Euskararen Gramatika

13. Izenordainak

13. Izenordainak

13.1. Zer den izenordaina

13.1a Izenordain terminoa anbiguoa da, eta nahasgarria ere gerta daiteke, bai baitirudi izenaren ordez erabiltzen dugun zerbait dela. Baina hori ez da guztiz hola. Gramatikek pertsona izenordainez dihardute, eta hala deitzen ditugu, pertsona izenordain, pertsonen gramatika ezaugarriak erakusten dituztelako. Pertsona ezaugarri horiek euskal aditzean ere ikusten dira. Pertsona izenordainek diskurtsoan parte hartzen duten pertsonak izendatzeko, nornahi direla ere, erabiltzen dira. Ezaugarri hori dela eta, izenordainek ez dute eduki lexiko garbirik, eta propietate deiktikoak dituzte. Nola esaten dugun han, adibidez, eta han adberbioak toki jakin bati egiten dion erreferentzia, hala zu izenordainak ere nirekin edo gurekin elkarrizketan ari den pertsonari egiten dio erreferentzia. Beraz, pertsona izenordainak lehenbiziko eta bigarren pertsonarekin lotzen ditugu. Hirugarren pertsonaren beharra erakusleekin betetzen da.

13.1b Historikoki euskarak lau izenordain hauek erabili izan ditu lehenbiziko eta bigarren pertsonen ordainetan: ni (1. perts./sing.), hi (2. perts./sing.), gu (1. perts./pl.) eta zu (2. perts./pl.). Horrela, izenordainen eskema, aditz baten laguntzan, hau litzateke: ni nator, hi hator, gu gatoz, zu zatoz. Ez da hori gertatzen, ordea, gaurko euskaran: batetik, hi nahiko markatua da —ezin da noiznahi eta nolanahi erabili— eta erabileran alokutiboaren adizkiekin lotzen dugu ezinbestean; bestetik, zu bigarren pertsona singularra bezala erabiltzen dugu, eta zuek, berriz, bigarren pertsona plurala. Baina zuek hori berriagoa da, eta euskal morfologiak, batez ere aditzak, garbi erakusten du geroago sortu den zerbait dela, nahiz euskaraz argitaratutako lehenbiziko liburuan (Etxepare 1545) ageri den dagoeneko. Beraz, aldaketa hau gertatu da historian zehar euskal izenordainekin: ni, hi, gu, zuni, hi/zu, gu, zuek. Edo, beste hitzetan esateko, gaurko zu zatoz hori lehenago plurala zen, pertsona bat baino gehiagori egiten zion erreferentzia, baina gaur egun singularra da. Horrek asimetria sortu du aditzaren morfologian (ikus § 18.1c). Pluralerako, berriagoa den zuek zatozte sortu du hizkuntzak. Bigarren pertsonakoa da berori ere, gero ikusiko dugunez.

13.1c Pertsona kontzeptuak, gramatikan, bi interpretazio nagusi ditu: batetik, diskurtso mailako hizketariak deitzeko erabiltzen dugu, lehentxoago esan gisan, eta, bestetik, aditz flexioaren marka morfologiko batzuk ere seinalatzen ditu. Hola, diskurtsoan parte hartzen dutenen artean hitz egiten duena (lehenbiziko pertsona) nori hitz egiten dion (bigarren pertsona) eta noren gainean edo zertaz hitz egiten den (hirugarren pertsona) bereizten dira euskal aditzean. Aditz morfologiak ezaugarri horiek islatzen ditu, pertsonak diskurtsoan zuzenean agertu edo ez: ni nator esaten badugu, edo nator bakarrik, aditz morfologiak azpimarratu dugun n batekin islatzen du pertsona, hitz egilea. Berdin gertatzen da diozu edo zaio bezalako adizkiekin ere. Lehenbiziko eta bigarren pertsona, hortaz, hizketan parte hartzea dela eta definitzen dira (elkarrizketariak dira). Hirugarrena, berriz, izenei esleitzen zaie.

13.1d Esan dezagun, zernahi gisaz, diskurtsoko pertsonak (ni) eta aditz morfologia (nator) batera ageri badira gehienetan, ez dela beti-beti hori hola gertatzen. Bigarren pertsona seinalatzeko erabiltzen dugu gaur egun baztertuxe dagoen berori, baina aditzean hirugarren pertsonaren markak erabiltzen ditugu (berori dator), hau da, esanahiaz bigarren pertsona da, baina formaz hirugarrena. Izen sintagmei (gaztea, itsasoa, adarrak…), oro har, hirugarren pertsona dagokie bi zentzutan: diskurtsoan zertaz ari garen adierazten dute, eta aditzean ere hirugarren pertsonaren markekin bat egiten dute. Baina badira, zentzu paralelo hauei —“diskurtsoko erreferentzia” eta “aditz morfologia”— dagokienez, salbuespenak: adibidez, ikasleok uste dugu esaten badugu diskurtsoko hirugarren pertsona erabiltzen dugu (ikasleak/ikasleok), baina aditzean lehenbizikoa (dugu). Zer esan ez, badira ingurune nahasiagoak, eta batzuetan zalantzak sortzen dira gurutzaketa hauetan: ni naiz goizean deitu dizuna/dizudana. Edo, adibidez, zergatik oihu egiten diozu amari? galdetzen badio norbaitek bere alabari benetan zergatik egiten didazu oihu? ari da galdetzen, hirugarren pertsona jarriz lehenbizikoaren tokian. Edo begira ze alua den hau! esaten badiogu norbaiti zuzenean, berez begira ze alua zaren zu! ari gara esaten.

13.2. Izenordain motak

Izenordainen artean, pertsona izenordainak eta izenordain zehaztugabeak bereizten ditugu. Pertsona izenordainak dira oraintxe aipatu ditugunak: ni, hi/zu/berori, gu eta zuek. Horiek guztiak pertsona izenordain arruntak deituko ditugu, berehala ikusiko denez (§ 13.3), forma indartuak ere bai baitituzte aldamenean: nihaur, zuhaur eta abar. Hirugarren pertsonarako erakusle indartua erabiltzen dugu: bera, edo izenordain zehaztugabeak: nor, norbait, edonor, zerbait, norbera, inorBeste ere batzuetan izenordaina izan daiteke, zehaztugabea, betiere. Esan dezagun baditugula, azkenik, bihurkariak eta elkarkariak ere: -en burua eta elkar.

Hirugarren pertsonaren kasuan, zalantzak erakusten dituzte beti gramatikariek, ez baita argi benetan hirugarren pertsonarik baden. EGLU-I liburukian (70) esaten da ez dagoela zinez hirugarren pertsonari dagokion izenordainik, ez baita, berez, pertsonarik hor: ni edo zuek diogunean pertsonez ari gara, ez dugu hor deusik isiltzen, baina hirugarrenean, hura esanez gero, adibidez, gauza bat ere izan daiteke. Gainera, izen batekin ager daiteke, edo izena isildurik, izenordain funtzioarekin: hura etorri da / [andre] hura etorri da. Badirudi bera dugula euskaraz pertsona izenordainetatik hurbilen gertatzen den hirugarren graduko erakuslea, geroago ikusiko denez.

13.3. Pertsona izenordain arruntak

Multzo honetan sartzen ditugu lehenbiziko (ni, gu) bigarren (hi, zu, berori) eta hirugarren pertsonen izenordainak (bera): nik egingo dut; guk egingo dugu; hik egingo duk/dun; zuk egingo duzu; zuek egingo duzue; berorrek egingo du; berak egingo du.

13.3.1. Ni

13.3.1a Ni da lehenbiziko pertsona singularraren izenordaina. Beti hiztunari dagokio: ni Azpeitian jaio nintzen; niri asko gustatzen zaizkit goxokiak; hori ez da nirekin etorriko. Geroago ikusiko ditugun forma indartuak alde batera utzita, izenordain honen genitiboak, eta genitiboan oinarria hartzen duten gainerako postposizioek forma bat baino gehiago erakusten dute.

13.3.1b Eredu estandarrean nire (eta niregana, nirekin, niretzat…) aldaera hautatu da, eta hori da zabaldu dena, bizkaierazko aldaera onarturik. Euskararen historian maizen dokumentatzen den aldaera, hala ere, nere- da, hori baita XIX. mende hasieratik gehien hedatu dena (zuberera, bizkaiera eta Pirinioetako mintzairak kenduta). Lehenagotik ageri da Iparraldean, eta autore nafarren artean. Idazle zaharrenek ene erabiltzen dute. Gaur egun batez ere esapide batzuetan (ene!), eta Iparraldean, erabiltzen da. Izenaren ondoan ageri denean (ama nerea!) zentzu amultsua hartzen du.

13.3.1c Neri forma berriagoa ere (nere-n oinarritua) baztertu da, eta niri onartu da estandarrean datiborako. Forma hori, niri, euskalki guztietan erabili izan da eta Etxepareren liburuan ageri da. Baina eni ere ongi dokumentatua da: XVIII. mende erditik aurrera behe-nafarreraz eta zubereraz ageri da. Eta gaur egungo literaturan ere adibide asko badira, batez ere, baina ez bakarrik, Iparraldeko idazleen artean.

Ikusi hemen Euskaltzaindiaren 5. araua: “Ene/nire, niri”, Bilbon, 1994ko urriaren 28an onartua.

Instrumentalean nitaz da forma erabiliena (eta niri buruz itzulia, jakina): erruki nitaz; ez luke uste onik nitaz!; arduratu nitaz!; ez kezkatu nitaz.

13.3.1d Batzuetan biderkaturik erabili izan da literaturan, indarra emateko: Absalon, nire nire seme maitea… (Mendiburu); Oi jesus nirea eta osoki nirea eta nire-nireagoa… (Duvoisin); Giza-familia osoaren interesak, nire-nireak bezala hartu behar ditut (Villasante) eta abar. Gaur egungo testuetan, zernahi gisaz, ez da holako adibiderik ageri.

13.3.1e Zenbaitetan izen gisa erabiltzen dugu, substantibaturik: Gure benetako nortasuna da eta gure egiazko “ni”a (Mirande); Eta maiz egingo dugu topo horrelakoekin, “ni” hori ez baita ez laburra ez meharra (Mitxelena). Gaurko literaturan ere badira adibide franko: Nire “ni”a ez ezkutatzeko eskubidea (Urkiza); Legearen hitzarekin baten egiten duen nia… (Zulaika); Nia puzteko aukera ematen duela… (Zaldua); Nire ni ausartak barre egiten zion nire ni beldurtiari (J. Zabaleta).

13.3.2. Hi

13.3.2a Hi da bigarren pertsona singularrari dagozkion izenordainetako bat. Hiztunak aurrean duen entzuleari egiten dio erreferentzia. Izenordain honen erabilera oso markatua da, ez baita neutroa. Hi aukeratuz gero bigarren pertsona singularrekoaren erreferentziatzat ezinbestekoa da hitanoa erabiltzea, alokutiboa, aditz sistema osoan (ikus 27. kapitulua). Hurbiltasun handia, edo egoera jakin bat eta ez edozein, adierazten du hitanoaren erabilerak: elkar ezagutzeak ematen duen hurbiltasuna, adinak izatea, lankidetzak, familia loturak eta abar. Beste hitzetan esateko, ezin da nolanahi (ni bezala, adibidez) erabili. Eta erabilera onartzen bada ere, toki batetik bestera erraz aldatzen dira erabilera horrek bete behar dituen baldintzak: toki batzuetan lagunartean erabiltzen da, bereizketa gehiegi egin gabe; beste batzuetan mutilen artean bakarrik bai, baina nesken artean ez, edo mutilek neskei bai eta alderantziz ez; toki batzuetan anai-arreben artean bai, beste batzuetan ez; senar-emazteen artean bai, edo ez, tokiaren arabera eta abar139. Nolanahi ere, nekez egin dakioke hika adeitasuna eta “distantzia” zor zaion norbaiti140. Hori dela eta, erabilera baztertuago den tokietan desegokitzat, “ijito hizkeratzat” (Azkuek ematen du horren berri) hartu izan dute batzuek. Zernahi gisaz, eta zenbait girotan, badirudi gaur berriro berpizten ari dela galdua zuten zenbaiten artean.

13.3.2b Beraz, hiri deitu diat esanez gero, horrek ezinbestean eskatzen du elkarrekin joango gaituk edo holako zerbait, baina ez *elkarrekin joango gara. Hori esan nahi dugu aditz sistema osoaren erabilera eskatzen duela diogularik: *hiri deitu diat eta elkarrekin joango gara esaldiak ez du tokirik euskaraz. Gainera, nor den aurrean dagoena, sexua ere bereizten da. Mutila bada aurrekoa, hitz egiten ari dena mutila nahiz neska izan, aukera hau egin beharko du: hiri deitu diat eta elkarrekin joango gaituk. Aldiz, aurrekoa neska baldin bada, berdin dela hitz egiten ari dena mutila nahiz neska izan, beste hau aukeratu beharko du: hiri deitu dinat eta elkarrekin joango gaitun. Garibaik bere garaian ere erabilera honen berri ematen zuen.

Ikusi hemen Euskaltzaindiaren 14. araua: “Adizki alokutiboak (hikako moldea)”, Bilbon, 1994ko azaroaren 25ean onartua.

13.3.2c Duen izaeragatik maiz erabiltzen da bokatiboetan: hi, hator hona!; hi heu!; hi haiz gaizki erraile bat! Tradizioan mintzo guztietan ageri da, nahiz bizkaierazko adibideak urriagoak diren: XIX. mende hasierako autore gehienetan ez da ikusten. Mendearen bigarren aldian, ordea, gehienek erabiltzen dute. Batzuetan hi horren ordez motel edo beste izenen bat ere erabiltzen da, antzeko balioarekin: Hago isilik, motel, esan zidan anaiak; Asko sentitzen diat, motel eta abar. Berdin gertatzen da neska, andre, ume… eta holakoekin. Eta horrek zu-ren kasuan ere balio du.

Lekuzko postposizioak direla-eta gramatika klasikoetan (Ithurry 1895; Lafitte 1944) hitan, hitara, hitarik… gomendatzen da. Baina testuetan maizago ageri da hiregana(t), hireganatu, eta zaharrenetan hire baitan arrunta da. Leizarragak hireganik erabiltzen du. Zernahi gisaz, hi baitan, hitan edo hiregan ere erabiliak izan dira, egileen arabera. Instrumentalean hitaz da maizen agertzen den aldaera.

13.3.3. Zu

13.3.3a Zu da bigarren pertsona singularrari dagokion izenordain erabiliena. Hau da, gaur egun, bigarren pertsona singularraren erabilera neutroa, ez-markatua. Hasieran plurala baldin bazen ere, gaur egun singularraren balioarekin erabiltzen dugu. Pluraltasun horren aztarnak aditzean ageri dira: gu gabiltza / zu zabiltza. Singularrean, ordea: ni nabil / hi habil. Aski garbi ikusten dira hor pertsonen markak: nin; hih; gug; zuz. Baina plural marka ere ageri da gu eta zuren kasuan: -tza. Beraz, simetria handia dago ni/hi eta gu/zu izenordainen artean: nabil/habil; gabiltza/zabiltza. Baina behin zu singularrera pasaturik hark utzi tokia zuek izenordain berriak bete behar izan duenean, asimetria handiak sortzen dira. Batetik, adibidean ikusten den gisan -tza pluralgilea ageri da orain singularrean (zabiltza), eta bestetik, zuek izenordainaren marka berriak gaineratu behar dira: nabil/zabiltza; gabiltza/zabiltzate. Gauza bera haiek zuek ikusi zaituztete perpausean, non hasierako z- baita pertsona, tarteko -z- pluralgilea, eta lehenbiziko -te- hori sisteman gaineratu behar izan den hala moduzko pluralgilea, azkeneko hirugarren pertsonaren -te horren aurrean jarri dena.

13.3.3b Instrumentalean zutaz da formarik erabiliena tradizioan; zugana adlatiboan da tradizioan ageri dena, eta Iparraldean gehiago zuregana (gaurko idazleek ere zuregana forma maiteago dute; zure baitara aise gutxiago erabiltzen da). Ablatiboan zureganik (Iparraldean) eta zugandik (Hegoaldean). Horiek baino gutxiago zutarik eta zure baitarik.

Jende gehienentzat bigarren pertsona singularreko izenordain bakarra da egun zu hori. Batez ere hi urrun ikusten dutenentzat. Hi eta zu, biak erabiltzen dituenak, ordea, bata aldi edo parada batzuetarako gorde dute, eta bestea beste batzuetarako. Adibidez, aitari edo amari zu esango diote, baina adiskideari edo anaiari, beharbada, hi.

13.3.3c Zu alokutiboa ere badugu (edo xu alokutiboa). Lehenago hi alokutiboa aipatu da: joan da esan beharrean, hiztunak joan duk edo joan dun hauta dezake, alokutiboari bide emanez hola. Baina badugu duzu/duxu alokutiboa ere. Beraz: joan da (neutroa) → joan duk/n edo joan duzu/xu. Ekialdean bakarrik erabiltzen da, batez ere Zuberoa inguruan. Baina erabileraren nondik norakoak nahiko nahasiak dira141, zernahi gisaz.

13.3.3d Badu zu izenordainak beste erabilera bat ere: batzuetan modu inpertsonalean edo generikoan erabiltzen da. Jo dezagun norbaitek galdetzen duela holako zerbait talde baten aurrean: Nola joaten da Gasteiztik Lezora? Erantzun mota asko izan ditzake galdera horrek, eta horietako bat holako zerbait izan daiteke: Errazena hau da: hartzen duzu Iruñeko irteera, eta bide nagusitik joan behar duzu Altsasu aldera… Hor ageri diren bi duzu horiek duzu arruntak izan daitezke, nolabait ere esateko, elkarrizketa batean hiztunaren aurrean dagoen pertsonari erreferentzia egiten diotenak, edo inpertsonalak ere izan daitezke, da aditzaren ordainak (hartzen da… joan behar da…). Iruzkin batean norbaitek esan dezake, inori ere zuzendu gabe: bizitza gero eta laburragoa duzu. Edo batzuetan ohartu gabe sartzen zara espero ez duzun saltsetan bezalakoetan ere inpertsonala izan daiteke. Kasu horretan ere inpertsonala da.

13.3.4. Berori

13.3.4a Berori ere bigarren pertsona singularreko izenordaina da esanahiaz, forma aldetik hirugarren pertsonarena hartzen badu ere: berori joango da, berorrek erabakiko du (zu joango zara, zuk egingo duzu). Errespetuzko izenordain pertsonala. Gaur egun baztertu eta ahaztuxea dugu. Pluralean beroriek egiten du. Erakusleen sailekoa, hortaz. Jaungoikoak egun onak eman dagiozala esaten dio Peruk Maisu Juani eta aurreraxeago honela segitzen du testuak: Berori bezain jaun apaindu batek oinak ipini ardan-etxe honetan? Goizean berori, eguerdian zu, arrastian hi eta gauean lepora, dio esaera zaharrak.

13.3.4b Formari dagokionez, bi morfemak osatzen dute: hori erakusleak eta ber partikulak. Kategoria garbikoa ez den partikula hori izenen edo aditzen aurrean (edo atzean) erabiltzen da: ber gizona; ber adina; zure ber adinekoa; ber gisan eta abar. Bera hirugarren pertsonako izenordainean ere ageri da (ber + a). Eta aditz batzuen aurrean, ‘bakarrik’ esan nahi duela: Ala juduen ber da Jainkoa? Batzuetan ‘hain zuzen ere’, ‘… neurrian’, ‘ba- … ere’ eta abar esan nahi du: Honetakotz ber suszitatu haut, erakuts dezadantzat hitan neure boterea (Leizarraga); … mugagabea eta betierekoa dela onartzen den ber (Xarriton); Ez dut inporta eskualdun diren ber (Oxandabaratz).

13.3.4c Autore batzuek hori forma hutsa erabili izan dute, berori adierazi nahi duela: OEHk Hori izan da eta Horrek erran du (= zu izan zara; zuk erran duzu) biltzen ditu; Berrogeita sei urte kostatu da tenplo honen egitea, eta horrek (= zuk) goratuko du hiru egunez? (Leizarraga); O jesus, hori nirea, eta ni horrena betikoz (Leizarraga); Honetan oiltan dut errespuesta, horrek (zuk) azken kartan erraiten didanean gaitzena (Mendigatxa). Gaiarrek hainbeste maite zuen tia Juanari egiten dion gutunean ere ageri da: … ta ori, nola dago? Naidia xin ona ichasoaren ecustra? Anizko andi da (… eta hori, nola dago? Nahi dua jin hona itsasoaren ikustera? Anizko handi da).

13.3.4d Eguneroko hizkuntza arrunterako agian balio ez duen forma dugu berori hau, baina hizkuntza maila formalagoetan erabilgarria gerta dakiguke beharbada (eskabide ofizialak, instantziak… egiteko orduan, esate baterako).

13.3.4e Tradizioan badu indarra eta Lazarragagandik (Berorren zerbitzaria naiz eta) hasita baditu lekukoak Hegoaldean, salbu absolutiboan (berorri), hau XX. mendeko kontua baita. Erdarazko Su Eminencia, Su Ilustrísima, Su Excelencia… eta holakoen ordezko erabili izan da. Gaurko literaturan ere badira franko adibide.

13.3.5. Gu

13.3.5a Gu da lehenbiziko pertsona pluraleko izenordaina. Pertsona bati baino gehiagori egiten dio erreferentzia, baina pertsona horien artean hiztuna bera ere sartzen da, hau da ni + beste zenbait pertsona da gu hori. Beste pertsona horiek agerian egon daitezke edo ez: batzuetan elkarrizketatik kanpoan direnak ordezkatzen ditu. Hiztunei egiten die erreferentzia, baina beste batzuetan hiztunari gehi entzuten dutenei ere.

Ergatiboan guk egiten du, baina Lazarragak guek erabiltzen du (absolutiboan eta ergatiboan) gu eta guk aldaerekin txandakatuz. San Millango glosetan ere guek ageri da ergatiboan. Genitiboan “etxekoak” izendatzeko erabili izan da tradizioan: gurekoak (‘gure etxekoak’). Esanahia dela eta, batzuetan badu jeneralizazio kutsu handiagoa: Krisia gu ari gara ordaintzen; Gu hemen hobeki bizi gara; Zer eginen dugu errepidean poliziak geldiarazten bagaitu?; Hondartzan joan-etorrika ibiltzen garelarik… Holakoetan gu hori gazteak, kontinente batean bizi direnak eta abar izan daiteke.

13.3.5b Batzuetan gure buruarekin (sing.) ari garela erabiltzen ahal dugu gu (pl.) ere: Lasai, Patxi, baretu gaitezen behingoan!; Berriz ere sartu dugu hanka eta abar. Egiletasunaren plural gisa ere erabiltzen dugu zenbaitetan: Lan honetan adierazi nahi dugu… (nahiz lana batek bakarrik sinatu); Liburua amaitzea asko kostatu zitzaigun; Ez dugu beldurrik onartzeko… Plural mota hau “apaltasunezko plurala” deitu izan dute batzuek. “Plural soziatiboa” izenekoan nori zuzentzen diozun mezua, hura ere sartzen duzu plural horretan, jendetasuna adieraziz: Zer moduz gaude gaur?; Zer, gaur ere ezin dugu lo egin?; Eta, nola goaz ingelesarekin?… Horren aldaera batean testu irakurlea ere sartzen dugu plural horretan: Aurreko pasartean ikusi dugun bezala…; Halako orrialdean azpimarratu dugunez…

13.3.6. Zuek

Zuek aldaera bigarren pertsona pluralari dagokio. Forma berriagoa da, esan bezala. Pertsona bat baino gehiago aipatzen da, baina horien artean dago bigarren pertsona (hi, edo zu, zeren berori izenordainak badu bere plurala) ere, hots, hiztunaren aurrean dagoen entzulea. Plural hurbilean zuok ere erabiltzen da, batez ere bizkaieraz, hizkeran, nahiz literaturan badiren bizkaieraz kanpoko idazle zenbaiten adibideak ere. Euskalkien arabera, aldaera asko ditu izenordain honek: zubek, zuik, zek, ziek (Tartas, J. Etxepare, Larzabal, Larre…) eta abar.

13.3.7. Beroriek

Beroriek da berori izenordainaren plurala, eta errespetuzko tratamendua adierazten du: … baina etorriko da garaia, beroriek agindu eta nik obedituko dudana.

13.3.8. Bera

13.3.8a Hirugarren pertsonari dagokionez beti izaten dira arazoak eta ez da batasunik ikusten gramatiketan. Ez da hau euskararen kontua bakarrik. Hizkuntza askotan gertatzen dira zalantzak hirugarren pertsonako izenordainak sailkatzeko orduan. Batetik, badirudi, egiazko pertsonak (erreferentzia zuzen, zehatz eta bakarrekoak) lehenbizikoa eta bigarrena direla. Hirugarren pertsonako izenordaintzat hartzen dira gaztelaniaz, lehen eta bigarrenarekin batera, él, ellos, los, ella, ellas, la, las, ello eta abar. Frantsesez ere il, elle, on, ils, elles eta abar sartzen dira. Ingelesez ere gauza bera: he, she, it eta abar.

Euskaraz, oro har, artikulua erabiltzen dugu: etxea. Edo erakuslea: etxe hori. Bizkaieraz ha etorri da eta holakoak arruntak dira, estandarrean hura etorri da perpausaren parekoa. Hor ikusten da berez a artikulua erakusle ahuldua besterik ez dela: etxe huraetxea. Plural hurbila deitzen dugun -ok ere bakarrik ager daiteke zenbait euskalkitan, eta hor ere erakuslea da: Hok izan ziren mediku xaharraren azken hitzak (J. Etxepare); Hok ardura dute elkarretarat biltzea plazaren erdirat (J. Etxepare); Bertzeentzat ari da, uste duelarik hok ordaina edo zerbait gehixeago emanen diotela (Leon); Hok dira gure Printzesaren laur andereak edo neskatoak (Tartas); Alabainan ez baitira hok oro berak egiten (Hiriart-Urruti). Kasu horietan guztietan izenordain gisa erabilitako erakusleak dira.

Berdin hek (= haiek) determinatzailearekin ere, aski arrunta Iparraldeko idazleetan, izenordain gisa erabilia: Orduan hek mehatxurekin utzi zitzaten joaitera (Leizarraga, oso arrunta da eta etengabe erabiltzen du); Iragaiten baitziren hek ziren bidetik (Larregi); Eta orduandanik hek maite zituen (Pouvreau); Erran izan zioten hek (Haraneder). Jakina, determinatzaile gisa ere arrunta da: Begietan sukar bat bazuten gizon hek (Barbier).

13.3.8b Determinatzailearen aztarna garbia hura-ren kasu marka batzuetan mantentzen da: haren, hari, harekin… Baina hura, absolutiboan, erakuslea da (este, cet edo this-en pareko), etxe hura ederra da, zenbait kasutan izenordain gisa erabilia: hura etorri da. Pentsa daiteke, hala ere, horietan guztietan izena isildu dugula, nahiz beste batzuetan zalantzak sor daitezkeen hori hala dela pentsatzeko: Mikelekin egon naiz eta harekin nintzela etorri da Itziar. Zernahi gisaz, gramatika honetan ez ditugu holakoak izenordaintzat hartuko, baizik erakusle determinatzailetzat, batzuetan aurreko izena isildurik geratzen dela. Gainera, holakoetan joera handia dugu hor ez harekin baizik berarekin esateko: Mikelekin egon naiz eta berarekin nintzela etorri da Itziar. Beraz, nekez esan dezakegu, salbuespen horiek kendurik, euskaraz ere badugula egun hirugarren graduko izenordain arruntik. Badirudi egokiagoa dela esatea berez erakusle determinatzaileak ditugula euskaraz, zenbaitetan pertsona izenordain gisa ere erabiltzen ditugunak.

13.3.8c Hirugarren graduko erakuslea da bera ere. Askotan erabiltzen duguna pertsona izenordain gisa. De Rijkek (2008: 114) ere “Quasi Pronoun” deitzen du. Berez erakusle izanik, izenordainaren zeregina hartzen duenean bere egiten du genitiboan: Berak esana da jaiotza, koitoa eta heriotza direla bere gaiak. Aldiz, izenordain papera hartu ez eta determinatzaile gisa ageri denean (mutil bera, mutila bera) beraren erabiltzen dugu: mutil beraren (*mutil bere), mutilaren beraren (*mutilaren bere). Geroago itzuliko gara berriz ere gai honetara. Erakusle indartutzat hartu izan da gramatiketan (EGLU-I: 90), baina benetan hirugarren graduko erakusle indartua huraxe da. Bera gehiago da lehen aipatutako zerbaiti erreferentzia egiteko modua.

13.3.8d Bera-ren plurala berak/berek izan daiteke, edo beraiek: Trufa haiek berak ordea probetxu handitakoak dira (Mihura); Hitzok berak ezarri nituen Eskualdunean duela bi urte (J. Etxepare); Eta ardi haiek berak zaintzen zituen udan, bortuan (J. B. Etxepare); […] munduan ibili zenean predikatu eta erran zituen gauzak berak […] (Beriain); Xede berak, osoki berak, izanik ere (Hiriart-Urruti); Eliza bertan Jaungoiko berari otoi egin eta lehenengo Jauna hartu, jolas berak elkarrekin egin, gose eta ase berak elkarrekin igaro, soinu berarekin poz-dantzak beheko eta goiko plazan egin (Ugalde); Eta erreboteko harriek berek baitituzte beren zulo eta zizkak (J. Etxepare).

Beraiek maizago ikusten dugu izenordain gisa erabilia. Zubererazko testuetan ageri da XVIII. mendean eta gero Hegoaldean, batez ere XX. mendean: Esan dezakegu, bada, guk ere beraiekin Kredoa edo Sineskuntza apostoluek erakutsia dela (Inza); Bai gorde ere eramaten zizkiotenak, beraiek ere sumatuko ez zuten tokian (Orixe); Aitaren tesorotik dirua nik baitut harturen, eta gero ihesi beraiekin bainaiz eskapaturen (Xarlem pastorala); Negatibotasun hau da beren egiletasunaren ezaugarria, baita beraien ezarpen eta iraupenerako funtsezko baldintza ere (I. Mendiguren). Guztiz hedatua da beraiek izenordaina eta gaur nagusia zalantza gabe testu idatzietan, ez dago, ordea, ofizialki onartua Euskaltzaindiak emandako paradigmetan.

Dena den, determinatzaile gisa ere (OEHk “adjektibo gisa” aipatzen du) erabiltzen dugu, baina aise gutxiago: Pietatezko eta debozionezko sentimendu beraien inspiratzez beste kristau orori (Mercy); Bazter beraietan baziren zenbait artzain, gauez basoan beren artaldearen zain zeudenak (Iraizoz). Aposizioan, ordea, arruntago: Indioen beraien ustez, ordea, irakaspen ona izan liteke izurria (Garate); Indioak beraiek ere eritu egiten dira maiz axolagabekeriagatik (Garate).

13.3.8e Eurak ere hirugarren gradu pluraleko izenordaina da. Lazarragak erabiltzen du dagoeneko, eta oso arrunta da bizkaierazko testuetan. Gipuzkeraz erak ageri da batez ere: Eurak biak ohi zebiltzan (Lazarraga); […] eta eurek ez dakitela hartu die urak inguru guztia (Etxeita); Militarrak sublebatu ziren, gobernua batetik eta eurak bestetik (F. Etxebarria); Gezurretan ari gara euren aita naizela, ezta? (Gabiria).

Eta aposizioan: Ezta lapurrak eurak ere (Bitaño); Gibela, baserritarrek eurek hartu zuten, ohi zen legez, eta baita bihotza ere (Erkiaga); Hain izaki ahaltsuak ez ote du jainkoek eurek baino izu handiagoa eragingo? (X. Amuriza); Alemanak eurak, osaba Vilisen arabera, “jabetu dira itxaropenik gabeko egoeran daudela fronte guztietan” (Urrutikoetxea).

13.4. Pertsona izenordain indartuak

13.4.1. Aldaerak

13.4.1a Lehenbiziko eta bigarren pertsonei dagozkien izenordain horiek badituzte forma indartuak ere. Izenordain indartu horiek direla eta, bi arazorekin egiten dugu topo: izenordainen forma aldatu egiten da euskalki batetik bestera, eta forma horien erabilerak ere muga sintaktiko batzuk ditu.

13.4.1b Formari dagokionez, aldaera hauek guztiak aurkitzen ditugu tradizioko testuetan:

singularrean: 1) nineu (neur), nihaur (nihau, nihauri, nehaur, niñaur, nihor, ñaur), nerau, neroni (neoni, neror, nerone, nedoni, negoni, nagoni, neuni, neone, neune, neroi); 2) hiheu, hihaur (hiaur, ihaur, ihau, hihau, hiau, yaur), hihaurori, hioroni, heroni, herori (heori, hehori, heror); 3) zuzeu (zeur), zuhaur, zerori; 3) berori berez da forma indartua eta horregatik aldaerak baizik ez ditu (bedori, beroi, bere-beroi);

pluralean: 1) gugeu (geur), guhaur (guhau, gihaur, ginhaur, gaur, gihau, guhar), gerok, geroni (guhoni, gehori); 2) zuekzeuek (zeubek, zebek, zeurek, zaurek), zuhauek (zuihauk, zuihauek), zeurok (zeuok, zebok), zerok (zeok).

Hirugarren pertsonan bera erakuslea erabiltzen da, izenordain gisan. Ikusten denez, aldaera asko dira horiek. Horrek ez du esan nahi, hala ere, desberdintasuna euskalki kontua bakarrik denik. Euskalkien arabera aldaera bat edo bestea ikusiko dugu (bat baino gehiago, batzuetan), baina ikerketak egin behar lirateke noiz eta nola erabiltzen den aldaera bakoitza.

13.4.1c Aldaera horien artean, Euskaltzaindiaren Hiztegiak ontzat ematen ditu neu, nihaur, nerau; heu, hihaur, herori; zeu, zuhaur, zerori; geu, guhaur, gerok; zeuek, zuhauek eta zerok (horregatik azpimarra testuan). Eta espresuki baztertzen du *geroni. Beste aldaera guztiei buruz ez du ezer ere esaten. Beraz, aske geratzen dira egilearen esku, nahiz batasunak eskatzen duen onartutako aldaeren aldeko erabilera bultzatzea.

13.4.2. Erabilera

13.4.2a Noiz erabiltzen dira forma arruntak, eta noiz forma indartuak? Galdera horrek ez du erantzun errazik es sinplerik, besteak beste, erabilera desberdinak ditugulako euskalkien arabera. Hasteko, mendebaleko euskaldunek ekialdekoek baino joera nabarmenagoa dute forma indartuak erabiltzeko.

Sebero Altubek (1929: 99) neu, zeu, geu sailekoei “formas reproductivo-intensivas deitzen die (eta oro har, -xe amaiera dutenei) eta, dioenez, galdegaiaren tokian erabili behar dira: Zeuk daukazu errua (Mogel); Zeuk mankatu duzu atzo gaixoa (Mogel); Neu naiz barberurik asko (Mogel); Azken buruan, ez ninduten bulkatu, nerau sartu nintzen neure baitarik (Mitxelena); Badira hemen guraso diren irakasleak eta irakasle diren gurasoak: nerau nauzu bat (Mitxelena); Ez nauk hola mintzo segurki, neroni Saratarra naizelakotz (J. B. Elizanburu). Adibide horietan denetan izenordain indartuak galdegaiaren lekua betetzen du.

13.4.2b Hala ere, horrek ez du esan nahi galdegaiaren tokian beti forma indartua erabili behar dugunik. Honako perpaus hauen tankerakoak ere aski arruntak dira gure eguneroko hizkuntzan, eta hor, galdegaia izanik ere, forma ez-indartuak ageri dira: Zuk duzu errua; Ez da zer ekarri barberurik: ni naiz barberurik asko; Badira guraso diren irakasleak eta irakasle diren gurasoak: ni nauzu bat. Ez bakarrik dira perpaus arruntak: erabilera hori da, hain zuzen ere, ekialdeko euskaldunen joera nagusia. Mendebalekoentzat, aldiz, aldaera indartuak erabiliagoak dira aldaera arrunt horiek baino. Horren arrazoia hau izan daiteke, izenordain indartuek nolabaiteko kontrakotasuna edo, adierazten dutela dirudi: Zeuk daukazu errua (eta ez beste inork); Zeuk mankatu duzu atzo gaixoa (eta ez bestek). Bistan denez, kontrakotasun hau berez dago lotua galdegaiarekin ere142.

Baina kontrakotasun hori markatu gabe ere, mendebalean erraz aurkitzen dira forma indartuak (Barrutia 1997): Nor da hor? —Neu; jaikitzeko ordua da (Mogel); Oraintxe esan duzu bat, eta hona neuk antzina entzun nuena (Mogel); Bata Anjelen amak ipini du, erantzun zuen Josepak —Eta bestea? —Bestea neuk —Zeuk? (Mogel).

Laburtuz, hortaz: ez da beharrezkoa forma indartuak erabiltzea, euskalkien kontua da; forma indartuak galdegaiaren gunean errazago erabiltzen dira, eta kontrakotasun mota bat ere uzten du perpausak agerian. Baina bestelako adibideak ere, kontrakotasunik gabeko inguruneetan, ez dira falta.

13.4.2c Galdegai ez izan arren, beste ingurune batzuetan ere erabiltzen dira forma indartuak. Tradizioan arruntak dira neu bezalako izenordainak ere partikularen aurrean: Neuk ere banekien (Agirre); Nahi nikek neurorrek ere gizona entzun (Leizarraga); Neuk ere Frantziako Burgosen ikusia daukat bai (Labaien); Nik neuk ere dirua banu… (Barrutia); […] ta nerau ere izanik hain txarra (Lizarraga); Nihaur ere ibili naiz anitzetan… (Etxepare); Nihauri ere, ez banintz saindu izan… (J. Etxepare); Erran behar dut, nihaurek ere huts horietarik asko egin ditudala (Lafitte). Antzeko zerbait gertatzen da behintzat-ekin, erabilera mugatuago den arren: Neu behintzat baietzean nago (Kirikiño); Neu behintzat pozik nago (Lauaxeta) eta abar. Ezin da hitz egin forma indartuez, denak erabilera berdintsua balute bezala. Bistan da oinarri neu hartzen dutenak direla erabilienak tradizioan. Eta, bestetik, ere partikula dela gehien ageri dena (behintzat eta behinik behin baino aise gehiago). Literatura modernoan ere gauza berbera gertatzen da, testuetan ikusten denez. Aski adibide gutxi ditugu ere-z bestelako adberbioekin. Jakina, hori ez da galdegaiaren tokia. Baina badirudi hor ere kontrakotasun mota bat badela. Adibidez, ikus dezagun hurrengo perpaus hau: 1929an euskalzaletu nintzen […] neuk ere nola ez dakidala (Mitxelena). Hori beste modu honetara eman daiteke: 1929an euskalzaletu nintzen, nola izan zen bestek ez dakiela, eta neuk ere ez.

13.4.2d Batzuetan izenordain arrunta eta izenordain indartua elkarren segidan ematen ditugu. Hori batez ere neu sailekoekin gertatzen da: Ni neu joango naiz. Dozenaka adibide aurkitzen dira tradizioan, eta gaur egun ere indar handia du. Kasu gramatikalekin (absolutiboa, ergatiboa eta datiboa) gertatzen da hori, ez besteekin: Nik neuk lehen esaten nuen moduan…; Nik neuk argitaratu nuen hori; Niri neuri ez didate holakorik kontatu; Hori niri neuri ez dagokit eta abar. Forma horiek maiz erabiltzen ditugun gizonak berak eta antzekoen parekoak direla esan daiteke: nik neuk esango nioke / haurrak berak esango lioke.

Gainerako saileko izenordain indartuekin aurkitzen diren adibideak aise urriagoak dira, nahiz badiren batzuk: Eni nihauri idokitzen du (Maister). Badira beste hibrido batzuk ere: Nik nihaur baitan ezagutzen dut (Maister). Gaurko literaturan ez da ia holakorik ageri.

Konturatzen garenez izenordain indartua aposizioan doa, eta aurretik duen izenordain arruntaren kasu marka bera hartzen du. Molde hori da gehien erabiltzen dena. Bada, zernahi gisaz, salbuespenik ere. Izenordain indartua ergatiboan baldin badoa, arazorik gabe onartzen du izenordain arrunta absolutiboan. Hola, gehien erabiltzen dena nik neuk moldea izanik ere, badira bai literatura klasikoan eta gaurko idazleen artean ere ni neuk moldekoak: Ni neuk ez dautsat gitarra horri soinu gehiagorik aterako (Otxolua); […] neskak ni neuk maite (Orixe); Egon naiz ni neuk maite dudanaren erantzuna noiz helduko (Azkue); Ni neuk nere burua (Webster); […] ze ni neuk irentsi egin nuen (Jimenez); Eta ni neuk etortzeko erabili dudana (I. Mendiguren).

13.4.2e Horien ordez nik pertsonalki gisako itzuliak entzuten dira batzuetan elkarrizketetan, baina ez dute horiek inolako lekukotasunik gaurko literaturan. Bai, ordea, tradizio klasikoan, Leizarragak, Haranburuk, Mirandek eta Etxaidek erabili izan baitute: Errege handi honen trono judizialaren aitzinean konparitu behar ukanen dute on eta gaixto guziek pertsonalki (Leizarraga); [esaiozu] bera pertsonalki lehenago bezala estimatzen dudala ene baitan (Etxaide).

EGLUn (I: 44) esaten da nik neuk eta holakoen ondotik eten bat egin behar dela, eta horregatik ezin dela izan hori galdegaia. Galdegai izateko aski dela neu bakarrik erabiltzea (azken hau ez da hola esaten, hitzez hitz, baina badirudi han esaten denetik hori ondorioztatu daitekeela). Egia da hori askotan hala dela, eta arrunta dela, gainera, ez bakarrik etenaldia baizik ere, behintzat eta horien aurrean jartzea (seinale, hortaz, ez dela galdegaia, ikus § 41.4): Nik neuk, berriz, ez dut oraindino horrelako buruhausterik hartu nahi (Erkiaga); Nik neuk ere eskolarik ez nuen ikasi eta (Erkiaga); Nik neuk, egia-egia, gurago nuke […] (Azkue). Baina beste batzuetan argi ikusten da galdegaia dela: Nik neuk adieraziko diot laster […] (Erkiaga); Nik neuk egin dut neurea (Zamarripa); Nor jabilk on-bila, mutil, ez txar-bila ere?Nik neuk (sic, Azkue); Eta egingo dut nik neuk egin behar dudana (Otxolua).

13.4.2f Nik neuk esango nioke eta haurrak berak esango lioke parean jarri ditugu. Honek bera quasi-izenordainari buruz zerbait esatera garamatza. Berez, erakusle indartua da izenordain gisa erabiltzen duguna maizkara: Bera etorriko da; Berak ez du holakorik esan; Hantxe ikusi genuen bera eta abar. Aise gutxiago gertatzen da hori forma arrunekin (hau, hori, hura), horiek ageri diren gehienetan izena isildutzat ematen baitugu. Lehen aipatua izan dena berriz aipatu beharrean erabiltzen da bera, bai mendebalean bai ekialdean143. Horrek esan nahi du itxuraz forma indartua izanik, berez forma erreproduktiboa ere badela, Altuberen hitzetan: Eleizalde zenaren izen maiteak baditu zenbait kutsu, berak ez baitzuen bere usteak […] izkutuan gorde sekula (Mitxelena). Adibide horren parean, hala dio EGLUk (I: 45), beraren ordez, ez genuke neu edo zeu edo horrelakorik erabiliko. Galdegaia balitz bakarrik144.

13.4.2g Ekialdeko euskalkietan izenordain gisako erakusle indartu hauek badute beste balio bat ere. Alegia, berak egin du edo nihaurk esan diot diotenean, berak eta berak bakarrik edo nik eta neuk bakarrik esango balute bezala da.

13.4.2h Zernahi gisaz, alde batera utzirik forma indartu hauek guztiak noiz eta non erabiltzen ditugun, forma arruntak nonahi erabil daitezke, arazorik gabe. Hona hemen Mogelen adibide batzuk: Goazen laster ikustera txerri hila, eta nik esango dizkizut izenak; Zuk esan duzuna egia bada…; Hala jazotzen da nik ezagutu ditudan zure behargintzakoekin; Hala esaten diogu guk.

Bokatiboetan, ordea, genitiboan doazenak kendurik, ez da tokirik forma indartuentzat: Zu/*zeu, adiskide, zatoz hona; Hi/*heu, Joxe, nola habil? Hala ere, gure literaturan adibideak aurkitu daitezke, betiere genitiboan: Suplikatzen dizut, neure jauna (Arzadun); O, neure anaia! (Mogel); O, neure Jaungoiko handia (Agirre); Neure jaun maitea, joan zatzaizkit lurretik, baina ez gogotik (Axular); Neure jaun maitea, eta ohoratua (Tartas). Baina genitiboaz gain, ez dugu bestelako adibiderik aurkitu.

Harridura kutsua duten perpaus batzuetan ere aurkitzen dira izenordain indartuak (Barrutia 1997: 171): Jolaserako gogo handia daukazu, zeuk, baina erruki gutxi (Agirre); Horiek gauzok aurpegian ikusten dira. Ondo sinesgaiztoa zaude zeu (Agirre).

Perpausa ezezkoa denean nekezago ikusten dira forma indartuak. EGLUk espresuki baztertzen zituen ingurune horretan (I: 45-47). Baina tradizioan badira lekukotasun batzuk: Zeuk ez dakizu bada? (Agirre); Bai da… Neusk ez dut ezagutzen? (Agirre); Ikusten da zeuk ez dituzula irakurtzen Unamunoren idaztiak (Lauaxeta); Zeuk ez dituzu bada guztiak musuan (Arrese Beitia); Zeuk ez duzu piztu goian eder-eder eguzkia? (Manterola); […] Zeuk ez ikusirik zeure begiko ajea? (Añibarro). Gaurko literaturan ere badira adibide batzuk, nahiz ez asko. Joera aise handiagoa da baiezko perpausetan. Beharbada, argi pixka bat eman dezake kontu honetan hurrengo adibide honek: Ez dut nik ixil-eraziko; bere kontzientzian eraman behar duen harrak ixil-eraziko du (Mitxelena). Adibide horretan nik erabili du Mitxelenak ez horren ondotik. Baina bere idazkera ezaguturik badirudi baiezka emanik errazago aurki lezakeela leku aldaera indartuak: Neuk isilaraziko dut, ez bere kontzientzian eraman behar duen harrak. Baina hor, dena esan behar da, galdegaia ere bada.

Bestalde, zati galderetan normala da izenordain indarturik ez agertzea, galdetzailea bera izan ohi baita galdegai. Horregatik, izenordaina, galdegai ezin izan daitekeenez, forma soilean agertuko zaigu, ez forma indartuan. Baina hori, nolanahi ere, joera da, tradizioan aurkitzen ahal baitira joera hedatuen horren kontrako adibideak ere: Nor zara zeu? (Etxeita); Nora zoaz zeu, Santi? (Azkue); Gainera nora zatoz zeu don Bernardorekin? (Lauaxeta); Zeuk zergatik ez didazu esan zeurea? (Agirre).

Galderazko perpausa bai-ez erakoa denean errazago ikusten dira aldaera indartuak: Zeuk egin duzu edo besteri eman diozu egiteko?; Beldur zer neronek esango ote nion eta abar.

13.4.2i Esan dezagun hortaz aldaera arrunten eta indartuen artean hola bereizten dela, grosso modo (joera nagusiak dira hauek, ez modu batera erabiltzeko arauak edo bestera ez erabiltzeko debekuak): forma indartuak galdegaiaren tokian (neuk egingo dut) eta, galdegaia ez bada, ere, behintzat… eta holakoen ondotik (neuk ere ikusiko dut) eta ni neu, zu zeu eta holako itzulietan (ni neu joango naiz); forma arruntak, berriz, ezezkakoetan (ni ez naiz hurbilduko), zati galderetan (noiz joango zara zu?) eta bokatiboetan (zu, Maria, etorri hona!).

13.5. Forma indartuen genitiboaren forma

13.5a EGLUk dio arazo berezia gertatzen dela genitiboan forma indartu hauekin. Neronen daukagula alde batetik eta neure bestetik. Eta ba ote den bien artean diferentziarik galdetzen du. Eta erantzun ere: “Badirudi euskaldunek ez dituztela bereizten —agian jatorriz desberdinak baziren ere— eta batzuk forma bata erabiltzen dutela eta besteek bestea, baina zeharo baliokideak dirudite” (EGLU-I: 47).

Eta hori hala da: neronen da neroni-ren genitiboa, eta neure, berriz, neu-ren genitiboa. Tradizioari dagokionez, neure eta neronen bai ekialdean eta bai mendebaldean ageri dira. Uriartek, esaterako, biak erabiltzen ditu (neure, aise gehiago), eta ez da batere erraza bereiztea zergatik aukeratzen duen bata edo bestea, non eta ez den estilo kontua, besterik gabe. Baina neu eta neroni absolutibo kasuen bereizketa markatuagoa da, neu ez baita ageri ekialdean (Mirande da salbuespena, baditu zeu batzuk).

13.5b Bera izenordain gisakoarekin baditugu arazo batzuk. Hasteko, lehen esan dugunez, bera hori ez da beti izenordaina. Batzuetan determinatzailea da (edo adjektibo gisa erabilia, nahiago bada): Mahai beraren lau izkinetan. Aposizioan ere ager daiteke: Gazteluaren beraren azpian dago. Beste batzuetan izenordain gisa erabiltzen dugu (bera etorri da). Bada, determinatzailearen genitiboa beraren da, eta izenordain gisakoarena, berriz, beraren batzuetan, eta bere beste batzuetan, nolakoa den testuingurua. Inguruaren arabera, bereizketa hau gertatzen da: Miren, beraren etxera joan da (Mirenena ez den etxera joan da), Miren bere etxera joan da (Mirenena den etxera joan da).

Ohart gaitezen, bera-k banaketa markatua duela perpausean. Ez da kontua hura eta bera-ren artean aukeran dugula arrunta nahiz indartua erabiltzea, noiz zer nahi dugun. Hasteko, bera-k, hura-k ez bezala, gehien-gehienetan pertsona bati egiten dio erreferentzia: hura etorriko da, hura ikusi dugu… bezalako perpausetan hura hori pertsona, animalia edo gauza izan daiteke. Baina bera etorriko da, bera ikusiko dugu… gisakoetan, bera hori pertsonari dagokio. Aldi berean, oraintxe bertan edo oraintxe berean bezalakoak erabiltzen ditugu, baina ez dugu esango *oraintxe han edo holako zerbait. Hau ere nahiko arrunta da beste hizkuntza batzuetan. Testuinguru batzuetan, hala ere, bera horrek pertsona ez den zerbaiten erreferentzia har dezake: Utzi ordenagailua mahai gainean, bera bakarrik itzaliko da minutu batzuk pasatu ondoren.

13.6. Han, bertan, berean

13.6a Erakuslea inesiboan erabiltzen dugularik determinatzailea izan daiteke, izenordain gisa erabili erakuslea, edo adberbio hutsa: “mendi hartan” → “hartan, han”: Mendi hartan bada borda bat; Zeintan? Hartan; Non? Han. Adibide horietan ikusten ditugu hiru kasuak: Mendi hartan (sintagma determinatua); Hartan (izenordain gisa erabilitako erakuslea); Han (adberbioa).

Forma indartua erabiliz gero, hau gertatzen da: mendi berean. Ez dirudi *mendi bertan erabiltzen denik, ordea. Eta alderantziz gauza bera: bertan bizi da bai, baina ez *berean bizi da. Hortaz, bertan beti adberbio gisa erabiltzen dela esan daiteke. Ez da arazorik aposizioan erabiltzeko, ordea: mendian bertan / mendian berean. Hegoaldeko euskalki batzuetan baten ere erabiltzen da berean horren ordez, baina badirudi erabilera murritzago eta mugatuagoa duela: etxe baten bizi dira (‘etxe berean bizi dira’).

13.6b Gaur egun bertan formak tokia hartzen dio han aldaera soilari, eta askoz ere gehiago erabiltzen da. Berdin bertatik, bertara aldaerak maizago ikusiko ditugu handik eta hara baino.

13.6c Esan dezagun, oro har, berean (eta kideak) Iparraldean dituztela lekukoak tradizioan, eta bertan (eta kideak) Hegoaldekoak direla. Hala ere, Leizarragak hainbeste adibide ditu bertanekin (bertan bakarrik, ez bertatik, bertara…): Eta bertan eror zedin haren oinetara eta renda zezan espiritua (Leizarraga); Eta bertan oraino hura mintzo zela, lo zezan oilarrak (Leizarraga). Baten batean bertatik eskatuko lukeenaren ordez, bertan darabil: Zergatik haren sortzetik bertan, heriora etortzen haiz haren bizitzaren historia guzia utzirik? (Leizarraga). Lapurdiko beste autore batzuek ere maiz erabiltzen dute aldaera hau, oso arrunta da: Baina Zokoako elizara biltzen direnak ez dira baitezpada Zokoa bertakoak: asko etortzen dira bazter herrietatik (Larzabal); Hemen bertan egon, baina serora bezalatsu biziz, ama obedituz, isiltasun eta otoitzari jarraikiz, lanari ere bai (Larzabal); Laugarrenaren hartzera nihor atrebitzen bada, zuetarik, jakina da bertan ithoko dudala (Goihetxe); […] Sudurrak minar ez zezan, baina bertan senti nezan bihotza suharturik (Oihenart); Zeren ezin bat da niri atxeki diezadazun eta bertan iragaiten diuren plazerei zarfraizten (Pouvreau); Onak berriz hodeietan gora alegerarik aingeruen konpainian joanen dira bertarik (Etxeberri Ziburukoa); Bertan eskaintzen zitzaizkion laguntzat, eta abiatzen lanerat (J. Etxepare); Indar guziak bertan ezarriz nork erranen du gure ahala? (J. B. Elizanburu); Eta ez nuen bertan tenplurik ikusi (Duvoisin).

13.7. Linschmann-Aresti legea

13.7.1. Legearen formulazioa

13.7.1a Pertsona izenordainen bikoizketa, arruntak/indartuak, bereziki interesgarria gertatzen da izenordain horien genitiboan, zeren orduan forma indartuak izateaz gainera, bihurkari ere badirela dirudi: ni… neure…; zu… zeure…; bera… bere eta abar. Hortaz, neure, heure, zeure, geure, bere (eta neronen, herorren, zerorren, geron…) izenordain bihurkariak ditugu. Baina noiz erabili behar dira forma arruntak eta noiz forma bihurkariak?

Lege zorrotzegirik ez dagoela esan daiteke edo erabat betetzen den legerik behintzat ez. Hala ere, hona hemen eman ohi den araua:

Erabil bedi genitibo bihurkaria baldin eta izenordain horrek aipatzen duen pertsona edo izakia perpaus berean aurkitzen bada nor, nori edo nork sintagma bezala.

Nor, nori eta nork sintagma hauek, aditza jokatua bada aditzean agertuko dira eta, orduan, aditzari begiratzea komeni da sintagma horiek ageri diren ala ez jakiteko. Hola, ni neure etxera joango naiz eta zu zeurera perpausean, ni eta zu (hauek dira neure eta zeure genitiboek aipatzen dituzten pertsonak perpaus barruan) nor sintagma bezala ageri dira perpausean: ni joango naiz eta zu joango zara. Horrenbestez, forma bihurkariak erabil bitez. Gauza bera izango genuke baldin eta perpauseko aditza jokatugabea balitz: nik badakit neure etxera joaten (= nik badakit [ni neure etxera joaten]). Perpaus horretan ere, perpaus txertatuan nor sintagmarik ageri ez bada ere, ni dela badakigu, perpaus nagusiko subjektua bera baita perpaus txertatu horren subjektu. Horregatik, hemen ere izenordain bihurkaria agertuko da.

13.7.1b Adibide horietan “Linschmann-en lege”, edo “Linschmann-Arestiren lege” bezala bataiatu zen zurruntasun sintaktikoa145 betetzen da: bihurkaria biltzen duen perpaus txikienak bildu behar du, agerian izan nahiz ez, aurrekaria ere, absolutiboan, ergatiboan edo datiboan. Lapurtar idazle klasikoetan ongi betetzen da legea: ene, hire, zure, gure, zuen eta neure, heure, zeure, geure, zeuen eskema izango genuke. Bigarrenak dira bihurkariak, eta aipatu testuinguruan bakarrik erabiltzen dira. Hola, Ene ardiek ene boza entzuten dute (Leizarraga), non bi ene horiek lehenbiziko pertsona singularrari baitagozkio, baina aditza dute baita, hirugarren pertsonaren formanteekin. Beraz, ez da hor legea betetzeko eskatzen den baldintzarik. Aldiz, Ene ardiek neure etxean ikusten naute, adibidez, edo Ezagutzen ditut neure ardiak (Leizarraga) da legearen aplikaziotik espero daitekeen aldaera, neure lehen pertsona singularrari dagokion genitiboa izanik, aditzaren formantean ere lehen pertsona singularra ageri baita (ditut, alegia).

Legeak ez du balio alokutiboen kasuan: Emazte, handi dun hire fedea! (Leizarraga). Kasu horretan dun hori alokutiboa da, eta hortaz, da ez-alokutiboaren ordaina da (handi da fedea), hirugarren pertsona singularra. Baina hire bigarren pertsona da, ez hirugarrena. Horregatik ez du tokirik aldaera indartuak. Baina Heure Jainko jauna adoraturen duk (Leizarraga) esaten bada, koherentea da, aditzak bigarren pertsonako formantea baitu, eta posesiboa ere bigarren pertsona baita.

Hemen biak batera ikusten ahal ditugu: Hik heure buruaz testifikatzen duk, hire testimoniajea ez duk sinesteko (Leizarraga). Perpaus horretan hik heure… duk katea osatzen da lehenik, formanteek bat eginez, eta ondoren hire… duk katea, baina bigarren duk horrek da esan nahi du, alokutiboa delako, eta beraz, formanteek ez dute bat egiten: hire (bigarren pertsona), da (hirugarren pertsona). Ez da lekurik bihurkariarentzat.

Zukako alokutiboarekin ere betetzen da: Jaungoikoa, egin dizut zure kontra bekatu (Etxepare). Kasu horretan dizut horrek dut adierazi nahi du. Alokutiboa ez balitz, ez litzateke arazorik bihurkaria erabiltzeko: Adiskide, zeure kontra jokatu duzu. Azken adibide horretan katea zeure… duzu horrek osatzen du, eta erabilera koherentea da. Aurrekoan, aldiz, dizut… zure horretan ez luke tokirik zeure bihurkariak, dizut hori da + zukako alokutiboa baita. Alokutiboak ez du baimentzen erabilera hori.

Genitibotik sortutako kasuek ere (enegan, enetzat, enegatik, enekin…) ongi gorde dute legea: Ez genuke geuretzat aski (Axular); Neuretako ez dazagut zu nolako amarik (Etxepare) eta abar.

Bokatiboen kasuan ez du legeak balio: Ene Jainkoa, ene Jainkoa, zeren abandonatu nauk? (Leizarraga); Gaiztoa, ene nekagarria, ala nik gaizki enplegatu baitut hirekiko denbora? (Axular).

Hi eta hire etxea gisako moldeetan ageri dira klasikoen lanetan. Zergatik? Sarasolak dioenez (1980: 436), Salbaturen haiz hi eta hire etxea (Leizarraga) perpausean bi perpaus ditugu sakonean, batean bildurik azaleratzen badira ere: Salbaturen haiz hi eta salbaturen da/duk hire etxea. Jakina, hor ezin jarri heure (katea da/duk… hire etxea baita). Besterik litzateke, bistan da, Salbatuko duk (hik) heure etxea.

13.7.1c Linschmann-Arestiren legea oso modu sistematikoan betetzen dute lapurtar idazle klasikoek, nahiz ez dituzten aukera guztiak baliatzen. Etxepare, Leizarraga eta Tartasek ene eta hire-rekin bakarrik betetzen dute legea. Geure, zeure eta zeuen ez ditugu aurkitu autore hauetan. Leizarragak ez du hutsik egiten, nahiz mila eta bostehun aldiz baino gehiagotan erabili bihurkaria. Tartasek noiz edo noiz huts egiten du (hiru aldiz, dio Sarasolak): Ene puntura joan nadin; Inguratu naute herioaren penek eta ene […] grabitateak nahasi naute. Eta bokatiboarekin ere batzuetan: Bekatorea, neure bihotza, izan zara Parisen. Leizarragak zeuron erabiltzen du itxuraz legez kanpo, baina badirudi ez dela hori zuon sailekoa, baizik gradu hurbilekoa (neurorneurorren, euroreurorren, zeurokzueron eta abar). Axular ere sistematikoa da, salbuespenik gabea. Etxeberri Ziburukoak behin huts egiten du. Legea ongi betetzen ez denean ere (Harizmendi eta Argainaratz) sistematikoa da gure erabiltzea geureren ordez, baina ez alderantziz. Pouvreauk eta Urtek ere ez dute betetzen askotan. Etxeberri Sarakoak betetzen du, baina hutsak eginez. Beriainek eta Elizaldek zuzen betetzen dute legea, beren sisteman. Mendiburuk eta Ubillosek nere/nere; gure/geren; eta zure/zere sistema darabilte, lehen pertsonari dagokiona neutralizaturik ageri dela (nere/nere): Gaitz berera bulkatzen gaituzte gu geren etsaiek (Mendiburu). Ekialdetik mendebalerako bidean, bizkaierazko datuak gertatzen dira zailenak ondorioak ateratzeko, araua malguago gertatzen baita.

13.7.1d Bihurkariaren aurrekariak perpaus berean agertu behar du: Esan dizut zeure etxera joango zarela. Perpaus horretan aurrekaria eta bihurkaria perpaus berean daude: Esan dizut [(zu) zeure etxera joango zara]. Ikus dezagun honako hau: Esan didazu ni zure etxera joango naizela. Arauaren arabera, hor ez da zeure jartzeko tokirik: Esan didazu ni zure/*zeure etxera joango naiz. Horrek azaltzen du deigarria gerta dakigukeen perpaus batzuen itxura: Deituren dut ene populu ez zena, neure populu (Leizarraga). Azpian ditugun perpausak honakook dira: (nik) (zerbait) deituren dut neure populu, batetik (katea: nik… neure), eta (zerbait hori) ene populu da (katea: horiene/*neure). Idazle klasikoen testu batzuen barne egitura hobeki desanbiguatzeko balio du behin baino gehiagotan aipatzen ari garen arauak: Hona ene zerbitzari elegitu dudana (Leizarraga). Badirudi hor neure behar lukeela (nik hori ene zerbitzari elegitu dut, izango luke azpian). Ez da kasua, ordea: Hona (hemen da) ene zerbitzaria, elegitu dudana. Erlatibozko perpausa adjektiboa da kasu honetan. Nola interpretatu Erran nahi dut, zuen eta ene elkarrekilako fedeaz kontsola nadintzat (Leizarraga, nadintzat hori nadin izango genuke gaurko euskaran). Hor ez da tokirik neure jartzeko: azpian zuek eta nik elkarrekin fede bat dugu baita azpian, eta neure ezin da bat etorri dugu horrekin, dut beharko genuke hor, neure sartzekotan.

Esan dezagun, hortaz, laburtzeko, lege hau ongi bete dela idazle klasikoetan, gorabehera batzuekin: badira salbuespenak. Legea betetzen zintzoenak lapurtar idazle klasikoak dira.

13.7.2. Linschmann-Aresti legeak sortzen dituen zalantzak

13.7.2a EGLUn esaten da (I: 67) izenordain indartuaren genitiboaren aurreko izango litzatekeen sintagmak eta genitibodun sintagmak elkarrekin beste sintagma bat osatzen badute, ez dela aplikatzen delako erregela hori. Ikusi dugu legearen interpretazioaren zurrunenean hori hala gertatzen dela. Eta adibideak ematen dira han: Ni eta nire lagunak ez gara ongi konpontzen; Aita eta haren problemek ez digute lasai egoten uzten. Esaten da hor ezin dela bihurkaririk erabili, bihurkari horren aurrekoa, ni edo aita gure adibideetan, nor sintagmak badira ere, aurrekoak (ni, aita) eta genitibodun sintagmak (nire lagunak, haren problemak) elkarturik beste nor sintagma bat osatzen baitute. Hortaz, Andoni eta biok nire (edo ene, nere?) etxera joango gara lo egitera, esan behar omen, eta ez *neure etxera, izenlagun horrek aipatzen duen pertsona ni baita eta ni hau ez da (joango) da adizkian ageri. Beraz, hor ez dago forma bihurkariarentzat lekurik. Beste hauetan bai: Nik neure lanak egingo ditut; Zuei ez dizkizuete zuen lanak ordaindu; Ezagutzen ditut neure ardiak (Leizarraga); Gozatu nahi dut nik ere neure denboran (Axular); Ez diot […] ukorik egin neure herriari (Mitxelena).

Esan dugu, hala ere, hori ez dela beti hola betetzen, badirela idazle klasikoetan ere arauaren salbuespenak: Nik emanen dudan ogia, neure haragia da munduaren bizitzeagatik (Pouvreau). Eta hala da, tradiziotik urrunduz gero, egungo idazleen testuetan neure… da eredukoak aski arruntak baitira: Neure senargaia da, jauna (Etxeita); Berori neure ugazaba da (Zamarripa); Hori, neure sakelaren kaltean da (Erkiaga); Neure adiskidea da (Agirre); Neure arazoa da, Neurea bakarrik (Sarrionandia); Neure sineste intimoa da (Borda); Neure alda ateratzen da (Garate) eta abar. Horietan ez da dut, zait, edo holako aditzik, hau da, ni izenordaina biltzen duen aditzik eta, hala ere, neure ageri da.

Ni eta neure gisako adibideak ere ez dira falta: Ni eta neure bihotzaren artean (J. Zabaleta); Ni eta neure buruaren artekoa (Morillo); Bere distiraz inguratu gintuen ni eta neure bidelagunak (Elizen arteko Biblia); Gu eta geure ahizpak (Mirande), dira, esaterako, gaurko erabileraren lekukoak.

13.7.2b Hirugarren pertsona dugunean ere gauza bera gertatzen da, EGLUk biltzen duen arauak dioenez (I: 68). Oraingoan bihurkaria bere dugu, aurreko atalean paratu ditugun adibideek erakusten duten bezala: ontzat emanez izenordain pertsonal gisako erakuslea dugula bera eta forma horrek badutela aldaera arrunta (beraren) eta bihurkaria (bere) hau izango genuke, legearen arabera, eskema nagusia: Mireni berei etxera joango da; Mirenek lagunarii berei etxea erre dio; Mireneki berei ama agurtu du. Horren arabera, bigarren perpausean, zein den testuingurua, bere horrek Mireni ere egin diezaioke erreferentzia: Mirenek lagunari bere etxea oparitu dio. Baina “lapurtu dio” esaten bada erreferentea laguna da, ezin baitio Mirenek bere buruari lapurretarik egin. Hemen ere bere horrek aipatzen duen pertsona edo dena delakoa aurretik agertzen bada perpausean nor, nori edo nork bezala, orduan bere izango dugu erabili beharreko izenordaina: Andoni bere etxera eraman nuen; Andonik bere etxera eraman ninduen; Andoniri bere etxea erosi nion. Baina beste norbaiten etxea baldin bada, Mikelena edo, orduan honako hau litzateke eredua: Andoni haren etxera eraman nuen; Andonik haren etxera eraman ninduen; Andoniri haren etxea erosi nion. Esan dezagun, zernahi gisaz, bere horren aurrekaria perpaus berean aurkitu behar dela esatea ez dela agian nahiko: Andoniren anaiak bere etxea erre du esaten badugu, noren etxea erre du, Andonirena edo anaiarena? Segur aski, gaurko euskaran guztiz anbiguoa da hori, nahiz, berez, “anaiari” dagokion bere hori146. Jakina, Andoniren anaiak bere etxea erre dio esanez gero, anbiguotasuna galtzen da, eta badakigu Andoniri erre diola anaiak etxea.

Hala ere, azken adibidea kendurik, esandakoa funtsean betetzen da: perpaus berean egon behar du izenordain bihurkariaren aurrekoak. Hori ageri da orain arteko adibideetan. Horregatik, bere-ren aurrekoa Andoni da goiko perpausetan, baina haren-ena ezin izan daiteke Andoni, beste norbait baizik. Zeren, bestela, bere aurkituko genuke.

Batzuetan anbiguotasuna gerta daiteke, aurrekotzat har daitekeena izen sintagma bat baino gehiago dugunean. Adibidez: Andonik Jose bere etxera eraman nahi zuen. Perpaus horretan bere-ren aurrekoa Andoni nahiz Jose izan daiteke. Ekialdeko idazle zaharrek lehentasuna subjektuari ematen diote beste argumentuen aurretik.

13.7.3. Linschmann-Aresti legea hausten delarik

13.7.3a Zernahi gisaz, hirugarren pertsonan esan daiteke arauak aise indar ahulagoa duela oro har: Gauza gutia da hura eta bere mintzoan mespretxagarri dena (Haraneder); Baina utzi zituzten gizon hura eta bere ahaidego guzia (Duvoisin); Jonen lanetik jan beharrean gara ni eta bere arrebatxoak (Lizardi); Claudet jauna eta bere menpekoek ere Gabon eguna ongi ospatzeko asmoa zuten (Izeta); Iruñeko alkate jauna eta bere lagun Arribillaga (Larreko); Domingo de Okariz, eta bere anaia Don Rodrigo de Okariz izan ziren Ministro (Iztueta); Zure aita eta bere etxe guzia baino lehenago (Uriarte); Eta galduak izateko bilatzen zituzten Daniel eta bere lagunak (Duvoisin); Esperantzarik gabe jaitsi ginen bere etxerantz (Atxaga) eta abar.

Linchmannen legea, ikusten denez, ez da ongi betetzen. Horrek baztertuko lituzke ni eta neure edo x eta bere itzuliek osatzen dituzten adibide guztiak. Arrazoia hau da: kasu horietan izenordain indartua beste sintagma baten barnean bildua da ([ni eta [neure…]s]s), eta horregatik ezin du erreferentziarik hartu perpauseko izen sintagma batekin, eta ezin du islarik izan aditzean ere: kasu horietan, neure singularra izanik ere, aditza pluralean doa. Gauza bera gertatzen da bere-rekin ere.

Iparraldeko tradizioan legea hegoaldean baino aise hobeki bete da, egia da: Babiloniara eramana zerbitzatu zituen errege eta haren semeak (Duvoisin); Ikusi zituen errege eta haren zerbitzariak heldu zitzaizkiola (Duvoisin); Zure Jauna eta haren miserikordia baitan (Duvoisin) eta abar. Baina, horiekin batera, Abiatu ziren bera eta bere armada (Duvoisin); Bila ezazue Jauna eta haren indarra (Duvoisin). Bizkaierazko testuetan, esate baterako, hasieratik baztertzen dira bihurkari balio horretatik. Gipuzkoarren artean XX. mendean gertatzen da hori. Nafarren artean berdintsu, hoberenean ere badira txandakatzeak balio bihurkari eta ez-bihurkarien artean.

13.7.3b Linschmann-Arestiren legearen haustura dela eta, EGLUk esaten du mendebaleko euskalkietan honako perpausak “guztiz normalak eta hedatuak” direla (I: 69): Itziar eta bere lagunak etorri zaizkigu etxera; Ezagutzen al duzu Peru Arrieta? Bai horixe! Sarritan izan naiz bere etxean. Eta, segitzen du, bistan dela bere izenlagunaren aurrekoa ez dela aditzaren partaide. Horregatik, ekialdeko euskaldunek bere hauen ordez, haren erabiltzen bide dute: Itziar eta haren lagunak etorri zaizkigu etxera; Sarritan izan naiz haren etxean. EGLUk ondorio bat ateratzen du hortik: bi bere ditugu euskaraz. Bat bihurkaria da eta, beraz, aurrekaria aditzaren formanteetan izatea eskatzen du. Hori da orain arte aztertu dugun bere hori. Baina bada beste bere bat ere euskaraz, bera izenordain indartuaren genitiboa edo izango litzatekeena. Esan nahi baita, bera izenordaina (izenordaina, zeren determinatzailearen kasuan ez du balio honek) erabiliko dugun egoera beretan erabiliko dugu bere kasu horretan. Hortaz, bigarren bere hau beraren parekoa litzateke. Eta horrek eskatzen duen baldintza bakarra da noizbait aurretik aipatua izatea aurrekoa. Hots: bere-ren (bere = beraren) aurrekoa ez da nahitaez perpausean agertuko eta aditzaren partaide izango. Aski da lehenago noizbait aipatua izatea, perpaus berean ez bada ere. Bera izenordain gisa erabilitakoaren genitiboak, hartara, bi aldaera izango lituzke: beraren eta bere. Eta azkena izan daiteke beraren aldaeraren pare-parekoa (beraren agertzen den testuinguruetan aurkituko dugu), edo bihurkaria (orain arte ikusitakoa).

Ez da arrazoirik, ordea, hori hala dela pentsatzeko. Zerbait sinpleagoa gertatzen da: bere izanik bera izenordain gisakoaren genitibo bihurkaria, beste eremu batzuk hartuz joan da, eta aldi berean, eta neurri batean, bere bihurkaritasuna galdu egin du. Neurri batean, diogu, esan nahi baita, bihurkariaren gunean aldaera horrek bakarrik duela tokia (Mikeleki berei etxea erre du / *Mikeleki hareni etxea erre du), baina beste toki batzuetan ere agertzen ahal dela (Mikeleki berei / j etxea erre du). Hau da, bihurkaria (bere) toki bat baino gehiagotan agertzen ahal da, baina bihurkaria ez dena (haren) ezin da bihurkariaren tokian agertu.

13.7.3c Bihurkaritasunaren ahultze hori, nolabait ere, lehen eta bigarren pertsonan ere gertatzen da. Adibidez, Mitxelenarenak dira adibide hauek: Besteri geure gogoetez sinetsarazi nahi dioguna adierazteko baizik; Noraezekoa dut hitzen aukeramena neure gain hartzea. Azpimarratutako hitzetan ikusten da legearen arabera erabili direla hor aldaera bihurkariak: [geure… diogu] eta [dut… neure]. Kontua da, ordea, bihurkaria agertuko dela espero dugularik, izenordain arrunta agertzen dela, legea zorrozki bete gabe utziz (adibideak Mitxelenarenak berriz ere): Gure herrian eta gure hizkuntzan somatuko ez bagenitu; Gure oroitzapenetan bateratsu gatoz. Eta alderantziz ere: sarritan neure eta antzekoek ez dute bihurkari balioa. Adibide hauetan, esaterako (adibideak Mitxelenarenak): Neure izena […] gora eta behera erabilia izan denez gero; Neure herriak […] hutsik eta tatxarik badu ugari. Hortaz, oso zail dela dirudi lege zorrotz eta salbuespenik gabea ematea. Hiztunek behintzat ez dirudi erabat betetzen dutenik. Eta horren arrazoia izan liteke, EGLUk dioen gisan (I: 70), forma hauek bikoitzak direla pentsatzea: bihurkariak alde batetik, eta indartuak, indartu soilak, bestetik. Edo, besterik gabe, bihurkarien erabilera beste eremuetara ere hedatu dela, eta aldaera arruntak, hirugarren pertsonan, ez duela bihurkariaren tokirik hartu oraingoz.

13.8. Bihurkariak eta elkarkariak

13.8.1. Zertaz ari garen

Perpaus baten barruan bi izen sintagma erreferentziakideak direnean (hots, izaki bera aipatzen duten bi izen sintagma ditugunean) bigarren izen sintagmak izenordain bihurkarien forma hartzen du. Ez ditugu bi izen sintagmak errepikatzen, eta bigarrena agertu behar lukeen tokian neure (edo heure, bere…) burua ezartzen dugu: Itziarrek ez du ongi ezagutzen bere burua. Egitura hori bihurkaria dela esaten dugu.

Ber gauza gertatzen da beste egitura hauetan ere: Jonek eta Itziarrek elkar maite dute. Kasu honetan egitura elkarkari baten aurrean gaude.

13.8.2. X-en burua bihurkaria

13.8.2a Holako zerbait esan nahi badugu, hau da, Itziarrek Itziar ezagutzen duela, bihurkariaren bidez adierazten dugu hori: Itziarreki Itziari ezagutzen duItziarrek bere burua ezagutzen du. Eta horren gisan beste hauek ere: Kargu egiozu zure buruari, gizona! edo Ez dun ongi ezagutzen heure burua! bezalakoetan. Bihurkaria deitzen dugu egitura hori. Aditz komunztadura beti hirugarren pertsonak egiten du, objektuari dagokion komunztadura: Ezagutzen duzu zeure burua?; Zergatik bota ote zuen sura bere burua?

Horrek ez du esan nahi, jakina, x-en burua itzulia beti bihurkaria dela: Neure buruan txapela janzten dut etxetik atera aurretik perpausean, esaterako, ez da bihurkari mota hori eta, kasu horretan, neure burua sintagma arrunta baizik ez da.

Aipatzen ari garen egitura hori osatzeko burua sintagma izenlagun bati eransten diogu, adibideetan ikusten denez. Izenlaguna arrunta izan daiteke (nire), edo bihurkaria (neure): aurrekoa ni baldin bada ene, nire, nere, neure; hi baldin bada, hire, heure; hirugarren pertsonakoa bada, bere (baina ez haren); gu baldin bada, gure, geure; zu baldin bada aurrekoa, zure, zeure, eta zuek bada zuen, zeuen, zeron… Aldaera indartu horiek deitzen ditugu bihurkari147.

13.8.2b Aurrekaria plurala baldin bada, edo erreferentzia aniztuna baldin badu, orduan ere burua singularrean joan ohi da, gehienetan. Hala ageri da tradizioan eta batez ere gaurko idazleen artean ere: Bi gizon haiek bere burua hil nahi zuten; Guk geure burua maite dugu gehien.

Joera nagusia hori izanik ere, bai tradizioan bai gaurko literaturan badira adibide asko non burua pluralean ere ageri den: Zer gauza espantagarria siriar haientzat aurkitzeaz, ustekaberik, bere buruak etsaien artean! (Larregi); Eta espiritu satsuek hura ikusten zutenean, haren aitzinera bere buruak egozten zituzten (Leizarraga); Bere buruak anitz doloretan nahaspilatuta ukan baitituzte (Leizarraga); Bainan deus ez dute egiten bere buruak libratzeko (Haraneder); Bekatoreek ez badituzte denboran punitzen bere buruak, Jainkoak… (Duhalde); Anitzek anitz gauza badakitela, eta bere buruak ez dituztela ezagutzen (Etxeberri Sarakoa); Eta handik berek kondena bailitzakete bere buruak (Axular); Gure buruak besteen menpean jarri izana (Antxustegi); Baina ez dute burkoek gure buruen itxura hartzen, gure buruek burkoarena baizik (Cano); Gure buruetan beguarekiko dugun txip hori ezin da eroso sentitu (P. Zabala); Beren buruak besteak baino handiagotzat… (Asisko Frantzisko, Asisko Klara); Beren buruei uko egin dietenak eta beren bizitzak eskaini dituztenak (J. M. Lekuona) eta abar.

13.8.2c Bihurkari horren aurrekariak (erreferentziak) bihurkaria biltzen duen perpaus berean agertu behar du: Koldok eta Mirenek uste dute [Patxik eta Itziarrek bere burua maite dutela] perpausean, esaterako, bere burua horren aurrekaria Patxi eta Itziar sintagma da, perpaus txertatuan dagoena, eta ez Koldo eta Miren sintagma.

13.8.2d Batzuetan adjektiboa ere hartzen du sintagma bihurkariak: Ez daki zer egin bere buru gaixoarekin; Neure buru triste honek ez dit onik ematen. Bide batez, kontura gaitezen hemen ergatiboan doala neure buru esamoldea. Geroago itzuliko gara kontu honetara.

13.8.2e Zenbait kasutan bihurkari indartsuak (neure/bere … buruaren) eta ahulak (neure/bere, besterik gabe) bereizten ahal dira, genitiboan ageri direnean. Nolabaiteko justifikazio semantikoa behar dugu bihurkari indartsu hori erabili ahal izateko (de Rijk 2008: 366). Jon da bere buruaren etsairik handiena izango genuke bihurkari indartsua eta Jon da bere etsairik handiena, berriz, ahula. Holakoak ageri dira, indartsuak, neure buruaren jabe, bere buruaren hondamena, zeure buruaren ardura eta abarretan. Justifikazio semantikorik ez denean, ahulak bakarrik du tokia: Hau du bere etxea. De Rijkek bere buruaren argazkia (Jonek, demagun, bere buruaz atera argazkia) eta bere argazkia (beste norbaitek Joni, demagun, ateratako argazkia) bereizten ditu, nahiz, gure ustez, bereizketa hori ez den hain argia. Leku postposizioetan, benetan lekuarekin zerikusik ez dutenean ere erabiltzen dira bihurkari indartsuak: bere buruaren gainean / bere gainean (lehenbizikoak ez du tokia markatzen, baina bai bigarrenak); bere buruaren alde / bere aldean; bere kontra / bere buruaren kontra; bere atzean / bere buruaren atzean eta abar148.

13.8.2f Arruntean, aurrekaria maila goragoko tokian dago perpausean, subjektuaren lekuan, gehienetan, dela agerian (Jonek gezurra esan dio bere buruari), dela sakonean (Joni ikusi dut [Joni bere buruarekin solasean]). Esandakoaren arabera ez luke tokirik X-en buruak ergatiboan, ergatiboa izanik perpaus egituran maila gorenean dagoen sintagma, ez bailuke izanen tokirik erreferentziarik “gorago” aurkitzeko. Baina hori ez da hola: Neure buruak egunetik egunera kezkatzen nau; Zure buruak zoratzen zaitu; Oihanean sartu eta galdu naiz, baina azkenean neure buruak gidatu nau… Tradizio idatzian ez dugu holako adibiderik aurkitu, baina perpaus horiek gramatikalak dira, eta ez dira halakoak falta egungo testuetan: Neure buruak erantzun zidan (Aristi); Pena ematen dit neure buruak (Segurola); Harritzen nau neure buruak (X. Mendiguren Elizegi); Neure buruak egiten zidan Jeneralak ez zidala heriotza militarra eman… (K. Izagirre); Zeure buruak sortzen dizun higuina (Linazasoro) eta abar. Zail da hemen mugak zuzen zedarritzea. De Rijkek hori emozio aditzekin gertatzen dela esaten du, subjektua esperimentatzaile denean: kezkatu, zoratu… Baina bistan da ez dela beti hola: erantzun, egin eta abar ere ageri dira. Berak ere aipatzen du holakoa ez den aditzen bat: Zeure buruak egin zaitu esklabo, ez beste inork. Zernahi gisaz, holako kasuetan X-en buruak perpausean beste nonbait aurkitu behar du erreferentzia hori, egituran “apalago” baldin bada ere (neure buruaki erantzun zidan nirii).

Aditz gehienekin, ordea, ezinezkoa da holakoak sortzea: *neure buruak gorrotatzen nau; *neure buruak ez du idazten; *neure buruak ez du inoiz ere ikusiko hori eta abar. Zalantzazko perpausak ere sortzen dira batzuetan, hiztun zenbaitentzat onak, baina gaitzesgarriak besteentzat: Zure amets haiek zeure buruari kalte egingo diote (Saltarelli 1988: 110).

13.8.3. X-en burua eta aditz intrantsitiboa

13.8.3a Dena den, bada hemen istilu bat, egiatan azterketa sakonagoa merezi lukeena. Alegia, gero eta zabaltzenago ari dira ikusten naiz eta antzeko formak neure burua ikusten dut-en ordez. Askotan, jakina, bi egiturak dira zilegi eta biek esanahi desberdina dute. Adibidez, Jonek bere burua hil du ≠ Jon hil da ez dira inolaz ere baliokide. Baina bere burua gorrotatzen du bezalako esapide jatorraren ordez, gorrotatzen da eta antzekoak ugaltzen ari dira.

13.8.3b Beste batzuetan, ordea, ezinbestekoa da hola egitea: Jantzi naiz esan behar da, eta ez Neure burua jantzi dut. Non ez den figuratiboa, jakina: Asko ikasi dut azken urteotan eta neure burua biziki ongi jantzi dut. Holakoak aurkitzen dira noizbehinka: Basarrik bere burua jantzi izan ez balu ez baitzuen bertsolaritza janztea lortuko (Lertxundi); […] geure burua jantzi ahala deboziogai horien ezerezaz jabetzen garenean (Elexpuru). Baina Goizetan, ohetik jaikitzen garelarik janzten gara esaten dugu, eta ez dugu esaten gure burua janzten dugula. Zernahi gisaz, batzuetan anbiguo samarrak dira itzuli hauek: Jonek bere burua garbitu du esaten badugu Jon hil dela uler dezakegu, edo burua xaboiarekin garbitu duela, baina nekez esan dezakegu hori Jon dutxatik ateratzen ikusten badugu: Jon garbitu da esango genuke halakoetan.

13.8.3c Dena den, azterketak esan beharko digu zein aditzekin diren zilegi erabilera horiek guztiak, noiz … n burua… du eta noiz …da, eta noiz jantzi naiz / jantzi dut, hil da / hil du eta antzeko bikoteak. Euskal gramatikan ikerketa gehiago egin behar dira mugak non dauden, zer aditzek zer egitura irekitzen duen, nolako esanahia duen, nolako debekuak dauden eta abar zuzen zehaztu arte.

13.8.4. Elkar elkarkaria

13.8.4a Elkar izenordain elkarkari edo erreziprokoa dugu. Uhlenbeck-ek (1927) hark-har esapidean duela oinarri proposatu zuen. Eta izenordain dela esaten dugunean berak bakarrik izen sintagma osa dezakeela diogu, hots: inolako laguntzailerik gabe. Beraz, mugatzailerik ere ez du onartzen. Baina izen sintagma osatzen duen neurrian, kasu markak eta postposizioak har ditzake: elkar, elkarri, elkarren, elkarrekin…: Gizakiok elkar maite dugu; Etxean elkarrekin bizi gara; Elkarren etsaiak dira horiek eta abar. Perpaus horietan elkar izen sintagma dugu, ondoko perpausetan Andoni… ere izen sintagma den bezala: Gizakiok Andoni maite dugu; Andonirekin bizi gara; Andoniren etsaiak dira horiek eta abar. Orobat, honako perpaus pareetan ere paralelotasuna ongi ikusten ahal dugu: Gu elkarren ondoan gaude / Gu Andoniren ondoan gaude; Zuek elkarrekin joango zarete / Zuek Andonirekin joango zarete. Elkar-ek hartzen dituen kasu markak, edo postposizio markak, beti mugagabean doaz, esan bezala, eta bizidunen markekin: elkarri/*elkarrari/*elkarrei esan diogu; elkarrengandik/*elkarretatik bereizi ditugu eta abar: Hazi ona eta txarra elkarrengandik bereizi behar da; Liburu horiek bereizi behar dira elkarrengandik. Baina elkarretarik eta elkarretara ere erabiltzen dira.

Arrunta da egitura hau erlazio mota zerbait markatzen duten toki postposizioetan (elkarren ondoan, elkarren inguruan, elkarren gainka, elkarren artean), pertsonen arteko erlazioa adierazten duten zenbait adberbiorekin (elkarren kontra), zenbait izenekin (elkarren adiskideak, elkarren konpainian, elkarren anai-arrebak, elkarren kontsentimenduz, elkarren batasuna, elkarren lagunak, elkarren maitasuna, elkarren lehia, elkarren iduriko) eta abarretan.

13.8.4b Elkar izenordain anaforikoa dugu eta, horrenbestez, aurrekari edo antezedente bat bilatu behar zaio perpausean: Gizakiok elkar maite behar genuke. Honetan, bihurkariak bezala da. Hortaz, goiko perpausean elkar-en aurrekoa gizakiok da. Esan nahi baita, elkar-ek bere aurreko den izen sintagma horrek aipatzen duen gauza bera aipatzen duela, erreferentzia bera dutela biek.

Dena den, elkar-en aurrekariak beti plurala izan behar du, edo izen sintagma koordinatua bestela. Horrela, ez dute inolako zentzurik honako perpaus hauek: *Nik elkar maite dut; *Andoni elkarren ondoan eseri zen. Aurrekari horrek, X-en burua aztertu dugunean ere esan dugun gisan, elkar biltzen duen perpaus berean (perpausik hurbilenean, nahi bada) egon behar du: Koldok eta Mirenek elkar maite dute diogunean badakigu elkar horren erreferentzia Koldo de Mirenek sintagma dela. Ikus dezagun orain ondoko perpaus hau: Jon eta Arantxak Koldo eta Mirenek elkar maite dutela pentsatzen dute. Ez dago hor arrazoi semantikorik interpretatzeko elkar maite dutenak Jon eta Arantxa direla. Hori hola ez interpretatzeko arrazoia sintaktikoa da, sintaxiak jartzen ditu mugak: Jon eta Arantxa sintagma ez dago elkar biltzen duen perpausaren barnean, baizik urrunago: Jon eta Arantxak [Koldo eta Mirenek elkar maite dute]la pentsatzen dute. Perpaus txikien horretan aurkitu behar du, hortaz, erreferentzia. Gauza bera gertatzen da X-en buruarekin ere. Izan ere, elkar izenordain elkarkaria dela esaten dugunean batak bestea eta beste honek bat hura edo antzeko zerbait esan nahi izaten dugu. Horregatik, bat baino gehiago ez dagoen lekuan ezina da elkarkaria erabiltzea: Andonik eta Joxepak elkar maite dute (= Andonik Joxepa maite du eta Joxepak Andoni maite du).

13.8.4c Bestalde, elkar-ek eskatzen duen aurrekariak, perpaus egituran elkar bera baino gorago egon behar du. Hori dela eta, kasu edo postposizio atzizkiak har baditzake ere, ezingo du hartu ergatiboaren atzizkirik, zeren orduan aurrekorik gabe geldituko bailitzateke eta, beraz, inolako interpretazio biderik gabe. Alegia, aurrekoa bera, noski, ergatiboa izan daiteke, baino elkar inola ere ez. Beraz, elkar-ek ergatiboaren kasu marka izan ezik, beste guztiak onar ditzake. Horretan bereizten da X-en burua bihurkaritik, X-en buruarekin salbuespen batzuk ikusi baititugu, non bihurkaria ergatiboan ere agertzen den (neure buruak kezkatzen nau): *Elkarrek kezkatzen gaitu ezina da, baina bai: Guk elkar ikusi dugu; Andoni eta Edurne beti elkarren ondoan esertzen dira; Zuek elkarri hitz politak esaten dizkiozue; Elkarren konpainian egin zuten; Biak dira elkarren lagun; Gurasoek elkarrekin ikusi gaituzte.

Azken adibide horretan elkarrekin horren aurrekoa zein den erabakitzen datza arazoa, zeren kasu honetan aurreko hori ez baita gurasoak, gu baizik. Arrazoia lehen aipatu bera da, hots, aurrekariak perpaus txikienean egon behar duela: Gurasoek ikusi gaituzte [gu elkarrekin (egon)].

13.8.4d Elkar izenordaina bada eta, horrenbestez, izen sintagmak osatzen baditu, izen sintagmak perpaus barnean betetzen duen funtzioaren arabera hartzen duen kasu marka edo postposizio atzizkia hartu beharko du. Horregatik Guk Lehendakariarekin bazkalduko dugu esaten dugun bezala, Guk elkarrekin bazkalduko dugu esan beharko dugu. Beraz, gaizki esana dago zenbaiten artean zabaltzen ari den modu trakets hau: *Guk elkar bazkalduko dugu edo *elkarrik bazkalduko dugu, *elkar bizi gara eta abar. Perpaus hauetako lehenak, izatekotan ere, honako esanahia izango luke, gutxi gorabehera: ‘Guk elkar jango dugu’, hots, ‘nik zu jango zaituk eta zuk ni’.

Era berean, *elkar jango gara perpausa ez da zuzena. Izan ere, elkar, kasu markarik ez duenez, edo nahiago bada, absolutuaren kasu marka daramanez (Ø), joan aditzaren subjektu izango litzateke, aditz hau intrantsitiboa denez gero. Baina joango gara esaten dugunean, nahitaez subjektuak gu izan behar du. Hortaz, elkar ezin izan daiteke subjektu. Horregatik, goiko perpaus hori okerra da. Horren ordez, elkarrekin joango gara esan beharko dugu, zurekin joango gara esaten dugun bezala, eta ez *zu joango gara. Dena den, ez dezagun pentsa erabilera hau kontu berria denik. Hegoaldean, Larramendiren garaitik aurkitzen ahal dira holako adibideak euskaraz idatzitako testuetan: Elkar eraso zioten (Larramendi); Elkar juntatu diren atomoekin egina (Villasante); Bostekoa alkar emanda (Ugalde); Elkar konponduko bagina (Etxaide); Ez dira elkar ikusten (Mogel); Geron otoitzetan elkar oroitu gaitezela (J. I. Arana); Laztandu ginen elkar Kepa ta Sabin (K. Enbeita) eta abar.

Zalantzak ere sor daitezke batzuetan. Lizarragaren guztiak dira partizipante elkarren obra honetan perpausak mugakoa ematen du. Badirudi elkarren arteko, edo elkarren artean egin obra dela, elkarren obra baino gehiago. Hiztun batzuek ez dute argi ikusiko elkarren etxeetan bizi gara perpausa (zu nire etxean eta zu nirean), baina Duvoisinek ez du arazorik elkarren bihotzetara sar ezazue apalguratasuna idazteko, adibidez, edo elkarren edifikazionetako direnei. Orixek behin baino gehiagotan erabiltzen du elkarren besoetan, esate baterako. Mugak jartzea ez da erraza, segur aski debeku semantikoak bai baitira.

13.8.4e Dena dela, bihurkariez egin dugun bezala, elkar-en erabileraz beste oharño bat ere egin daiteke, gauzak dauden baino nahasiago egin ez ditzagun. Euskaldun zenbaitek nork-elkar-aditz trantsitiboa egitura jatorra erabili ordez, nahiago du, erdarak horretara bultzaturik ziur asko, beste honako egitura hau: nor-aditza intrantsitiboa. Adibidez, elkar ikusiko dugu gero esan beharrean, ikusiko gara edo elkar maite dugu esan beharrean maite gara bezalakoak hedatuak daude. Batzuetan ez daude batere argi mugak. Ikus, bestela, Azkueren adibide hau, non bi joerak ageri baitira: Lurrean elkar gehiago ikusten ez badugu ere, dudagabe zeruan ikusiko gara.

Beste batzuetan bistan da perpausak ez direla gramatikalak (nahiz gogoan izan goian aipatu adibideak): *Elkar ikusiko gara. Aditzak berez intrantsitiboak direnekin esana dugun bezala, ez dago lekurik elkar objektu gisa erabiltzeko. Baina aditza trantsitiboa bada, erreprozitatea adierazi nahi bada, bistan da elkar-ez baliatu behar dugula: Guk elkar jo genuen; Zuek elkar gorrotatzen duzue. Aditz batek bi erabilera baditu, bata trantsitiboa eta bestea intrantsitiboa (hil, jantzi, erre eta antzekoak, non bata arazlea den) orduan elkar-dun esapidea eta aditz intrantsitiboaz baliatzen dena ez dira, inolaz ere, zentzukide. Adibidez: Guk elkar jantziko dugu ≠ Gu jantzi egingo gara; Gizon horiek elkar hil behar dute ≠ Gizon horiek hilgo dira; Horiek elkar erretzen dute ≠ Horiek erretzen dira.

13.8.4f Esan dezagun, azkenekorik, elkar hitza egokia dela izen, aditz edo adberbio elkartuak sortzeko: elkarbanatu, elkarbide, elkargainka, elkarbildu, elkarganatu, elkargo, elkargune, elkarkidetza, elkarkidetasun, elkarkuntza, elkarlan, elkarleku, elkarlotu, elkarlotura, elkarneurgarritasun, elkarretaratu, elkarrizketa, elkarrizketatu, elkartasun, elkarteburu eta abar ageri dira egungo testuetan. Hizkuntzak holako hitzen beharra du, baina batzuetan ez dirudi modu egokian eratuak direnik.

13.8.5. Elkar eta bata beste egitura

13.8.5a Esan dugunez, elkar genitiboan joan daiteke ondoan, gainean eta antzekoekin (ikus azken adibideetako bat: Andoni eta Edurne beti elkarren ondoan esertzen dira), baina batzuetan badirudi elkarren-en ordez bata bestearen edo antzeko itzulia nahiago izaten dugula. Kontura gaitezen aurrekarien erreferentzia bi lagunena izan daitekeela (hori iradokitzen du bata bestea esapideak), edo gehiagorena, nolanahi ere beti plurala da: Peruk eta Mirenek bata bestea maite dute; talde horretako jokalariek bata bestea maite dute. Hala ere, elkar bera singulartzat hartzen dugu komunztadurari dagokionez: Guk elkar ikusiko dugu / *Guk elkar ikusiko ditugu.

13.8.5b Hala ere, elkar eta bata beste esapidearen parekotasuna ez da beti zuzena: Peruk eta Inixik elkarren ondoan egin zuten lo esan badaiteke ere, bitxi samarra gertatzen da beste honako hau: Peru eta Inixik elkarren ohean/oheetan egin zuten lo. Horren ordez, baina, beste honako hau zeharo normala dela dirudi: Peruk eta Inixik batak bestearen ohean egin zuten lo. Beste kasu batzuetan ez dago desberdintasun handiegirik: Bi oilarrek elkar hil zuten = Bi oilarrek bata bestea hil zuten; Gu elkarren ondotik pasatu ginen = Gu bata bestearen ondotik pasatu ginen.

Badirudi hemen hiztunen artean, genitiboari dagokionez, bi joera daudela. Joera itxia dute batzuek, eta elkar erlazio izenekin bakarrik onartzen dute: elkarren anaiak, elkarren adiskideak eta abar. Edo toki postposizio batekin: elkarren ondoan, elkarren artean, elkarren atzean eta abar. Badira esapide batzuk ere: elkarren berri, esaterako. Hortik kanpo bata bestearen esapidera jotzen dute. Beste hiztun batzuek, ordea, joera irekiagoa dute, eta elkarren eta bata bestearen esapideak ingurune berdinetan edo berdintsuetan erabiltzen dituzte.

13.8.5c Bata bestea esapidea, batetik, eta bata… bestea, bestetik, ongi bereizi behar dira. Lehenbizikoa sintagma bakarra da (konplexua, baina bakarra, banatu ezin dena) eta bigarrenean bi sintagma ditugu. Gauza bat baita Batak bestea maite du eta beste zerbait Gurasoek bata(k) bestea maite dute. Bigarren kasu horretan bata bestea unitate bat da, eta ezin da hautsi. Quasi reziprokoa deitzen du de Rijkek (2008: 371).

13.9. Ezabaketa dela eta

13.9.1. Izena ageri ez

13.9.1a Aurreko orrialdeetan bera hirugarren pertsonako izenordaintzat hartu dugu. Determinatzailea izan daiteke (andre bera etorriko da), edo izenordaina (bera etorriko da), nolakoa den testuingurua. Edo, beste ikuspuntu batetik, esan dezakegu, besterik gabe, izena isiltzearen ondorioa dela (—bera etorriko da), azterketa nola egiten den. Izen sintagma zenbait elementu desberdinez osatua agertzen da anitzetan, baina izena hartzen du beti ardaztzat. Izen sintagmaren ardatz den izen hori izen berezia ez bada (hots, izen berezi nahiz izenordain: norbait, ni, zuek…) sintagma behar bezala osatua egoteko izenaz gainera beste elementuren batzuk ere behar ditugu. Baina izen sintagmaren ardatza izena bada ere, askotan izen hori, ezaguna delako, edo jakintzat ematen delako, edo lehenago aipatua delako edo hitz egiteko momentuan seinalatu egiten dugulako, ezaba daiteke. Eta horrela, honako adibideetan erakusten den bezala, ezkerreko egituratik eskuinekora pasa gaitezke arazorik gabe: liburu gorriaØ gorria; liburu hauØ hau; zenbait etxeZenbait Ø; edozein makilaEdozein Ø.

13.9.1b Oso fenomeno zabala dugu hori euskaraz, eta ez da erraza horren berri modu egokian ematea, hau da, holakoetan izenordaina dugun aurrean edo izenaren ezabaketaren ondorioko zerbait: pentsa daiteke bi hau ditugula, bata izenordaina eta bestea determinatzailea (eta holako kasuetan analisi hori egiten da, hain preseski, hizkuntza askotan). Edo bi zenbait ditugula, edo bi edozein eta horrela gertatzen dela -a mugatzailearekin izan ezik, beste determinatzaile guztiekin. Baina beste ikuspuntu batetik egiten bada analisia, pentsa daiteke ez ditugula bi hau, esaterako, baizik hau bakarra, batzuetan izenarekin batera ageri dena, eta bakarrik besteetan, behin izena ezabaturik. Kasu horretan, beti izango litzateke determinatzailea. Analisi mota hori egiten da EGLUn (I: 70-71). Egia esan, badira arrazoi franko bide bat nahiz bestea aukeratzeko. Guk hemen uste izan dugu hobe dela bi bera ditugula aipatzea, bat determinatzailea eta izenordaina bestea. Ohart gaitezen, gainera, zenbait testuingurutan ezinezkoa dela izena ezabatzea: etxe berean bizi gara; *berean bizi gara. Ez da salbuespen kontua: hiztegiko sarrera askorekin gertatzen da kategoria bat baino gehiagotan sailkatzen ditugula: beste, hurbil eta abar. Ez da, gainera, berarekin bakarrik gertatzen. EGLUn edozein ere izenordain zehaztugabetzat hartzen da (hemen ere hartuko dugun gisan), baina testuinguruaren arabera izenordain gisa (edozeinek daki hori) edo determinatzaile gisa (edozein pertsonak daki hori) ere ager dakiguke.

13.9.1c Zernahi gisaz, ezabatze kontua bada, esan dezagun zerbait horren gainean: hain zuzen, ezabatze hori posible izaten da denok ulertzen dugunean zein den azpian dagoen izena, nahiz eta axalean agertu ez. Esate baterako, zein liburu nahi duzu? galdetzen dugu baldin eta testuinguruak ez badu aldez aurretik erakusten liburuez ari garela. Adibidez, liburu denda batean bagaude eta eskuaz seinalatzen badituzu liburuak ez daukagu zertan zein liburu? galdetu, zein? esatea aski bailitzateke. Baina bazar batean aurkitzen bagara adibidez, zeinetan liburuak eta buztinezko ontziak eta kobrezko bitxiak eta horrelako asko dauden, liburu izena ezingo dugu ezabatu, entzuleak zuzen ulertzea nahi badugu behintzat.

Behin gogoko galdera hori egin ondoren (hots: zein liburu nahi duzu?), erantzun normalena liburua aipatzen ez duena izango litzateke, bai baitakigu liburuez ari garela: gorria, edo gorri hau, edo hango gorri hura, edo hau soil soilik izango litzateke. Hemen izena ez, beste elementuak gelditzen dira. Beraz, sintagma bat izen batez eta erakusle batez osatua bada (adibidez, liburu hau) izena ezabatu ondoren erakuslea geldituko zaigu, baina horrek ez du esan nahi berez erakusle hori izenordain denik. Izenordain izatea, izatekotan, ezabatze prozesu baten ondorio besterik ez bailitzateke izango.

Egoera horretan aurkitzen dira determinatzaile guztiak, mugatzailea izan ezik: Hau etorri zitzaidan; Andonik bi eta bi bost direla esan zuen: Horrek ez du inolako zentzurik (alegia, baieztapen horrek). Bakoitza ere, berez, determinatzaileen sailekoa dela dirudi, nahiz eta mugatzaile eta guztiko forma izan. Baina hemen azaldu dugun joko honetan ere gertatzen da. Hortaz, batzuetan nolabaiteko izenordain gisa ere agertzen da. Baina ez dugu horrelakorik ekialdeko euskalkietan erabiltzen duten bakoitza-ren baliokidearekin, batbedera-rekin alegia (§ 13.11). Hau beti izenordaina dugu eta beti singularrean doa: batbederak esan zuen = bakoitzak esan zuen; batbederak daki = norberak daki.

13.9.2. Izenordainen eta beste zenbait sintagmaren ezabaketa

13.9.2a Komunztadura dela eta, aditzak ematen duen informazioa sarritan erredundantea gertatzen dela gauza jakina da. Aditzak perpausean jadanik jasoa dagoen informazioa, nor, nori eta nork sintagmei dagokienez, errepikatu egiten du. Horrenbestez, askotan, nor, nori eta nork sintagma horiek ezabatzea zilegi gertatzen da. Ezabatze horrek ez dakar, arruntean, inongo informazio galtzerik. Adibidez, ondoko perpaus hauek informazio bera ematen digute: Nik zuri liburu hori eskatu dizut; Nik liburu hori eskatu dizut; Zuri liburu hori eskatu dizut; Liburu hori eskatu dizut. Eta liburu hori sintagma ere ezabatua gerta daiteke, baldin eta testuinguruari esker edo, zertaz ari garen (hots: liburu horretaz ari garela) badakigu. Orduan, beste perpaus hau ere zilegi gertatuko litzaiguke: Eskatu dizut. Perpaus horiek guztiek zeharo zuzenak eta gramatikalak izaki, zenbait testuingurutan azkena esatea aski dugu, eta perpaus hori entzuten duenak badaki nork eskatu duen, eta nori eskatu dion. Zerbait eskatu duela ere badaki. Jadanik ulertutzat ematen badute esan beharrik ez da. Dena den, izenordain pertsonalak ez diren sintagmen ezabaketa testuinguruaren mende gelditzen bada ere, pertsona izenordainak ezabatzea zeri dagokio? Alegia, azkena entzuten duenak badaki garbi nork eta nori eskatu dion, nik zuri, alegia. Baina, besterik ezean, ez daki zer eskatu dion. Beraz, aditzean jasoak dauden neurrian lehenengo eta bigarren pertsonako izenordainak agertzea edo ez agertzea hiztunaren esku gelditzen da. Hots: hiztunak askatasuna du izenordain horiek ezkutarazteko.

13.9.2b Hala ere, bi kasutan behintzat ezina da ezabaketa hori: a) izenordaina galdegaia denean, eta b) izenordaina perpausaren aurrera eraman den mintzagaia denean. Eta ezina gertatzen da kasu horietan ezabaketa, informazioa galduko litzatekeelako. Galdegai den izenordaina ezabatzea zilegi balitz ez genuke jakingo zein den galdegaia, edo galdegaitzat beste osagairen bat hartuko genuke. Gauza bera gertatuko litzateke, aurreratutako mintzagai ezabatua balego. Bi leku horietan doan izen sintagma nolabaiteko kontrastean jartzen dugu. Adibidez, ondoko perpaus hau dioenak: Nik esango dizut zer den ona, ez du modu neutroan esaten. Hor, nik eta ez bestek esan nahi du. Eta horrelakoetan, noski, beharrezko gertatzen da nik jartzea. Zeren perpaus hori ez baita ondoko honen baliokide, galdegai desberdina dutelako nahitaez: Esango dizut zer den ona. Hemen, galdegaia bai edo zer den ona perpaus txertatua da. Inola ere ez, nik, ezabatua izan den momentutik. Hona hemen beste zenbait adibide: Zergatik ez dute egin apaiz horiek beroriek nik egin dudana? (Orixe); Pilipe, ni ikusten nauena, Aita ikusten ari da (Orixe).

13.9.2c Mintzagaia ere, aurreratua baldin badago behintzat, nolabaiteko kontraste lekua dugu: Nik, esango nizuke baina…; Zuri, kontatuko nizuke baina…; Gu ere lilura gaitezke; Gu, berriz, barrura sartzeko irrikitzen gaude (Orixe); Nik, behintzat, ez diet ondorio segururik atera (Orixe); Nik, ordea, ez det neregan gauza onik (Orixe) eta abar. Eta hona hemen, azkenik, perpaus bat, non bi gu ditugun: bata mintzagaia, bestea galdegaia. Jakina, aditzak jasoa duen bakarra lehenbiziko gu-a da, mintzagaia izateaz gainera subjektua baita: Gu, geren kaxkarrean gu gelditzen gara (Orixe).

13.9.2d Bi kasu horietatik aparte, badirudi nahikoa libre gelditzen dela izenordaina agertzea edo ez agertzea: Haren arraza gara gu (Orixe); Hori egiten diogu guk askotan Jainkoari (Orixe); Ezagutu nuen nik orain hogeitahamar urte norbait lau ordu otoitzean ari zena (Orixe).

Perpaus horiek izenordainik gabe emango bagenitu ez dirudi asko aldatuko liratekeenik: Haren arraza gara; Hori egiten diogu askotan Jainkoari; Ezagutu nuen orain hogeitamar urte norbait lau ordu otoitzean ari zena. Dena den, enfasi apur bat gehiago edo, ematen zaiola dirudi izenordainak horrela agerrarazten ditugunean. Baina izenordain horiek ezabatuz gero, ez dirudi informazio gehiegirik galtzen dugunik. Horregatik, hiztunaren esku gelditzen da izenordain horiek bere hartan uztea edo ezabatzea.

13.9.2e Beste ezabaketa kasu bat ere aipatu behar da: perpausean lehen pertsona singularrarekin (ni-rekin) edo bigarren pertsona singularrarekin (hi edo zurekin) beste norbait ere agertzen bada, … eta ni edo … eta zu esan beharrean … eta biok edota … hirurok esaten dugu. Hori izan da beti modu naturalenik euskaraz: Zu eta ni joango garaZu eta biok joango gara; Edurne eta ni iritsi ginenEdurne eta biok iritsi ginen; Joxe eta hi etorriko zareteJoxe eta biok etorriko zarete; Andoni, zu eta ni ibiliko garaAndoni, zu eta hirurok ibiliko gara.

13.9.2f Zenbait kasutan, izen sintagma bati dagokion izenlaguna ez da agertzen nahiz eta denok ulertu hor badela izenlagunen bat. Ikus dezagun zenbait adibide: Etxera noa; Etxera joan nintzaion; Aitari esango diot; Amak eman zidan; Alabari eska iezaiozu; Etxeraino eraman genuen. Hor agertzen diren izen sintagmetan ez dago, agerian behintzat, inolako izenlagunik. Badirudi, hala ere, etxeak asko direnez gero, zein etxeri buruz ari garen aditzera eman behar genukeela. Aita, ama eta alaba-rekin ere gauza bera gertatzen da.

Jakina, askotan, ezinezkoa gertatzen da izenlagun hori ezabatzea. Esate baterako, enumerazio batean izenlagun desberdinak kontrastean jarri nahi ditugunean. Adibidez: Joxeren aitari, gureari, Andresenari… Baina izenlagun hori, izenordaina izan nahiz ez izan, agertzen ez denean, interpretazio arazoa gertatzen da. Agertzen ez den izenordainen bat badela pentsa daiteke. Arazoa da zein den jakitea. Adibidez, ondoko adibideak ez du arazorik sortzen: Etxera noa (= Neure etxera noa). Izan ere, perpaus horretan ez da nitaz gain beste inor ere ageri. Baina nor eta nori agertzen badira, ondoko adibidean bezala, galde liteke ea ez den sortzen interpretazio kontuan: Etxera joan nintzaion (= Neure etxera joan nintzaion; Bere etxera joan nintzaion). Alegia, noren etxera? Euskaldunak badaki, ordea, interpretazio zuzen bakarra bigarrena dela eta ez lehenbizikoa.

Dena den, hau interesatzen zaigu guri: badira berez izenlagun bat eskatzen duten izenak (ahaidegoa adierazten dutenak, adibidez: hemen sartuko genituzke maisu, andereño, buruzagi eta antzekoak ere; baita etxe, herri eta antzekoak ere), baina sarritan ez dugu esaten zein etxez edo noren aitaz ari garen, hori ulertutzat ematen delako. Askotan, hala ere, anbiguotasuna gertatzen da. Jakina, anbiguotasuna hausteko bideak baditu hiztunak. Elkarrizketa batean, adibidez, aski da galdera bat egitea: noren aita? esate baterako.

Beste batzuetan aditzean doan datiboak esango digu zein den ezkutuan dagoen genitibo horren erreferentzia. Adibidez: Andoniri aita gazterik hil zitzaion esanda ere, Andoniren aitaz ari garela ulertzen dugu, nahitaez. Eta hori, bere izenlaguna sartu gabe.

Genitiboan doan izenordaina askotan ezabatu egiten dugula esan dugu. Hala ere, jartzea komeni zaigu, baina zein? Euskaldun jatorra, bere familiaz edo etxeaz ari delarik, plurala erabiltzearen aldeko agertzen da anitzetan. Honek lehen eta bigarren pertsonarako balio du. Horrela, gure aita, gure haurra, gure semea, gure andrea, gure ardiak… esateko joera handia dago.

13.10. Izenordain zehaztugabeak

13.10.1. Zer diren izenordain zehaztugabeak

Izenordain zehaztugabe deitzen ditugu pertsonei erreferentzia zuzenik egiten ez dieten izenordainak. Hirugarren gradukoak dira, hortaz. Sail horretan sartzen dira galdetzaileak (nor, zein eta zer), galdetzaileetatik eratorritako izenordain mugagabeak (norbait, zerbait, nor edo nor, zer, edonor, nornahi, zeinahi, ezer, inor/nehor…), eta beste eta batbedera.

13.10.2. Izenordain zehaztugabeak: galdetzaileak

Nor, zein, eta zer dira galdetzaileak, eta hemen lehenik ikusiko ditugun tankera honetako izenordainak. Zenbat-ek ere izan dezake batzuetan izenordain kutsua.

13.10.3. Nor izenordaina

13.10.3a Mugagabeen artean lehenbizi galdetzaileak aipatu beharko ditugu. Horietan beti izenordain gisa nor agertzen da. Izenordain galdetzaile horrek pertsonez galdetzeko bakarrik balio du: Nor etorri da? (—Gu etorri gara; —Ni etorri naiz; —Andoni etorri da); Norekin joango zara? (—Lagunekin joango naiz). Nor galdetzaileaz baliatuz galdera bat egiten duenak, adibidez, perpaus horien antzekoak erabiliz, etorri dena edo joango dena pertsona izango dela presuposatzen du. Horregatik dira izenordainak.

Zubereraz nur da erabilera arrunta, eta nok da ergatiboa bizkaieraz. Badira tradizioan nogaitik, nuen (noren, Lazarragak erabilia), nogaz eta norei ere, egileen arabera.

Gauza jakina da al erabiltzen dela bai/ez erako galderetan (ikus § 10.3.2.2): Etorriko al zara? Eta erantzuna bai edo ez da, noski. Tradizioan baditugu adibideak, hala ere, nahiz gutxi izan, nor eta al biak batera ikusten diren: Zuetariko nork al daki non diren Poke-ko atzerritarrak? (Zaitegi).

13.10.3b Galderazko balio gabe ere erabiltzen ahal dugu nor zenbait esapidetan. Esapide erabilienak honakook dira:

Nor edo nor. Ikus aitzinago (§ 13.10.7.2).

Nor ere. Erlatibozko perpausetan erabiltzen da: Nork ere ikusi baitu hori, zitalez blaituriko mihiz Fortunaren aurka duke traizio-epaia emango (Juan Garzia); Nori ere dakizunez guztizko onginahia baitiot (Jon Muñoz); Nor ere ahalegintzen baita besteak Arrazoiaren arabera gidatzen (Xarriton).

Nor izan. Adibidez: Ni ez naiz nor hori egiteko; Nor naiz ni zurekin mentura nadin mintzatzera? (Maister). Horrelakoetan nor-en ordez inor erabil daiteke. Azken batean, nor izan = duin izan: Zu nor bazara… (Mendiburu). Hona hemen beste esapide bat ere nor-ez baliatzen dena: Jendea, nor zaldiz, nor oinez, etorri zen. Alegia, batzuk zaldiz eta beste batzuk oinez etorri ziren. Ez da beharrezkoa, hala ere, izan aditza: Ez dut nor maite (Txillardegi).

Nor… nor… Lurrean bertan lo egin zuten, nork sukaldean, nork korridoreetan (J. Zabaleta); Nork famari, nork diruari, nork errazkeriari, nork aurreko hiruak batuz sortutako burrundarari (Lertxundi).

Nor baino nor. Hona hemen adibide batzuk: Berrogei bat lagun bai, nor baino distirant eta harroputzago (Txillardegi); Epaileak bost ziren, nor baino nor portatu zitzaizkidanak (Joxerra Garzia).

Izen gisa ere: Hortxe dago gakoa! —esan eta, nor baino nor hartan bere nagusitasuna azaltzeko… (M. A. Mintegi).

Lehenbiziko eta bigarren pertsonaren erreferentzia gisa ere erabiltzen da: Nor zarete zuek?; Nor gara gu?

Harridurazko perpausetan: Beha, beha, nor dugun hor!; Nor aspertu dateke dantza hauei begira? (M. Atxaga).

Zuetarik edo horren antzeko hitzekin: Nork zuetarik reprenditzen nau ni bekatuz? (Leizarraga); Nor da gutarik hori egiten ez duenik?

Beste edo Besterik-ekin: Nork bestek hartuko du sarrera?; Nor besterik etorriko da?; Nor dago besterik etxe honetan?; Ez zegoen besterik nor izendatu eta abar.

Gehiago-rekin: Nor gehiago etorriko da?; Nork gehiago pentsatzen du hori?; Nori gehiago esan diozu? Kasu marka ere har dezake gehiago-k: Nor gehiagok pentsatzen du hori?; Nor gehiagori esan diozu?

Beste sintagma baten aurretik, eta juntagailua tartean dutela: Nori eta hari esan behar hori!; Nork, eta horrek egin zuen azkenean; Nork eta zure anaiak ikusi omen zuen

13.10.4. Zein izenordaina

13.10.4a Zenbait euskaldunek nor ez dute erabiltzen pertsona izenordain galdetzaile bezala eta nahiago dute zein-ez baliatu: Zein etorri da?; Zeinekin joango zara zinera?; Zein ez litzateke tristatuko hori entzunik? (AstLas). Erabilera hedatuenak esaten du nor erabili behar dugula termino ez-markatu gisa (nor etorri da?) eta zein, berriz, multzo batean aukera egin nahi denean (horien artean zein da zure anaia?, adibidez). Baina arau nagusia hori izanik ere, bietara hausten da: zein erabiliz nor-en tokian (zein zara zu?) eta nor ere zein-en tokian (zuetatik nor da Peru?). Iparraldean zoin da gehien erabiltzen den aldaera, batzuetan zuin ere ageri bada ere.

13.10.4b Esapide batzuetan erabiltzen dugu:

-tik zein: Bietatik zein da zaharrena?; Horietatik zein da jokalari hoberena?

zeinek… zeinek… zeinek: Aritu dira, zeinek hartu, zeinek eraman, zeinek ordaindu, zeinek ireki…

zein… -ago: Hango herriak ikusi genituen, zein ederrago;

zein eta: Honela esaten zunan: Zein-eta dira gorputzen lau doaiak? (Orixe);

zein besterik: Zein besterik maite duzu?

zeinek jakin/ikusi/entzun…: Zeinek jakin nor geldituko den azkenean hemen; Horrenbeste euro, zeinek aurki lezakeen!

zein izan: Zein naiz ni, nerez, berriz diot, erdian jartzeko? (Txillardegi);

zeinek ez: Zeinek ez du maiteko holako gizona; Zeinek ez zuen txakolin freskoaren laguntzaz amets egiten? (P. Rekalde);

zein bere: Zein bere txandan; Noelen Kutxatik irtendako animaliek areago dirudite Artistaren batek zein bere aldetik irudikatuak (Juan Garzia);

zein baino zein: Amondarrek gaiztakeriarik asko egin dute, zein baino zein handiago (Elizen arteko Biblia); Zein baino zein nabarmenagoak ziren aitaren arreta bereganatzen zuten bideko lagun haiek (Lertxundi);

zein ere… ‘orobat’ zentzuarekin: Kontu honetan zein ere besteetan aitzindaria izan zen Etxahun-Iruri (Berria); Sirian zein ere mundu zabaleko beste hamahiru herrialdetan, dena den, segurtasun neurri zorrotzak indarrean jarri zituzten bozketa hauen karietara (Berria);

‘norbait izan’ adierazi nahi duela: Barneko jantzia zeinek garbiturik ez duela (Agirre); Prezio horretan bada zeinek erosia (Uztapide) eta abar;

zein ere den ere erabiltzen da: Baina bertze anitzek zein ere den ez ezagutu eginen diote (Mendiburu); Baina zein ere den egiazko istorioa, badago aski ziurgabetasun, negozio honetarako, eskuizkribua sekula ez zela galdu uste izateko (O. Arana); Zein ere den txiki objektu bat, bada beti argi bat hura handiarazten duena (Jon Muñoz).

13.10.4c Erlatibozko perpausetan, perpaus buru gisa, mugagabean eta aditz laguntzaileak bait- hartzen duela: Aingerua da hitz greko bat, zein erran nahi baita enbaxadore edo mandatari (Leizarraga); Lokamuts torturatzaileak, non behin eta berriz azaltzen baitzitzaizkion lapur multzoak eta ebasle andana, denak ere bere perla beltza ostu nahian, eta zeinetan […] azken finean beti eramaten baitzioten perla gutiziatua begien aurretik (X. Mendiguren Elizegi); Bere ama bera, zeinen sabeletik sortu baitzen…

Erlatibozko perpausetan, perpaus buru gisa, mugagabean eta aditz laguntzaileak -n hartzen duela: Eta zeinek bere ontasuna gehiago maite duen, harengana doa Jesus (Frai Bartolome); […] eleberri bat, Rayuela, Julio Cortázarrek hogeita hamabi urte geroago argitaratua, zeinek bizitza bera laburtzen duen esaldi bat baitu bere baitan (Zurutuza).

Erlatibozko perpausetan, perpaus buru gisa, mugatua eta aditz laguntzaileak bait- hartzen duela: Nazioarteko ekonomia- espazioaren zatiketa hirukoitzak, zeina aipatu baita jada merkataritza-trukeen fluxuari dagokionez, guztiz egokia izaten jarraitzen du inbertsioetan eta ekoizpen-sareetan (Navarro); Badut batez ere akats bat, zeina baita uste izatea ezen Danceny eskolume, melenga hori, nitaz baizik ez arduratua, […] (Jon Muñoz); Zeinak profeta bat, profeta delakoz baitu hartzen, hainak saria izanen du (Duvoisin); Erakusten dute haren burdinazko ohea, zeina baita Errabathen, Amonen semeen hirian (Duvoisin); Maria bere esposarekin batean, zeina baitzen izorra (Haraneder); Halaxe bildu ahal izan dut, hitzez hitz, neure trabailuaren ondoko uzta, zeina baita eskuan daukazuna (Irigoien); Askatasuna, bai, baina askotasuna da hor berez axola duena, askotasunaren produkzioa, gizabanako eta gauzabanako askoren askotasun entretenigarria, zeinarekin baita txit alaikiro jostatzen Euskal Hiriko hiritarren ixpiritu anizkoia (Segurola).

Erlatibozko perpausetan, perpaus buru gisa, mugatua eta aditz laguntzaileak -n hartzen duela: Gaitz bat txit handia, zeinari deitzen dioten izurria (Iztueta); Determinazio orokorrak ere finkatu beharra dago, zeinek ematen duten banako bat eratzen deneko planoan sarraraztea (Xarriton); Hoteleko gela batean gertatzen den eszena arrunta, zeinean bera zetazko izaretan zegokeen eta ni botila hotz bat xanpain eta sakeletan kristalezko kopa bi nituela azalduko bainintzen (Saizarbitoria).

Erlatibozko perpausetan, perpaus buru gisa, zein ere bezala eta aditz laguntzaileak bait- hartzen duela: Ene begiak lurreko gizon fidelen alderat itzultzen ziren, haiek enekin jarrarazteko; zein-ere baitzebilen notagabeko bidean, hainak zerbitzatzen ninduen (Duvoisin); Ura deitzen da gauza baten fina, zeinengatik eta zeintako ere baita Gauza gura (Duvoisin); Delacour andereñoa, zein ere pertsona sendokote jator bat baitzen, irribarre zabala egiten hasi zen (Aldasoro); Ségouini ez zitzaion beharbada kopuru handia irudituko, baina Jimmyk —zein ere, behin edo behingo hutsegiteak gora-behera, barru-barruan sen sendoen oinordeko baitzen—, ondotxo zekien zenbat kostata bildua izan zen (Aldasoro).

13.10.4d Batzuetan harridura adierazten du (§ 14.10.5.7): zein ederra! Edo, besterik gabe, ze ederra! izan da aldaera aski erabilia.

13.10.5. Zer izenordaina

13.10.5a Pertsona ez direnez galdetu nahi denean, zer galdetzailea erabiltzen dugu: Zer erosiko duzu? —Etxe eder bat; Zertaz mintzatu zineten? —Ekonomiaz mintzatu ginen; Zertan ari zineten hor ezkutuan? —Zigarro bat erretzen…; Zeren bila zabiltza?; Zertan dihardu?; Zertara doa?; Zer dakar beronek?…

Hala ere, nor beti izenordain den bezala, hots, besteren laguntzarik gabe, berak bakarrik, izen sintagma osa dezakeena, zer izenaren determinatzaile gisa ere erabiltzen dugu. Adibidez: Zer ordu da?; Zer moduz zabiltza?

Kasu absolutiboan ze da beste aldaera bat aski erabilia, bai hitz egitean eta bai tradizioan (betiere zer aise gehiago) edo egungo literaturan ere: Ze esan duzu? Bizkaierazko idazle zaharrek, adibidez, zer izenordaina (zer da hori?) eta ze determinatzailea (ze gauza) bereizten zuten. XX. mendean erabilerak gutxiagora egin zuen mendebaleko idazleen artean. Gipuzkeraz gehiago idatzi izan da zer, osorik. Ekialdean ere zer da gehien erabili izan dena. Gaurko idazleek ere arruntean erabiltzen dute ze.

Ergatiboan zerk egiten da, salbu bizkaierazko tradizioan, non zek den maizen ageri dena. Instrumentalean zertaz, zertas, zetas, zerzaz eta zerez aldaerak erabili dira. Ablatiboan zertarik, zertaik, zerteik aldaerak. Soziatiboan zerekin, zerkin, zegaz, zergaz, zer edo zerkin bezalakoak. Datiboan zeri (nagusia), baina zerei ere. Genitiboan, zeren orokorraren ondoan zeen eta zen. Zertzat ageri da inoiz.

13.10.5b Zer determinatzaile gisa ageri delarik ondoko sintagma mugagabean ageri da arruntean: Badakizue zer manamendu eman dizuedan; Zer ordu da?; Zer liburu zaude irakurtzen?; Zer esker, zer pagamendu emanen die? eta abar. Baina badira adibide anitz non sintagma hori mugatua den: Zer arpegiaz zure begietan jarriko naiz?; Ikusten duzu zer kalteak datozen gure zabarkeria eta aitzakietatik; Kontatu zidaten gau triste hartan zer gauzak esan zizkioten; Eman dute erakustera nolako bakea eta zer xedeak zituzten gogoan… Holakoetan nolako-ren baliokide gisa erabiltzen dugu zer, askotan, baina ez beti, harridurazko perpausetan: Ha zer bidea eta moldea, zer lausengua eta balakua… (Axular).

13.10.5c Lagunarteko hizkeran batez ere, komodin gisa erabiltzen dugu zer hau (edo zera, beste hiztun batzuek). Horrelakoetan ez gaude jadanik galdetzaile baten aurrean, izen baten, adjektibo baten edo aditz baten aurrean baizik, zeren izen gisa (bere mugatzaile eta guzti), nahiz adjektibo gisa (hots: adjektiboa agertzen den testuinguru berean) nahiz aditz gisa erabil baitaiteke. Hortaz, edozeren ordez erabil daiteke: Zera esan dit; Bai zera! Nola esango zizun hori, bada?; Zerako zerak zerako zera zeratu omen zuen zerean; Oso neska zera da.

Ahozkoan maiz erabiltzen da, askotan gogoratzen ez garen izena ordezkatzeko balio baitu. Hizkera bizirako markatuegia delakoan edo, EGLUk dio ez diruditela oso dotoreak honako esapide hauen antzekoek (I: 49-50): “Industria Sailburuak zera adierazi du kazetarien aurrean: 15.000 lanpostu berri sortuko direla datorren urtean Urola aldean”. Baina egia da egungo idazleek ere asko erabiltzen dutela: Konturatu zen lehen ez zela hain antiklerikala, errespetuzko zer bat gordetzen ziola elizari (Linazasoro); Bere tokitik mugitu gabe zer beltz bat jaurti zidan, airez aire (Epaltza); Ez dakidana, zera da: guk geure burua ukatzeko beste maite izan ditugun zerok ote diren geure seme-alabek nahi dutena (Joxerra Garzia).

13.10.5d Beste erabilera batzuk ere baditu zer honek:

Ezezkako espletiboa: Zer ez ote zuen esan?; Zer ez zen izan ene bihotz mina! (Duvoisin); Zer ez nuke eginen eta zer ez dut egin honelako mesedeengatik? (J. Haranburu); Mende honek zer ez du ekarri! (Larre) eta abar.

Zinez, galdera denaren aurrean: Zer, hori bazeneki, zer nahi zenuke egin? (Pouvreau); Eta zer? Aditurik hau guztia, ez ote gara ohituko…? (Agirre Asteasukoa); Zer, zer? Medikuari beldur? (Etxaniz); Zer, ez duzu ezagutzen “Herria”? (Larre).

Zer garrantzi du? Zer gertatzen da? adierarekin: Bai… eta zer? (Apaolaza); Badaukat behar nuena. Eta zer? (Txillardegi); Eta orain zer? (Labaien).

Datiboarekin: Nahiz goiz nahiz berandu, niri zer? (Azkue); -Erorian daukazu gerrikoa. -Eta zuri zer? (Anabitarte); Zer neri, inork hau buruz asma ez baleza? (Orixe); -Noren aginduz jantzi duk hori? -Hiri zer? (Orixe).

Beste-rekin: Zer bertze probetxurik etortzen zaigu? (Leizarraga); Zer bertzerik mundu honetan desira genezake? (Leizarraga); […] baina zer besterik egin nezakeen (J. A. Arrieta); Zer beste asmo izango du…? (Urkixo); Nik dakita zer besterik (Txillardegi).

Zein eta zer pareko direnean: Ezen ez dakizue zer orduz zuen Jauna etortzeko den (Leizarraga. Beste itzulpen batzuetan: zer orduz, zer ordutan, zoin orenez, zein orduz eta abar); Baina non edo gorputzaren zer lekutan gantzutu behar ote da eria? (Agirre Asteasukoa); Ez dut esanen zer herritan, orain Gerrieder izengoitia duen etxe batek… (Orixe); Ezin pentsatu zuten zer al zitekeen kausa (Lazarraga); Aski zaigu jakitea zer tokitan den (J. Etxepare); Zer ordutan etorriko da erloju bila? (Izeta).

Partizipio aurretik, etorkizuneko atzizkiarekin: Jo batera eta jo bestera dabiltza bazterrik bazter […], txosnarik txosna, gauza guztiei begira, non jarriko, zer jango, zer erosiko (Agirre); Atzetik zer etorriko beldur direla (Orixe); Zain daude atea noiz irekiko, atean zer ikusiko (Mitxelena).

Erlatibozkoetan, aurrekaria gauzatu gabea dela. Aditz jokatugabeekin: Ez du zer egin; Bada zerekin ordaindu; Nik horretan ez daukat zer galdurik; Ez daukagu zerekin estalirik; Bada zer pentsatu; Edirenen dutela zertaz kontenta (Leizarraga); Ez dutela izango hemen zer ikasirik (J. J. Mogel); Ez da zertaz harri (Duvoisin); Zuk bakarrik daukazula zer galdua uste al duzu? (Agirre); Nik badut zer kontatua horretaz (K. Izagirre); Bada, beraz, etorkizunari begira zer hausnartua eta zer aldatua (Zuazo). Eta aditz jokatuekin: Honezaz zer segurik eskriba diezaiadan jaunari ez dut (Leizarraga); Eta ez baitzuten zer jan lezaten, dei zitzan beregana Jesusek bere dizipuluak (Leizarraga. Duvoisinek, pasarte horretan: zer jan); Ezen ordu hartan berean emanen zaizue zer mintza zaitezketen (Leizarraga. Duvoisin: emanen zaizue zer erran).

Ezezko perpausetan, absolutiboan: Ez dugu beraz hetaz zer banagloriaturik (Axular); Ez da zer fida ez zeru izartsuan, ez emazte nigartsuan (Oihenart); Ez da zuk zer erantzun, ikusten dugun gauza da (Mendiburu); Baina ez da zer ikaratu! (Iztueta); Oinazeak, asturugaitzak ematen badizkit, ez dut zer kexatu (Duvoisin); Orain Margotek pairatu behar du, edo, hobeto esateko, ez du zer pairaturik (J. Zabaleta); Inork aukera behar bezala eta zuzenik egin badu […], ez du zer egin berriro aukera (P. Altuna); Ez du zer kezkaturik egiazkoa izateaz (Juan Garzia).

Harriduretan: Ai! Zer gaua! Zer gaua hura! (J. Zabaleta); Zer ez ote dudan nik Gotaineko etxe hartan ikasi! (Txillardegi); Baheki zer astokeriak erraiten dituzten (Dirassar); Begira zer nolako antzara lerdena (Lertxundi); Baina zer arraio, Mikel! (U. Iturriaga); Zer aideko eta zer aidekondo! Itxura badaukak, zer demontre! (Jimenez).

Zerbait-en parekoa, izenordaina: Badut zer edo zer esku artean (O. Arana); Euren helburua edozein dela, zer edo zer egin beharra daukagula uste dut (Landa); Bortxazko lan hark, batzuetan, zer edo zer irensteko ahala eskaintzen zion (Bidegain); Ezin zen igarri lasai zegoen ala izugarri urduri, zer edo zertan pentsatzen ari zen ala isileko poliziek epaileen aurrean ematen zituzten azalpenak entzuten (Morales); Zalapartak entzuten dira tanpez, eroriko baldar eta urrunen antzekoak, zer edo zerk lur joko balu bezala (K. Izagirre); [Txantxangorria] hasten da txioka, salto alde batera eta salto beste aldera, txioka eta txioka, makilatxo bat zirudien zer edo zertxo baten aldamenean… (P. Zabala).

Izenondo mugatuaren ezkerrean: Ea zer edo zer bitxia sumatu zuen egun hartako bazkarian (Zaldua); Besteak bezalakoa zen gutun hura, baina bazuen zer edo zer berria, edo, nola esango nuke, biziberritua (X. Mendiguren Elizegi); Zer edo zer inportantea esan behar zidan (Rey).

Badaezpada adierazi nahi duela: Eta orduan gauza asko erakutsi behar zaizkio, zer gerta ere; gauzak nola diren eta zergatik (Segurola); Betidanik, zer gerta ere, lau intxaur eskura nahiago, urrutiko hamalauak baino (Epaltza); Zer gerta ere giltzatua beharko zukeen polizi pistola bat zeraman eskuetan (Borda); Urratsak labur eta zuhur beraz, zer gerta ere (Aintziart).

Partitiboarekin: zeozer onik, […] zeozer txarrik […] (F. Bilbao).

Zer-nola, galde perpausetan, nola adierazi nahi duela: Aita isileko arrantzan edo ehizan aritutakoa zen inoiz, eta Charliek bazekien zer-nola moldatu (Larrañaga); Hasitako gertakizuna zer-nola amaituko itxaron gabe, beren bideari jarraitu zioten (Ezkiaga); Zuk, apeza izanez, badakikezu zer nola egin egunero, fededun eta ere sinesgabeen erdian izanez eta ibiliz (Aintziart).

Zer-nolako (zernolako) izenlaguna, nolakoa esan nahi duela: Zer nolako zintzotasuna! (Jon Muñoz); Ez dakizu zer-nolako gozatuak ematen dizkiguzun! (Olarra); Ez zuten asmatu zer nolako gaitza zen, ez ziren, beraz, emakumea sendatzeko gauza izan (Juaristi); Esplikatu nion Ximuni zer-nolako momentu goxoak pasatzen genituen han, haurrak ginelarik (Landart); Hori guztia finantzatzeko zer-nolako bideak erabili behar diren (Pérez Iglesias, Salaburu); A zer-nolako hipotesia, Virgilio: heriotza kendu (Igerabide). Zer-nolako predikatu gisa: Zer nolakoa izan da esperientzia? (Urkiza); Hitzegin zuten gero Jacky Vicedos Oihantzainak eta Pierre Salaberry Oihantzainburuak azaltzeko zernolakoa den xedea (Herria); Batere axola ez digun pertsona bat zer-nolakoa den adierazteko pare bat hitz aski eta gehiegi izan daitezke (Segurola). Zer-nolako izen gisa: Orain arte ez dut inoren eskubiderik ukitu, ezta inorengandik eskupekorik jaso ere, baina zer-nolako honi ez diot antzik ematen (Ezkiaga); Ondoretasunaren kimikaren zer-nolakoa zehaztea, zelularen funtzio oinarrizkoak aztertzea (Juan Garzia).

Zer(en)gatik esan nahi duela, Iparraldean: Ez da zeren deus handirik erra holakoei (Hiribarren); Ez da zeren egin errenkurarik Mariaz (Larregi); Ez da zeren dudatu (Duvoisin).

Eskerrik asko-ren erantzunean: Ez da zeri; Ez da zeren; —Bego gure gain, eta milesker! —Ez da zeren! (Larzabal); —Eskerrik asko, eta agur! —Ez da zeri. Agur, agur (M. Lekuona).

13.10.6. Galdetzaileen gainean beste ohar batzuk

13.10.6a Galdetzaileak singularrez nahiz pluralez eman ditzakegu: Zein da hori?; Zein dira horiek?; Zer da hori?; Zer dira horiek? Badakigu, bestetik, -tzuk atzizki kolektiboa batez ere bat zenbatzaileari erantsirik ageri zaigula: batzuk. Baina zenbait euskalkitan bere alorra hedatu egin du eta, horrela, nor/nortzuk, zer/zertzuk, zein/zeintzuk, zerbait/zerbaitzuk, zenbat/zenbatzuk aurkakotasuna ezagutzen dute eta bata singularraz galdetzeko erabiliko dute eta bestea plurala den zerbaitez: Zertzuk esan zizkioten gizajoari!; Nortzuek egingo dute lan hori?; Errespetatu beharreko mugak zeintzuk eta zertzuk ziren? (Urkiza); Imajinatu, gau argi eta epela suertatuz gero zertzuk egin (Arretxe). Batzuetan, hala ere, -tzuk plural markatzailea, zein eta zer determinatzaileak direnean, ondoko izenak hartzen du: Ze bidetzuk hartu zeure asmo galdurako? (Mogel); Zer gauzatzu ikusi dituk hirian? (Otxolua).

Jakina, bereizkuntza hori egiten ez dutenentzat, zer, nor, zein eta abar ez dira ez singular ez plural: […] eta zeinek odolaren osagairik meheenarekin bat egiten duten (Irigoien); Tabernan oihuka esaten zuen bazekiela zeinek jo zuten (Igerabide); […] zeinek bere izena zuten: Hipokrates, Teodoro Zirenekoa […] (Jon Muñoz). Hala ere, hiztunak pluraltzat har ditzake izenordain hauek, horrek aditz komunztaduraren aldetik dakartzan ondorioekin. Hortaz, zein aukeratu dituzu?, eta, batez ere, zer determinatzailea denean: zer liburu irakurri dituzu? Nahiz zer liburutzu irakurri dituzu? Idazleen artean: Zer argumentu erabiliko ditu aitak […]? (Lertxundi); Zer onura ekarri ditu? (Elberdin). Batzuetan plural marka sintagma osoak hartzen du: Zer emaitzak eman ditu politika honek? (Salaburu); Zer ixtorioak ez ditu asmatzen haur baten irudimenak gutiagorekin? (Oronoz).

Ikus Euskaltzaindiaren 11. araua: “Nor/nortzuk, zer/zertzuk, zein/zeintzuk”, Bilbon, 1994ko azaroaren 25ean onartua.

13.10.6b Batzuetan, guti gorabeherakotasuna adierazteko -tsu eransten zaio galdetzaileari (zertsu da? adberbioetan eta, nontsu esaten dugun modu berean): Postura egingo nuke zakurrak zertsu ari nintzaion ulertu duela (Txillardegi); Legezko zikaneria guztiak oro bazterrerat utzirik, hoina zertsu erran duen (Hiriart-Urruti).

13.10.6c Aipatu berri ditugun bi galdetzaile horiez gainera, jakina, badira beste galdetzaile batzuk ere, baina horiek berez ez dira izenordainak, determinatzaileak baizik. Zein-en kasua aipatua dugu. Zenbat ere horietakoa izango litzateke eta baita zer bera ere. Baina hauen izenordaintasuna nolabait erakarria edo dugu: izen sintagmaren buru den izena ezabatua delako. Alegia, honako perpaus hauek: Zein aukeratu duzu, gorria ala berdea?; Zenbatek galdetu dizute? Beste hauen laburpen direla pentsa genezake: Zein soineko aukeratu duzu, gorria ala berdea?; Zenbat pertsonak galdetu dizute?

13.10.7. Galdetzaileetatik eratorritako izenordainak

Galdetzaileak (nor, zein…) oinarri harturik, euskaraz beste izenordain zehaztugabe batzuk (edonor, edozein…) sortzen ditu. Horietako asko izenordain nahiz determinatzaile izan daitezke eta, berehala ikusiko dugun gisan, kasuistika handia dago haien artean, ez bakarrik kopuruari dagokionez, baizik erakusten duten erabileragatik ere.

13.10.7.1. Norbait, zerbait

13.10.7.1a Galdetzaileetatik eratorritako izenordainak dira norbait eta zerbait.

Norbait beti izenordain dugu, izenordain mugagabe, erreferentzia zehatzik ez baitu. Eta nor bezala, norbait ere pertsonentzat erabiltzen da: Norbait sartu da gelan; Norbaiti eskatu behar zenioke laguntza.

Norbait-en erabilera nagusiak hauek dira:

Norbait izan esapidea, nor izan-en tankerara erabiltzen dugu: Bada norbait gizon hori; Euskal Herri honetan norbait garenak; Ailegatu eta berehala norbait nintzen gotorleku setiatuan (Epaltza).

Batzuetan, pluraleko lehenbiziko pertsona gisa ere erabili izan da: Sendiak ez osorik irautea betikoa da; norbaitek hil beharko dugu eta orduantxe puskatuko da (J. A. Irazusta).

Beste duela aurretik: Beste norbaitek oihu eta oihu eginagatik (Mendiburu); Beste norbaiten zintzotasuna (Inza); Beti izango da beste norbait bera baino trebeago (Mihura).

Ere-rekin batera: Norbaitek ere egin dit malizia handia149 (Etxepare); Esan zion norbaitek ere ea zertako zebilen txorakeria haietan (Goñi).

Aurretik -tik edo -rik marka duen izen sintagma duela: Halako jendetarik norbaitek pizten dizkion… (Duhalde); Eri edo gaixo aurkitzen da zuetatik norbait? (Agirre Asteasukoa).

Aurretik -ko marka duen izen sintagma duela: Zeruko norbait (Hiribarren); Lurdesen nahi eta nahiez beste munduko norbait azaldu dela (Goñi); Enauteneko otto Nane edo auzoko norbait (Larre).

Ezezko perpausetan: Zeren norbaitek ez badauka bere etxetiarrez […] arta eta kontu (Pouvreau); Orain ere deusik ez ninteke, norbaitek ez banindu egin (Duhalde); Zerk ibilarazten du izadia aurrerantz, han ez baldin bada Norbait? (Villasante).

Erakusleekin: Norbait hura erregeren odoleko andre bat zen (Laphitz); Banekien norbait hilen zela, norbait horrek hura hiltzen ez bazuen lehenago (Larzabal); Norbait hau zu baino boteretsuago edota ahulago izan daiteke (Unzurrunzaga).

Adjektiboekin, mugagabean: Norbait handirekin (Lafitte); Haiengandik ikasi nuen, ahaleginean, Zu norbait handi zinela sumatzen (Orixe).

Nor edo nor. Ikus aitzinago (§ 13.10.7.2).

13.10.7.1b Zerbait ere gehienetan izenordain gisa ageri zaigu, baina pertsona ez direnentzat: Zerbait gustatzen zait (-perts.); Norbait gustatzen zait (+perts.). Batzuetan pertsonari dagokion predikatuaren erreferentzia duela ere erabiltzen dugu: Lur baizen ez garela / kanpotik iduri arren / zerbait bertze garela (Tartas); Ezkongaietan zerbait banintzen / ezkondu eta ezer ez (Iparragirre); Zerbait bazelakoan / ta azkenean hutsa / horrek ez dik balio / zakurraren putza (Txirrita); Jakina! Gaur hamazazpi urte, ni ere zerbait banintzen (Etxaniz).

Anitz aldaera izan ditu tradizio idatzian, formari dagokionez: zerbeit, zerbaizt, zerbaita, zerpeit. Iparraldean zerbaitetan, zerbaitetara, zerbaitetarik ageri dira. Hegoaldean, berriz, zerbaitetan eta zerbaitetara horiekin batera zerbaitean, zerbaitera, zerbaitetik, zerbaiten, zerbaiteren, zerbaitez (gehien erabilia Ipar nahiz Hegoaldean) eta zerbaitetaz. Gaur egun nahiko galdua den moldea ere erabili izan da tradizioan: bait-ek hartu beharrean, zer-ek hartzen dituela postposizioak. Holako hauetan bezala: zertanbait, zertazbait eta abar. Makilkada ederrak ematen zizkiela zertanbait huts egiten zutenean? (Orixe); Ez da ongi soineko harroarekin […] elizara etortzea […]. Zergatik bait agindu zuen elizak ez dakiela sakramenturik eman honelakoei (Agirre Asteasukoa); Zertanbait minkiro zesaion Titirori Melibeok (J. M. Tolosa, Euskal Esnalea).

Adjektibo eta adberbioekin ‘pixka bat, apur bat’ esan nahi duela erabiltzen da, eta, ondoko adibideek erakusten dutenez ere, adjektibo batez lagunduta doanean, adjektiboa mugatuan nahiz mugagabean ager daiteke: Zerbait hobeto ezagutzeko (Kardaberaz); Zerbait epelak eta nagiak Jaungoikoaren zerbitzuan (Mogel); Europa dioenak zerbait gehiago dio, nahi eta ez (Mitxelena); Pitin bat bizitxoa, zerbait barekorra… (Agirre); Sasoi honetan zerbait goizago jaiki liteke bai (Soroa); Beste aldean, zerbait atzeratxoago, mahai txiki bat (Etxaniz); Zuhur nenbilen, zerbait berezi esan nahi zidala sumatzen nuen (Atxaga).

Aditz batekin, ‘neurri batean’ adierazi nahi duela: Ezen, baldin are gehiago zerbait loriatu nahi banaiz gure puisantzaz, ez naiz ahalketuren (Leizarraga); Galdu dut zerbait neure pazientzia (Mogel); Ona da haurrak, zerbait gogortuak edo haziak direnean ekartzea Elizara (Agirre Asteasukoa); Arintzen ziren zerbait haren neke eta nahigabe handiak (Mendiburu); Ikasia zuen honek, zerbait bederen, klarinetea jotzen (Larre).

Garrantzi handikotzat hartu, kontuan izatekoa: Gure tokietan ere, teilerietan egiten dituzte labe batzuk zerbait iduri dutenak (Duvoisin); Orduko tratuetan zerbait zen gero zazpi mila liberakoa (Oxobi); Hau zerbait zen (Oskillaso); Orduan izan ginen haurrentzat bederen zerbait bazen Bestaberri (Larre).

Aditz jakin batzuen laguntzan. Izan aditza 3. perts. sing. eta perpaus menderatuarekin: Noizbait iraungitzen balira berretzen nauten suak, zerbait liteke, kontsola nintzeke (Mihura); Hainbertze eta hain ondorio minezko egitekoei buru eginez, irautea bera zerbait duzu (Hiriart-Urruti); Haren haztea bera bada zerbait. Bazeneki zein huts egin errazak diren eta minberak (J. Etxepare); Erran gabe doa Azkaineko sasi-mirikuak ez zekizkiela landare horien izen ez frantses ez latinak: zerbait da euskarazkoen jakitea bera (Zerbitzari). Jakin, ikusi, kosta… aditzekin: Zerk izutzen gaitu? Dudagabe zerbait kosta behar da bizitzaz aldatzeko (Duhalde); Bertsotan zerbait jakina zen Etxetako Joxe Mari (Tx. Garmendia); Ordu arte, zerbait ikusirik bazuen Frantsesek […] baina zer ziren […] horko itsuskerien ondoan? (Narbaitz); Gain haietan egunak luze eta bortitz dituk gero… Zerbait dakiena mintzo zaik (Larzabal); Ipar Ameriketako zinemaz zerbait dakitenek… (Mitxelena).

Erakusleekin ere erabiltzen da. Tradizioan ikusten ahal dira adibideak: Ezin derrakete zerbait hura zer den (Haraneder); Zerbait horri, nahi dutenek, Arima esan diezaiokete (Mirande); Orduan bera presentatu zen latineko zerbaitera, eta latineko zerbait hori Salamankan zegoen (Mitxelena).

Ezezkako perpausetan: Erakarri egiten ninduen aurpegiaren ikuskariak, ordu arte ikusi ez nuen zerbait nabaritu niolako (Saizarbitoria); Holako zerbait ez ote didazu jadanik ere errana? (Dirassar).

Zer edo zer. Ikus beherago (§ 13.10.7.2).

Izen bati dagokiola, ezkerrean nahiz eskuinean: Bestetik, bidean zerbait erremedio ematen dizkio lagunak Tobiasi… (J. A. Mujika); Baina nehor ez hilik ere, oro kutsatuak, orok zerbait min eta kalte (X. Arbelbide); Laguntza zerbait nahi bazenu edo… (Landart); Nahi nuen beste min zerbait ahantzi (Aintziart); Zerbait obra egitera (Etxepare, Hitzaurrea); Atsekabe handi zerbait (Joanategi); Zerbait gauza (Joanategi); Koleraren iraungitzeko on da zerbait lani lotzea (Axular); Zerbait berri txar ote zuen? (Laphitz); Zerbait berri baldin bada gaztigatuko dizuet (Izeta); Halarik ere, bazen nitaz zerbait fama hedaturik, eta gerla ondoan… (Xalbador).

13.10.7.1c Zerbait eta norbait, izenordain izanik ere, adjektibo baten laguntzan ager daitezke eta horrelakoetan izen sintagma eta guzti erabili ohi dugu. Alegia: Zerbait ona aurkitu du = Ona den zerbait aurkitu du; Norbait jakintsua behar dugu = Jakintsua den norbait. Lekukotasun anitz badira: Halaz guztiz, guretzat zerbait ikusgarria badu (J. A. Irazusta); Zerbait behar dut, ikusten ez den zerbait eder eta jasoa (Gandiaga); Eguneroko hizkuntza zerbait bizia da (Mitxelena). Ikusten denez, adjektibo mugatua izan dezake eskuinean: Gizon edo emakume batek zerbait berezia sentitzen duenean… (Aristi); Atzoko izumenaren ondoren, zerbait ona, azkenik (J. Zabaleta). Edo adjektibo mugagabea (hau da gehien erabiltzen dena: holakoetan, OEHren arabera, gehienetan mugagabea edo partizipioa ageri da): Zuhur nenbilen, zerbait berezi esan nahi zidala sumatzen nuen (Atxaga); Zerbait berok on egingo dizu (Borda); Zerbait txar gertatu bide da (Bidegain); Nahi du kanpora zerbait handi iruditu (Pouvreau). Batzuetan adjektiboa aurretik ere: Iduritu zitzaidan garbiki, xuri-xuri zerbait, tximista bezala heldu zitzaidala gainera (Barbier).

13.10.7.2. Nor edo nor, zer edo zer

13.10.7.2a Nor edo nor eta zer edo zer ere galdetzaileetatik eratorriak dira. Horietan ere (+perts.) / (-perts.) bereizketa baliagarri gertatzen da, neurri batean bederen. Nor edo nor horrek norbait adierazi nahi du: Beti bada nor edo nor irakurtzen duena; Ate joka sumatu genuen nor edo nor.

13.10.7.2b Horien zentzukidea dugu, bestalde, baten bat ere: Baten batek lagunduko digu = Norbaitek lagunduko digu. Arrunta da tradizioan, batez ere Hegoaldeko testuetan: Gure adineko eta gazteagoen artean baten bati suertatu zaionez sarri aski (Mitxelena); Burugabekeria hori ere entzun behar al genuen? Esan lezake baten batek (Munita). Eta baita bat edo bat ere, hau ere Hegoaldean erabiltzen dena (oso adibide gutxi Iparraldean): Bat edo baten irudimen hegalaria, aldietan hegan eginez (Orixe); Bat edo batek pentsatzen badu… (Txirrita)150.

Horrelakoetan, baten bat edo bat edo bat…, inongo izenik gabe agertzen zaizkigunez, izenordain gisa agertzen dira perpausean, baina bat zenbatzailetik erakarriak ditugunez, determinatzaile zeregina ere bete dezakete izen sintagmaren barnean: Ekar iezadazu liburu baten bat. Honen ordez agian usuago ikusiko badugu ere libururen bat. -en bat izen sintagma mugagabeari erantsirik erabiltzen dugu: Zer ote da zarata hori? —Saguren bat izango da; Nola joango gara Baionara? —Aurkituko dugu autoren bat.

13.10.7.2c Dena dela, mugagabetasuna markatzeko modu bat ematen digute itzuli horiek. Adibidez ume bat esaten badut, ziur dakit umea izan dela ateko txirrina jo duena, adibidez; baina umeren bat esaten badut, gauza ez dago hain garbi: nik ume bat izan dela uste izan nezake, baina beharbada beste norbait izan da. Dena den, partitibo mota bat dela dirudi. Eta askotan ustezko perpausetan erabiltzen da. Zenbatzaileekin ere gauza bera gertatzen da: Bost(en) bat urte zituen, aita hil zitzaionean; Hogei(ren) bat neska izango ziren inguratu zitzaizkionak.

13.10.7.3. Edonor, edozein, nornahi, zeinahi

13.10.7.3a Hurrengo sailean edonor eta nornahi sartzen ditugu. Hauek ere (+pertsona) ezaugarria dute. Bestalde, askoren artean aukera uzten denean erabiltzen dira (edo eta nahi ere aukera adierazten dutenak baitira): Edonor joan daiteke Donostiara = Nornahi joan daiteke Donostiara. Perpaus hau esaten duenak, esan nahi du berdin zaiola nor joango den Donostiara, bata nahiz bestea, nahiz denak.

Edonor-ek aldaera bat baino gehiago erakutsi du tradizioan: eronor eta edonok (edonork) ageri dira. Batez ere XX. mendean hedatu ziren. Edonor-en parekoa da edozein.

13.10.7.3b Edozein, euskalki guztietan —salbu zubereraz— erabili izan da. Izenordain gisa batzuetan: Judas ez beste edozeinen bihotza bigunduko zuten (Lardizabal); Oraintxe bertan jokatuko nioke Olaetako jantziurdindun edozeini (M. Lekuona); Ene alaba ez duzu gero edozeinetarik (Larzabal). Edo izenkiaren ondoan, determinatzaile gisa, aurretik nahiz atzetik: Zuhaitza, edozein mota dela, beti da apaina (Munita); Edozein herritan (Larre); Edozein hizkuntzaren dialektuak bezala (Mitxelena); Nahi zuen mendi edozeinek Potosi bezala izan (Larramendi); Presondegi edozein presondegi da (Mendiburu); Ezartzu laborari edozein, apezaren jaunzturaz apaindurik (J. Etxepare); Urrinari gizonki edozein jarria zaioke zortzi egunik barne (J. Etxepare).

13.10.7.3c Nornahi euskalki guztietan erabili izan da. Kasu marka eta postposizioak hartzean bi aldaera erakusten ditu tradizioan: nornahik / nork nahi; nornahiri / nori nahi; nornahirekin / norekin nahi eta abar. Bigarren aldaera da zaharrena, hau da, lehenbiziko atalean marka jartzen duena. Hola ageri da egun nonahi forman, edo nondik nahi edo nondinahi (nonahitik ere, jakina, eta nondinahitik), esate baterako: Fite du garaitzen / noren nahi konbata (Harizmendi); Gorputz duzula galant nornahik badaki (Gamiz); Nork nahi daki Jesukristok dirauela hostia kontsagratuan (Mogel).

Ingurune jakin batzuetan ageri da:

Hori ez da nornahi bezalakoetan, esaterako. Ez pentsatu hori nornahi denik (Elexpuru); Horretarik egin zuen gizon hori ez zela nornahi (J. Etxepare).

Erlatibozko perpausen ondotik: Gelan dagoen nornahik ikusiko du (Mirande).

Subjuntibozko perpausekin: Nornahi etor dadi, ez ireki atea (Duvoisin); Jende agrados, laino eta maitagarria beti zuretzat, nornahi izan dadin (Larre).

Izen baten eskuinean edo ezkerrean: Aita Sainduak berak larderiatzen ahal duela laiko nornahi (Xarriton); Azken batean, nornahi emakume delarik ere, hemendik at dago (Larrañaga).

Nornahi + ere (+ dela edo kideko adizkiren bat tartekaturik, edo horren ezkerrean): Kalte gaitzak beraz, elkartasun mugimendu handi bat sustatu duten kalteak egia erran, halakoetan nornahik ere bere bihotz aiseagoa erakusten baitu (Herria); Beraz, Ministro jeneralak, nornahi dela ere, ni neu bezalaxe maita eta benera dezala nahi dut (Navarro); Nornahi eta nonahi zela ere, kontent egoten ahal zen bere arrakastaz (Epaltza); Segur bainaiz bakoitzaren esperientzia pertsonala, nornahi ere den hau, ezin dela besterengana hedatu (Salaburu).

Ikusi Euskaltzaindiaren 10. araua: “Nornahi, nonahi, non-nahi”, Bilbon, 1994ko azaroaren 25ean onartua.

13.10.7.3d Zeinahi dokumentatuago ekialdean. Eta R. M. Azkuek ere erabiltzen du: Puntu horietarik zeintzan nahi erreflexione seriosik egitea aski dugu (Alf. Rodriguez); Alde batean ehun milioi gizonen buru den Mac-Kinley eta bestean berrehun bat Leaburuarren agintari Juan Joxe, zeinahi hautatzeko (Azkue).

13.10.7.4. Edozer, zernahi

13.10.7.4a Edozer eta zernahi, berriz, izenordain gisa nahiz determinatzaile gisa erabiltzen ahal ditugu, betiere ezaugarritzat (-pertsona) tasuna dutelarik: Orain edozer (gauza) jango nuke; Batzuk, edandakoan, zernahi (astakeria) esaten dizute.

Bigarrenak, zernahi-k alegia, tradizio luzea du eta ongi dokumentatua da Iparraldean, XVII. mendearen erdi aldetik.

13.10.7.4b Bakarrik ageri da: Egoera ikaragarri hau baino bertze zernahi hobe dela (Oronoz); Zernahi gertatzen ahal da baketzera etorri omen zareten lurralde dorpe honetan (Montoia).

13.10.7.4c Izen baten edo aditz baten ezkerrean (orduan ‘edozer gauza’ adierazi nahi du): Opor sainduetan gaudelako, eta opor sainduetan, itxuraz, zernahi diru xahutzea libro delako (Epaltza); Zeren eta ene desohoreak, ni hain ezaguna naizen aldetik, eskandalua ekar liezaioke zernahi jenderi (Xarriton); Nornahik zernahi obra zezakeen lurraldea (Borda); Erotu ginen biak orduan, eta zernahi erran genion zaintzaileari (Bidart).

13.10.7.4d ‘Asko, izugarri’ adierazi nahi du batzuetan: Zernahi sufrituz desmozkortzen ari nintzen bitartean… (Landart); Palestinago jendeak zernahi jasaten duela salatzeagatik… (Herria); Zernahi dela, gain haietan euskaldunak aipatzen gaituzten ber, oraino bizi garelako seinale da (Xarriton).

13.10.7.4e “… dela” esamoldeak lagundurik ‘dena dela’ esan nahi duela: Zernahi dela ere, handik gutxira, nigandik aldaratzera behartzen zuen afera batez oroitze irudi bat egin zuen (Jon Muñoz); Garbi ikusten da, bada, zernahi dela ere (Aldasoro); Zernahi gisaz, inon izatekotan, goiko jangela txiki horietan izan behar zuten biltokia (Epaltza); Goxoa bezain samina, baina zernahi gisaz ezin ahantzia (Dirassar).

13.10.7.4f Batzuetan instrumentalean hartzen du osagarria: Eramaten bazuen Apanizera, diruz zernahi emanen ziola (Barbier); Eta bazen eri eta kolpatuz zernahi bai etxeetan bai karriketan (Narbaitz). Badira zernahi pairatu, jasan, sufritu bezalakoak ere: Etsai batenganik zernahi sofritu nukeen; baina adiskideetarik… (Etxeberri Sarakoa).

13.10.7.4g Eta ‘gaizki pasatzea’ hola adieraz daiteke: Artzainek artaldeak nahastera utzi zituztela: zernahi ikusi zutela zein zeinena ezin bereiziz (J. Etxepare); Hantxet zortzi egunez eritua egon ere zen, medikuak zernahi ikusi baitzuen hura ezin sendatuz (Barbier).

13.10.7.4h Kontzesiozko perpausetan (ikus 39. kapitulua): Esperantzarekin zernahi eskasia, huts, eta falta ene aldetik izan dadin, haiek guztiak hauen karitate handiak estaliko dituela (Etxeberri Sarakoa); Gauzak […] eta direlako gauzen irudi-gogoetak dira adierazle horiek gogorazten dizkigutenak: zernahi diren, oroimen-irudimenetan ditugu (Mitxelena).

Kontzesiboak ere-rekin ere arruntak dira, eta arren-ekin: Hitza eman diot, eni zernahi kostarik ere, Benjamin etxerat itzuliko dela (Zerbitzari); Zernahi ere dela, abokatu batek erranen lizuke hatsapen hori ez dagokiola auziari (Jon Muñoz); Zernahi ere zen, zalapartaka jatetxe barrura oldartu zenean… (O. Arana); Marianak zernahi derran arren, mintzo delarikan euskaldunaz gisa honetan (Etxeberri Sarakoa).

13.10.7.5. Nor (ere), zer (ere)

13.10.7.5a Nor (ere), zer (ere) erabiltzen dira ekialdeko euskalkietan: Nork ere utziko baitu enegatik […] aitarik edo amarik errezibituko du […] ehun gehiago (itzultzen du Axularrek). Horrek enegatik aita edo ama uzten duenak adierazi nahi du. Gauza bera zer ere-rekin: Zer ere esan zuen, nik ez nion sinetsi.

Aurrekaririk gabeko erlatibozko perpausetan aurkitzen dugu nor ere: Nork ere salbatuko baitu, hari ez zaio barkatua izanen (Lafitte); Nork ere bere burua puntu honetarik idoki nahi bailuke, hark kristinoen konpainia renuntziatzen luke (Leizarraga); Nori ere gogoratu baitzaio euskararen alderako atxikimendu seinale hori […] eskerrak hari! (J. Etxepare); Mundakara norekin ere etorri zen, Lucia Reginak kontaturiko hori… (Jimenez).

Batzuetan aurrekariarekin ere: Beste ardiak, erlijiosoari eman zizkion, nork ere, ziren guztiak apurtu eta putzura bota zituen (G. Arrue).

Beste zenbaitetan bait-ekin: Nor ere baita, ez da sartuko (Duvoisin). Horrek ‘berdin da nor den, ez da sartuko’ esan nahi du. Tankera berekoak: Milesker, arima onak, nor ere baitzarete (Barbier); Zuek altaratzen zaituztenak ekarriko du horren pena, nor ere baita hura (Haraneder); Kuku zaharra hola galdu nuen, nor ere baitzen! (Dirassar).

13.10.7.5b Zer ere. Tradizioan Iparraldeko testuetan ageri da hau ere. Arruntean bait- aurrizkia eskatzen du laguntzaileak, baina batzuetan, gutxitan, -n hartzen du.

Izen batekin, hura, oro, hala… eskatzen duela korrelazioan: Ezen zer ere ereinen baitu gizonak, hura bilduren ere du (Leizarraga); Eta zer ere manatu baituzu, hura egin da (Pouvreau); Ezen zer ere ereiten baitu gizonak bizian, hura bera bilduko du herioan (Gazteluzar). Gaurko idazleek ere erabiltzen dute: Gizonak zer ere ereiten baitu, hura biltzen ere du (Olano); Zer ere esango zuen, hura ondo mamurtu behar zuela begitandu zitzaidan (Jimenez); Baina nola deus nere ez denak zer ere nahi lukeen, hala betetzen nuen neure ezdeustasuna […] amets handi haiekin (Irigoien).

Eta juntagailua eta erakuslearekin: Zer ere erranen baitu gizonak, eta hura bilduko du (Jauretxe); Bi begiez behatu diozue orok itsasoari, baina ez da zuetarik bat, ohartu denik zer ere baitzuen espantagarrienik eta hari (J. Etxepare).

Agerian ez den erakusle, adberbio… anaforikoekin: Eta zer ere galdeginen baituzue orazionean sinesten duzuela, errezibituren duzue (Leizarraga); Zer ere erran baitiezazu, egizue (Leizarraga. Duvoisinek parekoan: … hura egizue); Zer ere emanen baitu, luzatzen badu, ez du irekitzen (Tartas).

Bestelako perpausekin: Badakigu ezen hark entzuten gaituela, zer ere eska bagaitez (Leizarraga); Zeren ere bila baitzabiltza […] sekulan ez duzu Jainkoaren borondatea hain seguratuki aurkituko nola […] (Pouvreau); Gogoan zer bazuen ere, han erran dituenak ez dira gaizki (Hiriart-Urruti).

13.10.7.6. Inor/nehor, ezer (deus, batere)

13.10.7.6a Inor/nehor, ezer (deus, batere) eta holakoak ere izenordain mugagabeak dira. Baina zerbait eta norbait-ek ez bezalako distribuzioa dute. Funtsean, izen sintagma absolutuaren eta partitiboaren artean dagokeen diferentzia bera dago norbait eta inor, eta zerbait eta ezer-en artean. Esan nahi baita, inor eta ezer partitiboa erabil daitekeen testuinguru beretan erabili ohi direla, hots, ezezkako perpausetan, bai/ez erako galderetan, baldintzazkoetan, ezezko balioa duten zenbait elementuren lagun doazenean (gabe-rekin, nekez-ekin eta abarrekin). Laburbilduz, ezeztapen balioa duen elementuren bat perpausean agertzen denean: Ezer ez dakigu; Inor ez zaigu etorri; Ezer jakiten duzunean esan iezadazu, mesedez; Erleak nehor autsikitzen duenean… (Axular); Ezer entzun duzu nitaz?; Inorekin mintzatu zara zeure gaixotasunaz?; Inork jakitekotan, erretoreak jakingo du; Ezertan hasi baino lehen; Inork baino gehiago dakit nik; Inori eman baino nahiago du erre; Ezer baldin badakizu, esan ezazu eta abar.

Tradizioari dagokionez, aldaera asko erakusten ditu: inor, nehor, nihor, ehor, ihor, nihur, inhur, igor, nigor eta abar. Euskalki eta garai guztietan erabilia izan da.

13.10.7.6b Ezezkoetan eta baiezkoetan erabiltzen da, baina esanahi desberdina du batzuetan eta besteetan: Hola, ‘norbait’ esan nahi du baiezkoetan eta baldintzazkoekin: Inor ikusten baduzu… (‘Norbait ikusten baduzu’). Ezezko perpausetan ‘bat (ere)’, ‘baten bat (ere)’ edo holako zerbait: Inork ez dauka inor hiltzeko eskubiderik (Agirre, ‘batek ere ez dauka [beste] norbait hiltzeko eskubiderik’); Inork inor maite izan badu, maite dut nik Iriondo apaiza (Azkue, ‘baten batek norbait maite izan badu…’). Hona beste adibide batzuk: Nehork ez zuen nehori nehoren izenik galdatzen (J. B. Etxepare); Inorena ez den euskara baturik ez nuke nahi (Mitxelena); Ez Azkuek ez inork ez ditu euskal hitzen aldaera guztiak sartu (Mitxelena).

Serie baten amaieran: Ez Aranak, ez Lojendiok, ez inork ez zuen harrapatzen ehiza hura (Orixe).

Errepikatua, indarra emateko: Gauean gaude, eta agian inork, inork ez ditu entzungo nire bertsoak (Jautarkol).

Zerbait esleitzen zaion pertsona: Hori ez da inor gu horrela mintzatzeko (Azkue); Ikastolara doazen ume guztiek ikasi beharko dute folio bat niri buruz, baina gero, kalean, ez zara inor (Montoia); Madrilgo merkatura ateratzen bazara letretako heroi bihurtzen zara komunikabideentzat, orduan zara norbait Galizia, bestela ez zara inor (Berria).

Ezezkotasuna ulertzen dela: Nork nahi du hil? Nihork (Duvoisin); Harroka inguruak ikertu zituzten. Deus, nehor (J. B. Etxepare).

Baiezko testuingurutan: Bizi zara inoren gaitzaz, inori min emanez, inori odola atereaz (Mogel); Txominek eta emazteak maite zuten, baina inoren etxean bizi zen (Etxeita); Inoren hizkuntza, gainera, geurea baino begi hotzagoz ikus dezakegu (Mitxelena). Batzuetan esanahi inpertsonala du: Etxeak su duenean nihor urketan abiatzen da (Duvoisin).

Sintagma baten laguntzan ageri da batzuetan, aurretik nahiz atzetik, partitiboan sarritan: Nehor bada munduan hain justurik, non barkamendu eskatze hau egin behar ez duen? (Leizarraga); Maitagarriagorik inor ezin izan delako (Inza); Askatasun oso bat behar zuen, inor jakile gabe, inor so egile gabe (Mirande); Toki horretan ez zeukan inor ezagunik (Agirre).

Perpaus baten laguntzan (partitibo markarekin batzuetan): [Gaizki] egin duenik nihor zure eskuei ezin itzur daitekeela (Etxeberri Ziburukoa); Bai al da, noski, Gipuzkoa osoan nik ezagutuko ez nukeenik inor? (Barrensoro).

Ablatiboan, beste (besterik) nahiz -ko izenlagun baten ondoren: Beretarik nehor hiltzen zenean (Pouvreau); Gutarik nehor ez zuen ezagutzen (Hiriart-Urruti); Bere antzeko inor gabe zegoen (Lardizabal); Ez dudala berriz ikusi nahi etxe honetan bertze munduko inor (Lafitte); Leturiaren nahigabea ere ez da beste inork sumatu ez duenekoa (Mitxelena); Besterik inor ohartu baino lehenago (Iztueta).

13.10.7.6c Besterik edo beste-ren aitzinetik (orduan horrek inor-en kasu edo postposizio marka bera hartzen du zenbaitetan): Gauza orobat premiazkoa da nehor bertzerik ez iuiatzea, eta bere burua bera iuiatzea (Pouvreau); Ote da inor besterik etxean? (Illarramendi); Baldin haien artean nehork bertzek egin ez dituen obrak egin ez banitu (Leizarraga); Inork bestek ez bezala (Kardaberaz).

Gehiago-ren laguntzan (baiezko eta ezezkoetan), nahiz kasi(k) adberbioaren ondotik, nahiz lehenbiziko pertsonaren erreferentzia (pl. edo sing.) egiten duela: Ez da haien erranetan nehor gehiago fidatuko (Axular); Nehor gehiago zeruan sartzekoz […] Jainko-Semea igor ezazu munduaren salbatzera (Barbier); Kasik nehor ohartu gabe (Hiriart-Urruti); Inork ez dugu gezurrik erabili behar (Munita); Ni ez nauk inor bertso lanean hirekin jarraitzeko (San Martin).

Eta erakusleekin ere: Inor hori gutarra edo ingurukoa bada, orduan mingainak gauza bigunak esaten ditu (Agirre).

Sarritan, izenordain mugagabe hauek ere partikularekin batera erabiltzen ditugu, enfasi handiagoa emanaz: Ezer ere ez dut entzun; Hori inork ere ez daki. Dena den, ere-dun itzuli hau batez ere ezezkako perpausetan ageri ohi da, ez baldintza eta konparatibo eta horietan.

13.10.7.6d Ezer bizkaieraz eta gipuzkeraz erabili izan da tradizioan, Lazarragagandik hasita (nahiz Etxeberri Ziburukoak eta Axularrek ezertan eduki gisako moldeetan erabiltzen duten). XX. mendean hedatu da beste euskalki eta mintzoetara. Azken -r hori bakuna da (ezeren, testuetan ezerren eta ezerri bezalakoak ere noizbehinka ageri diren arren).

Izenordain zehaztugabea da: ezezko perpausetan ‘deus’ esan nahi du, eta ‘zerbait’ galde perpausetan, baldintzazkoetan eta beste ingurune batzuetan: Ezer esan gabe (Lazarraga); Ez zaio ajolarik ezerengatik (Xenpelar); Ez dugu ezertarako astirik izan (Agirre); Ez da ezer horregatik (Izeta); Alferrik da orain ezer esatea (Agirre); Esplikazio horrek, ezer argitu beharrean, ez ote digu koropiloa nahasiago bihurtzen? (Villasante); Zeinek esan dizu ezer? (Etxaniz); Jakintza-gizona zen izatez, ezer bazen (Mitxelena).

Batzuetan adjektiboaren aurretik erabiltzen da: Eta pentsatzen zuten bazuela ezer isilen bat, halako indarrak ematen zizkiona (Lardizabal).

‘Balioko zerbait’ adierazi nahi du batzuetan: Urte osoetan ezer denik egin gabe bizi direnak (Larramendi); Beti bezala, orain ere, buruz ezer dezaketen gizonak, gaztelarrak (Lizardi).

Subjekturik gabeko aditz batekin: Gorputza ezer gozatzeke eta arima gaixoa oherakoan baino larri eta gaziago zuela jaiki ohi zen (Agirre); Saio latzenak eginagatik ezer nekatzen ez dena (Basarri).

Partitibo marka duen sintagma duela ondoren: Ezer gauza onik nigan bada, egiaz, Jauna, zurea da (Kardaberaz); Ezer ondorenik edo irabazirik bakoan (Erkiaga); Ezer azaldu beharrik baduzu?; Hemengo etxe onenari ere ezer zorrik ez diona; Ezer lanik bazenu…

Partitibo marka duen sintagma ondotik duela: Ikusirik ezer garbirik ateratzen ez zuela (Lardizabal); Ez dago ezer txarrik, berriz ere, bere neurrian eginez gero (Mitxelena); Ez dago ezer higigarririk bere baitan (Uribarri); Eta handik aurrera ez zen ezer berezirik gertatu (Iturralde).

Erlatibozko perpausak segitzen diola: Jaungoikoarentzat ez dago ezer, egina izan ezin litekeenik (Iturzaeta); Nork ez du ezer Zure ez denik? (Orixe).

Aditz izenak (aditz izena + -ko) edo partizipioak segiturik, betiere partitiboan: Bere kontra ezer egiterik ez zegoen (Lardizabal); Haurdun ikusita ere, inork ez luke ezer esaterik (Etxaniz); Baliteke, ez dut ezer esatekorik (Villasante); Inork ezer esatekorik badauka (Gerrikagoitia); Gere bizitzaz ez dadukagu / ezer esanik batere (J. Iantzi); Ez baita ezer estalirik, agertuko ez danik (Iraizoz).

-tarik, -tatik, -tik postposizioa duten sintagmen atzetik: Jainkoa eztela guk izakiaren izena ematen diegun gauza oietatik ezer (Villasante); Nik ez dizuet zuenetik ezer kendu gura (Agirre).

XIX. mende erditik aurrera beste-ren laguntzan dokumentatzen da: Ezer besterik nahi al duzu? (Otxolua); Horrexek ematen du noski aditzera, beste ezerk baino hobeto (Mitxelena); Ez dago ezer besterik erantsi beharrik (Gaztelu).

‘Besterik ez’ esan nahi duela: Hauxe badakit, ez ezer gehiago (Mogel); Ez naizela ezer gehiagoren jabe (Otxolua).

13.10.7.6e Galderazko edo ezezkako perpaus batean norbait eta inor, zerbait eta ezer, biak, ager badaitezke ere, ez dute esanahi bera (ikusi ditugu adibide batzuk lehenago). Gutxi gorabehera, absolutu mugatuaren ogia eta partitiboaren artean ogirik izango genukeen diferentzia bera izango dugu, norbait eta inor-en artean. Horrela, esan daiteke norbait, zerbait eta sail honetakoek balio positiboagoa dutela inor eta ezer sailekoak baino. Adibidez: Zerbait ez dago ongiEzer ez dago ongi. Lehena esaten duenak honako hau dio, funtsean: Bada zerbait ongi ez dagoena, beste guztia agian ongi badago ere. Baina bigarrena dioenarentzat ezertxo ere ez dago ongi, dena gaizki dago. Hortaz, ezer, inor, eta antzekoak ezezkako perpaus batean ageri direnean, ezeztapena erabatekoa izan ohi da, zerbait eta norbait-ekin ez bezala.

Galderazkoetan ere antzeko zerbait gertatzen da. Hemen, jakina, ezeztapenak ez du zerikusirik, baina galdera guztiek zerbait suposatzen dute aurretik galdera egileak espero izan dezake era bateko edo besteko erantzuna. Adibidez: Norbait etorri al da?Inor etorri al da?

Lehena dioenak egiazki norbait etorri dela suposatzen du eta galderaren helburua uste hori bestek ziurtatzea izango da; bigarrena dioenak, berriz, ez du aldez aurretik inor etorri denik suposatzen.

Era berean, eman dezagun lagun bat ikusten dudala ondoezik eta aurpegi txarra duela. Nik pentsa nezake zerbait jan duela eta kalte egin diola janak. Hori horrela bada, galdera egokia honako hau izango da: Zerbait jan al duzu?

Baina zerbaitek kalte egin diola pentsatu beharrean lagunaren ondoezaren iturria baraurik egotea dela uste badut, orduan ez dut galdetuko ezer jan al duzu? baizik ezer ez al duzu jan?

Alderantziz, baiezkako perpausetan ere zilegi litzateke honetarako izenordain mugagabeak erabiltzea, nahiz eta ohitura hau hedatuegia ez egon: Inork beti errua (mendebaldean). Horren sinonimoa beste izenordainaz baliatuz sortzen da: bestek beti errua. Hona beste adibide batzuk: Dirua eta indarra, inork berdindu dezala (Bizkaian jasotako esaera, Goierritik ekarria); Soinean dauzkatzun prakak inorenak dituzu (Agirre), hor ere inorenak = besterenak.

Baina hauetatik aparte, badirudi izenordain honek beste esanahi bat hartzen duela: Nehork bidegabe bat egiten dizunean (Axular). Azken horretan ez dirudi norbait eta nehor-en artean alde handiegirik dagoenik.

Beste honako honetan, berriz, nehor horrek bat edo bakoitza esan nahi duela esan dezakegu: Gazteko usantzak iarraikitzen ohi zaitza nehori zahartzean ere (Axular); Nehori ematen dio merezien pagua (Etxeberri Ziburukoa); Ikararik egonen da nehor haren beldurrez (Etxeberri Ziburukoa); Finak deklaratu, ohi du nehoren bizia (Etxeberri Ziburukoa); Nehork bere barrena du ezagutzeko gaitzena (Oihenart).

Inoiz adberbioarekin maizago gertatzen da hori, dirudienez: Inoiz ikusi ditut horiek elkarrekin hizketan. (§ 22.4).

13.10.7.6f Ezer honek badu, izan ere, pareko bat: deus. Biak kidekoak ditugu. Hala ere, deus ez da mendebaldeko euskalkietan ezagunegia: Ezer entzun duzu? = Deus entzun duzu? Baina deus, ezer ez bezala, izen tankerakoa dugu. Ikus, bestela, diferentzia: Ene deus-ak (Pouvreau). Mugatzaile eta guzti. Baina ezin esan dezakegu *Ene ezer-ak; Dagigun hitz hain deus probetxosoaz (Etxeberri Ziburukoa); Hain deus izigarria (Etxeberri Ziburukoa).

Deus Iparraldekoa da, eta autore batzuek beti deus ere erabiltzen dute. Baditu aldaera batzuk: jeus, jaus, daus eta abar. Mugagabeko postposizioak hartzen ditu: deusek, deusi (bada deuseri ere), deusen, deusez (eta deustaz), deusetan (baina deustako), deusengatik eta abar.

Ezezkako inguruneetan ezer esan nahi du, eta galde perpausetan, baldintzazkoetan eta ezezkakoak ez diren beste testuinguruetan zerbait. Hona hemen adibide batzuk: Deus ez den lekuan, eskua garbi; zerbait den lekuan, begiak garbi (Azkuek bildua); Hori deus ez da (Izeta); Deus harrapatu al duzue? Edo Harrapatu duzu deus? (Garatek bilduak); Ez dira asko, ez dira deus harekin konparaturik (Axular); Eta buztan hau zertako? Badea deusetarako? (Goihetxe); Deus jakin ezik ixilik egotea ez da edozeinek dakien gauza (Izeta); Ez zuen deus argitaratu ez Frantzian ez Salamancan; 1542an agertu zen haren lehen liburua; 50 urte zituelarik liburuak (Xarriton).

Izen batek edo izen sintagma batek segitzen diola: Deus holako laguntzarik ez du zorigaitzez neskato gazteak (J. Etxepare); Deus kontsolamendurik, lur honetan badea? (M. Etxamendi); Ez da deus mundu honetan eskubide osoz on dei dezakegun gauzarik, borondate ona izan ezik (Mitxelena).

Partitiboaren ondotik: Ez zaretea leporaino aseak, ondoriorik deus ez dakarketen solas lizun alfer horietaz? (J. Etxepare); Funtsik deus ez dakit (Larzabal).

Adjektiboa atzetik edo aurretik: Deus onik ez duzu (Zalgize); Deus onik ene liburuan ediren badezazu (Tartas); Ez da deus hoberik (Zaldubi); Deus kaltegarririk, are hilgarririk, baldin bada hizkuntzarentzat, antsigabekeria da (Mitxelena); Nehork bererik deus ez (Zaldubi); Sorailuak aldiz, ez aldareak ere, ez dute aipagarririk deus (J. Etxepare); Egia erran, Kattalinek ez du deus zehatzik iragarri heldu den aste bururako (Bidegain).

Perpausa duela atzean (edo aurrean, gutxiagotan): Ea ote zenez munduan deus, deusen beldur ez zenik (Axular); Ez da deus hanbat segur denik, nola baita herioa (Tartas); Behar ez denik deus ikas ez dezaten (Hiriart-Urruti).

Ezezko, baldintzazko edo galderazko ez diren perpausetan: Baina goiz hartan, deus; entzuten nuen gauza bakarra, isiltasuna (Bidart); Baina horretarik aparte, deus (Oxandabaratz).

Kasu marka eta postposizioen atzetik: Deusek ez duela debekatzen euskaren erabilpena auzitegi batean (Herria); Ez dio antzik ematen deusi (Segurola); Besoak uzkurtu zituen, deusen axolarik gabe (Epaltza); Deusetako gusturik ez nuen (Dirassar); Nehor ez zen deusetaz ohartu (Etxehandi).

Aditz izena -korik duela atzetik (edo aurretik, zenbaitetan): Deus ez da jatekorik (Garate); Ikertu dituzte eta deus erraitekorik ez dute hatzeman (Laphitz); Ez nuen deus azaltzekorik, egia esan (Mitxelena); Zenbait orduren buruko, ez baitzaie lili maiteei galtzekorik gelditzen deus (J. Etxepare).

Bertze/beste-rekin: Bertze deusendako ez du balio (Garate); Bertzetako deustako ez dute balio (Garate); Ez dira beste deusez ari (Villasante); Eta joera horrek ez zuen zerikusirik ez politikarekin ez hizkuntzaz kanpoko beste deusekin (Mitxelena); Deus bertze probetxurik ez zaigu etortzen? (Leizarraga); Ez zion hitzegin ez deus besterik galdegin (Mirande); Baldin deus bertzerik doktrina sanoaren kontrakorik bada (Leizarraga).

Gehiago, haboro-rekin: Manu horretarik bada deus gehiago? (Leizarraga); […] elkarrekin mintzatzea, deus gehiagorik gabe (J. B. Etxepare); Nik deus ez dezaket gehiago zuretzat (Laphitz); Bainan ez zezakeen gehiago deus irents (Narbaitz); Deus haboro ene burua atxikitzen badut (Maister).

Ezezkoa ulertzen dela: Zer diozu? Deus, deusik (Garate); Deus haboro. Adios D. Resurrección bertze bateraino (Mendigatxa); Min gaixtoaren ondoriorik deus (Hiriart-Urruti); Deus hori baino zuzenagorik, horretako galdetua den ber (J. Etxepare).

Izen gisa, batez ere pluralean erabili da tradizioan: ene deusak. Hona hemen adibide batzuk: Izanen dirade deusak / zuk erran bezala bezala (Casenave-Harigile).

Kontura gaitezen deus hori izena dela batzuetan: [Jaungoikoak] deusetik egin zituen gauza guziak (Elizalde); Ontziko deusak [urera] ehortzean (Etxeberri Ziburukoa); Bata gure deusen pisatzeko ahal dukegun abantaila handienarekin; bertzea lagunaren ontasunen pisatzeko (Pouvreau).

Garrantzia duela adierazteko ere erabili izan da: Ez da arrazoin deusagoak ezdeusagoa zerbitza dezan; eta ttipiagoak bere azpiko erabil dezan (Axular. Horrek esan nahi du arrazoi duinenak ezin duela zerbitza ez-duinena); Baina arte honetan, ikusten zuen aski deusik ez zela (Hiribarren).

13.10.7.6g Bestalde, hor dugu batere adberbioa, ezezkotasuna adierazten duela. Itzuli honen osagaiak zein diren garbi dago: bat + ere. Hala ere, nolabait lexikalizatua dagoela esan daiteke eta, horrela, dagoen dagoenean ezer edo deus-en ordaintzat har daiteke: Ez dut batere ikasi (= Ez dut ezer (ere) ikasi = Ez dut deus (ere) ikasi). Hona hemen adibide batzuk: Isabel II.a, bestalde, ez zen batere amore ematearen aldekoa (Txillardegi); Gogorik batere ez nik hegaldi hartan jarraitzeko, sinpleki (J. A. Arrieta); Ez dut batere sinesten, garbiki erraiteko (Oxandabaratz).

Baina badira, dena den, diferentziak batere eta deusen artean: batere adjektiboaren maila adierazteko erabil daiteke, ezer eta deus ez bezala: Lan hori ez da batere erraza; *Lan hori ez da ezer erraza. Bestetik, idazle anitzek, zernahi gisaz, batere eta bat ere ongi bereizten dituzte: bigarrenak, bereiz idatzia denak, inor esan nahi du, “bat bakarrik ere”, betiere ezezko perpausetan: Ez da bat ere etorri; Ez zaukaat zentaborik bat ere (Lopez de Arana); Ez diot hitz bat ere esango (O. Arana); Borges ez da pertsona bat, ez eta pertsonaia bat ere (Juan Garzia); Horixe da dena, eta ez da gertaera bat ere (M. Etxebarria) eta abar. Baina anitzetan, egia esan, egungo idazle batzuek bat ere bien tokian (batere, bat ere) erabiltzeko joera dute: Zama hori, beraz, ez da bat ere pisutsua (Urkiza); Ez dut koma bat ere kentzen (Urkiza); Ez duk bat ere asmatzen (P. Zabala); Eskerrak ez duen zerotxo bat ere galtzen (P. Zabala).

13.10.7.6h Izenordain hauetako zenbaitek -txo atzizkia hartzen dute txikigarritasuna adierazteko. Ezertxo, inortxo, zertxobait (zerbaitto)… izenordainei -txo atzizki txikigarria erantsirik lortuak dira: Ez dut inortxo ere ikusi nahi (Larrañaga); Eta denbora guztian bakarrik ibiltzen ikusi dut, inortxorekin elkartu gabe (Zubizarreta); Ezertxok ere ezin du atsoa salbatu (Otegi); Hura ez zuen ezertxok ere esnatuko (Jon Muñoz); Hobe hukek zertxobait gosalduko bahu (Iturralde). Adibideetan ikusten denez, hauek ia beti ere-ren laguntasuna eskatzen dutela dirudi: Inortxok ere ez digu lagundu; Ezertxo ere ez daukagu jateko; Zertxobait esan beharko dizut gero.

Horiek guztiek nolabaiteko enfasia edo indarra ematen diote izenordainari.

13.10.7.7. Norbera eta norbere

13.10.7.7a Norbera, bistan denez, nor izenordainaz baliaturik osatzen da (nor + bera). Nor bere da izenordain horren genitiboa. Norbera, bere horretan, izenordaintzat hartzen ahal dugu, nahiz eta nor+bera modura osatua egon, Andoni bera esaten dugunean bezala. Horrek esan nahi du, beste inolako elementurik gabe izen sintagma osa dezakeela: Norberak dituen arazoak nahiko ez balira; Arduratuko da gauzak bere lekuan jartzeaz; Norberari axola ez badio, zer egingo dut nik?

Hortaz, norbera beste edozein izenordain bezala, izen sintagmak osatuz ager daiteke perpausaren barnean, eta, hain zuen, izen sintagmak ager daitezkeen leku beretan. Euskalki guztietan erabilia izan da, eta XIX. mendetik aurrera Iparraldean ere maizago erabiltzen da. Testu batzuetan, ia guztiak XX. mendea baino lehenagokoak, nor-k eta bera-k, biek hartzen dituzte kasu markak. Garibaien atsotitzetan ageri da nork berak, eta Mogelen testuetan ere. Berdin gertatzen da Baratziart, Duvoisin edo Duhalderekin ere. Nori berari erabiltzen du Duvoisinek. Bizkaierazko testuetan nobera aurki daiteke tradizioan, norbera-rekin batera. Hori froga bat gehiago izango genuke nor bera eta Andoni bera sintagmen arteko erlazioaren alde. Zeren gaur norberak esaten dugun arren, Andonik berak esaten ahal baitugu. Testuinguru hauetan, norbera-ren ordez, bakoitza ezar daiteke zentzua aldatu gabe: Norberak/bakoitzak egin dezala egin behar duena. Hona hemen adibide batzuk: Nork berak behar du bere burua ezagutu (Duvoisin); Nork berak bere gaztigua eramanen du (Axular); Norberaren gogokoa ez bada (Frai Bartolome); Gogoa nabari da norberarentzat; estari, beste nornahirentzat (Mitxelena).

Hitz egiten ari dena, edo aipatu den hura bera adierazten du: Batzuetan besteak ez, baina norbera da bere buruarekin harritzen eta haserretzen dena (Zubizarreta); Norberak berea dauka (Cano); Musika horri lotuta beste milaka batzuk daude, norberarekin bat egiten dutenak, norberaren tamainara egokitzen direnak (Juaristi).

13.10.7.7b Norberak genitibo mota bat baino gehiago du: norberaren, norbere eta norberen. Lehenbizikoak (norberaren) du genitibo arrunta, eta pertsona bati dagokiona, pertsonala dena, adieraz dezake: Bakoitzak berak daki norberaren berri (Arrese Beitia); Edozeinek ditu bi sorterri: norberarena eta Frantzia (Azkue); Inoren begia zorrotzagoa izaten baita bereizketa horietan norberarena baino (Mitxelena); Etxebarrietaren garaian norberaren sakrifizioa egitasmo heroikoa zen (Zulaika).

Hortik sortzen da norberarena egin esapidea: Askori, norberarena eginez gero, besteenak pito bat ardura dio (Elexpuru); Berba zantarra norberarena egin eta negrotasunari inoiz egindako banderarik ederrena da Cesairen poema luzea (Aranbarri); Bata bestearen hutsaren zain gehiago izan ziren, norberarena egiten baino (Berria).

Berdin gertatzen da norberaren kontura esapidearekin ere: Ofizioa ikasi ondo eta gero norberaren kontura jarri (T. Etxebarria); Oinarrizko ekipamendua, norberaren kontura (Zaldua).

Norbere genitiboa mendabaldeko testuetan ageri da, batez ere (norberen ere, eta noberen Arrese Beitiak). Beraren eta bere bereizten ditugun gisan, bat arrunta eta bestea bihurkaria (ikus § 13.3, § 13.8), norberaren eta norbere ere bereizten dira, baina bereizketa gehiago da formala, esanahiari dagokiona baino. Biek ‘bakoitzarena’ edo adierazi nahi dute: Poztasuna norbere barruan dago (Kirikiño); Zentzuak norbere jabetasuna galdu duenean (Etxaide); Norbera ardura bedi norbere buruaz (Villasante); Horretan bakoitzak norbere taldeko eta eskolako kontuak esango dizkizu (Mitxelena); Ez dago norbere kezka eta pentsamenduak koaderno batean idaztea bezalakorik (Cano); Norbere sinesmenei uko egitea, autokritika, jendeaurren barkamena eskatzea (O. Arana). Badirudi horietan guztietan norberaren aldaera jarriz gero esanahia ez dela batere aldatzen.

Norberezko izenlaguna hortik sortzen da: Norberezko ahalegin zakarrez tematzen dira Jainkoa menperatzean, jakinik Jainkoa ez dela inoren esanera jartzen, baizik eta bete-betean eskaini egiten dela (J. M. Lekuona).

13.10.7.8. Nor bere, zein bere

13.10.7.8a Norbera/norberaren eta norbere ez dira nahasi behar beste esapide batekin: nor bere. Norbera izenordaina nor+bera gisara osatua dagoen bezala, nor bere esapidea ere bi atalez osatua dago: nor batetik eta bere bihurkaria bestetik. Bihurkariek aurrekari bat eskatzen dute, esan dugun gisan: Andoni bere arazoez ez da arduratzen. Perpaus horretan bere-ren erreferentzia zein den jakiteko, Andoni-ri begiratu behar diogu. Hots, kasu horretan, bere esaten duenak Andoniren esango balu bezala da. Nor bere esapidearen kasuan bere-ren aurrekaria nor dugu. Jakina, kasu horretan nor ez da jadanik galdetzailea, norbait edo agian hobeki, bakoitza-ren zentzukide den izenordain mugagabea baizik. Adibidez, honako bi perpaus hauek zeharo paraleloak ditugu. Diferentzia bakarra bere-ren aurrekoa batean nor den bezala bestean Andoni izatean datza, eta bata bestearekin aldera daiteke: Nor bere etxera joan dadila orain!; Andoni bere etxera joan dadila orain!

13.10.7.8b Hala ere, nor bere, berezirik idatzi arren, osagai bakar modura agertzen zaigu, hautsi ezina baita, Andoni eta bere ez bezala. Adibidez: Andoni bere etxera joan zen (= bere etxera joan zen Andoni); nor bere etxera joan zen, baina ez *bere etxera joan zer nor. Era berean ulertu behar dira honako adibide hauek ere: Nori berea da zuzenbidea (hots: nori berea ematea); Nork bere opilari ikatza; Nork bere herriko edo erresumako arauaz diferentki eskribatzen baitituzte (Axular).

Nor aditz-jokoan eragina duten izen sintagmei dagozkien kasuetan bakarrik joan daiteke: ergatiboan, absolutuan edo datiboan. Horregatik, honako honen antzekoak ezinak dira: *norekin bere lagunak joango dira. Honetan bere bihurkariari zor zaion jokabidea errespetatzen dela esan daiteke nor bere itzuli honetan.

Nor-en ordez, esapide hauetan, bakoitza ezar daiteke esanahia aldatu gabe: Bakoitza bere etxera joan dadila!; Bakoitzari berea eman behar zaio. Hala ere, esamolde jator hauen ordez zenbait euskaldunek bide bihurriago eta traketsagoak nahiago izan dituzte. Honako hau, adibidez, ez da oso itxurazkoa: Bakoitzak nor bere opinioa du; Norberak bere etxean nahi duena egin dezake. Egiatan, ez diogu inori azken bide hau gomendatzen.

13.10.7.8c Nor eta zein-en artean gertatzen den gisa berean (§ 13.10.13, § 13.10.14), nor bere-ren ondoan dugu zein bere ere: Berdin bilatzen gaituzte gorrotoak eta maitasunak; zein bere moduan, biek gaituzte zapaltzen (K. Izagirre); Leiho horretatik ikusten den oro hil egiten dun zein bere orduan, haritz sendoenak ere ihartu egiten ditun zein bere aldian (Lertxundi); Desagertuak ziren adiskide guztiak, zein bere atseginaren bila (Navarro).

13.11. Batbedera

Dena dela, ekialdean norbera ez dute horrenbeste erabiltzen. Haren ordez, batbedera dokumentatzen da testuetan XVI. mendetik aitzina. XIX. mendearen erdialdetik gutxiago erabiltzen da, eta anitzez gutxiago XX. mendean. Autore moderno batzuek (Villasante, Zaitegi…) berriz ere bereganatu dute. ‘Bakoitza’ esan nahi du, eta izenordaina (batbederak pentsa beza) edo determinatzailea (eliza bat bederak zergatik du…?) izan daiteke, baina gehienetan izenordaina da: Batbederak emaiozue zor zaion ohorea (Etxeberri Ziburukoa); Badakizu zer behar zaion batbederari eman, eta zergatik honek gutiago horrek gehiago duen (Pouvreau); Honetan orotako ona ororen tzat denaz geroz, bat bederarentzat ere baita (Hiriart-Urruti); Halaber, hari so egitea aski dela iduritzen zait batbedera edertua izateko (Jon Muñoz); Batbederaren patuak ere ez zuen axola (Juan Garzia).

13.12. Beste

13.12a Adjektiboaren kapituluan (ikus 14. kapitulua) aipatzen da bereziki zaila dela beste hitzaren kategoria zehaztea. Ingurunearen arabera, besteak beste, izenordain gisa erabiltzen dela esan dugu han.

13.12b Eta hala da: bere determinatzaile balioarekin erabiltzeaz gainera (beste etxe eder hori eta antzekoetan bezala, alegia), izenordain gisa erabiltzen dugu; beraz, inolako mugatzailerik gabe. Hala ere, badirudi ezin dela kasu guztietan erabili. Adibidez, ergatiboan edo datiboan agertuko zaigu, baina nekez absolutuan: Berak egin nahi ez eta besteri (edo inori) agindu behar; Zuk zikintzen duzuna bestek (edo inork) garbitu beharko du. Absolutuan, ordea, bat edo beste, eta antzeko itzulietan ez bada, nekez aurkituko dugu: Bat edo beste etorri zen, baina ez denak.

Absolutuan, hortaz, bat edo horrelako zerbaiten lagun modura agertu behar duela dirudi: bestek egin beza-ren ondoan ez daukagu *beste etor dadila, beste bat etor dadila baizik151.

13.12c Hala ere, gehienetan beste nolabaiteko determinatzaile gisa erabiltzen dugu, hots, izen sintagmaren barruan beste izen bati edo izenordain bati lagun eginez bezala: Beste gizon hori ez dut ezagutzen; Beste nork galdetu zizun nitaz?; Beste bat erosi nahi nuke; Bestea nik ekarri nuen. Horrelakoetan, beste izenaren ezkerretara ageri da. Izenlagunik edo zenbatzailerik baldin bada, izenlagunaren ondoren (aurretik ere joan daiteke) eta zenbatzailearen ezkerretara: beste bost gizon, eta ez *bost beste gizon; herriko beste etxeakbeste herriko etxeak.

Beste, sarritan, bat-dun izen sintagmari kontrajartzen zaion izen sintagman agertzen da, honelako itzuliak sortuz: Gizon batek hau esan zidan; besteak hura. Era berean batzuk-i kontrajartzen zaio askotan besteak: Batzuk oinez etorri dira; besteak bizikletaz. Baina batak besteak ere esaten da: Batak eta besteak oker dabiltza. Zenbait esapidetan ere beste aurkitzen dugu: Zutaz besterik ez zen etorri (alegia, zu bakarrik etorri zinen); Zu ez beste guztiak etorri ziren; Zu beste jaberik ez dugu nahi (alegia, zu bakarrik zara gure jabe; beste inor ez). Aipa daiteke hemen besteak beste esapidea ere: Besteak beste, hau esan nuen; Besteak beste, eraman ezazu hau bere lekura. Hauek nolabaiteko adberbio esapideak ditugu eta badirudi elipsi baten edo ondorio direla. Esango bagenu bezala: besteak beste direlarik.

139 Gai hau (hitanoaren erabilera) Alberdik (1994, 1996) aztertu du xeheki.

140 Ez da esan beharrik erabilera honen ohiturak, gaur egun ez badatoz bat, historian ere aldatuz joan direla. Aipatu behar da hemen Leizarragak hi erabiltzen duela Jaungoikoari zuzentzen zaionean, eta zu, berriz, erreginarekin bakarrik erabiltzen du.

141 Honetaz Alberdi 1994, 1996; Bonaparte 1869; Yrizar 1981 (II) eta Allières 1960-1961 ikus daitezke.

142 Altubek kontrakoa dio (1929: 75), “opositiboak” aipatzen dituenean: Ni zuretzako naiz ta zu niretzako.

143 EGLUn (I: 45) erabilera hau mendebaldeko euskaldunentzat mugatzen da, baina jeneralagoa da.

144 Oro har, hori hala da, nahiz ez den beti betetzen: nik neuk ez bainuen neure burua serioski aintzakotzat hartzen (J. A. Arrieta).

145 Izen hori Schuchardtek 1900ean Leizarragaren 1571ko lana berrargitaratu zuenean, sarreran idatzi zuenekotik hartu zuen, han esaten baitzuen Linschmann ohartu zela ene, eta nire bezalakoak ez-bihurkari gisa erabiltzen zirela, izenordain arrunt gisa, eta neure, heure, aldiz, bihurkari gisa (Linschmann & Schuchardt 1900). Handik 50 urtera Arestik ere gauza bera ikusi zuen, Kintanak (1971) dioenez, eta Sarasolak eman zion formulazio zehatzagoa 1980an: “Linschmann-Aresti legea” deitzen du. Hemen, neurri batean, Sarasolaren ekarpena laburtzen dugu.

146 Ohart gaitezen perpausa beste modu honetara molda dezakegula: Andoniren anaiak bere burua hil du. Hor ez da zalantzarik anaiak hil duela bere burua, eta ez Andonik.

147 Etxeparek burua soilik ere erabili zuen: Ohart gaitezen buruari denbora den artean.

148 Euskara ez da zerbait berezia kontu hauetan. König & Gast-ek (2006) diotenez, hizkuntzetan arrunta da bihurkari indartuak gorputz ataletan oinarritutako adierazpenetik sortzea; indartuak eta bihurkariak askotan berdinak dira, eta elkarren artean nahasten dira.

149 Norkbait jatorrizkoan.

150 Gutxiago erabiltzen da bat edonoren bat: Bat edonoren batek esango zion. Tradizio urrikoa da. Badira bat edon bat, bateon bat… bezalakoak, baina zail da jakitea horren oinarria bat edonoren bat den.

151 Ikus, halere, Etxeberri Ziburukoaren hau: Bere ordain ecin bidal berce comparitcera, / Berac aguertu behar du Thronuaren oinera.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper