16.3.1a Izen sintagmaren eskuineko aldean ageriko da eta bat zenbatzailearen pluraltzat hartzen da gramatikagileen artean. Hori dela eta, aditzarekiko komunztadura beti pluralez eginen du: Andre batzuk etorri dira; Ikasle batzuei esango diet; Idazle batzuek horrela nahi dute; Eta haren ingurura bildu ziren oste handi batzuk, halatan non, ontzi batera iganik hartan jarri baitzen, eta hur hegitik zegoen populu guzia (Duvoisin); Etorri ziren aldizka beste mutil batzuk, eta inork ere ez zuen ikusi (Mogel).
16.3.1b Bakarrik ere ager daiteke batzuk, izen sintagma berak bakarrik osatuz: Batzuk sartu ziren; Hor zeuden berrogei bat portuges, batzuk 15-16 urtekoak (Larzabal); Ezen haietarik batzuek sinetsi ez badute ere, halakoen sinets gogortasunak ezezturen ote dute Jainkoaren zintasuna? Urrun dago (Duvoisin); O, nik baneuka arimak Jaungoikoaren artaldera erakartzeko batzuek izan duten jakituria! (Agirre).
16.3.1c Hauek dira batzuk zenbatzailearen kasu markak: batzuk, batzuek, batzuei, batzuen (batzuengan, batzuengana, batzuengandik, batzuen baitan, etab.), batzuekin, batzuez, batzuentzat, batzuetan, batzuetako, batzuetara, batzuetatik (-tarik).
Ikus Euskaltzaindiaren 12. araua: “Bat eta batzuk-en deklinabidea”, Bilbon, 1994ko azaroaren 25ean onartua.