Euskararen Gramatika

7.1.2. Dvandva elkartuak


7.1.2. Dvandva elkartuak

7.1.2a Inguruko hizkuntzekin alderatuta, hitz elkartu mota hau da euskararen bereizgarrietako bat; alegia, euskarak bizi-bizirik gorde ditu mota honetako elkartuak, baina inguruko hizkuntzetan ez dugu aurkituko horrelakorik. Sanskritoari buruzko gramatikak idatzi zituztenek eman zioten izena elkartu mota honi, dvandva ‘bikotea’. Ondoren Uhlenbeck-ek (1911) ekarri zuen deitura eta sailkapena euskarara eta Azkuek eman zion jarraibidea, kopulatibo izenaz bataiaturik. Hemen izen dvandvak aztertuko ditugu, izen kategoriako osagaiak dituztenak; baina harreman mota bera aurki dezakegu adjektiboen, aditzen eta adberbioen kasuan ere (§ 8.1, § 9.2, § 9.4.1). Askoz emankortasun urriagokoak dira bi zenbatzaile elkartuaz osatzen ditugunak —gutxi-asko, zortzi-hamar, hirurehun-laurehun…— edo galde hitzekin osatuak —noiz-nongo, zer-nolako51.

Bi izenez osatuak aztertuko ditugu ondoren; hots, izen elkartu dvandvak.

7.1.2b Dvandva elkartuko izenak maila berekoak direla esan dugu. Eta horrek eskatzen du biak azpikategorizazio berekoak izatea: pertsona adierazten dutenak, animalia izenak, izen bizigabeak, izen propioak… Lehen bereizketa, beraz, irizpide honen araberakoa izango da.

Izen bizidunez osatuak dira aita-amak, aita-semeak, aitona-amonak, ama-alabak, ama-semeak, amona-ilobak, anai-arrebak, andre-gizonak, dama-galaiak, duke-dukesak, errege-erreginak, gizon-emakumeak, izeba-osabak, jaun-andreak, lehengusu-lehengusinak, maisu-maistrak, marinel-merkatariak, nagusi-etxekoandreak, neska-mutilak, osaba-ilobak, seme-alabak, senar-emazteak. Baita beste hauek ere: bildots-ardiak, idi-behiak, zozo-birigarroak…

Izen bizigabeak —konkretuak zein abstraktuak— dituzte, ostera, osagai ondorengo dvandva elkartuek: ate-leihoak, ardo-ogiak, arto-babarrunak, atabal-danbolinak, begi-bekokiak, begi-belarriak, begi-bihotzak, bihotz-gogoak, beso-mihiak, buru-buztanak, buru-belarriak, belar-landareak, esku-oinak, ezpain-masailak, gatz-ozpinak, gogo-bihotzak, goiz-arratsak, gose-egarriak, hanka-lepoak, hotz-beroak, janari-edariak, kezka-nekeak, landa-baratzak, lepo-belarriak, mendi-zelaiak, neke-oinazeak, on-gaitzak, ogi-ardoak, patata-ilarrak, porru-patatak, zeru-lurrak, zoko-bazterrak…

Badira itxuraz aditzointzat hartuko genituzkeen osagaiez eratuak ere, edo aditzetik eratorritako izenez: esan-eginak, harremanak, itaun-erantzunak, jan-edanak, joan-etorriak, sal-erosketak… Baina bi aditzoin elkartuz ezingo genuke izen kategoriako elkarturik sortu; beraz, nahitaez ondorioztatu behar dugu izen balioa hartzen dutela horrelako hitz elkartuetan. Izan ere, esan(a), egin(a), itaun(a), erantzun(a), jan(a), edan(a)… izen balioan ere erabiltzen ditugu; eta hala jaso ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak.

Askoz emankortasun urriagokoak izanik ere, baditugu gure literatura tradizioan izen propioez osatutako dvandvak: Afrika-Asiak, Axular-Etxepareak, Azpeiti-Azkoitiak, Bilbo-Iruñeak, Bizkai-Gipuzkoak, Oria-Bidasoak, Sakana-Burundak, Unamuno-Barojak.

7.1.2c Azkueren ‘compuesto copulativo’ deituratik erraz ondoriozta daitekeen bezala, eta juntagailuaz loturik ere eman ditzakegu goiko hitz elkartu horietako asko eta asko: seme(a) eta alaba(k), aita eta ama, begiak eta belarriak, errege eta erregina(k), izeba eta osaba(k), lepoa eta belarriak, ogia eta ardoa eta abar.

Horrek dakar, esan bezala, izen elkartuak (gutxienik) biko multzoa izendatzea. Eta horrek dakar, aldi berean, dvandva elkartuak pluralean erabili beharra, edo ez, behintzat, singularrean. Hau da, artikulu plurala, erakusle plurala, edo zenbatzailea hartu behar du dvandva motako hitz elkartu bat buru duen sintagmak. Alde horretatik ezin dira zuzentzat jo azken boladan maiz irakurtzen ditugun mota honetako erabilerak: zure seme-alaba udalekuetara bidali nahi baduzu… Seme-alaba euskaraz ‘semea(k) eta alaba(k)’ adierazteko erabili izan da, eta komeni da erabilera horri eustea. ‘Semea edo alaba’ esan nahi bada, zehar-marra (/) izan daiteke hori adierazteko bide laburra: zure seme/alaba udalekuetara bidali nahi baduzu

Nolanahi ere, plural markaren derrigortasun hori dvandva elkartuak hartzen duen kasu markaren araberakoa ere bada. Nor, nork eta nori kasu markekin, hots, egiturazko kasuekin da nahitaezko plural marka; postposizioekin, errazago ager daiteke mugagabea: Hemen ordea ez gabiltza hezur-haragizko gizakien artean (Mitxelena); Aho-mihitan kurritu zuen Aldudeko jaun mirikuaren famak (J. Etxepare); Gizon ospetsuak hezur-mamitan ikustea (Lizardi). Partitiboa ere har dezakete, jakina: Iñork ez dit haren izen-deiturarik eman (A. Zavala); Ez aita-amarik, ez nausirik (J. Etxepare); Inork nahi al du porru-patatarik?

7.1.2d Bi osagaiak azpikategorizazio berekoak izatea baino zerbait gehiago behar dugu, dena den, dvandva motako hitz elkartua osatzeko. Mahai eta zeru izen bizigabeak dira, baina nekez osatuko dugu mahai-zeruak (edo zeru-mahaiak) elkartua. Zergatik? Osagaiak bateragarriak izatea eskatzen duelako erlazio mota honek. Eta bateragarritasun hori etor daiteke esanahi kidetasunetik (Azkuek ‘relación de afinidad’ deitu zuena) zein antonimiatik. Izen bizidunen kasuan, esanahi kidetasuna, ahaidetasun harremana izan daiteke (izeba-ilobak), edo ahaidetasun harreman batean, edo oro har multzo batean, sexu batekoak eta bestekoak izatea (aita-amak, izeba-osabak, neska-mutilak), edo gizarte estatus batean sexu batekoak eta bestekoak, edo maila batekoak eta bestekoak izatea (duke-dukesak, errege-erreginak, ikasle-irakasleak, ugazaba-langileak).

Izen bizigabeen kasuan ere arlo semantiko berekoak behar dute izan, edo, behintzat, esanahiaren aldetik bateragarriak: dela txoriak (zozo-birigarroak), animaliak52 (behi-idiak, zakur-katuak), barazkiak (aza-porruak, porru-patatak), gorputz-atalak (aho-mihiak, esku-oinak, hanka-lepoak, lepo-belarriak), soinu-tresnak (atabal-danbolinak) zein erakunde izenak (aldundi-udaletxeak).

Antonimia harremana ere indartsua da dvandva elkartuak eratzeko: atze-aurreak, estutze-lasatzeak, galde-erantzunak, gau-egunak, goi-beheak, goiz-arratsak, hezur-mamiak, zeru-lurrak… Egia da, bestalde, antonimia harremanean ere badagoela esanahi kidetasuna, esan baitaiteke arlo bereko bi muturrak direla elkartzen ditugunak.

7.1.2e Dvandva motako hitz elkartuen tradizioko erabilera kontuan izanik eman zuen Euskaltzaindiak araua, mota honetako elkartuak direla egokienak bikoteak izendatzeko: “erdarazko los hijos / les enfants, los reyes / les rois edo los padres / les parents esamoldeen (hau da, bikotea izendatzen duten sintagmen) ordain jatorrak seme-alabak, errege-erreginak eta aita-amak (edo gurasoak) dira euskaraz; inoiz horien lekuan agertzen diren erregeak, aitak bezalakoak ez dira onargarriak. Nombre y apellidos esateko izen-deiturak edo izen-abizenak dugu, orobat, azalbide arteza: han-hemen ugaritzen hasi zaizkigun izena eta abizenak gisako koordinazio sintagmak alferrikakoak dira, sarri, horrelakoetan”.

Ikus Euskaltzaindiaren 25. araua: “Hitz elkartuen osaera eta idazkera”, Donostian, 1995eko urtarrilaren 27an onartua.

7.1.2f Berrelkarketa. Gehien-gehienetan bi izen elkartzen ditugu izen elkartu dvandva sortzeko. Baina hitz elkarketa baliabide errekurtsiboa da, behin eta berriz erabil daiteke (§ 3.3d). Baita hitz elkartu mota honetan ere. Bi osagai baino gehiago izan ditzakegu: a) hiru izen (edo gehiago), guztiak maila berean daudenak (ama-seme-alabak, hezur-haragi-muinak, neke-trabaju-penaz, nahigabe-pena-nekeak, pago-haritz-pinudiak); b) dvandva elkartua beste izen elkartu bateko mugatzaile (gargar-gari sortak, Sakana-Burunda haranetan, Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundea); c) dvandva elkartua beste izen elkartu bateko mugakizun (eper aita-amak, marrajo hortz-haginez, Euskal Irrati-Telebista).

Azken urteetan sortu dira Behobia-Donostia lasterketa, izar triangelu konexio edo ama-alaba harremana moduko hitz elkartuak ere. Ez dira aurreko paragrafoan aipatuen guztiz parekoak, egitura hauek ez baitute ‘Behobia eta Donostia lasterketa’, ‘ama eta alaba harremana’ adierazten; ez dira, beraz, garagar-gari sortak (garagar eta gari sortak) bezalakoak. Dvandva itxurako lehen osagaia izan arren, Behobia eta Donostia arteko lasterketa, ama eta alaba(ren) arteko harremana, izar eta triangelu erako konexioak… moduan ulertu behar ditugu elkartu horiek.

7.1.2g Eratorpenean oinarri ere izan daitezke dvandva elkartuak aditz eratorriak sortzeko, aitamatu, gatz-ozpindu, izu-ikaratu, senar-emaztetu. Beste batzuetan, bigarren osagaian bakarrik ageri den atzizkia badagokio lehenengoari ere: seme-alabatxo esan arren, argi dago seme(txo) ulertu behar dugula. Beste horrenbeste gertatzen da aurrerago aztertuko ditugun aldi eta gai izenei dagokienez honako adibide hauetan: poz-negarraldi, senar-emaztegai. Bietan ulertzen dugu ‘pozaldiak eta negarraldiak’, ‘senargai eta emaztegai’.

7.1.2h Dvandva elkartuak buru bikoak direla esan dugu; hau da, bi osagaiak daude maila berean, biak dira buru. Nola jakin, beraz, zein hurrenkeratan eman behar ditugun? Ez dago arau zorrotzik honetan; adibidez, ogi-ardoak eta ardo-ogiak, biak aurki ditzakegu. Hala ere, Euskaltzaindiak bi arau aipatu zituen: a) osagaien luzerari dagokionez, silaba gutxienekoa jartzen dugu lehen lekuan gehienetan; b) generoari dagokionez, ar/eme ordena erabiliago da kontrakoa baino (jaun-andreak, senar-emazteak, seme-alabak, etab.). Baina ez dira arau zorrotzak, hortxe ditugu izeba-osabak, neska-mutilak… Beste irizpide hauek ere aipatu dituzte gramatikariek: gizartean goragoko estatusa duena, edo familia-harremanetan zaharrena dena lehenik: aita-semeak, ama-alabak, osaba-ilobak, nagusi-langileak… Espazioan, goian dagoena lehenik: zeru-lurrak, goi-beheak53

Idazkerari dagokionez, marrarekin idaztekoak dira dvandva motako hitz elkartuak.

51 Argibide zehatzagoak edo hemen ematen ditugun adibideen testuingurua ikusi nahi dituenak jo dezake Hitz-Elkarketa/1 (1987: 151-175) argitalpenera.

52 Ohart gaitezen, hala ere, ‘animalia’ kategoria zabala baino bikote estuagoak ageri direla adibideetan: animalia mota berekoak (ardi-bildotsak), etxeko animaliak (zakur-katuak), ukuilukoak (behi-idiak) eta abar.

53 Ikus Jacobsen (1982).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper