Euskararen Gramatika

42.20.2. Bestela, Bertzenaz


42.20.2. Bestela, Bertzenaz

42.20.2a Formaz eta sortzez, adberbio ditugu bi DM hauek. Ikusten ahal denez, beste eta -la modu atzizkiaz osaturikoa da bestela (bestelan, bertzela) eta bertze-ren forma gehi -n eta kasu instrumentalaren marka, bertzenaz (bestenaz).

Formaz ez ezik, balioaz ere adberbioa izan daiteke bestela eta, horrelakoetan, perpausaren barruan zuzenean aditzari lotua doa. ‘Beste modu batera’ esan nahi du, hain zuzen, ondoko adibide hauetan ikus daitekeenez: Bestela ezin badut, oinez joango naiz; Ariketa hori bestela egin behar duzu.

42.20.2b Beste batzuetan, ordea, esapide-DM bilakatzen zaigu, beste hainbat adberbiorekin gertatzen den gisan. Eta, orduan, inguratzen duten perpauseko aditz sintagmatik eta gainerako elementuetatik aparte doa, eta normalean horietarik eten batek —idatzia denean, komak— bereizten du.

Bertzenaz, berriz, diskurtso markatzaile lexikalizatu bezala bakarrik erabiltzen da lapurteraz, ez da adberbio beregaina, hau da, bestela hitzak dituen bi esanahietatik batekin bakarrik (DM gisa) parekatzen da.

42.20.2c Diskurtso markatzaile diren aldetik, bi egiteko bete ditzakete hitzok. Gehienetan, aurreko perpausaren aditzari dagokion balizko esanahia dute, betiere halako baldintza bat edo dagoela ezkutuan seinalatuz. Honela: Eguzkia bada, hondartzara joango gara. Bestela, etxean geldituko gara; Haurrek hamarretako joan behar dute ohera. Bestela, oso nekaturik jaikitzen din biharamunean.

Adibide horietan ikusten denez, bestela DMa perpaus oso baten laburduratzat har genezake: “bestela gertatuko balitz”, “eguzkirik ez bada”, “hamarrak ondoren joaten badira”, etab. Beste modu batera esanda: “aurreko perpausak esaten duena betetzen ez bada” esapidearen laburdura litzateke, alegia. Euskal literaturan oso arrunta da erabilera hau eta idazleen artean behin eta berriz aurkitzen da: Irten zaitez bada errota horretatik. Bestela, zagi, eta irin usuraz kargaturik hondatuko zara su eta garren leize izugarrian (Agirre Asteasukoa); Zorionez, ez nauk jaiotzez gorra, bestela mutua izango nindukek gainera! (Jon Muñoz); Eskerrak ez naizen horren marmartia, bestela garraztu egingo bainintzateke erabat, sarri-sarri joango nintzaioke bisita egin eta burua lasaitzera (J. Zabaleta); Bazter zaitez, ihes egizu, ilki bekatutik, bertzenaz, Jainko haserreak harrapaturen zaitu (Duvoisin); Euskaldun etxeko jaunak, euskaldun lur gizenaren jabeak, ohart zaizkiote sator-lan izugarriari! -Edo, bertzenaz, betitik euskaldunik baizen ikusi ez den tokietan (Barbier); -Hik ba, hik eginen duk bide, osagarriak laguntzen bahu segurik… -Hemen bi… -Agian ba… -Ez luke balio, bertzenaz, hola urruntzea! (Larzabal); Etsaiak dituzue oro hemen. Gauden mantso, xahu gara, bertzenaz! (Zerbitzari); Edozein idazlani amaiera emateko orduan, hauxe esaten dut, bestela ez nuke sekula amaituko (Urkiza).

42.20.2d Badu, dena den, bestela markatzaile honek beste esanahi bat ere, baldintzazko perpausaren kutsua guztiz galtzen ez duen arren: “gainerakoan”, “delakoa alde batera utzita”, “hori bazter utziz” eta antzeko esapideen baliokide izango litzateke bigarren esanahi honekin. Beraz, murriztea izango litzateke diskurtso markatzaile honen zeregitea, hurrengo adibideetan ikusten baita: Los Angeles hiri zabala eta hedatua da. Gainera errepideek gain behera gurutzatzen dute. Bestela, ez dago gaizki. (Hor esan nahi da Los Angeles hiriaren zabaltasuna eta bestelako eragozpenak alde batera utzirik, hori guztiori ahazten badugu, ez dagoela batere gaizki gure hiria). Noiznahi hamabost bat egun edo hilabete egingo ditu han elurrak, eta kezka emateko da. Baina, bestela, nik uste baino herri politagoa (Uztapide); Hura ere bat, bere erratekoekin, hau bezala; egungo egunean nehor guti baita haren eta hunen kaskoko gizonik; batek ala bertzeak, ziren tokian, zilo bat ederra utzi baitute, nekez-nekez betetzekoa. Ez ziren, bertzenaz, batere elgar iduriak… (Hiriart-Urruti); Franco hil zelako eta, askatasunaren izenean, dena bihurtu zelako lotsagabe, erasokor eta bortitz. Bestela ez zegoen moderno izaterik (Oñederra).

42.20.2e Diskurtso markatzaile honen kokaguneari dagokionez, adibideetan hala ikusten da, batzuetan hasieran jartzen dugu: Utzi nazan utzi, Madalen. Bestela, bihar goizean ugelduz josia jaikiko naun horrelako igortzearekin (Barrensoro); Isiltzen naiz; bertzenaz nire lagunak samurtuko zaizkit, toki guzia ebasten diedala (Hiriart-Urruti).

42.20.2f Perpausaren barruan ere koka daiteke, bai aditzaren eta bai galdegai ez den beste osagairen baten ondoan: Hobeto esan, aspaldi genbiltzan Nafarroan barrena, mugaz beste alderditik ere Nafarroa baita. Ikus, bestela, nonahi, etxe-aitzinetan nahiz pilota-tokietan (Lizardi); Baliatu zait; barnexko baitziren; Orain, bertzenaz, bizi ez nintzen izanen (J. B. Elizanburu).

42.20.2g Eta, orobat, perpausaren azkenean: -Baina uste al duk, nirekin etorri nahiko duela? -Usteko ez diat ba? -Asko aldatu beharko zian, bestela (Altzaga); Zer egingo nuke nik bestela! (Montoia).

42.20.2h Diskurtso markatzaile gehienak bezala, hauek ere juntagailuen ondoan joan daitezke, haiek gauzatzen duten juntadurari bere balizko esanahia edo indar murriztailea erantsiz. Eta-rekin erabil daiteke, jakina, bai adiera batean, bai bestean: Eta bestela dijoala zakurraren salara (Urruzuno); Ona delako gomendaturikoa bada, kontzientzia txarrarekin uzten dut; eta bestela, denbora galdu izanaren zapore txarrarekin (Urkiza); Baina egiak ez du bide bat baizik; eta, bertzenaz ere, izenak ez baitu usainik, salbu-eta zuen errespetua, xantre horrek, hor, ikusi zuen, keino bat zeriola, eta urrin bat gaitza (Lafitte); Arras zeure gogara mintzo zara; eta bertzenaz, ez dakizu zehatz-mehatz auzia zertan den (Jon Muñoz).

Baina juntagailuarekin, berriz, bigarren adierarekin ageri da gehienetan: Erderatik San Juan de la Cruz, edo holako zerbait itzul nezake, bai, baina, bestenaz, ez daukat idazteko lehengo eznahirik (Orixe); Los Angelesen bizi izan nintzenean nahiko gaizki, baina bestela arazorik gabe moldatu naiz (X. Mendiguren Elizegi); Gertatzen da: kanpoko umelak agertzen dira barruan lantzean behin, hormei hezetasun orbanen lotsak ateraraziz. Itoginen bat, baina bestela ez dago hain gaizki (Cano).

Nahiz ez beti eta ezinbestean: Kostaldeko biztanleek itsasoz bidaiatu zezaketen, baina bestela behartuta zeuden beren bitartekoez lortu zitzaketen baliabideetatik bizitzera (J. M. Mendizabal).

42.20.2i Aski maiz, azkenik, edo nahiz edota hautakariekin ikusiko dugu: Bere flakia aitortu behar. Bere plaua mugatu behar. Edo, bestela, irentsi nazala bere harrokeriak (Txillardegi); Aska nazazue, edota, bestela, egingo diat nik ezegitekoren bat gaur hemen (M. Lekuona); Frantzia beherean, herrausturik ematen da landetan. Hemen ere hala egin daiteke, edo bertzenaz gainerako ongarriekin nahasteka (Duvoisin); Sarrerako ateondoan jartzen dira, meza bitartean, gizonezkoak zutik, Edota, bestela, goiko korura igo (Barrensoro).

42.20.2j Bada diskurtso markatzailearekin ere erabiltzen da inoiz bestela: Esplika beza argiro eta etsenpluekin, bada bestela ezin ondo adi nezake (Mogel); Geure barruko deseoak, eta antsiak, eta geure borondatea Jaungoikoari osoro ematea; bada, bestela, non dagoan gure deseoa eta amorioa, han dago gure bihotza (Gerriko); Nork bada bestela? Izan al zezakeen interesik beste inork? (Irizar); Nondik bada, bestela, holako faboreak (Perurena).

42.20.2k Ezi diskurtso markatzailearekin (= ezen) ere ez dugu adibiderik falta: Ez duzu ororen ehiztea lege zeren naturak behar baitu sostengatu izan; baina zure lege sainduak ez dizu onesten behar baino haboro, eta haboroenik plazer egiten dienen txerkatzea; ezi bestela haragia ezpirituaren kontra altxa litekezu (Maister).

42.20.2l Esan dezagun azkenik, bertzenaz DMak, balio murriztailea duenean, ere DMaren laguntza ere har dezakeela: Ezpeletar batek salatu dit hori belarri xulorat, eta orok badakigu auzoek ontsa badakitela elkarren berri, […] Bertzenaz ere herriak, jendeak bezala dira (Lafitte); Ez dela beti goxo gau eskolako irakasle lan astelehenetan, bertzenaz ere (Bidegain); Aterabidea xinplea da, bertzenaz ere, alemaner errexki gogorat jiten zaizkie deserrituen hilarazteko moldeak (Oronoz).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper