Euskararen Gramatika

28.6. Aurkaritzako juntadura


Kokapena:

28.6. Aurkaritzako juntadura

28.6.1. Sarrera

28.6.1a Aurkaritzako juntaduran bi juntagaien arteko nolabaiteko kontrakotasuna adierazten da, eta gehiena erabiltzen den juntagailua baina da: Garaiz jaiki naiz, baina berandu iritsi naiz lanera; Uzta ugaria da, baina langileak gutxi dira. Nolanahi ere, hizkuntzan aurkaritzaren balioa beste molde batzuekin ere lor daiteke. Alborakuntza hutsa bera, esate baterako, nahikoa izan daiteke inoiz horrelako elkarketa bideratzeko: uzta ugaria da, langileak gutxi. Eta juntagailuak ere —adiera desberdinetara irekia dagoen oinarrizko juntagailua izaki— nolabaiteko aurkaritza adierazten duen juntadura gauzatu dezake: Uzta ugaria da eta langileak gutxi. Horrelakoetan, noski, juntaturiko perpausek erakusten duten kontrako esanahiari berari zor zaio aurkaritza balioa, ez alborakuntzari edo eta juntagailuari.

Berez eta berariaz aurkaritza adierazten duen baina bezalako juntagailu batek eta beste molde hauek duten desberdintasuna argi ikusiko dugu ondorengo adibideekin. Aldera ditzagun ondoko bi perpausak: Gaztea da, eta langilea; Gaztea da, baina langilea. Eta juntagailua erabiliz gauzatzen den juntadura aski irekia da balioaren aldetik, eta testuinguruaren argitara ulertu beharko da: aurkaritza-kutsua duena izan daiteke, jakina; baina baita emendiozko soila ere, hau da, gazte izateari langile izatea besterik gabe gehitzen diona; eta are ondoriozkoa ere izan daiteke, hots, langile izatea hain zuzen gazte izatearen ondorio suposatzen duena. Baina daraman perpausa esaten duenak, ordea, berariaz adierazten du aurkaritza; gazte eta aldi berean langile izatea zaila dela suposatzen bide du eta agerian ipintzen du bere ustea, baina erabiliz.

28.6.1b Bestalde, gramatikari askok nabarmendu dute aurkaritzak badituela juntaduratik aldentzen duten ezaugarri batzuk. Emendiozko juntaduran eta juntadura hautakarian juntagaiak ordenaz alda daitezke, esanahian eraginik izan gabe: Jon eta/edo Mikel; Mikel eta/edo Jon. Perpausak elkartuz: Jon etorri da eta Mikel joan da; Mikel joan da eta Jon etorri da. Emendioan eta hautakaritzan juntagailuak semantikoki neutroagoak dira, oinarrizko balioan ‘gehiketa’ eta ‘aukera’ balioak bideratzen dituzte, eta juntagaiak ‘simetrikoak’ direla esan ohi da235. Aurkaritzan, ordea, kontrakotasun balioa dagoelarik, juntagaien ordena aldatzeak eragina du adibide osoaren interpretazioan.

Har dezagun, esaterako, ondorengo bikote hau: Asko ikasten du, baina ez du irakasgaia gainditzen; Ez du irakasgaia gainditzen, baina asko ikasten du. Lehenengo adibidean hiztunari gehiago axola zaio azterketako emaitza ikasketa prozesua baino; nolabait esatearren, ‘asko ikasten du, eta asko ikasiz gainditu beharko litzatekeela pentsatzen dugun arren, ikasle honen kasuan ez da betetzen, eta ez du irakasgaia gainditzen’. Bigarren adibidean, ordea, ikaslearen ahaleginean jartzen du arreta handiagoa igorleak, eta adierazi nahi du, gutxi gorabehera, ‘azterketak gainditzen ez dituenez, pentsa daiteke ez dela askorik saiatzen, baina kasu honetan, gehienetan gertatu ohi denaren aurka, ez da ez saiatzearen ondorio, ziur bainago ikasleak lan asko egiten duela’.

Antzera gertatzen da adjektiboak juntatzen direnean ere: har ditzagun polit eta garesti adjektiboak. Zerbait izan daiteke, emendiozko juntadura erabiliz polita eta garestia; edo garestia eta polita; eta hor ez da desberdintasun handirik. Aurkaritzako juntadura erabiltzean, ordea, delako gauza hori erosteko asmo handiagoa sumatuko diogu garestia baina polita dela dioenari, polita baina garestia dela esaten duenari baino. Aurkaritzako juntaduran, ezaugarri semantiko eta pragmatikoen ondorioz, bigarren juntagaiak ematen du mezu nagusia, eta alde horretatik, ez du gainerako juntadura-motek adinako simetrikotasunik.

Ildo horretan, gramatikari batzuek proposatu izan dute egokiagoa izango litzatekeela juntadura eta menderakuntza bi sail bereizi modura aurkeztu ordez mailakatzearen bidetik joko balitz. Mutur batean emendiozko juntadura eta juntadura hautakaria egongo lirateke. Beste muturrean, aditzarekin lotura handiena duten mendeko perpausak, perpaus osagarriak. Eta tartean, mailaka, gainerako egiturak. Lehenengo muturretik hurbilena aurkaritzako juntadura izango genuke; eta gertu, kontzesiozkoak —antzeko aurkakotasuna adierazten dute— eta baldintzazkoak, bietan ere ‘bi-perpauseko’ egiturak azaltzen baitira, erlazio semantiko/pragmatiko bereziekin. Eta batzuetan hiru hauentzat —aurkaritza, kontzesioa, baldintza— multzo berezi bat ere proposatu izan da. Nolanahi ere, gramatika gehienetan juntaduraren eta menderakuntzaren arteko bereizketari eusten zaio. Eta hemen ere, juntadura eta menderakuntza bereizteko eman ditugun irizpideak tarteko (§ 28.3), aurkaritza juntaduraren barnean sailkatuko dugu.

28.6.1c Berariaz aurkaritzakoak diren juntagailuen artean, bi aurkaritza mota aurkituko ditugu:

Lehena, baina juntagailuaren bidez gauzatzen da euskalki guztietan, eta nolabait ere bata bestearen kontrako diren bi juntagai elkartzen dira: Etorri da, baina ez da hemen gelditu. Horrelakoak aipatu ditugu orain arte.

Bigarren moldea, galdegai bat ezeztatuz eta haren lekuan beste bat baieztatuz gauzatzen da: Ez da nire nahia, baina/baizik/ezpada zurea; Ez da nire nahia, zurea baizik/baino. Euskalki diferenteetan juntagailu desberdinez bideratzen da: Iparraldean baina erabiltzen da eskuarki; Hegoaldean, berriz, baizik, baino eta ezpada erabiltzen dira nagusiki, azken biak mendebaldean batez ere. Horiexek dira behintzat joera nagusiak, aipaturiko mugak guztiz zehatzak ez badira ere.

28.6.1d Azkenik, gogoan hartu behar da juntaduraz bestelako egitura batzuetan ere erabiltzen dela inoiz baina hitza —menderakuntza gisako egituran edo lokailu gisa, hain zuzen—, eta baizik eta baino hitzek, bere aldetik, balio murriztailea dutela zenbaitetan.

28.6.2. Baina juntagailua

28.6.2.1. Sarrera

28.6.2.1a Aurkaritzako juntagailu nagusia da, eta Euskal Herri osoko idazleek erabili dute. Hizkeraren arabera zenbait aldaera agertzen dira: bana, bainan, baia, bena, baino… eta horietako batzuetan, palatalizazioaren eraginez, grafia desberdinak ager daitezke; adibidez, baina, baiña, baña.

28.6.2.1b Gramatika eta hiztegi gehienetan aditzera ematen denez, nolabait kontrajarriak dauden bi perpaus edo bi sintagma elkartzeko erabili ohi da eskuarki baina juntagailua. Bata bestearen ‘aurka’ dauden bi esaldi juntatzeko, alegia. Baina aurka egoteak, kasu honetan, ez du esan nahi lehenengo juntagaiak esaten duena bigarrenean ezeztatzea, edo lehenean ezeztatzen dena bigarrenean baieztatzea: aurkaritzako juntadura ez da A baina ez A gisako lotura, hori logikaren legeak haustea izango bailitzateke. Aurreko perpausari ez, hark iradoki edo suposaraz dezakeen zerbaiti egiten dio kontra bigarrenak. A perpausak B iradoki edo suposaraz dezake, baina hala ere kasu honetan ez B gertatu da: horra, gutxi gorabehera, aurkaritzako elkarketan esaten dena.

28.6.2.1c Ikus ditzagun, esate baterako, honako adibide hauek: Nire erlojua merkea da, baina ona; Euria ari du, baina ez naiz bustiko. Hori esaten duenak honako hau adierazten du gutxi gorabehera: ‘nire erlojua merkea da, bai, baina, hala izanik ere eta erloju merkeak gehienetan txarrak izaten badira ere, nire hau ez da txarra, ona da’; eta ‘euria ari du, bai, baina, hala izanik ere eta euria egiten duenean bustitzeko arriskua badago ere, oraingoan ni ez naiz bustiko’.

Iradokizun-kontu hori areago zehazten ez da erraza, noski. Bistakoa da, edozer modutan ere, oso zabal hartu beharreko gauza dela. Elkarketaren lehen perpausak suposarazten duenak ez du haren ondorio zuzena izan behar nahitaez; haren inguruan pentsaturiko zerbait ere izan daiteke: Ni ez naiz zinemara joan, baina laguna bai. ‘Ni zinemara joan ez izana’k ez du berez eta beti ‘laguna ere joan ez dela’ iradokitzen. Hiztunak baina juntagailua aukeratu duenean, ordea, horrela pentsa dezakeen mintzalagunaren usteari aurre egiten dio.

28.6.2.1d Iradokizunen kontua guztiz zehaztea erraza ez bada ere, lagungarri modura, ohar batzuk bederen aipa daitezke:

Batzuetan lehen perpausetik nahitaez ateratzen dena ez da iradokizuna, ‘nahitaezko ondorioa’ baizik, eta horrelakorik ezin du bigarren perpausak ezeztatu. Horrelakoetan ez dugu aurkaritzako juntadurarik izango. Afrikar izatea-k, esate baterako, amerikar ez izatea dakar nahitaez, irakurketa normalean bederen: nahitaezko ondorio baten aurrean egongo ginateke, ez iradokizun baten aurrean. Hortaz, ondorengo perpausa ez genuke zuzena izango: *Gizon hori afrikarra da, baina amerikarra. Lehen aipatu dugun *A baina ez A izango litzateke.

Beste batzuetan, gerta daitezke ‘iradokizun-itxurarik ez daukatenak’ ere, eta horrelakoek ere ez dute aurkaritzarako biderik ematen: ??Bihar jai da, baina japoniarrak asiarrak dira. Izan ere, perpausen esanahiari begira, oso irakurketa bereziren batean ez bada behintzat, bihar jai izatea-k ez du inolaz ere japoniarrak asiarrak ez direnik iradokitzen; eta adibidea ez zaigu oso onargarria iruditzen. Horrelako aurkaritza-egitura bati zentzua eman ahal izateko interpretazio eta inferentzia berezi samarretara jo beharko genuke; pentsatu beharko genuke: “Bihar jai da, eta normalena jai egunetan lanik ez egitea da, baina asiarrak orokorrean oso langileak dira, batzuetan neurriz kanpo, eta gerta daiteke egoera jakin batean enpresa japoniar horretakoek igandean lan egitea”. Iradokizunetan oso urrun joan beharko genuke, eta hiztunak normalean, iradokizun ‘zaila edo urrunekoa’ duten adibideak ez ditu erabiltzen, ulergarritasunaren mesedetan.

Oro har, arrazoiketa logikoak, kultur ezaguerak edo testuinguruak esango digute zer den bigarren perpausaren ‘aurka’ lehen perpausak iradokitzen duena, edo, zuzenago esanda, zer den bigarren perpausak lehenak suposarazten duenaren aurka iradokitzen duena. Demagun, esate baterako, ondoko perpaus bikote hau: Berandu da, baina joan egingo naiz; Berandu da, baina geratu egingo naiz. Lehen begiratuan badirudi ezinezkoa dela bi perpaus horiek zuzenak izatea; bietako batek okerra behar duela, alegia. Gauzak poliki ikusita, ordea, biak zuzenak izan daitezkeela ikusiko dugu. Izan ere, testuinguruak agintzen du hor. Eta asmatzen hasten bagara, hainbat testuinguru egoki asma dezakegu, batarentzat bezala bestearentzat ere. Honako hauek, adibidez: “Berandu da inoren etxera bisitan joateko eta, hortaz, badirudi ez nukeela joan behar, baina larri nabil eta joan egingo naiz, hala ere”. Edo: “Berandu da eta etxera joateko ordua iritsi zait, baina pozik nabil dantzan eta geratu egingo naiz”. Testuinguruak erakusten digu, esan bezala, zer iradokitzen duen lehen perpausak bigarrenaren kontrako egiten duela. Testuinguru hori gabe arraro egingo zaigu askotan perpausa. Edo pentsatuko dugu, aurkaritzako juntadura erabiliz norbaitek zerbait esan duelarik, testuinguruan izango dela kontrakotasun horri bidea emango dion zerbait236.

Are gehiago, sarritan aurkakotasuna iradokizunen artekoa da: bigarren perpausak batzuetan ez dio aurrekoaren iradokizunari zuzenean kontra egiten, beste iradokizun baten bitartez baizik. Horixe da, hain zuzen, ondoko adibide honetan gertatzen dena: Euria ari du, baina badut euritakoa. Perpaus honen iruzkina hau litzateke: “Euria ari du (eta, beraz, bustitzeko arriskua dut), baina euritakoa dut (eta, hortaz, ez naiz bustiko)”. Irudikapen informala, berriz, beste honako hau: [A ( → C), B (→ -C) eta hala ere: A+B].

Beste adibide bat emango dugu: Euria ari du, baina Jon zain dut. Iradokizunen jokoa honako hau izan daiteke: “Euria ari duenez, eta bustitzeko arriskua dudanez, normalena etxetik ez irtetea litzateke. Baina Jon zain dut, ez dut egoki ikusten huts egitea, eta ziurrenera bustiko banaiz ere, etxetik irten egingo naiz”. Aurkaritzaren gaia ‘etxetik irtetea’ da; baina ez da enuntziatuetan azaltzen; iradokitako zerbait da.

28.6.2.1e Horra, beraz, labur esanda, zer den baina juntagailuaren bitartez gauzaturiko aurkaritzak egiten duena eta egiten ez duena:

Ez nahitaez baiezko perpaus bati beste ezezko bat elkartu.

Ez, bigarrenik, esaldi bat baieztatu eta ondoren hura bera ezeztatu.

Ez, hirugarrenik, perpaus baten nahitaezko ondorioa ezeztatu ere (*Gizon hori afrikarra da, baina amerikarra), hori ere zerbait aldi berean baieztatzea eta ezeztatzea izango bailitzateke.

Ez, azkenik, perpaus bat eta honen iradokizunekin zerikusirik ez duen perpaus bat elkartu ere (?Bihar jai da, baina japoniarrak asiarrak dira).

Bai, ordea, perpaus bat eta haren iradokizunari ‘aurka’ egiten dion beste perpaus bat juntatu: Euria ari du, baina ez naiz bustiko.

Bai, orobat, aurkako iradokizunak dituzten perpaus bi juntatu ere: Euria ari du, baina badut euritakoa; Euria ari du, baina Jon zain dut.

28.6.2.2. Juntagaiak

28.6.2.2a Orain arteko adibideetan juntagaiak perpausak izan ditugu. Eta egia da sarri askotan perpaus osoak izaten direla baina juntagailuaren bidez elkartzen direnak. Baina perpausa baino txikiagoko elementuak ere elkartu ditzake. Betiere, baldintza batekin: predikatuak elkartzen dituela baina-k. Horrela, adjektiboak edo adjektibo sintagmak elkartzeko arazorik ez da izango: Jaungoiko ttipi baina adoragarria; Leku urrun baina lasaian bizi gara. Eta esan dugunetik ondorioztatzen da izen sintagmak ezin izango direla juntatu baina-ren bidez: *Aita baina ama etorri da; *Haragia baina arraina jan dut. Horretan, emendiozko juntaduratik eta juntadura hautakaritik urrundu egiten da aurkaritzakoa.

Beste batzuetan, juntaduretan gertatzen diren ezabaketen ondorioz, lehen begiradan beharbada perpaus osorik ez da ikusten: Gaurko egunean kaletarrak ondo bizi dira, baina nekazariak gaizki; Azeri zaharrari ilea joan zaio, baina antza ez. Baina hauetan ere predikatuak ditugu tarteko: iruzkinak dira juntatzen direnak, juntagai biek mintzagai nagusi bakarra dutelarik; isilean geratu eta bi juntagaietan ulertzen diren elementuak agerian emango bagenitu, perpaus osoen juntadura izango genuke; eta ez elementua —eta dagokionean, predikatuaren baiezkotasuna adierazten duen bai— aditz sintagmaren ordain izaten dira horrelakoetan. Eta beste molde honetakoak ere aurkitu ditzakegu: Aita bai, baina ama ere etorri da; Aita ez, baina ama etorri da. Berriro ere bai eta ez aditz sintagmaren ordainak dira eta, horrenbestez, predikatua tarteko denez, ez dago eragozpenik aurkaritzako juntadura egiteko. Izan ere, hor elkartzen direnak ez dira subjektuak, bina perpaus oso baizik: Aita bai (etorri da), baina ama ere etorri da; Aita ez (da etorri), baina ama etorri da.

28.6.2.2b Bada beste ezaugarri bat eta/edo/ala juntagailuetatik desberdina: badirudi baina-k ez dituela normalean juntagai bi baino gehiago elkartzen. Ondorengoak, adibidez, ez genituzke zuzenak izango: *Mikel gaixo dago, baina ospitalera eraman dute, baina berehala sendatuko da; *Josu gaztea baina langilea baina alaia da. Lehen adibidea, noski, zuzena izango litzateke aurreko edo ondoko bi perpausak eta juntagailuz elkarturik baleude: Mikel gaixo dago eta ospitalera eraman dute, baina berehala sendatuko da; Mikel gaixo dago, baina ospitalera eraman dute eta berehala sendatuko da. Baina orduan, hiruna perpaus izan arren, aurkaritza bi multzoren artean gauzatuko litzateke: [Mikel gaixo dago eta ospitalera eraman dute], baina [berehala sendatuko da]; [Mikel gaixo dago], baina [ospitalera eraman dute eta berehala sendatuko da]. Eta horixe da kontua: baina-k aurkaritza bakarra gauzatzen duela juntadura bakoitzean eta, hortaz, ez dituela bi juntagai baino gehiago elkartzen.

Zenbaitetan, egia da, badirudi bi juntagai izatearen debeku hori horren guztizkoa ez dela. Ondoko adibidean, esate baterako: Bera ez dela joango esan du aitak, baina semea bai, baina denbora laburrerako. Baina adi begiratuz, ohartuko gara hor maila desberdineko juntadura dugula. Aurkaritza A (aita ez da joango) eta B (semea joango da)-ren artekoa da. Ondoren, aurkaritza horretatik ateratzen den ondorioaren kontra (semea joango da), bigarren aurkaritza bat dugu, baina C (baina denbora laburrerako).

28.6.2.3. Ezabaketak

28.6.2.3a Aurkaritzako juntaduran ere askotan izaten dira —emendiozko juntaduran edo juntadura hautakarian bezala—, ezabaturiko osagaiak, juntadurari esker “berreskuratzen” direnak. Izan ere, enfasiaren zerbitzuan-edo ez bada behintzat, hauxe da juntaduraren joera nagusia: komunak diren osagaiak ez dira juntagai batean baizik ageri. Kasu hauek emendiozko juntaduran aztertu ditugu sakontasun handiagoz, eta oro har, juntadura-mota guztietarako baliagarri da han esandakoa. Nolanahi ere, aurkaritzako juntaduraz ari garelarik, bada oso kontuan izan beharreko puntu bat: esan dugu aurkaritzan predikatuak bakarrik juntatzen direla; eta ondorioz, emendiozko juntaduran era desberdineko sintagmak elkartzean gerta zitezkeen kasuetako asko ez ditugu aurkituko hemen. Baina-ren bidez perpausak juntatzean gertatzen diren ezabaketak izango ditugu.

28.6.2.3b Asko eta asko, hustuketa egiturak deituraren azpian bildu ditugunen moldekoak izango dira: Zuk garajean utzi duzu autoa, baina nik kalean; Zuk etxean egiten duzu lo baina nik kalean. Aurreko adibide hauetan, iruzkinaren zatirik handiena berdina dute, eta desberdina den elementua galdegaia da; berdinak diren elementuak ez dira bigarren juntagaian azaltzen. Adibiderik gehienetan aditza eta beste elementuren batzuk ezabatzen dira bigarren juntagaian, baina ez da nahitaezkoa, aditza bera ere izan baitaiteke galdegai: Aurreko astean irabazi egin genuen, baina aste honetan galdu. Ezabaketa bigarren juntagaian egiten da eskuarki, eta lehen juntagaian egiten bada, egitura markatuagoa gertatzen da, eta intonazioaren eta zenbait ezaugarriren aldetik desberdintasunak ditu: Zuk garajean baina nik kalean utzi dut autoa; Zuk etxean baina nik kalean egiten dut lo. Alde horretatik, emendiozko juntadurako perpaus-ezabaketen ikusi genituen aukera eta debeku berak agertzen dira hemen ere.

Kasu batzuetan iruzkin osoa izaten dute berdina juntagai biek, batak baiezka eta besteak ezezka. Bai eta ez azaltzen zaizkigu orduan: Aita garaiz iritsi da, baina ama ez; Aita ez da garaiz iritsi, baina ama bai. Gerta daiteke bi perpausetan iruzkina baiezkotasunaren edo ezezkotasunaren aldetik berdina izatea, eta orduan ere erantsi ohi da: Aita garaiz iritsi da, baina ama ere bai; Aita ez da garaiz iritsi, baina ama ere ez. Hauetan guztietan emendiozko juntaduran zehaztutako jokamolde eta aukera berak aurkituko ditugu. Kontuan izan behar da bai eta ez direla hauetan perpausaren galdegai eta iruzkin osoa; baietza eta ezetza berak dira, nolabait esan, hor kontrastatzen direnak.

28.6.2.3c Perpausek bestelako galdegaiak dituztenean, ordea, eta hortaz, perpausaren baietza eta ezetza galdegai horien gainean eraikiak daudenean eta haiei dagozkienean, bestelako egitura batzuk sortzen dira, eta baina daramatenen aurkaritzatik urrunduz, aurkaritza-mota desberdin bat gauzatzen da; eta ezabaketei dagokienez ere apur bat desberdin jokatzen da. Elkarketaren lehen perpausa baiezkoa baldin bada, honako egitura hau sortzen da: Goizean etorri da, ez arratsaldean. Ikusten denez, goizean eta arratsaldean dira kontrastatzen diren galdegaiak. Eta elkarketaren lehen perpausa ezezkoa denean, berriz, honako beste egitura hau sortzen da: Ez da arratsaldean etorri, goizean baizik. Arratsaldean eta goizean dira hor ere galdegaiak, eta ezetza, aurrean doalarik, arratsaldean galdegaiari dagokio (‘etorri dela bai, baina ez arratsaldean’ esan nahi du elkarketaren lehen perpausak). Molde honek sortzen du baizik motako aurkaritza.

28.6.2.4. Tokia

Orain arte emandako adibide guztietan juntagaien artean kokatua ikusi dugu baina juntagailua. Eta horixe du, hain zuzen, lekurik ohikoena eta nagusia euskalki guztietan: juntagaien artekoa.

Ez du, ordea, kokagune bakarra. Perpausaren hasieran ager daiteke, lokailu modura (baina nondik zatoz?), beste juntagailu batzuekin gertatzen den bezala. Horrez gain, Hegoaldean —eta batez ere Hegoaldeko mendebaldean— bigarren perpausaren barruan eta azkenean ere erabiltzen da inoiz juntagailu hau; baina horrelakoetan ere badirudi lokailu zeregina betetzen duela. Hona zenbait adibide: Nik neuk errezau egiñagatik bere alboan, ai! Arek baña, berbarik ez deust erantzuten (Arrese Beitia); Zein zan baiña gizon ori? (Agirre); Eta antxe egoan aritz baten zuloan sartu zan. Buztana ageri baiña! Eta otsoak buztanetik eldu! (F. Bilbao); Bein, juan zan guraso bat bere semeari elgorrixa osatzen ibilli zan medikuarengana kontua pagatzera —Zerbait merkatuko destazu baña. —Merkatu? Zer dala-ta? (San Martin). Adibide hauetan ez dago benetako perpaus-juntadurarik. Juntatu gabeko perpausetan agertzen da hor baina, lokailuek hartu ohi duten kokaleku eta inguru bertsuetan eta zeregin bertsua betez. Hortaz, perpausen arteko lotura semantikoa bideratzen du baina-k adibide horietan; elkarketa edo juntadura sintaktikoa gauzatu gabe ordea, junta daitekeen bigarren perpausik ez baitago237.

28.6.2.5. Aurkaritza eta kontzesioa

28.6.2.5a Baina motako aurkaritzaren eta kontzesiozko menderakuntzaren artean parekotasun handiak daude (ikus 39. kapitulua). Elkartzen diren perpausen artean erlazio semantiko eta pragmatiko berdintsua dago —bietan ere kontraste mota bera agertzen da—, eta oso erraza gertatuko zaigu gehienetan aurkaritzako adibideak kontzesiozko perpausen bidez ematea: Euria ari du, baina kanpora irtengo naiz / Euria ari duen arren, kanpora irtengo naiz; Ezker ona du, baina pilota asko joaten zaizkio zabalera / Nahiz eta ezker ona izan, pilota asko joaten zaizkio zabalera. Parekotasun hori nabaria izan arren, ezaugarri sintaktikoak kontuan hartuz, aurkaritza juntaduraren barnean sartzen dugu, eta kontzesioa perpaus menderatuen sailean238 (ikus § 28.3 eta § 28.6.1).

28.6.2.5b Balioaren eta kontrastearen aldetiko parekotasunak nabariak diren arren, desberdintasunak aurkituko ditugu aurkaritzaren eta kontzesioaren informazio-egitura aztertzean. Aurkaritzakoetan bigarren zatia —edo haren iradokizuna— nabarmentzen da, ‘emaitza’ (… baina kanpora irtengo naiz / … baina pilota asko joaten zaizkio zabalera). Kontzesiozkoetan, berriz, erlazioaren ‘jatorriari’ garrantzi handiagoa ematen zaio (euria ari duen arren… / nahiz eta ezker ona izan…). Baina aurkaritzakoaren ondoren informazio berria ematen da; kontzesiozko menderagailuak besarkatzen duen zatian, bestalde, informazio ezaguna aurkezten zaigu.

Pragmatikaren ikuspuntutik ere komunikazio-estrategia desberdinak erabiltzen ditu hiztunak bi egituretan. Kontzesioaren estrategia hautatzen denean, hiztunak itxuraz egoera bat onartzen du, baina aldi berean aurka egiten dio; aurkaritzaren estrategian, egoera baten edo igorleak zerbait esatearen kontra agertzen da. Kontzesioa eta aurkaritza bideratzen duten markek, elkartzen diren bi perpausen arteko inferentziak abiarazteko edo bertan behera uzteko zeregina izaten dute, eta bi egituretan molde desberdina azaltzen da. Kontzesiozko perpausetan, baliogabetutako aurrekari edo kausa bat aurkezten da, eta kontrakoaren bidera eramaten gaitu kontzesiozko menderagailuak: ‘eskuarki X gertatu ohi da, baina kasu honetan…’. Aurkaritzakoetan berriz, lehenengo juntagaian adierazpen bat egiten da, eta ez da horrelako inferentziarik abiarazten; baina-ren ondoren sortzen da aurkakotasuna, eta lehenengo zatiak egiten duen iradokizunari kontra egiten zaio.

28.6.2.5c Baina menderakuntza gisako egituretan ere erabiltzen da. Eskuarki juntagailu bada ere, batzuetan perpausaren azkenean kokatzen da baina, eta kontzesiozkoen pareko balioa hartzen du: Dana jadetsi eben, kosta jaken baña (K. Enbeita); Oien fedea ez da zuzena, baietz uste dute baña (Euskal Jokoak). Azkuek, adibidez, ondorengo adibideari aurkaritzako juntaduraren balioa ematen zion: Eztakigu norena den, baiña jan zazu. Aldiz, baina azkenean dela, kontzesiozkotzat hartzen zuen: Jan zazu, eztakigu norena den baiña. Erabilera hori Bizkaiko eta Gipuzkoako testuetan bakarrik azaltzen da239: Eskalerik, zarrak gera baina, eztegu inoiz ezagutu (Azkue); Bai, amonatxok ekarriko dizu jostallu eder ederra, zeu bezelako jostallurik iñon eztago baña! (Agirre).

Erabilera honek eta-ren jokabidearentzat eman ohi den oinarri edo arrazoi linguistiko berbera du: baina-k ere badu enklitiko bihurtzeko aukera, eta gisa horretan, juntaduratik menderakuntzarako bidean jarriko litzateke. Ikus Xenpelarren bertso ezagun baten zati hau: Aitak ill ziran baño / semeak oraindaño / legea degu guardatu. Baina aurreko perpausari loturik azaltzen da. Gainera, era horretara lotutako perpausak trukatu ere egin daitezke beren artean, aurrekoa atzera eta atzekoa aurrera pasaz: Gaixo dago eta, ez da etorri / Ez da etorri, gaixo dago eta; Ez dit idatzi baina, maite nau / Maite nau, ez dit idatzi baina. Sakontasun handiagoz aztertuko dugu baina-ren erabilera hau kontzesiozko perpaus menderatuen atalean.

28.6.2.5d Lokailu gisa ere erabil daiteke baina. Horrelakoetan ez da zehazki bi perpaus juntatzeko erabiltzen; diskurtsoan aurretik aipatu diren ideia batzuei aurka egiteko erabiltzen da: Erderaz ipiñi dautsosuez ingitxuak eskakizunaz, eta Erregeak aintzat artu bez. —Baiña, ori zelan? Erderaz ez dakie ala? (Kirikiño). Horrelakoetan, bistan da, baina-k ez ditu perpausak elkartzen. Testu mailako lotura bideratzen du, hau da, ondoan duen perpausak aurrekoekin nolako erlazio semantikoa duen adierazi baizik ez du egiten, gramatika juntadura gauzatu gabe. Baliabide honetaz sarri baliatzen gara, aurreko testuarekiko, egoerarekiko edo iradokizunarekiko aurkakotasuna adierazteko: Baina gauzak ez ziren uste bezala gertatu; Baina, nork utzi du leiho hori irekita?; Ez zaio deus estaltzen, ez da emaitzez amuntzen, ematzen, ez du eskusarik hartzen; baina, nola baita zuzena, hala iujeatuko du (Pouvreau).

Bestalde, gogoratu behar da diskurtso markatzaileek perpausean zehar juntagailuek baino mugikortasun handiagoa dutela. Horrela gertatzen da aurkaritzako diskurtso markatzaile batzuekin (aldiz, ordea…), bai eta baina-rekin ere: perpausean kokagune desberdinetan aurkituko dugu, antzeko balio eta ezaugarri sintaktikoekin. Ikus ondorengo adibideok: Baina, zer egin duzu? / Zer egin duzu baina?; Zer da baina, hemen egin gura duzuna, zantar lotsabako horrek? (Otxolua); Karutxua eritzi zetsan, da gizonak erregutu zetsan: —Zerbait merkatuko destazu baña. —Merkatu? Zer dala-ta? (San Martin); Baratzeko loreak belar artetik burua ataraten eben. […] Baratzeko bazter batean, baina, oraindino negua zen (J. Altuna). Perpausaren hasieran, tartean nahiz amaieran aurkitzen dugu baina, eta guztietan ere aurkaritzako diskurtso markatzailearen balioa du. Intonazioari dagokionez, pausa nabarmen samarra egiten da horrelakoetan, eta irakurlearentzat lagungarri gertatzen da koma bidez bereiztea: Zerbait merkatuko didazu, baina?; Zer da, baina, hemen egin gura duzuna?

28.6.2.5e Ikusten dugu, bada, egitura-ugaritasun handia dagoela. Baina ager daiteke juntagailu modura; hizkera batzuetan ager daiteke menderagailuen ezaugarriekin; eta ager daiteke lokailu zereginean. Kokagune desberdinak ere har ditzake. Baina guztietan, funtsean, balio edo kontrakotasun mota bera azaltzen du.

28.6.2.6. Zenbait esapide

Esan dugun bezala, baina-k oro har aurkaritza azaltzen du, aurreko juntagaiarekiko, edo aurretik testuan esan denarekiko: espero zitekeenaren, edo espero genuenaren kontrako ideia edo iradokizun bat bideratzeko erabiltzen dugu. Baina ideia horretatik abiatuta, eguneroko solasean harridura edo antzekoak adierazteko, edo bide emateko ere erabiltzen da: Baina, Jon! Etorriko al zara!; Baina baina, nolatan jo duzu zure laguna?; Baina, zu ez al zinen bihar iristekoa?; Baina baina, isil zaitez behingoz!; Amak esandakoa egin besterik ez zuen, eta guztia ondo joango zen. Baina ez, aurka egin behar! Guztietan ere espero ez dugun egoera edo ekintzaren bat dago atzean, eta horren aurrean harridura, enfasia, batzuetan gaitzespena… adierazten dugu baina darabilten molde horien bidez.

28.6.3. Baizik eta horren kideen aurkaritza (ez A, B baizik)

28.6.3.1. Sarrera

Aurkaritza mota hau bideratzen duten juntagailuak bat baino gehiago dira, nahiz ez duten denek ez hedadura ez jokabide berbera. Horra aurkezpen laburra:

Baizik: Hegoaldean erabiltzen da batez ere, bizkaieran izan ezik, eta juntaturiko perpaus edo sintagmaren ondoan nahiz aurrean kokatzen da: Ez da alaba jaiki, ama baizik / Ez da alaba jaiki, baizik ama.

Baino: bizkaieraz erabiltzen da, bigarren juntagaiaren ondoan beti: Ez da alaba jaiki, ama baino.

Ezpada: Hegoaldean erabiltzen da, bizkaieraz batez ere, bigarren juntagaiaren aurretik: Ez da alaba jaiki, ezpada ama.

Baina: aurkaritza mota hau adierazteko ere erabiltzen da baina, Iparraldean batez ere: Ez da alaba jaiki, baina ama.

Ez-baina: Hegoaldean erabiltzen da, honako egitura honetan: Alaba ez- baina ama jaiki da.

Ezezik eta ez … ezen ere erabili izan dira inoiz honelako aurkaritza aditzera emateko.

28.6.3.2. Aurkaritza honen zer-nolakoak

28.6.3.2a Aurreko atalean ikusi dugun aurkaritza eta oraingo honetan aztergai duguna ez dira mota berekoak. Baina-k, esan bezala, nolabait ere kontra dauden juntagaiak elkartzen ditu; edo zehatzago esateko, bata bestearen kontrako iradokizunak bideratzen dituzten juntagaiak. Orain aztertuko dugun aurkaritza-motan, ordea, galdegaien arteko kontrastea adierazten da, lehenari ezetza eta bigarrenari baietza ematen zaielarik.

Aurretxoan juntagailuak aurkezteko eman ditugun adibideek (ez da alaba jaiki, ama baizik, eta baliokideak) erakusten digute argi nolakoa den hemen gauzatzen den aurkaritza. ‘Jaiki dena’ nor den esaten digute perpaus horiek, honako adierazpen hau eginez: jaiki dena: [ez alaba, bai ama]. Eta horren irudikapena, berriz, honako hau izango litzateke: X: [ez A, B baizik], A eta B galdegai direlarik.

28.6.3.2b Gauzak argiago ikusiko ditugu, beharbada, aurkaritza-mota biak adibide bana emanez alderatzen baditugu. Demagun, esate baterako, honako bikote hau: Alaba ez da jaiki, baina ama sukaldean ari da / Ez da alaba jaiki, ama baizik. Lehenengo adibidean ‘kontrako iradokizuna bidera dezaketen’ perpaus bi juntatzen dira: alaba jaiki ez dela adierazten du batak, eta ama sukaldean ari dela besteak. Mintzagai biri buruz egindako iruzkinak, edo iruzkin horiek bideratzen dituzten iradokizunak, kontrastatzen dira hor: alabari buruz zerbait esaten da, eta amari buruz, berriz, horren aurkako beste zerbait. Mintzagai bakarrari eginiko ‘kontrako’ iruzkin bi ere elkar daitezke, noski, gorago esan dugun bezala. Bigarren adibidean, berriz, mintzagai bati zein galdegai dagokion esaten zaigu: jaikitze kontu hori nori dagokion, alegia, alabari ala amari. Galdegaiak kontrastatzen dira horrela juntaturiko perpausetan.

28.6.3.2c Gauza bera ikus dezakegu are hurbilagoko den bikote honetan ere: Alaba ez da jaiki, baina ama bai / Ez da alaba jaiki, ama baizik. Horietako lehenean, berriro ere, bakoitzak bere mintzagaia eta bere iruzkina dituen perpaus bi juntatzen dira: alaba jaiki ez dela esaten zaigu batean eta ama bai, jaiki dela, bestean. Perpausaren baietza eta ezetza berak dira hor galdegaiak. Ea alaba jaiki den eta ea ama jaiki den dira, hain zuzen, hor adierazten zaizkigunak. Alaba eta ama dira mintzagaiak eta bakoitzari buruzko iruzkina egiten da perpaus banatan. Hortaz, baizik juntagailuak ez du lekurik hor: *alaba… ez da jaiki, baizik ama.

Bigarren adibidean, ordea, ezetza eta baietza ez dira elkarturiko perpausen galdegaiak. Aitzitik, ezezkoa eta baiezkoa beste galdegai batzuen gainean daude eraikiak eta haiei dagozkie. Jaiki behar dena alaba ez dela esaten zaigu hor, ama dela. Hura dela pentsa dezake, beharbada, norbaitek, eta haren ustea ‘zuzendu’ egiten du perpausak.

Alderatzen ari garen bi perpaus edo bi aurkaritza-mota hauek honela irudika daitezke. Baina motako aurkaritzari dagokionez: [alaba ez da jaiki] baina [ama bai, jaiki da]. Baizik motako aurkaritza: ez [alaba jaiki da] baizik [ama jaiki da]. Azken hau beste era honetara ere irudika daiteke: jaiki dena [ez alaba, baizik ama] da. Mintzagaia bakarra da —jaikitze-kontua, hain zuzen— eta hari buruz eginiko galdegaia, berriz, konplexua. Horrexegatik esan liteke azken perpaus honetako juntagaiak —bata ezezka eta bestea baiezka— ez direla bata besteari gehiturikoak, elkarren osagarriak baizik, korrelatiboak banakaritzan bezala. Izan ere, bai…bai edo ez…ez banakaritzaren ondoan, ez… baizik gisakoa daukagu.

28.6.3.2d Baizik motako juntadura dagoenean, lehenengo ezezko perpausa ematen da, eta ondoren baiezkoa: Lehiaketa ez du Josuk irabazi, Mirenek baizik. Alderantzizko ordenarekin ezin dira baizik/baino/baina… elementuak azaldu: *Lehiaketa Mirenek irabazi du, ez Josuk baizik.

Egia da hemen aztertzen ari garen kontraste mota duten adibideetan —galdegaien kontrastea— berez bi ordenak posible direla: batzuetan baiezkoa doa aurretik, besteetan ezezkoa. Baiezkoa baldin bada aurrean doana, honako alborakuntza hau eratzen da: Ama jaiki da, ez alaba. Eta hor ezetza alaba-ri dagokionez, kontrastea zehatza da: ‘jaiki dena ama da, ez alaba’. Aurrean doana ezezkoa bada, ordea, baizik/baino gisako juntagailua erabiltzen da gehienetan. Izan ere, segida horretako alborakuntza hutsa ez da ezer euskaraz: *Ez da alaba jaiki, ama. Eta bai erantsita ere ez da behar bezala gauzatzen aditzera eman nahi den kontrastea: *Ez da alaba jaiki, bai ama. Izan ere, perpaus horretako lehen parteak ‘nor ez den jaiki’ adierazten du, eta bigarrenak, ostera, ‘ama jaiki denetz’, kontrasta ezin daitezkeen bi esaldi elkarren albora ekarriz. Kontraste egokia eta zehatza egiteko modu bat aditza errepikatzea izan daiteke, egitura enfatiko hau eratuz: Ez da alaba jaiki, ama jaiki da. Baina gehienetan, esan bezala, baizik/baino gisako juntagailua erabiltzen da: Ez da alaba jaiki, ama baizik. Eta horixe da, hain zuzen, atal honetan aztertzen ari garen aurkaritza-motari dagokion egitura.

Garbi dago, hortaz, aurkaritza honetako lehen juntagaia ezezkoa dela beti. Eta formalki ezezkoa gainera, ez baita nahikoa esanahiaren aldetik negatiboa izatea, ondoko adibide hauek erakusten duten bezala: Ez naiz zurekin joango, Idoiarekin baizik / *Zu gabe joango naiz, Idoiarekin baizik.

28.6.3.2e Orain arteko azalpenetan, gauzak erraztearren, sintagma bakar batez osaturiko galdegaiak eman ditugu ia beti. Baina baizik motako aurkaritzan sintagma bat baino gehiago ere jar daitezke kontrastean; eta tartean aditza bera ere egon daiteke: Gutun hori ez dut etxean eskuz idatzi, bulegoan makinaz baizik; Haren hautsak ez zituzten itsasora bota, mendian zabaldu baizik. Galdegai moduan perpaus osoak ere kontrasta daitezke, honako adibide honek erakusten duen bezala: Jaungoiko Semeak ez du amarik Jaungoiko den aldetik baizikan Jaungoiko Aitagandik bakarrik sortua da (Inza). Edo hain ezaguna den Gure Aita otoitzaren garai bateko bertsioko esaldikoak bezala: Ez gaitzazu tentazioan erortzen utzi, baizik libra gaitzazu gaitzetik. Esaldi horretan tentazioan erortzen utzi eta gaitzetik libratu dira kontrastean ipinitako galdegaiak, (zuk gu)… gaitzazu delarik bi perpausetako mintzagaia. Honelako perifrasi honek argitu dezake esaldi horretan gauzatzen den kontrastea: Zuk guri egin behar diguzuna da ez tentazioan erortzen utzi, baizik gaitzetik libratu.

Beraz, adibide horiek erakusten dutenez, galdegaiak perpaus osoak izanik ere aipaturiko kontrastea berdin gauzatzen da. Argi ikusiko dugu hori bera honako bi perpaus hauek alderatzen baditugu (Hegoaldeko erabileraren arabera, jakina; izan ere, Iparraldean baina erabiltzen da perpaus bietan): 1) Miren ez zen biltzarrera etorri, baina txostena bidali zuen; 2) Miren ez zen biltzarrera etorri, baizik txostena bidali zuen. Desberdintasun bakarra baina eta baizik elementuak dira; baina bakoitzak adierazten duena eta aurkaritza-mota desberdina da.

Bi adibideetako lehena baina-gisako aurkaritzari dagokio. Hortaz, elkarren “kontrako” bi adierazpen ditugu hor: alde batetik, Miren biltzarrera ez zela etorri egiatzat ematen da (perpausaren ezetza aintzat hartuz, bera baita perpausaren galdegaia), baina beste alde batetik —etorri ez izanak biltzarraz guztiz ahaztu zela iradoki badezake ere—, txostena bidali zuela baieztatzen da.

Bigarren adibidea, berriz, baizik-gisako aurkaritzari dagokio. Biltzarraren kontu horretan Mirenek zer egin zuen esaten zaigu hor, ‘galdegai’ gisako bi perpaus kontrastatuz: hura biltzarrera etorri zela usteko du beharbada norbaitek eta ezetz esaten zaio (‘biltzarrera etorri zela’ ukatu egiten da, ezetza galdegaiari baitagokio, hau da, ‘biltzarrera etortzeari’); izan ere, Mirenek egin zuena izan zen, ez biltzarrera etorri, baizik txostena bidali. Beraz, juntagaia konplexua izan arren, bigarren aurkaritza-mota honi dagokion egitura dugu hor ere: mintzagai bati (Mirenek egin zuena) bi galdegairen arteko kontrastea eransten zaio, bata ezeztatuz eta bestea baieztatuz. Horrelako egiturarik ez balego, ezin izango litzateke baizik juntagailua erabili: *Miren ez zen biltzarrera etorri, baizik lasai geratu gara. Perpaus hori okerra da, irakurketa normalean, hor mintzagai bati buruzko galdegaien arteko kontrasterik ez baitago. Aldiz, ez dago inolako eragozpenik egitura hori eskatzen duen lehen aurkaritza motari dagokion baina juntagailua erabiltzeko: Miren ez zen biltzarrera etorri, baina lasai geratu gara.

28.6.3.2f Aurkaritza honen egitura funtsean beti bera den arren, honako beste segida markatu hauek ere egin daitezke:

Egitura perifrastikoa, mintzagaia perpaus erlatibo baten bitartez bereizten duena: Jaiki dena ez da alaba, ama baizik.

Aditza perpausaren lehen buruan duena: Jaiki da ez alaba, baizik ama.

Aditza perpausaren azken buruan duena: Alaba ez, baizik ama jaiki da.

28.6.3.3. Ezabaketak

28.6.3.3a Orain arte aztertu ditugun adibideetan garbi ikusten denez, ‘errepikatutako’ elementuen ezabaketa bere-berea du aurkaritza mota honek, galdegaia ez beste guztia izaten baita berdina. Juntagaietako bat bestea baino laburragoa izaten da normalean; batean osagai guztiak daude agerian, eta bestean, aldiz, galdegai ‘berria’ baizik ez: Mikelek ez du dirua eskatu, baizik lana (eskatu du Mikelek). Horixe da baizik motako aurkaritzak erakusten duen joera nagusia. Izan ere, juntadurak berak eskaintzen du isilpean utzitako osagai horiek argitara ekarri eta berreskuratzeko modua. Nolanahi ere, kontrastatzen diren galdegaien ezaugarrien arabera, egoera desberdinak aurki ditzakegu.

Kontrastean ipinitako galdegaiak perpausak edo iruzkin osoak badira, ez dugu zer ibili elipsien bila: —Zergatik bidali zuten bada kongregaziotik Mikela- Inaxi? —Zuek horrela kontatzen dituzue gauzak; ez zuten bidali, baizikan bera atera zen (B. Mokoroa).

Askotan, ordea, iruzkinaren osagai bat edo beste baizik ez da izaten perpausaren galdegai. Eta horrelakoetan, hain zuzen, galdegai ez den hori guztia, berdina denez, bigarren juntagaian ezabatuta geratzen da. Mota honetako adibide asko eman ditugu dagoeneko: Ez da aita joango zuregana, baizik ama (joango da zuregana); Ez zuen bere izena ematen, bainan alegiazko izen bat (Hiriart-Urruti).

28.6.3.3b Bi adibide horietan aditz bera da lehen perpausean agerian eta bigarrenean isilpean geratu dena —pertsona, denbora, aspektua eta guzti, alegia—: joango da lehenean, ematen zuen bigarrenean. Baina ezaugarri batzuk diferenteak izanik ere, ez dirudi elipsirako debeku handirik dagoenik, baldin eta agerian utzitako zatiak ezaugarri horiek berreskuratzeko modua ematen badigu behintzat: Ez zen erbia, baizik baratxuri zopak [ziren]; Ez naiz ni joango, baizik ama [joango da]; Ez zen atzo etorri, gaur baizik [etorri da]. Lehen bi adibideetan aditzari dagokion pertsona aldatu egiten da juntagai batetik bestera: hura/haiek lehenean, eta ni/hura bigarrenean. Baina, hala ere, ez dago debekurik aditza isilpean uzteko, agerian dagoen galdegaiak aldaturiko ezaugarria berreskuratzeko modua eskaintzen baitigu. Hirugarren adibidean, berriz, aldia da aldatzen dena (+iragana/-iragana), baina hor ere zuzena gertatzen da elipsia, agerian utzitako galdegaiak —gaur— ezaugarri hori berreskuratzen laguntzen baitigu. Baina, aspektua aldatu nahi denean, adibide okerrak sortzen zaizkigu: *Ez zen atzo etorri, bihar baizik [etorriko da]. Adibide horretan, aldia ez ezik aspektua ere aldatu egiten da perpaus batetik bestera, eta horrek galarazten du, itxuraz, elipsia.

28.6.3.3c Adizki laguntzailea ere izan daiteke gorderik uzten den osagai bakarra, baina ez nolanahi. Ondoko adibidean, esate baterako, aditzen egitura argumentala desberdina izanik, ezin da laguntzailean isilpean utzi; zuten eta zen, biak eman behar dira agerian: —Zergatik bidali zuten bada kongregaziotik Mikela-Inaxi? —Zuek horrela kontatzen dituzue gauzak; ez zuten bidali, baizikan bera atera zen (B. Mokoroa). Laguntzailea juntagai bietan bera denean, ordea, isilpean utz daiteke bigarrenean, debeku handirik gabe: Euskaraz guk mintzo landu elertitsu bat egin-nahiak ez du amorrarazten, errukiarazten [du] baizik (Lizardi). Bigarren aditzak, gainera, laguntzailearekin batera aspektu marka ere utz dezake isilpean, bereziki Hegoaldean: Eskurik esku iraulka erabili arren, ezta inoiz birrintzen hatz artean itsatsi baizik, pikea bezala (Ibinagabeitia). Itsatsi partizipioa neutroa da hor aspektuari dagokionez, hau da, markatu gabea. Lehen perpauseko birrintzen-ek ‘luzatzen’ dio bere ezaugarria eta horri esker berreskuratzen dugu isilpeko aditza: (itsas)ten.

28.6.3.4. Baizik juntagailua

28.6.3.4a Behin eta berriz azaldu dugunez, aurkaritza hau bideratzeko erabiltzen diren juntagailuek ez dute denek jokabide bera. Malguena eta mugikorrena baizik da, juntagaiaren aurrean nahiz atzean joan baitaiteke. Tradizioan formarik erabiliena ere baizik izan da, baina euskalkiaren eta autorearen arabera beste aldaera batzuk ere aurki ditzakegu: baizikan, baizi, baiezi, baiezik, baiezila, beizi, beizik, bezi, bezikBaizen ere erabiltzen da adiera honetan: Eta ematen ez badute, bihotz gogor badira, ez dira hargatik aberastenago, pobretzenago baizen (Axular); Zertako eta norentzat egin ote nau Jainkoak? Ez bertzerentzat, beretzat baizen… (Duhalde).

Baizik juntagaiaren ondoan ezartzen da eskuarki, hura laburra denean behintzat: Ez da hori eginkizuna, ezinkizuna baizikan (Larramendi); Eta ez da arroztasuna, egia baizik (Agirre). Aurrean ere joan daiteke, ordea, ondoko bi adibide hauek alderatuz ikus dezakegun bezala: Berehalaxe erakutsiko dizuet denoi eta ez bat, zazpi baizik (Etxaide); Eta bisitatzen zuen ez eliza bat, baizik anitz eliza (Lizarraga).

28.6.3.4b Bigarren juntagaia luzea eta konplexua denean, berriz —aditza eta guzti daramana, esate baterako— haren aurrean kokatzeko joera erakusten du baizik-ek: Ez ziren erlijiosoak oso ezeztatu; baizik eskatu zuten Jaungoikoaren izenean lehorpe bat (Beobide). Horrelakoetan ez dirudi juntagailuak perpausaren ondoan leku har dezakeenik: ? […]; Jaungoikoaren izenean lehorpe bat eskatu zuten baizik.

Juntagaiaren aurrean doanean, esanahiaren aldetik ezer berririk eransten ez dion eta gehigarria berretu ohi zaio inoiz juntagailuari, baizik eta forma hartuz (zeren eta, nahiz eta, edota eta horrelakoetan gertatzen den bezala). Juntagaia luzea eta konplexua denean gertatzen da hori, batez ere: Baño ez han gelditzeko, baizik eta tenorez handik etxeratzeko (Larreko); Ez legoke Erioarentzat lekurik, baizik eta bizirik izardietara aldatuko lirake zeru garaiena iristeko (Ibinagabeitia). Ere diskurtso markatzailea ere berretzen zaio inoiz: Lagun ezazu beraz zure laguna, ez dirutan, baizik-ere ordainean (Duvoisin); Kantu hok egin dira / ez libertitzeko, / baizik ere guziek / esenplu hartzeko (Bordel).

28.6.3.4c Baizen forma ere erabili izan da aurkaritza-mota hau aditzera emateko, juntagaiaren ondoan nahiz aurrean: Ez dut gehiago neuretzat bizi nahi, zuretzat baizen (Materre); Baina horien penak, infernukoak bezala betiko ez dira; baizen beren kulpen lohiak garbitu, eta pagatu arteraino (Kardaberaz).

28.6.3.5. Baino eta Ezpada juntagailuak

28.6.3.5a Baino juntagailua Hegoaldean erabiltzen da, bizkaieraz batez ere. Baldintza jakin bat du: juntagaiaren ondoren kokatzen da beti, inoiz ez aurrean: Eztot gixonakaitik egin, Aberrijagaitik baño (Lauaxeta); […] ez jakon egoki kaltegarri baiño (Erkiaga). Hortaz, galdegai laburrak kontrastatzen direnean erabiltzen da batez ere baino hau. Galdegaiak konplexuak eta luzeak direnean, ordez, nekez agertuko da.

28.6.3.5b Ezpada juntagailua, berriz —mendebaldean erabilia—, juntagaiaren aurrean kokatzen da beti, azken hau luzea zein motza izan: Errua ez dauka aitak, ezpada semeak; Gure semea ez da lanera joan, ezpada etxean geratu da. Gramatikari batzuek okertzat hartu izan dute inoiz ezpada hau, erdal itxurakoa eta sasikoa dela esanaz. Iritziak iritzi, ordea, ezin da ukatu aipatu hizkeretan erabiltzen dela eta goiko perpaus horiek bezalakoak zuzentzat dituztela hizkera horietako euskaldunek. Testu zaharragoetan ere ageri da, bigarren juntagaiaren aurrean beti: Ez jako beliari usua esaten ezbada belia (Frai Bartolome); Ez beste gauza gaiti, ezbada […] iraun ezin dabelako (Frai Bartolome); Neskatxa ez ilda, ezpada lo datza (Lardizabal).

28.6.3.5c Esanahi bertsuko beste egitura bat ere badu bizkaierak, ba(ga)rik hitza erabiliz gauzatzen dena, A barik B… gisakoa, hain zuzen: Orreik andra ergelok, bakalduntzat barik bakallutzat artu zaitubez zu (Otxolua). Ez dirudi, ordea, barik juntagailua denik. Ez partikulak hartzen duen leku bera hartzen du hor barik hitzak, ondotik inolako juntagailurik ez duela. Hortaz, alborakuntzaz eginiko elkarketa dakarkigu gogora egitura horrek: Alaba ez, ama jaiki da / Alaba barik ama jaiki da; Baserrian ez, kalean bizi da / Baserrian barik kalean bizi da. Kontuan hartu behar da, izan ere, esanahiaren aldetik antzekoak diren esamoldeek ez dutela zer izan egitura sintaktiko berekoak. Goiko perpausek, hain zuzen, esanahiaren aldetik aurkaritzako juntaduraren antza badute ere, egituraz alborakuntzaren pareko dira. Eta esanahi bertsuko bestelako egitura gehiago ere bada: Alaba jaiki beharrean ama jaiki da eta abar.

28.6.3.6. Baina juntagailua

28.6.3.6a Baizik-motako aurkaritza deitu dugunerako Iparraldean baina juntagailua ere erabiltzen dute: Ez zuen bere izena ematen, baina alegiazko izen bat (Hiriart-Urruti); Hanitzek obeditzen dute, ez amorez, bainan bortxaz (Xurio). Bibliako pasarte beraren aldaerak konparaturik garbi ikusten da Iparraldean baina juntagailuak balio hau izan dezakeela: Ezta hil neskatxa, baina lo datza (Leizarraga); Neskatxa ez ilda, ezpada lo datza (Lardizabal); Neskatilla au ez dago ilda, lo baino (Kerexeta).

28.6.3.6b Iparraldean baina juntagailuaren bi aurkaritza motak bereizteko arazorik ez da izaten gehienean. Bereizketa garbia da, noski, bi perpausak baiezkoak direnean edota bigarrena ezezkoa denean. Kasu horietan euskalki guztietako baina-ren aurrean gaude. Zalantza sor daiteke lehena ezezkoa eta bigarrena baiezkoa direnean, baizik-ek lotzen dituenak izan ohi diren bezala. Baina orduan ere, perpausaren egiturak esango digu askotan zein den dagokion adiera: ezezkoa galdegai bati dagokionean eta, hortaz, galdegaiak kontrastean ipintzen direnean, bigarren aurkaritza motaren aurrean gaude: Ez da alaba jaiki, baina ama. Galdegaia perpausaren ezezkoa bera denean, ordea, lehendabiziko aurkaritza-motaren aurrean egongo gara: Alaba ez da jaiki, baina ama sukaldean ari da; Alaba ez da jaiki, baina ama bai.

Zailago gertatuko da bereizketa horri antzematen perpaus osoak kontrastatzen direnean eta, hortaz, iruzkin osoa galdegai izan daitekeenean: Miren ez zen biltzarrera etorri, baina txostena bidali zuen. Intonazio kontuetan-edo sartzen ez bagara behintzat, horko baina hori Hegoaldeko baina-ren zein baizik-en pareko izan daiteke. Testu idatzian ez da erraz asmatzen lehen perpausaren galdegaia zein den, “biltzarrera etorri ez izana” ala “biltzarrera etorri ez izana”. Bestela esanda, “biltzarrera etorri zela” ukatzen den ala “biltzarrera etorri ez zela” baieztatzen. Lehenbiziko kasuan baizik-en pareko izango genuke perpaus horretako baina; bigarren kasuan, ez.

Dena den, horrelako kasuetan izan ezik, aski argi antzematen da nolako aurkaritza gauzatzen duen Iparraldeko baina-k.

28.6.3.6c Baina honek hartzen duen lekua ere bi juntagaien artekoa da beti: Ez zuen bere izena ematen, baina alegiazko izen bat (Hiriart-Urruti); Hanitzek obeditzen dute, ez amorez, bainan bortxaz (Xurio); Zer izanen da bada, ez bat bakarrik, bainan hainbeste milioi kondenatzen direnean? (Duvoisin).

28.6.3.6d Inoiz baina horri bai partikula eransten zaio ondotik eta, hortaz, lehen begiratuan pentsa liteke ezetza eta baietza berak direla perpausen galdegaiak, hots, ez gaudela baizik-en pareko aurkaritzaren aurrean, lehenbiziko baina-ri dagokion aurkaritzaren aurrean baizik. Ez da horrela izaten, ordea; galdegaia horrelakoetan ez da perpausaren baietza bera: Ezta niganik heldu hontarzuna, baina bai Iinkoaganik (Tartas); Zeren hori ez baitarozute haragiak eta odolak irakhatsi, bainan bai ene Aita zeruetan denak (Duvoisin); Humiltasunak ekarriko zaitu ez lagunarekin zure buruaren neurtzerat; baiñan bai haren ohoratzerat (Mihura). Perpaus horietan, bai partikula gorabehera, kontrastean ipintzen diren galdegaiak ez dira ezetza eta baietza, bestelako osagai batzuk baizik: niganik eta Iinkoaganik, aurreneko adibidean; haragia eta odolak eta ene Aita zeruetan denak, bigarrenan; eta lagunarekin zure buruaren neurtzerat eta haren ohoratzerat, azkenean. Beraz, baizik-en pareko jarraitzen dute.

Gauza bera ikusten da ondorengo bi perpausak erkatuta: Ezen ez naiz ethorri iustoen deitzera, baina bekatoren emendamendutara (Leizarraga); Ez naiz ezen prestuen deitzera ethorri, baina bai bekhatoreen (Duvoisin). Beraz, esan beharra da baina bai bikotea ere —bai partikula galdegaiaren aurrean doalarik— baizik-en pareko izan daitekeela Iparraldean, baina soila bezala.

28.6.3.7. Ez baina

28.6.3.7a Hegoaldean erabiltzen da. Ez partikula lehen juntagaiaren azken- azkenean kokatzen da eta bigarrenari, berriz, baina juntagailuak ematen dio hasiera, aditza normalean ondotik datorrela. “Hori ez baina hura [aditza]” egitura sortzen da horrela, alaba ez baina ama jaiki da gisakoa —alaba ez, baizik ama jaiki da egituraren parekoa—, baina-k baizik-en balio bera duelarik.

Jakina, ez da nahastu behar egitura hori lehen aurkaritza-motari dagokion “hori ez baina hura bai” egiturarekin. Goiko adibidean, esaterako, ama da galdegaia eta, hortaz, ezin da ama-ren eta jaiki da aditzaren artean etenik egin —ama, jaiki da egin, alegia—, aditzari buruzko baietza izango bailitzateke orduan galdegaia eta aurkaritza ere lehen motakoa izango litzateke: Alaba ez baina ama jaiki da (baizik motako aurkaritza); Alaba ez, baina ama, jaiki da (baina motako aurkaritza). Horietako lehena da orain aztertzen ari garena.

28.6.3.7b Egitura horretan, gainera, baina juntagailua aurrean duen ez partikulari atxiki ohi zaio sarri askotan, bien artean batasun gisako bat sortuz. Zenbait idazlek, hain zuzen, lotuta idazten dute: Osasunaz daudenak ez-baña gaixorik daudenek dute sendagile beharra (Orixe, Kerexeta, Zugasti); Mireni buruz ez-baña neure buruaz hutsegin dut (Txillardegi).

Egitura honek ere baizik-en pareko aurkaritza adierazten duela garbi ikusten da ondoko adibideetan: Haurra hila ez-baña lo dago (Orixe, Kerexeta, Zugasti); Nik konta ditzakedan gertaerak ez dira gain gaineko axala baizik, muin gordea estali ez baina ukiarazten digun itxura sotila (Mitxelena).

28.6.3.8. Baizik eta Baino hitzen erabilera “murriztailea”

28.6.3.8a Nolabaiteko antza izan dezakeen arren, zuzen-zuzenean aurkaritzako juntadurari ez dagokion beste erabilera bat ere badute bi hitzok; erabilera murriztailea deituko dugu, eta ondoko adibideotan ageri da: Ez dut maite zu baizik/baino; Ez dut zu baizik/baino maite; Zu baizik/baino ez dut maite.

Lehen begiratuan, hor osagai bakarra dago: ez [A baizik]. Eta osagai bakarra baldin badago, ezin da, noski, inolako juntadurarik egin. Egitura horrek egiten duena, hortaz, ez da bi osagai juntatu —bigarren osagairik ez baitago—, aditzak adierazten duena aipaturiko elementu bakar horretara mugatu eta murriztu baizik. Horien pareko da, hain zuzen, beste honako hau ere: Zu besterik ez dut maite. Garbi ikusten da baizik-en erabilera hori zenbakiekin ageri denean ere: Ez dira bi baizik etorri. Ez… bi baizik egituraren egitekoa etorri direnen kopurua bira murriztea da.

28.6.3.8b Komunztadura, bestalde, hura-rekin egiten du sarritan aditzak, sintagmaren lehen osagaia 1. edo 2. pertsonari dagokionean ere: Zu baizik ez dut maite; ?Zu baizik ez zaitut maite. Horrelakoetan badirudi zu baizik gisako egitura horrek hura-ri dagokion beste elementuren bat duela bere baitan, isilpean-edo, eta horrexekin egiten duela aditzak komunztadura. Agerian ere ikusten da inoiz delako beste elementu hori: Ez dut inor maite zu baizik; Ez dut beste inor maite zu baizik; Ez dut besterik maite zu baizik.

Horregatik esan dugu gorago egitura honek baduela aurkaritzako juntaduraren antza ere; ez A, B baizik egituraren antza, alegia. Antz hori ez da guztizkoa, ordea. Aurkaritzako juntaduran kontrastean ipintzen diren elementuak bere eskukoak izaten dira beti, nolabait esateko. Bataren esanahia ez dago nahitaez bestearekiko erreferentzian. Egitura murriztailean, berriz, lehen elementua ezin da bigarrena gabe behar bezala ulertu. Izan ere, lehen perpauseko inor, beste inor eta besterik horiek ez dira guztiz bere eskuko elementuak, bigarrenari erreferentzia egiten diotenak baizik: inor horrek, esate baterako, ez du berez eta bete-betean inor adierazi nahi, zu ez den inor baizik. Eta beste ere ezin da ulertu bigarren osagaiaren argitan ez bada: zu ez den besterik.

Zenbaitetan, hala ere, osagai bikoitz horren lehen elementua falta denean —inor/ezer/deus edo horrelakorik ez dagoenean, alegia—, agerian dagoen elementuarekin ere egin dezake aditzak komunztadura. Nori osagaia duen adibidean, esate baterako, badirudi lehen elementua agerian dagoenean harekiko komunztadura egiten dela (ez diote inori eman, niri baizik), edo bestela bigarren elementuarekin egingo duela aditzak komunztadura (niri baizik ez didate eman).

Bestalde, egitura murriztaile honek ez du debekurik galdetzaileak erabiltzeko: Zer egin dut nik, ona baizik?; Nork egin du hori, nik baizik? Perpaus hauetan ez dago kontrasterik —‘ez hau, hura baizik’— bi elementuz osaturiko galdera murriztailea baizik: onaz beste zer?; nitaz beste nork?

28.6.3.8c Baizik-en aldaera den baizen ere erabiltzen da adiera honetan. Eta, orobat, Hegoaldeko baino ere: Zeren ez baitzen, bi urtez baizen, bekaturik egin gabe egon (Axular); Debozionea ez da Jainkoaren egiazko amodioa baizen (Pouvreau); Ez dezadan lauda zure gogara dena baizen, ez dezadan preza zuri preziatu zaizunik baizen (Xurio); Ez daukat etxe bat baño (Mogel); Ez dut gura beste ondasunik, zeu baino (Frai Bartolome).

235 Emendiozko juntaduran ere, perpausen ordenak ‘bizitzako ordena’ islatzeko joera du —denbora, gutxienez, eta kausalitatea, zeharka bederen—. Adibidez, ondorengo emendiozko juntaduran, ordena aldatzea ez litzaiguke egokia irudituko: Jonek familiakoei agur-gutuna idatzi zien eta bere buruaz beste egin zuen / #Jonek bere buruaz beste egin zuen eta familiakoei agur-gutuna idatzi zien. Baina desberdintasuna ez da, aurkaritzako juntaduran bezala, juntadura-motak berak bideratua.

236 Batzuetan, egoeran aurretik ‘esan den’ zerbait zuzentzeko erabiltzen da aurkaritzako juntadura. Ondoko hau, esate baterako, ohiko egoeran galdera ikurraz emango luke batek baino gehiagok: Erloju hau merkea da, baina txarra. Izan ere, badirudi merkea izateak txarra izatea iradokitzen duela betiere eta, hortaz, hor ez dagoela baina-rentzat lekurik, ez baitago inolako aurkaritzarik. Baina izan daiteke hor ere perpausa zuzena egiten duen ingururik. Demagun bezero batek “erloju on eta merkea” eskatu diola dendariari. Honek bat erakusten dio. Bezeroak erlojua hartu, aztertu eta honela dio: “Erloju merkea da eta, hortaz, badirudi nire eskaria bete dezakeela, baina, bestalde, txarra da eta, beraz, ez du betetzen. Ez dut nahi”. Eskaera edo enuntziatu batetik abiatu da hiztuna; aurrean jarri zaion egoerak ez du eskaera edo enuntziatu hori osoki betetzen; eta hori adierazteko, aurkaritzako juntadura erabiltzen du.

237 Ohargarria da beste honako hau ere: baina gisa horretan eta perpaus barruan nahiz azkenean gehien erabiltzen duen euskalkia dela, hain zuzen, beste euskalkiek leku horietan ohikoa duten ordea diskurtso markatzailea erabiltzen ez duena.

238 Oro har hizkuntzetan aurkaritzako juntadura ‘oinarrizkoagoa’ da kontzesiozko menderakuntza baino: hizkuntza batzuetan lehena bada, baina bigarrena ez; edo bigarrena markatzeko formak lehenetik sortuak dira. Hizkuntzaren jabekuntza-prozesuan ere haurrak beranduago eskuratzen omen ditu kontzesiozkoak (Braunwald 1985; Bowerman 1986). Eta oro har, hiztunak gehiago baliatzen dira kontzesioaz idatzian, ahozkoan baino.

239 Aurreko perpausari lotuta ageri da inoiz baina, hori bai, Iparraldeko euskalkietan ere, baina perpausak trukatu gabe. Hona, horren lekuko, Etxepareren bertso hauek: nik eztakit berziak bana ni ari niz bekatu (Etxepare) // nik eztakit zer den bana estamendu berri du (Etxepare) / heben hik badukek bana haiek ez nork konsola (Etxepare). Baina, hor, zesuraren (bertso etenaren) aurrean kokatua eta hainbestez lehen perpausaren azkenean eta ez bigarrenaren hasieran ezarria dago, ahoskeran ere aurreko perpausari eta ez ondokoari atxikirik irakurri behar delarik. Hortaz, hor ere menderatzaile gisa erabilia dagoela esan daiteke, beharbada, perpaus trukaketarik ez badago ere.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper