Euskararen Gramatika

42.21.3. Berriz


42.21.3. Berriz

42.21.3a Beste hainbat diskurtso markatzaile bezala, jatorriz adberbio da berriz, formak berak argiro erakusten duen bezala: berri + z. Eta erabili ere maiz erabiltzen dugu adberbio bezala, denbora adberbio bezala, hain zuzen. Bertso honetan ikusten da garbi hori: Leitzan jaio ta Orion / bizi dana herriz / hoberentzat jotzen det / rimaz eta neurriz. / Kantatzeko ahosapai / eztizkoa, berriz, / zein eztu hark txoratzen / bere bertso berriz? / Holakorik eztakit / sortuko dan berriz (Goiburu).

Hor ikusten denez, diskurtso markatzaile ez ezik adberbio eta adjektibo ere (bertso berriz) izan daiteke, besteak beste, berriz. Hemen, hala ere, DM gisa duen erabilera interesatzen zaigu eta hori aztertzen saiatuko gara.

42.21.3b Aurkaritza adierazten duen diskurtso markatzailea dugu hau ere eta oso erabilia, gainera. Ordea, ostera, aldiz eta aitzitik-en pareko da alde horretatik, nahiz eta esanahiari dagokionez erabat baliokide izan ez. Ez da erraz, dena den, elkarren arteko esanahi ñabarduraren berri ematea.

Badirudi, esate baterako, berriz eta ordea diskurtso markatzaileen artean erabateko kidetasunik ez dagoela. Badirudi ordea-k nolabait aurreko perpausak baieztatua ezabatu edo ukatu egiten duela; lehenago esan edo presuposatu dena zuzendu egiten duela, alegia, haren kontrakoa baieztatuz. Berriz, aldiz, aurretik esandakoari zerbait berri eta diferente eransteko erabiltzen dela dirudi. Alde honetatik, ondoko bi perpaus hauek pittin bat desberdinak izango lirateke: Goizean paseatzera irten naiz. Arratsaldean, berriz, lanean geratu naiz; Goizean paseatzera irten naiz. Arratsaldean, ordea, lanean geratu naiz.

Lehenbizikoan, goizekoaren eta arratsaldekoaren arteko aldea edo kontrastea ematen da aditzera; goizean gauza bat egin dudala, alegia, eta arratsaldean beste bat. Bigarren perpauseko aurkaritza, berriz, beste nonbait dago: hor, izan ere, solaskideak uste izan dezakeen zerbait ukatu egiten dela dirudi. Goiz eta arratsalde kalean ibili naizela uste izan dezake hark beharbada, baina ez da horrela, arratsaldean lanean geratu naiz. Ikus dezagun beste hau: —Gu mendira joan gara. —Nik ere mendira joan nahi nuen. Ez didate, ordea, ezer esan.

Ikusten denez, adibide horretan ordea diskurtso markatzailea jarri dugu, berriz-ek ez baitu lekurik hor: —*Nik ere mendira joan nahi nuen. Ez didate, berriz, ezer esan.

Hitz batez esateko, ordea-k kontrakotasuna adierazten du betiere eta horretan baina-ren baliokide hurbila da. Berriz ez da horren markatua: kontrakotasuna bezala kontraste soila edo aldea seinalatzeko ere erabiltzen da eta horrelakoetan, jakina, ez da baina-ren guztiz parekoa. Zenbaitetan, gainera, badirudi topikoaren aldaketa seinalatzeko baizik ez dela erabiltzen, goiko bertsoan bezala. Emendiozko kutsu bat ere badu horrelakoetan.

42.21.3c Berriz DMa ere bigarren perpauseko osagairen baten ondoren kokatzen da arruntean, osagai hori nolabait nabarmenduz. Sarritan perpaus bakoitzeko osagai bana hartuz bien arteko kontrastea markatzen dugu DM honekin: Begira bada, zein mardo, gizen eta mamitsua nagoen. Hi berriz, zatar hori, burutik oinetara hago, edo hautsez josia, edo basatua (B. Mogel).

Esaldi horretan, eta horixe da gehienetan gertatzen dena, bi perpausek funtsezko egitura bera dute eta berriz-ek bien arteko kontrastea markatzen da. Horrelakoetan, esan liteke diskurtso markatzailearen aurrean kokatzen den osagaia bigarren perpausaren mintzagaia dela. Alegia, DMaren zeregina horixe izango litzateke, osagai horren mintzagaitasuna markatzea edo, gorago esan dugun bezala, mintzagai berria nabarmentzea, mintzagai aldaketa seinalatzea: Arrantzaleak ziren batzuk; besteak, berriz, han inguruan etxegintzan ari ziren langile eta arginak (Barrensoro); Amak bere gauzatxoak eraman nahi; aita, berriz, beranduegi izango ote zen kezkarekin, biak haserretu ziren (Ugalde).

42.21.3d Baldintzazko perpausa ere (hau da, baldintzaren protasia) berez mintzagai izan ohi delarik, diskurtso markatzaile honen ezkerretara ager daiteke: Gaizki hitz egin badut, erakutsi iezadazu zertan hutsegin dudan; zuzen hitz egin badut berriz, zergatik jotzen nauzu? (Iraizoz).

Dena dela, diskurtso markatzaileak ezkerretara eraman ohi duena perpausaren atal luzeagoa ere izan daiteke, aditza bera ere barne delarik. Hau, batez ere kopula-aditz batez osatuetan gertatzen dela dirudi: Ehun laurrealeko bota zituen han bertan, egindako erronkaren eusbide. Mila ogerlekoa izan zan, berriz, apustuaren jasoa (Barrensoro); Katakumetxo bat bezain bigun eta zoli ondoratu zitzaion Balendini neska liluragarria, haren maite-hitzen egarri. Erdi toteldurik eta zorabildurik zegoen, berriz, mutila, Dorronsoroko alaba ederraren aurrean (Barrensoro).

Adibide horietan mintzagaia perpausaren hasieran ezarri beharrean, atzeratua bezala gertatu dela dirudi, berriz DMaren eskuinaldera pasa dela, alegia. Ez dirudi, hala ere, perpaus horien esanahia, ez komunikazio balioa asko aldatzen denik leku aldaketa horrekin. Horrela, goiko azken perpaus horren ordez, beste honako hau ezar liteke, biak erabat baliokide direlarik: Mutila, berriz, erdi toteldurik eta zorabildurik zegoen, Dorronsoroko alaba ederraren aurrean.

42.21.3e Bestelako perpausetan ere horren antzeko erdibitzearekin egin dezakegu topo. Galde perpausetan, esaterako: Lehen hain zoragarri iruditu zitzaigun udaberriko zerua, goibeldu eta lainotu zaigu: basoaldean hain eder agiri zen loreak, bidariaren oinazpian burua makurtu behar izan du. Nora joan dira, berriz, gure inguruan ohartzen genituen irri-barreak? (Barrensoro).

Edo aditza isilpean gorderik agertzen denetan ere: Gure ama ernaiak berela ikusi zuen, ikaratu gabe hitz horiek nahasi zitezkela, eta berehala berezi zituen; nik ez, berriz, hark adierazi arte (Orixe).

Gogoan hartu behar dena hau da: diskurtso markatzailea ez dela agertzen galdegai den sintagmaren eta aditzaren artean. Horrela, lehenbiziko adibideak zuzenak dira, baina ez bigarrena: (i) Aitak amari gona gorria ekarri dio. Ilobak, berriz, osabari txapela ekarri dio / Ilobak osabari, berriz, txapela ekarri dio / Ilobak osabari txapela ekarri dio berriz; (ii) *Aitak amari gona ekarri dio. Ilobak osabari txapela, berriz, ekarri dio.

Bestelako osagai batzuk bai, ager daitezke diskurtso markatzailearen ezkerretara. Galde hitzak, esaterako: Inora ez darama adimentuak, bere ezina adieraztera baizik. Nora, berriz, sentimentuak? (Txillardegi).

Dena den, ohart gaitezen, hor galde hitzaren ondoren agertzen bada ere, ez dela aditzik ageri. Beraz, pentsa genezake aditza agerian balego hauxe genukeela: Nora darama, berriz, sentimentuak? Baina hor ezin da jarri ordea.

Adberbioak ere ager daitezke diskurtso markatzaile honen ezkerrean: Hala eginez, […] oro xuxen gertatzen dira; hala nola berriz, berant jaikitzen denean, oro makur gertatzen ohi baitira (Duhalde).

42.21.3f Aurrean juntagailuren bat edo beste diskurtso markatzaileren bat baizik ez duela ere ager daiteke inoiz: Kontzientzia batzuk dira erne, sentikor, minbera, hertsi: eta berriz bertze batzuk loti, hil, lazo, zabal, eta ez antsia (Axular); Bai horixe! Bestaldetik, berriz, nahiko eskasak ziren lehenago ere gariak-eta […] (Barrensoro).

Baita perpausaren hasiera-hasieran ere: Zein ederki ta laster ikasten duten euskara gaztetxo euskara baino entzuten ez dutenek. Berriz badator Euskal Herrira erdaldun handi edo hazi bat, zein nekez, eta gaizki (Mogel); Arpegia garbitzean […] igarotzen bada eztarritik… ur tanta bat edo beste, ez da baraurra galduko, eta ez eragotziko komunioa. Berriz nornahik daki ahora etorri den txistu mehea, nahiz loditzarra berriz irentsiagatik, komulgatu daitekeela beldur gabe (Mogel).

Horrelakoetan badirudi perpausen arteko kontrastea markatzen dela, mintzagaia gehiegi berezi gabe. Dena den, esan behar da erabilera hau zaharkitua dela eta ez gomendagarriegia.

Gorago esan dugun bezala, emendiozko kutsua ere badu berriz-ek, topiko berria nabarmentzeko erabiltzen baita sarri askotan. Ez da harritzekoa, hortaz, eta juntagailuaren edo emendiozko beste diskurtso markatzaileren baten lagun agertzea maiz. Axularrek, esate baterako, erruz erabiltzen du eta berriz esapidea. Berriz perpaus barruko ohiko lekuetan doala ere erabil daiteke bikote hori: […] berorri gizon ezkongaia eta ni berriz alarguna… Ai nire gizarajoa bizi izan bazen! (Soroa); Liburu gutxi behar da sagardoa polita egiteko; sagar ona. Eta edaten berriz bazekiagu! (Labaien).

42.21.3g Gainera, bestaldetik, bestetik eta horrelako diskurtso markatzaileekin batera ere erabiltzen da inoiz: Bestetik, berriz, industriaren gorakada gertatu zen, eta horrek ere Bizkaian eta Gipuzkoan izan zuen eraginik biziena (Zuazo).Aurkaritzako baina juntagailuarekin batera, berriz, askoz ere gutxiagotan erabiltzen da, esan dugun bezala.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper