33.2.1a Esan den bezala, ondorio perpausarekin eginiko esaldietan termino edo osagai bi dira beti: intentsitatea markatzen duen morfema daramana bat, eta haren ondorioa adierazten duena bestea ([ikaslea hain ondo mintzatzea] — [entzuleen txundidura]). Osagai horiekin eginiko perpausak, berriz, menderakuntzaz nahiz alboratuta lot daitezke.
33.2.1b Lehen osagaiak morfema kuantifikatzailea edo kualifikatzailea darama. Hain markatzailea dugu batetik, adjektibo-adberbioen maila seinalatzen duena (hain ona, hain ondo), eta hainbat edo hainbeste zenbatzaileak, bestetik, izenari edo aditzari dagokien zenbatekoa seinalatzen dutenak (hainbeste lagun, hainbeste gustatu); postposizioarekin direnean, aditzarekin doaz morfema hauek (hainbesteraino gustatu, hainbestetan egin). Hala kualifikatzailea ere aditzarekin doa beti, halako moduan edo halako moldez gisakoak bezala (hala ibili; halako moduan egin). Lehenek multzo kuantitatiboa eratzen dute (hain ona, hainbeste lagun, hainbeste), eta bigarrenek multzo kualifikatiboa (hala, halako moduz).
33.2.1c Bigarren osagaia daraman perpausa da ondoriozkoa, eta, esan den bezala, menderakuntzaz nahiz alborakuntzaz lot daiteke lehen osagaia daraman perpausarekin.
– Mendekoa denean, bait- edo -(e)n menderagailuaz gain ondorio-morfema darama aurrean. Non (eta) forma erabiltzen da maiz perpauson hasieran302: Hain da interesanta non behar baitut dena ongi kontatu (Etxebarne); Baina ‘ondare bilduma’ hori hain da zabala non eskatzen duen kontserbazio hautuak egitea (Berria). Ezen formak ere erabilera zabala du (eze, ze, ezi, ezik aldaerak): Belauneko zauria hain txikia zen, ezen medikuek uste baitzuten ezinezkoa zela GIBaz kutsatzea (Egunkaria); Hainbeste aldatu du ezen orain apenas dudan niretzako astirik (Berria). Bizkaieraz zein eta forma ere erabiltzen da: Hain doilorrak izan dira, zein eta ez didaten atera trago bat (Mogel). Perpaus nagusiaren eskuinean ematen da beti ondoriozko mendekoa: Hain gezurtia da, non ez baitio inork sinesten, baina *Non ez baitio inork sinesten, hain gezurtia da.
Hori da ondoriozko mendeko perpausen ohiko taxua. Testuetan aurkitzen dira, hala ere, bait- menderagailu soilaz eraturikoak, aurrean ondorio-morfemarik ez dutenak: Giza-semeak, ordea, hain eder ziren, haiengana Maitagarriak maiteberotu baitziren (Orixe); Zeren hain da itsusia plagio hitza, bota orduko dena kutsatzen baitu (Berria); gutxi dira, ordea, horrelako agerpenak.
– Alboratuta ematen denean ere, lehen osagaia daraman perpausaren eskuinean eman daiteke ondorio perpausa: Hainbeste konpromiso ditu, ez daki non agertu behar duen ere (Berria). Askotan, ordea, aurrean ematen da hau, ahozkoan intonazio berezia lagun duela: Ezin du oporrik egin: hain dabil lanpetua; Honen akatsak aipatu beharrik ez dago: hain daude axalean (Mitxelena); Ezin izan zuten zerrenda bukatu; hain da luzea (Berria).
33.2.1d Hori dute ondoriozko alboratuek ohiko taxua. Tradizioan aurkitzen dira, hala ere, aurrean ondorio-morfema daramaten ondoriozko alboratuak: Baina zu hainbesteraino aborrezitu zara, non horrezaz kontentatu ez zara (Kardaberaz); Daukat bekatu bat hain itsusi ta lotsagarria, ezen ez dut konfesatu urte osoetan (Mogel). Horrelakoak dira maiz ezen morfemaren ze, eze, ezi aldaerekin eginiko perpausak: Hain dira kondizio latzekoak […] eze uste dute olgeta guztiak direla txarrak (Frai Bartolome); Egiten dit gerra hain bizia, ze beti nauka beldurrez ikara (Astarloa); Halako moduz ezik, […] edozeinek begiratu batean esan legike bi herriak bat direla (Iztueta). Gaur egun ohikoak ez badira ere, aurkitzen dira testuetan horrelako perpausak: Bizitzaren historia hain da konplexua ezen ezinezkoa da xehetasun guztiak iragartzea (Egunkaria); Hain ahul eze sarritan galdu egiten dira (Zuazo).
302 OEH s. v. non: “De uso gral. al Norte; entre los guipuzcoanos es usual hasta principios del s. XX, fecha a partir de la cual se hace muy escaso. En la tradición vizcaína sólo se documenta en Añibarro”.