Euskararen Gramatika

9.3. Mendekotasunezko aditz elkartuak: izena + aditza


9.3. Mendekotasunezko aditz elkartuak: izena + aditza

9.3.1. Antzaldatu, gurutziltzatu, odolustu

9.3.1a Mendekotasunezko aditz elkartuak eskatzen du bigarren osagaia, mugakizuna, aditz kategoriakoa izatea, horrek emango baitio aditz kategoria hitz elkartu osoari. Lehen osagaia izen kategoriakoa izaten da maizenik: antzaldatu, bideberritu, bihotz-aldatu, esku-etendu, gurutziltzatu, herrialdatu, hostoberritu, hotzildu, itxuraldatu, larririki, lepomoztu, letraldatu, lokartu, maitemindu, odol hoztu, odolustu, uhanditu (ur + handitu).

9.3.1b Hitz elkartuen ezaugarriak betetzen dituzte goiko aditzok: bi osagaiak hurrenkera berean aurkituko ditugu beti (*arbola ez da berritu osto, *gure laguna ez mindu maite), osagaiek ez dute modifikatzailerik onartzen (*antz handi aldatu, *herri txiki aldatu…), azentu bakarraz ahoskatzen dugu aditz elkartua… Aditz elkartu hauetatik batzuk da motakoak dira; edo, agian zehatzagoa da da/du motakoak direla esatea, inkoatibo/kausatibo bikotea osa dezaketenak (berezia da lokartu, da motakoa izanik ere, lo mugatzaileak oraindik ere ergatibo marka gordetzen baitu § 23.2.2.2f). Beste batzuk, berriz, du motakoak dira: esku-etendu, gurutziltzatu, larririki (larru + ireki), lepomoztu. Argi ikusten da aditzaren kategoria ondorengo adibideetan: Baratz ori bezela, euskera ere antzaldatuko da (Orixe); Europako hizkuntza landuek joskera ere, batzuek besteen antzera eta guztiok latinaren arabera, antzaldatu dute (Mitxelena); Bere buruak odol-oztu ta onezkoak egiten dituzte (Zaitegi); Gauza guztiak itxuraldatu ziren (Mitxelena); Eta bakea bilha zazue hiriarentzat, zeintara nik herraldatu baitzaituztet (Duvoisin); Gero garija erne onduan, biar da jorratu, esku-etendu, zalgia ta bedar txar guztija aterateko (Mogel); Okin-nagusiari esan zion; iru egunen buruan Erregeak lepomoztuko zaitu (Lardizabal); Baña Kristauak etziran batere bildurtzen: orregatik etsaiak aek kastigatzeko, […] larririkitzen zituen, ta ateratzen zizten sabelak (Ubillos).

9.3.1c Izenak aditzarekin zer motatako harremana duen aztertzean, ohartzen gara perpaus batean postposizio sintagmaren eta aditzaren artean dagoenaren parekoa dela gehienetan: ‘herriz aldatu’, ‘odolez hustu’, ‘gurutzean hiltzatu’, ‘itxuraz aldatu’, ‘eskuz etendu’… Lardizabalen eta Ubillosen adibideetan, ostera, izen mugatzailea aditzaren barne argumentuari (§ 23.3.1), objektuari, dagokio. Izen horrek, bestalde, aditz elkartuko (gizaki) objektuaren gorputzeko zatia adierazten du: (zure) lepoa, (kristauen larrua). Balio bertsua dute Erregeak lepomoztuko zaitu edo etsaiak kristauak larririkitzen zituen eta beste egitura hauek: erregeak lepoa moztuko dizu, etsaiak kristauei larrua irekitzen zien. Idazkerari dagokionez, ikusi dugu bi osagaiak elkarturik ematen direla, edo marratxoz loturik.

9.3.2. Mendekotasunezko aditz elkartuak: leku-denborazko mugatzailedunak

Azpiatal berezi batean bildu zituen Euskaltzaindiak Hitz-Elkarketa/3 lanean (1991) aurre, azpi, gain, motako izena lehen osagai duten aditzak edo gora adberbioa mugatzaile dutenak. Azken batean, mendekotasunezko izen elkartuetan ikusi ditugun mugatzaile bereziak ditugu hemen ere, han esan bezala pre-, sub-, supra-… erdal aurrizkien ordainak emateko baliatu ditugunak (§ 7.2.2.4a): aurreikusi, azpikontratatu, azpimarratu, gainbegiratu, gainbihurritu, gainelikatu, gainezarri, gainzuritu, goraipatu, goraltxatu. Gaztelaniazko sub-, sobre- aurrizkidun aditzen ordainak eratu ditugu euskaraz leku-denborazko mugatzaile hauen bidez. Bi osagaien arteko erlazioa ‘modifikatzaile-buru’ motakoa da: ‘gainean ezarri’, ‘aurrez ikusi’, ’gainetik begiratu’ edo ‘behar baino gehiago elikatu’. Hona zenbait adibide: Leku horretan aurreikusi diren egitekoetako bakar bat ere bete gabe (Heras); Laster ikasi zuten antzara gainelikatzen (Errekondo); Produkzio prozesu guztia azpikontratatu egiten dute (Goenkale); Haietarik bat nihonek ere lehen behin goraipatu nuen zeren bereizten baitzituen eginbidea eta boterea (Xarriton).

9.3.3. Sintagma egiturako aditzak

9.3.3.1. Sarrera

Aditz elkartuak aztertzean aipatzen dira askotan gramatiketan onetsi, lan egin, min eman edo maite izan, gorroto izan modukoak. Hitz-Elkarketa/3 lanean ere aditz elkartuen artean aipatzen dira horiek guztiak. Hala ere, dituzten ezaugarrien arabera, bi ataletan banatzen dira goiko aditzak aipatu lanean: egiazko aditz elkartutzat hartzen dira gaitzetsi, miretsi edo onetsi modukoak; beraz, goian ikusi ditugun odolustu edo gainezarri egiturakoen ondoan aztertzen dira (§ 9.3.1, § 9.3.2).

Bigarren atal zabal bat osatzen dute aditz-esapide deitzen zaienak eta hor sailkatzen dira honako egiturak dituzten aditzak: [izena + egin/eman/hartu] lan egin, min eman, kontu hartu; [aditzoina + arazi] etorrarazi, ikusarazi, sendarazi; [aditza + behar/nahi/gogo/uste (izan)] etorri behar (du), esan nahi (du), esan gogo (dute), ikusi uste (dut). Hortaz, bigarren hauei aitortzen zaie sintagma egitura. Labur azalduko ditugu hemen egitura mota bakoitzaren ezaugarriak, baina, ezaugarri horiek erakutsiko digute sintagma egiturakoak diren heinean ezin direla egiazko aditz elkartutzat hartu. Sintagma egiturakotzat hartuko ditugu guk etsi bigarren osagai duten aditzak, aurreraxeago ikusiko ditugun ezaugarriak kontuan hartuta (§ 9.3.3.2). Aditzari eskainitako kapituluan aztertuko ditugu gainerakoak: aditz kausatibo gisa arazle bigarren osagai dutenak (§ 23.2.1.2, § 23.2.2.5c) eta aditz predikatu konplexuen artean gainerakoak (§ 23.2.1.3, § 23.2.2.2l, § 23.2.2.4b, § 23.2.2.4e, § 23.2.2.4f).

Preso hartu, soldadu joan, gizon egin, idolo bilakatu, ikasle egon nahiz kantari etorri, konforme gelditu edo lodi jarri predikazioari eskainitako kapituluan aztertuko ditugu (§ 24.2c).

9.3.3.2. Arazi

Aditz esapideen artean aztertu izan dira ‘aditz arazle edo kausatiboak, aditzoina + arazi’ motakoak, alegia: abiarazi, eginarazi, esanarazi, etorrarazi, gordearazi, ikusarazi, jakinarazi, mintzarazi, edo sarrarazi. Egia da elementu lexikoa dela arazi, baina elementu lexiko horren eginkizuna ez da, aditzoinari loturik, aditz elkartua sortzea. Hala balitz, adiera lexiko jakin bat eman behar lioke elkartu osoari. Ez da horrela, ordea; balio kausatiboa, arazlea, eransten du arazik; areago, ez dugu sarrera gisa aurkituko Euskaltzaindiaren Hiztegian, baizik aditz bakoitzaren forma kausatibo gisa. Beste hitz batzuetan esanda, atzizkien pareko trataera eman dio Euskaltzaindiaren Hiztegiak arazi osagaiari. Hala ere, ezin esan guztiz atzizki denik, arazle eratorria sortu baitugu aditzoin horretatik; badu, beraz, autonomia lexikoa, hein batean bederen. Datu horiek guztiak kontuan harturik —aditz guztiei erants diezaiekegu, balio kausatibo edo arazlea eransten dio aditzoinari (hau da, balio gramatikala), badu hein batean autonomia lexikala—, aditzari eskainitako kapituluan aztertuko dugu, zehazkiago aditz kausatiboak aztertzean, mota horretako aditzak sortzeko baliabide lexikal gisa (§ 23.2.1.2, § 23.2.2.5c).

9.3.3.3. Adjektiboa + etsi, iritzi

Egitura honetakoak dira asketsi, askietsi, baietsi, berantetsi, ederretsi, erdietsi, ezetsi, gaitzetsi, gaitziritzi, goretsi, gupidetsi, gutxietsi, handietsi, hautetsi, hobetsi, lehenetsi, luzetsi, miretsi, onetsi, salbuetsi, zilegi etsi. Lehen osagaiaren kategoriari dagokionez, gehienetan adjektiboa da, baina inoiz behin izena ere aurkituko dugu (gupida + etsi), adberbioa (berantetsi, goretsi, salbuetsi), nahiz zenbatzailea (askietsi, gutxietsi, lehenetsi). Kategoriak kategoria, mugatzaile guztiak predikatu sintagmatzat har ditzakegu (§ 14.6 eta 24. kapitulua), horixe dute bateratzen dituen ezaugarria. Izan ere, aditz hauetako etsi ‘iritzi’ adierakoa da, ez gaur beregaina den etsi aditzaren esanahia duena (‘itxaropena galdu, amore eman…’). XVII. eta XVIII. mendeetako testuetan, Axularrengan edo Duhalderengan, aurki dezakegu etsi beregaina ‘iritzi’ balioan: Eta nere ariman uste izan dezaket Jainkoak aski etsiko duela egin dudalako penitentzia egin ditudan hanbat bekhaturen aldera? (Duhalde); Gutiago ets nezake sekulako nekea Eta doloretan nuke konsolazione (Etxeberri Ziburukoa). Predikatu sintagma eta aditza dira hor aski, gutiago eta etsi; sintaxiko egitura, ez lexikoa. Hurrenkera ere bestelakoa dute Axularren beste adibide honetan: iakin dezagun ea zergatik daritzten Iainkoak hain gaitz hirur bekhatu suerte haui (Axular). Areago, gaitz osagaiak modifikatzailea hartu du hain gaitz predikatu sintagman. Beraz, ez dira betetzen hitz elkarketan ohikoak diren ezaugarriak, hurrenkera finkoa, osagaiak bakarka modifikatu ezina… Sintaxi egitura ihartuak dira, hortaz, etsi mugakizun dutenak. Azken urteetan ere sortu dira euskaraz modu horretako aditzak: Hautu bakoitzaren arrazoiak aintzatetsi ditut (Meabe); Erabaki hori erabat ezeztatzen bada, behin-behineko betearazpena largetsi egingo da (HAEE); Ondasunak ezin direnean itzuli, zenbatetsi egingo dira dohaintza-unean zuten balioaren arabera (Kode Zibila).

Modu bereko egiturak dira iritzi aditzarekin osatuak ere: Etzion gaitziritzi Konfesore aren kontu artzeari, ta bai egiñ Toledako Arzobispo, ain begiratua zalako animak zuzentzen, ta itzegiten beldurgabe (Mogel); Orain artean eder eretxi deutsazuen pekatuari gorroto gogorra artuteko (J. M. Zabala).

9.3.3.4. Aditz predikatu konplexuak

9.3.3.4.1. Sarrera

Ondoren aztertuko ditugun egiturak ere aditz elkartuen harira eman dira zenbait gramatika eta lanetan (ikus Azkue edo Lafitte): [izena + egin/eman/hartu] aditz lokuzioak, [izena + izan] motako aditzak, [aditza + behar, nahi (izan)] eta [partizipioa + gogo, uste (izan)]. Goraxeago esan bezala, hala aurkitzen dira Hitz-Elkarketa/3 lanean ere. Baina ez dira egiazko aditz elkartutzat hartzen, aditz esapidetzat baizik. Izan ere, osagai batez baino gehiagoz eratuak daude, askotan izena dute lehen osagai (horrek hurbiltzen ditu aditz elkartuetara); ezkerreko osagaiaren jokabidea edo izaera, ostera, aditz elkartuetakoa ez bezalakoa da. Hemen labur aipatuko ditugu egitura horiek guztiak, baina aditzaren aurkezpen kapituluan aztertuko ditugu aditz predikatu konplexuei eta aditz modalei eskainitako ataletan (§ 23.2.1.3, § 23.4).

9.3.3.4.2. Izena + egin, eman, hartu aditz lokuzioak

Ugariak dira euskaraz mota honetako egiturak, batez ere egin aditzarekin osatuak98:

agur egin, alde egin, bekatu egin, barre egin, bekatu egin, bultza egin, burla egin, dantza egin, dei egin, doministiku egin, gogoeta egin, huts egin, irri egin, juramentu egin, kalte egin, lan egin, lo egin, negar egin, oihu egin, orro egin, otoitz egin, porrot egin, poto egin, salto egin, topo egin, zin egin, txalo egin, zintz egin, zurrut egin… Barre eragin, doministiku eragin, kalte eragin, negar eragin99

amore eman, aurpegi eman, beldur eman, hats eman, hitzeman, kontseilu eman, laztan eman, leku eman, musu eman, parte eman, poz eman, su eman…

atsegin hartu, esku hartu, etsenplu hartu, gorroto hartu, hats hartu, kontu hartu, lur hartu, min hartu, neurri hartu, parte hartu, plazer hartu, poz hartu, su hartu

Itxuraz, izenaz eta aditzaz osatutako aditz elkartuak dirudite, goraxeago ikusi ditugun hostoberritu edo gurutziltzaturen parekoak. Horixe dute, hain zuzen ere, lehen ezaugarri morfologikoa, izen soila (determinatzailerik gabea) izatea ezkerreko osagaia. Meteorologiako gertakariak adierazten dituzten euria egin, elurra egin, izotza egin… aditzetan lehen osagaiak badu mugatzailea, baina hori da har dezaketen determinatzaile bakarra; ezin dute, adibidez, erakuslerik hartu (*elur hori egin, *izotz hau egin). Mugatzailerik hartzen ez duen lehen osagaia izateak berarekin dakar aditz hauek ez erreferentzialak izatea; hau da, erreferentzia jakina baino areago, erreferentzia generikoa dute (lan egin / agindu dizuten lana egin). Honetan ere bat letozke hitz elkartuen erreferentzia generikoarekin. Esapide hauetako aditzak ere, egin batez ere, aditz arinak direla esaten da, berezko esanahi sendorik gabeak; izenari aditz balioa ematea dute eginkizun nagusi. Izenarekin elkartuaz osatzen da aditz esapide hauen esanahia (§ 23.2.1.3h, § 23.2.1.3i).

Baina beste zenbait ezaugarri aztertzen hasi orduko ohartuko gara ez direla goraxeagoko gurutziltzatu, lekualdatu edo odolustu aditz elkartuak bezalakoak. Bi ezaugarri nabarmendu dituzte gramatikariek:

a) Partitiboa onartzen du lehen osagaiak, ez du lanik egin, ez du minik hartu, ez du negarrik egin… Egia da aditz esapide hauetako batzuetan izenak ez duela partitiboa hartzeko aukerarik, ez, behintzat, bestelako ñabardura semantikoren bat erantsi gabe (ez du hitz egin / ez du hitzik egin, ez du inoiz hutsegin / ez du inoiz hutsik egin). Baina gutxi batzuk dira horrelakoak; gehien-gehienek onartzen dute partitiboa, Martinezek (2015) erakutsi bezala.

b) Izena lekuz alda daiteke galdegai/mintzagai jokoaren arabera (§ 41.4.2): gauak ematen dit beldur, zuk egin diozu burla, egizu kontu

“Bi arrazoi hauek direla eta, zuzenago dirudi ‘Izena + egin/eman/hartu’ egiturak aditz elkartutzat ez hartzea. Jatorriz sintaxi egiturak direla esan daiteke, erabileraren poderioz ihartzera jotzen dutenak, aditz esapide bihurtuaz” (Hitz-Elkarketa/3: 11). Martinezek (2015) beste test batzuk ere aplikatu zituen, hala nola elipsiarena koordinazio egituretan (iseka eta irain egiten zieten / *leku eta herrialdatu egiazko aditz elkartuetan; otoitz eta barau egin ondoren, baina umeak ez du lo egiten, negar baizik eta abar), edo lokailuekikoa (batzuetan barre ere egiten du). Horiek guztiek indartu baino ez dute egiten Hitz-Elkarketa/3 liburuan esana. Horregatik aztertuko ditugu aditz predikatu konplexuen artean (§ 23.2.1.3.1).

9.3.3.4.3. Izena + izan

Bi motatako aditzak bereiz ditzakegu izan aditzaren balioen arabera (izan naiz / izan dut). Lehen motakoak dira beldur izan, egarri izan, gose izan, lotsa izan… Bigarren motakoak, balio izan, behar izan, damu izan, ezagun izan, gorroto izan, gura izan, higuin izan, maite izan, merezi izan, nahi izan… Predikatu hauetan ere osagaiak lekuz alda daitezke, bihotz-bihotzez zaitut maite, zu zara horren beldur, ez naiz ezeren damu… Eta ‘izena + egin’ lokuzioetako aditzaz esan dugunaren haritik, aditz arinak direla alegia, hauetan ere izan ia laguntzaile soila dela esan daiteke, aditzaren aspektu balio desberdinak adierazteko bidea (maite izan dut, maite izaten dut, maite izango dut). Emankortasunari dagokionez, Hitz-Elkarketa/3 lanean esaten den bezala, adibideek zerrenda dagoeneko osatua eratzen dutela dirudi; aspalditxoan ez da berririk sortu. Beste modu batera esanda, egitura hauek ez dira gaur emankorrak. Predikatu konplexuei eskainitako atalean aztertzen ditugu xehekiago [izena + izan] egiturak (§ 23.2.1.3.4).

Predikatu horiek osatzen dituzten izenetako batzuk izen elkartuetako mugakizun izan daitezke: diru gosea, erlijio beldurra, odol egarria, bihotz damua, batasun nahia7.2.6).

9.3.3.4.4. Partizipioa + behar, gura/nahi (izan)

Nekez har daitezke aditz elkartutzat ‘partizipioa + nahi, behar’ egiturak, ez eta predikatu konplexutzat ere. Izan ere, modalitatea adierazten dute aditz partizipioaren ondoren ezartzen ditugun behar, gura, nahi osagaiek. Jatorriz izenak dira, baina ahal eta ezin izenekin batera partizipioen ondotik modalitatea adieraztea beste eginkizunik ez dute. Horregatik aztertuko ditugu aditz modalei eskainitako atalean (§ 23.4).

9.3.3.4.5. Partizipioa + asmo, gogo, uste (izan)

Modalitatea adierazten dute partizipioaren ondoren asmo, gogo edo uste (izan)ek: edan gogo, egin gogo, esan uste, garaitu uste, hil uste… Beti partizipio burutua behar dute eskuinean gogok eta asmok; ezinezkoa da gogo dut edo asmo dut bakarrik erabiltzea. Uste izan bada aditz predikatua, perpaus osagarria eskatzen duena; baina hemen aztergai ditugun egituretan, partizipioak adierazten duen gertaeraren egiazkotasunari ‘uste’aren ñabardura eransten dio. Hortaz, aditz modaltzat hartuko ditugu egitura hauek guztiak ere (§ 23.4.1d).

Bestalde, gogo eta uste izenak izen elkartuetako mugakizun ere izan daitezke: berriketa-gogoa, iseka gogoa, dotorezia-ustea, porrot ustea7.2.6).

98 Informazio gehiago nahi duenak ikus dezake Azkarate (1990b: 409-415); Hitz-Elkarketa/3 (1991: 8-14); Martinez (2015); Oyharçabal (2006a); de Rijk (2008: 298-306); Rodríguez eta García Murga (2003); Zabala (2004).

99 Hitz-Elkarketa/3 lanean aditz esapidetzat hartu ziren ‘izena + eragin’ motakoak ere; berez, ‘izena + egin’ aditz esapideen kausatiboak baino ez dira, aspaldi ihartua dugun -ra- artizki kausatiboaz sortutako eragin (egin > e-ra-gin) bigarren osagai dutenak.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper