Euskararen Gramatika

28.6.2. Baina juntagailua


28.6.2. Baina juntagailua

28.6.2.1. Sarrera

28.6.2.1a Aurkaritzako juntagailu nagusia da, eta Euskal Herri osoko idazleek erabili dute. Hizkeraren arabera zenbait aldaera agertzen dira: bana, bainan, baia, bena, baino… eta horietako batzuetan, palatalizazioaren eraginez, grafia desberdinak ager daitezke; adibidez, baina, baiña, baña.

28.6.2.1b Gramatika eta hiztegi gehienetan aditzera ematen denez, nolabait kontrajarriak dauden bi perpaus edo bi sintagma elkartzeko erabili ohi da eskuarki baina juntagailua. Bata bestearen ‘aurka’ dauden bi esaldi juntatzeko, alegia. Baina aurka egoteak, kasu honetan, ez du esan nahi lehenengo juntagaiak esaten duena bigarrenean ezeztatzea, edo lehenean ezeztatzen dena bigarrenean baieztatzea: aurkaritzako juntadura ez da A baina ez A gisako lotura, hori logikaren legeak haustea izango bailitzateke. Aurreko perpausari ez, hark iradoki edo suposaraz dezakeen zerbaiti egiten dio kontra bigarrenak. A perpausak B iradoki edo suposaraz dezake, baina hala ere kasu honetan ez B gertatu da: horra, gutxi gorabehera, aurkaritzako elkarketan esaten dena.

28.6.2.1c Ikus ditzagun, esate baterako, honako adibide hauek: Nire erlojua merkea da, baina ona; Euria ari du, baina ez naiz bustiko. Hori esaten duenak honako hau adierazten du gutxi gorabehera: ‘nire erlojua merkea da, bai, baina, hala izanik ere eta erloju merkeak gehienetan txarrak izaten badira ere, nire hau ez da txarra, ona da’; eta ‘euria ari du, bai, baina, hala izanik ere eta euria egiten duenean bustitzeko arriskua badago ere, oraingoan ni ez naiz bustiko’.

Iradokizun-kontu hori areago zehazten ez da erraza, noski. Bistakoa da, edozer modutan ere, oso zabal hartu beharreko gauza dela. Elkarketaren lehen perpausak suposarazten duenak ez du haren ondorio zuzena izan behar nahitaez; haren inguruan pentsaturiko zerbait ere izan daiteke: Ni ez naiz zinemara joan, baina laguna bai. ‘Ni zinemara joan ez izana’k ez du berez eta beti ‘laguna ere joan ez dela’ iradokitzen. Hiztunak baina juntagailua aukeratu duenean, ordea, horrela pentsa dezakeen mintzalagunaren usteari aurre egiten dio.

28.6.2.1d Iradokizunen kontua guztiz zehaztea erraza ez bada ere, lagungarri modura, ohar batzuk bederen aipa daitezke:

Batzuetan lehen perpausetik nahitaez ateratzen dena ez da iradokizuna, ‘nahitaezko ondorioa’ baizik, eta horrelakorik ezin du bigarren perpausak ezeztatu. Horrelakoetan ez dugu aurkaritzako juntadurarik izango. Afrikar izatea-k, esate baterako, amerikar ez izatea dakar nahitaez, irakurketa normalean bederen: nahitaezko ondorio baten aurrean egongo ginateke, ez iradokizun baten aurrean. Hortaz, ondorengo perpausa ez genuke zuzena izango: *Gizon hori afrikarra da, baina amerikarra. Lehen aipatu dugun *A baina ez A izango litzateke.

Beste batzuetan, gerta daitezke ‘iradokizun-itxurarik ez daukatenak’ ere, eta horrelakoek ere ez dute aurkaritzarako biderik ematen: ??Bihar jai da, baina japoniarrak asiarrak dira. Izan ere, perpausen esanahiari begira, oso irakurketa bereziren batean ez bada behintzat, bihar jai izatea-k ez du inolaz ere japoniarrak asiarrak ez direnik iradokitzen; eta adibidea ez zaigu oso onargarria iruditzen. Horrelako aurkaritza-egitura bati zentzua eman ahal izateko interpretazio eta inferentzia berezi samarretara jo beharko genuke; pentsatu beharko genuke: “Bihar jai da, eta normalena jai egunetan lanik ez egitea da, baina asiarrak orokorrean oso langileak dira, batzuetan neurriz kanpo, eta gerta daiteke egoera jakin batean enpresa japoniar horretakoek igandean lan egitea”. Iradokizunetan oso urrun joan beharko genuke, eta hiztunak normalean, iradokizun ‘zaila edo urrunekoa’ duten adibideak ez ditu erabiltzen, ulergarritasunaren mesedetan.

Oro har, arrazoiketa logikoak, kultur ezaguerak edo testuinguruak esango digute zer den bigarren perpausaren ‘aurka’ lehen perpausak iradokitzen duena, edo, zuzenago esanda, zer den bigarren perpausak lehenak suposarazten duenaren aurka iradokitzen duena. Demagun, esate baterako, ondoko perpaus bikote hau: Berandu da, baina joan egingo naiz; Berandu da, baina geratu egingo naiz. Lehen begiratuan badirudi ezinezkoa dela bi perpaus horiek zuzenak izatea; bietako batek okerra behar duela, alegia. Gauzak poliki ikusita, ordea, biak zuzenak izan daitezkeela ikusiko dugu. Izan ere, testuinguruak agintzen du hor. Eta asmatzen hasten bagara, hainbat testuinguru egoki asma dezakegu, batarentzat bezala bestearentzat ere. Honako hauek, adibidez: “Berandu da inoren etxera bisitan joateko eta, hortaz, badirudi ez nukeela joan behar, baina larri nabil eta joan egingo naiz, hala ere”. Edo: “Berandu da eta etxera joateko ordua iritsi zait, baina pozik nabil dantzan eta geratu egingo naiz”. Testuinguruak erakusten digu, esan bezala, zer iradokitzen duen lehen perpausak bigarrenaren kontrako egiten duela. Testuinguru hori gabe arraro egingo zaigu askotan perpausa. Edo pentsatuko dugu, aurkaritzako juntadura erabiliz norbaitek zerbait esan duelarik, testuinguruan izango dela kontrakotasun horri bidea emango dion zerbait236.

Are gehiago, sarritan aurkakotasuna iradokizunen artekoa da: bigarren perpausak batzuetan ez dio aurrekoaren iradokizunari zuzenean kontra egiten, beste iradokizun baten bitartez baizik. Horixe da, hain zuzen, ondoko adibide honetan gertatzen dena: Euria ari du, baina badut euritakoa. Perpaus honen iruzkina hau litzateke: “Euria ari du (eta, beraz, bustitzeko arriskua dut), baina euritakoa dut (eta, hortaz, ez naiz bustiko)”. Irudikapen informala, berriz, beste honako hau: [A ( → C), B (→ -C) eta hala ere: A+B].

Beste adibide bat emango dugu: Euria ari du, baina Jon zain dut. Iradokizunen jokoa honako hau izan daiteke: “Euria ari duenez, eta bustitzeko arriskua dudanez, normalena etxetik ez irtetea litzateke. Baina Jon zain dut, ez dut egoki ikusten huts egitea, eta ziurrenera bustiko banaiz ere, etxetik irten egingo naiz”. Aurkaritzaren gaia ‘etxetik irtetea’ da; baina ez da enuntziatuetan azaltzen; iradokitako zerbait da.

28.6.2.1e Horra, beraz, labur esanda, zer den baina juntagailuaren bitartez gauzaturiko aurkaritzak egiten duena eta egiten ez duena:

Ez nahitaez baiezko perpaus bati beste ezezko bat elkartu.

Ez, bigarrenik, esaldi bat baieztatu eta ondoren hura bera ezeztatu.

Ez, hirugarrenik, perpaus baten nahitaezko ondorioa ezeztatu ere (*Gizon hori afrikarra da, baina amerikarra), hori ere zerbait aldi berean baieztatzea eta ezeztatzea izango bailitzateke.

Ez, azkenik, perpaus bat eta honen iradokizunekin zerikusirik ez duen perpaus bat elkartu ere (?Bihar jai da, baina japoniarrak asiarrak dira).

Bai, ordea, perpaus bat eta haren iradokizunari ‘aurka’ egiten dion beste perpaus bat juntatu: Euria ari du, baina ez naiz bustiko.

Bai, orobat, aurkako iradokizunak dituzten perpaus bi juntatu ere: Euria ari du, baina badut euritakoa; Euria ari du, baina Jon zain dut.

28.6.2.2. Juntagaiak

28.6.2.2a Orain arteko adibideetan juntagaiak perpausak izan ditugu. Eta egia da sarri askotan perpaus osoak izaten direla baina juntagailuaren bidez elkartzen direnak. Baina perpausa baino txikiagoko elementuak ere elkartu ditzake. Betiere, baldintza batekin: predikatuak elkartzen dituela baina-k. Horrela, adjektiboak edo adjektibo sintagmak elkartzeko arazorik ez da izango: Jaungoiko ttipi baina adoragarria; Leku urrun baina lasaian bizi gara. Eta esan dugunetik ondorioztatzen da izen sintagmak ezin izango direla juntatu baina-ren bidez: *Aita baina ama etorri da; *Haragia baina arraina jan dut. Horretan, emendiozko juntaduratik eta juntadura hautakaritik urrundu egiten da aurkaritzakoa.

Beste batzuetan, juntaduretan gertatzen diren ezabaketen ondorioz, lehen begiradan beharbada perpaus osorik ez da ikusten: Gaurko egunean kaletarrak ondo bizi dira, baina nekazariak gaizki; Azeri zaharrari ilea joan zaio, baina antza ez. Baina hauetan ere predikatuak ditugu tarteko: iruzkinak dira juntatzen direnak, juntagai biek mintzagai nagusi bakarra dutelarik; isilean geratu eta bi juntagaietan ulertzen diren elementuak agerian emango bagenitu, perpaus osoen juntadura izango genuke; eta ez elementua —eta dagokionean, predikatuaren baiezkotasuna adierazten duen bai— aditz sintagmaren ordain izaten dira horrelakoetan. Eta beste molde honetakoak ere aurkitu ditzakegu: Aita bai, baina ama ere etorri da; Aita ez, baina ama etorri da. Berriro ere bai eta ez aditz sintagmaren ordainak dira eta, horrenbestez, predikatua tarteko denez, ez dago eragozpenik aurkaritzako juntadura egiteko. Izan ere, hor elkartzen direnak ez dira subjektuak, bina perpaus oso baizik: Aita bai (etorri da), baina ama ere etorri da; Aita ez (da etorri), baina ama etorri da.

28.6.2.2b Bada beste ezaugarri bat eta/edo/ala juntagailuetatik desberdina: badirudi baina-k ez dituela normalean juntagai bi baino gehiago elkartzen. Ondorengoak, adibidez, ez genituzke zuzenak izango: *Mikel gaixo dago, baina ospitalera eraman dute, baina berehala sendatuko da; *Josu gaztea baina langilea baina alaia da. Lehen adibidea, noski, zuzena izango litzateke aurreko edo ondoko bi perpausak eta juntagailuz elkarturik baleude: Mikel gaixo dago eta ospitalera eraman dute, baina berehala sendatuko da; Mikel gaixo dago, baina ospitalera eraman dute eta berehala sendatuko da. Baina orduan, hiruna perpaus izan arren, aurkaritza bi multzoren artean gauzatuko litzateke: [Mikel gaixo dago eta ospitalera eraman dute], baina [berehala sendatuko da]; [Mikel gaixo dago], baina [ospitalera eraman dute eta berehala sendatuko da]. Eta horixe da kontua: baina-k aurkaritza bakarra gauzatzen duela juntadura bakoitzean eta, hortaz, ez dituela bi juntagai baino gehiago elkartzen.

Zenbaitetan, egia da, badirudi bi juntagai izatearen debeku hori horren guztizkoa ez dela. Ondoko adibidean, esate baterako: Bera ez dela joango esan du aitak, baina semea bai, baina denbora laburrerako. Baina adi begiratuz, ohartuko gara hor maila desberdineko juntadura dugula. Aurkaritza A (aita ez da joango) eta B (semea joango da)-ren artekoa da. Ondoren, aurkaritza horretatik ateratzen den ondorioaren kontra (semea joango da), bigarren aurkaritza bat dugu, baina C (baina denbora laburrerako).

28.6.2.3. Ezabaketak

28.6.2.3a Aurkaritzako juntaduran ere askotan izaten dira —emendiozko juntaduran edo juntadura hautakarian bezala—, ezabaturiko osagaiak, juntadurari esker “berreskuratzen” direnak. Izan ere, enfasiaren zerbitzuan-edo ez bada behintzat, hauxe da juntaduraren joera nagusia: komunak diren osagaiak ez dira juntagai batean baizik ageri. Kasu hauek emendiozko juntaduran aztertu ditugu sakontasun handiagoz, eta oro har, juntadura-mota guztietarako baliagarri da han esandakoa. Nolanahi ere, aurkaritzako juntaduraz ari garelarik, bada oso kontuan izan beharreko puntu bat: esan dugu aurkaritzan predikatuak bakarrik juntatzen direla; eta ondorioz, emendiozko juntaduran era desberdineko sintagmak elkartzean gerta zitezkeen kasuetako asko ez ditugu aurkituko hemen. Baina-ren bidez perpausak juntatzean gertatzen diren ezabaketak izango ditugu.

28.6.2.3b Asko eta asko, hustuketa egiturak deituraren azpian bildu ditugunen moldekoak izango dira: Zuk garajean utzi duzu autoa, baina nik kalean; Zuk etxean egiten duzu lo baina nik kalean. Aurreko adibide hauetan, iruzkinaren zatirik handiena berdina dute, eta desberdina den elementua galdegaia da; berdinak diren elementuak ez dira bigarren juntagaian azaltzen. Adibiderik gehienetan aditza eta beste elementuren batzuk ezabatzen dira bigarren juntagaian, baina ez da nahitaezkoa, aditza bera ere izan baitaiteke galdegai: Aurreko astean irabazi egin genuen, baina aste honetan galdu. Ezabaketa bigarren juntagaian egiten da eskuarki, eta lehen juntagaian egiten bada, egitura markatuagoa gertatzen da, eta intonazioaren eta zenbait ezaugarriren aldetik desberdintasunak ditu: Zuk garajean baina nik kalean utzi dut autoa; Zuk etxean baina nik kalean egiten dut lo. Alde horretatik, emendiozko juntadurako perpaus-ezabaketen ikusi genituen aukera eta debeku berak agertzen dira hemen ere.

Kasu batzuetan iruzkin osoa izaten dute berdina juntagai biek, batak baiezka eta besteak ezezka. Bai eta ez azaltzen zaizkigu orduan: Aita garaiz iritsi da, baina ama ez; Aita ez da garaiz iritsi, baina ama bai. Gerta daiteke bi perpausetan iruzkina baiezkotasunaren edo ezezkotasunaren aldetik berdina izatea, eta orduan ere erantsi ohi da: Aita garaiz iritsi da, baina ama ere bai; Aita ez da garaiz iritsi, baina ama ere ez. Hauetan guztietan emendiozko juntaduran zehaztutako jokamolde eta aukera berak aurkituko ditugu. Kontuan izan behar da bai eta ez direla hauetan perpausaren galdegai eta iruzkin osoa; baietza eta ezetza berak dira, nolabait esan, hor kontrastatzen direnak.

28.6.2.3c Perpausek bestelako galdegaiak dituztenean, ordea, eta hortaz, perpausaren baietza eta ezetza galdegai horien gainean eraikiak daudenean eta haiei dagozkienean, bestelako egitura batzuk sortzen dira, eta baina daramatenen aurkaritzatik urrunduz, aurkaritza-mota desberdin bat gauzatzen da; eta ezabaketei dagokienez ere apur bat desberdin jokatzen da. Elkarketaren lehen perpausa baiezkoa baldin bada, honako egitura hau sortzen da: Goizean etorri da, ez arratsaldean. Ikusten denez, goizean eta arratsaldean dira kontrastatzen diren galdegaiak. Eta elkarketaren lehen perpausa ezezkoa denean, berriz, honako beste egitura hau sortzen da: Ez da arratsaldean etorri, goizean baizik. Arratsaldean eta goizean dira hor ere galdegaiak, eta ezetza, aurrean doalarik, arratsaldean galdegaiari dagokio (‘etorri dela bai, baina ez arratsaldean’ esan nahi du elkarketaren lehen perpausak). Molde honek sortzen du baizik motako aurkaritza.

28.6.2.4. Tokia

Orain arte emandako adibide guztietan juntagaien artean kokatua ikusi dugu baina juntagailua. Eta horixe du, hain zuzen, lekurik ohikoena eta nagusia euskalki guztietan: juntagaien artekoa.

Ez du, ordea, kokagune bakarra. Perpausaren hasieran ager daiteke, lokailu modura (baina nondik zatoz?), beste juntagailu batzuekin gertatzen den bezala. Horrez gain, Hegoaldean —eta batez ere Hegoaldeko mendebaldean— bigarren perpausaren barruan eta azkenean ere erabiltzen da inoiz juntagailu hau; baina horrelakoetan ere badirudi lokailu zeregina betetzen duela. Hona zenbait adibide: Nik neuk errezau egiñagatik bere alboan, ai! Arek baña, berbarik ez deust erantzuten (Arrese Beitia); Zein zan baiña gizon ori? (Agirre); Eta antxe egoan aritz baten zuloan sartu zan. Buztana ageri baiña! Eta otsoak buztanetik eldu! (F. Bilbao); Bein, juan zan guraso bat bere semeari elgorrixa osatzen ibilli zan medikuarengana kontua pagatzera —Zerbait merkatuko destazu baña. —Merkatu? Zer dala-ta? (San Martin). Adibide hauetan ez dago benetako perpaus-juntadurarik. Juntatu gabeko perpausetan agertzen da hor baina, lokailuek hartu ohi duten kokaleku eta inguru bertsuetan eta zeregin bertsua betez. Hortaz, perpausen arteko lotura semantikoa bideratzen du baina-k adibide horietan; elkarketa edo juntadura sintaktikoa gauzatu gabe ordea, junta daitekeen bigarren perpausik ez baitago237.

28.6.2.5. Aurkaritza eta kontzesioa

28.6.2.5a Baina motako aurkaritzaren eta kontzesiozko menderakuntzaren artean parekotasun handiak daude (ikus 39. kapitulua). Elkartzen diren perpausen artean erlazio semantiko eta pragmatiko berdintsua dago —bietan ere kontraste mota bera agertzen da—, eta oso erraza gertatuko zaigu gehienetan aurkaritzako adibideak kontzesiozko perpausen bidez ematea: Euria ari du, baina kanpora irtengo naiz / Euria ari duen arren, kanpora irtengo naiz; Ezker ona du, baina pilota asko joaten zaizkio zabalera / Nahiz eta ezker ona izan, pilota asko joaten zaizkio zabalera. Parekotasun hori nabaria izan arren, ezaugarri sintaktikoak kontuan hartuz, aurkaritza juntaduraren barnean sartzen dugu, eta kontzesioa perpaus menderatuen sailean238 (ikus § 28.3 eta § 28.6.1).

28.6.2.5b Balioaren eta kontrastearen aldetiko parekotasunak nabariak diren arren, desberdintasunak aurkituko ditugu aurkaritzaren eta kontzesioaren informazio-egitura aztertzean. Aurkaritzakoetan bigarren zatia —edo haren iradokizuna— nabarmentzen da, ‘emaitza’ (… baina kanpora irtengo naiz / … baina pilota asko joaten zaizkio zabalera). Kontzesiozkoetan, berriz, erlazioaren ‘jatorriari’ garrantzi handiagoa ematen zaio (euria ari duen arren… / nahiz eta ezker ona izan…). Baina aurkaritzakoaren ondoren informazio berria ematen da; kontzesiozko menderagailuak besarkatzen duen zatian, bestalde, informazio ezaguna aurkezten zaigu.

Pragmatikaren ikuspuntutik ere komunikazio-estrategia desberdinak erabiltzen ditu hiztunak bi egituretan. Kontzesioaren estrategia hautatzen denean, hiztunak itxuraz egoera bat onartzen du, baina aldi berean aurka egiten dio; aurkaritzaren estrategian, egoera baten edo igorleak zerbait esatearen kontra agertzen da. Kontzesioa eta aurkaritza bideratzen duten markek, elkartzen diren bi perpausen arteko inferentziak abiarazteko edo bertan behera uzteko zeregina izaten dute, eta bi egituretan molde desberdina azaltzen da. Kontzesiozko perpausetan, baliogabetutako aurrekari edo kausa bat aurkezten da, eta kontrakoaren bidera eramaten gaitu kontzesiozko menderagailuak: ‘eskuarki X gertatu ohi da, baina kasu honetan…’. Aurkaritzakoetan berriz, lehenengo juntagaian adierazpen bat egiten da, eta ez da horrelako inferentziarik abiarazten; baina-ren ondoren sortzen da aurkakotasuna, eta lehenengo zatiak egiten duen iradokizunari kontra egiten zaio.

28.6.2.5c Baina menderakuntza gisako egituretan ere erabiltzen da. Eskuarki juntagailu bada ere, batzuetan perpausaren azkenean kokatzen da baina, eta kontzesiozkoen pareko balioa hartzen du: Dana jadetsi eben, kosta jaken baña (K. Enbeita); Oien fedea ez da zuzena, baietz uste dute baña (Euskal Jokoak). Azkuek, adibidez, ondorengo adibideari aurkaritzako juntaduraren balioa ematen zion: Eztakigu norena den, baiña jan zazu. Aldiz, baina azkenean dela, kontzesiozkotzat hartzen zuen: Jan zazu, eztakigu norena den baiña. Erabilera hori Bizkaiko eta Gipuzkoako testuetan bakarrik azaltzen da239: Eskalerik, zarrak gera baina, eztegu inoiz ezagutu (Azkue); Bai, amonatxok ekarriko dizu jostallu eder ederra, zeu bezelako jostallurik iñon eztago baña! (Agirre).

Erabilera honek eta-ren jokabidearentzat eman ohi den oinarri edo arrazoi linguistiko berbera du: baina-k ere badu enklitiko bihurtzeko aukera, eta gisa horretan, juntaduratik menderakuntzarako bidean jarriko litzateke. Ikus Xenpelarren bertso ezagun baten zati hau: Aitak ill ziran baño / semeak oraindaño / legea degu guardatu. Baina aurreko perpausari loturik azaltzen da. Gainera, era horretara lotutako perpausak trukatu ere egin daitezke beren artean, aurrekoa atzera eta atzekoa aurrera pasaz: Gaixo dago eta, ez da etorri / Ez da etorri, gaixo dago eta; Ez dit idatzi baina, maite nau / Maite nau, ez dit idatzi baina. Sakontasun handiagoz aztertuko dugu baina-ren erabilera hau kontzesiozko perpaus menderatuen atalean.

28.6.2.5d Lokailu gisa ere erabil daiteke baina. Horrelakoetan ez da zehazki bi perpaus juntatzeko erabiltzen; diskurtsoan aurretik aipatu diren ideia batzuei aurka egiteko erabiltzen da: Erderaz ipiñi dautsosuez ingitxuak eskakizunaz, eta Erregeak aintzat artu bez. —Baiña, ori zelan? Erderaz ez dakie ala? (Kirikiño). Horrelakoetan, bistan da, baina-k ez ditu perpausak elkartzen. Testu mailako lotura bideratzen du, hau da, ondoan duen perpausak aurrekoekin nolako erlazio semantikoa duen adierazi baizik ez du egiten, gramatika juntadura gauzatu gabe. Baliabide honetaz sarri baliatzen gara, aurreko testuarekiko, egoerarekiko edo iradokizunarekiko aurkakotasuna adierazteko: Baina gauzak ez ziren uste bezala gertatu; Baina, nork utzi du leiho hori irekita?; Ez zaio deus estaltzen, ez da emaitzez amuntzen, ematzen, ez du eskusarik hartzen; baina, nola baita zuzena, hala iujeatuko du (Pouvreau).

Bestalde, gogoratu behar da diskurtso markatzaileek perpausean zehar juntagailuek baino mugikortasun handiagoa dutela. Horrela gertatzen da aurkaritzako diskurtso markatzaile batzuekin (aldiz, ordea…), bai eta baina-rekin ere: perpausean kokagune desberdinetan aurkituko dugu, antzeko balio eta ezaugarri sintaktikoekin. Ikus ondorengo adibideok: Baina, zer egin duzu? / Zer egin duzu baina?; Zer da baina, hemen egin gura duzuna, zantar lotsabako horrek? (Otxolua); Karutxua eritzi zetsan, da gizonak erregutu zetsan: —Zerbait merkatuko destazu baña. —Merkatu? Zer dala-ta? (San Martin); Baratzeko loreak belar artetik burua ataraten eben. […] Baratzeko bazter batean, baina, oraindino negua zen (J. Altuna). Perpausaren hasieran, tartean nahiz amaieran aurkitzen dugu baina, eta guztietan ere aurkaritzako diskurtso markatzailearen balioa du. Intonazioari dagokionez, pausa nabarmen samarra egiten da horrelakoetan, eta irakurlearentzat lagungarri gertatzen da koma bidez bereiztea: Zerbait merkatuko didazu, baina?; Zer da, baina, hemen egin gura duzuna?

28.6.2.5e Ikusten dugu, bada, egitura-ugaritasun handia dagoela. Baina ager daiteke juntagailu modura; hizkera batzuetan ager daiteke menderagailuen ezaugarriekin; eta ager daiteke lokailu zereginean. Kokagune desberdinak ere har ditzake. Baina guztietan, funtsean, balio edo kontrakotasun mota bera azaltzen du.

28.6.2.6. Zenbait esapide

Esan dugun bezala, baina-k oro har aurkaritza azaltzen du, aurreko juntagaiarekiko, edo aurretik testuan esan denarekiko: espero zitekeenaren, edo espero genuenaren kontrako ideia edo iradokizun bat bideratzeko erabiltzen dugu. Baina ideia horretatik abiatuta, eguneroko solasean harridura edo antzekoak adierazteko, edo bide emateko ere erabiltzen da: Baina, Jon! Etorriko al zara!; Baina baina, nolatan jo duzu zure laguna?; Baina, zu ez al zinen bihar iristekoa?; Baina baina, isil zaitez behingoz!; Amak esandakoa egin besterik ez zuen, eta guztia ondo joango zen. Baina ez, aurka egin behar! Guztietan ere espero ez dugun egoera edo ekintzaren bat dago atzean, eta horren aurrean harridura, enfasia, batzuetan gaitzespena… adierazten dugu baina darabilten molde horien bidez.

236 Batzuetan, egoeran aurretik ‘esan den’ zerbait zuzentzeko erabiltzen da aurkaritzako juntadura. Ondoko hau, esate baterako, ohiko egoeran galdera ikurraz emango luke batek baino gehiagok: Erloju hau merkea da, baina txarra. Izan ere, badirudi merkea izateak txarra izatea iradokitzen duela betiere eta, hortaz, hor ez dagoela baina-rentzat lekurik, ez baitago inolako aurkaritzarik. Baina izan daiteke hor ere perpausa zuzena egiten duen ingururik. Demagun bezero batek “erloju on eta merkea” eskatu diola dendariari. Honek bat erakusten dio. Bezeroak erlojua hartu, aztertu eta honela dio: “Erloju merkea da eta, hortaz, badirudi nire eskaria bete dezakeela, baina, bestalde, txarra da eta, beraz, ez du betetzen. Ez dut nahi”. Eskaera edo enuntziatu batetik abiatu da hiztuna; aurrean jarri zaion egoerak ez du eskaera edo enuntziatu hori osoki betetzen; eta hori adierazteko, aurkaritzako juntadura erabiltzen du.

237 Ohargarria da beste honako hau ere: baina gisa horretan eta perpaus barruan nahiz azkenean gehien erabiltzen duen euskalkia dela, hain zuzen, beste euskalkiek leku horietan ohikoa duten ordea diskurtso markatzailea erabiltzen ez duena.

238 Oro har hizkuntzetan aurkaritzako juntadura ‘oinarrizkoagoa’ da kontzesiozko menderakuntza baino: hizkuntza batzuetan lehena bada, baina bigarrena ez; edo bigarrena markatzeko formak lehenetik sortuak dira. Hizkuntzaren jabekuntza-prozesuan ere haurrak beranduago eskuratzen omen ditu kontzesiozkoak (Braunwald 1985; Bowerman 1986). Eta oro har, hiztunak gehiago baliatzen dira kontzesioaz idatzian, ahozkoan baino.

239 Aurreko perpausari lotuta ageri da inoiz baina, hori bai, Iparraldeko euskalkietan ere, baina perpausak trukatu gabe. Hona, horren lekuko, Etxepareren bertso hauek: nik eztakit berziak bana ni ari niz bekatu (Etxepare) // nik eztakit zer den bana estamendu berri du (Etxepare) / heben hik badukek bana haiek ez nork konsola (Etxepare). Baina, hor, zesuraren (bertso etenaren) aurrean kokatua eta hainbestez lehen perpausaren azkenean eta ez bigarrenaren hasieran ezarria dago, ahoskeran ere aurreko perpausari eta ez ondokoari atxikirik irakurri behar delarik. Hortaz, hor ere menderatzaile gisa erabilia dagoela esan daiteke, beharbada, perpaus trukaketarik ez badago ere.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper