Euskararen Gramatika

28.6.3. Baizik eta horren kideen aurkaritza (ez A, B baizik)


28.6.3. Baizik eta horren kideen aurkaritza (ez A, B baizik)

28.6.3.1. Sarrera

Aurkaritza mota hau bideratzen duten juntagailuak bat baino gehiago dira, nahiz ez duten denek ez hedadura ez jokabide berbera. Horra aurkezpen laburra:

Baizik: Hegoaldean erabiltzen da batez ere, bizkaieran izan ezik, eta juntaturiko perpaus edo sintagmaren ondoan nahiz aurrean kokatzen da: Ez da alaba jaiki, ama baizik / Ez da alaba jaiki, baizik ama.

Baino: bizkaieraz erabiltzen da, bigarren juntagaiaren ondoan beti: Ez da alaba jaiki, ama baino.

Ezpada: Hegoaldean erabiltzen da, bizkaieraz batez ere, bigarren juntagaiaren aurretik: Ez da alaba jaiki, ezpada ama.

Baina: aurkaritza mota hau adierazteko ere erabiltzen da baina, Iparraldean batez ere: Ez da alaba jaiki, baina ama.

Ez-baina: Hegoaldean erabiltzen da, honako egitura honetan: Alaba ez- baina ama jaiki da.

Ezezik eta ez … ezen ere erabili izan dira inoiz honelako aurkaritza aditzera emateko.

28.6.3.2. Aurkaritza honen zer-nolakoak

28.6.3.2a Aurreko atalean ikusi dugun aurkaritza eta oraingo honetan aztergai duguna ez dira mota berekoak. Baina-k, esan bezala, nolabait ere kontra dauden juntagaiak elkartzen ditu; edo zehatzago esateko, bata bestearen kontrako iradokizunak bideratzen dituzten juntagaiak. Orain aztertuko dugun aurkaritza-motan, ordea, galdegaien arteko kontrastea adierazten da, lehenari ezetza eta bigarrenari baietza ematen zaielarik.

Aurretxoan juntagailuak aurkezteko eman ditugun adibideek (ez da alaba jaiki, ama baizik, eta baliokideak) erakusten digute argi nolakoa den hemen gauzatzen den aurkaritza. ‘Jaiki dena’ nor den esaten digute perpaus horiek, honako adierazpen hau eginez: jaiki dena: [ez alaba, bai ama]. Eta horren irudikapena, berriz, honako hau izango litzateke: X: [ez A, B baizik], A eta B galdegai direlarik.

28.6.3.2b Gauzak argiago ikusiko ditugu, beharbada, aurkaritza-mota biak adibide bana emanez alderatzen baditugu. Demagun, esate baterako, honako bikote hau: Alaba ez da jaiki, baina ama sukaldean ari da / Ez da alaba jaiki, ama baizik. Lehenengo adibidean ‘kontrako iradokizuna bidera dezaketen’ perpaus bi juntatzen dira: alaba jaiki ez dela adierazten du batak, eta ama sukaldean ari dela besteak. Mintzagai biri buruz egindako iruzkinak, edo iruzkin horiek bideratzen dituzten iradokizunak, kontrastatzen dira hor: alabari buruz zerbait esaten da, eta amari buruz, berriz, horren aurkako beste zerbait. Mintzagai bakarrari eginiko ‘kontrako’ iruzkin bi ere elkar daitezke, noski, gorago esan dugun bezala. Bigarren adibidean, berriz, mintzagai bati zein galdegai dagokion esaten zaigu: jaikitze kontu hori nori dagokion, alegia, alabari ala amari. Galdegaiak kontrastatzen dira horrela juntaturiko perpausetan.

28.6.3.2c Gauza bera ikus dezakegu are hurbilagoko den bikote honetan ere: Alaba ez da jaiki, baina ama bai / Ez da alaba jaiki, ama baizik. Horietako lehenean, berriro ere, bakoitzak bere mintzagaia eta bere iruzkina dituen perpaus bi juntatzen dira: alaba jaiki ez dela esaten zaigu batean eta ama bai, jaiki dela, bestean. Perpausaren baietza eta ezetza berak dira hor galdegaiak. Ea alaba jaiki den eta ea ama jaiki den dira, hain zuzen, hor adierazten zaizkigunak. Alaba eta ama dira mintzagaiak eta bakoitzari buruzko iruzkina egiten da perpaus banatan. Hortaz, baizik juntagailuak ez du lekurik hor: *alaba… ez da jaiki, baizik ama.

Bigarren adibidean, ordea, ezetza eta baietza ez dira elkarturiko perpausen galdegaiak. Aitzitik, ezezkoa eta baiezkoa beste galdegai batzuen gainean daude eraikiak eta haiei dagozkie. Jaiki behar dena alaba ez dela esaten zaigu hor, ama dela. Hura dela pentsa dezake, beharbada, norbaitek, eta haren ustea ‘zuzendu’ egiten du perpausak.

Alderatzen ari garen bi perpaus edo bi aurkaritza-mota hauek honela irudika daitezke. Baina motako aurkaritzari dagokionez: [alaba ez da jaiki] baina [ama bai, jaiki da]. Baizik motako aurkaritza: ez [alaba jaiki da] baizik [ama jaiki da]. Azken hau beste era honetara ere irudika daiteke: jaiki dena [ez alaba, baizik ama] da. Mintzagaia bakarra da —jaikitze-kontua, hain zuzen— eta hari buruz eginiko galdegaia, berriz, konplexua. Horrexegatik esan liteke azken perpaus honetako juntagaiak —bata ezezka eta bestea baiezka— ez direla bata besteari gehiturikoak, elkarren osagarriak baizik, korrelatiboak banakaritzan bezala. Izan ere, bai…bai edo ez…ez banakaritzaren ondoan, ez… baizik gisakoa daukagu.

28.6.3.2d Baizik motako juntadura dagoenean, lehenengo ezezko perpausa ematen da, eta ondoren baiezkoa: Lehiaketa ez du Josuk irabazi, Mirenek baizik. Alderantzizko ordenarekin ezin dira baizik/baino/baina… elementuak azaldu: *Lehiaketa Mirenek irabazi du, ez Josuk baizik.

Egia da hemen aztertzen ari garen kontraste mota duten adibideetan —galdegaien kontrastea— berez bi ordenak posible direla: batzuetan baiezkoa doa aurretik, besteetan ezezkoa. Baiezkoa baldin bada aurrean doana, honako alborakuntza hau eratzen da: Ama jaiki da, ez alaba. Eta hor ezetza alaba-ri dagokionez, kontrastea zehatza da: ‘jaiki dena ama da, ez alaba’. Aurrean doana ezezkoa bada, ordea, baizik/baino gisako juntagailua erabiltzen da gehienetan. Izan ere, segida horretako alborakuntza hutsa ez da ezer euskaraz: *Ez da alaba jaiki, ama. Eta bai erantsita ere ez da behar bezala gauzatzen aditzera eman nahi den kontrastea: *Ez da alaba jaiki, bai ama. Izan ere, perpaus horretako lehen parteak ‘nor ez den jaiki’ adierazten du, eta bigarrenak, ostera, ‘ama jaiki denetz’, kontrasta ezin daitezkeen bi esaldi elkarren albora ekarriz. Kontraste egokia eta zehatza egiteko modu bat aditza errepikatzea izan daiteke, egitura enfatiko hau eratuz: Ez da alaba jaiki, ama jaiki da. Baina gehienetan, esan bezala, baizik/baino gisako juntagailua erabiltzen da: Ez da alaba jaiki, ama baizik. Eta horixe da, hain zuzen, atal honetan aztertzen ari garen aurkaritza-motari dagokion egitura.

Garbi dago, hortaz, aurkaritza honetako lehen juntagaia ezezkoa dela beti. Eta formalki ezezkoa gainera, ez baita nahikoa esanahiaren aldetik negatiboa izatea, ondoko adibide hauek erakusten duten bezala: Ez naiz zurekin joango, Idoiarekin baizik / *Zu gabe joango naiz, Idoiarekin baizik.

28.6.3.2e Orain arteko azalpenetan, gauzak erraztearren, sintagma bakar batez osaturiko galdegaiak eman ditugu ia beti. Baina baizik motako aurkaritzan sintagma bat baino gehiago ere jar daitezke kontrastean; eta tartean aditza bera ere egon daiteke: Gutun hori ez dut etxean eskuz idatzi, bulegoan makinaz baizik; Haren hautsak ez zituzten itsasora bota, mendian zabaldu baizik. Galdegai moduan perpaus osoak ere kontrasta daitezke, honako adibide honek erakusten duen bezala: Jaungoiko Semeak ez du amarik Jaungoiko den aldetik baizikan Jaungoiko Aitagandik bakarrik sortua da (Inza). Edo hain ezaguna den Gure Aita otoitzaren garai bateko bertsioko esaldikoak bezala: Ez gaitzazu tentazioan erortzen utzi, baizik libra gaitzazu gaitzetik. Esaldi horretan tentazioan erortzen utzi eta gaitzetik libratu dira kontrastean ipinitako galdegaiak, (zuk gu)… gaitzazu delarik bi perpausetako mintzagaia. Honelako perifrasi honek argitu dezake esaldi horretan gauzatzen den kontrastea: Zuk guri egin behar diguzuna da ez tentazioan erortzen utzi, baizik gaitzetik libratu.

Beraz, adibide horiek erakusten dutenez, galdegaiak perpaus osoak izanik ere aipaturiko kontrastea berdin gauzatzen da. Argi ikusiko dugu hori bera honako bi perpaus hauek alderatzen baditugu (Hegoaldeko erabileraren arabera, jakina; izan ere, Iparraldean baina erabiltzen da perpaus bietan): 1) Miren ez zen biltzarrera etorri, baina txostena bidali zuen; 2) Miren ez zen biltzarrera etorri, baizik txostena bidali zuen. Desberdintasun bakarra baina eta baizik elementuak dira; baina bakoitzak adierazten duena eta aurkaritza-mota desberdina da.

Bi adibideetako lehena baina-gisako aurkaritzari dagokio. Hortaz, elkarren “kontrako” bi adierazpen ditugu hor: alde batetik, Miren biltzarrera ez zela etorri egiatzat ematen da (perpausaren ezetza aintzat hartuz, bera baita perpausaren galdegaia), baina beste alde batetik —etorri ez izanak biltzarraz guztiz ahaztu zela iradoki badezake ere—, txostena bidali zuela baieztatzen da.

Bigarren adibidea, berriz, baizik-gisako aurkaritzari dagokio. Biltzarraren kontu horretan Mirenek zer egin zuen esaten zaigu hor, ‘galdegai’ gisako bi perpaus kontrastatuz: hura biltzarrera etorri zela usteko du beharbada norbaitek eta ezetz esaten zaio (‘biltzarrera etorri zela’ ukatu egiten da, ezetza galdegaiari baitagokio, hau da, ‘biltzarrera etortzeari’); izan ere, Mirenek egin zuena izan zen, ez biltzarrera etorri, baizik txostena bidali. Beraz, juntagaia konplexua izan arren, bigarren aurkaritza-mota honi dagokion egitura dugu hor ere: mintzagai bati (Mirenek egin zuena) bi galdegairen arteko kontrastea eransten zaio, bata ezeztatuz eta bestea baieztatuz. Horrelako egiturarik ez balego, ezin izango litzateke baizik juntagailua erabili: *Miren ez zen biltzarrera etorri, baizik lasai geratu gara. Perpaus hori okerra da, irakurketa normalean, hor mintzagai bati buruzko galdegaien arteko kontrasterik ez baitago. Aldiz, ez dago inolako eragozpenik egitura hori eskatzen duen lehen aurkaritza motari dagokion baina juntagailua erabiltzeko: Miren ez zen biltzarrera etorri, baina lasai geratu gara.

28.6.3.2f Aurkaritza honen egitura funtsean beti bera den arren, honako beste segida markatu hauek ere egin daitezke:

Egitura perifrastikoa, mintzagaia perpaus erlatibo baten bitartez bereizten duena: Jaiki dena ez da alaba, ama baizik.

Aditza perpausaren lehen buruan duena: Jaiki da ez alaba, baizik ama.

Aditza perpausaren azken buruan duena: Alaba ez, baizik ama jaiki da.

28.6.3.3. Ezabaketak

28.6.3.3a Orain arte aztertu ditugun adibideetan garbi ikusten denez, ‘errepikatutako’ elementuen ezabaketa bere-berea du aurkaritza mota honek, galdegaia ez beste guztia izaten baita berdina. Juntagaietako bat bestea baino laburragoa izaten da normalean; batean osagai guztiak daude agerian, eta bestean, aldiz, galdegai ‘berria’ baizik ez: Mikelek ez du dirua eskatu, baizik lana (eskatu du Mikelek). Horixe da baizik motako aurkaritzak erakusten duen joera nagusia. Izan ere, juntadurak berak eskaintzen du isilpean utzitako osagai horiek argitara ekarri eta berreskuratzeko modua. Nolanahi ere, kontrastatzen diren galdegaien ezaugarrien arabera, egoera desberdinak aurki ditzakegu.

Kontrastean ipinitako galdegaiak perpausak edo iruzkin osoak badira, ez dugu zer ibili elipsien bila: —Zergatik bidali zuten bada kongregaziotik Mikela- Inaxi? —Zuek horrela kontatzen dituzue gauzak; ez zuten bidali, baizikan bera atera zen (B. Mokoroa).

Askotan, ordea, iruzkinaren osagai bat edo beste baizik ez da izaten perpausaren galdegai. Eta horrelakoetan, hain zuzen, galdegai ez den hori guztia, berdina denez, bigarren juntagaian ezabatuta geratzen da. Mota honetako adibide asko eman ditugu dagoeneko: Ez da aita joango zuregana, baizik ama (joango da zuregana); Ez zuen bere izena ematen, bainan alegiazko izen bat (Hiriart-Urruti).

28.6.3.3b Bi adibide horietan aditz bera da lehen perpausean agerian eta bigarrenean isilpean geratu dena —pertsona, denbora, aspektua eta guzti, alegia—: joango da lehenean, ematen zuen bigarrenean. Baina ezaugarri batzuk diferenteak izanik ere, ez dirudi elipsirako debeku handirik dagoenik, baldin eta agerian utzitako zatiak ezaugarri horiek berreskuratzeko modua ematen badigu behintzat: Ez zen erbia, baizik baratxuri zopak [ziren]; Ez naiz ni joango, baizik ama [joango da]; Ez zen atzo etorri, gaur baizik [etorri da]. Lehen bi adibideetan aditzari dagokion pertsona aldatu egiten da juntagai batetik bestera: hura/haiek lehenean, eta ni/hura bigarrenean. Baina, hala ere, ez dago debekurik aditza isilpean uzteko, agerian dagoen galdegaiak aldaturiko ezaugarria berreskuratzeko modua eskaintzen baitigu. Hirugarren adibidean, berriz, aldia da aldatzen dena (+iragana/-iragana), baina hor ere zuzena gertatzen da elipsia, agerian utzitako galdegaiak —gaur— ezaugarri hori berreskuratzen laguntzen baitigu. Baina, aspektua aldatu nahi denean, adibide okerrak sortzen zaizkigu: *Ez zen atzo etorri, bihar baizik [etorriko da]. Adibide horretan, aldia ez ezik aspektua ere aldatu egiten da perpaus batetik bestera, eta horrek galarazten du, itxuraz, elipsia.

28.6.3.3c Adizki laguntzailea ere izan daiteke gorderik uzten den osagai bakarra, baina ez nolanahi. Ondoko adibidean, esate baterako, aditzen egitura argumentala desberdina izanik, ezin da laguntzailean isilpean utzi; zuten eta zen, biak eman behar dira agerian: —Zergatik bidali zuten bada kongregaziotik Mikela-Inaxi? —Zuek horrela kontatzen dituzue gauzak; ez zuten bidali, baizikan bera atera zen (B. Mokoroa). Laguntzailea juntagai bietan bera denean, ordea, isilpean utz daiteke bigarrenean, debeku handirik gabe: Euskaraz guk mintzo landu elertitsu bat egin-nahiak ez du amorrarazten, errukiarazten [du] baizik (Lizardi). Bigarren aditzak, gainera, laguntzailearekin batera aspektu marka ere utz dezake isilpean, bereziki Hegoaldean: Eskurik esku iraulka erabili arren, ezta inoiz birrintzen hatz artean itsatsi baizik, pikea bezala (Ibinagabeitia). Itsatsi partizipioa neutroa da hor aspektuari dagokionez, hau da, markatu gabea. Lehen perpauseko birrintzen-ek ‘luzatzen’ dio bere ezaugarria eta horri esker berreskuratzen dugu isilpeko aditza: (itsas)ten.

28.6.3.4. Baizik juntagailua

28.6.3.4a Behin eta berriz azaldu dugunez, aurkaritza hau bideratzeko erabiltzen diren juntagailuek ez dute denek jokabide bera. Malguena eta mugikorrena baizik da, juntagaiaren aurrean nahiz atzean joan baitaiteke. Tradizioan formarik erabiliena ere baizik izan da, baina euskalkiaren eta autorearen arabera beste aldaera batzuk ere aurki ditzakegu: baizikan, baizi, baiezi, baiezik, baiezila, beizi, beizik, bezi, bezikBaizen ere erabiltzen da adiera honetan: Eta ematen ez badute, bihotz gogor badira, ez dira hargatik aberastenago, pobretzenago baizen (Axular); Zertako eta norentzat egin ote nau Jainkoak? Ez bertzerentzat, beretzat baizen… (Duhalde).

Baizik juntagaiaren ondoan ezartzen da eskuarki, hura laburra denean behintzat: Ez da hori eginkizuna, ezinkizuna baizikan (Larramendi); Eta ez da arroztasuna, egia baizik (Agirre). Aurrean ere joan daiteke, ordea, ondoko bi adibide hauek alderatuz ikus dezakegun bezala: Berehalaxe erakutsiko dizuet denoi eta ez bat, zazpi baizik (Etxaide); Eta bisitatzen zuen ez eliza bat, baizik anitz eliza (Lizarraga).

28.6.3.4b Bigarren juntagaia luzea eta konplexua denean, berriz —aditza eta guzti daramana, esate baterako— haren aurrean kokatzeko joera erakusten du baizik-ek: Ez ziren erlijiosoak oso ezeztatu; baizik eskatu zuten Jaungoikoaren izenean lehorpe bat (Beobide). Horrelakoetan ez dirudi juntagailuak perpausaren ondoan leku har dezakeenik: ? […]; Jaungoikoaren izenean lehorpe bat eskatu zuten baizik.

Juntagaiaren aurrean doanean, esanahiaren aldetik ezer berririk eransten ez dion eta gehigarria berretu ohi zaio inoiz juntagailuari, baizik eta forma hartuz (zeren eta, nahiz eta, edota eta horrelakoetan gertatzen den bezala). Juntagaia luzea eta konplexua denean gertatzen da hori, batez ere: Baño ez han gelditzeko, baizik eta tenorez handik etxeratzeko (Larreko); Ez legoke Erioarentzat lekurik, baizik eta bizirik izardietara aldatuko lirake zeru garaiena iristeko (Ibinagabeitia). Ere diskurtso markatzailea ere berretzen zaio inoiz: Lagun ezazu beraz zure laguna, ez dirutan, baizik-ere ordainean (Duvoisin); Kantu hok egin dira / ez libertitzeko, / baizik ere guziek / esenplu hartzeko (Bordel).

28.6.3.4c Baizen forma ere erabili izan da aurkaritza-mota hau aditzera emateko, juntagaiaren ondoan nahiz aurrean: Ez dut gehiago neuretzat bizi nahi, zuretzat baizen (Materre); Baina horien penak, infernukoak bezala betiko ez dira; baizen beren kulpen lohiak garbitu, eta pagatu arteraino (Kardaberaz).

28.6.3.5. Baino eta Ezpada juntagailuak

28.6.3.5a Baino juntagailua Hegoaldean erabiltzen da, bizkaieraz batez ere. Baldintza jakin bat du: juntagaiaren ondoren kokatzen da beti, inoiz ez aurrean: Eztot gixonakaitik egin, Aberrijagaitik baño (Lauaxeta); […] ez jakon egoki kaltegarri baiño (Erkiaga). Hortaz, galdegai laburrak kontrastatzen direnean erabiltzen da batez ere baino hau. Galdegaiak konplexuak eta luzeak direnean, ordez, nekez agertuko da.

28.6.3.5b Ezpada juntagailua, berriz —mendebaldean erabilia—, juntagaiaren aurrean kokatzen da beti, azken hau luzea zein motza izan: Errua ez dauka aitak, ezpada semeak; Gure semea ez da lanera joan, ezpada etxean geratu da. Gramatikari batzuek okertzat hartu izan dute inoiz ezpada hau, erdal itxurakoa eta sasikoa dela esanaz. Iritziak iritzi, ordea, ezin da ukatu aipatu hizkeretan erabiltzen dela eta goiko perpaus horiek bezalakoak zuzentzat dituztela hizkera horietako euskaldunek. Testu zaharragoetan ere ageri da, bigarren juntagaiaren aurrean beti: Ez jako beliari usua esaten ezbada belia (Frai Bartolome); Ez beste gauza gaiti, ezbada […] iraun ezin dabelako (Frai Bartolome); Neskatxa ez ilda, ezpada lo datza (Lardizabal).

28.6.3.5c Esanahi bertsuko beste egitura bat ere badu bizkaierak, ba(ga)rik hitza erabiliz gauzatzen dena, A barik B… gisakoa, hain zuzen: Orreik andra ergelok, bakalduntzat barik bakallutzat artu zaitubez zu (Otxolua). Ez dirudi, ordea, barik juntagailua denik. Ez partikulak hartzen duen leku bera hartzen du hor barik hitzak, ondotik inolako juntagailurik ez duela. Hortaz, alborakuntzaz eginiko elkarketa dakarkigu gogora egitura horrek: Alaba ez, ama jaiki da / Alaba barik ama jaiki da; Baserrian ez, kalean bizi da / Baserrian barik kalean bizi da. Kontuan hartu behar da, izan ere, esanahiaren aldetik antzekoak diren esamoldeek ez dutela zer izan egitura sintaktiko berekoak. Goiko perpausek, hain zuzen, esanahiaren aldetik aurkaritzako juntaduraren antza badute ere, egituraz alborakuntzaren pareko dira. Eta esanahi bertsuko bestelako egitura gehiago ere bada: Alaba jaiki beharrean ama jaiki da eta abar.

28.6.3.6. Baina juntagailua

28.6.3.6a Baizik-motako aurkaritza deitu dugunerako Iparraldean baina juntagailua ere erabiltzen dute: Ez zuen bere izena ematen, baina alegiazko izen bat (Hiriart-Urruti); Hanitzek obeditzen dute, ez amorez, bainan bortxaz (Xurio). Bibliako pasarte beraren aldaerak konparaturik garbi ikusten da Iparraldean baina juntagailuak balio hau izan dezakeela: Ezta hil neskatxa, baina lo datza (Leizarraga); Neskatxa ez ilda, ezpada lo datza (Lardizabal); Neskatilla au ez dago ilda, lo baino (Kerexeta).

28.6.3.6b Iparraldean baina juntagailuaren bi aurkaritza motak bereizteko arazorik ez da izaten gehienean. Bereizketa garbia da, noski, bi perpausak baiezkoak direnean edota bigarrena ezezkoa denean. Kasu horietan euskalki guztietako baina-ren aurrean gaude. Zalantza sor daiteke lehena ezezkoa eta bigarrena baiezkoa direnean, baizik-ek lotzen dituenak izan ohi diren bezala. Baina orduan ere, perpausaren egiturak esango digu askotan zein den dagokion adiera: ezezkoa galdegai bati dagokionean eta, hortaz, galdegaiak kontrastean ipintzen direnean, bigarren aurkaritza motaren aurrean gaude: Ez da alaba jaiki, baina ama. Galdegaia perpausaren ezezkoa bera denean, ordea, lehendabiziko aurkaritza-motaren aurrean egongo gara: Alaba ez da jaiki, baina ama sukaldean ari da; Alaba ez da jaiki, baina ama bai.

Zailago gertatuko da bereizketa horri antzematen perpaus osoak kontrastatzen direnean eta, hortaz, iruzkin osoa galdegai izan daitekeenean: Miren ez zen biltzarrera etorri, baina txostena bidali zuen. Intonazio kontuetan-edo sartzen ez bagara behintzat, horko baina hori Hegoaldeko baina-ren zein baizik-en pareko izan daiteke. Testu idatzian ez da erraz asmatzen lehen perpausaren galdegaia zein den, “biltzarrera etorri ez izana” ala “biltzarrera etorri ez izana”. Bestela esanda, “biltzarrera etorri zela” ukatzen den ala “biltzarrera etorri ez zela” baieztatzen. Lehenbiziko kasuan baizik-en pareko izango genuke perpaus horretako baina; bigarren kasuan, ez.

Dena den, horrelako kasuetan izan ezik, aski argi antzematen da nolako aurkaritza gauzatzen duen Iparraldeko baina-k.

28.6.3.6c Baina honek hartzen duen lekua ere bi juntagaien artekoa da beti: Ez zuen bere izena ematen, baina alegiazko izen bat (Hiriart-Urruti); Hanitzek obeditzen dute, ez amorez, bainan bortxaz (Xurio); Zer izanen da bada, ez bat bakarrik, bainan hainbeste milioi kondenatzen direnean? (Duvoisin).

28.6.3.6d Inoiz baina horri bai partikula eransten zaio ondotik eta, hortaz, lehen begiratuan pentsa liteke ezetza eta baietza berak direla perpausen galdegaiak, hots, ez gaudela baizik-en pareko aurkaritzaren aurrean, lehenbiziko baina-ri dagokion aurkaritzaren aurrean baizik. Ez da horrela izaten, ordea; galdegaia horrelakoetan ez da perpausaren baietza bera: Ezta niganik heldu hontarzuna, baina bai Iinkoaganik (Tartas); Zeren hori ez baitarozute haragiak eta odolak irakhatsi, bainan bai ene Aita zeruetan denak (Duvoisin); Humiltasunak ekarriko zaitu ez lagunarekin zure buruaren neurtzerat; baiñan bai haren ohoratzerat (Mihura). Perpaus horietan, bai partikula gorabehera, kontrastean ipintzen diren galdegaiak ez dira ezetza eta baietza, bestelako osagai batzuk baizik: niganik eta Iinkoaganik, aurreneko adibidean; haragia eta odolak eta ene Aita zeruetan denak, bigarrenan; eta lagunarekin zure buruaren neurtzerat eta haren ohoratzerat, azkenean. Beraz, baizik-en pareko jarraitzen dute.

Gauza bera ikusten da ondorengo bi perpausak erkatuta: Ezen ez naiz ethorri iustoen deitzera, baina bekatoren emendamendutara (Leizarraga); Ez naiz ezen prestuen deitzera ethorri, baina bai bekhatoreen (Duvoisin). Beraz, esan beharra da baina bai bikotea ere —bai partikula galdegaiaren aurrean doalarik— baizik-en pareko izan daitekeela Iparraldean, baina soila bezala.

28.6.3.7. Ez baina

28.6.3.7a Hegoaldean erabiltzen da. Ez partikula lehen juntagaiaren azken- azkenean kokatzen da eta bigarrenari, berriz, baina juntagailuak ematen dio hasiera, aditza normalean ondotik datorrela. “Hori ez baina hura [aditza]” egitura sortzen da horrela, alaba ez baina ama jaiki da gisakoa —alaba ez, baizik ama jaiki da egituraren parekoa—, baina-k baizik-en balio bera duelarik.

Jakina, ez da nahastu behar egitura hori lehen aurkaritza-motari dagokion “hori ez baina hura bai” egiturarekin. Goiko adibidean, esaterako, ama da galdegaia eta, hortaz, ezin da ama-ren eta jaiki da aditzaren artean etenik egin —ama, jaiki da egin, alegia—, aditzari buruzko baietza izango bailitzateke orduan galdegaia eta aurkaritza ere lehen motakoa izango litzateke: Alaba ez baina ama jaiki da (baizik motako aurkaritza); Alaba ez, baina ama, jaiki da (baina motako aurkaritza). Horietako lehena da orain aztertzen ari garena.

28.6.3.7b Egitura horretan, gainera, baina juntagailua aurrean duen ez partikulari atxiki ohi zaio sarri askotan, bien artean batasun gisako bat sortuz. Zenbait idazlek, hain zuzen, lotuta idazten dute: Osasunaz daudenak ez-baña gaixorik daudenek dute sendagile beharra (Orixe, Kerexeta, Zugasti); Mireni buruz ez-baña neure buruaz hutsegin dut (Txillardegi).

Egitura honek ere baizik-en pareko aurkaritza adierazten duela garbi ikusten da ondoko adibideetan: Haurra hila ez-baña lo dago (Orixe, Kerexeta, Zugasti); Nik konta ditzakedan gertaerak ez dira gain gaineko axala baizik, muin gordea estali ez baina ukiarazten digun itxura sotila (Mitxelena).

28.6.3.8. Baizik eta Baino hitzen erabilera “murriztailea”

28.6.3.8a Nolabaiteko antza izan dezakeen arren, zuzen-zuzenean aurkaritzako juntadurari ez dagokion beste erabilera bat ere badute bi hitzok; erabilera murriztailea deituko dugu, eta ondoko adibideotan ageri da: Ez dut maite zu baizik/baino; Ez dut zu baizik/baino maite; Zu baizik/baino ez dut maite.

Lehen begiratuan, hor osagai bakarra dago: ez [A baizik]. Eta osagai bakarra baldin badago, ezin da, noski, inolako juntadurarik egin. Egitura horrek egiten duena, hortaz, ez da bi osagai juntatu —bigarren osagairik ez baitago—, aditzak adierazten duena aipaturiko elementu bakar horretara mugatu eta murriztu baizik. Horien pareko da, hain zuzen, beste honako hau ere: Zu besterik ez dut maite. Garbi ikusten da baizik-en erabilera hori zenbakiekin ageri denean ere: Ez dira bi baizik etorri. Ez… bi baizik egituraren egitekoa etorri direnen kopurua bira murriztea da.

28.6.3.8b Komunztadura, bestalde, hura-rekin egiten du sarritan aditzak, sintagmaren lehen osagaia 1. edo 2. pertsonari dagokionean ere: Zu baizik ez dut maite; ?Zu baizik ez zaitut maite. Horrelakoetan badirudi zu baizik gisako egitura horrek hura-ri dagokion beste elementuren bat duela bere baitan, isilpean-edo, eta horrexekin egiten duela aditzak komunztadura. Agerian ere ikusten da inoiz delako beste elementu hori: Ez dut inor maite zu baizik; Ez dut beste inor maite zu baizik; Ez dut besterik maite zu baizik.

Horregatik esan dugu gorago egitura honek baduela aurkaritzako juntaduraren antza ere; ez A, B baizik egituraren antza, alegia. Antz hori ez da guztizkoa, ordea. Aurkaritzako juntaduran kontrastean ipintzen diren elementuak bere eskukoak izaten dira beti, nolabait esateko. Bataren esanahia ez dago nahitaez bestearekiko erreferentzian. Egitura murriztailean, berriz, lehen elementua ezin da bigarrena gabe behar bezala ulertu. Izan ere, lehen perpauseko inor, beste inor eta besterik horiek ez dira guztiz bere eskuko elementuak, bigarrenari erreferentzia egiten diotenak baizik: inor horrek, esate baterako, ez du berez eta bete-betean inor adierazi nahi, zu ez den inor baizik. Eta beste ere ezin da ulertu bigarren osagaiaren argitan ez bada: zu ez den besterik.

Zenbaitetan, hala ere, osagai bikoitz horren lehen elementua falta denean —inor/ezer/deus edo horrelakorik ez dagoenean, alegia—, agerian dagoen elementuarekin ere egin dezake aditzak komunztadura. Nori osagaia duen adibidean, esate baterako, badirudi lehen elementua agerian dagoenean harekiko komunztadura egiten dela (ez diote inori eman, niri baizik), edo bestela bigarren elementuarekin egingo duela aditzak komunztadura (niri baizik ez didate eman).

Bestalde, egitura murriztaile honek ez du debekurik galdetzaileak erabiltzeko: Zer egin dut nik, ona baizik?; Nork egin du hori, nik baizik? Perpaus hauetan ez dago kontrasterik —‘ez hau, hura baizik’— bi elementuz osaturiko galdera murriztailea baizik: onaz beste zer?; nitaz beste nork?

28.6.3.8c Baizik-en aldaera den baizen ere erabiltzen da adiera honetan. Eta, orobat, Hegoaldeko baino ere: Zeren ez baitzen, bi urtez baizen, bekaturik egin gabe egon (Axular); Debozionea ez da Jainkoaren egiazko amodioa baizen (Pouvreau); Ez dezadan lauda zure gogara dena baizen, ez dezadan preza zuri preziatu zaizunik baizen (Xurio); Ez daukat etxe bat baño (Mogel); Ez dut gura beste ondasunik, zeu baino (Frai Bartolome).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper