Aditz esapideen artean aztertu izan dira ‘aditz arazle edo kausatiboak, aditzoina + arazi’ motakoak, alegia: abiarazi, eginarazi, esanarazi, etorrarazi, gordearazi, ikusarazi, jakinarazi, mintzarazi, edo sarrarazi. Egia da elementu lexikoa dela arazi, baina elementu lexiko horren eginkizuna ez da, aditzoinari loturik, aditz elkartua sortzea. Hala balitz, adiera lexiko jakin bat eman behar lioke elkartu osoari. Ez da horrela, ordea; balio kausatiboa, arazlea, eransten du arazik; areago, ez dugu sarrera gisa aurkituko Euskaltzaindiaren Hiztegian, baizik aditz bakoitzaren forma kausatibo gisa. Beste hitz batzuetan esanda, atzizkien pareko trataera eman dio Euskaltzaindiaren Hiztegiak arazi osagaiari. Hala ere, ezin esan guztiz atzizki denik, arazle eratorria sortu baitugu aditzoin horretatik; badu, beraz, autonomia lexikoa, hein batean bederen. Datu horiek guztiak kontuan harturik —aditz guztiei erants diezaiekegu, balio kausatibo edo arazlea eransten dio aditzoinari (hau da, balio gramatikala), badu hein batean autonomia lexikala—, aditzari eskainitako kapituluan aztertuko dugu, zehazkiago aditz kausatiboak aztertzean, mota horretako aditzak sortzeko baliabide lexikal gisa (§ 23.2.1.2, § 23.2.2.5c).