26.3.2.3a Partizipio prospektiboa partizipiotik eratortzen da, hari -ko edo -en atzizkiak gehituz (§ 25.4). Bi hauetarik, -ko marka da maizenik agertzen dena (sartuko, helduko); partizipioa n-z bukatzen denean, -go ahoskatzen da (jango, emango). Partizipio markarik ez duten bota, bete, kosta bezalako partizipioei ere -ko zuzenean eransten zaie: botako, beteko, kostako. Ekialdean, atzizki hori bokalez bukatu partizipioei ezartzen zaie, eta -en marka hartzen dute kontsonantez bukatzen direnek: joanen, janen. Hortaz, euskalkien arabera ondoko txandaketak ditugu: joango/joanen, jango/janen, eramango/eramanen, hilko/hilen…
26.3.2.3b Geroaldia adierazteko modurik arruntena —nahiz eta ez den bakarra— partizipio prospektiboa oinarri duen adizki analitikoa erabiltzea da. Hemen, -ko eta -en atzizkiak dituzten partizipio prospektiboak identifikaturik, [-tuko] gisa aipatuko ditugu mota horretako partizipioak.