Euskararen Gramatika

16.3.2. Zenbait


16.3.2. Zenbait

16.3.2a Zenbatzaile zehaztugabe honek (zonbait bezala ere tradizioan) ez du inolako mugatzailerik onartzen eta bat baino gehiago adierazten du, kopurua mugatu gabe uzten badu ere. Erabiliagoa izan da Iparraldean, baina autore gipuzkoarrek eta nafarrek ere erabili izan dute. Gutxiago erabili izan da bizkaieraz. Gaur egun euskalki guztietara hedatua da. Izenaren ezkerrean erabiltzen da gehienetan: Igandetan zenbait aldiz Athletik ikustera joaten naiz; Zenbait gizonek ez du sinesten holakorik… Tradizioan aski arrunta da: Aldi honetan bazituen berarekin Jesusek beste gisako zenbait itsu ere; eta itsu, orduan ez baizik beste aldi batez eta bere neke-izerdi handien buruan argitu zituenak (Mendiburu); Kontatzen du halaber artzaintsa pobre batez okupatzen zenaz goardatzen zenbait ardi, zezakeen guzian erretiratzen zela ermita batera, non baitzen Ama Birjinaren imajina bat behar bezain dezente adornaturik (Lizarraga); Urtean behin ezezik, beste zenbait aldiz ere konfesatzera behartua ote dago Kristaua? Bai, jauna (Agirre Asteasukoa).

16.3.2b Baina beste batzuetan eskuinaldean ere aurkituko da: Andre zenbaitek ez du inoiz ere ulertuko hori; Liburu zenbaitetan ez duzu onik irakurriko. Erabilera horrek ere tradizio handia du. Autore batzuek berdin jartzen dute ezker nahiz eskuin, estilo kontu hutsa da: Bozetako denboran ere, bere burua sobera erakutsirik, zenbait liskar eta arnegu izan zituen (Larzabal); Niri pertsona gaixo horrek eman dit bizi guzirako irakaspena, Ebanjelioan aurkitzen dena: amagaldu zenbait sartuko direla zeruan, beren ustez saindu handi diren batzuk baino lehen (Larzabal); Gizon gazte zenbait, estekaturik batere gabeak, gorputzez ederrak, zuhurtzian argituak […] (Duvoisin); Edo baserritar zenbait, edo artzain, edo lur-lanetako langile bat atzemana bazen […] (Duvoisin). Autore batzuek zenbait hori eskuinaldean paratzen dutelarik, ablatiboan jartzen dute determinatzen duten izena: Handik zenbait egunen buruan Elizabeth haren emaztea izorra gertatu zen eta bortz hilabetez egon zen gordea (Haraneder); Haren baitan dugu ezen bizitzea, higitzea eta izatea, eta zuen poetetarik zenbaitek erran izan dutena: haren beraren arrazakoak ere gara (Haraneder: oso sistematikoa da horretan, adibidez. M. Elizanburu ere bai).

16.3.2c Beste-rekin, ordea, beti eskuinaldean egonen da: Beste zenbaitek ez du hori uste; Beste zenbait gizonek; Beste gizon zenbaitek. Tradizioan badira adibide asko holakoak: Jantoki berean, bada, Olivadiko bidean eta Olivadi bereko mendian hau guzia eta beste zenbait gauza esan eta apostolu berak eta beste anitz han utzi eta igan zen Jesus zerura […] (Mendiburu); Gero nik hola bukatu nuen: Egia esan, haurra, gizon hark holako gauza bikainak esanarazi dizkidanez gero, ez zeukenat batere gogorik beste zenbait gauzatan nere luma kaxkartzeko (Orixe); Hauek baino erru handiago Oxer Batxillerrak Yurreamendiko semeak eta Andia-Torreko beste adiskide zenbaitek dute (Labaien); Komentua erretzen ari dela! Antzez-joku honi egiantz eta indar gehiago ematearren azken aldera Gotzon eta Paxkualekin gudari eta beste zenbait mutil sar daitezke, zuzendariak nahi izanez gero (Labaien); Badira hitzik ateratzen ez duten ta beretteren gaiztagintzak estaltzen dituzten beste lausengari zenbait ere, eta horiek dira agertu behar lituzkeen bide gaiztoak agertzen ez dituztenak (Mendiburu); Beldurtzen dituela zenbait aldiz besteren eskuz eta beste aldi zenbaitetan hemengo bere kastiguz eta geroko harrigarri handien izutasunez (Mendiburu).

16.3.2d Sarritan bakarrik ageri da: Gutarik zenbait hilen gara aurten; Zenbaitetan entzun izan dut. Eta tradizioan: Hartzen dituzte zenbaitek beren aitzineko ongi aurkitzen zirenen etxe bateko gauzak eta bazterrak […] (Mendiburu); Baina populuak ikusi zuenean zertara zoan Lisimako, batzuek hartu zituzten harriak, bertze batzuek makila lodiak; zenbaitek berriz hautsa aurkitzen zuten Lisimakoren kontra (Duvoisin); Nork ez dakus, bekaturako bide, eta peril urkoa izango zela Joserentzat etxe hartan aurrera egotea? Hau bera gerta daiteke zerbitzatzen dabiltzan zenbaitekin (Agirre Asteasukoa) eta abar.

16.3.2e Aditzarekin egiten duen komunztadura dela eta, singularrez nahiz pluralez egiten du: Zenbait toki ikusi dut; Zenbait toki ikusi ditut.

Batetik, tradizioa dugu kontu honetan. OEHk dioenez, izen horren erreferentzia batzuetan plurala da argi eta garbi: Zenbait eri bakoitz… senda baizitzan (“sendatu zituen”, Leizarraga). Beste batzuetan, berriz, singularra: Zenbait zeinu ikusiren zuela (Leizarraga). Autore batzuek, nolakoa den izen sintagmaren zentzua, numeroari dagokionez, aditza singularrean (zuela) edo pluralean jartzen dute (zitzan, zituen), adibideetan ikusten den gisan. Baina tradizioan hainbeste lekukotasun ditugu esanahia plurala izanik aditza singularrean erakusten dutenak. Pouvreauk, adibidez, hola dio: Non ez duen noizbait zenbait tentazione (eta esanahia plurala da hor). Holako eredua Etxeberri Ziburukoak, Mendiburuk, Larregik, Haranederrek, Mihurak… eta beste askok erabiltzen dute. Baina horren parean ikus daiteke Agirre Asteasukoak, Iztuetak, Lardizabalek edo Beobidek komunztadura beti pluralean egiten dutela.

Gaurko idazleen artean ere badirudi askatasuna dagoela, eta batzuk sistematikoak badira ere singularra edo plurala aukeratuz, arruntena da bi ereduak aurkitzea: “Dena zilegi dut” dio zenbaitek (Elizen arteko Biblia); Zuek niregana etorri eta esan zenidaten: Bidal ditzagun zurretik zenbait gizon lurraldea ikertzera, zein bidetatik joan eta zein hiritara sartu jakinaraz diezaguten (Elizen arteko Biblia); Hango zenbait fruitu hartu zuten (Elizen arteko Biblia); Emeki-emeki, azken hamar urte hauetan, Euskal Herrian euskaraz agertu diren obra zenbait ari ditut biltzen (Aintziart); Kantikek hunkitzen naute: zenbaitek diote oihukatzen ditugula, triunfan (Aintziart); Zenbaitek Graal boteretsua xerkatzen zuten (Borda); Eta jakin ere badaki, zeren geroago beste zenbait kapitulu indexologiko aurkituko baititugu (Kintana); Apezak oraindik otoitz zenbait egin zituen (Landart); Izan ere, “jo” esan, eta jotze fisikoa baino ez baitu, antza, zenbaitek entzuten (Joxerra Garzia); Barbarossak ateari zenbait ukabilkada eta ostiko jo zizkion (P. Lizarralde) eta abar.

Jakina, zenbait horren erreferentzia ezinbestean plurala da zenbaitetan, eta hor ez da tokirik singularra ibiltzeko: Sorlekutik atera gabe, auzoko kanoien hotsa genuen bakarrik entzuna zenbaitek, edo ihesi etorri haurrideen etsipena ezagutua (Xarriton); Kontura gaitezen beraz euskal ikastegi, ikastola, aldizkari, argitaldari, eta irrati-telebisten lanaren osatzeko eta jorratzeko Koldo Mitxelena, Pedro Miguel Etxenike, Gregorio Monreal eta beste zenbaitek ireki zuten Euskal Herriko Unibertsitatearen aldean […] (Xarriton) eta abar. Horietan, jakina, ez da singularra jartzerik.

16.3.2f Batzuetan -tzuk atzizkia ere erants dakioke eta orduan zenbaitzuk ematen du. Azkeneko kasu honetan aditzarekin egiten duen komunztadura plurala dugu beti. Tradizioan badira adibide batzuk (Izeta, Anabitarte, Larreko, Iraizoz, Erkiaga…): Lan pizar zenbaitzu bakarrik egin beharrak dira (Izeta); Langabekoen laguntzeko, herri gizonek eta beste zenbaitzuek erabaki dute laguntzeko: bakoitzari emanez hiru pezeta, noiz artio ez dute erran (Larreko); Zenbaitzuek hori argiro aldarrikatzen dute (Kintana); Sumendi zenbaitzuen erupzio eta eztanda gertatu ziren (J. A. Irigarai).

16.3.2g Euskaldun batzuen artean zabaldurik dago zenbat eta zenbait nahasteko ohitura. Ezin daitezke bata bestearen ordez erabili: lehena galdetzailea da eta hau, berriz, zenbatzailea. Bai esanahiaz, baita hartzen duten itxura formalaz ere, desberdinak ditugu.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper