Beste bi atzizki aztertuko ditugu hemen, labur, euskal lexikoan hainbat hitz sortzeko baliatu diren arren, nahiko ihartutzat eman ditzakegunak.
Aditz esapidea, onomatopeia + egin egitura izan ohi duena, aurkituko dugu oinarrian: irrist egin, purrust egin, tarrat egin, txirrista egin, zizt egin, zurrut egin… Izena + egin egiturako aditz lokuzioa dugu bultzada izenaren kasuan. Batzuetan aditzoin kategoriako oinarria ere ikus daiteke: bultza(tu), irrista(tu), zizta(tu).
Sortzen den izenak ez du ‘gertaera’ adierarik, ‘ondorioa’ baizik. Hala erakutsiko lukete gertaera izenak ondorio izenetatik bereizteko aipatu ditugun ezaugarriek (§ 4.5.1c): plural marka har dezakete, baita erakusleak ere; bat zenbatzailearekin ager daitezke, baita adjektiboekin ere… Bultzada, irristada, purrustada, tarratada, taupada, zaplada, zarrastada…
Hona hemen zenbait adibide: Sirenen ondoren oso baxu zihoazen helikopteroen harrabotsak eta tankeen burrunbadak zerbait gogorra jazoko zela adierazi ziguten (B. Bilbao); Zotza purrustada batez ahotik lurrera botaz (Goenkale); Zarrastada bortitz batek goitik behera inarrosi ninduen (Ladron Arana).
Azkuek eta Villasantek izen bizidunei —batzuetan izen propio ere badirenei— erantsirik sortutako Zamakolada, Matxinada edo Karlistada eta horien antzekoak aipatzen dituzte, aspaldi honetan izen berririk sortu ez duen bide baten adierazgarri. Villasantek dioenez, Mitxelenak erdal sanrocada, gamazada eta abarren hurbiltasuna ere aipatu zuen.
Atzizki erromantze honen lematzat Villasantek -antza aldaera ematen du, nahiz Mitxelenak berak esan bi formak, -antza (erdal -ança zaharra) eta -antzia (erdal -ançia), latinezko atzizki beretik eratorriak direla.
Oinarrian mailegu bidez hartutako aditzak aurkituko ditugu; eta behin baino gehiagotan zalantza ere sor dakiguke benetan euskaraz eratorria ote den, ala izen osoa den maileguz hartua (esperantza, perseberantzia, usantza…). Nolanahi ere, emankortasun urrikoa izan da euskal lexikoaren ondarean: akabantza, alegrantzia, eskudantzia, fidantza, frogantza, obligantza, salutantzia, signifikantza.
Adjektiboa, bat zenbatzailea, erakuslea… ondoan har dezaketenez, ‘ondorioa’ adierako izenak direla esan daiteke: Eskudantzia hek bere [neskatxen] arintasunagatik gerthatu zaizkotela (Duhalde); Ordukoa zen oraikoaren seinale bat, figura bat, pintura bat, eta signifikantza bat (Axular); Guzieri salutanzia eder bat egin ondoan, hurbildu zen nereganat (J. B. Elizanburu).