Euskararen Gramatika

34.5.2.3. Aspektu burutua ez duten baldintzazko perpausak


34.5.2.3. Aspektu burutua ez duten baldintzazko perpausak

34.5.2.3a Aspektu marka burutua ez duten alegialdiko baldintzazko perpausekin, euskalkien arabera, aukera bat baino gehiago ager daitezke: adizki sintetikoa erabiltzea (ederra balitz, bihar baletor, dirua banu, arabiera baneki…); adizki analitiko bat erabiltzea: [-t(z)en + izan/*edun] (etortzen balitz, ekartzen balu), [-tuko + izan/*edun] (etorriko balitz, ekarriko balu) edo [aditzoina + *edin/*ezan] (etor baledi, ekar baleza), euskalkien arabera.

Beraz, lau aukera desberdin ditugu aspektu burutua ez duten baldintzazko perpausak eratzeko orduan, batzuk besteak baino erabiliagoak, baina denak literatura tradizioan erro sakonak dituztenak eta euskalki batean edo bestean gaur egun oraino bizi direnak. Erabide horiek ez baitira orotan denak baliatuak, zaila da haien artean bereizkuntza argi zehatzik agerian ematea. Horretara saiatu dira zenbait gramatikari, baina erabileretan beretan oso zaila da askotan euskalki edo tokian tokiko mintzamoldeen gainetikako banaketa garbirik finkatzea. Azaltzeko orduan irizpide formalei jarraikiko gatzaizkie hemen, eramoldeak bata bestearen ondotik aztertuz.

34.5.2.3b Baldintzazko perpausean alegiazko aldiko adizki sintetikoak (balego, baleki) ditugunean, solas unean dagoeneko sortuak diren egoerak (Guztiak zu bezain arduratsuak balira, gauzak hobeto joango lirateke), edo hasiak nahiz hasi gabeak diren prozesuak (Bihar amonari iloba bisitan balihoakio, poz ederra hartuko luke) adierazi ohi dira. Ondore perpauseko adizkiak -ke atzizkiaz gain alegiazko morfologia izan ohi du, aldi komunztadurak hala eskatuta, era sintetikoan (Lankide guztiak laguntzera baletozkio, ez legoke kexatzeko moduan), edo era analitikoan [-tuko + izan/*edun] adizkiarekin (Infernurik ez balitz, pozik egingo nuke bekatu hau), nahiz [aditzoina + *edin/*ezan] adizkiarekin (Legeak dioena okerra balitz, kalte egin liteke legea betearaziz).

Egia da, halere, batzuetan ondore perpausean aldi komunztadura hausten duten adibideak aurkitzen direla (Norbait nire bila balebil, hemen aurkituko nau, ez naiz ezkutatuko): horrelakoetan ondore perpausean esaten denari indarra eman nahi zaio, eta enfasia emateko erabiltzen da oraineko adizkia, alegiazko aldia erabiltzean ondore perpauseko baieztapena urrun geldi bailiteke, indarra galduz. Ondore perpausean oraineko adizkia erabiliz, esaleak adierazi nahi du, baldintzazko perpausean aipatzen dena betetzen bada, bere ustez ondore perpausekoa betetzeko aukera handia edo osoa dagoela.

Bestalde, mendebaldeko eta bereziki erdialdeko euskalki batzuetan, baldintzazko perpauseko adizkian -ke morfema erabili izan da, adizkera ahalezkoa izan gabe: Ni banintzake sendo eta aberats, guztiak niri begira izango nituzke. Bide hau ez da berria, eta mintzamolde batzuetan aski zabaldua da. Halere, hobe da euskara batuan ez erabiltzea.

34.5.2.3c Baldintzazko perpausean (+burutua) aspektu ezaugarria ez duten alegiazko aldiko adizkiak ditugunean, mendebaldeko euskalkietan [-tuko + izan/*edun] adizkia erabiltzen da: Aurrean ikusiko ez bazintut, zaila litzaidake sinestea!, eta [-t(z)en + izan/*edun] ekialdeko euskalkietan: Aurrean ikusten ez bazintut, zaila litzaidake sinestea!, baina edukiari dagokionez ez dago desberdintasunik hemen, euskalki kontua bakarrik baita. Berdin gertatzen da geroaldian gertatuko den gertakaria dugunean ere. Mendebaldean [-tuko + izan/*edun] erabiltzen da: Datorren urtean ezkonduko bazina, zer harridura!, eta ekialdeko euskalkietan [-t(z)en + izan/*edun]: datorren urtean ezkontzen bazina, zer harridura!

34.5.2.3d Baldintza irrealeko perpausean [-tuko + izan/*edun] alegiazko adizkia (etorriko balitz, ekarriko balu) erabiltzen denean, gehienetan ondore perpauseko adizkia ere era horretan eraikia da: Etorriko balitz, mesede ederra egingo liguke; Ekarriko balu, bila joan beharrik ez nuke izango. Esan beharra dago, bestalde, euskalki batzuetan alegiazko aldiko adizki sintetikoen erabilera ahuldu bezala egin dela, eta orduan, alegiazko laguntzailea duen [-tuko + izan/*edun] adizki analitikoak erabiltzen dituztela sintetikoen ordez, egoera-aditzekin kontrafaktualak adieraziz: Ingelesa jakingo banu, errazkiago bilatuko nuke lanbide berria. Beste zenbait euskalkik ingelesa baneki erabiliko lukete, eta esan gabe doa, adizkera sintetikoek alegiazko aldia bizirik atxikia duten neurrian, haien erabilera guztiz egokia dela.

Bestalde, [-tuko + izan/*edun] moldea duten hauen artean ere, adizki sintetikoekin aipatu ditugun bi egoerak azaltzen zaizkigu. Batetik, euskalki batzuetan -ke morfema erabiltzen dute baldintzazko perpauseko adizkian (Josunek adituko balizuke, guztiz haserretuko litzateke), baina, lehen esan bezala, joera hau ez da gomendatzekoa euskara baturako. Bestetik, aldi komunztadura hausteko aukera bada hemen ere, eta zenbaitetan, ohiko bideak baztertuz, idazleek ondore perpausean oraineko adizkia erabil dezakete (Zerbait gertatuko balitzaizu, hemen izango gaituzu gu laguntzeko), aurreko kasuan bezala, ondore perpausean esaten denari indarra emateko.

34.5.2.3e Ekialdeko euskalkietan, ordea, baldintzazko perpausetan alegiazko aldiko adizkia [-tzen + izan/*edun] moldearekin (etortzen balitz, ikusten balu) erabili ohi da burutuak ez diren edo hasi gabeak diren prozesuak edo egoerak deskribatzeko. Ondore perpausean adizki sintetikoak edo [aditzoina + *edin/*ezan] aspektu markarik gabeko adizki analitikoak sarri azaltzen dira: Okaztagarri litake, bihotza zaurtzen balu (J. Etxepare); Hil nintake, deusik gertatzen balitzaio (Zerbitzari). Ondore perpausean [-tuko + izan/*edun] duten adizki analitikoak ere azaltzen dira, bereziki goi nafarreraz: Erortzen balitz negar egingo luke; Oparia ekartzen balu, guztiok poztuko ginateke. Eta baldintzazko perpausean, -ke morfema daraman adibiderik ere aurki daiteke inoiz: Eskatuko diet guztiei, beren eskuetan erortzen balitzake, parte eman zezaten polizietara; baina berriro ere, euskara baturako ez dugu gomendatzen.

34.5.2.3f Baldintzazko perpausean [aditzoina + *edin/*ezan] adizki analitikoa (etor baledi, ikus baleza) dugunean, ondore perpauseko adizkia analitikoa denean, ekialdeko euskalkietan adizki analitiko hori bera izaten da: Lehendakaria mintza baledi, guztiok harri gintezke. Mendebaldeko euskalkietan, ordea, idazleek partizipio prospektiboa erabili dute ondore perpausean: Lehendakaria mintza baledi, guztiok harrituko ginateke.

Baldintzazko perpausean egoera-aditza dugunean, ez da kontrafaktualik moldatzen ahal adizki horiekin: *Pobreek dirua izan balezate vs Pobreek dirua (izango) balute. Modu berean, tradizio nagusiaren arabera behintzat, *edin eta *ezan ez dira adizki sintetiko gisa erabiltzen ahal testuinguru horietan: *Pobreek dirua balezate. Halere, seinalatzekoa da du erako aditza duten lokuzio zenbaitetan erabili izan dutela zenbait idazlek baldintza modu hau. Beren euskalkian erabide hau berezkoa ez zuten zenbait autorek baliatu izan dute bide hau (nahi izan lokuzioarekin bereziki), seguruenaz ere *ezan laguntzailea (dezan) *edun laguntzailearen (du) aditzaren ordezko hustzat harturik: Zure emazteak nahi baleza, nik amore emango nuke. Erabide berri hau, oso zabaldua ez dena, hobe litzateke euskara batuan ez enplegatzea, eta horrelakoetan du erakoa zuzenean jokatzea: balu. Doi bat desberdina da ahal-ekin, gutxitan bada ere, *ezan aditzaz egiten den erabilpena, baldintzazko perpausean aipatu ahalmena ondore perpausean zehaztua delarik: Ahal baneza pozik ordainduko nizuke.

34.5.2.3g Baldintzazko perpausetan alegialdiko ahalezko adizkerak ere erabil daitezke (ikus balezake, ikus ahal baleza, ikusten ahal balu, ikusi ahal izango balu). Gorago erakutsi bezala (§ 26.6.3.1b), [aditzoina + *edin/*ezan] ahalezko adizkeraren ezaugarrietako bat -ke morfema eramatea da, eta horrelako adibide batzuk agertzen dira tradizioan: Jainkoa egiazki maita balezake, gainerakoak axolarik ez. Nabarmendu behar da protasian azaltzen den -ke morfemak ahalezko modua azaltzen duela hemen (daiteke, dezake), eta ez dela oro har ondore perpausean azaldu ohi den -ke morfema (litzateke, luke). Baina erabilerarik zabalduenekoak eta erro zaharrenak dituenak oin-aditzaren eta adizki laguntzailearen artean ahal daramatenak dira. Aurkituko ditugu ahal *edin eta *ezan laguntzaileekin daramatenak: Hori egin ahal bazeneza, herriaren gogoan zinateke betiko. Askotan desiramenduzko perpausetan: Zugatik zerbait egin ahal baneza!; Nire bizia zurearen orde eman ahal baneza! Eta baita, esan gabe doa, ahal *edun eta izan laguntzaileekin dutenak ere: Hori ona litzateke, egiten ahal balitz / egin izango ahal balitz; Ahal balitz, guztien adostasuna lortu beharko genuke.

34.5.2.3h Aspektu burutua ez duten alegiazko aldiko adizkiak dituzten baldintzazko perpausei dagokienez, adibideei begiratuz ohartzen gara guztien gertakortasun maila ez dela bera: irrealtasuna continuum modura irudikatu behar dugu. Horretan eragina duen faktoreetako bat baldintzazkoetan adierazten denaren edukia izan daiteke; batzuetan berez ezinezkoak direnak adierazten dira: Hegaztiak ugaztun balira, zenbait gaitan sentikorrago izango lirateke; Euskal Herriko adineko guztiak gazte baliraHegazti/ugaztun edo adineko/gazte bikoteak erabiliz, berez ezinezkoak diren baldintzazko perpausak ari gara egiten. Beste batzuetan, egungo munduko errealitatetik oso urrun daudenak eman ditzakegu: Autoek kutsatuko ez balute, gure hiriak garbiago izango genituzke (nahiz eta, etorkizunean agian gauzatzeko modukoak izan daitezkeen). Eta beste muturrean, egia bihurtzea erraz gerta daitekeen ekintza edo egoeraren baten baitan dauden baldintzazko perpausak: Gehixeago saiatuko banintz, emaitza hobeak izango nituzke; Mirenek deituko balit, antzerkira joango nintzateke. ‘Gehixeago saiatzea’ edo ‘Mirenek deitzea’ irreal modura aurkezten dira, alegiazko aldiko adizkiarekin, baina aurretik esan direnak baino errazago dira gauzatzen.

Irrealtasunean eragina du, hala ere, ekintza denboran non kokatzen den. Orainalditik gertuen dauden gertakariak adierazten direnean, gertakortasuna txikiagoa edo ezinezkoa izaten da: Gaur Jon etxean balego, ez nintzateke larrituko. Eta etorkizunera begira daudenetan errazagoa da gauzatzea: Jon etzi etxera etorriko balitz, ez nintzateke larrituko. Aditzaren izaera semantikoak ere badu zerikusia: egoerak adierazten dituzten aditzekin (balitz, balego…) errazagoa da gertatuko ez den protasi baten aurrean gaudela interpretatzea; aditzak prozesuak adierazten baditu, berriz, errazagoa da geroan nolabaiteko gertakortasuna izan lezakeela ulertzea.

Azken batean, adizki bat (+/-alegialdikoa) izatea, edo aspektu marka jakin bat edo beste izatea, formari dagokion irizpidea da, eta gertagarritasun maila, berriz, esanahiari dagokion irizpidea da. Izaera desberdineko bi irizpiderekin ari garelarik, errazago ulertzen da formaz alegiazko aldiko adizkia daramaten baldintzazko perpausek irrealtasun maila desberdinak adieraztea.

34.5.2.3i Alegiazko aldiko adizkiekin protasirik gabeko perpausak ere aurki daitezke: Gogotik zerbait edan nezake; Jakin nahi nuke zer ordu den. Baldintzazko perpausik gabe, esan ote daiteke baldintzadun perpausak direla? Gisa batez, bai, zeren pentsa baitezakegu perpaus hori isildua dela eta inplizituki hor dela: (aukera izanez gero), gogotik zerbait edan nezake; (nik ez dut erlojurik baina norbaitek balu), jakin nahi nuke zer ordu den. Beste batzuetan (Nondik zatozen jakin nahi nuke; Gatza emango zenidake?), jendetasunari dagozkion ohiko jokabideen arabera, kontsideratzen dugu nork gure nahiak eta eskaerak solaskideei agertzerakoan zeharkako moduak egokiago edo direla, eta protasirik agerian eman gabe, ondore perpausei dagozkien alegialdiko adizkerak erabiliz, nolabait sortzen dugu zeharkakotasun edo jendetasunezko urruntasun hori (ikus § 26.6.2.3). Aditz modalekin (behar izan, nahi izan) bereziki nabarmentzen dira joko horiek, maiz solaskideen nahiak, esperantzak, kontseiluak, eta abar adierazteko baliatzen baitira, edo baita gaitzespenak egiteko ere: Gurekin bazkaltzera etorri behar zenuke! Kontu horiek jakin behar zenituzke!

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper