0

zehaztasun

1 iz. Zehatza denaren nolakotasuna. Zehaztasunak balio du argitasunak eta garbitasunak adina gai honetan. Zehaztasuna ugaritasuna bezain erraz balitz eskuratzen! Hona nola adieraz dezakegun, gehiegizko zehaztasunik gabe, gure esaera zaharraren muina.

2 iz. Xehetasuna. Zehaztasun horiek guztiak Aita Onaindiari zor dizkiot.

zehazte

iz. zehaztu aditzari dagokion ekintza. Zehazte lana.

zehaztu, zehatz/zehaztu, zehazten

1 du ad. Zehaztasunez mugatu, zehatz gauzatu. Delako bide hori mugatzen eta zehazten hasi ginen, urrutirago jo gabe. Honelako zerbait ere gertatu zen, sasoia ongi zehaztu gabe dagoen arren, Bizkaiko Enkarterrin. Zehaztu behar dugu zeren bila gabiltzan eta nolako bitartekoak ditugun eskumenean.

2 (Partizipio burutua izenondo gisa). Hizkl. Zenbatzaileez mintzatuz, kopuru zehatz bat adierazten duena. Izen zenbakarriak zenbatzaile zehaztu ( bat, bi, hiru…) eta zehaztugabeekin (asko, gutxi, zenbait…) zenbatu daitezke.

zehaztugabe

1 adj. Zehazturik ez dagoena. XVIII. mendean susmoa baizik ez zena, aski nahasi eta zehaztugabea, argi dago XIX.ean.

2 adj. Hizkl. Zenbatzaileez mintzatuz, zehatza ez den kopuru bat adierazten duena. Izen zenbakarriak zenbatzaile zehaztu (bat, bi, hiru…) eta zehaztugabeekin (asko, gutxi, zenbait…) zenbatu daitezke; izen zenbakaitzak, berriz, zenbatzaile zehaztugabeekin bakarrik.

zehaztugabetasun

iz. Zehaztugabea denaren nolakotasuna. Ez dakigu nobelan zenbat denbora pasatzen den, eta espazioei dagokienez ere, zehaztugabetasuna da nagusi.

zehe

iz. Ipar. Arra, zabalduriko eskuko hatz lodiaren eta txikienaren arteko bitartea. Hiru zehe barna zulatu dueneko, agertzen zaio lurpetik ontzi bat. Zehe bat elur bazen goizean.

zeia

iz. g.g.er. Merkatua. Zeiara joan.

zeihar

adj. Angelu ez-zuzena eratzen duena. Habe zeiharrak eta bi isurkiko estalkia duen eraikuntza. || Argi zeiharren eta itzal mugikorren artetik.

zein

1 det. (Galdetzailea). Mota bereko zenbait gauzaren edo pertsonaren artean hautatzeko hitza. (Dagokion izenaren ezkerrean ezartzen da eta izen hori mugagabean erabiltzen da; izen horrek adierazten duena bakarra edo bat baino gehiago izan daiteke). Zein euskalki hartu duzu oinarritzat hiztegirako? Zein ur, geldia ala lasterra? Oraingo zein gaztek ikusi du hori? Zein baserritan ikasi ote du "kontuan erortzen" esaten? Bizkaiko hitza omen da, eta Mogelek (baina zein Mogelek, eta non?) darabilena.

2 (Izena ezabaturik). Baina zein da gure helburua? Zein dira egiazko kristauak? (Ik. zeintzuk) Geure izatearen zatirik barrenena, geureena, zein ote dugu? Anarkia handi horretan zein aukeratu? Zein da, ordea, zeinen itzulpen?

3 (Zehar-galderetan). Bi hitzok Duvoisinek zenbat aldiz eta zein lekutan erabili zituen Biblian K. Boudak erakutsi du. Zein bidetarik dabilen ez dakit. Badakizue zein iritzitakoak diren hitzei dagokienez. Baditugu, zeini zein toki dagokion ongi ez badakigu ere, zenbait partiketa nabarmen. Euskaltzaindiak erabaki beharko zuela zein hitz ziren aukeratzekoak eta zein ez. Arazoa zein den eta zertan datzan. Euskal hitzak zein diren. Ez dakigu zein sartu genituen eta zein ez. Ez da galdetu behar zein dagoen zabalduago, zeinek egon behar lukeen baizik. Forma zaharrago eta berriagoen artean, zein zein den nabari denean, zaharragoei dagokie nagusitasuna. Galdetu genion zein dauzkan hobetzat, orduko sermolariak ala gaurkoak. Ez naiz berriz hasiko aztertzen zein den zaharren eta jatorren. Ea zein den gure eginkizuna.

4 izord. Nor? Zein etorri da? || Azken jardunaldian jakingo da zeinek jokatuko duten urtarrilaren 15eko finala. Ia gureak egin du, badugu zeinek agindu.

5 izord. (bere-ren ezkerrean). Bakoitza. Itzuli zen zein bere etxera. Eta bere ardiak deitzen ditu, zein bere izenez. Hitzak, ahotik irten orduko, lerro-lerro antolatzen zitzaizkion, zein bere tokian, soldadu ongi hezien antzera. Filologia eta hizkuntzalaritza zein bere aldetik abiatu zirela. Bete behar ditugu zeinek bere bizimoduko eginbideak.

6 (zein... zein... korrelaziozko esaldietan). Batzuk... beste batzuk... Nik "gu" asko ditut, zein zabalago, zein meharrago, eta orobat gertatzen zaie inguruko "ni" guztiei. Obra horrek badakarrela azentu marka ugari, zein ongi zein gaizki ipiniak. Erdibiturik gabiltza, zein batean, zein bestean.

7 adb. (Harridura-perpausetan, izenondo, izenlagun edo kideko bati dagokiola; aditz laguntzaileak -(e)n menderagailua hartzen du). Zein gauza lotsagarria! Oi zein miragarri diren, Jaun ona, zure hitzak! Zein ederki! Harrigarria da zein berandu eta ahul iritsi zen erantzuna. Adierazi nahi dugu zein diren goxo oraindik udazken buruko egun epelak. Guztiok dakigu zein asmo ederrek eragiten dieten halakoei.

8 junt. Nahiz, edo. Berdin dira euskaldun zein erdaldunentzat. Gogorik nahiz astirik ez zuelako; bata zein bestea falta zitzaizkion, beharbada. Onerako zein gaitzerako. Euskara bat zen beretzat, eta hain euskara hangoa zein hemengoa. Nahiz jakituna, zein ezjakina.

9 (zein... zein... korrelaziozko esaldietan). Nahiz... nahiz... Berdin balio dute zein batak zein besteak.

10 (Perpaus erlatibo baten hasieran, dagokion aditzak bait- edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Emazteak, zeina soprano izan baitzen, oraindik ere pianoa jotzen irakasten zien haurrei. Hau da ene seme maitea, zeinaren baitan hartu baitut atsegin guztia. Hau da gorputz galdua, zeinean eta zeinagatik hainbeste bekatu egin bainituen. Hirugarren zatia, zeinean adierazten baita egin behar dena. Gure herriak baditu une historikoak, zeinetan jarrera eraginkorrak eta ausartak hartzea eskatzen zaigun. || (Hura-ren saileko erakusle batekin). Zein nahiago duzun, huraxe emango dizut.

zein baino zein ...-ago Bata baino bestea ...-ago, batzuk baino besteak ...-ago. Ik. nor baino nor ...-ago. Haren ordez hiru opari eskaini zizkioten, zein baino zein galgarriagoak. Jesu Kristoren Elizan, hiru Ordena, zein baino zein miragarriagoak jartzeko. Bederatzi mahaiko, eta zeinek baino zeinek jateko gogo ederragoa.

zein ere 1 (Perpaus erlatibo baten hasieran, hura-ren saileko erakusle batekin). Zein ere baitira gizonetan hobekienik dohatuak, haiek izendatu behar dira aitzindaritzat.

2 (Perpaus txertatu baten hasieran, izen baten ezkerrean, dagokion aditzak bait- hartzen duela). Zein ere etxetan sartuko baitzarete, lehenik errazue, "bakea dela etxe honetan": edozein etxetan sartzen zaretela, lehenik errazue, "bakea dela etxe honetan".

3 (Perpaus txertatu baten hasieran, izenondo baten ezkerrean, dagokion aditzak -(e)n menderagailua hartzen duela). Nahiz eta, arren. Baina zein ere handiak liratekeen irabazte horiek, ez lukete fits bat balioko fededun onak egiten duen irabaziaren aldean. Zein ere ondasun ugariak dituen batek, gizonaren bizia ez dago ondasun asko izatean. Ez dut uste Arresek, zein ere olerkari ugaria zen, bertso sail miragarri hori baino gehiago egin zezakeenik. Ez dago gizonaz etsitzerik, zein ere galdua dirudien hondamendian barrena.

zeinahi

Ik. zein-nahi.

zeinarazi, zeinaraz, zeinarazten

du ad. Zeinatzera behartu.

zeinare

iz. Zub. Zah. Seinalea.

zeinatu, zeina/zeinatu, zeinatzen

1 da ad. Aitaren egin. Kartsuki zeinaturik hasten naiz lanean.

2 da ad. Eskuineko erpuruarekin hiru gurutze egin, bat bekokian, beste bat aho inguruan eta hirugarrena bular aldean, hitz jakin batzuk esanez.

zeinen

adb. Batez ere Gip. Zein (harridurazkoa).

zeingehiagoka

iz. g.er. Norgehiagoka.

zein-nahi, zeinahi

det. Edozein. Euskal Herriko zeinahi eskualde eta euskalkitan. Gogoz irakurriko ditu zeinahi euskaldunek. Zeinahi tokitan dago berdin Jainkoa. Bokalen artean, zein-nahi direla. Beste zein-nahi baino presakakoagoa dugulako kontu hori. Tronpeta hotsez edo zein-nahi beste seinalez.

zeintsu

det. (Galdetzailea). Gutxi gorabehera zein? Eri handien galbideak zeintsu diren jakitea.

zeintzuk

det. pl. (Galdetzailea). Batez ere Bizk. Zein? (Dagokion izenak gauza bat edo pertsona bat baino gehiago adierazten du). Zeintzuk dira hori egin dutenak? Zeintzuk dira ugazaben eta nagusien eginbeharrak? Zeintzuk esan zituen eta zeintzuk ez, nola jakin? Zeintzuk eginkizun ditugu Jaungoikoarekiko?

zeinu1

iz. Batez ere Ipar. Ezkila, kanpaia. Jo eta jo hasten da Salbatoreko zeinua. Hil zeinua. Zeinu mihia. Zeinua entzun nahi ez duenak ez soka tira (esr. zah.).

zeinu2

1 iz. Keinua.

2 iz. Ikurra, marka.

zeinutegi

iz. Batez ere Ipar. Kanpandorrea.

zekale

iz. Lastodunen familiako landarea, gariaren antzekoa, alea irina egiteko erabiltzen dena (Secale cereale). Ik. zikirio. Zekalea eta garagarra biltzea. Jainkoak begira dezala ene astotxoa haren zekaletik eta ene mandoa haren belarretik.

zeken

1 adj. Dituen ondasunak ez emateko edo ez gastatzeko gehiegizko joera agertzen duena. Ik. zikoitz; diruzale; xuhur. Ugazaba zekenaren diruzalekeria. Scrooge agure zekena. Gizon zekenaren nahiz mika lapurraren gisa, handik eta hemendik bildu dituen hala-holako ondasunei amorruz lotua dagoelako. Ez da aberats zeken horietakoa, eskuzabala baizik. Zekena beti on-gose (esr. zah.).

2 adj. Gogorra, sentiberatasunik gabea. Oihu sarkorrak entzunik ere, bihotza zekena daukat. Euskaldun guztiok, baita zekenenak ere, bihotzean gorderik daukagun xoko minbera horretaraino. || Lurraz mintzatuz, gogorra eta elkorra. Poesiaren zelaiak zeken eta elkor dakuskigu.

3 (Adizlagun gisa). Hain gutiziatsu biltzeko, hain zeken emateko. Eta izenak aitortzen, ez da Payne zeken agertu.

zekendu, zeken/zekendu, zekentzen

da/du ad. Zeken bihurtu. Gaizki esaleak zekentzen ditu eskuzabalak eta zitaltzen ditu baketsuak.

zekenkeria

iz. Zekentasun gaitzesgarria; zekenari dagokion egitea. Zekenkeriaren aurka, eskuzabaltasuna. Zekenkeriaz bihotza lehortua daukana. Ikusten da gizon bat bere etxeari kontu egiten diona, eta esaten da harengatik zekenkeriak eragiten diola. Paper eta liburu zahar bila zebilen beti; ez, ordea, zekenkeriaz beretzat gordetzeko.

zekenki

adb. Zekentasunez, zekenkeriaz. Zekenki ereiten duenak zekenki bilduko ere du.

zekentasun

iz. Zekenaren nolakotasuna. Ik. zekenkeria. Zuzen eta zekentasun gabe pagatzen zien soldata ona. Zekentasun edo diru nahi gehiegia. Bihurtzen ez diolako bakoitzari berea zekentasunez.

zekor

iz. Txahal arra, zezen gaztea. Ik. idisko; ergi; aratxe. Zekor bat urte bikoa, kopetan adar kakotuak dituena. Zure aitak zekor gizendua hilarazi du.

zekorketa

iz. Zekorrak jokatzen diren ikuskaria. Ik. zezenketa.

zekorki

iz. Zekorraren okela. Zekorki puska bat.

zela

iz. Zaldiaren gaineko jarlekua. Ik. zaltoki. Alkateak bere zaldiaren zelara lotu zuen.

zelai

1 iz./adj. Landa laua edo lau samarra, batez ere belarra duena. Urbiako zelai ederra igarota. Mesopotamiako zelai eta ordoki ederretan. Ez soro eta ez zelai, ez arto eta ez belar. Kaliforniako zelaietan artzain. Zelai gizena, dena pentze, dena arto landa. Zelai eta mendiak. Zelai loratua. Ez baitago arra bete zelai. La Crau deitzen duten zelai legartsu zabalean.

2 iz. (Hitz elkartuetan, bigarren osagai gisa). Jolas-zelaira joan. Europako gudu-zelaietan.

3 adj. Zenbait kiroletan, bereziki belar gainean jokatzen direnetan, joko eremua. Ik. futbol zelai. Inork ez zuen uste Real Madriden zelaian 0-3 irabazi genezakeenik. Zelaira irten eta hiru minutura garaipenaren gola lortu zuen. Atletismoko pistak errugbi zelaia inguratzen du. Antso Handia pastoralaren bi agerraldiak Marius Rodrigo kirol zelaian egingo dira. Toki txikia da, tenis zelai baten tamainakoa. Zelai-erdiko jokalaria.

4 adj. Laua. Bide zelaia. Toki zelai batean. Herria leku zelaian dago. Lur zelaiak onak dira laborantzarako.

zelaidi

iz. Zabaldia. Menditik zelaidietara.

zelaigune

iz. Gune zelaia edo laua. Herniopeko zelaigune zoragarrian.

zelairatu, zelaira/zelairatu, zelairatzen

da/du ad. Kirol. Zenbait kiroletan, joko eremura atera. Golaren bila zelairatu zen Alaves bigarren zatian. Figoren ordez, Cristiano Ronaldo zelairatu zuen entrenatzaileak.

zelaitu, zelai/zelaitu, zelaitzen

du ad. Lautu, berdindu. Lehen lakatzak ziren bideak leundu eta zelaituko dira.

zelako

1 adj. (Galdetzailea). Bizk. Nolakoa? Zelako janariak har litezke afari arinean? Zelakoa da betiko bizitza?

2 adj. (Zehar-galderetan). Bizk. Begira zelakoak diren Jesu Kristoren jarraitzaileak.

3 adj. (Harridura adieraziz). Bizk. Zelako gauzak entzuten diren, gero! Zelako atzealdeak dauzkan!

zelako... halako... Bizk. Ik. nolako... halako... Gurasoek zelakoak nahi dituzten, halakoak izango direla umeak. Zelako jabea, halako tresna (esr. zah.).

zelan

adb. (Galdetzailea). Bizk. Nola? Eta zelan egin behar da barau? Buruko minok, zelan dabiltza? Erakutsi zelan.

zelan edo halan Bizk. Nola edo hala. Ik. zelan halan. Asmatuko dut zerbait zure agindua zelan edo halan bete ahal izateko.

zelan... halan... Bizk. Nola... hala..., bai... bai... Konpli bedi zure borondatea zelan zeruan halan lurrean.

zelan halan Bizk. Nola edo hala. Ik. zelan edo halan.

zelanbait

adb. Bizk. Nolabait.

zelanbaiteko adj. Bizk. Nolabaitekoa.

zelango

adj. Bizk. Zelakoa, nolakoa. Badakizu, etorkizuna zelangoa den?

zelata

1 iz. Zenbait pertsona ezkutatzea, beste bati edo zenbaiti ustekabean erasotzeko. Berrogeitik gora gizonek zelata jarriko baitiote. Zelata prestatu.

2 iz. Segada. Deabruaren zelata guztietarik begira gaitzazu.

zelatan adb. Zelatatzen. Etsaiak beti zelatan baitaude. Frantzisko zegoen Bernardo noiz loak hartuko zuen zain; eta Bernardo, berriz, Frantziskoren zelatan. Zelatan jarri. Giltza-zulotik zelatan. Gure inguruan dabil beti zelatan bezala, gu engainatzeko.

zelataka

adb. Bizk. g.er. Zelatan.

zelatari

iz. Zelata jartzen duen pertsona; zelatan dagoen pertsona. Han sartu baino lehen, bidali zituen hamabi zelatari, Kanaango lekuen eta gauza guztien berriak eramateko. Zelatariak jarri zituen inguruko mendietan. Zaude hor geldi: atera nahi baduzu, galdu zara, zelatari asko baitabiltza, eta zilarra eskaintzen diote atzitzen zaituenari. Harrapatu zuten, zelataria zelakoan.

zelataritza

iz. Zelatariaren lanbidea.

zelatatu, zelata/zelatatu, zelatatzen

du ad. Norbaiti begira egon, bera konturatu gabe, egiten duenaz jabetzeko. Noizbait zelatatu ditut eta ikusi eskaleei artoa ematen eta eskuan muin egiten. Etsaiak zelatatzen. || Gure urrats guztiak zelatatuko ditu.

zelati

adj. Jeloskorra. Emakume zelatia.

zelatu, zela/zelatu, zelatzen

du ad. Zela jarri. Berehalaxe zelatu zuen Rozinante.

zelda

1 iz. Komentuko gela. Bere zeldan belauniko dagoen moja.

2 iz. Espetxeko gela. Ik. ziega. Zeldan sartu nintzenean, edo, hobeki esan, barrura zakarki bota nindutenean.

zelebre

1 adj. Bitxia, ohikoa ez dena. Ik. xelebre. Greziar zelebre hura, bere ibilera baldar eta izaera aldagaitz geldoarekin. Erreginaren ateraldi zelebreak.

2 (Adizlagun gisa). Zelebre hasi zen oso.

zelebrekeria

iz. Bitxikeria. Ik. xelebrekeria. Oso emakume alaia zen eta hamaika zelebrekeria esana.

zelenteratu

iz. pl. Zool. Zenbait sailkapenetan knidarioek eta ktenoforoek osatzen duten filuma. Organismo sinpleen ikerketak egin zituen batez ere: protozooak, belakiak, zelenteratuak eta gisakoak.

zeliakia

iz. Med. Glutenarekiko intolerantzia. Izan ere, gluten gabeko dieta zorrotza da zeliakiari aurre egiteko bide bakarra.

zeliako

1 adj. Med. Eritasunez mintzatuz, glutenarekiko intolerantziaren ondorio dena. Baliteke 20.000 herritar inguruk izatea gaixotasun zeliakoa, baina horietatik 5.000 inguruk bakarrik dakite gaitza dutela.

2 adj./iz. Med. Pertsonez mintzatuz, glutenarekiko intolerantzia duena. Glutenik gabeko dieta egitea da zeliakoen aukera bakarra. Zeliakoentzat egokiak diren gozokiak banatuko dituzte.

zelo1

1 iz. Ipar. Zah. Kartsutasuna.

2 iz. Heg. Zah. Arreta.

zelo2

iz. Batez ere pl. Heg. Jeloskortasuna. Zeloak burutik kendu ezinik.

zelofan

iz. Zelulosa hidratoz eginiko paper modukoa, gardena, gauzak biltzeko erabiltzen dena. Olentzeroren opariari zelofana kentzeko gogoz dagoen haurra. Zelofanezko zorro batean bilduta.

zeloma

iz. Biol. Zenbait animaliaren gorputz barrunbea, mesodermotik eratua dena eta zenbait organoren eraketan parte hartzen duena.

zelomadun

adj. Biol. Zeloma duena.

zelomatu

adj. Biol. Zelomaduna. Animalia zelomatuak.

zelomiko

adj. Biol. Zelomarena, zelomari dagokiona. Barrunbe zelomikoa ondo garatua daukaten animaliak.

zelote

iz. Hist. Erromatarren okupazioaren kontra gogor egin zuen I. mendeko talde judu bateko kidea. Apostoluen artean, Simon da ilunena, izan ere, bere ezizenak dioenez, zelotea omen zen.

zelta

1 adj. Antzina Europako sartalde osoan kokaturik zegoen herri indoeuropar batekoa; herri horretakoa, herri horri dagokiona. Buruzagi zelta baten hileta. Herri zelten egutegia. Musika zelta. Epopeia zelta bat. VI. mendeko hilobi zelta bat aurkitu dute Fiteron. Hizkuntza zeltak.

2 iz. Herri horretako herritarra. Galiarrak zeltak ziren. Antzinako zelten ondorengoak. Zeltak penintsulako iberiar herriarekin elkartu ziren.

3 adj. Zelten hizkuntzakoa. Belisana izen zelta da. Adibidez, Zegama, Deba edo Ultzama hitz zeltak direla diote.

4 iz. Zelten hizkuntza. Atzizki hori zeltatik hartua da.

zeltiberiar

1 adj. Iberiar penintsulako erdialdean bizi izan zen herri zeltakoa, herri horri dagokiona.

2 iz. Herri horretako herritarra. Adituek uste dute zeltiberiarren aurka batu zirela euskaldunak eta erromatarrak.

zeltiberiera

iz. Iberiar penintsulako antzinako hizkuntza.

zelula

1 iz. Izaki bizidun ororen oinarrizko unitatea, funtsean nukleoaz, zitoplasmaz eta hau inguratzen duen mintzaz osatua. Zelulaz egina duzu berdin abereen gorputza; zelulaz, halaber, landareak, eguzkiaren azpian diren landareak oro. Gaitzak jotako zeluletan soilik agertzen da proteina hori. Orain dela oso denbora gutxira arte, pentsatzen zen burmuineko zelulek ez zutela biziberritzeko ahalmenik. Minbizia duten zelulek gainerako zelulak kutsatu eta minbizia duten zelula berriak sortzen dituzte.

2 iz. Erakunde politiko baten barruan independentziaz jokatzen duen talde txikia. Alderdi komunistaren zelulen bileretan.

3 iz. Erradiazio-energia energia elektriko bihurtzen duen gailua. Eguzki zelulak. Zelula fotoelektrikoak.

zelula ama Zelula anitzeko organismoetako zelula mota, mitosiaren bidez zatitzeko eta zelula espezializatuetan bereizteko ahalmena duena. Bihotzeko zelula mota nagusi guztiak sortzen dituen zelula ama aurkitu du Massachussets General Hospitaleko Kenneth Chien ikertzailearen taldeak. Hain zuzen ere, hori da zelula ama horien bereizgarria, Isl1 proteina duten zelula bakarrak direla.

zelulabakar

adj. Zelula bakarra duena. Izaki zelulabakarrak. Alga asko eta asko zelulabakarrak dira.

zelular

1 adj. Zelularena, zelulari dagokiona. Mutazioa edozein zatiketa zelularretan gerta daiteke. Biologia zelularreko irakaslea.

2 adj. Zelulaz osatua. Mintz zelularrak.

zelulitis

1 iz. Gorputzaren zati batzuetako larruazalaren azpian gertatzen den gantz pilaketa, laranja-azalaren antzeko zimurdura moduko bat eragiten duena. Ilehoria zen, bular harroa eta aldaka zabalak zeuzkan: gerritik gorakoa silikonaz harrotua eta beherakoa, zelulitisak puztua.

2 iz. Med. Ehun konektiboaren hantura, bereziki larruazal azpiko ehun zelularrena.

zeluloide

1 iz. Gai malgua eta sukoia, batez ere zinema-filmaren euskarri gisa erabiltzen dena.

2 iz. Filma. Pelikula berriak urri ditugulako, zeluloide zaharra agertzen zaigu noizean behin.

zelulosa

iz. Glukosaren polimeroa, gai gotorra eta zuria, uretan eta alkoholetan urtzen ez dena, landareen zelulen mintzaren osagai nagusia. Lagun zahar baten bidez ikasi zuen zelulosa nola egin litekeen lastotik.

zemai

iz. Mehatxua.

zemai egin g.g.er. Mehatxu egin. Ik. zemaitu. Ibili nahi ez zuen mandoari ukabilaz zemai eginez esaten zion: (...).

zemaika

adb. Mehatxuka. Zemaika galdetu zidan. Etengabeko eztabaidetan, elkarri zemaika.

zemaitu, zemai/zemaitu, zemaitzen

du ad. Mehatxatu. Ik. zemai egin. Norbait gaitzen batekin zemaitzen duzunean. Zemaitzen nau jabetuko dela nire gauzez.

zemaitzaile

adj. Zemaitzen duena. Ik. mehatxatzaile. Ekaitza etorri zen beltza, zemaitzailea. Erasoaren aurpegi zemaitzailea. || (-en atzizkiaren eskuinean, artikulurik eta kasu markarik gabe). O, zer samina norberak maite duen umea otso bihurturik ikusi beharra, sorterri, adiskide eta gurasoen zemaitzaile!

zemendi

iz. Bizk. Azaroa.

zementita

iz. Metal. Burdin karburoa (Fe3C). Iraotzeko tratamendu termikoak zementita-partikulen tamaina zehazten du.

zementu

iz. Hauts tankerako gaia, urarekin nahasirik, airean berez gogortzen den ore biguna eratzen duena. Ik. porlan. Portland zementua. Zementu zakua.

zen

iz. Erl. Budismoaren adarra, meditazioari garrantzi handia ematen diona. Zen meditazio saioetara joaten da.

zena

(Mugatua). Hildako bat aipatzen denean erabiltzen den aposizioa. Gure aita zenak esaten zuenez. Errexil zenari. || pl. Ene bi anaia zenek erran zutena.

zenbait

1 zenbtz. Batzuk. (Dagokion izenaren ezkerrean doa batez ere, eta izena artikulurik gabe; aditzarekiko komunztadura singularrean nahiz, maizago, pluralean egiten da). Ik. hainbat 2. Amets zuri-gorri horrek baditu, haatik, zenbait alde txar. Zenbait gauza ez omen ditu ikusteko atsegin. Hitz zenbait, erdarazkoak izanik ere, utzi dira ukitu gabe. Gehiegikeriak osasungarri izan daitezke zenbait aldetatik. Duela zenbait urte. Oraingo zenbait gizoni Jainkoaren eskua ageri ez zaionez gero. Ez baita aski zenbait axaleko forma aldatzea. Axaleko zenbait bereizkuntza baztertuz gero. Hartu ditugun zenbait erabakiren alde txarrak. Euskal artikulutxo batzuk beste zenbait erdarazkorekin.

2 (Izenordain gisa). Herria bihotz muinetan daramaten horietako zenbait. Horietarik zenbait aizkorekin ziren. Badira zenbait, lapurrerian bizi direnak. Hemen erranen du zenbaitek: (...). Baina, halere, adiskide zaharretatik zenbaitek gaizki hartu zuten haren esana. Elizgizonak bakarrik ote dira Eliza ala elizgizonak eta beste zenbait? Ez nintzen zenbaitek hain gogoko duen norgehiagokan sartu. Orainago, jendea zenbaitek nahi genuen baino presakago hasi da ibiltzen. Lehen alai eta harro bezain kopetilun eta ukakor agertzen hasi zaizkigu zenbait, eta zenbait horiek ugaritzea besterik ez dute egiten gure artean. Berdintsu zaiolako zenbaiti. Gogor hartu nituen, gogorregi zenbaiten ustez.

eta zenbait (Zenbaki baten eskuinean). Kopuru batetik gorakoa, ezagutzen ez dena edo aipatu nahi ez dena, adierazteko erabiltzen den esapidea. Gure artean izan da, hogei eta zenbait urtez. Ehun eta zenbait langile.

zenbaitetan adb. Zenbait aldiz. Zenbait aldiz onerako, zenbaitetan kalterako.

zenbaitxo

zenbtz. Adkor. Zenbait. Guk elkarrekin pasatu ditugu bertsotan zenbaitxo urte. Berrizale ez diren zenbaitxoren lanak.

zenbaitzuk

zenbtz. Zenbait. (Izen batekin doanean, haren eskuinean jartzen da). Egun zenbaitzuk elkarrekin atsegin handian igaro zituztela. Zenbaitzuek diotenez.

zenbakaitz

1 adj. Ezin zenbatuzkoa. Kopuru zenbakaitza.

2 adj. Hizkl. Izenez mintzatuz, zenbatzaile zehaztu batekin ezin ager daitekeena. Izen zenbakaitz asko neurtu egiten dira, neurgarriak dira.

zenbakarri

1 adj. Kontagaia, zenbatzen ahal dena.

2 adj. Hizkl. Izenez mintzatuz, zenbatzaile batekin ager daitekeena. Hizkuntza batean zenbakaitza den izena zenbakarria izan daiteke beste batean.

zenbakera

iz. Zenbatzeko era, zenbaki guztiak hitz eta ikur gutxiren bidez, hitzez eta idatziz, agertzeko era. Ik. zenbakikuntza. Erromatarren zenbakera. Zenbakera hamartarra. Zenbakera sistemak.

zenbaketa

iz. Zenbatzea. Silaba-zenbaketa neurtitzetan.

zenbaki

1 iz. Multzo batek dauzkan unitateen adierazpena; adierazpen horri dagokion ikurra. Zenbaki arruntak, osoak, arrazionalak eta irrazionalak. 3 zenbakia. Zenbaki baten logaritmoa. Zenbaki bakoitiak eta bikoitiak. Zenbaki teoria. Zenbaki handien legea.

2 iz. Zenbaki baten ikurra, zerbaiti, kideko gauzen artetik ezaugarritzeko edo sail batean kokatzeko, egokitzen zaiona. Telefono zenbakia. Aulki baten zenbakia autobus batean. Liburu baten orrialdeen zenbakiak. Aztertu ditudan liburuei, bakoitzari zenbaki bat eman diet.

3 iz. Aldizkarietan, hurrenez hurreneko segida batean dagokion zenbakiarekin markatutako alea. Euskera-ren azken zenbakiaren 115. orrialdean. Hurrengo zenbaki batean atera zuen erantzuna. Kuliska Sorta, 9-10. zenbakia.

zenbaki atomiko Kim. Nukleoaren protoi kopuruarekin bat datorren zenbakia. Ik. atomo zenbaki. Hidrogenoaren zenbaki atomikoa 1 da, protoi bakarra duelako.

zenbakidun

adj. Zenbakia edo zenbakiak dituena. Taula zenbakiduna. Mugarri zenbakidunak arin igarotzen dira zure begien aurretik.

zenbakikuntza

iz. Zenbakera. Zenbakikuntza hamartarra.

zenbakitu, zenbaki/zenbakitu, zenbakitzen

1 du ad. Zenbakia ipini. Azala eta kontrazala inprentaz egin zituen eta ale guztiak txukun zenbakitu.

2 (Partizipio burutua izenondo gisa). Orri zenbakitu batzuk eman zizkidaten. Txartel zenbakitu bat.

zenbakitzaile

iz. Mat. Zatikietan, marraren gainean idazten den zenbakia. Ik. zatitzaile 2. 3/4 zatikian, zenbakitzailea 3 da.

zenbakizko

adj. Zenbakiz osatua, zenbaki bidez adierazia. Modu horretan, zenbakizko kalkuluak erraztu egin daitezke. Zenbakizko teklatua.

zenbana

1 banatz. (Galdetzailea). Zenbat bakoitzak? Zenbat bakoitzari? Soinu zahar bakoitzak zenbat zati eta zenbana konpasekoak dituen.

2 banatz. Zenbatean. Gure etxean ardoa salgai, ez baitakit zenbana; zenbana dagoen jakiteko, edan dezagun pinta bana. Zenbana saltzen duzu dozena sardina?

zenbanahi

Ik. zenbat-nahi.

zenbat

1 zenbtz. (Galdetzailea). Zer kopuru? (Dagokion izenaren ezkerrean doa; izen sintagma, mugagabean). Zenbat ogi dituzue? Zenbat euskaldun zarete Nafarroa Garaian? Zenbat hitzekoa izango da gutxi gorabehera? Noiz, non, eta zenbat aldiz? Eta, hik, zenbat zor duk? Venezuelara jo du oraingoan; ez dakit zenbat denbora eman duen han.

2 zenbtz. (Harridura-esaldietan edo kidekoetan, kopuruaren handia adierazteko). Ordutik hona, zenbat eta zer-nolako liburuak agertu diren euskaraz! Zenbat kalte egiten duen alferkeriak! Zenbat haur gaixo ote daude linboan! Neronek dakit zenbat bider egin dudan huts, hartu nuen bidean. Zekiena adierazteko, berriz, zenbat gogoeta sakon, zenbat hitz zorrotz, zenbat aukerako etsenplu! Beraz, zenbat eta zenbat hilotz, zutik zebiltzanetan! || (ez partikularekin). Orduko ohiturei buruz, ordea, zenbat argi ez digute ematen bere neurtitzek! Zenbat neke eta tristuraren artean ez dut neure burua ipini! Zenbat holako ez du egin eskuin eta ezker!

3 (Izena ezabaturik). Hitz bat euskarazkoa da, euskaldunek erabili eta erabiltzen badute; zenbatek, zenbatetan eta zenbateraino, ordea, erabili? Garbiro aitortu behar da zer mandamenturen kontra bekatu egiteko bidea eman den eta zenbati eman zaien bide hau. Zenbat dira Jainkoaren aginduak? Zenbaten zorra daukazu?

4 (Aditz baten osagarri). Zer kopurutan. Balekite ongi zenbat maite ditugun! Gutxik baizik ez daki zenbat baliatu diren lan horrezaz Duvoisin eta Harriet.

zenbatean adb. (Galdetzailea). Zer preziotan? Zenbatean erosi duzu? Gurina zenbatean dago gaur? Zenbatean saltzen dituzu?

zenbateko adj. (Galdetzailea). Zer neurritakoa, zer kopurutakoa? Ik. zenbaterainoko. Zenbateko nahigabea hartuko zuen. Zenbateko alogera irabaziko zuten berbatuta joaten ziren. Ohartu ziren zenbatekoa den mekanikaren indarra.

zenbatenaz... hainbatenaz... (Dagokion aditzak bait- edo -(e)n menderagailua hartzen du). Zenbatenaz apalago baitatza ezarria, hainbatenaz bortitzago da zimendu berria. Lintzura lintzuraren hurren, eta zenbatenaz ere lehiatzen zaren oinak lehorrean landatu beharrez, hainbatenaz murgiltzenago zara lokazpean. || Zenbatenaz gosea handiago, hainbatenaz janaria gozoago.

zenbateraino (Galdetzailea). Zer neurritaraino? Zenbateraino jabetu zen hizkuntzaz itzulpenek ematen digute aditzera. Ez dakizu ondo zenbateraino den negargarria.

zenbaterainoko adj. (Galdetzailea). Zer neurritarainokoa? Ik. zenbateko. Zenbaterainoko indarra duen haizeak. Badakizu zenbaterainokoak izan diren gosete eta eritasunek hemen egin dituzten kalteak.

zenbat ere (Perpaus txertatu baten hasieran, dagokion aditzak bait- hartzen duela). Zenbat ere baitzarete, aseko zaituztet: zareten beste zaretela, aseko zaituztet. Ezen zenbat ere liburu izkiriatzen baitituzte, haietarik gehienak dakuskigu izkiriatzen dituztela, zeinek bere herriko hizkuntzan.

zenbat ere ...-ago (Dagokion aditzak bait- edo -(e)n menderagailua hartzen duela, -ago atzizkia hartzen duen beste esaldi batekin korrelazioan). Eta zenbat ere ausarkiago aurreratzen garen, hainbat gogorragoa izango da hurrengoen oldarra atzeraka. Nik, uste dut, eta zenbat ere gehiago irakurtzen dudan, are sendoago uste dut (...). || (Dagokion aditza ezabaturik). Erdara izan ohi dugunez jakite bide, zenbat ere ez-ikasiago, hainbat ere euskaldun jatorrago. Zenbat ere biziago herria, orduan eta biziago gizaldien arteko etsaitasuna.

zenbat eta ...-ago (Dagokion aditza partizipio burutuan edo -(e)n menderagailua hartzen duela, -ago atzizkia hartzen duen beste esaldi batekin korrelazioan). Zenbat eta aurrerago zoazen bekatuan, hainbat eta handiagoa izango da obra onak egiteko nagitasuna. Eta zenbat eta jaiera handiagoarekin ematen duen limosna, hainbat ugariagoa izango da barkazioa. Zenbat eta gehiago saldu, gehiago irabazi. Hizkeraz kanpora ere, zenbat eta argiroago mintzatu, hobe. || (Dagokion aditza ezabaturik). Zenbat eta sendoago ekandua, hainbat eta gaitzago bera kentzea. Aspaldixko ikasi genuen jende horiek zenbat eta bakezaleago, orduan eta beldurgarriago izaten direla. Urrea zenbat eta astunago, baliotsuago.

zenbatetan (Galdetzailea). Zenbat aldiz? Igandean behar dugu pentsatu zenbatetan egin dugun aste hartan bekatu.

zenbatez (-ago-rekin). Ikusirik zure kulpa zenbatez handiago den. Zenbatez hobea izango zen guztiok pozik eta ondo bizitzea.

zenbat... hainbat... (Korrelazio esaldiak eratuz, atal biek -ago atzizkia hartzen dutela). Gau erdiraino predikatu zien; eta zenbat entzunago, hainbat zaleago eta entzun-nahiago. Zenbat gehiago esan, hainbat haren indarra gorago igotzen da.

zenbateko

iz. Kopurua. Eskatu dio lan baterako diru zati on bat, baina zenbatekorik agertu gabe. Eskualde bakoitzak erabakiko du isunaren zenbatekoa.

zenbatespen

iz. Zenbatestea. Telebistaren antolamenduan funtsezkoa da kostuen zenbatespen eta kontabilitate zehatza.

zenbatetsi, zenbatets, zenbatesten

1 du ad. Balioetsi, zerbaiten balioa zehaztu. Ondasunak ezin direnean itzuli, zenbatetsi egingo dira dohaintza-unean zuten balioaren arabera.

2 du ad. Kalkulatu. Zenbatetsi zenbat denbora beharko den gelako tenperatura 70 °F-ra iristeko.

zenbatezin

adj. Zenbakaitza.

zenbatgarren

ord. (Galdetzailea). Sail edo segida batean, zein tokitan? Jaio zirenetik zenbatgarren urtean? 1639. urtean, abenduan zenbatgarren egunean izango den ilargi betea. Konta ezazu egun hura hilabetearen zenbatgarrena den.

Oharra: azken eguneraketa 2020-07-08

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper