Euskararen Gramatika

13.8.2. X-en burua bihurkaria


13.8.2. X-en burua bihurkaria

13.8.2a Holako zerbait esan nahi badugu, hau da, Itziarrek Itziar ezagutzen duela, bihurkariaren bidez adierazten dugu hori: Itziarreki Itziari ezagutzen duItziarrek bere burua ezagutzen du. Eta horren gisan beste hauek ere: Kargu egiozu zure buruari, gizona! edo Ez dun ongi ezagutzen heure burua! bezalakoetan. Bihurkaria deitzen dugu egitura hori. Aditz komunztadura beti hirugarren pertsonak egiten du, objektuari dagokion komunztadura: Ezagutzen duzu zeure burua?; Zergatik bota ote zuen sura bere burua?

Horrek ez du esan nahi, jakina, x-en burua itzulia beti bihurkaria dela: Neure buruan txapela janzten dut etxetik atera aurretik perpausean, esaterako, ez da bihurkari mota hori eta, kasu horretan, neure burua sintagma arrunta baizik ez da.

Aipatzen ari garen egitura hori osatzeko burua sintagma izenlagun bati eransten diogu, adibideetan ikusten denez. Izenlaguna arrunta izan daiteke (nire), edo bihurkaria (neure): aurrekoa ni baldin bada ene, nire, nere, neure; hi baldin bada, hire, heure; hirugarren pertsonakoa bada, bere (baina ez haren); gu baldin bada, gure, geure; zu baldin bada aurrekoa, zure, zeure, eta zuek bada zuen, zeuen, zeron… Aldaera indartu horiek deitzen ditugu bihurkari147.

13.8.2b Aurrekaria plurala baldin bada, edo erreferentzia aniztuna baldin badu, orduan ere burua singularrean joan ohi da, gehienetan. Hala ageri da tradizioan eta batez ere gaurko idazleen artean ere: Bi gizon haiek bere burua hil nahi zuten; Guk geure burua maite dugu gehien.

Joera nagusia hori izanik ere, bai tradizioan bai gaurko literaturan badira adibide asko non burua pluralean ere ageri den: Zer gauza espantagarria siriar haientzat aurkitzeaz, ustekaberik, bere buruak etsaien artean! (Larregi); Eta espiritu satsuek hura ikusten zutenean, haren aitzinera bere buruak egozten zituzten (Leizarraga); Bere buruak anitz doloretan nahaspilatuta ukan baitituzte (Leizarraga); Bainan deus ez dute egiten bere buruak libratzeko (Haraneder); Bekatoreek ez badituzte denboran punitzen bere buruak, Jainkoak… (Duhalde); Anitzek anitz gauza badakitela, eta bere buruak ez dituztela ezagutzen (Etxeberri Sarakoa); Eta handik berek kondena bailitzakete bere buruak (Axular); Gure buruak besteen menpean jarri izana (Antxustegi); Baina ez dute burkoek gure buruen itxura hartzen, gure buruek burkoarena baizik (Cano); Gure buruetan beguarekiko dugun txip hori ezin da eroso sentitu (P. Zabala); Beren buruak besteak baino handiagotzat… (Asisko Frantzisko, Asisko Klara); Beren buruei uko egin dietenak eta beren bizitzak eskaini dituztenak (J. M. Lekuona) eta abar.

13.8.2c Bihurkari horren aurrekariak (erreferentziak) bihurkaria biltzen duen perpaus berean agertu behar du: Koldok eta Mirenek uste dute [Patxik eta Itziarrek bere burua maite dutela] perpausean, esaterako, bere burua horren aurrekaria Patxi eta Itziar sintagma da, perpaus txertatuan dagoena, eta ez Koldo eta Miren sintagma.

13.8.2d Batzuetan adjektiboa ere hartzen du sintagma bihurkariak: Ez daki zer egin bere buru gaixoarekin; Neure buru triste honek ez dit onik ematen. Bide batez, kontura gaitezen hemen ergatiboan doala neure buru esamoldea. Geroago itzuliko gara kontu honetara.

13.8.2e Zenbait kasutan bihurkari indartsuak (neure/bere … buruaren) eta ahulak (neure/bere, besterik gabe) bereizten ahal dira, genitiboan ageri direnean. Nolabaiteko justifikazio semantikoa behar dugu bihurkari indartsu hori erabili ahal izateko (de Rijk 2008: 366). Jon da bere buruaren etsairik handiena izango genuke bihurkari indartsua eta Jon da bere etsairik handiena, berriz, ahula. Holakoak ageri dira, indartsuak, neure buruaren jabe, bere buruaren hondamena, zeure buruaren ardura eta abarretan. Justifikazio semantikorik ez denean, ahulak bakarrik du tokia: Hau du bere etxea. De Rijkek bere buruaren argazkia (Jonek, demagun, bere buruaz atera argazkia) eta bere argazkia (beste norbaitek Joni, demagun, ateratako argazkia) bereizten ditu, nahiz, gure ustez, bereizketa hori ez den hain argia. Leku postposizioetan, benetan lekuarekin zerikusik ez dutenean ere erabiltzen dira bihurkari indartsuak: bere buruaren gainean / bere gainean (lehenbizikoak ez du tokia markatzen, baina bai bigarrenak); bere buruaren alde / bere aldean; bere kontra / bere buruaren kontra; bere atzean / bere buruaren atzean eta abar148.

13.8.2f Arruntean, aurrekaria maila goragoko tokian dago perpausean, subjektuaren lekuan, gehienetan, dela agerian (Jonek gezurra esan dio bere buruari), dela sakonean (Joni ikusi dut [Joni bere buruarekin solasean]). Esandakoaren arabera ez luke tokirik X-en buruak ergatiboan, ergatiboa izanik perpaus egituran maila gorenean dagoen sintagma, ez bailuke izanen tokirik erreferentziarik “gorago” aurkitzeko. Baina hori ez da hola: Neure buruak egunetik egunera kezkatzen nau; Zure buruak zoratzen zaitu; Oihanean sartu eta galdu naiz, baina azkenean neure buruak gidatu nau… Tradizio idatzian ez dugu holako adibiderik aurkitu, baina perpaus horiek gramatikalak dira, eta ez dira halakoak falta egungo testuetan: Neure buruak erantzun zidan (Aristi); Pena ematen dit neure buruak (Segurola); Harritzen nau neure buruak (X. Mendiguren Elizegi); Neure buruak egiten zidan Jeneralak ez zidala heriotza militarra eman… (K. Izagirre); Zeure buruak sortzen dizun higuina (Linazasoro) eta abar. Zail da hemen mugak zuzen zedarritzea. De Rijkek hori emozio aditzekin gertatzen dela esaten du, subjektua esperimentatzaile denean: kezkatu, zoratu… Baina bistan da ez dela beti hola: erantzun, egin eta abar ere ageri dira. Berak ere aipatzen du holakoa ez den aditzen bat: Zeure buruak egin zaitu esklabo, ez beste inork. Zernahi gisaz, holako kasuetan X-en buruak perpausean beste nonbait aurkitu behar du erreferentzia hori, egituran “apalago” baldin bada ere (neure buruaki erantzun zidan nirii).

Aditz gehienekin, ordea, ezinezkoa da holakoak sortzea: *neure buruak gorrotatzen nau; *neure buruak ez du idazten; *neure buruak ez du inoiz ere ikusiko hori eta abar. Zalantzazko perpausak ere sortzen dira batzuetan, hiztun zenbaitentzat onak, baina gaitzesgarriak besteentzat: Zure amets haiek zeure buruari kalte egingo diote (Saltarelli 1988: 110).

147 Etxeparek burua soilik ere erabili zuen: Ohart gaitezen buruari denbora den artean.

148 Euskara ez da zerbait berezia kontu hauetan. König & Gast-ek (2006) diotenez, hizkuntzetan arrunta da bihurkari indartuak gorputz ataletan oinarritutako adierazpenetik sortzea; indartuak eta bihurkariak askotan berdinak dira, eta elkarren artean nahasten dira.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper