Euskararen Gramatika

33.3. Ondorio perpaus mendekoak


33.3. Ondorio perpaus mendekoak

33.3a Hain markatzailea hitza adjektibo edo adberbioekin erabiltzen da, esan den bezala, haiei dagokien intentsitatea adieraziz: Hain aberats egon behar du, non dena uzteko asmoa hartu duen (Barriola); Hain gozo eta egoki hitz egin zien ezen guztiak harritu ziren (Beobide); Baina hain doilorrak izan dira, zein eta ez didaten atera trago bat (Mogel); Nik izan nuen hain bihotz krudela, ezetz erran bainion, ezetz berehala (Luzaideko kantiak) —azkena ondorio-morfemarik gabe—304.

Sintagma kuantitatiboaren ordena besteetan [hain + adjektiboa/adberbioa] bada ere, ondorio perpausetan bere ondora dakar mailakatzaileak aditza sarri askotan, egitura markatua eratuz, batez ere adizkia sintetikoa denean: Hain zen pisua, non burua baitzidan apalarazten (Narbaitz); Hain zen eder eta galaia, non hura ikusteagatik leiho eta balkoietara irteten ziren damak (Agirre Asteasukoa); Hain da garrantzitsua ezen lehen ministroak berehala agertu behar izan baitu bere egitasmoa publikoki (Argia); ikus, hala ere, [Gauza hauek] hain premiazkoak dira, ze, hauek jakin gabe […] ezin salba ditekeen (Agirre Asteasukoa).

Maiztasun gutxikoa da, bestalde, hain mailakatzailearen lekuan horren eta honen erabiltzea: Aurpegi hura hain trukatua eta hain eta honen itsusi nazkagarria agertu zen, non […] (Kardaberaz); Horren arima galdukoak egiten gaituzu, zein eta sangriak emango ditugun diru gehiago irabaztearren (Mogel)305.

33.3b Hainbat eta Hainbeste zenbatzaileek zenbatekoaren neurri handia ematen dute aditzera, izenari edo aditzari dagokiena: Hainbat atsegin izan nuen ikustez, non uste bainuen behin ere ez nintzela geldituko haren eskua trinkatzetik (Mirande); Hainbeste lan egiten zuen, non beldur izaten bainintzen maiz, bera ere gaixotuko ez ote zen (Irigoien); Baina hainbeste mindu ziren, non esan zion batek besteari […] (Urruzuno). Sintagmak postposizio atzizkia duela ere erabiltzen da: Hainbeste denboraz espero izan du arrakasta, non orain ezin baitio uko egin (Etxezarreta); Hainbestetan irakurri zuen Pedrok gutuna, non, azkenean, buruz ikasi baitzuen (Irigoien).

Hainbeste(ta)raino morfema aditzaren zenbatekoari dagokio beti: Eta gero hainbesteraino bertutean aurreratu zen, non santu izateraino igo zen (Narbaitz); Emendatu zuen hainbertzetaraino batasun hura […], non ez baitzuten bihotz bat eta arima bat baizen (Jauretxe); Hainbesteraino elbarritu zuen eze, hila zelakoan […] utzi zuen (J. I. Arana).

Izenlagun edo adjektibo bilakatzen dira forma horiek -ko atzizkia hartuta: Hainbateko etsiak hartu zituen guztiak, non ez baitzuten gehiago inoren hiltzeko gogorik (Mirande); Agertu zuen oneraspena, hainbestekoa izan zen ezen, guztiak geratu ziren mirariturik (Iturzaeta). Postposizio atzizkiarekin: Eta hekien errabia hainbertzetarainokoan handitu zen, non haren ondotik baitzebiltzan haren preso altxatzeko eta hilarazteko (Joanategi).

33.3c Hala kualifikatzailea ere aditzarekin doala erabiltzen da, haren esanahiari dagokion intentsitatea edo nolakotasun aipagarria seinalatuz: Gaur zu ikusteak pozten nau hala, non iruditzen zaidan jai handi bat dela (Bilintx); Eta, ondoan, hala maitatu zuen Maria Balentina, non bere semearekin ezkontarazi baitzuen (Barbier).

Zehazten erraza ez den ezaugarri baten intentsitatea ematen du aditzera izenarekin doan Halako morfemak. Halako berriak zabaldu ziren, non biziki kezkaturik geratu ziren denak esaldiko ‘halako berriak’ sintagmak albisteen intentsitate handiko nolakotasuna aipatzen du, nolakotasun hori zehaztu gabe; ‘hain berri txarrak/hitsak/kezkagarriak…’ adierak iradoki ditzake sintagmak. Bestelako adierak ere iradoki ditzake: Kontatzen dituzte ipuin itsusiak, halako gatz eta piperrarekin, non gazteak egon ohi diren ahoa zabaldurik (Agirre Asteasukoa); Halako adiskidea izan da guganat, non […] ezarri baikaitu libertatean (Tartas); Hainbertze eta halako amoinak egiten zituen, non askotan fraide lagunek erraten baitzioten urrunegi zihoala (Joanategi); Halako boza omen zuen erretore dohakabeak non Porturaino aditu baitzuten katixima (Zerbitzari).

33.3d Halako eran / moduan / gisan / maneraz / moldez / suertez esapideek moduzko aurrekaria ezartzen diote ondoriozko perpausari. Aurreneko biak batez ere Hegoaldean erabiltzen dira: Halako eran itsutu zen, non, […] haien gezurrezkoak eta idoloak […] adoratu zituen (Lardizabal); Halako moduan aurkitzen da nekatua ezik ez dezake aldean pauso bat eman, bada bere aztalak koloka dauzka (Otaegi); Halako moduan aberastu zen, non auzoak haren ona ezin eramanaz, hasi ziren esetsi edo persegitzen (Lardizabal).

Besteak batez ere Iparraldekoak dira: Nehork ez zezan ezagut, eskale erromesenaren itxura hartu zuen, halako gisan non guztiek trufan baitzerabilten (Laphitz); Haren edermenek halako gisaz haren bihotza xarmatu zuten, non […] amorioak itsutu baitzuen (Tartas); Bizi zaitez halako maneraz non herioak ez baitzaitu sekulan ustegaberik atzemanen (Xurio); Halako moldez, tailuz eta suertez aitzinerat gobernatu non azken finean […] erdiets dezagun […] zeruko loria (Axular).

33.3e Morfema kuantifikatzailea edo kualifikatzailea daraman sintagma perpaus nagusiaren hasieran edo haren barnean joan daiteke: Hain beroa izan da aurtengo uda, non hondartzak beteak egon baitira egunero; Aurtengo uda hain beroa izan da, non hondartzak beteak egon baitira egunero. Zenbaitetan, hala ere, perpausaren azkenean ematen da, ondorio-morfemaren aurre- aurrean, egitura markatua eratuz: Emazu [zure burua] hain behera non batbedera baitabilke zure gainean (Xurio); Garturik irten zen hain biziro, non arraio bati da berdindu (Larramendi).

Inoiz, bestalde, [kuantifikatzailea/kualifikatzailea + ondorio-morfema] morfema konplexua eratzen da, eta perpaus nagusiaren ondoan ematen, aposizio gisa- edo. Non da horrelakoetan maizenik erabiltzen den ondorio-morfema: Astean behin ijitoak etortzen ziren gure patiora, hainbeste non herri oso bat zirela ematen baitzuen (Uribarri); Edaten eman omen zioten, eskatu ahala, hainbeste non gizonak sastar galanta bildu baitzuen (Alonso); Gogor zegoen hura bere ezean, hainbertzetaraino non tiraka ere ez baitzuen nehork mugituko (Larre); Halako zorion bat nabaritzen zuen bere baitan, hala non eguneango pentsamendu kiratsak oro urtu baitzitzaizkion (Mirande); Paparrean eskegita zeroan giltzak dirdira egin zidan, halako moduan non urrezkoa zela begitandu baitzitzaidan (Jimenez). Baina ezen morfemarekin ere eratzen da horrelako morfema konplexua: Zabiltzate munduan halako moduz eze, zuek ikusten zaituztenak eta zuen hitza aditzen dutenak, geldi daitezen bihotz-ukituta (Beobide); Ixten ziren portaleak ere, halako moduan eze, ezin sartu eta irten zitekeen herritik (A. M. Zabala).

304 Ohikoaz kanpokoa da perpausa nola morfemaz bideratzea: Uste al duzu Bizkaian hain jende biguna dela nola zeuen alardeen beldurrak daudela? (Bertso bizkaitarrak).

305 Hain mailakatzailearekin eginiko ondorio perpausen lekuan erlatiboarekin eginiko itzuli bat erabiltzen da inoiz hizkera arruntean. Hain garestia da etxea, ezen ezingo baitut erosi gisakoen lekuan, Den garestiarekin, ezin izango dut etxea erosi gisakoak, alegia (ikus 31. kapitulua).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper