Euskararen Gramatika

8.2.3. Osagarri + buru egiturakoak: lotsagabe, bakezale, begi-mingarri, lotsagaldu(a)


8.2.3. Osagarri + buru egiturakoak: lotsagabe, bakezale, begi-mingarri, lotsagaldu(a)

8.2.3a Azpiatal honetan aztertuko ditugu bigarren osagaitzat argumentu egitura duen adjektiboa dutenak; hau da, osagarria eskatzen duten mugakizuna dutenak. Bi egitura-mota bereiz daitezke: zale nahiz gabe adjektiboa bigarren osagai dutenak; adjektibo elkartu sintetikoak (aditzetik eratorritako adjektiboa mugakizun dutenak).

8.2.3b Zale, gabe mugakizun duten elkarketak

Biak dira osagarria eskatzen duten adjektiboak, baina badituzte alde nabarmenak batak eta besteak. Banan-banan aztertuko ditugu, beraz.

8.2.3c Zale mugakizun duten adjektibo elkartuak91

Zale adjektiboak92 eskatzen duen osagarria da ezkerreko osagaia, mugatzailea, kategoria bateko baino gehiagokoa izan daitekeena93. Askotan izen kategoriako mugatzailea da zaleren ezkerrean ikusiko duguna; oso emankorra da egitura hau:

aberezale, abertzale, anekdotazale, apustuzale, ardozale, bakezale, bertsozale, biraozale, dantzazale, diruzale, dotrinazale, edarizale, egiazale, elizazale, emakumezale, emaztezale, errepublikazale, euskaltzale, fuerozale, gerrazale, gizonzale, guduzale, haragizale, idolozale, industriazale, jakintzazale, jainkozale, kondairazale, liburuzale, literaturzale, mutilzale, neskazale, odolzale, okelazale, ospezale, pinuzale, sagardozale, soinuzale, tradiziozale, umezale, zerbeza zale…

Erraz izan daitezke mugatzaile izen elkartuak, hitz-andana ihartuak (§ 7.2.11), edo eta juntagailuaz elkarturiko izenak: ahari-apustu zale, ahari-talka zale, ahuntz-euskara zale, aita santu-zale, aker-euskara zale, kontzeptu eta arrazoi zale, bertso eta bertsolari-zale, betekada eta ordikeria zale, mendigoizaleEsan dezatela nai dutena aker-euskera zaleak (Onaindia). Gaurko literaturan ere erraz aurki daitezke mota horietako adibideak: tomate-zopa zale, Nafar-prehistoria zale, ipuin heroiko zale, UPN zale94

Adjektibo kategoriako osagaiak ere ageri dira tarteka zaleren ezkerrean: erdikoizale, garbizale, ixilzale, txukun zale, zehatz zale. Baina badirudi izen balioan agertzen direla adjektibo horiek (‘ixilaren zale’, ‘garbiaren zale’). Ain da euskaldun jatorra ta garbizalea (Kirikiño); Bere formazioz, beraz, erdikoizale eta zentralista da (R. Arregi); Nixonen bidetik dabilen euskaldun mordo ixilzale zaratatsuari (Mitxelena).

Adberbioa ere izan daiteke mugatzaile, aurrerazale; edo aditz partizipioa, eginzale, jakinzale, jan-edan zale, kiskalizale: Ni ez naiz kixkali-zalea, egin-zalea baizik (I. Alkain eta A. Zavala); Ikazgina, jan-edan zalea, inoiz tximiniatik sartuta sutondoan berotzen dena (San Martin). Areago, sintagma osoa —determinatzaile sintagma nahiz aditz sintagma— ere izan daiteke mugakizun: astiro ibilizale; bere burua erakustezale; kontuak garbi, txukun eta egunean berean eramanzale; guztiak galdu-zale; esaldiari hitz alferrak inausi-zale; izen handi bat irabazi-zale; bidera zitzaizkion nahaste guztietan murgilduzale; ondo bizizale; arraultza jarri zale; gogaiak etorri ahala jaulkitzezale. Moneten inpresionismoko lauko-zale (Bitaño); Alkandora eder, samur edo bigun zale (Mogel); Teoria handi eta solemne zale (Azurmendi); Joko zuzena egin zale (Berria); Ahariei adarrak kendu zale (Aristi); Barbuilaz barbuila ibili zale (Lertxundi); Beti azkena ibili zale (J. A. Arrieta).

Ez da zaila izen balioan erabiltzea zale bigarren osagai duten elkartu hauek, beste adjektibo asko eta asko bezala: abertzale, euskaltzale, mendigoizale

Loturik idazten dira oro har bi osagaiak, salbu bi txistukari elkartzen direnean (edo osagaien juntura ilunen bat gertatzen denean): ardozale, bertsozale, haragizale; arrotz-zale, jolas-zale, marketing-zale, txurrut-zale.

8.2.3d Gabe mugakizun duten adjektibo elkartuak

Adjektiboaren kapituluan diogun bezala (§ 14.9.3), gabe adjektibo berezien artean sailkatu izan da zenbaitetan. Baina gutxitan ageri da bakarrik; gehienetan badu aurretik sintagma osagarri bat. Nolakoa den testuingurua, postposizioa, izena, adjektiboa edo adberbioa ere izan daiteke gabe, nahiz gaurko euskaran gutxiago erabili gabe hori izen gisa. Ohikoa da, aldiz, postposizio balioan aurkitzea, aurretik izen sintagma mugagabea nahiz mugatua (hots, determinatzaile sintagma) har dezakeena, baita partizipioa zein aditz sintagma osoa ere (diru(rik) gabe, zure laguntza berezia gabe, ikusi gabe, inori ezer esan gabe). Adjektibo kategoriako gabe da, ordea, hemen aztergai duguna, “ez duena”, “zerbaiten faltan dena” adierakoa, alegia; osagarriak partitiboa har dezake —dirurik gabea, lanik gabea—, edo hitz elkartu bateko lehen osagaia izan daiteke. Gabe adjektiboa mugakizun duten elkartuetan mugatzailea (osagarria) izen kategoriakoa izaten da, inoiz behin aditza ere bai. Oso egitura emankorra da; bi osagaiak loturik idazten dira, nahiz, salbuespenez marra ere erabil daitekeen (robot-gabea):

adargabe, amagabe, antsikabe, arduragabe, atsekabe, axolagabe, babesgabe, baliogabe, baztergabe, beldurgabe, bidegabe, bihozgabe, burugabe, dirugabe, ditxagabe, dohakabe, erlijiogabe, errugabe, eskergabe, eskolagabe, fedegabe, gogogabe, hobengabe, indargabe, kordegabe, lurgabe, lotsagabe, odolgabe, ondragabe, paregabe, preziogabe, tolesgabe, zentzugabe, zorigabe, zuzengabe

8.2.3e Batzuk izen bihurtu dira, atsekabe, nahigabe, ustekabe. Aditza da lehen osagai ondoko adibideetan: ezkongabe, hezigabe, kutsagabe, osagabe, sinesgabe. Ohikoak dira partizipioa gehi gabe(a) egiturak ere (aurrekoak ere hemen sartzekoak lirateke ziurrenik), esan gabea, ikasi gabea, irakurri gabea, jorratu gabea, landu gabea… Alde honetatik eratorpenaren eta sintaxiaren arteko egituratzat hartzekoak dira, aurreraxeago aztertzen diren ‘partizipioa + berri, partizipioa + arin, partizipioa + zahar’ egiturak bezalaxe. Zenbaitetan guztiz lexikalizatuak diren hitz elkartu adjektibaletan bigarren osagai gisa arrunta da (ikus OEH): artega, donga, eskerga, egoska, inauska, axolagabe eta abar. Ohart gaitezen hizkera doinuak bereizten duela beldurgabe (adjektiboa) eta beldur gabe (izena + postposizioa, § 21.10.2).

Nolanahi ere, gabe adjektiboa nekez ageri da bera bakarrik eta horrek eraman zituen Azkue, Lafitte edo Villasante atzizkitzat hartzera. Askotan, sin- (sinfín, sinúmero, sinvergüenza…), sans- (sans-coeur, sans-culotte, sans-gene, sans-souci…) aurrizkien edo ingelesezko -less (motherless, endless, headless, legless, needless…) atzizkiaren pareko egiturak sortzen dira gabe mugakizunaren bidez (Hitz-Elkarketa/3: 133).

8.2.3f Izena + aditzetik eratorririko adjektiboa: bihotz-altxagarri, lotsagaldu(a)

Adjektibo elkartu sintetiko ere deitzen zaie halako egiturei; izen elkartuetan ere ikusi ditugu hauen pareko egiturak eta han esan dugu bigarren osagaia aditzetik eratorritakoa duten adjektibo eta adberbio elkartuak ere baditugula (§ 7.2.7.1a). Bi mota bereiziko ditugu adjektibo elkartu sintetikoetan: -garri atzizkiaz eratorritako izenondoa bigarren osagai dutenak, eta partizipio/adjektiboa bigarren osagai edo mugakizun dutenak.

8.2.3g Izena + adj[aditzoina+-garri]adj

Balio arazlea duen -garri izango da adjektibo elkartu hauetako mugakizuna osatuko duena; beldurgarri, mingarri, izugarri, edo lotsagarri adjektiboak sortzen dituena, alegia. Atzizkiaren oinarriak inkoatibo/kausatibo oposizioa era dezaketen aditzak izango dira (da/du motakoak, alegia) nahiz [izena+egin] egiturako lokuzioa (§ 5.5.2). Osagarri-buru egiturako elkartuak direnez, mugatzailea, ezkerreko izena, adjektiboaren osagarria izango da. Beste hitz batzuetan esanda, aditzetik eratorririko adjektiboa den heinean, aditz horren barne argumentua da ezkerreko izena. Eta adjektibo elkartuak kalifikatzen duen izena, ostera, aditzoinaren subjektua. Mota honetakoak dira:

aho-gozagarri, arima-galgarri, belarri-mingarri, bihotz-altxagarri, bihotz-berogarri, bihotz-erdiragarri, bihotz-sendagarri, buru-aringarri, buru-hausgarri, etxe-galgarri, herri-kaltegarri, neke-aringarri, osasun-galgarri, plazer egingarri

Etxahunen sentipena zirraragarri, biotz-urragarri, kordokagarri da benaz (Etxaide); Emengo gureari darion xarmadura! Ikuskari biotz-erdiragarria benetan! (Bordari); Hutsetik eta ezjakinetik, tarte-lan eta buru-aringarri hartu zuela berrogei eta areago urteko diruzainak bertsogintza (Goikoetxea Maiza); Neronek ere egiten âl ditut nere motzean zenbait oartxo neke-aringarri al ba litz! (Lizardi); Kastigu latzaguak emoteutsezanak, erri-kaltegarrijak zirianai (Mogel); Barabako eguraldi osasun-galgarriaren ihesi (K. Zabala).

Adibide horietan ‘sentipenak bihotza urratzen du’, ‘bertsogintzak burua arintzen du’ edo ‘ohartxoek nekea arintzen dute’ moduan ulertzen ditugu sentipen bihotz-urragarri, bertsogintza buru-aringarri edo ohartxo neke-aringarri.

Marraz elkarturik nahiz bereiz idatz daitezke bi osagaiak mota honetako elkartuetan.

8.2.3h Izena + partizipioa/adjektiboa

Adjektibo elkartu hauetan adjektibo balioko partizipio burutua izaten da bigarren osagaia. Izan ere, Adjektiboari dagokion kapituluan esaten den bezala (§ 14.5), partizipioak eta adjektiboak badituzte ezaugarri komunak: mugatzailea har dezakete biek, izenaren ondoan erabil daitezke eta baita predikatu gisa ere. Baina esan dugu partizipioak aditzak ere badirela, “partizipioak, nolabait, aditz adjektiboak dira”. Horrexegatik dute, hain zuzen, bi osagaiek ‘osagarri-buru’ erlazioa, aditzek osagarria eskatzen dutelako.

Mota honetako adjektibo elkartuak dira adrenalina jario, asko-jakin, begi-busti, bekoki-zimurtu, beldur-jario, bihotz-zimurtu, buru-jantzi, buru-makurtu, ele-erasan, erdal-jario, etxe-maite, gezur-jario, gogo-landu, gose-pasatu, hitz-jario, lerde-jario, lotsagaldu, muki-jario, uste-galdu: Gure arteko buru-yantzienak (Lizardi); Neskazar uste-galduak orain billa dute (Orixe); Azpeiti Azkoitiko boluntarioak ez dira falso eta gezur jarioak (F. Apalategi); Zaharrago eta hitz-jarioago izaten omen gara, gainera (Mitxelena). Aditzaren barne argumentua biltzen du ezkerreko izenak, mugatzaileak, ’burua jantzia duena’, ‘erdara jario zaiona’, ‘gogoa landua duena’, ‘gosea pasatu duena’ eta abar. Adiera hori dela eta, ‘bizar gorria duena’, ‘beso motza duena’ adierako bahuvrihi elkartuetatik oso gertu daude (eta, hain zuzen ere, bahuvrihi elkartutzat hartzen ditu Hitz-Elkarketa/4 lanak). Behin baino gehiagotan izen balioan ere erabiltzen dira: Emen zegok ezpain-autsi (Azkue); Lotsagaldurik balitz andik aizatzeko (Orixe).

Beste batzuetan, nork argumentua biltzen du ezkerreko osagaiak (adibide horietan kausa —edo ‘baliabidea, tresna’— paper tematikoa hartzen duenak, § 23.3.1b), lehoi gose-minduak, naiko lan bait-zizun gizagaixo erdal-kutsatuak (Lizardi); edo adjuntua, ausardi honi esker onik atera zuen bere “Diario de la Expulsión de los Jesuitas de España” egunkari esku-izkribatua (Goikoetxea Maiza).

Idazkerari dagokionez, bi osagaiak elkarturik, marraz elkarturik eta bereiz ere ageri dira literaturan. Gomendioa marraz elkarturik idaztea da.

91 Badu zalek beste adiera bat ‘lanbidea, ofizioa’ adierazten duena, eta horrenbestez izen kategoriako lexemak sortzen dituena, esnezale, taxizale4.2.6). Hemen ez dugu aztergai ‘lanbidea’ adierakoa.

92 Sarri beste osagai baten eskuinean ikusiko dugun arren, izen balioan ere erabiltzen da ‘zale dena’ adieran: Pistatxo koloreak ere gero eta zale gehiago zituen (Cano); Aditu eta zale askok […] arazoa saihestu eta prozedurak zerrendatzeari ekin diote (Arranz).

93 Genitiboaren bidez ere eman daiteke zaleren osagarria: Buru-talka deitzen genion jolasaren oso zaleak ginen (Lertxundi); Giza banakoa ez da trukearen zale izaten (Navarro).

94 EEHtik hartu dira adibideak.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper