Euskararen Gramatika

28.5. Juntadura hautakaria


Kokapena:

28.5. Juntadura hautakaria

28.5.1. Sarrera

28.5.1a Juntatzen diren perpausen edo atalen arteko hautaketa, aukera, adierazten da juntagailu hautakarien bitartez. Hori da balio nagusia. Alde horretatik, emendiozko juntaduratik aldentzen da, han juntagaien batuketa adierazten baitzen.

Juntagailu hautakariak edo, ala eta edota dira. Baina juntagailu horiek guztiak ez dira euskalki guztietan erabiltzen; ezta guztiak testuinguru sintaktiko guztietan balio berarekin ere. Juntagailu bakoitzaren erabilera banan-banan aztertuko dugu hurrengo orrietan. Hala ere, esan dezagun euskaldun batzuentzat edo dela juntagailu bakarra, balio eta ingurune sintaktiko guztietan erabiltzen dutena.

28.5.1b Euskararen gramatiketan juntadura hautakaria aztertu izan denean, arreta berezia jarri da askotan edo eta ala juntagailuen erabileran, eta dituzten bereizgarrietan. Latinaren gramatiken tradizioak izan lezake eragina horretan, juntagailu hautakari desberdinen arabera balio desberdinak sumatzen baitziren hizkuntza horretan. Aipatu izan diren bereizketa-irizpide nagusiak ondorengoak izango genituzke, laburbilduz:

Gramatikari batzuek ala juntagailuaren erabilera galde perpausari lotu diote, eta edo-rena asertzioari.

Beste batzuek aukera motaren arabera bereizi dituzte biak: edo-k garrantzi gutxiko bereizketak edo aukerak elkartzeko balioko luke, bata zein bestea aukeratu berdintsu zaiola adierazteko; ala-k, berriz, aurkakoak direnak juntatzeko.

Azkenik, Villasantek markatu/markatugabe oposizioa hartzen du bereizgarritzat: edo juntagailu markatugabea litzateke; ala markatua, aukeretatik bakarra hartu behar dela edo gauzatuko dela adierazteko erabiltzen duguna. Mitxelenak, ordea, ala markatugabea, bakarra aukeratzera behartzen ez duena ere izan daitekeela ohartarazi zuen.

28.5.1c Gainerako juntagailuak askoz gutxiago aztertu izan dira. Juntagailu bakoitzaren erabilera aztertzean ikusiko dugu zein perpaus motatan erabiltzen diren eta zein esanahi duten. Orduan alderatu ahal izango ditugu hobeto goiko iritzi desberdinak. Juntagailu hautakariak deskribatzeko unean, garrantzi berezia hartzen du juntagaiak galde perpausak diren edo ez, galdegaiak elkartzen dituen edo ez, eta juntadura-egiturak duen balioak. Puntu horietan jarriko dugu arreta berezia. Ikusiko dugu hautaketa edo aukera balioaz gain, orobatasuna eta sinonimia bezalakoak adierazteko ere erabiltzen direla juntagailu hauek.

28.5.2. Edo juntagailua

28.5.2.1. Juntagailua eta juntagaiak

28.5.2.1a Oro har, edo da hautakaritza adierazteko gehiena erabiltzen den juntagailua; euskaldun batzuentzat forma bakarra da, gainera. Maila guztietako elementuak elkartzen ditu, perpausak nahiz perpausa baino txikiagoko atalak; alde horretatik eta emendiozko juntagailuarekin bezalako egoera azaltzen zaigu, eta juntadura gauzatu ahal izateko baldintzak ere —sintaxiari nahiz morfologiari dagozkionak— parekoak dira. Bi osagai baino gehiago ere elkar ditzake edo juntagailuak. Deskribapena egiteko unean, adierazpen perpausak eta galde perpausak bereiziko ditugu, puntu horrek bai baitu garrantzia juntagailu hautakarien erabilera argitzeko.

28.5.2.1b Mota bereko perpaus beregainak elkartuz azal daiteke edo juntagailua: adierazpen perpausak (Telebista ikusiko dut edo oparitu didaten liburu berria irakurtzen hasiko naiz), galde perpausak (Etxean geratuko zara edo zinemara joango zara?), aginte perpausak (Amaitu ezazu lan hori edo utz ezazu betiko!). Aldiz, edo juntagailu hautakariarekin harridurazko bi perpaus elkartzeko eragozpenak izango ditugu (*Ze atsegina den edo zenbat dakien!), eta-rekin ez bezala (Ze atsegina den eta zenbat dakien!).

Emendiozko juntagailuarekin gertatzen zen bezala, edo-k ez ditu nahitaez bi adierazpen, galde edo aginte perpaus juntatu behar. Dena dela, mota desberdineko perpausak elkartzeko aukerak emendiozko juntaduran baino askoz urriagoak dira. Juntagaiak izan daitezke aginte perpausa eta adierazpen perpausa (Joan korrika edo harrapatuko zaitut); ez, ordea, adierazpen perpausa eta harridurazkoa (Loreak ekarri zituen, eta/*edo ze politak!), edo adierazpen perpausa eta galde perpausa (Berandu etorri da, eta/*edo ez al diozu ezer esan behar?). Baina gogoratu, azken hauek bezalako adibideetan, eta erabiltzen genuenean ere diskurtso markatzaileen zereginera hurbiltzen ginela.

28.5.2.1c Adierazpen perpausen barnean, mendeko perpausak elkartuz ere azaltzen da edo, jokatuak nahiz jokatugabeak: Bizpahiru aldiz ukitua izan den arren, edo, agian, ukitua izan delako, ez dator bat beti bere buruarekin (Mitxelena); Ikusten zutenean Zugarramurdiko artalde bat mugaz alde huntara alhatzen, edo soilki mugarat hurbiltzen… (J. B. Elizanburu). Mendeko perpaus horiek ez dute nahi eta nahi ez sail berekoak izan beharrik: adibidez, Mitxelenaren adibidean, kontzesiozkoa eta kausazkoa juntatzen dira. Oro har, edozein juntadura mota gauzatu ahal izateko bete beharreko baldintza berak bete behar dira hemen ere.

Perpausak baino txikiagoko elementuak elkartuz, juntagaiak izan daitezke aditz partizipioak (Kendu edo desegin behar lirateke), postposizio sintagmak (Bertakoekin edo kanpokoekin osatuko dugu zerrenda; Zuk edo nik egin beharko dugu), edo txikiagoko atalak (bi edo hiru egun; egun goibel edo tristeak; aire edo doinu berriak). Eta emendiozko juntagailuarekin ikusi den bezala, elkartzen diren juntagaiek funtzio sintaktiko bera izan behar dute, eta eskakizun hori betetzen bada, kategoria desberdineko elementuak ere junta daitezke (Hilketa hura gaiztakeriaz edo bere barnea lasaitzeko egin zezakeen). Alde horretatik, ez da debeku edo baldintza berezirik, juntagailu hautakarien balio semantikoak ezartzen dituenez gain.

28.5.2.1d Edo galde perpausetan ere ager daiteke. Batzuetan perpaus beregainak elkartzen dira: Badakizu, edo jakin nahi duzu nola? (Agirre Asteasukoa); Egia da, edo ez, edo ta nik amets egin ote dut? (G. Arrue). Mendeko galde perpausak, hau da, zehar-galderak ere elkar daitezke: Galdetu dit nondik natorren eta zertara etorri naizen.

Bestelako juntagaiekin, aukera desberdinak izan behar dira kontuan. Batetik, gerta daiteke juntagaiak galdegai ez izatea: Nola senda dezaket nik erregeren alaba edo bertzerik ere, mirikua ez naizenaz geroztik? (J. B. Elizanburu); Zer dauka horrek zer ikusi ezkontzeko edo ezkongai egoteko? (Agirre). Beste batzuetan, juntagaiak galdegai izango dira. Horien artean bi aukera bereizi behar dira. Batetik, edo-k galde hitzak elkartzen dituen kasua: Noren asmotik edo nondik zaio heldu? (Xalbador); Eta nondik edo zergatik eten da Antonigazkoa? (Agirre). Eta, bestetik, bestelako galdegaiak juntatzen dituenekoa: Nor da gutan dakienik zeinek zaituen maiteenik, zure amattok edo nik? (Xalbador).

28.5.2.1e Sintagmak juntatzean, aukera desberdinak ditugu, aurretik emendiozko juntaduran ere ikusi dugun bezala. Molde bat postposizio sintagma osoak juntatzea da: Nire desioaz edo nahiaz mintzatu naiz. Beste moldea, ardatz anitzeko juntadurak: Nire desio edo nahiaz mintzatu naiz. Emendiozko juntaduraren atalean luze jardun dugu horretaz, eta hango jokabide nagusi berak aurkitzen ditugu hemen ere. Jarraian labur emango dugu ikuspegi orokorra.

Postposizio sintagmak beti junta daitezke, bai singularreko bai pluraleko direnean; ardatz anitzeko sintagmak ostera pluralekoetan aurki daitezke batik bat (gure desio edo nahiez ez da inor arduratzen), baina hauetan ere postposizio sintagmak juntatzeko joera nabarmena da (gure desioez edo nahiez ez da inor arduratzen).

Jokabide orokorraren salbuespenak zein diren aztertzean, izen sinonimoen juntadura aipatu behar da lehenik. Izan ere, sinonimoen edo oso antzeko esanahia duten izenen artean gertatzen da batik bat ardatz anitzeko sintagmen juntadura, bai singularrean (oroimen galtze edo amnesiarik gabe) eta bai pluralean ere (zure idolo edo jainkoak ez ditut gurtuko); baina sinonimo izan arren postposizio sintagmak ere elkar daitezke, batez ere erabateko sinonimoak ez, baina oso antzeko kontzeptuak adierazten dituzten sintagmak juntatzen dituenean edo-k: Hauek, enetzat, bertso idazleak edo kantu egileak dira, eta zenbaitek deitzen dituzte olerkariak (Xalbador). Eta bigarrenik, emendiozko juntaduran bezalaxe, bi juntagaiei dagokien izenlagunen bat, adjektiboren bat edo zenbatzaileren bat izateak izenen juntadura errazten du.

Bestalde, kontuan izan behar da, emendiozko juntaduran bezala, lehen juntagaiak mugatzaile+postposizio multzo osoarekin agertu behar duela, edo batere gabe, bai pluraleko kasuetan, bai singularrekoetan; oro har ez baitaitezke bi elementuok (mugatzailea eta postposizio marka) bereiz juntaduran.

28.5.2.1f Egindako esapideetan ere behin baino gehiagotan aurkituko dugu edo juntagailua: noiz edo behin, noiz edo noiz, inoiz edo berriz, bat edo beste (zenbatzaile nahiz izenordain gisa), nondik edo handik, behin edo behin, gutxi edo gehiago, sast edo sist, zirt edo zart, gaur edo bihar (‘egunen batean, noizbait’ esateko), bihar edo etzi, zer edo zer, behin edo berriz… Horrelakoetan edo-k ez ditu egiazko juntagaiak elkartzen, egitura osoa egindako esapidea baita.

28.5.2.2. Balioak

28.5.2.2a Juntagailu hautakarien balio nagusia aukera —era batekoa edo bestekoa— adieraztea da. Baina horren alboan sarritan aurkituko ditugu orobatasuna, sinonimia eta beste batzuk, juntagailu gehiagorekin ere ager daitezkeenak. Horretan guztian, badu zeresana zer motatako juntagaiak elkartzen dituen, edo juntagai horiek zer motatako perpausen barnean datozen.

28.5.2.2b Adierazpen perpausetan ager daitezke edo-ren bidez elkartutako juntagaiak, balio bat baino gehiago adieraziz. Jarraian nolabaiteko sailkapen bat emango dugu, baina askotan ez da erraza izaten, adibidez, orobatasuna ala hiztunak diferentetzat dituen aukerak, zehazki zer adierazi nahi den jakitea.

Aukera balioa. Zenbaitetan egiazko aukera adierazteko baliatzen dugu edo; hau da, bata edo bestea izan behar du: Hori edo bere burua hiltzea (Mitxelena); Bat edo bestea: edo gezurra zioten Apostoluek, edo Juduak hobendunak ziren (Lapeire).

Orobatasuna adieraziz. Juntagailuaren bidez elkartzen diren aukeren artean hiztunarentzat ez dagoela desberdintasun handiegirik adierazten da, berdintsu edo orobat zaiola bata edo bestea. Juntagaiak perpaus jokatugabeak edo perpausa baino txikiagoak diren osagaiak izan ohi dira: Horren egitea edo norbaiten jo buruan eta botatzea […] berdintsu zaut eni (Xalbador); Zernahi dela basurdea zen, sanoa edo heria (Xalbador). Badirudi, gainera, orobatasun balio hau ez dagoela hautakizuna osatzen duten atalak galdegai edo mintzagai izatearen baitan. Adibidez, ondorengoan, edo-k elkartzen dituen osagaiak galdegai dira: Zuen semea izan ditake mediku edo notari Eskual- herrian (Hiriart-Urruti). ‘Mediku edo notari’ galdegaitzat hartuko genuke; adierazpen perpausa den neurrian normala da edo agertzea; baina aldi berean ‘berdintsu izatea’ adierazten duela dirudi, mediku edo notario edo antzeko beste zerbait; aukeren arteko batzuk besterik ez direla esan nahian bezala. Juntagaiak antonimoak direnean ere bata edo bestea berdintsu zaiola adieraz dezake hiztunak edo juntagailua erabiliz: Egia da hurbildik edo urrundik Piarres Adame ikusten zuena ohartzen zela berehala gauza batez (J. B. Elizanburu); Ongi edo gaizki, zuzen edo makur, plazer zaiku hartzea (Axular); Eguraldi on edo txar, ortozik edo abarka zulatubakaz dabiltzanak (Mogel); batzuetan, bi antonimoen bidez ideia edo nozio bakar bat adieraz daiteke: Komunioaren usutasuna edo bakantasuna zure konfesoreak erregulatuko du (Baratziart). Ildo berean, nahikoa arrunta da adierazpen perpausean ekintza bat gertatu edo ez gertatu berdintsu zaigula adierazteko ‘x edo ez’ adierazpidea: Nahi edo ez eraman behar ziozkagu honen begiak (G. Arrue). Edo ‘gura edo gura ez’, ‘gura nahiz gura ez’, ‘gura zein gura ez’, ‘nahi ala ez’ bezalakoak. Azkenik, orobatasun balioa atzeman daiteke, baita ere, bigarren juntagaia ‘horrelako’, ‘gisa horretako’, ‘nolabait’, ‘bestela’… denean: Indianoak judioa edo holangoa izan behar eban (Agirre); Suertez edo bertzela, ez genuen ikusi arima bat agertzen ez kanpora ez eta ere leihoetara (J. B. Elizanburu). Badirudi, gainera, edo dela horrelakoetan ager daitekeen juntagailu hautakari bakarra.

Bigarren juntagaia lehenaren aldaera. Zenbaitetan badirudi bigarren juntagaiak lehenean adierazi dena zerbait zehazteko, beste ikuspuntu bat adierazteko… balio duela; lehen aukeraren aldaeratzat edo hartuko genuke bigarrena: Bata eta beste, gainera, ezinegonak, edo hobeto esan larriminak, darabiltza (Mitxelena); Ez zaio iruditzen legeak ongi jarriak daudenik edo, hobeto esan, ez zaio iruditzen legearen zigorra behar bezala dantzatzen denik (Mitxelena); Ametsetan ikusitako gizonak ez dira lurrean bizi, edo ez dira behintzat etortzen gure bila (Agirre). Horrelakoak adierazteko edo juntagailuaren ondoren eta bigarren juntagaiaren aurretik ‘hobeto esanda’, ‘nahi baduzu’, ‘bederen’, ‘behintzat’, ‘berdin dena’… bezalakoak tartekatzen dira behin baino gehiagotan. Modu berean, balio hau da ageri dena edo juntagailuak esanahiaren aldetik diferentzia handiegirik ez duten osagaiak elkartzen dituenean, edo hala adierazi nahi denean: […] egun oro, edo sarritan gertatzen zaizkigunetan… (Agirre Asteasukoa); Herri hau, beste edozein adinakoa edo hobea da (Agirre).

Baldintza. Bestela-ren laguntzan ere azaltzen da batzuetan edo juntagailua, eta orduan, baldintza kutsua eransten zaio; lehen juntagaian adierazten dena gauzatzen ez bada, bigarrenak adierazten duena gertatuko da: Jontxuk barkamena eskatu beharko dio jo duen ikaskideari, edo bestela ikastetxearen zigorra jaso beharko du. Ez da beti beharrezko, gainera, bestela azaltzea: Gurutzefika zezala Jesus, edo, Erromako enperadorek jakinen zituela haren berriak (Joanategi). Hona beste adibide bat: joan korrika edo harrapatuko zaitut. Nabarmendu behar da horrelako adibideek ez dutela esan nahi ‘korrika joaten bazara harrapatuko zaitut’, baldintzazkoen eskema zuzenean aplikatuz izango litzatekeen modura; adierazten dena da ‘korrika joaten ez bazara, harrapatuko zaitut’. Adibide hauen baldintza kutsua ez du edo juntagailuak ematen, baizik eta zeharka lortzen den zerbait da: hautakaritza baztertzailea dago, eta elkartzen diren perpausek agindu-izaera dute; bien baturatik lortzen da baldintzatik gertuko irakurketa. Hautakaritza baztertzailearen irakurketa hori indartzeko, sarritan, edo bi juntagaien aurrean kokatzen da (Edo dagokionaren aurrean kexatu, edo betiko isildu).

Lehen juntagaiak adierazten duenari buruzko balio murriztailea edo baldintzazkoa edo juntagailuarena bakarrik dela dirudi eta gainerako juntagailu hautakariek ez dutela lekurik.

Azkenik, nabarmendu behar da, hemen balio nagusiak garbi bereizita eman ditugun arren, askotan ez dela erraza izaten, adibidez, orobatasuna ala hiztunak diferentetzat dituen aukerak, zehazki zer adierazi nahi den jakitea. Horrelakoetan ikusten da ongien edo juntagailuaren ‘markatugabetasuna’.

28.5.2.2c Galde perpausak elkartzen direnean, ‘aukerarena’ izaten da balio nagusia:

Bi galdera desberdin elkartzeko edo da juntagailu hautakari bakarra. Gerta daiteke bi galde perpaus beregain juntatzea (Trena huts egin duzu edo zer gertatu zaizu hain berandu etortzeko?) edo bi galde hitz juntatzea (Ez al diguzu esan behar noiz edo nola joango zaren?). Modu berean, galde perpausean, galdegai ez diren atalak elkartzeko ere aurkituko dugu (Zer zerikusi du horrek ezkonduta edo ezkongai egoteko?).

Galdera bakarraren bi aukera juntatzeko ere erabiltzen da edo; alegia, bi perpaus elkartzen dira, bien artean aukera (galdera) bakarra adierazteko (Zinemara joango zara edo nahiago duzu etxean gelditzea?); horrelakoetan ala juntagailua ere erabiltzen da. Adibidez, ondorengoan bi juntagailuak azaltzen zaizkigu: Ez dau inok penseetan, ezkontzia egin bear danian, jazo txaarrekua, ala ona izateko bidia daroian, edo ez (Frai Bartolome).

Batzuetan, adierazpen perpausaren ondoren galde perpausa ematen da, tartean edo juntagailua delarik, eta bigarren juntagaiak diskurtsoaren harian idazleari sortu zaion zalantza, zehaztapena, gogoeta… adierazteko balioa izaten du: Mattin izan da ene ardureneko laguna, edo kontrarioa? (Xalbador); Bilerara deitu gintuzten, informazioa emateko, edo, beharbada, amore emanarazteko?

28.5.2.2d Sinonimoak elkartuz. Oso sarri erabiltzen da edo sinonimoak edo baliokideak izan daitezkeenak elkartzeko. Juntagailu hautakarien artean edo bakarrik erabiltzen da balio honetarako. Sinonimia edo baliokidetasuna batzuetan guztizkoa izaten da, baina beste batzuetan ez da hain estua izaten. Adibideak nonahi aurki daitezke, kategoria edo mota askotako juntagaiekin: Baxenabarrek edo Nafarroa Behereak […] (Mitxelena); Saio euskara edo euskara esperimental bat (Mitxelena); Zer den grina, edo pasio nagusiena esaten dioguna (Agirre Asteasukoa); Aurrez aur ifinten jako betirauna, edo eternidadea (Añibarro); Bekatu larri edo mortal (Agirre Asteasukoa). Askotan bigarren juntagaia lehena hobeto ulertzeko laguntza modura ematen da, edo baita enfasia emateko ere. Gauza edo nozio berari beste era batera deitzen zaio, eta alde horretatik, esanahiaren aldetik berdintasuna dago, baina bigarren juntagaiak ez du bigarren erreferentzia adierazten —artikulua edo mugatzailea eraman dezakeen arren—, eta komunztadurarako ere singulartzat hartzen da. Oro har, sinonimia gehiago erabiltzen da testu idatzietan ahozko jardunean baino. Euskal idazleek behin baino gehiagotan terminoen ulergarritasunaren mesedetan erabili dute, euskalki desberdinetako hitzak emateko, edo erdarazkoaren ondoan euskal hitza emateko: Bidali edo igorri ziozkaten mandatariak (Joanategi); Itzuli zen gibelat edo atzera (Mendiburu); Lau Urdiri gomendiozko karta edo guthuna (Etxeberri Sarakoa).

Sinonimia motako juntadura dugunean, bigarren juntagaiak lehenengotik desberdina den ezaugarriren bat izaten du: batzuetan euskalkia izaten da (horrela hitz egitea edo mintzatzea), edo era zabalagoan, hitz desberdina izatea; beste batzuetan erregistro desberdina agertzen da (felis silvestris catus edo katua), edo nolabaiteko deskribapen bat edo informazio argigarri bat ematen da: Enologia edo ardoak egiteko zientzia eta teknika ikasiko du Nahiak; Kupoa edo EAEk estatuko administrazioari ordaindu beharreko diru kopurua hitzartu dute; askotan edo juntagailuaren aurretik etena eginez.

Nolanahi ere, nabarmendu behar da bi juntagairen artean baliokidetasuna dagoen guztietan ez dela zilegi izaten edo juntagailuaren bidez elkartzea. Adibidez, bigarren juntagaiak edo deskribapenak ematen dituen ezaugarriak ezin badira lehen juntagaikoetatik bereizi, edo ez badakarte berritasunik edo ekarpenik: *Aita sainduak edo eliza katolikoaren buruak hitz egin du; *Donostiak edo Gipuzkoako hiriburuak turista asko erakartzen ditu. Horrelakoetan aposizioetara jotzen da: Donostiak, Gipuzkoako hiriburuak, turista asko erakartzen ditu.

28.5.2.2e Zenbatzaileak elkartuz. Bi zenbatzaile mugatu elkartzen dituenean, ‘gutxi gorabehera’ balioa hartzen du edo-k. Kopuru zehatzik ez dakigula, baina inguru horretan dabilela adierazten dugu: Bi edo hiru liburu erosi dituzte; Duela hamar edo hamaika urte. Balio honetarako ere edo da erabiltzen den juntagailu hautakari bakarra. Erabilera honek lekukotasun ugari ditu Hegoaldeko testuetan; Iparraldekoetan bizpahiru, hiruzpalau bezalakoen lehia du, baina edo bidezko zenbatzaile-juntadurak ere azaltzen dira: Urthean laur edo bortzetan konfesatzen dena (Axular); Biga edo hirur bildurik ene izenean (Leizarraga).

28.5.2.3. Ezabaketak

Eta juntagailua aztertu dugunean esan dugu emendiozko juntaduran gehienetan saihestu egiten dela juntagaietan hitz edo elementu berak errepikatzea. Berdin gertatzen da juntadura hautakarian; eta oro har, ia guztian hango jokabide bera azaltzen da. Gaia ez dugu hemen han adinako sakontasunez azalduko, kasuistika bera juntagailu desberdinekin errepikatzen ez aritzearren.

Juntagaiak postposizio sintagmak direnean, izenak edo izenlagunak errepikatzen badira, gehienetan ezabatu egingo ditugu eskuineko juntagaian: Gogo onean edo txarrean etorria (Mitxelena); Badoa Rakelen gelara edo estalpera (Agirre Asteasukoa). Ohart gaitezen, adibide hauetan postposizio sintagma osoak juntatzen direla. Hori da, gainera, joera nagusia edo-rekin. Aldiz, eta- rekin izenondoen zuzeneko juntadura (bulego argi eta lasaiak nahi dituzte guztiek) zen joera markatu gabea, eta sintagmak juntatzen zituen moldearekin (bulego argiak eta lasaiak nahi dituzte guztiek) indar berezia adierazten zen.

Juntagaiak perpausak direnean ere emendiozko juntadurako egoera berdinak sortzen dira. Batzuetan aditz osoa —eta beste zenbait elementu— eskas duten egiturak ditugu: hustuketa egiturak azal daitezke (Uztailean beharbada emaztearekin Indiara joango naiz, edo alabarekin Japoniara); edo sarritan, juntatzen ditugun bi perpausen artean desberdintasun bakarra bai edo ez —adierazten den ekintzaren baieztapena eta ukazioa— duten adibideak izango ditugu (Bihar esango dizut oporretara joango naizen edo ez), betiere bigarren perpausean ezeztapena azaltzen dela (*Esango dizut ez naizen joango edo bai). Beste batzuetan adizki laguntzailearen elipsia dugu (Mendira joango naiz, edo etxean geratuko), edo perpaus jokatugabeetako ezabaketen kasuistika; hauetan guztietan, emendiozko juntaduraren atalean azaldu ditugun aukera eta molde berak aurkituko ditugu edo-rekin ere, hizkera desberdintasunak barne.

28.5.2.4. Edo X edo Y

Batzuetan edo bi juntagaien aurrean ezartzen da, enfasia emanez. Juntagai horiek edozein kategoriatakoak izan daitezke, edo maila bereko edozein osagai izan daitezke —gogoan izan juntagaiek oro har bete beharreko baldintzez 2. atalean esandakoak—, baina funtzio sintaktiko bera izan behar dute: Ez dugu ordean guztiek edo bordarik, edo artarldearen erosteko ahalik (Xalbador); Ikasi behar dituzu, edo elizara zatozela, edo liburuaz edo bestez baliatzen zarela (Agirre Asteasukoa); Ez dira handik ateratzen edo ezkontzeko, edo serora joateko baizik (Laphitz); Edo dantzaria haiz, edo ez haiz dantzaria: beste aukerarik ez dago (Atxaga)233. Bi balio nagusi desberdin har ditzakete halako egiturek, eskuinean daraman osagaiaren galdegaitasunaren edo mintzagaitasunaren arabera:

Aukera adierazten du adierazpen perpausean, galdegaiaren ezkerrean, edo galdegaiaren aposizio diren juntagaien ezkerrean errepikatzen denean: Haren esana zen, edo padezitu, edo hil (Gerriko); Nehor mintzatzen zeikanean, edo disimulatzen zuen, edo zenbait hitz iokolariz […] ederztatzen duen (Axular); Urrunera doana ezkontzera, edo da enganaitu, edo doa engainatzera (Oihenart); Edo hilko da biharko, edo hasiko da osatzen (Kirikiño); Ahalegin guztiak zuzendu behar dituzue, edo zuen egitasmoa aurrera eramatera, edo ordezko bideragarriak garatzera. Galde perpauseko galdegaien aurretik ere errepika daiteke: Nola egingo duzue hobeto, edo lanak banatuz, edo guztiok elkarrekin garatuz? Baita galde perpaus osoen aurretik ere: Edo grazia galdu, edo begia galdu? Edo pekatu egin, edo izterra galdu? (Frai Bartolome).

Orobatasuna adierazten da beste batzuetan. Bi osagairen artean doanean ere hartzen du balio hau, eta errepikaturik agertzetik sortzen bide da banakaritza ñabardura: Asko izaten dira ezkonduen artean, edo gurasoen, edo senideen, edo adiskideen erreguagatik, batere gogo bagarik ezkondu zirenak (Frai Bartolome). Ala, nahiz eta zein ere aurki daitezke errepikaturik balio honetan.

Nolanahi ere, ez da beti erraza izaten ‘aukera’ edo ‘orobatasuna’ adierazi nahi den zehaztea. Berdin gertatzen zen edo bi juntagaien artean kokatzen zenean ere.

Bestalde, perpausen aurrean errepikaturik ere aurki daiteke edo, baldintza kutsua hartuz batzuetan: Edo harrizkoa zara, edo ezin daiteke dei hain amodiotsuari ez erantzutea (G. Arrue). Aukera adieraziz besteetan: Eta bitarik bat: edo pagetan deust munduak egiten dodana bera gaitik, edo ez (Añibarro).

28.5.2.5. X edo

Juntagai bakarraren ondotik edo ematean, bigarren aukera zehaztu gabe uzten da, eta era zabalean ‘gutxi gorabeherakotasuna, zehazgabetasuna, ziurgabetasuna…’ adierazteko erabiltzen da sarri. Antzera gertatzen zen, neurri batean, eta emendiozko juntagailuarekin ere. Bereziki Hegoaldeko testuetan azaltzen da. Edozein kategoriatako juntagaien ondoren etor daiteke, eta ahozkoan enklitiko bihurtzen da, aurrekoarekin batera ahoskatuz. Era askotako adibideak aurki daitezke: Halako masoi usaina edo dariolako (Mitxelena); Zertan garen edo jakitera nator (Agirre); Zikiro pare bat edo, erretzen dute kanpoan (Xalbador); Aita edo itoko zitzaion (Agirre); Handik ordu-erdira edo, igaro zen ostalaria etxe aurretik (Kirikiño); Nondik zetorren? Jaungoikoak badaki. Azkaindik edo, Saratik edo, bide honek toki askotara jotzen du eta (Agirre); —Beraz, beti dabiltza itsasoko urak jiran gurpila legez? —Bai edo, eta beste hainbeste jazotzen da eguzkiagaz (Uriarte); Itsaspekorik agiri ote zen edo beti itsasora begira (Oñatibia).

Nabarmendu behar da partizipioa + edo ere ager daitekeela, bereziki bizkaierazko testuetan: Il edo da (Uriarte); Gaixotu edo zara zu (Astarloa); Geure egiazko irudia atzendu edo zaigu (Mitxelena). Emendiozko juntagailuarekin horrelakoak ez dira zilegi (*atzendu eta zaigu).

Galde perpausetan ere aurkitzen dira halako egiturak: Zergatik jokatzen duzu horrela? Maite ez nauzulako edo? Nolabait esatearren, hipotesi moduko galderak egiten dira askotan. Batzuetan, galde perpausarekin batean azaltzen da, bai/ez erako galderetan, indargarri modura, ala bezala: Zer bada, jende handi-mandiak ez al du edaten edo? (Labaien). Edo-ren aurretik etena egiten da horrelakoetan.

28.5.3. Edota juntagailua

28.5.3.1. Juntagailua eta juntagaiak

28.5.3.1a Edota juntagailu hautakariaren osaera gardena da: ‘edo + eta’. Baina juntagailu bakar beregain modura jokatzen du. Iparraldean jaso diren hiru lekukotasunetan eta forma osorik agertzen da; gainerakoetan ta forma laburtua, klitikoa, da ageri dena (bereiz, edo ta, nahiz elkarturik, edota, idatzirik). Ahoskatzerakoan, ohikoena, eta enklitiko bihurtzea da, edo juntagailuaren arrimura ahoskatuz.

Distribuzioari dagokionez, edo balioei dagokienez, parekotasun handia du edo-rekin; baina hura baino askoz gutxiago erabili izan da. XX. mendearen aurretik lekukotasun gutxi daude, eta dauden gehienak Hegoaldekoak dira. XX. mendean Hegoaldeko lekukotasunak bakarrik aurkitzen dira OEHko corpusean. Eta edo juntagailuarekiko desberdintasun nagusi bat du: sinonimo edo esanahi bereko atalen artean ez dela azaltzen. Eta zenbatzaileen artean ere ez da agertzen, eta ez dago X edota egiturarik.

28.5.3.1b Adierazpen perpausetan, perpaus beregainak elkartuz ager daiteke: Eskua emateko ez du pertza erortzen utziko, edota eskuaren ordez ez dio pertza luzatuko (Orixe). Mendeko perpausak ere elkar ditzake, jokatuak nahiz jokatu gabeak: […] gaixo daudelako, edota beren grinak oso moteldurik ez dauzkatelako (Gaztelu); Erlijio liburuak irakurriz edota errosarioa errezatuz pasatzen zituen orduak. Perpausa baino txikiagoko kategoriak ere junta daitezke, edo-rekin bezala: Jakintzatik, irakaskuntzatik edo ta erlijiotik hartutako bake-bideak (Villasante).

28.5.3.1c Galde perpausetan ere ager daiteke perpaus beregainak elkartuz. Batzuetan perpaus bakoitzak bere galdegaia du: Zer gerta ete zan lurrean, edota zer jazo yakon neskatilleari barruan? (Erkiaga). Beste batzuetan, aldiz, aukera bakarra osatzen duten galderak juntatzen ditu edota juntagailuak: Karlista zelako idatzi ote zuen Garoa gipuzkeraz edota, alderantziz, Garoa gipuzkeraz idatzi zuelako ote zen karlista? (Mitxelena). Mendeko galde perpausak —zehar- galderak— elkartuz ere azaltzen da, bakoitzak bere galdegaia duela: Gure aita ez zen axolatzen nola ari nintzen hazten, edota zein bihozgarbi nintekeen (Orixe).

Perpausak baino txikiagoko osagaiak elkartuz ageri denean, aukera bat galdegai ez diren juntagaiak elkartzea da: Nola dateke, […], zu hotzak eta goseak edota piztia gaiztoen atzaparrek ez hiltzea! (G. Arrue). Beste aukera, galde sintagmak elkartzea: Zeren giñoko edota zein esteritako lapurretak egin ete zituan Zorriztok? (Erkiaga). Azkenik, galde hitz ez diren galdegaiak juntatuz ere aurki daiteke, edo galdegaiari loturiko juntagaiak: Zer dela onena deritzozue, ni oso oraziuai ematea, edo ta bestelaz Jaungoikoaren hitza adiarazteari? (Beobide).

28.5.3.1d Postposizio sintagmak juntatzen direnean, edota juntagailuarekin sintagma osoak juntatzea da joera orokorra: Jakintzatik, irakaskuntzatik edo ta erlijiotik hartutako bake-bideak gizadian nagusiagotzen doaz (Villasante). Benetan zaila da edota-rekin ardatz anitzeko sintagmen juntadura aurkitzea. Adibide askotan edota-ren aurretik pausa bat izaten da, eta horrek ere ardatz anitzeko sintagmen juntaduraren aurka egiten du.

28.5.3.2. Balioak

28.5.3.2a Adierazpen perpausetan edo juntagailuak har ditzakeen ia balio guztiak har ditzake edota-k, baina ez da erabiltzen sinonimoak edo antzeko izenak elkartzeko; ezta zenbatzaile zehaztuak elkartzeko ere. Honako hauek dira balio nagusiak:

Aukera balioa: juntatzen diren aukeretatik bakarra gauzatuko dela adierazten du askotan edota-k: Erantzun ere euskalduna naiz edo ta ez naiz euskalduna ta kito (Azkue).

Orobatasuna adierazteko: balio hau garbi ikusten den adibideak asko ez diren arren, ondokoetan behintzat edota-k orobatasuna adierazten duela dirudi: […] bata nahiz bestea edota biak batean, usain egingarri eta sentigarri zirela uste eban Nikanor’ek buru belarri (Erkiaga); Egun askotan […], sekulako erbi mordoa, edota eper-saila etxeratzen ebana (Erkiaga).

Lehenaren aldaera da bigarren juntagaia, edo lehen esandakoa zehazteko balio du bigarrenak: Nik ez dakit nor zaitudan, edota, baldin badakit, zeharbidez dakit (Mitxelena); Euskara, uste denez, irla berezia da, edota zehatzago esan, genetikaz berezia (Mitxelena); Hilabete osoa jateke pasatzea, edo-ta, jatekotan, eskuera daukaten hartatik jatea (Berrondo). Edo, nahiko antzekoa, lehen juntagaia beste modu batera esateko, hura azaltzeko: Haritzak zozpela beretarikoa omen, edota, beste nolarebait esan, ezpalak bere egurra dirudi ta egurrak bere ezkurra, edo, […], nolako zura, halako ezpala (Zaitegi).

Lehen juntagaian esan denari baldintza-kutsua emateko, batzuetan, bestela diskurtso markatzailearen laguntzaz azaltzen da: Aska nazazue, edo ta bestela egingo diat nik ez-egitekoren bat gaur hemen (M. Lekuona).

Nolanahi ere, edo-rekin gertatzen den bezala, batzuetan ez da erraza edota juntagailuak zein balio hartzen duen ikusten.

28.5.3.2b Galde perpausetan, aukeraren balioa da nagusia. Kasu desberdinak aurki ditzakegu:

Bi galdera desberdin elkartzen ditu edota juntagailuak: Zertako bear yunagu toki oberik, edota zer ibili bearra zeukenagu toki billa irudimenez […]? (Orixe). Edota da, pare-parekoa duen edo-rekin batera, horrelako egituretan ager daitekeen juntagailu bakarra.

Galdegai diren juntagaiak elkartzen ditu edota-k: Lehenaldi luzea, igarota al zen luze, edota igarotzen ari zela? (Orixe). Horrelakoetan ala juntagailua du lehian.

Batzuetan, juntagaiak itxuraz adierazpen perpausa eta galde perpausa ditugu: Izan zaitezte gizonen baino Jaungoikoaren beldurrago; edota nahiago duzue Golo horri obeditu Jaungoikoari baino? (G. Arrue). Benetan, ordea, lehen perpausetik ondoriozta daitekeen zerbait litzateke bigarren juntagaia. Ala juntagailuarekin ere aurkitzen dira horrelako erabilerak.

28.5.3.3. Ezabaketak

Batez ere aditz-ezabaketak dira edota juntagailuaren adibideetan atzeman daitezkeenak. Ezabaketok —bai aditz osoarenak bai laguntzailearenak ere— eskuineko osagaian egiteko joera ageri da oro har: Oihalak orrazten ditu orrazi arantzatsuz, edota sutan egosten ardo goxoa indarra gutxitu dakion (Ibinagabeitia); Gainera, aurpegia garbitu nahiko zenutela… edo ta dutxa bat hartu (Labaien). Ezabaketei dagokienez, eta nahiz edo juntagailuetan ikusi dugun jokabidea agertzen du edota juntagailuak ere.

28.5.3.4. Tokia

Bi juntagairen artean bakarrik ez, juntagai bakoitzaren aurrean errepikaturik ere aurki daiteke, batzuetan edo… edota… bezala, besteetan juntagailu indartua emanik bietan, edota… edota… Ondoko adibideetan ‘aukera’ balioa adierazten du errepikaturiko juntagailuak: Zerura joateko bi bide bakarrak daude; edo pekaturik ez egitea, edo ta penitentzia (G. Arrue); Jauna, harriturik nago, ta zerzaz gehiago harritu, nik ez dakit: edo ta zure ontasun, ta pazienziaz, edo ta nire lotsagabeko atrebimentuaz (Kardaberaz).

28.5.4. Ala juntagailua

28.5.4.1. Juntagailua eta juntagaiak

28.5.4.1a Formaren aldetik aldaerarik ez duen juntagailu honek ere maila guztietako atalak elkar ditzake. Juntagailu hautakaria delarik, gramatikariak saiatu izan dira edo-rekin dituen desberdintasunak eta antzekotasunak zedarritzen. Horretarako, lehenik zer perpaus motatan ager daitekeen aztertu behar da, eta zer baliorekin erabili izan den.

28.5.4.1b Galde perpausetan sarri agertzen da ala. Juntatzen diren atalak perpaus beregainak nahiz mendekoak (zehar-galderak) izan daitezke: Zinez ote da zure eginbide mina, ala hortan ote da zure atsegina? (Xalbador); […] Iesus Krist elkhiten deia zelutik, ala […] han ere dago? (Belapeire); Ez dakit bertan jaio den ala datorren zerutik (S. Mitxelena); Zelan juzgauko dau, laguna deunga dan, ala ona dan? (Frai Bartolome). Zehar-galderak juntatzen direnean, batzuetan baiezkotasunaren eta ezezkotasunaren arteko hautua eskaintzen da, eta orduan amaieran ala ez erabili ohi da: Jainkoak badaki sendatuko zaren ala ez (Hiribarren); Ez zakiat auzia irabazi duan ala ez, baina hi ez haiz senargai ona Malentxorentzat (Agirre); Ez ezazula begira ea liburuaren egilea jakinsuna den, ala ez (Xurio).

Beste batzuetan sintagmak juntatzen ditu, askotan galdegai direnak: Ametsa ala egia da hau? (Kardaberaz); Egiguzu prediku bat, xuxen ala makur mintzo zaren jakin dezagun (Laphitz); Berehala ikusi behar da ea hura altxarazi duen kausa, barnekoa ala kanpokoa den (Haraneder); Orain, ordea, ez digu axola Cayatte zuzen ala oker dagoen jakiteak (Mitxelena). Ildo bertsuan, galdetzaile baten aposizio modura ageri diren atalak elkartuz ere sarri azaltzen da ala: Zer egin du Donostiak 70 urte hauetan, galdu ala irabazi? (Mitxelena); Zer zenuke nahiago? Berehala zerurat joan, ala […] arimaren galtzeko arriskuan bizi? (Laphitz); Zein zaldi da on edo hobeago, geldirik eta alferrik bere plazerera dagoena, ala ibiltzen eta manaiatzen dena? (Axular); Beriala igarriko dautzu zein markakua dan, Buick ala Chevrolet ala Citroen ala Amilkar ala… (Kirikiño). Azken adibide honetan, gainera, bi elementu baino gehiago juntatzen dira ala-ren bidez.

Baina sintagmen juntadura gauzatzen duenean, zenbaitetan galdegai ez diren elementuak ere agertzen dira juntaturik galde perpausetan: Gaztek ala zaharrek zer egin behar dute ilunduz geroztik? (J. P. Arbelbide); Igandeak ala bestak nola behar dira begiratu? (J. P. Arbelbide). Batez ere Iparraldeko autoreetan aurkitzen dira halako adibideak; eta juntagailuaren pareko balioa agertzen du halakoetan.

28.5.4.1c Adierazpen perpausetan ere erabiltzen da ala, batez ere Iparraldeko testuetan, baiezko nahiz ezezko perpaus bateko bi osagai edo gehiago elkartuz. Osagaiok ez dira perpaus jokatuak izaten. Hona adibide batzuk: Eta gizona gizon da, eta gizalegea gizalege, erdaraz ala euskaraz ari (Mitxelena); Hitz batetik ala bertzetik has dezazun solasa, zure eleak beti xuxen adosturen dira (J. P. Arbelbide); Handik aitzina han zagon, izan dadiela euri ala ateri, uda ala negu, gau eta egun (Joanategi); Uda ala negu, gauaz ala egunaz, edozein tenorez, eriaren meneko zen, beti (Barbier); Nor nahi har dezagun: ez jaun ala ba jaun (Hiriart-Urruti). Hiriart-Urrutiren adibideetan, esaterako, ala-k elkartzen dituen sintagmak askotan mintzagai den osagai baten aposizioan doaz, mugagabean oro har: Frantses ala arrotz, jakintsunak hitz bereko dira: bekatu litakela eskuara gal ladin (Hiriart-Urruti); Jaun argitu bat, mediku ala bertze, ahalge behar liteke holakorik iresteko… (Hiriart-Urruti).

Bestalde, ohartzen gara, postposizio sintagmak juntatzen ditugularik, ohikoa sintagma osoak juntatzea dela: Jende xeheak ez duela bihotzez ala buruz nehori zorrik (Hiriart-Urruti). Alde horretatik, aurreko juntagailu hautakarien jokamolde bera agertzen da; eta haietan bezala, adjektibo, erakusle edo zenbatzaileak egoteak izen-juntaketa errazten du: Trufa serorez, trufa gizon ala emazte fededunez; trufa otoitzaz (Hiriart-Urruti).

28.5.4.2. Balioak

28.5.4.2a Ala juntagailua galde perpausetan erabiltzen denean, elkar baztertzen duten aukerak juntatzen dira: Hilak ala biziak daude? (Iturzaeta); Ez dakit zinemara joango naizen ala etxean geratuko naizen. Juntagaien artean bat aukeratu behar dela adierazten dugu, eta gainerakoak baztertu. Horrexegatik dira askotan antonimoak ala-k elkartzen dituen osagaiak: “bai ala ez”, “pobre ala dirudun”, “bertan jaio den ala datorren zerutik”… Baina berez ez da nahitaezkoa kontrakoak edo antonimoak izatea. Bi osagai baino gehiago elkartzen direnean nabarmentzen da hau argiena. Aurretik eman dugun adibide bat berriro ekarriz: Beriala igarriko dautzu zein markakua dan, Buick ala Chevrolet ala Citroen ala Amilkar ala… (Kirikiño). Buick, Chevrolet, eta abar ez dira kontrakoak, baina marka batekoa izan behar du autoak, eta marka hori zein den aukeratzea da kontua. Hiztunak desberdintzat ditu, beraz, aurkezten dituen aukerak.

28.5.4.2b Adierazpen perpausetan, ostera, berdintsu zaizkigun aukeren aurrean gaudela adierazten dugu ala juntagailuaren bidez. Horrelakoetan hiztunak ez du desberdintasun handiegirik ikusten aukera baten eta bestearen artean; ez zaio axola bat nahiz bestea hautatu: […] eskualdun giristinotasunaz ala jazko haizeaz berdintsu axola dutenak (Hiriart-Urruti); Murde ala jaun bardintsu zautzue, ez dea ala? (Hiriart-Urruti). Orobatasuna adierazten da adibide hauetan, aurretik aztertu ditugun juntagailu hautakariak adierazpen perpausetan genituenean bezala; berdin(tsu) hitza azaltzeak ere laguntzen du interpretazio hori izaten. Areago, zenbaitetan multzo bateko talde desberdinak adierazteko-edo balioa duela dirudi, batez ere guztiak, oro, noiznahi eta antzeko sintagmen aposizioan doazenean ala-k elkartzen dituen osagaiak: Aski zen haren ikustea, noiz nahi, astelegun ala igande, bere artalde maitearen erdian (Hiriart-Urruti).

28.5.4.3. Ezabaketak

Juntagaietan errepikatzen diren elementuak ezabatzeko aukerari dagokionez, juntagailu hautakari guztiek antzeko jokabidea dute (ikus edo juntagailuari buruz esanak); eta, orokorrean, emendiozko juntaduraren atalean aipatutako joerak gainerako guztietarako baliagarri dira. Baina ala juntagailuaren kasuan, bada oso sarri azaltzen den molde bat: ezkerreko perpausa osorik dago, eta galde perpausa da; ala juntagailuaren ondoren, ezkerreko galdegaiarekin aukeran jartzen dugun elementua bakarrik daukagu: Eure burutatik hoa, ala aginduta? (Kirikiño); Elizgizonak bakarrik ote dira eliza ala elizgizonak eta beste zenbait? (Mitxelena); Galdegiten diogu atxoari etxetiar direnez, ala etxezain, ala etxearen jabe (J. Etxepare). Baiezkotasun/ezezkotasuna ere izan daiteke galdegai eta aukeragai: Egia hauek sinesten ote ditut, ala ez? (Baratziart); Ez zuen begiratzen […] baizik irabazi edo atseginen bat emango zion, ala ez (G. Arrue). Bestalde, bi postposizio sintagma elkartzen direlarik, izena errepikatzen bada, eskuineko osagaian egiten da ezabaketa: Hauta dezagun, bada, behin eta betiko zer nahi dugun: euskara garbia ala bizia (Mitxelena); Zoin laster asetzen giren solasik arinenez ala pizuenez (Hiriart-Urruti).

28.5.4.4. Tokia

28.5.4.4a Orain arteko adibideetan, elkartzen dituen osagaien artean aurkitu dugu ala juntagailua. Baina juntagai bakoitzaren aurrean kokatua joan daiteke (ala X, ala Y) eta galde perpausetan osagai bakarraren ondoren zintzilik ere geratu ohi da (X ala), eta eta edo juntagailuekin gertatzen zen bezalaxe.

28.5.4.4b Ala X, ala Y. Galde perpausean, galdegai bakoitzaren aurrean ezar daiteke, aukeraren balioarekin: Galdegin zioten zein nahi zuten libra ziozoten bietarik, ala Jesus […] ala Barrabas (Larregi); […] aurtiki zioten zenbait ur burutik behera. Eta ez dakigu ala ustekabean, ala berariaz (Axular); […] ez dabela jakingo heriotzako ordua artean, ala bekatu mortala ala beniala egin daben (Frai Bartolome); Eta beldurraren beldurrez ez zekien zer egin ere: ala ohe azpian ezkutatu ala ate-osteko zulotik begiratu (F. Bilbao). Ondorengo adibidean, zehar-galderak dira galdegai: Ez dakigu orain, ala sakeletik igarri barik atera ote eutsozan ala gizon hark berak, joskinari eman ote eutsozan (Kirikiño). Batzuetan galdegai diren bi elementu baino gehiago ere ager daitezke: Ala tiro batez, ala urean, ala gaitzak bet-betan ezagutza kendurik hilen naizen, nihork ezin erran (Duvoisin); Egiazko pazientak ez du behatzen norengandik heldu zaion, ala heldu zaion goragokoagandik, ala berdinekoagandik, ala beheragokoagandik, ala prestuagandik, ala gaixtoagandik (Xurio).

Adierazpen perpausetan ere azaltzen dira molde honetakoak, askotan balio banakaria emanez. Juntagaia, bestalde, edozein kategoriatakoa izan daiteke: […] eginbide hori, mendez mende beti errepikatu eta finkatu izan dute ala aita-sainduek ala kontzilioek ala enperadore, errege eta gobernamendu suerte guztiek (J. P. Arbelbide); Ala mendietan, ala zelaietan, non-nahi ongi heldu da (Duvoisin); Ala jan dezazun, ala edan dezazun, ala besterik zer nahi egin dezazun […] oro Jainkoaren glorietako egizu (Uscara libria). Beste batzuetan, emendiozko juntagailuaren pareko balioa har dezake: Ala aitorensemek, ala apezek, bai eta apezpikuek berek entsegu franko badarabilte herriko mintzaira zahar ederra xutik atxiki beharrez (J. P. Arbelbide). Eta balio bera hartzen du, galde perpausetan egon arren, galdegai ez diren juntagaien aurrean ezartzean: Nondik jali, asko herri ttipi erromesetan, ala mutikoen ala neskatoentzat eskola berezi baten egiteko […] dirua? (Hiriart-Urruti). Hauetan guztietan orobatasuna adierazten da, juntagai bat edo bestea izan axola handirik ez duela.

28.5.4.4c X ala. Aurretik eta nahiz edo juntagailuekin ikusi dugun bidetik, X ala motako egiturak ere badira, baina ingurune sintaktikoen aukera mugatuagoa da234. Ala juntagailua bai/ez erako galde perpausen ondotik zintzilik uzten dugu batzuetan, batez ere bizkaierazko testuetan. Orduan, aurretik esan denetik, edo dugun informaziotik abiatuz, nolabaiteko ondorio edo hipotesi bat aurkezten da ala juntagailua amaieran duen galderaren bidez: Egun ederra daukazu basorako. Perretxiko bila zoaz ala? (Kirikiño); Zer dinostazu? Ezbeharren bat jazo jatzu ala? (Otxolua); Zer, zu ere Galilearra zara ala? (Iraizoz). Aurreko adibideetan, egoera zein den kontuan izanik, hiztunak bere ustez aukera sendoenak liratekeenei buruz galdetzen du (‘perretxiko bila joatea’; ‘ezbeharren bat gertatu izana’; ‘galilearra izatea’), nahiko ziurtzat dituen uste horien zuzentasunaz. Baina beste askotan ‘hiztunarentzat aukera okerra, sinesgaitza edo ezustekoa’ dela adierazi nahi izaten da, galdera erretorikoen kutsuarekin, enfasia emanez: Zer nahi duk ba, putz eginda aberastea ala? (San Martin); Zer ba, ama birjina-edo agertu zaizu ala? (Bitaño); Gure hizkuntzaren egoera larriak ez zaituzte nahigabetzen ala? (Mitxelena). Batzuetan ala ez da amaieran ezartzen, perpaus barnean aditzaren ondotik baino: Ez zaituedaze ala zuek be ipuinzale? (F. Bilbao).

Batzuetan, antzeko balioarekin, ala galde perpausaren hasieran agertzen da: Zertatik sortu da iskanbila hau? Ala demonioak yabiltzubez barruan? (Otxolua); Bakotxak bere berri daki; nik neure. Ala nahuzue aitor dezazuetadan egia? (Hiriart-Urruti); Bihar hondartzara joango gara. Ala beti zuk nahi duzuna egin behar dugu? Horrelakoetan diskurtso markatzaileen moduko erabilera izango genuke.

28.5.5. Beste molde batzuk

28.5.5a Juntaduraren atalaren hasieran saiatu gara juntagailuak gainerako elementuetatik —menderagailuak, diskurtso markatzaileak— bereizteko irizpideak ematen. Esan dugu emendioaren, hautakaritzaren edo aurkaritzaren balioak beste molde edo egitura batzuen bidez ere lor daitezkeela: alborakuntza eta diskurtso markatzaileak erabiliz; lotu nahi diren elementuen aurretik adberbioak eta beste zenbait elementu errepikatuz; etab. Gramatiketan, batzuetan, elementu horiek juntagailutzat hartu izan dira. Baina bai EGLUn, bai hemen, bestelako ikuspegia defendatu dugu. Nolanahi ere, juntadura hautakarira gehiena hurbiltzen diren elementuak azalduko ditugu jarraian.

28.5.5b Nahiz/Zein. Tradizioan mendebaldeko testuetan agertu izan dira bereziki. Areago, zein bizkaierazko testuetan bakarrik aurkitu dugu. Nahiz, bizkaierazko testuetan, nai aldaeran azaldu ohi da sarri.

Bi elementu hauen izaera aztertzeko unean, bada oso kontuan izan beharreko ezaugarri bat: biak ere ez direla diskurtso markatzaileen laguntzan ageri, baina juntagailuekin batera ager daitezkeela. Ondorengo adibideetan eta emendiozko juntagailuarekin eta edo hautakariarekin batera azaltzen zaizkigu: Nahiz ardoa, nahiz ura edo nahiz petrolioa, edozer behar eban egarriak itoko ez baeban (San Martin); Nola nahi den dela, begiratu behar da ihardukitzetik eta etsaiaren akometatzetik, nahiz dela etsai hura zure berdin, nahiz handiago, eta nahiz ttipiago (Axular). Hirugarren atalean (§ 28.3 “Juntadura eta menderakuntza”) emandako irizpideak kontuan hartuz, juntagailuekin batera agertzeak diskurtso markatzaile direlako baieztapenera eramango gintuzke. Alde honetatik, dela… dela… / bai… bai… eta antzeko formulen pareko lirateke, hauek ere izen sintagma, adizlagun, perpaus jokatugabe edo mendeko perpaus jokatuen aurrean ezartzen direnean banakaritza balioa adierazten baitute.

Nahiz eta zein erabiliz elkartzen diren osagaiak perpausa baino kategoria txikiagoak izaten dira oro har: Beti bizi izan dira asko alperrak […] eurena ez den gauza atrapetan zuhurrak: basoak nahiz piztiak, harriak nahiz lurrak (E. Azkue); Martinek arrazoia eduki zein ez eduki… (Arrese Beitia); Eta hitz batek, ingurukoak gehitzen, gutxitzen nahiz aldatzen bazaizkio, ezin lehengoan iraun (Mitxelena). Ala juntagailua bezalaxe, aposizioan doazen sintagma absolutu mugagabeak elkartuz ere aurkitzen dira: Erbi zein koneju, meriendatxo bat eman beharko deustak behintzat gaur adar-jotze honen ordez (F. Bilbao); Beti agurrik zintzo eta beroena, aberats zein txiro, guztientzat (F. Bilbao).

Balioari dagokionez, ‘orobatasuna’ adierazten da nagusiki nahiz eta zein duten egituretan, hiztunari edo idazleari aukera bat edo bestea berdintsu zaiola agertuz: Urliari nahiz sandiari galdetuaz ez dugu auzi hau garbituko (Villasante); Ikusiko duzue zein polito ikasiko deutsuen aita gurea nahiz beste edozein leziño (F. Bilbao); Gure aldikoa izan balitz, gure gisako gizona eta idazlea izango genukeen, hobea nahiz kaxkarragoa, baina antzekoa eta kidea (Mitxelena); Baina, gure esanak gora-behera, gazteok bihoaz aurrera, gurekin nahiz gure gainetik (Lizardi). Balio hau edo/edota/ala juntagailu hautakariek ere hartzen dute, eta batzuetan adibide berean orobatasuna adierazteko juntagailu hautakari horiekin txandatuz aurki ditzakegu: Hizkuntza bat edo bestea jakiteak, ongi ala gaizki, hala nahiz honela mintzatzeak, Pygmalion ez da gure artean ezaguna, larru-azaleko koloreak baino gehiago batzen eta bereizten gaitu (Mitxelena).

Hala ere, batzuetan badirudi ez dela ‘orobatasuna’ adierazten, baizik eta ‘aukera’ baliotik gertuago dagoela: […] ez dela berdin, asmatzea batek bere arteko grina edo inklinazio txar karidadearen kontrakoa, zein karidadean huts egitea (Añibarro). Azken adibide honetan eta emendiozkoaren pareko dela esango genuke.

Postposizio sintagmak elkartzen dituztenean, juntagailu hautakariek bezalako jokaera erakusten dute, eta sintagmak osoak azaltzen zaizkigu gehienetan nahiz eta zein-ekin: Ikusbide ederra zegoen zeruan zein lurrean, inguru guztietan (Etxeita). Ardatz izenak zuzenean juntaturik dituzten adibideak ere agertzen dira tarteka: […] behartu ditu azkenean linguistak, hizkuntzalariak, beste jakiteetara, inguruko nahiz urrutikoetara, begiak iraultzera (Mitxelena). Horrelakoak errazteko baldintzak xehetasun handiagoz azaldu ditugu eta emendiozko juntagailuaz aritu garenean, eta juntagailu guztietan errepikatzen dira: pluralekoak izatea; determinatzailetzat zenbatzailea edo erakuslea hartzea; bi izenei dagokien izenondo edo izenlagunak edukitzea; eta abar. Hona adibide batzuk: Gizon nai giza-aldra bakotxak besteakazko artu-emonetan… (Eguzkitza); […] hosto nahiz orbel erorietan lotsati (Azurmendi); Mila eta handiak badira ere hemengo haitz zein mendiak (Arrese Beitia).

Elementu hauek hartzen duten tokiari dagokionez, nahiz eta orain arteko adibideetan nahiz eta zein elkartzen diren bi osagaien artean kokaturik ikusi ditugun, osagai bakoitzaren aurrean errepikaturik ere ager daitezke, balio banakaria hartuz; eta elkartzen diren osagaiak bi baino gehiago ere izan daitezke. Baina ez dira perpaus askeak izaten, osagai edo elementu txikiagoak izaten dira ‘juntagaiak’: Nahiz frantsesez, nahiz alemanez, nahiz ingelesez, mundu guztiko liburuetan topetan ditu berak ikasitako berbak (Oskillaso); Nahiz txantxetan zoazela, nahiz benetan zoazela, berdin berdin erreko zaitu hango suak (Astarloa); Zein bekatu guztia ezkutatu, zein estalgarriekin eskusatu, oro bat da (Mogel). Nahiz eta zein-en kidetzaren lekuko, txandaturik ere ager daitezke bata osagai baten eta bestea bigarren osagaiaren aurrean: Aritx maitea nahiz dela osasunaz, zein gaixo txarretan, nahibagez hondaturik, zein atseginetan (Etxeita).

Bestalde, juntagailu batzuek —eta, edo, ala— bazuten aukera juntagai bakarraren ondoren azaltzeko, bigarren juntagairik gabe (Miren eta etorri dira), baina nahiz eta zein ezin dira juntagai bakarren ondoren zintzilik utzi. Ondorengoak bezalakoak ezinezkoak dira: *Edozer jango luke, legatza nahiz… / *Edozer jango luke, legatza zein…

28.5.5c Ezpa. Antzinako autore batzuek, hala nola Etxepare, Leizarraga edo Pouvreauk, ezpa erabili izan dute juntagailu hautakari bezala, perpausetik beherako atalak juntatuz; gainerakoan badirudi edo-ren distribuzio bera duela (bi zenbatzaileren artean edo bi sinonimoren artean koka daiteke; bai eta bi galde hitzen artean ere). Dena den askotan ez da batere garbi ikusten ezpa juntagailu hautakari den ala ezpada-ren baliokide. Nolanahi den, adibide argi samarrak iruditzen zaizkigu ondokoak bezalakoak: Eta lehenik, gauza klaroa da, ezen Iainkoaz ordenatu ezpa manatu etzaikun guzia, gure libertatean dela (Leizarraga); Zer axola duzu hau hunelako ezpa horrelako izaiteaz, edo hura hunela ezpa horrela haritzeaz edo mintzatzeaz? (Pouvreau).

28.5.6. Balioak eta juntagailuak: laburpena

Hautakaritzaren atalaren hasieran esan dugu, euskararen gramatiketan juntadura hautakaria aztertu izan denean, arreta berezia jarri dela askotan edo eta ala juntagailuen erabileran, eta dituzten bereizgarrietan. Esan izan direnetako batzuk ere ekarri ditugu. Atalean zehar juntagailu bakoitzaren nondik norakoak xehetasun handi samarrez azaltzen ahalegindu ondoren, honako hau da juntagailu hautakarien eta har ditzaketen balioen ikuspegi orokorra.

28.5.6a Edo da juntagailu hautakari bakarra:

bi sinonimo juntatzeko: garbitasun eta kastidadea.

bi zenbatzaile zehaztu juntatzeko, galde perpausetan ez bada: bi edo hiru liburu.

28.5.6b Edo eta edota, biak ager daitezke ondorengo ingurune sintaktiko eta balio hauetan:

Adierazpen perpaus jokatuak elkartuz. Askotan murriztapen-kutsua (edo behintzat, edo bederen) adierazten du juntagailu hautakariak. Orduan bigarren juntagaiak ez du egiaz aukera desberdintasuna adierazten, baizik lehenak adierazten duenaren aldaeratzat edo hartzen da: Andonik esan du bilerara etorriko dela edo/edota bestela txostena bidaliko duela.

Adierazpen perpausetan, perpaus jokatugabeak edo sintagmak elkartuz, ‘aukera’ adierazteko: Hil edo biziko auzia dela esan digu; Erantzun: euskalduna naiz edota ez naiz euskalduna. Alde honetatik azken urteotan hedatu den joerak, hau da, bi antonimoren (kontrakoa adierazten duten bi hitzen) artean ala juntagailua ezartzeak (hil ala biziko auzia), ez du literaturan tradiziorik.

Galdera desberdinak adierazten dituzten galde perpausak edo bi galde hitz juntatzeko: Ez al diguzu esan behar noiz edo/edota nola joango zaren?; Trena huts egin duzu edo/edota zer arraio gertatu zaizu hain berandu heltzeko?

Galde perpausetan, galdegai ez diren juntagaiak elkartzeko: Zer zerikusi du horrek ezkonduta edo/edota ezkongai egoteko?

28.5.6c Edo eta ala, biak ager daitezke ondorengo ingurune sintaktiko eta balio hauetan:

Bi perpaus elkartzen direnean, bien artean aukera (galdera) bakarra adieraziz: Zinemara joango gara edo/ala nahiago duzu etxean gelditzea?

Galde perpausean, galdegai diren atalak elkartzeko: Zer hartuko duzu, ardoa edo/ala sagardoa? Bi juntagailuak erabiltzen dituzten euskaldunentzat edo “koine” bat erabiltzen ohituak diren idazleentzat, normalagoa da halakoetarako ala hautatzea. Ohart gaitezen, bestalde, aurreko adibideak ‘aukera’ balioa hartzen duela, juntagai baten edo bestearen arteko aukera adierazten dela (ardoa/sagardoa); eta balioa bera da edozein juntagailu (ala nahiz edo) erabiltzen delarik ere.

28.5.6d Edo eta ala (batez ere ipar-ekialdean):

Biak agertzen dira perpaus jokatugabeak eta era guztietako sintagmak (perpausa baino txikiagoak) juntatuz ‘orobatasuna’ adierazteko, juntagaien artean bata zein bestea berdintsu zaigula aditzera emateko: Hizkuntza bat edo bestea jakiteak, ongi ala gaizki, hala nahiz honela mintzatzeak […] larru-azaleko koloreak baino gehiago batzen eta bereizten gaitu (Mitxelena). Eginkizun honetarako nahiz eta zein ere erabiltzen dira Hegoaldean, baina esan dugu diskurtso markatzaileen ezaugarrietatik gertuago daudela.

28.5.7. Aditzarekiko komunztadura

Emendiozko juntadura aztertu dugunean, esan dugu eta-k juntagailuen batuketa bideratzen duela aditzarekiko komunztadurari dagokionez. Baina juntagailu hautakarien ‘oinarrizko balioa’ ez da batuketa edo gehiketa. Juntadura-egiturak kasu bakoitzean bideratzen duen balioak eragin zuzena du aditzarekiko komunztaduran; zehatzago esateko, balio horietako bakoitzak erreferentziak ezartzeko unean duen jokamoldeak du eragina. Juntadura hautakarian aipatu ditugun balioek —aukera, orobatasuna, sinonimia— eragin handiagoa dute erabiltzen den juntagailu hautakariak —edo, ala, edota— baino.

Aditzarekiko komunztadurari dagokionez, numero komunztadura eta pertsona komunztadura aipatu ditugu. Sinonimia —estua edo zabalxeagoa— dagoenean, adibidez, hirugarren pertsonako juntagaiak erabili ohi dira, eta juntagai horiek singularrekoak direnean, aditzarekiko komunztadura ere singularrekoa izan ohi da: Aurrez aur ifinten jako betirauna, edo eternidadea (Añibarro); Karta edo gutuna helarazi didate. Eta oro har, edozein baliorekin ari garelarik ere, juntadura hautakarian singularreko komunztadura da nagusi hirugarren pertsonarekin: Jon edo Andoni etorriko da; Mirenek ala Joxepak esan dizu? Aukeraren balioak erraztu egiten du komunztadura hori. Orobatasuna adierazi nahi denean, bide desberdinak aurki daitezke: Neguak, edo goseak, edo ur eskasiak, apalduko zuen/zuten esploratzaile gazte haien harrotasuna. Beste batzuetan, juntagailu hautakariaren bidez emendioaren gertuko adierak azaldu nahi direnean, pluraleko adibideak aurkituko ditugu: Euskal Herria, edo Espainia edo Frantzia edo honelako beste edozer, hitz bat baino gehiago dira (Mitxelena). Nolanahi ere, gogoan izan ez dela beti erraza izaten adibide bat zehazki zer baliorekin esan nahi izan den jakitea.

Lehenengo edo bigarren pertsonako juntagaiak azaltzen direnean, ordea, zalantza handiagoak izaten dira: Zu ala ni joango ????; Zuek ala ni joango ???? Tradizioan badira horrelako hautakaritza-juntaduretan plurala azaltzen duten adibideak: Zeuk ala neuk hasiko dugu erregua? (Arrese Beitia); Zuk ala nik nola dakikegu lege batek zer hedadura duen (J. P. Arbelbide). Baina badira bestelakoak ere. Halakoetan, sintagma singulartzat hartzen da eta, pertsona komunztaduraz den bezainbatean, bigarren sintagmak agintzen du: Zu ala ni joango naiz?; Zuek ala ni joango naiz?; Orain ez dakit, Jauna, zu edo ni aldatu ote naizen (Xalbador). Beste aukera bat perpausa bi zatitan banatzea da, komunztadura arazorik sortzen ez duen egitura hautatuz: Nor joango da, zu ala ni?; Nor joango da, zuek ala ni? Tradizioan ere badira horrelako adibideak: Eztabaida honetan, nork galtzen duela deritzok, hik ala nik? (Zaitegi); Gaur ikusiko nor helduko den hobeki, zu otoitzean ari izanik, ala ni dantzan jostaturik (Barbier). Jakina, perpaus juntadura garbiaren bidez ere egin daitezke horrelako itzuliak: Zu joango zara, ala ni (joango naiz)?

233 Emendioaren baliorako, antzeko enfasia emateko ez da eta juntagailua errepikatzen, baizik eta beste zenbait adberbio eta elementu; bereziki, bai… bai… moldea erabiltzen da: Bai Pello bai Miren atzerrian jaiotakoak dira.

234 De Rijkek (2008: 848) aipatzen du, X ala motako egituren erabilera-esparru mugatuagoaren atzean juntagailu honen balioa egon daitekeela, ala-k gehienetan elkar baztertzen duten bi aukera edo gehiagoren artean hautatzea eskatzen baitu.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper