eta zerbitzatu zuen Jainko Jaunarengana (Joanategi); Ohartzen bazara zure sakelan, sast edo sist, sartzera doakizula esku arrotz bat, ez zara luzaz egoiten zure baitan gogoeta: “Zer ote da hau?” Ez; baina krak berehala zuk ere zure eskua hara berera (Hiriart-Urruti); Azken xehetasunendako, igandean, hemen berean, hamaiketan, elkar ikusiko diagu (Larzabal); Lehenik, gaurko elizkizunen ondotik, plazan eginen da beste bat, hor berean, herri guziari eskainiko zaio edatekoa urririk (Larzabal); Etxahunek atzeman zuen aterbe herri horretan berean (Lafitte); Eurek uste dute ez dagoela inon ez justiziarik ez beste gauza onik hementxe bertan baino (J. B. Bilbao); Hemen bertan, datorrela musika hona (Barriola).

15.4.8. Hura eta bera

Esan dugu bera bakarrik ere azal daitekeela izen sintagma osatuz. Hirugarren pertsonako izenordain balioa du orduan. Izenordainak (ikus 13. kapitulua) aipatzean ikusi ditugu honako hauek: ni / nihaur, neu, nerau…; hi / hihaur, heu, herori…

Bera ere, bada, sail horretakoa da: hau/berau; hori/berori; hura/bera. Baina lehen esan bezala, berau eta berori bizkaieraz izan ezik, oso gutxi azaltzen diren formak dira.

Nola jakin noiz erabili hura eta noiz bera? Dirudienez puntu honetan lege desberdinak aurki ditzakegu ekialdean eta mendebaldean. Oro har, honako kasuok bereiz ditzakegu:

1. Hau/hori/hura, izenordain bezala, hirugarren pertsona (hots, ez hiztun ez entzule ez dena) seinalatzeko erabiltzen ditugu. Hirugarren pertsona hori eta erakuslea perpaus berean aurkitzen badira (kontuan izanik perpaus nagusiak eta bere mendeko perpausek, perpaus bakarra osatzen dutela), bera erabili ohi dugu (ez hura): Baina Jesusek deitu zion berarengana, eta erran zion […] (Hualde); Hark uste du ez dagoela bera legezko Barberurik Bizkaia guztian (Mogel); Hazpandarrak […] plazaren ezin ezagutuz ari dira […] Pilota, berek ez dakitelarik nola, bihurtzen dute aldi bakoitx ostatu saihetsari buruz (J. Etxepare).

2. Erakusleak seinalatzen duen pertsona eta erakuslea perpaus desberdinetan azaltzen direnean. Kasu honetan bestalde, bi egoera bereiz ditzakegu:

a) Ekialdeko euskalkietan hura erabiltzeko joera nabari da halakoetan: Karno bere errotaren barnean bere atzaparrez joka, ez nintekeen ase hari beha egotetik (J. Etxepare); Piarres Adamek niri erran istoriak, hark erran bezain ongi ezin ezarriko ditudala zure begien aitzinean (J. B. Elizanburu); Nire bi lagun lehen bizkaitarrak han zituan jadanik […] Ohartu ninduan ez zela arbola hori haiek bezperan erran zuten bezain estalia aranez (J. B. Elizanburu).

b) Mendebaldeko euskalkietan bera erabiltzeko joera handiagoa dago, erakusleak seinalatzen duen hirugarren pertsona jadanik aipatua bada: Eleizaldek bazekien […] bi alde berezi dituela gure hizkuntza jasotzeko lanak […]. Berak 1918an Oinatin egin zuen hitzaldi ezagunean (Mitxelena); Ez da zalantzarik Lizardigan […] Alferrik bilatuko duzue beragan Europa eta mundu guztia dardarazten hasia zen lur-ikararen berririk (Mitxelena).

Hala ere, bera-ren ordez hura erabili ohi dugu honako bi kasuotan:

1. Bera-k seinalatzen duen hirugarren pertsona aurreko perpausean aipatua izan arren, bera-ren aurrekaria izan daitekeen hirugarren pertsona bat eta bera perpaus berean daudenean: Deabrua sartzeko bere zakuan agindu zion. Sartu zen, eta Juan-soldaduak ikuen eskegita ipini zuen. Eta hari harrika egiteko agindu zien eskola mutilei (J. M. Barandiaran).

Kasu horretan, hari erakusle (izenordain) aurreko perpauseko deabrua-ri dagokio. Bestalde, hari dagoen perpauseko subjektua Juan-soldadu da. Berari erakusle (izenordain) indartua erabiliko bagenu, seinalatzen dena Juan-soldadu dela pentsatuko genuke. Deabruari harrika egiteko agindu zien Juan-soldaduk eskola mutilei da, ordea, hor duguna. Nahasketarik sor ez dadin, erakusle ez-indartua azaltzen da.

2. Erakusleak erakusten duen pertsona gehiagoren arteko bat bada: Eta gau hartan ehiztari haietako beste batek deitu omen zion etxekoandraren bizitokian. Baino hark ere, lehenak bezala, leihoa ezin itxirik gaua pasatu omen zuen (J. M. Barandiaran).

Ehiztariak bat baino gehiago izanik, haietako bat seinalatzeko, erakusle ez-indartua erabiliko dugu.

15.4.9. Forma berrindartuak

15.4.9a Berau, berori, bera forma indartuei oraindik ere indar handiagoa eman nahi badiegu, aski dugu aurretik ber- eranstea berriro ere: Zubia igaro ondoren, berbertan duzu geltokia; Endañetak eta Perurenak iazko apustu berbera egin dute aurten ere.

Beste hainbat hitzekin, errepikatzen ditugunean, gertatzen den fenomeno beraren aurrean gaude: azal-azalean; sakon-sakonean; zuri-zuri. Errepika horrek indar handiagoa ematen die.

15.4.9b Bi aldiz indartua dela ematen du berbera aldaerak (ber-ber-a). Oso erabilia da tradizioan Iparraldeko eta Hegoaldeko autoreen artean. Bietara hori ere (determinatzaile modura eta aposizioan): Uste berberekoak izaki / Jaunaren jujamentuak berberak zuritzen. Hona adibide batzuk: Seguratu zen Enperadore berberak zirela (Lizarraga); Baina usaina, usaina, denak susmo batean egon, uste berberekoak izaki (Anabitarte); Eta Nikanorrek berberak hartu berri duen biziera narrats eta guztia beharrekoaz… (Erkiaga); Orduan begiak altxatu eta ez zuten ikusi nihor Jesus berbera baizen (Haraneder); Bere aita Asaren bide berberaz ibili zen, hartarik ez zen makurtu eta aitaren aitzinean zuzen zena egin zuen (Duvoisin); Jaunaren beldur sandua mendez mende iragaiten; Jaunaren egiazko jujamentuak berberak zuritzen (Artxu).

15.4.9c Ez da ezinbestekoa bera edo berbera horrek hirugarren graduko erreferentzia izatea. Aurretik beste pertsonetako izenordaina badu, orduan erreferentzia ere hartara egokitzen da: Eri hau nor da? Ni naiz, ni bera (Duvoisin); Bai, ni bera (Larzabal); Zu ote zara? Zer bada! Zu bera ote zara? (Duvoisin); Zu bera Zeruko ateraino jauzika “xirula” soinuz etorri zara (Harispe); Oi egun dohatsu eta zorionezkoa! Eta ni bainago, ni horren dohatsutasun handiari begira? Bai, ni berbera (Duvoisin).

15.4.10. Ber daramaten forma batzuk

15.4.10a Adberbioak eta forma klixetuak sortu ditu euskarak ber- honetan oinarrituak. Holakoak ditugu halaber, beraz, berez… eta horien gisakoak.

Halaber batez ere Iparraldean erabili izan da, nahiz XX. mendean Hegoaldera ere hedatu zen. Adberbio honi buruzko xehetasunak § 42.19.5 atalean ikus daitezke. Hala adberbio modalak eta ber morfemak osatua da: ‘gauza bera’, ‘gisa berean’… holako zerbait esan nahi du, eta diskurtsoaren atalak egituratzeko erabiltzen dugu: Halaber hura behar du penen kausaz gaitzetsi (Etxeberri Ziburukoa); Bada halaber bere burua bakean daukanik, eta bertzeen baketzera entseiatzen denik (Pouvreau); Halaber baldin nehork konbatik egiten badu, ez duk koroatzen baldin bidezki konbatitu ez bada (Leizarraga). Etxeberri Ziburukoak halaberki ere erabiltzen du, sinonimo gisa esanahiaren aldetik: Eta guri halaberki egiguzu dohaina, betiere kunplitzeko zure saindu errana. Gaurko idazleen artean ez du lekukorik.

15.4.10b Berez formak ere ber morfema erakusten du barruan. Batez ere Hegoaldean erabili izan da tradizioan, XVII. mendetik aurrera: Leizarraga (bere-berez) eta Pouvreau dira salbuespen ia bakarrak. Berez bere lokuzioa, ordea, batez ere Iparraldekoa da: Lehengo konfesioak gaizki egin badira aurkitzeko salbazioko bide berez bakarra, zeina den konfesio ona (Mogel); Gizonari berez edo bere naturalezaz datorkio gurasoak amatu eta honratzea (Astarloa); Hizkuntza hori berez baitzetorren ahora batarekin eta bestearekin mintzatzeko (Mitxelena); Zeren hazi humanoa bere-berez korronpitua baita (Leizarraga); Espainiaren meneko izanagatik, berez bere dabil asko zeretan (J. Etxepare).

Zenbaitetan lehenbiziko edo bigarren pertsonari dagokio: Berez zaharrak garen guztiak behar genuke aitortu (Mendaro); Berez eztarri txarrekoa banaiz ere (Zendoia). Ofizioa adierazteko ere balio du: Zapataria da berez (Xenpelar).

15.4.10c -xe ber- segida ere morfema honekin sortzen da: Horixe bera da pentsatzen dudana (Larzabal); Horixe bera gogoan nindoan, apaizarekin arrazoinka ari hintzelarik (Larzabal); Horixe berberori egiten du hemengo emakume andaluziar batek (J. B. Bilbao); Lo-kuluxka txiki bat egin dut hementxe bertan (Morillo); Hantxe berean utzi genuen gizagaizoa bi lagunekin (Zerbitzari); Hantxe berean gelditu (M. Etxamendi).

15.5. Partitiboa

Partitiboa adberbioa izan daiteke (§ 22.2.2g), bakarrik gelditu da, pozik bizi dira edo beranduenik lauretan etorriko da gisako esaldietan. Baina beste batzuetan partitiboa determinatzaile mota bat ere izan daiteke, artikuludun absolutiboaren parekoa: Etxea ikusten dut vs Ez dut etxerik ikusten. Bi perpausak pare-parekoak dira, baina partitiboak, mugatu singularrak ez bezala, ingurune sintaktiko mugatuagoa eskatzen du: ezezko edo galderazko perpausa, baldintzazkoa, balio enfatikoa markatzeko baiezkoetan eta abar (ikus § 18.5.2). Partitiboan ageri direnak, noski, mugagabeak dira: Ez dut inoiz hain pertsona traketsik ezagutu; Zure neurriko soinekorik aurkitu al duzu? Eta aditz komunztadura beti singularrean egin behar du, inoiz ere ez pluralean.

Ikus Euskaltzaindiaren 15. araua: “Partitiboaren erabilera okerra”, Bilbon, 1994ko azaroaren 25ean onartua; 30. araua: “Partitiboa baiezko perpausetan noiz eta nola”, Donostian, 1995eko apirilaren 28an onartua.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper