Euskararen Gramatika

34.5.2. Alegialdiko baldintzazko perpausak: baldintza irrealak


34.5.2. Alegialdiko baldintzazko perpausak: baldintza irrealak

34.5.2.1. Aspektu oposizioak baldintza irrealetan

34.5.2.1a Euskaraz baldintza irrealak aldi marken bidez adierazten direnez gero, aldi markadurari dagokio alegialdia. Ondorioz, haietan (+oraina) vs (+iragana) oposiziorik ez izanik, aspektu marken bidez seinalatzen dira alegialdiko baldintzetan ager daitezkeen denbora oposizioak.

Baldintza irrealetan, bereizkuntza nagusia (+/-burutua) aspektu ezaugarriak markatzen du. Horrela, bitan sailkatzen dira baldintza irrealak: alde batetik, (+burutua) ezaugarria duten alegialdiko baldintzazko perpausak; eta, beste aldetik, berriz, (+burutua) ezaugarria ez dutenak. Azken hauek, aurrekoak ez bezala, forma askotarikoak izan daitezke. Gehiago zehaztuz:

(+burutua) direnak: etorri balitz

(+burutua) ez direnak: baletor, etor baledi, etortzen/etorriko balitz

(+burutua) ezaugarria duten baldintzek, solas unean bururatuak diren egoerak eta gertakariak, edo gertakari segidak, aipatzen dituzte, eta haietako aditzek partizipio burutua izan behar dute nahitaez. Berdin du noiz kokatzen den denboran bururapen hori, solas unetik hurbil-hurbil (Duela segundo bat aitzinera agertu balitzait…), edo, alderantziz, denboran oso urruti (Duela berrogei urte sortegunean agertu balitzait…), adizkera bera erabil daiteke.

34.5.2.1b (+burutua) ezaugarria ez duten alegialdiko baldintzak, berriz, era desberdinetakoak izan daitezke: sintetikoak (baletor), edo adizki analitikoak ([aditzoina + *edin/*ezan] (etor baledi); [-t(z)en + izan/*edun] (etortzen balitz); [-tuko + izan/*edun] (etorriko balitz)). Solas unean hastekoak diren egoerak eta gertakariak adieraz daitezke haien bidez: Bihar edo etzi hango jende xehea jazarriko/jazartzen balitz edo jazar baledi. Edo hasiak izanik burutuak ez direnak: Diru gehiago (izango) banu. Baita gertakari segidak ere: Igandeetan ere lan egingo/egiten banu. Horrela, ekarri bezalako aditz baten kasuan, ondoko lau adizkera hauek elkarren parekoak-edo izan daitezke erabileran: Biharko egunak berri hobeak ekarriko balitu / ekartzen balitu / ekar balitza / balekartza. Eta euskalkietan agertzen diren mugak bazterrean uzten badira (argi da, adibidez, euskalki batzuetan ekarri aditzaren jokabide sintetikoa ez dela erabiltzen, alegialdian bereziki, edo, beste euskalki batzuetan, *ezan laguntzailea ezin jokaraz daitekeela baldintzazko perpausetan), ez dirudi lau aukera horietako bihi batez aurreko adibidean gaizki erabilia dela esan daitekeela. Beraz, alegialdiko baldintza burutuen ezaugarria modu bakarrean bil daiteke (+burutua) direla esanez, eta burutuak ez diren alegialdiko baldintzetan aniztasuna aurkituko dugu, euskalkiek adizki desberdinak garatu baitituzte: [-t(z)en + izan/*edun (etortzen balitz)] ekialde zabalean, [-tuko + izan/*edun (etorriko balitz)] erdialde eta mendebaldean, garai zaharrenetan denek erabiltzen zuten [aditzoina + *edin/*ezan (etor baledi)] adizkia emeki-emeki ordezkatuz.

Baldintza irreala

(+burutua) direnak

etorri balitz

(+burutua) ez direnak

baletor

etorriko balitz

etortzen balitz

etor baledi

34.5.2.2. Aspektu burutua duten alegialdiko baldintzazko perpausak (etorri balitz, ekarri balu)

34.5.2.2a Aspektu burutua duten alegialdiko baldintzazko perpaus arruntak euskalki guztietan aurkitzen dira eta denetan kontrafaktualen balioa dute: hiztunak egia ez den (edo egiatzat ez daukan) hipotesi bat egiten du baldintzazko perpausean. Ondore perpausean partizipio prospektiboa azaltzen da, adizki laguntzailearen aldia iraganekoa izanik (gehienetan modu markarik gabe): Bart garaiz oheratu banintz, goizean ez nintzen hamarrak arte ohean geratuko; Gaztetan gehiago ikasi bazenu, lan erosoagoa izango zenuen. Nolanahi ere, hizkeratik hizkerara aldaerak badira.

34.5.2.2b Aldaeretako gehienak ondore perpauseko adizkiei dagozkie. Eredurik hedatuena aurreko hori bada ere, beste aukera bat ondore perpausetan adizki laguntzaileak -ke modu morfema eramatea da. Adizki laguntzailearen aldia iraganekoa izan ohi da, aurreko adibideetan bezala, eta partizipio prospektiboa agertzen da: Liztor batek heldu balizu, ohartuko zinatekeen, edo, ekialdeko euskalkietan, partizipio burutua: Laguntzera etorri balitz, biziki eskertu niokeen. Euskaltzaindiak (42. araua) euskara batuan erabiltzeko onartu du [-tuko + izan/*edun + -ke] adizki analitikoa (ohartuko zinatekeen), baina [-tu + izan/*edun + -ke] adizkia (eskertu niokeen) ez da euskara baturako onartu arauetan sartzen. Bigarren aukera edo moldea, berriz, ondore perpausetan [aditzoina + *edin/*ezan] adizkia erabiltzea da, aldi iraganeko laguntzailea duena eta -ke atzizkiduna: Indiarrek sor zezaketen gaurko fisika, bide horretatik abiatu izan balira.

Baldintzazko perpausari dagokionez, berriz, batzuetan, burututasuna indartzeko bezala, izan partizipio burutua agertu ohi da: Ikusi izan banindu, agurtuko ninduen. Baina esanahiaren edo gramatikaltasunaren aldetik ez da desberdintasunik. Bestalde, erdialdeko euskalkietan bereziki, alegiazko aldiaren orde, iraganekoa erabili da batzuetan aspektu burutua duten baldintzazko perpausetan: Horrenbeste arrautza jan izan banuan, oraindik gehiago ere korrituko nuan (Txirrita), baina ez da inolaz eredu nagusia, eta ez dugu bide hau gomendatzen euskara baturako.

34.5.2.2c Nabarmentzekoa da, bestalde, baldintza eta ondore perpausen arteko aspektu edota aldi komunztadurari dagokion gaia. Aspektu marka burutua erabilirik, alegialdiko baldintza iraganaldian kokaturik, ondore perpausean aipatzen den gertakaria edo egoera orainaldian edo geroaldian gertatzen bada, aukera desberdinak aurkitzen dira aspektu edota aldi komunztadurari dagokionez: protasiarekiko komunztadura errespetatuz, iraganaldian gertatu izan balitz bezala jokatzen ahal da ondore perpauseko adizkia (aldi iraganeko laguntzailea duen [-tuko + izan/*edun laguntzailea baliatuz), edo, bestela, alegiazko aldian ematen ahal da, baina bukatu gabeko egoera edo hasi gabeko prozesu gisa aurkeztuz.

Adibidez, eman dezagun hiztun adineko batek gaztaroan kokatzen duela protasian aipatzen duen gertakaria (gaztetan ingelesa ikasi), eta solasaren mementoan oraindik dirauen egoera gisa aurkezten duela ondore perpausean aipatzen duena (jakintsuago izan). Bi molde erabil ditzake apodosian, batean iraganeko aldia baliatuz (Gaztea nintzenean ingelesa ikasi izan banu, askoz jakintsuago izango nintzen orain), bestean alegiazko aldia (Gaztea nintzenean ingelesa ikasi izan banu, askoz jakintsuago izango nintzateke orain). Bi moldeetako adibideak aurki daitezke tradizioan, eta biak dira zilegi. Geroaldian kokatzen diren gertakariak apodosian adierazteko ere hautu bera du hiztunak: ondore perpausean iraganeko adizkia ager daiteke (Gaztetan grekoa ikasi izan banu, datorren udan zurekin joango nintzen oporretara), edo alegiazko aldia (Gaztetan grekoa ikasi izan banu, datorren udan zurekin joango nintzateke oporretara).

34.5.2.3. Aspektu burutua ez duten baldintzazko perpausak

34.5.2.3a Aspektu marka burutua ez duten alegialdiko baldintzazko perpausekin, euskalkien arabera, aukera bat baino gehiago ager daitezke: adizki sintetikoa erabiltzea (ederra balitz, bihar baletor, dirua banu, arabiera baneki…); adizki analitiko bat erabiltzea: [-t(z)en + izan/*edun] (etortzen balitz, ekartzen balu), [-tuko + izan/*edun] (etorriko balitz, ekarriko balu) edo [aditzoina + *edin/*ezan] (etor baledi, ekar baleza), euskalkien arabera.

Beraz, lau aukera desberdin ditugu aspektu burutua ez duten baldintzazko perpausak eratzeko orduan, batzuk besteak baino erabiliagoak, baina denak literatura tradizioan erro sakonak dituztenak eta euskalki batean edo bestean gaur egun oraino bizi direnak. Erabide horiek ez baitira orotan denak baliatuak, zaila da haien artean bereizkuntza argi zehatzik agerian ematea. Horretara saiatu dira zenbait gramatikari, baina erabileretan beretan oso zaila da askotan euskalki edo tokian tokiko mintzamoldeen gainetikako banaketa garbirik finkatzea. Azaltzeko orduan irizpide formalei jarraikiko gatzaizkie hemen, eramoldeak bata bestearen ondotik aztertuz.

34.5.2.3b Baldintzazko perpausean alegiazko aldiko adizki sintetikoak (balego, baleki) ditugunean, solas unean dagoeneko sortuak diren egoerak (Guztiak zu bezain arduratsuak balira, gauzak hobeto joango lirateke), edo hasiak nahiz hasi gabeak diren prozesuak (Bihar amonari iloba bisitan balihoakio, poz ederra hartuko luke) adierazi ohi dira. Ondore perpauseko adizkiak -ke atzizkiaz gain alegiazko morfologia izan ohi du, aldi komunztadurak hala eskatuta, era sintetikoan (Lankide guztiak laguntzera baletozkio, ez legoke kexatzeko moduan), edo era analitikoan [-tuko + izan/*edun] adizkiarekin (Infernurik ez balitz, pozik egingo nuke bekatu hau), nahiz [aditzoina + *edin/*ezan] adizkiarekin (Legeak dioena okerra balitz, kalte egin liteke legea betearaziz).

Egia da, halere, batzuetan ondore perpausean aldi komunztadura hausten duten adibideak aurkitzen direla (Norbait nire bila balebil, hemen aurkituko nau, ez naiz ezkutatuko): horrelakoetan ondore perpausean esaten denari indarra eman nahi zaio, eta enfasia emateko erabiltzen da oraineko adizkia, alegiazko aldia erabiltzean ondore perpauseko baieztapena urrun geldi bailiteke, indarra galduz. Ondore perpausean oraineko adizkia erabiliz, esaleak adierazi nahi du, baldintzazko perpausean aipatzen dena betetzen bada, bere ustez ondore perpausekoa betetzeko aukera handia edo osoa dagoela.

Bestalde, mendebaldeko eta bereziki erdialdeko euskalki batzuetan, baldintzazko perpauseko adizkian -ke morfema erabili izan da, adizkera ahalezkoa izan gabe: Ni banintzake sendo eta aberats, guztiak niri begira izango nituzke. Bide hau ez da berria, eta mintzamolde batzuetan aski zabaldua da. Halere, hobe da euskara batuan ez erabiltzea.

34.5.2.3c Baldintzazko perpausean (+burutua) aspektu ezaugarria ez duten alegiazko aldiko adizkiak ditugunean, mendebaldeko euskalkietan [-tuko + izan/*edun] adizkia erabiltzen da: Aurrean ikusiko ez bazintut, zaila litzaidake sinestea!, eta [-t(z)en + izan/*edun] ekialdeko euskalkietan: Aurrean ikusten ez bazintut, zaila litzaidake sinestea!, baina edukiari dagokionez ez dago desberdintasunik hemen, euskalki kontua bakarrik baita. Berdin gertatzen da geroaldian gertatuko den gertakaria dugunean ere. Mendebaldean [-tuko + izan/*edun] erabiltzen da: Datorren urtean ezkonduko bazina, zer harridura!, eta ekialdeko euskalkietan [-t(z)en + izan/*edun]: datorren urtean ezkontzen bazina, zer harridura!

34.5.2.3d Baldintza irrealeko perpausean [-tuko + izan/*edun] alegiazko adizkia (etorriko balitz, ekarriko balu) erabiltzen denean, gehienetan ondore perpauseko adizkia ere era horretan eraikia da: Etorriko balitz, mesede ederra egingo liguke; Ekarriko balu, bila joan beharrik ez nuke izango. Esan beharra dago, bestalde, euskalki batzuetan alegiazko aldiko adizki sintetikoen erabilera ahuldu bezala egin dela, eta orduan, alegiazko laguntzailea duen [-tuko + izan/*edun] adizki analitikoak erabiltzen dituztela sintetikoen ordez, egoera-aditzekin kontrafaktualak adieraziz: Ingelesa jakingo banu, errazkiago bilatuko nuke lanbide berria. Beste zenbait euskalkik ingelesa baneki erabiliko lukete, eta esan gabe doa, adizkera sintetikoek alegiazko aldia bizirik atxikia duten neurrian, haien erabilera guztiz egokia dela.

Bestalde, [-tuko + izan/*edun] moldea duten hauen artean ere, adizki sintetikoekin aipatu ditugun bi egoerak azaltzen zaizkigu. Batetik, euskalki batzuetan -ke morfema erabiltzen dute baldintzazko perpauseko adizkian (Josunek adituko balizuke, guztiz haserretuko litzateke), baina, lehen esan bezala, joera hau ez da gomendatzekoa euskara baturako. Bestetik, aldi komunztadura hausteko aukera bada hemen ere, eta zenbaitetan, ohiko bideak baztertuz, idazleek ondore perpausean oraineko adizkia erabil dezakete (Zerbait gertatuko balitzaizu, hemen izango gaituzu gu laguntzeko), aurreko kasuan bezala, ondore perpausean esaten denari indarra emateko.

34.5.2.3e Ekialdeko euskalkietan, ordea, baldintzazko perpausetan alegiazko aldiko adizkia [-tzen + izan/*edun] moldearekin (etortzen balitz, ikusten balu) erabili ohi da burutuak ez diren edo hasi gabeak diren prozesuak edo egoerak deskribatzeko. Ondore perpausean adizki sintetikoak edo [aditzoina + *edin/*ezan] aspektu markarik gabeko adizki analitikoak sarri azaltzen dira: Okaztagarri litake, bihotza zaurtzen balu (J. Etxepare); Hil nintake, deusik gertatzen balitzaio (Zerbitzari). Ondore perpausean [-tuko + izan/*edun] duten adizki analitikoak ere azaltzen dira, bereziki goi nafarreraz: Erortzen balitz negar egingo luke; Oparia ekartzen balu, guztiok poztuko ginateke. Eta baldintzazko perpausean, -ke morfema daraman adibiderik ere aurki daiteke inoiz: Eskatuko diet guztiei, beren eskuetan erortzen balitzake, parte eman zezaten polizietara; baina berriro ere, euskara baturako ez dugu gomendatzen.

34.5.2.3f Baldintzazko perpausean [aditzoina + *edin/*ezan] adizki analitikoa (etor baledi, ikus baleza) dugunean, ondore perpauseko adizkia analitikoa denean, ekialdeko euskalkietan adizki analitiko hori bera izaten da: Lehendakaria mintza baledi, guztiok harri gintezke. Mendebaldeko euskalkietan, ordea, idazleek partizipio prospektiboa erabili dute ondore perpausean: Lehendakaria mintza baledi, guztiok harrituko ginateke.

Baldintzazko perpausean egoera-aditza dugunean, ez da kontrafaktualik moldatzen ahal adizki horiekin: *Pobreek dirua izan balezate vs Pobreek dirua (izango) balute. Modu berean, tradizio nagusiaren arabera behintzat, *edin eta *ezan ez dira adizki sintetiko gisa erabiltzen ahal testuinguru horietan: *Pobreek dirua balezate. Halere, seinalatzekoa da du erako aditza duten lokuzio zenbaitetan erabili izan dutela zenbait idazlek baldintza modu hau. Beren euskalkian erabide hau berezkoa ez zuten zenbait autorek baliatu izan dute bide hau (nahi izan lokuzioarekin bereziki), seguruenaz ere *ezan laguntzailea (dezan) *edun laguntzailearen (du) aditzaren ordezko hustzat harturik: Zure emazteak nahi baleza, nik amore emango nuke. Erabide berri hau, oso zabaldua ez dena, hobe litzateke euskara batuan ez enplegatzea, eta horrelakoetan du erakoa zuzenean jokatzea: balu. Doi bat desberdina da ahal-ekin, gutxitan bada ere, *ezan aditzaz egiten den erabilpena, baldintzazko perpausean aipatu ahalmena ondore perpausean zehaztua delarik: Ahal baneza pozik ordainduko nizuke.

34.5.2.3g Baldintzazko perpausetan alegialdiko ahalezko adizkerak ere erabil daitezke (ikus balezake, ikus ahal baleza, ikusten ahal balu, ikusi ahal izango balu). Gorago erakutsi bezala (§ 26.6.3.1b), [aditzoina + *edin/*ezan] ahalezko adizkeraren ezaugarrietako bat -ke morfema eramatea da, eta horrelako adibide batzuk agertzen dira tradizioan: Jainkoa egiazki maita balezake, gainerakoak axolarik ez. Nabarmendu behar da protasian azaltzen den -ke morfemak ahalezko modua azaltzen duela hemen (daiteke, dezake), eta ez dela oro har ondore perpausean azaldu ohi den -ke morfema (litzateke, luke). Baina erabilerarik zabalduenekoak eta erro zaharrenak dituenak oin-aditzaren eta adizki laguntzailearen artean ahal daramatenak dira. Aurkituko ditugu ahal *edin eta *ezan laguntzaileekin daramatenak: Hori egin ahal bazeneza, herriaren gogoan zinateke betiko. Askotan desiramenduzko perpausetan: Zugatik zerbait egin ahal baneza!; Nire bizia zurearen orde eman ahal baneza! Eta baita, esan gabe doa, ahal *edun eta izan laguntzaileekin dutenak ere: Hori ona litzateke, egiten ahal balitz / egin izango ahal balitz; Ahal balitz, guztien adostasuna lortu beharko genuke.

34.5.2.3h Aspektu burutua ez duten alegiazko aldiko adizkiak dituzten baldintzazko perpausei dagokienez, adibideei begiratuz ohartzen gara guztien gertakortasun maila ez dela bera: irrealtasuna continuum modura irudikatu behar dugu. Horretan eragina duen faktoreetako bat baldintzazkoetan adierazten denaren edukia izan daiteke; batzuetan berez ezinezkoak direnak adierazten dira: Hegaztiak ugaztun balira, zenbait gaitan sentikorrago izango lirateke; Euskal Herriko adineko guztiak gazte baliraHegazti/ugaztun edo adineko/gazte bikoteak erabiliz, berez ezinezkoak diren baldintzazko perpausak ari gara egiten. Beste batzuetan, egungo munduko errealitatetik oso urrun daudenak eman ditzakegu: Autoek kutsatuko ez balute, gure hiriak garbiago izango genituzke (nahiz eta, etorkizunean agian gauzatzeko modukoak izan daitezkeen). Eta beste muturrean, egia bihurtzea erraz gerta daitekeen ekintza edo egoeraren baten baitan dauden baldintzazko perpausak: Gehixeago saiatuko banintz, emaitza hobeak izango nituzke; Mirenek deituko balit, antzerkira joango nintzateke. ‘Gehixeago saiatzea’ edo ‘Mirenek deitzea’ irreal modura aurkezten dira, alegiazko aldiko adizkiarekin, baina aurretik esan direnak baino errazago dira gauzatzen.

Irrealtasunean eragina du, hala ere, ekintza denboran non kokatzen den. Orainalditik gertuen dauden gertakariak adierazten direnean, gertakortasuna txikiagoa edo ezinezkoa izaten da: Gaur Jon etxean balego, ez nintzateke larrituko. Eta etorkizunera begira daudenetan errazagoa da gauzatzea: Jon etzi etxera etorriko balitz, ez nintzateke larrituko. Aditzaren izaera semantikoak ere badu zerikusia: egoerak adierazten dituzten aditzekin (balitz, balego…) errazagoa da gertatuko ez den protasi baten aurrean gaudela interpretatzea; aditzak prozesuak adierazten baditu, berriz, errazagoa da geroan nolabaiteko gertakortasuna izan lezakeela ulertzea.

Azken batean, adizki bat (+/-alegialdikoa) izatea, edo aspektu marka jakin bat edo beste izatea, formari dagokion irizpidea da, eta gertagarritasun maila, berriz, esanahiari dagokion irizpidea da. Izaera desberdineko bi irizpiderekin ari garelarik, errazago ulertzen da formaz alegiazko aldiko adizkia daramaten baldintzazko perpausek irrealtasun maila desberdinak adieraztea.

34.5.2.3i Alegiazko aldiko adizkiekin protasirik gabeko perpausak ere aurki daitezke: Gogotik zerbait edan nezake; Jakin nahi nuke zer ordu den. Baldintzazko perpausik gabe, esan ote daiteke baldintzadun perpausak direla? Gisa batez, bai, zeren pentsa baitezakegu perpaus hori isildua dela eta inplizituki hor dela: (aukera izanez gero), gogotik zerbait edan nezake; (nik ez dut erlojurik baina norbaitek balu), jakin nahi nuke zer ordu den. Beste batzuetan (Nondik zatozen jakin nahi nuke; Gatza emango zenidake?), jendetasunari dagozkion ohiko jokabideen arabera, kontsideratzen dugu nork gure nahiak eta eskaerak solaskideei agertzerakoan zeharkako moduak egokiago edo direla, eta protasirik agerian eman gabe, ondore perpausei dagozkien alegialdiko adizkerak erabiliz, nolabait sortzen dugu zeharkakotasun edo jendetasunezko urruntasun hori (ikus § 26.6.2.3). Aditz modalekin (behar izan, nahi izan) bereziki nabarmentzen dira joko horiek, maiz solaskideen nahiak, esperantzak, kontseiluak, eta abar adierazteko baliatzen baitira, edo baita gaitzespenak egiteko ere: Gurekin bazkaltzera etorri behar zenuke! Kontu horiek jakin behar zenituzke!

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper