Euskararen Gramatika

28.4.8. Banakaritza


28.4.8. Banakaritza

28.4.8a Alborakuntzaz nahiz juntagailu bidez elkartzen ditugun osagaien aurrean, osagai bakoitzaren aurrean elementuren bat errepikatzen denean sortzen da balio banakaria: Bai batzuek eta bai besteek zintzo ordaintzen dituzte zergak. Beste batzuetan, elementu berak errepikatu ordez, korrelazioan doazen hitz desberdinek osatzen dituzten formulez baliatzen gara (halanola… eta abar). Guztietan ere, juntagaiei enfasi berezia ematen zaie. Banakaritza inoiz juntadura-mota bezala aurkeztu izan bada ere, gramatikariek nahiago dute emendioaren balio modura aurkeztu. Juntagaien aurretik errepikaturik azaltzen diren elementuak gehienetan adberbioak izaten baitira, ez juntagailuak: 1) juntagailuekin batera azal daitezke; 2) juntagailu gehienak ez bezala, bi juntagaien aurretik errepikaturik azal daitezke; 3) ezin dituzte perpaus osoak elkartu; 4) erabilera berezi honetaz kanpo, ez dute emendiorik adierazten, beste balio batzuetarako erabiltzen dira.

28.4.8b Emendiozko juntaduran, bai eta ez juntagai bakoitzaren aurrean ezarriz lortzen dugu balio banakaria: Bai Patxik eta bai Anek (ere) lortu dute gidabaimena; Ez Jone eta ez Josu (ere) ez dira bilerara etorri. Aurreko hauetan bezala, bi osagaien artean eta juntagailua ipintzen badugu, emendiozko juntaduraren barnean izango dugu banakaritza (bai goizean eta bai arratsaldean (ere)); emendiozko juntagailurik ezean, alborakuntzaren barruan (bai goizean, bai arratsaldean (ere)). Balio banakaria duten adibideak erraz aurkitzen dira tradizioan: Bai soinekotarako eta bai barruko arropetarako, aukera handia etorri zait (Etxaniz); Sinesten banauzu, liburu hari itxekiko diozu zure bizitzeko, bai kanpoko, bai barreneko urrats guzien moldatzeko eta neurtzeko (Pouvreau); Familiako bizitzan aurkitzen du gizonak bere giro egokia, bai ahalmenak heldutasunera eramateko eta bai bere beharrak erremediatzeko ere (Villasante). Aurreko adibideetan ikusten den bezala, ere erabiltzea aukerakoa da.

28.4.8c Juntaduraren esparruan gertatzen den banakaritzari dagokionez, bai-rekin bi molde aurkitzen dira: Bai… eta bai… (Bai Jon eta bai Miren oso azkarrak dira); Bai… bai eta (Bai Jon bai eta Miren oso azkarrak dira). Ezezko banakaritza adierazteko, ohikoena, berez ezezkoa den perpaus batean juntagai bakoitzaren aurrean ez ezartzea da: Ez Jon eta ez Miren ez dira oso azkarrak; Ez Jon ez eta Miren ez dira oso azkarrak. Baina baiezko perpausetan ere inoiz aurkitzen dira ez errepikatzen duten egitura banakariak (de Rijk, 2008): Ez apaizik eta ez mojarik etorri da.

Banakaritza egiturak ia perpauseko osagai guztiekin era daitezke: Bai Jonek eta bai Mikelek asko ikasi dute; Bai Itziar eta bai Leire musikazaleak dira; Bai gazteei eta bai adinekoei gustatzen zaie film hori; Bai zuentzat eta bai guretzat ondo etorriko da; Bai mendian eta bai hondartzan gustura ibiltzen naiz; Bai gaur eta bai bihar hemen izango naiz; Ez zituen ez hitzak leundu, ez gorrotoak estali… Sintagma nagusien barneko elementuekin ere berez ez da eragozpenik, baina gutxiago erabiltzen dira, egiturak astundu bezala egiten baitira: Bai Jonen eta bai Mirenen alabak gurean izango dira lotan; Bai hirietako eta bai mendietako zuhaitzak aztertu dituzte ikerketa horretan; Bai mutil eta bai neska gazte guztiek hartu beharko dute txerto berria. Banakaritza erabiltzeak enfasia ematen dio adibideari, eta sintagma nagusien barneko elementuekin zailago gertatzen da. Horrez gain, kontuan izan behar da banakaritza egiturak ezin direla eratu norbanako bat baino gehiagoren partaidetza eskatzen duten predikatuekin (bildu, elkartu, osatu, elkarrekin, batera…): *Bai Jon eta bai Ane elkarrekin joan dira; *Bai Jon eta bai Ane batera datoz; *Bai Jon eta bai Ane Baionan elkartu ziren… Banakaritza dagoenean, juntagai bakoitzak bere kasa hartzen du parte aditzak adierazten duen gertaeran edo egoeran, eta orduan, ez da bateragarria predikatu kolektiboekin.

Bestalde, banakaritzan ezin dira perpaus osoak azaldu (*Bai Jon lanera berandu iritsi zen eta bai Miren ordua baino lehen irten zen), aurretik aipatu den egoera bati erantzuteko ez bada. Banakaritza erabiltzen denean, egitura osoa gertaera bakartzat interpretatu ohi da, eta hori egon daiteke banakaritzaren bidez perpaus askeak lotzeko eragozpenaren atzean. Aldiz, mendeko perpausak lot daitezke banakaritzaren bidez: Izugarri haserretzen zen nagusia, bai langileak lanera berandu iristen zirenean, eta bai norbait ordua baino lehentxeago irteten zenean.

28.4.8d Azkenik, ezezko perpausetako banakaritzan, taxu desberdineko moldeak gerta daitezke. Bi modu ditugu euskaraz, ezezko perpausak eta-z baturik lotzeko: 1) Ez du jan eta ez du edan; 2) Ez jan du eta ez edan du. Lehenengo moldea hedatuagoa da bigarrena baino. Aldea honelatsukoa dateke, biak erabiltzen diren hizkeretan. Lehenean, banaka eta bereiz, elkarrekin zerikusirik ez balute bezala hartzen dira bi perpausak, eta banaka eta bereiz ukatzen. Bigarrenean, aldiz, bi perpausen ezezkoa hasieratik ikusi eta korrelatiboki ukatzen dira; eta era horretan, banakaritzara hurbiltzen da. Azken molde honetakoak lirateke honako hauek: Ez gizonezkoa duzu osoa eta ez emakumezkoa (M. Atxaga); Ez-ikasiak ez lehen eta ez orain irakurtzen du (M. Atxaga).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper