Euskararen Gramatika

42.20.4. Gainerantzean


42.20.4. Gainerantzean

42.20.4a Aditzondoa da hau ere, formari dagokionez —gain izenak kasu marka bat baino gehiago hartuz sortua, hain zuzen ere—, baina diskurtso markatzaile gisa erabiltzen dena, osterantzean-en pare-pareko. Gainerontzean aldaera ere badu, gutxiago erabilia egun. Honen, eta orobat bestela diskurtso markatzailearen bi balioak bere ditu DM honek ere: baldintzari dagokiona eta murriztailea. Ondoko adibideetan ikus daiteke hori: Obligazio askoren mende / bizi gara gurasoak, / prezisamente guk hazi behar / haur inozente gaixoak, / erakutsiaz nola diren / Jesukristoren pausoak, / gainerontzean guretzat datoz / kastigu izugarrizkoak (P. Errota); Lagun bezala ona bazen, etsai bezela beldur izatekoa zenuten; gainerontzean, mesede egiteko eta laguntzeko beti prest zegoen (Etxaniz); Ez, ez daukat kexatzerik, gainerantzean aski ona atera zait orain arte (P. Lizarralde); Gainerantzean, egunak ez zuen deus interesgarririk ekarri (Jon Muñoz).

42.20.4b Itxura bertsukoak diren gainerakoan, gaineratikoan eta gainerakotz diskurtso markatzaileek, berriz, balio murriztailea baizik ez dute erakusten: Zeren premiazko atseginak, erran nahi da, ezkontza sainduaren xedera eta intentzionera behatzen dutenak segitu behar direlarik, badarik bihotza eta gogoa ez dira inoiz ere haietan amarratu behar. Gainerakoan, nornahik bertute onen behar handia du (Pouvreau); On da aitari dagokion bihotz baten egitekoa, […] Gainerakoan, ene irakurle maitea, egia da eskiribatzen dudala bizitze debotaz, debot ez naizelarik (Pouvreau); Orduan denok pentsatu genuen lapurrek, gainerakoan hain isilik zegoen etxe hartan pauso hotsak entzutean, alde egingo zutela (J. Zabaleta); Gainerakoan, esan bezala, jatorra zen (J. A. Arrieta); Gaineratikoan, nahasixea izanagatik ere jabalduran naiz, ez dut sofrikariorik batere pairatzen, ez baita guti (J. A. Irigarai).

42.20.4c Kokalekuari dagokionez, hasieran kokatzeko joera nabarmentzen da garbi, noraezekoa ez bada ere. Ikus, esaterako, honako hau: Ez zait hau, gainerantzean, lehenengo aldiz gertatu (Txillardegi); Zalantzarik gabe, Biblia herri-hizkuntzetara itzultzeak eta jende xeheko belaunaldiek, gainerantzean ezer gutxi irakurtzen zutenek, etengabe irakurtzeak kultur onura handia ekarri zuen (I. Mendiguren).

42.20.4d Juntagailuekin ere erabiltzen da, kideko markatzaileak balira bezala edo: Aurreneko uneetako ikas-lanetan Elduaingo parrokiak zerbait lagundu izan behar zion; baina, gainerontzean, berak bazuen zerekin zuritu Seminarioko paga-beharra (Orixe); Haurrak elkarrekin euskaraz mintzo hauteman orduko, gaztigatzen gintuen; baina gainerakoan ez zen batere jaun erretorea baino garratzagoa (Xalbador); Infernuan daudenek ere minagatik, iragaiten dituzten presagatik, dute sentimentu, damu eta urriki. Baina bertze gainerakoan, itsutuak, ostinatuak, eta bere faltarik behar bezala ezagutzen ez dutela, […] daude (Axular).

42.20.4e Ere diskurtso markatzailearen arrimuan ere ez da falta: Baina betiere aldi bakoitzean azken aldikotzat errezibitzen banitu bezala, gainerakoan ere ahal dagidan ongi guzia eginez, […] heriotze on baten egiteko grazia Jainkoari eskatzea (Duhalde).

42.20.4f Kontura gaitezen hemen ezin ditugula nahasi gainera eta orain ikusten ari garen gainerantzean diskurtso markatzaileak, lehenbizikoa emendiozkoa baita (beraz, zerbait gaineratzen duena) eta bigarrena hautakaria. Adibide hauetan ikus daiteke ongi aski hau: Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainera, lurrikarak izaten dira. Hor Los Angeles hiriari buruzko kualitate bat aipatu dugu lehenik (zaratatsua izatea) eta beste bat gaineratu diogu gero (lurrikara tokia izatea). Kualitate horiek bata bestearen kontra jartzen ez ditugun neurrian, beti erabil dezakegu gainera: Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainera, txikia; Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainera, zikina; Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainera, garbia.

Zeini zer kualitate erants dakiokeen, perpausean adierazten dugunaren inguruko presuposizioek esanen digute: jo dezagun, esate baterako, pelikula bat egin behar dela eta hiri baten bila gabiltzala horretako. Hiri hori nolakoa nahi dugun, zaratatsua eta txikia, zaratatsua eta zikina, zaratatsua eta garbia, denak zuzen leudeke goiko esaldi bakoitzean. Hala ere, nekez aurkituko dugu inor leku zaratatsuak maite dituena. Hortaz, ondoko perpausa ez litzateke zuzena izanen, hor aipatzen diren bi kualitateak, hain zuzen, elkarren kontrakoak baititugu: ?*Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainera, oso atsegina.

42.20.4g Balio murriztailea duen gainerantzean diskurtso markatzaile hautakariarekin, ordea, ez da halakorik gertatzen: Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainerantzean, oso atsegina. Hor ez dago inolako arazorik: lehenik kualitatea aipatzen dugu eta gero markatzaile batez baliatzen gara ‘kontu hori alde batera utzita’ edo halako zerbait adierazteko. Beraz, ez ditugu bi baieztapen horiek bata bestearen gainean jartzen hor: lehena ahazten baldin badugu bakarrik eta ahazten dugun neurrian bakarrik, hau da, haren kontra jartzen garen neurrian, da egia bigarrena. Hori dela-eta bietako bat aukeratu behar dugu nahitaez.

Ikus dezagun, azkenik, nola hurrengo adibideak ez duen inolako zentzurik: ?*Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainerantzean, lurrikarak izaten dira. Hiri bat “zaratatsua” izatea ala ez “atsegintasunarekin” erlazionaturik egon liteke, eta horrexegatik diogu gure gustukoa izan daitekeela nahiz zaratatsua den. Aldiz, zaratatsua izatea, eta, gainera, lurrikarak aurkitzea ez dago, gure munduan, bata bestearen kontra jartzerik. Horra hor zergatik ezin den gainerantzean jarri: diskurtso markatzaile honek halako aukera zerbait eskatzen du, hautaketa baten egin beharra alegia.

Laburtuz, hortaz, hona hemen paradigma osoa: Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainera, lurrikarak izaten dira; ?*Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainerantzean, lurrikarak izaten dira; ?*Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainera, oso atsegina; Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainerantzean, oso atsegina.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper