42.20.3a Diskurtso markatzaile honen formak ez du, bistan da, inolako zalantzarik eskaintzen: oste izena dago oinarrian, -rantz eta -(e)an kasu marken bidez osatua (ber gauza ‘osterontzean’ formarekin ere). Diskurtso markatzaile bilakaturik, bestela-ren kidekoa dugu, bizkaieraz maizago erabilia: Eskerrak oiloak ematen zion arrautza hari! Osterantzean ez dakit nik bere ortuko porru-berakatzekin bizirik urteterik ote zuenik (F. Bilbao); Agudo ibili behar dugu, osterantzean, haurra ere galdu eginen da (Aresti); Borrokan egiteko, osterantzean, ondorio latzak etorriko zitzaizkidala (P. Rekalde).
Kokalekuari dagokionez, hasieran joateko joera erakusten dute normalean adibideek.
42.20.3b Ondoko adibideetan ikusten den bezala, baina juntagailuaren ondoan ageri da batzuetan eta berriz diskurtso markatzailearen laguntasuna duela ere bai besteetan: […] eskolarako baino gogo handiago izango zuela Nikanorrek nahiz edonork, hantxe mendi bazterrean ibiltzeko eta egoteko. Etxera… bai, jaten eta lo-egiten. Baina osterantzean, hantxe ederto: gauzak hartu, gauzak utzi; eskuetan erabili, sakelan sartu; gero, atera (Erkiaga); Itsas- aldean, bada portu-izkinetan, osterantzean berriz, estazioetan; pixka bat geldi badaude, laster pasaietan; horrela bizi dira egun guztietan (K. Enbeita).