Euskararen Gramatika

20.1. Inesiboa: -N (‘non’, ‘noiz’, ‘zertan’…)


20.1. Inesiboa: -N (‘non’, ‘noiz’, ‘zertan’…)

20.1.1. Inesiboa, oinarrizko PSa

Leku/denborazko PSetan inesiboa da oinarrizkoena: [PS [DS …] -N]. Beste guztiak inesiboaren gainean eraikiak direla pentsa liteke. Hori argi ikusten da batzuetan: zugan inesiboaren gainean eraikiak dira zugan-dik / zugan-a, adibidez.

Baina, hain agerikoa ez izan arren, mendikoren ‘azpian’ adibidez, mendian-ko dagoela ere onartzen ahal da (Mitxelena 1971, 1972a). Eta bide honetatik jarraiki, beharbada, menditik, mendira… sintagmetan ere inesiboa badugula onartzen bada, zenbait azalpen erraztuko dira. Horregatik, inesiboa aurkeztuko dugu lehenbizi eta, ondoren, gainerako postposizioak, -ko bera barne.

20.1.2. PS inesiboaren morfologia

20.1.2a Inesiboari dagokion postposizioa -n da: Bilbon, herrian, ikastolan, etxe honetan, zein lanetan; gugan, gure baitan; zure ondoan, neure artean

20.1.2b Leku/denborazko zenbait adberbio ohikotan ere agerian dago inesiboaren marka, eskuinaldean: aurten, hemen, han, herenegun, non, nonbait, inon… Beste batzuetan, berriz, klase bereko adberbioak izan arren, ez dute horrelako markarik: atzo, beti, gaur, gero, hor, inoiz, noiz… Edozein modutan, hauek ere inesiboak direla onar daiteke, banaketa bera baitute; denak testuinguru berean ageri ohi dira: adibidez, denak izan daitezke -koren osagarri: hemen > hemengo bezala, gaur > gaurko, hor > horko… Hortaz, gaur, hor… berez lirateke inesiboak, hemen eta han bezalaxe, -n postposizioa agerian ez izan arren.

20.1.2c Zenbait perpaus jokatugabetan ere inesiboa ageri da: Kontuzago ibiltze-n ikasiko du; Aspertze-n hasia naiz…

20.1.2d Perpaus jokatuek ere erakuts dezakete inesiboa: Berehala onartuko zuelakoa-n zeuden denak; Konturatu naizenea-n barkazioa eskatu diot…

20.1.2e Leku/denborazko PSen bereizgarri morfologikoak aipatu ditugu aurreko kapituluan (§ 19.5). Inesiboak guztiak ditu:

a) -TA- artizkia: zenbat etxetan, zenbatetan [-mug.]; hamar etxeetan, hamarretan, etxeetan [+mug./+pl.]; etxe honetan, etxe haietan [erakuslea]…

b) -GA- postposizioa [+anim.] diren sintagmetan: zenbait gazterengan [-mug.]; hamar gazterengan [-mug.] / hamar gazteengan [+mug./+pl.]; gazte honengan [+mug./-pl.], etab. Elementu hau postposizioa dela diogu. Jatorriz, gainera, izen kategoriakoa litzateke. Horregatik, genitiboaren marka ere ageri da osagarrian: lagun hon-en-ga-n, ikaslea-ren-ga-n, lagun honen gainean edo ikaslearen aurrean sintagmetan bezala, non genitiboa gain eta aurre izenen ezkerraldean ageri den. Ez dago alde handirik lagun honengan (< lagun hon-en-ga-n) eta lagun honen ondo-an nahiz lagun honen gainean PSen artean. Gramatikalizazio mailan egongo litzateke diferentzia.

Genitibo marka hori, gramatikalizazio prozesuaren ondorioz, ezaba daiteke batzuetan. Dena dela, genitiboa ezabatu ondoren ‘bokala-ga’ segida zuzena da baina ‘kontsonantea-ga segidarako, epentesirik ezean, oztopo gehiago izan daiteke: Koldorengan/Koldogan; andrearengan/andreagan, baina {Mikele(n)gan/*Mikelgan}. Hortaz, -ga- postposizioaren aurreko genitiboa ezabatzea ez da erabat librea.

Sintagma plurala denean ere, ezin da genitiboaren marka ezabatu: gizonengan/ *gizonakan. Erakusleekin ere ezin da genitiboaren marka albora utzi: gizon hauengan / *gizon hauekan; {Honengan/*haugan} badut itxaropena; Horrengana/*horigana hurbilduko naiz.

c) -E- bokalaren epentesia (§ 19.5.1.3b) inesiboaren ezkerreko DSa kontsonantez amaitzen denean: (mendi-an, baina adarr-e-an).

20.1.2f Gauzak horrela, PS inesiboaren barneko osagarria nolakoa den, halako morfologia izango dugu. Argiago erakustearren, ondoko taula honetaz balia gaitezke. Taula bera erabiliko dugu gainerako leku/denborazko PSentzat. Alde bakarra bakoitzak erakusten duen postposizioan (-n, -tik, -ra…) egongo da. Euskal gramatiketan jasotzen diren ‘deklinabide paradigmen’ ordezko izan litezke taulok. PS bakoitzari berea eskainiko diogu. Horrela, irakurleak, sintagma mota bakoitza gainerakoekin alderatu ahalko du eta hobeki ohartuko da zer nolako kidetasunak eta desberdintasunak dauden elkarren artean.

20.1.2g PS inesiboa: [PS [DS …] -N]

[-mug.]

[ps [ds … zenbatzailea …] -(e)ta-N]

bitan / hirutan / seitan // bostetan / hamarretan… (baina batean)

bi etxetan / hiru herritan / sei zubitan // bost adarretan / hamar haitzetan… *173

zertan / edozertan / ezertan // zeinetan / edozeinetan / zenbate- ((t)a)n / hainbate((t)a)n

zein etxetan / zenbat herritan // edozein haitzetan / hainbat adarretan

(etxe / harri / haitz / …) {askotan / gutxitan / anitzetan…}

[ps [ds … zenbatzailea …] -en-ga-N]174

birengan / hirurengan / seirengan // bostengan / hamarrengan

bi mutikorengan / bi lagunengan…**

zein mutikorengan / edozein irakaslerengan // zenbat lagunengan / hainbat artzainengan-…

(mutiko / lagun…) askorengan / gutxirengan / anitzengan

[+mug.] <iz. prop.>

[ps [ds izen propioa] -N]

Bilbon / Donostian / Maulen // Irunen / Usurbilen / Zarautzen

[ps [ds izen propioa] -(en)-ga-N]

Irati(ren)gan / Ane(ren)gan / Pello(ren)gan // Mikelengan / Mirenengan / Antonengan

[+mug./-pl.] <izord.>

[ps [ds perts. izord.] -(en)-ga-N]

ni(re)gan / hi(re)gan

[+mug./-pl.] <artikulua>

[ps [ds … ] -a-N]

zeru (garbi)an / etxe (berri)an / ikastolan // itun (zaharr)ean / gau (ilun)ean ***

[ps [ds … artikulua] -r-en-ga-N]

ikaslearengan / lagun zaharrarengan

[+mug./-pl.] <erakuslea>

[ps [ds … erakuslea] -ta-N]

(etxe / haitz…) {honetan / horretan / hartan}

(etxe / haitz…) {honetantxe / horretantxe / hartantxe // hone(t)xetan / horre(t)xetan / hare(t)xetan}

(etxe / haitz…) beronetan / berorretan / berean

[ps [ds … erakuslea] -en-ga-N]

(mutiko / lagun / …) {honengan / horrengan / harengan}

(mutiko / lagun / …) {honetxengan / horretxengan / haretxengan}

(mutiko / lagun / …) {beronengan / berorrengan / berarengan}

[+mug./+pl.] <artikulua>

[ps [ds … artikulua] -ta-N]

etxeetan / leku berrietan / enpresetan / une latzetan

egunotan / bide zabalotan

[ps [ds … ] -en-ga-N]

ikasleengan / gurasoengan

ikasleongan / gurasoongan

[+mug./+pl.] <erakuslea>

[ps [ds erakuslea] -ta-N]

(etxe / leku / enpresa / …) {hauetan / horietan / haietan}

(etxe / leku / enpresa / …) {hauetxetan / horietxetan / haietxetan}

(etxe / leku / enpresa / …) {hauetantxe / horietantxe / haietantxe}

(etxe / leku / enpresa / …) {berauetan / berorietan / ber(ai)etan}

[+mug./+pl.] <erakuslea>

[ps [ds … erakuslea] -en-ga-N]

{ikasle / guraso / …} {hauengan / horiengan / haiengan}

{ikasle / guraso / …} {haue(t)xengan / horie(t)xengan / haie(t)xengan}

{ikasle / guraso / …} {berauengan / beroriengan / ber(ai)engan}

[+mug./+pl.] <izord.>

[ps [ds … perts. izord.] -en-gan]

gu(re)gan / zuengan / zu(re)gan

Hots egokitzapenak

    * konts-konts > konts-e-konts (haitz-tan > haitzetan) -ak-tan > -aketan- > -aetan > -etan (adarrak-tan > adarretan…)

  ** bokala-bokala > bokala-r-bokala (asko-engan > askorengan…) konts-en > -en > -en (hauek-engan > hauengan)

*** konts-an > konts-e-an (haitz-an > haitzean…)

20.1.3. PS inesiboaren funtzio sintaktikoa

20.1.3a PS inesiboa adjuntua (mendian ikusi dugu) nahiz osagarria (mahaian utzi dugu) izan daiteke. Sintagma bat osagarria dela esaten dugu, dagokion predikatuak hautatua bada. Beraz, osagarri hautatua izango da. Adjuntu deitzen zaio, berriz, hala hautatua ez denari (§ 23.1a, § 23.3.1b, § 23.3.1h).

20.1.3b Inesiboa, normalean, adjuntua izan ohi da, ez benetako osagarria: Lehengo egunean Maria agurtu nuen Bermeon diogunean, bai lehengo egunean zein Bermeon sintagma inesiboak ez dira agurtu aditzaren osagarri, ez baitira aditzak ezinbestean hautatuak. Horiek gabe ere perpausa osorik eta zuzen eman daiteke: Miren agurtu nuen. Horrenbestez, kasu honetan adjuntuak ditugu aipatutako bi sintagma horiek. Ohiko gramatiketan ‘osagarri zirkunstantzialak’ direla esan ohi da.

20.1.3c Beste batzuetan, ordea, osagarria dela pentsa liteke: Filipinetan bizi izan zen hainbat urtez perpauseko inesiboa (Filipinetan) ezabatzen badugu, esanahia erabat aldatzen da: Hainbat urtez bizi izan zen esanez gero, itxura bereko aditzak (bizi izan) ‘bizitzako aldi bat eman’ edo ‘nonbait bizitokia izan’ adierazi beharrean, norbaiten bizitzak zenbat iraun zuen ere esan nahi izan dezake. Zenbait predikaturen osagarri ere izan daiteke, hortaz, inesiboa: Filipinetan bizi diogunean bizi izan-ek adiera bat du, eta hainbat urtez bizi badiogu, berriz, bizitzaren iraupena edo adieraz genezake.

Osagarria da, halaber, honako honetan: Beste bizitza batean sinesten dut. Perpaus horretan, beste bizitza batean inesiboa sinetsi predikatuaren osagarria da, predikatuak hautatua, alegia. Ezin dugu esan, zerbait ulertutzat eman gabe, sinesten dudala: zerbaitetan sinesten dudala suposatu behar da, sinetsik zer esan nahi duen baldin badakigu behintzat.

20.1.3d Perpaus osagarriek ere inesiboa baliatzen ahal dute. Halakoak dira [… -T(Z)EN] formako perpaus osagarriak, zenbait aditzek (ahaztu, ari, hasi, ikasi, irakatsi, jakin, jardun, pasatu, saiatu eta abar) hautatuak (§ 30.6.3.3): Zerbitzaria goiz osoan sukaldea garbitzen ibili zen; Isilik egoten ikasiko duzu; Ahaztu egin zaio hitz egiten. Goiz osoan eta sukaldea garbitzen inesiboak dira, baina bigarrena litzateke osagarri argia. Lehenbizikoa ez da, beharbada, aditz nagusiak hautatua, ekintza eta gertakizun guztiak denborazko koordenatu batzuetan kokatzen diren arren. Agian, beste maila bateko osagarria litzateke.

Perpaus izan gabe ere, inesiboan agertzen dira hainbat predikaturen osagarriak (§ 11.5e): dantzan hasi, kantuan ari, gogoan hartu, bertsotan ikasi, lanean eman… Jardun, ari, ikasi bezalako aditzek holako osagarriak hautatzen dituzte. Dantzan ere osagarritzat hartu beharrekoa da seguru asko. Denbora zerbaitetan pasatu diogunean pasatu-k bi osagarri izango lituzke: ‘denbora pasatu’ eta ‘zerbaitetan denbora pasatu’.

20.1.3e Zenbait adberbio edo postposizioren (behera, gora, zehar…) osagarri ere izan daiteke PS inesiboa: kalean gora; herrian zehar… Kalean gora, herrian zehar eta antzekoak PS konplexutzat har litezke: -n zehar, -n gora… Bada PS bat -n inesiboa buru duena, eta PS honi beste postposizio bat erantsirik, -n zehar moduko beste postposizio bat osatu dela pentsa genezake. Hots: [ps/AdbS [ps kalean] [P/Adb gora]] / [ps/AdbS [PS basoan] [P/Adb zehar]] (§ 21.10).

20.1.4. Inesiboaren adiera

Hasieran esan dugun bezala, postposizio guztien artean inesiboa da emankorrena eta oinarrizkoena. Adibidez, goian aipatu diren zehar-ek, gora-k eta abarrek inesiboa eska dezakete osagarri gisa (kalean gora, aldapan behera, basoan zehar…). Horrela sintagma osoak adiera bereziak bereganatzen ditu.

Bestalde, postposizio asko dira osagarritzat inesiboa hartzen dutenak: elkarrengandik (< [PS [PS elkarrengan] -tik]) / elkarrengana (< [PS[PS elkarrengan] -a]); hemendik (< [PS [AdbS hemen] -tik]). Modu horretara, adiera ugari bidera daitezke inesiboa oinarri hartuta. Baina inesiboak berak ere, berez, adiera bat baino gehiago izan ditzake.

Funtsean kokagunea adierazten du, baina kokagune hori modu berezian ulertzen ahal da: leku gisa, denbora gisa, jarduera…

20.1.4.1. Lekua

20.1.4.1a Lekua adierazteko baliatzen da inesiboa, gertaera bat non kokatzen dugun adierazteko. Beraz, non? galderari erantzun diezaioke: Plaza nagusian bizi naiz; Zure etxean hitz egingo dugu; Mahaiaren azpian dago katua… Sintagma inesiboak lekua adierazteko balio du, egoera, prozesua nahiz gertaera edo ekintza bat non gauzatzen den esateko.

Eta hau sintagmaren erreferentea [+animatua] denean ere bai: Bere seme-alabengan ez zuen inongo errurik aurkitzen. Hemen, non? galdera egokia izan badaiteke ere, gehienetan norengan? izango litzateke galdera hori, erreferentea animatua delarik. Dena dela, adieraren aldetik, -n inesibo soilaren eta -gan inesibo konplexuaren arteko aldea zertan datzan azaltzea ez da erraza, hiztunok praktikan geure burmuinean gauzak ongi bereizten baditugu ere. Dena dela, batetik herrian esaten da, [-animatu] gisa interpretatuz, baina bestetik herriarengan [+animatu] gisa interpretatuz. Berdin Irakasle batengan fijatu nintzen esaten da, baina honen ondoan Irakasle batetik bestera alde handia dago esaten dugu. Nolanahi ere, batean galdera non?/nondik?/nora? baldin bada, bestean norengan? edo noren baitan? izango da edo norengandik?, norengana?

20.1.4.1b Hala ere, ‘berez’ bizidun edo [+animatu] izango liratekeen sintagmen aurrean non? ere galde daiteke: Mojetan ikasi zuen Leirek (non ikasi zuen?); Mandoan ibiltzen da gure nagusia (edo mando gainean, baina ez, *mandoarengan). Azken kasu honetan non? galdetu ordez, nola ere galdetzea agian egokiago litzateke. Galdera horien guztien gainean, ordea, bada halako ideia orokor bat, ‘kokagune’ adiera zabala izango lukeena. Mandoan ibili bai, baina *mandoarengan ibili ez. Eta Mando honengan konfiantza handia du, baina Mando honetan konfiantza du, zerbait izatekotan, desberdinak lirateke. Beraz, zaldian diogunean kokagune fisiko bat adierazten dugu. Aldiz, barneko ‘zer’ berezi batez ari garenean, fisikoa ez den kokagune batez alegia, erabiltzen ahal dugu -gan edo honen ordain den baitan postposizioa (§ 12.3.8b). Hortaz, aipatu ditugun PSen adiera desberdinaren erantzukizuna ez da inesiboa bera, batean ageri den -ga- postposizioa baizik. Mahaian eta mahai gain-e-a-n-en artean dagokeen diferentzia bezala.

20.1.4.1c Zenbaitetan, itxura batean IS [+animatua] izan arren, -ga-rik ez da erabiltzen. Mojetan eta mojengan desberdinak dira: lehenbizikoan, espazio fisiko bat adierazten dugu, benetako leku bat, mojen ikastetxean, mojen artean edo. Aldiz, mojengan diogunean, fisikoa ez den zerbaitez ari gara, zer den azaltzea zaila bada ere. Lehenbizikoan, ‘mojen lekura’, ‘mojen komentura’ edo esan nahi da. Mojengana esanez gero, berriz, ‘moja artera’, ‘moja multzoa osatzen duten kideengana’. Holako interpretazio jokoa izan dadin, sintagmak plurala izan behar du, multzoa adierazten duena: mojetan/mojengan baina mojarengan/*mojan. Bestalde, Moja guztietan atseginena bera zen / Moja guztiengan zuen konfiantza bera.

Honen antzeko zerbait dugu leku bat adierazteko pertsona izen batez baliatzen garenean ere. Adibidez: Alejo(re)nean bazkalduko dugu esan daiteke (cf. Alejoren tabernan bazkalduko dugu). Baina hemen Alejoren tabernaz edo etxeaz ari gara, ez Alejo beraz; *Alejorengan bazkalduko dugu (cf. Alejorengan uste osoa dut). Alejorengan diogunean pertsona bati buruz ari gara, ez etxeaz edo tabernaz.

Nolanahi ere, PS hauetan, lekutasun adiera -n postposizioak ematen du: goiko adibide guztietan kokagune bat adierazten da, baina inesiboaren ezkerrean beti dago beste elementu bat, kokagune horri eduki jakina eransten diona. Nigan eta neure artean diogunean, beti egiten diogu erreferentzia, nolabait, kokagune bati, fisikoa ez izan arren. Baina esamolde horiek ez dira berdinak, geure etxean eta geure buruan edo geure gogoan ere ‘kokagune’ desberdinak diren bezalaxe. Honen antzeko zerbait gertatzen da -ga-rekin ere, zehazki zer den esaten zaila bada ere.

20.1.4.2. Denbora

20.1.4.2a Denbora adierazteko ere inesiboa darabilgu, gertaera bat denboran non kokatzen den adierazteko, alegia. Beraz, kokaguneaz ariko ginateke orain ere: Zer urtetan etorri zinen Euskal Herrira?; Gaztetan ez duzu horrelakorik pentsatzen; Bazkalondoan aztertuko dugu egoera; Hiruretan deitu zidan… Denbora une edo tarte bat adieraz dezake inesiboak, une jakin bat. Hori da adibideok adierazten dutena.

20.1.4.2b Aldi bat ere adierazten ahal da inesiboaren bidez, ez une zehatz bat. Ekintza edo gertaera bat zenbat luzatu den esateko, adibidez: Hilabetean idatzi du liburua; Urte osoan ez du kolpe zorririk jo. Holakoek zenbat denbora(n)? galderari erantzun diezaiokete, esaterako. Hauen ordain gisa eman daiteke batzuetan instrumentala ere (§ 21.6): Hiru urtez (hiru urtean) egon zen kanpoan; Egun batez (egun batean) emakume xarmant bat aurkitu zuen.

20.1.4.2c Maiztasuna adieraz dezake beste batzuetan. Orduan, galdera zenbat aldiz? edo izango litzateke: Hirutan izan naiz Galizian; Askotan joan gara elkarrekin. Hilean bi aldiz, noizean behin eta holako esapideetan ere maiztasuna adierazten da, baina hauetan maiztasun hori ez dagokio, berez, inesiboari, bi aldiz edo behin sintagmei baizik. Inesiboak maiztasun horren kokagunea ezartzen du: behin vs urtean behin; bi aldiz vs astean bi aldiz. Gorago aipatu diren mendian gora bezalakoak lirateke hauek (§ 20.1.3e), PS edo AdbS konplexutzat har daitezke horrelako egiturak: behin / bi aldiz sintagma buruak direla esan genezake eta ezkerreko sintagma inesiboa (urtean, astean…) buru honen osagarria. Denak ere adberbio esapidetzat har litezke.

Denborazko zenbait perpaus jokatu nahiz jokatugabetan ere inesiboaz baliatzen gara: Haserrea joaten zaizunean, etorri; Goizean argia hastean, txori bat pausatzen da leihoan… Hauek ere inesiboak dira eta denbora adierazteko aukera eskaintzen digute.

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 110. araua: “Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagma zenbatzailedunetan mugatu singularra noiz erabil daitekeen”, Iturenen, 2000ko maiatzaren 26an onartua.

20.1.4.3. Jarduera

20.1.4.3a Jarduera ere adierazten du inesiboak (zertan?). Dantzan aritu ziren neska-mutilak diogunean, inesiboa darabilgu, baina oraingoan ez dago hain argi inesibo horren lekutasuna, ez bada ariketa edo jardun baten kokagune gisa ulertzen behintzat: berriketan jardun, bertsotan hasi, atunetan ibili… horrela ulertzen ditugu. Holakoak asko dira: igerian, aitzurrean, musean, ehizean, etab. Ari izan, jardun, saiatu… moduko aditzekin batera erabiltzen dira inesibo hauek (§ 11.5e). Argi dago holakoek zertan? galderari erantzuten diotela. Beste batzuetan beste galdera bat egin beharko litzateke, hala ere. Adibidez, idazten ez daki dioenak zertan ez daki? balizko galderari erantzuten dio, edo agian hobeto, zer egiten ez daki? litzateke galdera hori.

20.1.4.3b Perpaus mendekoetan ere inesiboa ezinbestekoa da batzuetan (§ 30.6.3.3): jaten eman, josten ikasi, hitza hartzen saiatu, mintzatzen jakin, hitz egiten ahantzi, josten lagundu… Hauetan ere jardunaz mintzo gara.

20.1.4.4. Prezioa

Prezioa ere inesiboaren bidez eman ohi da aditzera: Auto zaharra sei mila eurotan erosi zuen; Bost txakur txikitan jarri du salgai etxea… Alegia, zer preziotan?, zenbatean/zegan? (/bizk.)… galderei erantzuten die inesiboak kasu honetan.

20.1.4.5. Modua

Modua adieraz dezake, halaber, maiz, inesiboak: Onean zerbait lortuko duzu, txarrean ez; Patxada ederrean geunden; Neurrian hartuz gero, pozoia ere on dateke; Uretan beratzen zuen bakailaoa… Inesiboak oraingoan nola? galderari erantzuten diola esan genezake. Denetan ere, lekua edo kokagunea adierazten da, egia, baina modua ere bai: Nola geunden?; Bakailaoa nola beratu behar da?; Nola saldu du etxea? eta abar. Horregatik, adberbio gisa lexikalizatutako sintagma asko modu adberbioen artean sailkatzen dira, inesiboa gorabehera: patxadan bizi da, neurrian egin behar da lan eta antzekoak ez ezik, herioan alde egin, abantaran joan, izu-zaparradan etorri… Halakoak dira beste asko ere: Eskean zebilen; Miserian bizi zen; Ezinean aurkitu nuen; Koxkorrean pijo gabiltza… Beste PS inesibo batzuk mugagabean ematen dira, egiazki adberbio bilakaturik edo: gezurretan, kaltetan, izerditan, benetan, zinetan… Hauek bere horretan adberbiotzat har litezke. Bestela, nola azaldu sintagma hauen mugagabetasuna? Atunetan, oliotan, esnetan, gaztetan, elurretan, euritan, eguzkitan, ezkonberritan… adberbio eratorri gisa analizatuta (gaizki, zinez eta abar bezala) arazorik ez genuke. Jatorria gorabehera, sintagma hauek adberbio bilakatutako esapidetzat hartzea litzateke egokiena, beharbada. Forma horretan lexikalizatutako adberbioak direla esan dezakegu, hortaz. Eta betiere zer egoeratan? edo nolako egoeran? galderari erantzuten ari garela pentsa daiteke. Modua adierazten dute, horrenbestez.

Adberbiotze honetan mailak egon daitezke, hala ere. Adibidez, izerditan, benetan… mugatzailerik gabeak ez bezala, agian, agidanean, ahaleginean, ezinbestean… sintagmak ere, determinatuak izanik, lexikalizatze prozesu baten ondorioz adberbio bilakaturik ikusten ditugu, adberbio-esapide ihartu gisa. Hona hemen beste batzuk: itsu-itsuan, arian-arian, ezarian-ezarian, etsi-etsian, kuxkuxean… Holakoetan PS inesiboa adberbio gisa lexikalizatua ageri da. Honako hauetan ere bai: agerian, arestian, artean, orduan… Hiztegietan horrelaxe agertuko zaizkigu, hitz aske gisa, erabat trinkoturik. Asko dira inesiboaren gainean eraikitako adberbioak: txitian-pitian, noizean behin, lantzean behin… Beste honako hauek ere esapide gisa trinkotu dira, baina egituraren konplexutasuna erabat agerian erakusten dute: damu gaiztoan, ordu onean, zori onean… edo hobeto nahian, hoberik ezean, azken batean, hitz batean, hondarraren hondarrean, lehen kolpean sintagmen osaera gardena da. Beraz, inesiboak bizirik gordetzen du adberbio esapide berriak sortzeko ahalmena.

20.1.5. Inesiboa leku/denborazko PSen oinarrian

20.1.5a Leku/denborazko PSetan inesiboa aurki liteke oinarrian. Lurrean / mendian diogunean (§ 19.5.1.3b) inesiboaren aurrean ageri den -a- hori artikulua ote den eztabaidatu izan da. Nolanahi ere, leku/denborazko gainerako postposizioek ez dute balizko artikulu horren arrastorik: menditik esaten da (ez *mendiatik), mendira (ez *mendiara). Mendiko-ren kasuan ere berdin (ez *mendiako). Hala ere, honen azpian mendi-an-ko dugula onartzen da (§ 20.1.1). Batzuetan, izan ere, inesiboaren -n postposizioa agerian ematen da: hemen + -ko > hemengo; han + -ko > hango. Beste kasu batzuetan, -kok ezkerrean daraman leku/denborazko PSak dagokion postposizioa gorde egiten du: zerutik- ko > zeruti(ka)ko; mendira-ko > mendi(ra)ko; mendiraino-ko > mendirainoko…

20.1.5b Beraz, -korentzat onartzen dena -tik, -ra eta enparauekin egin bageneza, argi pixka bat izango genuke leku/denborazko PS hauen nondik norakoa azaltzeko orduan. Horrela, hemen egingo dugun proposamena honako hau da: mendiko < mendian-ko dugun bezala, pentsa dezagun menditik < mendian-tik, mendira < mendian-ra), mendiraino < mendian-raino… dugula, agerian mugatzailearen eta inesiboaren markaren arrastorik ez badugu ere. -koren kasuan bezala, hain zuzen. Izan ere, inesibo hori berori maiz agerian dago: hemengo bezala, hemen-dik, han-dik, aurten-dik…, adibidez, hor ditugu. Eta areago, zugan-dik, zugan-a, zugan-a-ino… PSak hor ditugu beren inesibo marka eta guzti. Beste honako hauen tankerakoak ere ageri dira han-hemenka: gaztetandik, txikitandik

20.1.5c Hori guztia dela eta, pentsa liteke -koren ezkerrean ez ezik, -tik ablatiboaren edo -ra (-raino, -rako…) adlatiboen ‘azpian’ ere inesiboa dagoela, agertu ez arren. -gan postposizioa bera, inesiboa izaki, hor ageri da harro asko: zuregandik (< zurega-n-tik); zuregana (< zurega-n-a); gureganaino (< gurega-n-aino). Adberbioetan ere bai (hemendik, handik…). Horrenbestez, menditik (< mendi-an-tik), etxe hartatik (< etxe har-ta-n-tik), mendira (< mendi-an-ra), etxe hartara (< etxe har-ta-n-ra) eta abarretan inesiboa dugula pentsatuko dugu. Hau da, leku/denborazko postposizioetan beti oinarrian inesiboa dugula esan daiteke. Hipotesi honekin lan eginez leku/denborazko PSen analisia gardenago egingo zaigu.

20.1.5d Inesiboak ‘kokagunea’ adieraziko luke soil-soilik, oinarrizko kokagunea alegia. Inesiboaren oinarrizko adiera honi beste postposizio batzuk erantsi ahala, adiera ere osatuz eta zehaztuz doa: mendian > menditik / mendira… Eta azken honetatik, adibidez, beste postposizioen laguntzaz, mendirako, mendirantz(ko), mendiraino(ko)… Hots: oinarrian inesiboa izango genuke. Honek egoera edo gertaera baten kokagunea zein den esaten digu, eta hemendik -tik postposizioa erantsita, gertaeraren jatorria adieraziko da, eta -ra postposizioa gehiturik, berriz, jomuga, helburua edo horrelako zerbait. Postposiziobide honek euskaraz nola lan egiten duen ulertzea errazten duela uste dugu.

PS ablatibo eta adlatiboak aztertu ondoren, kapitulu honen amaieran ematen da postposizio-gehitze horien eta hortik sortzen diren formen eta adieren taula (§ 20.4).

173 Taularen amaieran ageri diren hots egokitzapenei dagozkie izartxoak; izartxo kopuruek adierazten dute zein hots egokitzapen gertatzen den kasu bakoitzean.

174 ISa kontsonantez amaitzen delarik (bi mutil, bost adar), bi mutil-en-gan, bost adarr-e-tan bezalako formak sortuko zaizkigu. Hauen ‘azpian’ bi egitura desberdin izan daitezke, ordea: bata artikulurik gabea ([[bi mutil]-engan], [[bost adar-etan]]), mugagabeak; bestea artikulu plurala duena ([[bi mutil-ak]-en-gan] > bi mutilengan), ([[bost adarr-ak]-ta-n] > bost adarretan).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper