Euskararen Gramatika

20.1.4. Inesiboaren adiera


20.1.4. Inesiboaren adiera

Hasieran esan dugun bezala, postposizio guztien artean inesiboa da emankorrena eta oinarrizkoena. Adibidez, goian aipatu diren zehar-ek, gora-k eta abarrek inesiboa eska dezakete osagarri gisa (kalean gora, aldapan behera, basoan zehar…). Horrela sintagma osoak adiera bereziak bereganatzen ditu.

Bestalde, postposizio asko dira osagarritzat inesiboa hartzen dutenak: elkarrengandik (< [PS [PS elkarrengan] -tik]) / elkarrengana (< [PS[PS elkarrengan] -a]); hemendik (< [PS [AdbS hemen] -tik]). Modu horretara, adiera ugari bidera daitezke inesiboa oinarri hartuta. Baina inesiboak berak ere, berez, adiera bat baino gehiago izan ditzake.

Funtsean kokagunea adierazten du, baina kokagune hori modu berezian ulertzen ahal da: leku gisa, denbora gisa, jarduera…

20.1.4.1. Lekua

20.1.4.1a Lekua adierazteko baliatzen da inesiboa, gertaera bat non kokatzen dugun adierazteko. Beraz, non? galderari erantzun diezaioke: Plaza nagusian bizi naiz; Zure etxean hitz egingo dugu; Mahaiaren azpian dago katua… Sintagma inesiboak lekua adierazteko balio du, egoera, prozesua nahiz gertaera edo ekintza bat non gauzatzen den esateko.

Eta hau sintagmaren erreferentea [+animatua] denean ere bai: Bere seme-alabengan ez zuen inongo errurik aurkitzen. Hemen, non? galdera egokia izan badaiteke ere, gehienetan norengan? izango litzateke galdera hori, erreferentea animatua delarik. Dena dela, adieraren aldetik, -n inesibo soilaren eta -gan inesibo konplexuaren arteko aldea zertan datzan azaltzea ez da erraza, hiztunok praktikan geure burmuinean gauzak ongi bereizten baditugu ere. Dena dela, batetik herrian esaten da, [-animatu] gisa interpretatuz, baina bestetik herriarengan [+animatu] gisa interpretatuz. Berdin Irakasle batengan fijatu nintzen esaten da, baina honen ondoan Irakasle batetik bestera alde handia dago esaten dugu. Nolanahi ere, batean galdera non?/nondik?/nora? baldin bada, bestean norengan? edo noren baitan? izango da edo norengandik?, norengana?

20.1.4.1b Hala ere, ‘berez’ bizidun edo [+animatu] izango liratekeen sintagmen aurrean non? ere galde daiteke: Mojetan ikasi zuen Leirek (non ikasi zuen?); Mandoan ibiltzen da gure nagusia (edo mando gainean, baina ez, *mandoarengan). Azken kasu honetan non? galdetu ordez, nola ere galdetzea agian egokiago litzateke. Galdera horien guztien gainean, ordea, bada halako ideia orokor bat, ‘kokagune’ adiera zabala izango lukeena. Mandoan ibili bai, baina *mandoarengan ibili ez. Eta Mando honengan konfiantza handia du, baina Mando honetan konfiantza du, zerbait izatekotan, desberdinak lirateke. Beraz, zaldian diogunean kokagune fisiko bat adierazten dugu. Aldiz, barneko ‘zer’ berezi batez ari garenean, fisikoa ez den kokagune batez alegia, erabiltzen ahal dugu -gan edo honen ordain den baitan postposizioa (§ 12.3.8b). Hortaz, aipatu ditugun PSen adiera desberdinaren erantzukizuna ez da inesiboa bera, batean ageri den -ga- postposizioa baizik. Mahaian eta mahai gain-e-a-n-en artean dagokeen diferentzia bezala.

20.1.4.1c Zenbaitetan, itxura batean IS [+animatua] izan arren, -ga-rik ez da erabiltzen. Mojetan eta mojengan desberdinak dira: lehenbizikoan, espazio fisiko bat adierazten dugu, benetako leku bat, mojen ikastetxean, mojen artean edo. Aldiz, mojengan diogunean, fisikoa ez den zerbaitez ari gara, zer den azaltzea zaila bada ere. Lehenbizikoan, ‘mojen lekura’, ‘mojen komentura’ edo esan nahi da. Mojengana esanez gero, berriz, ‘moja artera’, ‘moja multzoa osatzen duten kideengana’. Holako interpretazio jokoa izan dadin, sintagmak plurala izan behar du, multzoa adierazten duena: mojetan/mojengan baina mojarengan/*mojan. Bestalde, Moja guztietan atseginena bera zen / Moja guztiengan zuen konfiantza bera.

Honen antzeko zerbait dugu leku bat adierazteko pertsona izen batez baliatzen garenean ere. Adibidez: Alejo(re)nean bazkalduko dugu esan daiteke (cf. Alejoren tabernan bazkalduko dugu). Baina hemen Alejoren tabernaz edo etxeaz ari gara, ez Alejo beraz; *Alejorengan bazkalduko dugu (cf. Alejorengan uste osoa dut). Alejorengan diogunean pertsona bati buruz ari gara, ez etxeaz edo tabernaz.

Nolanahi ere, PS hauetan, lekutasun adiera -n postposizioak ematen du: goiko adibide guztietan kokagune bat adierazten da, baina inesiboaren ezkerrean beti dago beste elementu bat, kokagune horri eduki jakina eransten diona. Nigan eta neure artean diogunean, beti egiten diogu erreferentzia, nolabait, kokagune bati, fisikoa ez izan arren. Baina esamolde horiek ez dira berdinak, geure etxean eta geure buruan edo geure gogoan ere ‘kokagune’ desberdinak diren bezalaxe. Honen antzeko zerbait gertatzen da -ga-rekin ere, zehazki zer den esaten zaila bada ere.

20.1.4.2. Denbora

20.1.4.2a Denbora adierazteko ere inesiboa darabilgu, gertaera bat denboran non kokatzen den adierazteko, alegia. Beraz, kokaguneaz ariko ginateke orain ere: Zer urtetan etorri zinen Euskal Herrira?; Gaztetan ez duzu horrelakorik pentsatzen; Bazkalondoan aztertuko dugu egoera; Hiruretan deitu zidan… Denbora une edo tarte bat adieraz dezake inesiboak, une jakin bat. Hori da adibideok adierazten dutena.

20.1.4.2b Aldi bat ere adierazten ahal da inesiboaren bidez, ez une zehatz bat. Ekintza edo gertaera bat zenbat luzatu den esateko, adibidez: Hilabetean idatzi du liburua; Urte osoan ez du kolpe zorririk jo. Holakoek zenbat denbora(n)? galderari erantzun diezaiokete, esaterako. Hauen ordain gisa eman daiteke batzuetan instrumentala ere (§ 21.6): Hiru urtez (hiru urtean) egon zen kanpoan; Egun batez (egun batean) emakume xarmant bat aurkitu zuen.

20.1.4.2c Maiztasuna adieraz dezake beste batzuetan. Orduan, galdera zenbat aldiz? edo izango litzateke: Hirutan izan naiz Galizian; Askotan joan gara elkarrekin. Hilean bi aldiz, noizean behin eta holako esapideetan ere maiztasuna adierazten da, baina hauetan maiztasun hori ez dagokio, berez, inesiboari, bi aldiz edo behin sintagmei baizik. Inesiboak maiztasun horren kokagunea ezartzen du: behin vs urtean behin; bi aldiz vs astean bi aldiz. Gorago aipatu diren mendian gora bezalakoak lirateke hauek (§ 20.1.3e), PS edo AdbS konplexutzat har daitezke horrelako egiturak: behin / bi aldiz sintagma buruak direla esan genezake eta ezkerreko sintagma inesiboa (urtean, astean…) buru honen osagarria. Denak ere adberbio esapidetzat har litezke.

Denborazko zenbait perpaus jokatu nahiz jokatugabetan ere inesiboaz baliatzen gara: Haserrea joaten zaizunean, etorri; Goizean argia hastean, txori bat pausatzen da leihoan… Hauek ere inesiboak dira eta denbora adierazteko aukera eskaintzen digute.

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 110. araua: “Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagma zenbatzailedunetan mugatu singularra noiz erabil daitekeen”, Iturenen, 2000ko maiatzaren 26an onartua.

20.1.4.3. Jarduera

20.1.4.3a Jarduera ere adierazten du inesiboak (zertan?). Dantzan aritu ziren neska-mutilak diogunean, inesiboa darabilgu, baina oraingoan ez dago hain argi inesibo horren lekutasuna, ez bada ariketa edo jardun baten kokagune gisa ulertzen behintzat: berriketan jardun, bertsotan hasi, atunetan ibili… horrela ulertzen ditugu. Holakoak asko dira: igerian, aitzurrean, musean, ehizean, etab. Ari izan, jardun, saiatu… moduko aditzekin batera erabiltzen dira inesibo hauek (§ 11.5e). Argi dago holakoek zertan? galderari erantzuten diotela. Beste batzuetan beste galdera bat egin beharko litzateke, hala ere. Adibidez, idazten ez daki dioenak zertan ez daki? balizko galderari erantzuten dio, edo agian hobeto, zer egiten ez daki? litzateke galdera hori.

20.1.4.3b Perpaus mendekoetan ere inesiboa ezinbestekoa da batzuetan (§ 30.6.3.3): jaten eman, josten ikasi, hitza hartzen saiatu, mintzatzen jakin, hitz egiten ahantzi, josten lagundu… Hauetan ere jardunaz mintzo gara.

20.1.4.4. Prezioa

Prezioa ere inesiboaren bidez eman ohi da aditzera: Auto zaharra sei mila eurotan erosi zuen; Bost txakur txikitan jarri du salgai etxea… Alegia, zer preziotan?, zenbatean/zegan? (/bizk.)… galderei erantzuten die inesiboak kasu honetan.

20.1.4.5. Modua

Modua adieraz dezake, halaber, maiz, inesiboak: Onean zerbait lortuko duzu, txarrean ez; Patxada ederrean geunden; Neurrian hartuz gero, pozoia ere on dateke; Uretan beratzen zuen bakailaoa… Inesiboak oraingoan nola? galderari erantzuten diola esan genezake. Denetan ere, lekua edo kokagunea adierazten da, egia, baina modua ere bai: Nola geunden?; Bakailaoa nola beratu behar da?; Nola saldu du etxea? eta abar. Horregatik, adberbio gisa lexikalizatutako sintagma asko modu adberbioen artean sailkatzen dira, inesiboa gorabehera: patxadan bizi da, neurrian egin behar da lan eta antzekoak ez ezik, herioan alde egin, abantaran joan, izu-zaparradan etorri… Halakoak dira beste asko ere: Eskean zebilen; Miserian bizi zen; Ezinean aurkitu nuen; Koxkorrean pijo gabiltza… Beste PS inesibo batzuk mugagabean ematen dira, egiazki adberbio bilakaturik edo: gezurretan, kaltetan, izerditan, benetan, zinetan… Hauek bere horretan adberbiotzat har litezke. Bestela, nola azaldu sintagma hauen mugagabetasuna? Atunetan, oliotan, esnetan, gaztetan, elurretan, euritan, eguzkitan, ezkonberritan… adberbio eratorri gisa analizatuta (gaizki, zinez eta abar bezala) arazorik ez genuke. Jatorria gorabehera, sintagma hauek adberbio bilakatutako esapidetzat hartzea litzateke egokiena, beharbada. Forma horretan lexikalizatutako adberbioak direla esan dezakegu, hortaz. Eta betiere zer egoeratan? edo nolako egoeran? galderari erantzuten ari garela pentsa daiteke. Modua adierazten dute, horrenbestez.

Adberbiotze honetan mailak egon daitezke, hala ere. Adibidez, izerditan, benetan… mugatzailerik gabeak ez bezala, agian, agidanean, ahaleginean, ezinbestean… sintagmak ere, determinatuak izanik, lexikalizatze prozesu baten ondorioz adberbio bilakaturik ikusten ditugu, adberbio-esapide ihartu gisa. Hona hemen beste batzuk: itsu-itsuan, arian-arian, ezarian-ezarian, etsi-etsian, kuxkuxean… Holakoetan PS inesiboa adberbio gisa lexikalizatua ageri da. Honako hauetan ere bai: agerian, arestian, artean, orduan… Hiztegietan horrelaxe agertuko zaizkigu, hitz aske gisa, erabat trinkoturik. Asko dira inesiboaren gainean eraikitako adberbioak: txitian-pitian, noizean behin, lantzean behin… Beste honako hauek ere esapide gisa trinkotu dira, baina egituraren konplexutasuna erabat agerian erakusten dute: damu gaiztoan, ordu onean, zori onean… edo hobeto nahian, hoberik ezean, azken batean, hitz batean, hondarraren hondarrean, lehen kolpean sintagmen osaera gardena da. Beraz, inesiboak bizirik gordetzen du adberbio esapide berriak sortzeko ahalmena.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper