Euskararen Gramatika

42.21. Aurkaritzakoak


42.21. Aurkaritzakoak

42.21.1. Zer diren aurkaritzako diskurtso markatzaileak

42.21.1a Izenak berak argiro erakusten duen bezala, bi perpausen artean gerta daitekeen kontrakotasuna edo aurkaritza aditzera emateko erabiltzen dira sail honetako DMak. Beraz, alde horretatik baina-ren pareko dira nolabait. Azken hau, jakina, juntagailua da berez eta perpaus elkartuak bideratzeko erabiltzen dugu gehienetan: Nirea da liburua baina utziko dizut. Eta horixe da, seguruenik, aurkaritza adierazteko euskarak duen biderik emankorrena. Beste batzuetan, ordea, diskurtso markatzaile gisa ere erabiltzen dugu baina, hau da, testuari berari (eta ez perpaus elkartuari) lotura ezarriz: Zera esan nahiko zuen noski: banatan lo egiteko erabaki horrekin, betirako ari zirela atzera batzeko aukerari atea ixten: izan ere elkarganatze gehienak ohea konpartitzeak errazten zuen gorputzen adierazpenetatik etorri ohi zirenez hitzaren medioz baino sarriago. Baina berdin izan zitzaion orduan (Saizarbitoria).

Horrelakoetan, bistan da, baina-k ez ditu perpausak elkartzen. Testu mailako lotura bideratzen du, hau da, ondoan duen perpausak aurrekoekin nolako erlazio semantikoa duen adierazi baizik ez du egiten, gramatika juntadurarik gauzatu gabe.

42.21.1b Aurkaritzako diskurtso markatzaileek ere horixe bera egiten dute, hots, perpausen arteko kontrastea aditzera eman. Aski luzea da DM hauen zerrenda: ordea; berriz; ostera, aldiz; aitzitik; bizkitartean, bitartean, bien bitartean… ditugu batetik; alta, alabaina, alabadere; dena dela eta dena den; hala ere, haatik, horratik eta hauen kideak bestetik; barren… ere aurkaritzako markatzailea izan daiteke. Azkenik, kontuan hartzekoak dira, orobat, kontrakotasuna adierazten duten esapideak ere: guztiarekin ere, edozein modutan, zernahi gisa, nolanahi den, edozelan ere…

Aurkaritza adierazten duten diskurtso markatzaileak dira denak, baina badituzte, hala ere, diferentziak elkarren artean, bai esanahiaren aldetik, bai maiztasunaren aldetik eta bai euskalkiei dagokienez ere.

Perpausean hartzen duten tokiari dagokionez ere bada alderik. Batzuek, inoiz perpausaren hasieran kokatzen badira ere, honen barnean joateko joera dutela dirudi, osagai baten edo zati luzeago baten ondoan (horrelakoak dira, esate baterako, ordea, berriz, ostera eta aldiz); beste batzuek, berriz, perpausaren hasieran joateko joera erakusten dute, nahiz eta perpaus barnean joateko debekurik ez duten (horrelakoak dira, adibidez, aitzitik, bizkitartean, alta, dena dela eta hala ere).

Inoiz, harridurazko perpausetan eta, perpausaren azken tokia hartzen dute berariaz markatzaile hauetako batzuek, hari enfasi berezia emanaz: Munduko pastel guztiak gura nintuzke, ordea! (Irigoien); Beldur naiz dena koxka ez ote den, ordea! (Goenkale); Hara bestea, berriz!

42.21.1c Ondoko ataletan saiatuko gara hori guztia zehatzago azaltzen. Aurrera baino lehen, ordea, beste puntu bat aipatu behar dugu. Aurkaritza diskurtso markatzaile hauetako asko adberbioak dira jatorriz, beste DM anitzekin gertatzen den gisan. Eta gainera, jatorria gorabehera, adberbio garbi bezala jokatzen dute sarri askotan: Bihurtu nahi dut berriz, nire bekatuarekin irabazi nuen estadura (Kardaberaz); Zure iraupenak bigunduko du zerua; Jo atea, egin oles ostera ta ostera, ta irekiko zaizu (Mogel); Dena gutxi izango da, bai, kakañera honekin (berriz ere usain, berriz ere nazka aurpegia), “dodotis”ak ordaintzeko ere ez dugu irabazten eta (Goenkale).

Zenbaitetan, egia da, ez dago argi non ezarri behar den muga, hauxe bera gertatzen baita beste markatzaileekin ere. Dena den, perpausen arteko benetako diskurtso markatzaile gisa agertzen diren kasuak interesatzen zaizkigu hemen eta horiek aztertzen saiatuko gara.

42.21.1d Berez, diskurtso markatzaile deitzen ditugun elementu hauen zerrenda biziki luzea da, eta amaigabea. Antzeko zerbait gertatzen da aurkaritzako hauekin ere. Baina bestetik, eta horretara dator ohar hau, aurkaritzako hauetako batzuk birformulatzaileen sailekoak dira: hemen aipatuko ditugun dena dela, dena den, hala ere… eta gisakoak birformulatzaile urruntzaileak dira eta, hortaz, hemen aipatu bai, baina aztertu birformulatzaileen atalean (43. kapituluan) aztertuko dira.

42.21.2. Ordea

42.21.2a Forma aldetik ordea eta ordean, biak erabiltzen dira. Hedatuena, hala ere, lehenbizikoa dugu; ordean lapurteraz erabiltzen da. Orde-k, hain zuzen, beste zerbaiten edo norbaiten ordain esan nahi du; beraz, perpausen arteko nahiz perpausen osagaien arteko nola-halako aurkaritza edo kontrastea aditzera eman nahi denean guztiz aproposa gertatzen da diskurtso markatzaile hau: Ni zurekin joango naiz, aita ordea etxean geldituko da.

Perpaus bi ditugu hor elkarren ondoan jarriak. Ordea diskurtso markatzaileak bi perpaus horien arteko aurkaritza aditzera ematen du, horretarako bi perpausotako osagai bana hartuta eta biak elkarren kontrakotzat aurkeztuz: ‘nik zerbait egingo dut’ eta ‘aitak beste zerbait egingo du’. Eta horixe da, funtsean, beti aurkituko duguna kutsu adbertsatiboa duten diskurtso markatzaile eta juntagailuetan. Alde horretatik, baina juntagailuaren baliokide hurbila da ordea: Ni zurekin joango naiz, baina aita etxean geldituko da.

42.21.2b Baina juntagailua arruntean bigarren perpausaren hasieran kokatzen bada ere, ordea-k normalean bigarren perpausaren barnean hartzen du toki, perpaus horren osagairen baten ondoren. Horrela, bigarren perpauseko osagai hori hanpatua edo gelditzen dela esango genuke, aurreko beste osagai baten kontra jarriz, bien arteko oposizioa markatuz (ni…, aita, ordea,…). Ezkerrean duen osagai horrekin bereziki lotua joan ohi dela dirudi gainera, komak gorabehera, eta ez ondoren datorrenarekin: Atzenekoak lehenengo, eta lehenengoak atzeneko izango dira: deituak asko dira, esleituak, ordea, gutxi (Lardizabal); Itsasaldera zuzentzen ditu begiak. Ez dakuse begiok, ordea, ezer (Barrensoro); Zer eginik banuen, ordea, eta logelako bidea hartu nuen (Lertxundi).

42.21.2c Gogoan hartu behar da, hori bai, askatasun handia izaten dutela diskurtso markatzaile hauek perpausaren barnean kokatzeko: Josebak emazteari txokolatinak ekarri dizkio, hark ordea nahiago zuen perfume on bat; Josebak emazteari txokolatinak ekarri dizkio, hark nahiago zuen, ordea, perfume on bat; Josebak emazteari txokolatinak ekarri dizkio, hark nahiago zuen perfume on bat, ordea.

Bistan da, hala ere, ez dela nonahi eta nolanahi kokatzen ahal. Mintzagai- galdegai egituraren arabera kokatzeko joera duela dirudi, lege finkorik ezartzen erraza ez bada ere.

Hasteko esan behar da ordea-k ez duela nahitaez mintzagaia markatzen. Goiko perpausaren bigarren atala hartzen badugu (§ 42.21.2b, Lardizabal), adibidez, esleituak, ordea, gutxi esan beharrean, berdin-berdin esan liteke gutxi, ordea, esleituak. Ondoko adibidean ere argi ikusten da hori: Haiek ez zuten; guk, bai, ordea, bi mutilen ezagutza (Orixe).

Bestalde, galdegaiaren eta aditzaren artean normalean kokatzen ez bada ere, ez du debeku handirik galde hitzen ondoren kokatzeko: […] ikusten zuen han egoterik ez zeukala. Nola, ordea, irten? (Lardizabal).

Dena den, euskalkien arteko diferentziaren bat ere egon daiteke ordea-k perpaus barruan hartzen duen kokaguneari dagokionez.

42.21.2d Perpausaren azken muturrean ere joan ohi da inoiz: Hiru bider jo nuen txirrina. Ez zidan inortxok ere erantzun ordea. Kasu horietan badirudi perpaus bien artean gertatzen dela aurkakotasuna, kontrastea zein osagairen artean dagoen bereziki markatu gabe.

Harridurazko perpausen azken muturrean ere sarritan joan ohi da: Zer oinaze ordea! (Orixe). Aditzik gabeko esaldiak dira horiek. Ondorengoa, berriz, aditz eta guztiko esaldia dugu eta ordea azken muturrean doala kontsidera dezakegu, seme hori bokatibo edo baita; beraz, perpausetik kanpo gelditzen den zerbait: Zer duzu, ordea, seme? (B. Mokoroa).

Perpausaren hasiera-hasieran ere ageri da inoiz, hori maiztasunik handieneko kokalekua ez badu ere: Ken ditzadala zugandik nire begiak? Ordea, noratuko ditut? Irauli ditzadala beste aldera? Ordea, zu izan nire alde guzi, zu nire aurre ta atze (Larramendi).

Axularrek erruz darabil horrela, gaurko zenbait idazlek bezala: Bat-batean etxe guztia isilik gelditu zen, eta gizona zerraldo erortzera zihoala ikusi nuen, belaunak huts egiten ziotela. Ordea medikuak eta osabak eutsi egin zioten […] (Atxaga).

Nolanahi ere, bi kasu hauetan badirudi diskurtso markatzaileak berekin duen kontrakotasun balio hori nolabait gesaldua gelditzen dela.

42.21.2e Gehienetan inolako lagunik gabe agertzen da ordea. Ez da harritzekoa, halere, baina juntagailuari lagun egiten diola erabiltzea, baina ordea bikotea osatuz: Aitzbitarte ospetsu hura […] dihoakion santutegi eder jaierazko batean bihurtua aurkitzen da, kapilla eta jarduntza santuetarako etxea ere Jesusen Konpainiak han dituela. Baina ordea, hainbaterainoko damukizuna edo penitentzia neurrigabeak, bada hainlakotzat gero santu berak eduki zituen, aurki oso ahuldu zuten (J. I. Arana).

Eta bai, are maiztasun handiagoz, perpausaren osagai baten ondoren kokatua delarik ere: […] eta esan nuen nire kolkorako: Baina nola ordea, horrenbeste bertsolari aieratzen den herrian, olerkari horren gutxi? (Jautarkol); Gauzaren bat egin nuen… baina, zer ordea? (Navarro); Baina nondik atera dituzute, ordea, berri hauek? (Azkue).

Hauetan baina-ri berez zor zaion aurkaritza indartzera bezala dator ordea. Hala ere diskurtso markatzailearekin batera ere erabil daiteke, aurkaritzaren indargarri hemen ere: Nahi izanez gero, erraz hautsiko zituken hark danak edozertan. Hala ere, ordea, ez zuen egundo indarrik burugabe erabiliko (Barrensoro).

42.21.3. Berriz

42.21.3a Beste hainbat diskurtso markatzaile bezala, jatorriz adberbio da berriz, formak berak argiro erakusten duen bezala: berri + z. Eta erabili ere maiz erabiltzen dugu adberbio bezala, denbora adberbio bezala, hain zuzen. Bertso honetan ikusten da garbi hori: Leitzan jaio ta Orion / bizi dana herriz / hoberentzat jotzen det / rimaz eta neurriz. / Kantatzeko ahosapai / eztizkoa, berriz, / zein eztu hark txoratzen / bere bertso berriz? / Holakorik eztakit / sortuko dan berriz (Goiburu).

Hor ikusten denez, diskurtso markatzaile ez ezik adberbio eta adjektibo ere (bertso berriz) izan daiteke, besteak beste, berriz. Hemen, hala ere, DM gisa duen erabilera interesatzen zaigu eta hori aztertzen saiatuko gara.

42.21.3b Aurkaritza adierazten duen diskurtso markatzailea dugu hau ere eta oso erabilia, gainera. Ordea, ostera, aldiz eta aitzitik-en pareko da alde horretatik, nahiz eta esanahiari dagokionez erabat baliokide izan ez. Ez da erraz, dena den, elkarren arteko esanahi ñabarduraren berri ematea.

Badirudi, esate baterako, berriz eta ordea diskurtso markatzaileen artean erabateko kidetasunik ez dagoela. Badirudi ordea-k nolabait aurreko perpausak baieztatua ezabatu edo ukatu egiten duela; lehenago esan edo presuposatu dena zuzendu egiten duela, alegia, haren kontrakoa baieztatuz. Berriz, aldiz, aurretik esandakoari zerbait berri eta diferente eransteko erabiltzen dela dirudi. Alde honetatik, ondoko bi perpaus hauek pittin bat desberdinak izango lirateke: Goizean paseatzera irten naiz. Arratsaldean, berriz, lanean geratu naiz; Goizean paseatzera irten naiz. Arratsaldean, ordea, lanean geratu naiz.

Lehenbizikoan, goizekoaren eta arratsaldekoaren arteko aldea edo kontrastea ematen da aditzera; goizean gauza bat egin dudala, alegia, eta arratsaldean beste bat. Bigarren perpauseko aurkaritza, berriz, beste nonbait dago: hor, izan ere, solaskideak uste izan dezakeen zerbait ukatu egiten dela dirudi. Goiz eta arratsalde kalean ibili naizela uste izan dezake hark beharbada, baina ez da horrela, arratsaldean lanean geratu naiz. Ikus dezagun beste hau: —Gu mendira joan gara. —Nik ere mendira joan nahi nuen. Ez didate, ordea, ezer esan.

Ikusten denez, adibide horretan ordea diskurtso markatzailea jarri dugu, berriz-ek ez baitu lekurik hor: —*Nik ere mendira joan nahi nuen. Ez didate, berriz, ezer esan.

Hitz batez esateko, ordea-k kontrakotasuna adierazten du betiere eta horretan baina-ren baliokide hurbila da. Berriz ez da horren markatua: kontrakotasuna bezala kontraste soila edo aldea seinalatzeko ere erabiltzen da eta horrelakoetan, jakina, ez da baina-ren guztiz parekoa. Zenbaitetan, gainera, badirudi topikoaren aldaketa seinalatzeko baizik ez dela erabiltzen, goiko bertsoan bezala. Emendiozko kutsu bat ere badu horrelakoetan.

42.21.3c Berriz DMa ere bigarren perpauseko osagairen baten ondoren kokatzen da arruntean, osagai hori nolabait nabarmenduz. Sarritan perpaus bakoitzeko osagai bana hartuz bien arteko kontrastea markatzen dugu DM honekin: Begira bada, zein mardo, gizen eta mamitsua nagoen. Hi berriz, zatar hori, burutik oinetara hago, edo hautsez josia, edo basatua (B. Mogel).

Esaldi horretan, eta horixe da gehienetan gertatzen dena, bi perpausek funtsezko egitura bera dute eta berriz-ek bien arteko kontrastea markatzen da. Horrelakoetan, esan liteke diskurtso markatzailearen aurrean kokatzen den osagaia bigarren perpausaren mintzagaia dela. Alegia, DMaren zeregina horixe izango litzateke, osagai horren mintzagaitasuna markatzea edo, gorago esan dugun bezala, mintzagai berria nabarmentzea, mintzagai aldaketa seinalatzea: Arrantzaleak ziren batzuk; besteak, berriz, han inguruan etxegintzan ari ziren langile eta arginak (Barrensoro); Amak bere gauzatxoak eraman nahi; aita, berriz, beranduegi izango ote zen kezkarekin, biak haserretu ziren (Ugalde).

42.21.3d Baldintzazko perpausa ere (hau da, baldintzaren protasia) berez mintzagai izan ohi delarik, diskurtso markatzaile honen ezkerretara ager daiteke: Gaizki hitz egin badut, erakutsi iezadazu zertan hutsegin dudan; zuzen hitz egin badut berriz, zergatik jotzen nauzu? (Iraizoz).

Dena dela, diskurtso markatzaileak ezkerretara eraman ohi duena perpausaren atal luzeagoa ere izan daiteke, aditza bera ere barne delarik. Hau, batez ere kopula-aditz batez osatuetan gertatzen dela dirudi: Ehun laurrealeko bota zituen han bertan, egindako erronkaren eusbide. Mila ogerlekoa izan zan, berriz, apustuaren jasoa (Barrensoro); Katakumetxo bat bezain bigun eta zoli ondoratu zitzaion Balendini neska liluragarria, haren maite-hitzen egarri. Erdi toteldurik eta zorabildurik zegoen, berriz, mutila, Dorronsoroko alaba ederraren aurrean (Barrensoro).

Adibide horietan mintzagaia perpausaren hasieran ezarri beharrean, atzeratua bezala gertatu dela dirudi, berriz DMaren eskuinaldera pasa dela, alegia. Ez dirudi, hala ere, perpaus horien esanahia, ez komunikazio balioa asko aldatzen denik leku aldaketa horrekin. Horrela, goiko azken perpaus horren ordez, beste honako hau ezar liteke, biak erabat baliokide direlarik: Mutila, berriz, erdi toteldurik eta zorabildurik zegoen, Dorronsoroko alaba ederraren aurrean.

42.21.3e Bestelako perpausetan ere horren antzeko erdibitzearekin egin dezakegu topo. Galde perpausetan, esaterako: Lehen hain zoragarri iruditu zitzaigun udaberriko zerua, goibeldu eta lainotu zaigu: basoaldean hain eder agiri zen loreak, bidariaren oinazpian burua makurtu behar izan du. Nora joan dira, berriz, gure inguruan ohartzen genituen irri-barreak? (Barrensoro).

Edo aditza isilpean gorderik agertzen denetan ere: Gure ama ernaiak berela ikusi zuen, ikaratu gabe hitz horiek nahasi zitezkela, eta berehala berezi zituen; nik ez, berriz, hark adierazi arte (Orixe).

Gogoan hartu behar dena hau da: diskurtso markatzailea ez dela agertzen galdegai den sintagmaren eta aditzaren artean. Horrela, lehenbiziko adibideak zuzenak dira, baina ez bigarrena: (i) Aitak amari gona gorria ekarri dio. Ilobak, berriz, osabari txapela ekarri dio / Ilobak osabari, berriz, txapela ekarri dio / Ilobak osabari txapela ekarri dio berriz; (ii) *Aitak amari gona ekarri dio. Ilobak osabari txapela, berriz, ekarri dio.

Bestelako osagai batzuk bai, ager daitezke diskurtso markatzailearen ezkerretara. Galde hitzak, esaterako: Inora ez darama adimentuak, bere ezina adieraztera baizik. Nora, berriz, sentimentuak? (Txillardegi).

Dena den, ohart gaitezen, hor galde hitzaren ondoren agertzen bada ere, ez dela aditzik ageri. Beraz, pentsa genezake aditza agerian balego hauxe genukeela: Nora darama, berriz, sentimentuak? Baina hor ezin da jarri ordea.

Adberbioak ere ager daitezke diskurtso markatzaile honen ezkerrean: Hala eginez, […] oro xuxen gertatzen dira; hala nola berriz, berant jaikitzen denean, oro makur gertatzen ohi baitira (Duhalde).

42.21.3f Aurrean juntagailuren bat edo beste diskurtso markatzaileren bat baizik ez duela ere ager daiteke inoiz: Kontzientzia batzuk dira erne, sentikor, minbera, hertsi: eta berriz bertze batzuk loti, hil, lazo, zabal, eta ez antsia (Axular); Bai horixe! Bestaldetik, berriz, nahiko eskasak ziren lehenago ere gariak-eta […] (Barrensoro).

Baita perpausaren hasiera-hasieran ere: Zein ederki ta laster ikasten duten euskara gaztetxo euskara baino entzuten ez dutenek. Berriz badator Euskal Herrira erdaldun handi edo hazi bat, zein nekez, eta gaizki (Mogel); Arpegia garbitzean […] igarotzen bada eztarritik… ur tanta bat edo beste, ez da baraurra galduko, eta ez eragotziko komunioa. Berriz nornahik daki ahora etorri den txistu mehea, nahiz loditzarra berriz irentsiagatik, komulgatu daitekeela beldur gabe (Mogel).

Horrelakoetan badirudi perpausen arteko kontrastea markatzen dela, mintzagaia gehiegi berezi gabe. Dena den, esan behar da erabilera hau zaharkitua dela eta ez gomendagarriegia.

Gorago esan dugun bezala, emendiozko kutsua ere badu berriz-ek, topiko berria nabarmentzeko erabiltzen baita sarri askotan. Ez da harritzekoa, hortaz, eta juntagailuaren edo emendiozko beste diskurtso markatzaileren baten lagun agertzea maiz. Axularrek, esate baterako, erruz erabiltzen du eta berriz esapidea. Berriz perpaus barruko ohiko lekuetan doala ere erabil daiteke bikote hori: […] berorri gizon ezkongaia eta ni berriz alarguna… Ai nire gizarajoa bizi izan bazen! (Soroa); Liburu gutxi behar da sagardoa polita egiteko; sagar ona. Eta edaten berriz bazekiagu! (Labaien).

42.21.3g Gainera, bestaldetik, bestetik eta horrelako diskurtso markatzaileekin batera ere erabiltzen da inoiz: Bestetik, berriz, industriaren gorakada gertatu zen, eta horrek ere Bizkaian eta Gipuzkoan izan zuen eraginik biziena (Zuazo).Aurkaritzako baina juntagailuarekin batera, berriz, askoz ere gutxiagotan erabiltzen da, esan dugun bezala.

42.21.4. Ostera

42.21.4a Adberbioa dugu ostera ere: Inori ezizena ostera kentzea neketsuagoa da (Jimenez). Adberbioa berriz-en pareko da gehienetan eta alderantziz-en pareko inoiz. Diskurtso markatzailea ere bada, ordea, eta horixe da hemen aztertuko duguna.

Mendebaldeko euskalkietako DMa da ostera, bizkaierazkoa bereziki. Berriz, aldiz eta horrelakoen baliokidea da. Hauek bezala, osagai baten ondoan erabiltzen da maiz, osagai hori aurreko perpauseko beste bati kontrajarriz: Oraindino, hi bizi aiz; ni, ostera, aspaldiz gero hil nindunan (Zaitegi).

Perpaus osoa kontrajarriz ere erabiltzen da inoiz, ohikoena ez bada ere: —Eta min handiak al ditu? —Minik? Esatekorik ez dauka eduki. Oso nekatua dago, ostera; jausia, makal, erkin-itxura gelditu da (Erkiaga).

42.21.4b Esan dugunez, perpaus barnean hartzen du maiz kokagunea ostera-k —berriz-ek, aldiz-ek eta horrelakoek bezala—, mintzagaia izan daitekeen osagai baten ondoan, hain zuzen: Berein edanago ta bizkorrago egoten dira; ni, ostera, edanago eta hilago, logureak erreten (Azkue).

Zati handiago baten ondoan ere joan daiteke. Aditzaren ondoan askotan: Bildots eder bat erosi zion. Zerekin ordaindu, ostera, txikirik ez zeukan-eta? (F. Bilbao).

Hasieran ere erabiltzen da inoiz, gutxitan bada ere: Ikusirik guztiak direla modu batekoak, doa galdubaga zeukan lotsa, eta doa gutxitubaga beldurra. Ostera, bihurtzen bada eurengana galtzen du lehen geratu zaion lotsa eta beldur puska […] (Astarloa).

Aurkaritzako beste zenbait diskurtso markatzaile bezala, harridurazko perpausen amaieran erabiltzen da inoiz ostera, harridurari indarra emateko edo: Markolbek goizean eginiko arto ta ogi guztiak eskuratuta, osinera bota zituen. Hau bakarrik balitz ostera! (F. Bilbao).

Esan dezagun, azkenik, ostera eta osterantzean ez direla nahasi behar. Ikus azkeneko honetaz dioguna diskurtso markatzaile hautakarien atalean (§ 42.20.3).

42.21.5. Aldiz

42.21.5a Diskurtso markatzaile honen jatorrian ere adberbio bat dugula esan daiteke, zalantza handirik gabe. Hemen, ordea, aldiz DMa dugu aztergai, ez aldiz adberbioa. DM bezala ekialdeko euskalkietakoa dugu batik bat, gaur egun euskara idatzian erabat zabaldua bada ere. Kontrakotasuna edo kontrastea adierazten du aldiz-ek ere eta, aurkaritza saileko beste zenbait diskurtso markatzailek bezala, bigarren perpauseko osagairen baten ondo-ondoan kokatzen da maiz, osagai hori aurreko perpauseko beste bati kontrajarriz: Aroztegia, aldiz, bidearen azpiko aldean, errekaren ondoan (Aintziburu eta Etxarren); Denbora hartan ohi nizun nik zugatik dolore, / orain aldiz zure faltaz mutatu naiz ni ere (Etxepare).

Kontrajartzea aski argi dago bi adibide horietan, hala nola zeintzuk diren nabarmenduriko osagaiak: ‘zerbait nonbait dago / aroztegia’ eta ‘denbora hartan / orain’.

Ezkerreko osagai hori perpauseko mintzagaia izaten da askotan, beti ez bada ere, goiko adibide horietan ere ikus daitekeenez. Mintzagaia markatzeko balio du horrelakoetan aldiz-ek, berriz-ek eta honen kideek bezala.

42.21.5b Beraz, esan bezala, perpauseko osagai baten ondoan izaten du askotan kokaleku aldiz DMak. Normalean, bistan da, osagai osoa izaten da diskurtso markatzailearen aurrean doana. Hala ere, osagai hori apurtuz ikusten dugu diskurtso markatzailea adibide batzuetan: Urguilutsua, eta abiriziosoa sekula ez dira pausuan jartzen: espirituz aldiz pobre eta umil direnak, bake handi batetan daude (Maister); Baina debozionea bihotzean, da Jainkua bere begien aitzinean ez duena gaizki egina erakusten duen hitz batek ehinera ofensatzen du. Nitan aldiz fidatzen dena […] gizonen lotsarik batere gabe izanen da (Maister).

Osagai osoaren ondoren joan beharrean —espirituz pobre eta umil direnak aldiz… eta nitan fidatzen dena aldiz…—, osagaia apurtuz ageri da horietan DMa. Estilistika kontua da beharbada. Dena den, ez dirudi honek jokabiderik ohikoena. Badirudi adibideotan aplikatu den erregela bigarren perpauseko lehen hitzaren ondoren jartzekoa izan dela, kontuan hartu gabe hitz hori perpaus osagaia den ala —hemen bezala— perpaus osagai baten azpiosagaia.

Perpausaren zati handiago baten ondoren ere ager daiteke aldiz eta are perpaus baten ondoren ere, aditzaren ondo-ondoan maiz: Usatu zara anitz minzatzen, hitz guztiaz juramentu egiten, usat zaitez bada orain, aldiz, iuramentuen uzten (Axular); Mintzo zara, zu, zure pentsuen arabera; ni mintzo naiz, aldiz, dudan ezin emanezko lekukotasunez seguratuak diren gauzen gainean finkatzen naizelarik (Lapeire); Jainko Aitari ematen zaion adin handiak aldiz gogoratzen digu haren probidentzia eta larderia handia (Xarriton); Handik alde egin genuelarik, aldiz, uste nuen ezinen nuela sekula idatzi, luma eskuan atxikitzerik ez nuela sekula izanen (Montoia).

Aditza isilpean dagoelarik, ez partikularen ondoren ere ageri da: Nafarrak faborito dira, ez aldiz, bizkaitarrak (Berria); Legearen helburua ura babestea eta kudeaketa zaintzea da, ez aldiz, negozio egitea (Berria).

Perpausaren hasiera-hasieran ere ageri da anitzetan: Ez nuen atsedeten Zu gozatuz; aldiz, zure edertasunak nindekarren, eta berehala nire haziak zuregandik ninderaman (Orixe); Aldiz, Pierre, Jean, François, Jacques, Dominique edo ni bezala Paxkal izendatuko balitz… (Landart); Aldiz hogei urteren buruan zubi berria ez zen oraino arras pagatua (Oronoz).

42.21.5c Diskurtso markatzaileetan ohikoa denez, juntagailuen lagun ere joan daiteke aldiz. Eta-rekin batera maiz erabiltzen da, emendioari aurkaritza erantsiz: Gazte nintzanean, hogei urtetan, / Ardura nenbilen neskatilakan; / Eta orain aldiz, ostatuetan, / diru guti poltsan behar orduetan, / nehork ez nau ikusi nahi konpanietan (Etxahun); Eta haiek, aldiz, beren galderak ezin isilduz: zergatik harrotu ote zen itsasoa? (Xarriton); Erraten da bozkarioa sortzen dela hor dagoen onetik, eta tristura, aldiz, hor dagoen gaitzetik (Xarriton); Eta aldiz, Hazparneko etxea erosi eta antolatuz geroz, bertze lanik ez zuen predikatzea eta konfesatzea baizik (J. P. Arbelbide).

Aurkaritzako baina juntagailuarekin batera gutxiagotan ageri da: Erran suma ukanen duzu. Baina aldiz zuk emadazu Aireari manatzea (Goihetxe); Batzuetan kondesatxo horrek eskale alderraia balitz bezala uxatzen zuen, baina bestetan, aldiz estaltze ederrak egiten zituzten autoko jesarlekuetan (P. Lizarralde); Baina orain, aldiz, bertaratu ondoren, sinesgaitza iruditzen zitzaion (Uribarri).

42.21.6. Aitzitik

42.21.6a Formaz adberbio bada ere, diskurtso markatzaile gisa erabiltzen da batez ere aitzitik. Aurkaritza adierazten duten diskurtso markatzaileetakoa dugu hau ere eta, hortaz, berriz, ostera, aldiz eta horrelakoen kidea.

42.21.6b Badu, hala ere, haiek ez bezalako erabilerarik: batzuetan, izan ere, lehenbiziko perpausa ezezka doa eta aitzitik bigarren perpausaren hasieran kokatzen da, honela bi perpausen arteko kontrakotasuna markatuz. Horretan, perpaus hasieran joaten den baizik (eta) juntagailuaren ordain egokia izan daiteke batzuetan. “Ez gaitzazu tentaldira eraman, baizik libra gaitzazu gaitzetik” perpausaren ordez aitzitik duenaz balia gaitezke: Eta ez gaitzazula utzi tentazioan erortzera, aitzitik libra gaitzazu gaitzetik (Beriain). Gainera, sarritan, DM honen ondoren eten bat gertatzen da. Horregatik, zenbaitetan koma ere agertuko da idatzian: Ez gogor egin gaiztoari. Aitzitik, inork eskuineko masailan jotzen bazaitu, bestea ere eskain iezaiozu (Iraizoz); Sendagile irakurriak ez zekien hori guztia, baina ez du ahalketuko gazte amerikarrak bere hutsune kulturalak agerian jarri izanak. Aitzitik, poztu egin da ikastekoak dauzkan emakume kulturadun baten ondoan egoteaz (Saizarbitoria).

Menderatuak diren perpausen artean ere gerta daiteke, nolabaiteko tartekatze modura, kontrakotasun hori. Adibide honetan, esate baterako, bi baldintzazko perpausen artean gertatzen da kontrajartzea: Debozionerik ez baduzu, aitzitik sentitzen baduzu idorra zarela, jar zaitez otoitzetan (Pouvreau).

42.21.6c Batzuetan, lehendabiziko perpausa itxuraz baiezkoa izan arren, berez, ezezkoa balitz bezalaxe da, zeren ‘urrun izan’, ‘gibelatu’ eta horien antzekoak ezezkako predikatuak baititugu. Horietan ere gertatzen da, hortaz, ezezkoaren eta baiezkoaren arteko kontrakotasuna: Urrun da beraz deus egin nahiko dudan haren kontra; aitzitik eginen ditut haren alde egin ahal guziak (Hiribarren).

Nolanahi ere, lehenbiziko perpausa gehienetan ezezka joan ohi den arren, beste batzuetan baiezka doa: Alabaina gizonei barkatzen badizkiezu beren hobenak, zuei ere zuen Aita zerukoak barkaturen dizkizue zuen bekatuak. Aitzitik gizonei ez badiezue barkatzen, zuen Aitak ere zuen bekatuak ez dizkizue barkaturen (Duvoisin); Jantziren batzuk jasotzera etorri da, aldian behin egiten du. Liburuak eta diskoak ere eraman ohi ditu, bereak batzuetan, baina ez zaio inporta, aitzitik (Saizarbitoria).

Aipatzen ari garen kontrakotasun hori nolabait areagotzeko edo, ez-bai partikulak agerian jartzen dira zenbaitetan: Giristinoak ez dira zure etsaiak, aitzitik bai zure zerbitzaririk hoberenak (Joanategi); Horrek ez du noski beraren ospea konponduko, baina Gregorrek, ulertu dugu ja, ez du diskrezioa bilatzen, aitzitik ez dio axola (Markuleta).

42.21.6d Aurkaritza adierazten duten diskurtso markatzaile hauekin, guztiekin gertatu ohi den bezala, perpausaren hasieran joan beharrean, tartekatua ere joan daiteke inoiz aitzitik, nolabait ezkerretara jartzen den osagaiari hanpadura edo emanaz. Erabilera horretan aldiz, berriz, ostera eta horrelakoen pareko da. Ezkerretan daramana osagai soila izan daiteke —mintzagaia, zenbaitetan—: Zaldizkoek esaten zien oinezkoei, haiek baino hobeto borrokatu zirela etsaiarekin; eta oinezkoek aitzitik beste hainbeste zaldizkoei (Beobide); Harrirengan, aitzitik, idazlearen ospea konpartitzeko desira sumatzen du (Saizarbitoria).

Baina perpausaren zati handiagoa ere izan daiteke: Ez dugu beraz zeren eman gure bihotza mundu iragankor honi: egon behar du aitzitik, zerura altxatua; han ediren behar du oraindanik bere egiazko egoitza (Larregi); Neska gazte batekin zegoen eta Juliani ez zitzaion axola izan, aitzitik, poztu egin zen gizon gazteak aipaturiko harremana berreskuratu zuelako (Saizarbitoria).

42.21.6e Aitzitik eta baina, biak, esanahiaren aldetik berdintsuak dira. Hala ere, zenbaitetan biak batera aurkituko ditugu, aurkaritza nolabait indartzeko edo: Egin iezaguk grazia hau, ez duan permetitu nahi gauza hauek sekulan ahantz dakizkigun: baina aitzitik gure bihotzetan inprimatuak ditugularik, abanza gaitezen […] (Leizarraga).

Eta-rekin ere ager daiteke aitzitik. Eta-k lotura adieraziko luke eta aitzitik-ek, bere aldetik, bi perpausen arteko aurkaritza: Anitzetan badirudi karitatez ari garela, eta aitzitik sensuen oldez ari gara (Pouvreau); Kapitalaren atomizazioa dela medio, kapitalaren jabeek indarra galdu dute, eta aitzitik enpresaren goimailako zuzendarien indarra areagotu egin da (Heras).

42.21.7. Bizkitartean, bitartean, bien bitartean, artean

42.21.7a Bizkitartean aurkaritzako diskurtso markatzailea da, ekialdeko euskalkietan erabiltzen dena. Adberbio esapidea da berez. (Jatorriari dagokionez, ikus Mitxelena 1977b: 534). Zenbait kasutan ez da erraza izaten bizkitartean adberbio hutsa den ala DM den erabakitzen, bi erabileren arteko muga ez baitago batere argi horrelakoetan: […] zeren gauza batzuk sori dira, zeinak bizkitartean ez baitira ohorezkoak (Pouvreau).

Beste zenbait kasutan, berriz, nahiko argi antzeman daiteke DM gisa erabilia dela, alabaina eta horrelakoen pare: Iduri zuen bortxazkoa; bizkitartean borondatezkoa gertatu zen (Larregi); Erran dut hezerik hobe dela trefla; bizkitartean belar eskasa denean, hartarik begiratuko da (Duvoisin).

Bi adibide horietan ikus daitekeenez, bigarren perpausaren hasieran agertzen da maiz bizkitartean DMa. Hona adibide gehiago: Ez da zeren deus handirik erran halakoei. Bizkitartean badira egia entzun dutenak leize itsuenen erdian (Hiribarren); Apartamendua giltzatu eta eskaileretan punpatu nintzen, bizkitartean, Jelineken nobelari idortzeko denbora zilegitzen niola kalkulatuz (Borda).

Inoiz, ordea, perpausaren barnean tartekatua ere ager daiteke, zati luze edo laburrago baten ondoren: Honen araberalat haatik, badauzka barnean hiru egotegi luze, erdikoa gorenik, zabalenik ere ba, Baionakoarena baino zabalago. Jakintsuek kausitzen diote bizkitartean akats bat: aitzinaldea, bere ezkiladorre lau hegiekila apalskoekin bazterretan, eta, erdian, sarguiako bere aterbeinoarekin, hau harrizko zango batzuen gainean xut, anitzez berantago egina izan omen du aitzinalde hura, dena ere ez garaitikoari eman zen molde beretan (J. Etxepare).

Zenbait juntagailurekin batera ere ager daiteke bizkitartean DMa. Eta-rekin batera maizenik eta inoiz baina-rekin ere: Ezin sinetsizkoa da, eta bizkitartean egia (Hiriart-Urruti); Gurekin gure haur guztiek gloriako tronuetan adora zaitzatela beti sekulako mendeetan. Baina, otoi, bizkitartean egiguzu zure grazia (Gazteluzar). Esan bezala, hala ere, ez da erraz atzematen hemen noiz amaitzen den adberbiotasuna (denbora adberbioa litzateke) eta noiz hasten den diskurtso mailako marka.

42.21.7b Bitartean dugu sail honetako bigarren diskurtso markatzailea. Itxuraz, morfologiaz, bizkitartean-en pareko dugu. Hala ere, are ilunago gertatzen da, harenaren aldean, honen DMtasuna. Bitartean-en balio nagusia, izan ere, adberbio gisakoa dugu. Eta balio horrekin erlatibozko egituretan agertuko zaigu sarritan. Zalantzak zalantza, ordea, badirudi batzuetan behintzat aurkaritza diskurtso markatzaile gisa ere erabiltzen dela: Asko egoten dira […] herriko gizonik sendoenak noiz itoko ote zaizkien beldurrez eta ikaraz; eta eurak, bitartean, adiskideei edo ezezagun batzuei laguntasuna ematen dabiltzan umantkorrak […] agertzen dira olatu guztiei euskaldun ausarditsuen aurpegia emanaz (Agirre).

Beste DMen antzera, baina juntagailuarekin eta berriz diskurtso markatzailearekin batera erabiltzen da inoiz bitartean: Zorion horrentzat egitzue bestak, baina bitartean, baterarik biak, nahi nuke ukan hartua zure bakezko musua (Goihetxe); Irenek isiltzeko agindu dio, baina bitartean isiltasuna berriz etorri da etxera (Jon Muñoz).

42.21.7c Aurreko bi diskurtso markatzaileez esan denak balio du bien bitartean, (t)arte horretan, eta artean DMentzat ere. Areagotuta, ordea. Izan ere, inon egia bada hauek guztiak berez adberbio direla, hemen da: […] egiñak egin eta / etxera bakean, / ondo bildu behar dugu / aurtengo urtean, / eta denbora badihoa / bien bitartean (Uztapide); Emakumeak bakarrik sartu zitezkeen hildegian. Gizonik ez zen ikusten eguerdiko hamabiak arte. Eta bitarte horretan hildegi-barrena zurizkoz betea (Anabitarte); Kaleetan ere ikusten dira palmerak tarteka. Etxeak, behea ta bizitza bakarra, nahiko itsusiak. Artean, kanpotarrentzat zer-ikusia badaukate (Anabitarte); Bukatzen zuenean, tresna guztiak arras ongi xukatu, oso garbi utzi, eta kontuz-kontuz gordetzen zituen, labainaz betetako kutxattoa besteen ondoan ipinirik. Artean Patxi aurrean egoten zen aitaren zereginak zaintzen (Oskillaso).

Literaturan hain usu ageri ez diren arren, euskalkietan aurkitzen ahal dira arte horretan eta tarte horretan diskurtso markatzaileak ere: Baina Afrikaraino ere hedatu du bere misionesgoa, hiru urtez, Burundi herrian. Arte horretan Baionako hiru apezpikuk beretzat begiztatu dute, bere sekretariotzat harturik lehenak eta eliz-barruko bikario orokor beste biek (Larre); Arte horretan itzuli zaie Joanes semea, Herriko Etxerat joana baitzen mobilizazioari buruzko argibide eske (M. Peruarena); Etxearen aldamenean errementeria eta arotzeria atondu zituen. Tarte horretan Basokoen herria ezagutzeko aukera eduki nuen (Zuazo).

42.21.8. Alta, alabaina, alabadere

42.21.8a Alta, alabaina, eta alabadere aurkaritza adierazteko erabiltzen diren diskurtso markatzaileak ditugu, eta elkarren artean duten kidetasunagatik sartu ditugu multzo berean: aurkaritza balioaz beste, balio esplikatiboa ere badute hirurek eta batez ere ekialdeko euskalkietan erabiltzen dira, alabaina mendebaldean ere ezaguna den arren.

Alta ekialdeko euskalkietan erabiltzen da, esan bezala, eta XIX. mendearen erditsutik honako testuetan ageri da. Balio bikoitza erakusten du. Gehienetan aurkaritza adierazten du inolako zalantzarik gabe: Joan zen beraz… eta ez zuten hil. Alta egia ederrik entzun zuten (Narbaitz); Eta horra Beloken berean ikusten nuela; zer ari ote? pilota-plazaren erdian, galtza beltz eta atorra xuriekin, pirripitaz nola ibil ikusten iduri. Alta! Bazukeen orduan Aitzol-ek pirripitan ibiltzeaz bertze kezkarik… (Iratzeder); Argiago ikusi nuen hori eleberriak eta Diary idatzi ahala, eta are eta bistakoagoa egin zitzaidan irakasten hasi nintzenean. Alta, emakumeen eta gizonen sexuarekiko jarreraren arteko aldea nabaria izan arren, oraindik ere ez genekien horri buruz nola idatzi (Arrula).

Harridura perpausetan ere erabiltzen da maiz alta. Horrelakoetan enfasi edo indar berezia ematen dio perpausari: Txantxetan ari zara beti, alta ez da momentua! (Mestrot).

42.21.8b Aipatzekoa da, azkenik, bada-ren laguntza izaten duela sarritan, baita aurkaritza adierazten duenean ere, alta bada —edo alta… bada— forma hartzen duela: Denei ohore zitzaien josteta hortan baltsatzea. Alta bada bertso-alde luzeak bazituen gogoz ikasteko antzerkilari bakoitzak (Lafitte); Egia erran, lehen aldikoz entzuten nuen afera hartaz mintzatzen, alta bada, eztabaidak eta auziak zortzi urte lehenago hasiak omen ziren (Landart).

Bigarren perpausaren hasiera-hasieran hartzen du toki gehienetan alta-k, aurreko adibideetan ikus daitekeen bezala. Ez du debekurik, hala ere, inoiz edo behin perpausaren barruan tartekatzeko, zati luze edo laburrago baten ondoren: Bertze solasik nuen alta egungotzat gogoan (Hiriart-Urruti).

Aurkaritza diskurtso markatzaile gehienak ez bezala, badirudi alta ez dela juntagailuekin batera erabiltzen. Aski bakanak dira lekukotasunak: Eta alta, alabak berak erraten nau, hark hola egoten da, hartu liburu bat eta beharbada gau osoa pasatuko du hark hura irakurtu arte (Oxandabaratz).

Zenbaitetan, aise gutxiagotan hala ere, bigarren perpausak aurrekoari nolabaiteko azalpena ematen diola adierazteko balio du: Beraz, ez naiz gure arrazan ni lehena bertsotarako gogoa izan dudana. Aita zena ere, alta, kantari gaitza genuen (Xalbador). Horrelakoetan, izan ere, bada edo horrelakoen kide dela esango genuke.

42.21.8c Alabaina diskurtso markatzaileak balio bikoitza du, baina ez guztiz berdin euskararen eremu osoan. Aurkaritza DM gisa Iparraldeko testu zaharragoetan ageri da batez ere; balio esplikatiboan, berriz, geroago ageri da Hegoaldeko testuetan eta Iparraldeko batzuetan. Holakoetan aurkaritza adierazten du: O zein labur, zein gezurrezko, zein desordenatu eta itsusi diren plazer guziak! Alabaina gizonek haietaz horditurik eta itsuturik, ez dute hori ezagutzen (Pouvreau. Aurkaritza balioan); Ereile gaiztoetan dago azaro txarra, eta gero uzta soila eta hutsa. Alabaina gutxik daki bere jaioterriko Euskararen erdia […] (Larramendi. Balio esplikatiboan).

Batzuetan biziki zaila da, zernahi gisaz, aurkaritzako balioa eta balio esplikatiboa dutenen artean zuzen bereiztea: Oinazea nagusi nuen kopeta guztian, betazaletan eta sudurrean. Orobat ezker belaunean, ezker eskuan eta ezker besoan. Oinazea ez zen makurrena, alabaina (Epaltza); Nork erranen zuen bizitzak horrelako ezustea eskainiko zidala? Etsaia etsaia zen alabaina eta gure kulturan zurubirik ez zen zilegitzen (Borda).

Inguruak adierazten du zein den markatzailearen balioa. Aurkaritza balioa duenean, bizkitartean eta horrelakoen parekoa da: Askotan arratsa erdiesten da goizeko otoitza egin gabe. Eta alabainan otoitza da zeruko laguntzen eta grazien erdiesteko bidea (Duhalde); Ez dakit emaztearen berririk eta alabaina ez naiz birjina (Axular).

42.21.8d Perpausaren hasieran kokatzen da maizenik alabaina adbertsatiboa, adibide horietan ikusten den gisan. Dena den, ez dira gutxi diskurtso markatzailea perpausaren barruan daramaten perpausak, hala ere-ren inguru bertsuetan: Nire otoitzek lagun egingo dizute. Hauxe da nire burubidea. Badituzu, alabaina, Euskal Herrian ni baino bereter jakintsuagoak, ugari (Azkue).

Ez dirudi, azkenik, oso maiz erabiltzen denik diskurtso markatzaile hau juntagailuekin batera. Dena den, eta-rekin erabiltzen da inoiz: Inoiz ez nuen neure ama ezagutu, eta alabaina bararenganako nire maitasunak jarraitu egin zion betikotasunean (Martínez de la Cuadra).

42.21.8e Aurrekoak baino askozaz maiztasun urriagokoa da alabadere diskurtso markatzailea. Aurkaritza balioan, alabaina, bizkitartean eta horrelakoen parekoa da: Biblia ez da mintzo emazteen adinaz, salbu Sara, Judith ta Anarenetzaz; baina Evarenaz hitzik ez du aipatzen, alabadere dakigu guziak erausturik daudela, gu ere halakaturen garela (Egiategi).

Balio esplikatiboan ere erabil daiteke DM hau, izan ere-ren pareko: Heldu da ordua, eta orain da, non egiazko adoratzaileek izpirituz eta zintasunean baitute adoraturen Aita; alabadere Aitak holako adoratzaileak ditu galdatzen (Duvoisin).

42.21.9. Dena dela, dena den

Diskurtso markatzaile hau birformulatzaile urruntzaileen atalean aztertzen da (§ 43.10.1).

42.21.10. Hala ere, hala eta guztiz ere

Diskurtso markatzaile hau birformulatzaile urruntzaileen atalean aztertzen da (§ 43.10.5-6).

42.21.11. Haatik/hargatik, horratik/horregatik

42.21.11a Forma eta balioa (hargatik, horregatik). Aurkaritza adierazteko erabil daitezkeen diskurtso markatzaileak ditugu hauek: jakina denez, hargatik-ek eta horregatik-ek kasu motibatiboari dagozkion balio arruntak dituzte berez eta horrela erabiltzen dira gainera sarri askotan.

Balio kausala ere badute anitzetan: Sasoiak eta osasunak ez dute zentzurik behar, eta hargatik ez daukate zentzurik (Segurola); Nire karrera unibertsitarioaren amaierak —aste batzuk behar izan nituen benetan jabetzeko— neska ikasleekiko kontakturik batere gabe utzi ninduen eta zer egin? Izena eman behar al nuen hargatik Meetic-en, nire aurretik beste hainbestek egin bezala? (Markuleta); Horregatik bakarrik nahi luke idatz dezala (Saizarbitoria).

Kausa adierazten duten erakusle direnean, bigarren perpauseko aditz sintagmaren osagai izan daitezke, baita are perpausaren galdegai ere, eta bada, beraz, beragatik eta horrelakoen laguntza har dezakete: Hemen laborariak ez daki arbola tratatzen. Hargatik erranen dizut zer egiten den bertze tokietan (Duvoisin); Egiten den falta, txiki bat ezta? Bai; eta horregatik beragatik, hori egin gabe hain erraz […] (Kardaberaz).

42.21.11b Aurkaritza DM ere izan daitezke, ordea: Bidasoa bazenetz ere ez naiz oroitu: ez gara beti Euskal Herri barnean? Hargatik, mugaz honaindiratu bezain laster gozatu zaidala […] (J. Etxepare); Aita galdu genuen arte […] artzantza izan zen ene lan nagusia, handik goiti, hargatik, denetarik zerbait egin behartu zitzaidan (Xalbador); Maianak ez zuen nitaz jeloskor izateko arrazoirik alabaina. Hotz nerraikan. Hargatik beratzen zitzaidan bihotza (Borda); Behatzak kiskaltzeko beldurrik gabe, amuarraietariko bat harrapatu zuen eta ahora eraman. Ez zen hargatik isildu (Epaltza).

Diskurtso markatzaile direnean ez daude perpausean txertatuak. Baina eta ordea-ren laguntza hartzen dute sarritan, baita ere partikularena ere aurkaritza esanahia sendotzeko edo: […] falta duenak ere uka ahal dezake, eta eman ez duela faltarik, baina hargatik, barren hartan, betiere konzientzia bere egian egonen da (Axular); Bada ordea su batetan, guztiak berdin eta elkarrekin egonen dira. Ordea hargatik bekatu gehiago duenak, pena gehiago izanen du (Axular).

42.21.11c Ezezko perpaus zenbaitetan, egia da, zalantzak sortzen dira maiz esanahiari dagokionez, batera zein bestera uler baitaitezke: Gizonak ezbadituzu zure alde, ez trista hargatik; baina duzun damu zeren ez zabiltzan ongi eta begiratuki aski (Pouvreau); Jesukristo zeruan atsedeten badago ere, ez da horregatik behin ere guzaz ahaztutzen (Ubillos).

Ezezko perpaus horiek dira, beharbada, bi erabilera eta bi adieren arteko zubi edo egin dutenak. Beste zenbaitetan, berriz, ezezko perpausetan egon arren, aurkaritza diskurtso markatzailetzat hartu behar dira, zalantza handirik gabe: Lo egin nahi zuen. Ez hargatik ohean, haren aldamenean (Mirande); Ekanduta dauden begiak, ez dira horregaitino minberatutzen (Mogel).

42.21.11d Diskurtso markatzaile direnean hiztegiko berbatzat hartu behar dira, bai hargatik eta bai horregatik ere, hau da, hiztegian berariazko sarrera zor zaiela. DM gisa ez dira, ordea, berdin erabiltzen euskalki guztietan: hargatik ekialdeko euskalkietan izan daiteke diskurtso markatzaile eta horregatik, berriz, mendebaldekoetan. Azken honen aldaeren artean bizkaierazko horrega(i)ti(n)o aipa daiteke berariaz, besteak baino sarriago erabiltzen baita diskurtso markatzaile gisa.

42.21.11e Forma eta balioa (haatik eta horratik). Haatik eta horratik, erakuslearen motibatibotik erakarritako DMak dira. Aurrekoak baino berriagoak dira, baina, haiek ez bezala, hauek diskurtso markatzaile dira beti. Erabilera hori zehazteko eratorriak direla esan liteke beharbada.

Ekialdeko euskalkietan erabiltzen den DMa da haatik, ez oso aspaldikoa (XIX. mendearen hasierakoa): lekukorik zaharrenetan ez da ageri eta hiztegigileek ere ez dute oraintsu arte aintzat hartu, hargatik-en aldaera hutsa zelakoan edo. Orain, ordea, bai hiztegietan lekua aitortzen zaio eta baita mendebaldean toki egiten ere, erabilera jasoan batez ere. Beti, hori bai, DM gisa eta inoiz ez erakusle soil gisa: Bazekien botila barne hartan zela eta haatik ez zuen edireiten (Constantin); Bikario igorri zuten Uztaritzerat. Ez zuen haatik hezur zaharrik han egin behar (Zerbitzari).

Bide bertsua egin du mendebaldeko horratik DMak ere: horregatik formatik eratorria, honen diskurtso markatzaile erabilera ordezka dezake, are zehatzago. Aski berria da horratik ere eta zalantzak izan dituzte hiztegigileek eta idazleek bere eskuko hitz gisa aintzat hartzeko. D. Agirrek, esate baterako, honela zuzendu zuen Garoaren ondoko testua, lehen ediziotik bigarrenera: Au ezta orregatik oitura ona —esan zuan Josepak. Eta bigarrenean: Au ezta orratik oitura ona —esan zuan Josepak. Badirudi, hortaz, bigarren edizioan aintzat hartu duela Agirrek horratik hitza.

Aurkaritza DM gisa erabiltzen da beti horratik, eta inoiz ez erakusle soil gisa: Lastoa badugu ugari; galburuak, horratio, arintxoegi (Barrensoro). Horregatik-ek bezala, ere partikula eraman dezake ondotik, aurkaritza balioa sendotzeko edo: Aren amorroa eta narda! Azkenean, horratik ere, seme bat, Fortunato izenekoa, sortu zitzaien (Etxaniz).

42.21.11f Hartzen duten tokiari dagokionez, DM hauek ez dute berezitasun aipagarririk erakusten. Bigarren perpausaren hasieran bezala barruan ere joan daitezke. Azkenean, ordea, nekezago. Hona hemen adibide batzuk: Jainkoa leku guztietan, eta nonahi dago, horregatik ere Zeruetan zaudena esaten diogu (Ubillos); Festa hau bera zen, orduan ere! Haatik egungo egunak ordukoak ez bezalako begitarte du […] (Larzabal); Albiste gutxi izaten zuten Zabaletakoek. Horratik ere, noiz edo noiz etorri ohi zen eskutitz bate do beste (Agirre); Ni lotsarik gabe Zu ofenditzen: eta Zu horregatik ere, on gehiago niri egiten! (Kardaberaz); Ez dakit noiztik, baina aldi hartan Urepeleko ostatuetan izaten ziren, bi trago eginez gero, bertsotan hasten zirenak karraskan. Ez dut nehor izendatuko, hainbertze baitzen entseatzen zenik. Gero ahatik denak isildu ziren (Xalbador); Guti balio luke hargatik urreak, ez balu bertuterik dirudun jendeak (Hiribarren).

Baita zuzen-zuzenean juntagailu baten ondoan ere: Tarragonako giristinoek bazekiten arras ongi martir sainduak zeruan zirela, eta hargatik triste ziren (Joanategi); Ez dago argirik, guztia da iluna; eta horregatik, ez dut aditzen zelan, baina ikusten dira, pena, eta tormentua ematen duten gauza guztiak (J. J. Mogel). Gaur egungo idazleen artean holako erabilerak ia beti kausazko balioa du (edo azalpen balioa), ez aurkaritzakoa.

Hala ere-rekin gertatzen den bezala, perpaus kontzesiboen ondoan ere erabiltzen dira inoiz diskurtso markatzaile hauek, aurkaritza indarra areagotzeko edo: Edan ez badu ere, jatez horregatik bapo egina da (B. Mokoroa).

Aipatzekoa da, gorago ere adierazi duguna: ere partikularen laguntza hartzen dutela sarritan diskurtso markatzaile hauek, aurkaritza indarra sendotzeko.

Esan dezagun, azkenik, hauek ere erabiltzen direla inoiz harridura perpausetan —azken buruan maiz—, hauei enfasi berezia emanaz: Hori handia zait hargatik! (Duvoisin); Bakarrik: zer den haatik bizia! (Larzabal).

42.21.12. Barren

Leku batzuetan erabiltzen den aurkaritza DMtzat har daiteke hau ere. Ba(da) arren esapidearen laburdura izan liteke. Bigarren perpausaren azken muturrean kokatzen da beti, ez perpaus horretako ezein osagairen ondoan: -Isil zaitez, mesedez! Esan dizut barren! (P. Mujika); Baina, norekin diarduk? Atzo etxetik kanpora ibilli ninduan barren (San Martin). Holako perpausetan agertzen da, hortaz, barren hau: aldez aurretik adierazitako zerbaiti erantzunez edo egiten direnetan; hauen azken buruan, hain zuzen. Perpausaren azken muturrean joan ohi den baina juntagailuaren ordezkoa dela dirudi: -Isil zaitez, mesedez! -Isilik nago, baina!

42.21.13. Badarik ere

XVI. eta XVII. mendeetan hedadura izan zuen diskurtso markatzaile honek ere esanahi bat baino gehiago dauka. Batzuetan kontzesio kutsuarekin ageri da euskara idatzian, Pouvreauren adibide honetan ikusten den gisan: Eta iduri dizu zure gaitzak ez direla xipienak, begirazazu horrela gerta ez dakizun zure pazientzia gabez. Badarik ere direla xipiak, direla handiak, zuk egizu zure ahala guzien jasaiteaz pazientziarekin (Pouvreau). Ñabardura horiek direla eta, aurkaritzakotzat hartu beharko genuke sarri askotan. Ondoko adibide hauetan, esate baterako, juntagailu aurkaritzakoa litzateke: Eta beheititurik ikus zitzan oihalak aldaratuak: badarik ere ez zedin sar (Leizarraga); Baina orain anitz dira menbroak, badarik-ere gorputz bat (Leizarraga); Eta gogo gaiztorik ez dugularik, badarik ere gaiztoak anitz gaizki pentsatzen du, eta beti hitz gaizto haietaz isilik baliatzen da norbaiten bihotzaren iragaiteko (Pouvreau).

Gaurko idazleek bada ere-ren baliokide gisa erabiltzen dute maizago, eta ez aurkaritza zentzuarekin: Enparan diputatuak badaki gustura botako lituzkeela pare bat tiro, kapela zikinen bat aireratzeko badarik ere (Aranbarri); Kuadroa ikusi nahi luke. Beste behin badarik ere, ez dio besterik eskatzen bizitzari (Lertxundi); Ikusten zintuen, ordea, urrutitik badarik ere (Aranbarri).

42.21.14. Aurkaritza adierazten duten esapideak

Aurretik aipatu direnez beste, lokuzio edo esapide mordoa dago aurkaritza adierazteko erabil daitekeena: zernahi gisaz, nolanahi ere, edozelan bere, edozein modutan ere, edozein moduz, guztiarekin ere… Horiek ere diskurtso markatzaileen pareko dira, alde batetik. Berez perpaus osoari —eta ez aditzari soilik— dagozkion adberbio esapideak badira ere, ezin da ukatu kate mintzatuan edo idatzian perpausen arteko lotura adierazteko ere erabiltzen direla, diskurtso markatzaileen pare. Horietako batzuk (nolanahi ere, nolanahi den…) birformulatzaileen atalean aztertzen dira (§ 43.10).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper