Euskaltzaindiak Euskera ikerketa aldizkariaren 2024ko lehen zenbakia argitaratu du. Argitalpena on line irakur daiteke Euskera ikerketa aldizkariaren atarian.
Soziolinguistika gaiak jorratzen dira zenbaki berrian. Lanik gehienak Euskaltzaindiak 2023an eginiko Mintzola deialdian saritutakoak dira (guztira sei ikerketa-artikulu):
- Beasaingo gazte-hizkera aztergai: testuinguruaren eragina kode-alternantzian (Maddi Aiestaran Iparragirre)
- Ahozko hizkera informalerako gaitasuna eta harreman-sare informaletako hizkuntza-erabilera: azterketa kuantitatibo bat unibertsitateko gazteen testuinguruan (Miren Artetxe Sarasola, Garbiñe Bereziartua Etxeberria, Naroa Burreso Pardo)
- Adierazkortasuna euskaraz lantzeko proposamen didaktikoa: imitazio-jolasak (Jon Basauri Alberdi, Iñigo Otaegi Etxezarreta)
- Adinaren araberako bariazio lexikoa Imozko hizkeran: inkesta linguistikoak (Alazne Fernandez de Muniain)
- Hizkuntza Garapeneko Nahasmenduaren adierazle bila euskal hiztunen ahotan: izen- eta aditz-morfologiaren erabilera (Ainhoa Leyaristi Oñederra)
- Ergatiboaren erabilera euskara-gaztelania kode-alternantzian: kasu-azterketa bat (Endika Uriarte Orbañanos)
Horrez gain, Oier Urreiztiren ohar bat (Aldude eta Urepeleko mintzoa) eta Andres Urrutia euskaltzainburuak eginiko liburu-aipamen bat (Normativitat, (re)estandardització i glotopolítica. Noves mirades des de la sociolingüística catalana) biltzen ditu 2024ko estreinako zenbakiak
Euskera, paperean eta euskarri informatikoan
Akademiaren lan esparruetako ikerketa-artikulu originalak, liburu-aipamenak eta antzekoak jasotzen ditu Euskera ikerketa aldizkariak, eta paperean eta euskarri informatikoan argitaratzen da. Aldizkariak bi zenbaki argitaratzen ditu urtero. Ikerketa-artikuluak argitaratzeko, Idazketa Batzordeak, anonimotasuna bermatuz, kanpo ebaluatzaileen iritzia jasoko du PEER REVIEW itsu bikoitza sistema erabiliz.