Euskararen Gramatika

33.2. Ondoriozko perpausen egiturak eta morfemak


33.2. Ondoriozko perpausen egiturak eta morfemak

33.2.1. Bi osagaien zeregina

33.2.1a Esan den bezala, ondorio perpausarekin eginiko esaldietan termino edo osagai bi dira beti: intentsitatea markatzen duen morfema daramana bat, eta haren ondorioa adierazten duena bestea ([ikaslea hain ondo mintzatzea] — [entzuleen txundidura]). Osagai horiekin eginiko perpausak, berriz, menderakuntzaz nahiz alboratuta lot daitezke.

33.2.1b Lehen osagaiak morfema kuantifikatzailea edo kualifikatzailea darama. Hain markatzailea dugu batetik, adjektibo-adberbioen maila seinalatzen duena (hain ona, hain ondo), eta hainbat edo hainbeste zenbatzaileak, bestetik, izenari edo aditzari dagokien zenbatekoa seinalatzen dutenak (hainbeste lagun, hainbeste gustatu); postposizioarekin direnean, aditzarekin doaz morfema hauek (hainbesteraino gustatu, hainbestetan egin). Hala kualifikatzailea ere aditzarekin doa beti, halako moduan edo halako moldez gisakoak bezala (hala ibili; halako moduan egin). Lehenek multzo kuantitatiboa eratzen dute (hain ona, hainbeste lagun, hainbeste), eta bigarrenek multzo kualifikatiboa (hala, halako moduz).

33.2.1c Bigarren osagaia daraman perpausa da ondoriozkoa, eta, esan den bezala, menderakuntzaz nahiz alborakuntzaz lot daiteke lehen osagaia daraman perpausarekin.

Mendekoa denean, bait- edo -(e)n menderagailuaz gain ondorio-morfema darama aurrean. Non (eta) forma erabiltzen da maiz perpauson hasieran302: Hain da interesanta non behar baitut dena ongi kontatu (Etxebarne); Baina ‘ondare bilduma’ hori hain da zabala non eskatzen duen kontserbazio hautuak egitea (Berria). Ezen formak ere erabilera zabala du (eze, ze, ezi, ezik aldaerak): Belauneko zauria hain txikia zen, ezen medikuek uste baitzuten ezinezkoa zela GIBaz kutsatzea (Egunkaria); Hainbeste aldatu du ezen orain apenas dudan niretzako astirik (Berria). Bizkaieraz zein eta forma ere erabiltzen da: Hain doilorrak izan dira, zein eta ez didaten atera trago bat (Mogel). Perpaus nagusiaren eskuinean ematen da beti ondoriozko mendekoa: Hain gezurtia da, non ez baitio inork sinesten, baina *Non ez baitio inork sinesten, hain gezurtia da.

Hori da ondoriozko mendeko perpausen ohiko taxua. Testuetan aurkitzen dira, hala ere, bait- menderagailu soilaz eraturikoak, aurrean ondorio-morfemarik ez dutenak: Giza-semeak, ordea, hain eder ziren, haiengana Maitagarriak maiteberotu baitziren (Orixe); Zeren hain da itsusia plagio hitza, bota orduko dena kutsatzen baitu (Berria); gutxi dira, ordea, horrelako agerpenak.

Alboratuta ematen denean ere, lehen osagaia daraman perpausaren eskuinean eman daiteke ondorio perpausa: Hainbeste konpromiso ditu, ez daki non agertu behar duen ere (Berria). Askotan, ordea, aurrean ematen da hau, ahozkoan intonazio berezia lagun duela: Ezin du oporrik egin: hain dabil lanpetua; Honen akatsak aipatu beharrik ez dago: hain daude axalean (Mitxelena); Ezin izan zuten zerrenda bukatu; hain da luzea (Berria).

33.2.1d Hori dute ondoriozko alboratuek ohiko taxua. Tradizioan aurkitzen dira, hala ere, aurrean ondorio-morfema daramaten ondoriozko alboratuak: Baina zu hainbesteraino aborrezitu zara, non horrezaz kontentatu ez zara (Kardaberaz); Daukat bekatu bat hain itsusi ta lotsagarria, ezen ez dut konfesatu urte osoetan (Mogel). Horrelakoak dira maiz ezen morfemaren ze, eze, ezi aldaerekin eginiko perpausak: Hain dira kondizio latzekoak […] eze uste dute olgeta guztiak direla txarrak (Frai Bartolome); Egiten dit gerra hain bizia, ze beti nauka beldurrez ikara (Astarloa); Halako moduz ezik, […] edozeinek begiratu batean esan legike bi herriak bat direla (Iztueta). Gaur egun ohikoak ez badira ere, aurkitzen dira testuetan horrelako perpausak: Bizitzaren historia hain da konplexua ezen ezinezkoa da xehetasun guztiak iragartzea (Egunkaria); Hain ahul eze sarritan galdu egiten dira (Zuazo).

33.2.2. -(e)la menderagailua, eta subjuntiboa ere

33.2.2a Ahozko hizkeran, Hegoaldean batez ere, -(e)la menderagailua ezartzen zaio askotan ondorio perpausari: Hain ondo mintzatu da, txundituta utzi dituela denak. Erabilera horrek, ordea, ez du tradiziorik, eta orain baino lehenagoko testuetan ez da ageri kasu bakan batzuetan izan ezik. Gaur egungo testuetan maizago ageri da: Hain dago ziur, nire fedea ere kolokan jartzea lortzen duela (Berria); Hain ziren narratsak, ez zirela sinesgarriak (Berria); Orain, berriz, hainbeste arindu da, haizeak eramaten duela (Argia); Hainbeste handitu da eze, jendartea bi multzotan banatuta irudikatzen dela (Berria) —eze morfemarekin—. Euskara jasoan eta zainduan, hala ere, aurreko paragrafoetan aipatutako moldeak erabiltzen dira batez ere, hau da, -(e)n edo bait- menderagailua daraman menderakuntza, perpausaren aurrean ondorio-morfema duena, edota alborakuntza303.

33.2.2b Kuantifikatzailea edo kualifikatzailea daraman osagaia baieztatuz ez, baina ezezka, galdezka, agindu moduan edo nahi-behar gisako modalitatean ematen denean, ondorio perpausa subjuntiboan eman izan dute lehengo autoreek: Ez da Jainkoa halako moldez miserikordios, non justiziari bidegaberik egin diezaion (Axular); Signo bisible batek hainbat botere ahal duke, non salbamenduko gauzan gure kontzientziak zertifika eta segura ahal ditzan? (Leizarraga); Egizu hainbat zeure otoitz onez eta arertekotasunez, non hauekin batean ardiets dezadan orain Jainkoaren grazia (Materre); Behar genuke […] halako moldez […] aitzinerat gobernatu, non azken finean, Jainkoaren miserikordiarekin batean erdiets dezagun guretzat ordenaturik eta prestaturik dagoen bozkarioa (Axular). Esaldi hauetan ukatzen, galdetzen edo agindu nahiz modalitatearen pean ezartzen dena ez da aurrekariaren eta ondorioaren arteko erlazioa. Erlazio hori ez da zalantzan jartzen. Baieztatzen ez dena aurrekariaren gauzatzea da, eta horrek eragiten du ondorioa subjuntiboan emana izatea.

302 OEH s. v. non: “De uso gral. al Norte; entre los guipuzcoanos es usual hasta principios del s. XX, fecha a partir de la cual se hace muy escaso. En la tradición vizcaína sólo se documenta en Añibarro”.

303 Garatek okertzat jotzen du -(e)la menderagailuaren erabilera hau. Hain ona zen, denek maite zutela esaldiaren lekuan Denek maite zuten: hain zen ona gisakoak erabiltzea proposatzen du (1988: 207).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper