Euskararen Gramatika

7.1.3. Atributu eta koordinazio egiturako izen elkartuak54


7.1.3. Atributu eta koordinazio egiturako izen elkartuak54

7.1.3a Maila bereko bi izenez osaturik, bikotea (edo bitik gorako multzoa) adierazten dute aztertu berri ditugun dvandva elkartuek. Horretantxe bereizten dira, hain zuzen, batetik, hemen aztertuko ditugun afari-merienda, bertsolari-poeta, errege profeta, erretor bikario edo irribarre moduko egituretatik, eta, bestetik, hegazkin tramankulu, Jainko haur, neskatila zerbitzari edo harri zilindro gisakoetatik. Bi izenez osaturik egon arren, elkartu hauetan pertsona, otordu, objektu… bakarra izendatzen dugu; ez da ‘afaria eta merienda’, baizik aldi berean afari eta meriendatzat hartzen dugun otordua. David errege-profeta diogunean, ez gara ari errege batek eta profeta batek osatzen duten bikoteaz, baizik pertsona bakarraz, bere baitan errege izaera eta profeta izaera biltzen dituenaz. Bide beretik, pertsona edota objektu bakarra izendatzen dugu neskatila zerbitzari zein harri zilindro diogunean.

Baina pertsona edo objektu bakarra izendatu arren, desberdina da goian eman ditugun hitz elkartu horietako bi izenen arteko harremana. Lehen motakoetan, bi izenak maila berean daudela esan dugu, ‘errege eta profeta’, ‘afari eta merienda’ bietatik duela, maila berean, sortzen dugun izen elkartuak. Horrexegatik esaten zaie ‘koordinazio egiturako izen elkartu’. Neskatila zerbitzari elkartua darabilgunean, aldiz, ez gara ari aldi berean neskatila eta zerbitzari den gizakiaz, baizik neskatila batez; ezaugarri gisa zerbitzari izatea duen neskatilaz55. Hala gertatzen da harri zilindro elkartuan ere; harria da adierazten duena zer objektu motaz ari garen, eta zilindro osagaiak beste harri-mota batzuetatik bereizten du. Ezin da esan, beraz, bi osagaiak guztiz maila berean daudenik; bietatik bat da zer izendatzen dugun adierazten duena, eta besteak ezaugarri edo bereizgarri bat gehitzen dio, gutxi gorabehera adjektiboak izen bati gehitzen dion modura. Horrexegatik hartu dute euskaraz ‘atributu egiturako elkartu’ izena. Xehekiago aztertuko dugu ondoren bi egitura mota hauetako bakoitza.

7.1.3b Koordinazio egiturako izen elkartuak. Esan berri dugunez, maila berean dauden bi izenez osatuak daude koordinazio egiturako elkartuak, baina bi izen horien baturak pertsona, objektu, leku… bakarra adierazten du. Horrelakoak dira: afari-merienda, Ama Birjina, apostolu ebanjelista, bertso kanta, bertsolari-poeta, erretor bikario, irribarre, kapitan pilotu… Hemen sartu zituen Euskaltzaindiak nafar-euskaldun modukoak ere, izentzat hartu zituelako biak eta ulertu izen elkartuak aldi berean nafar eta euskaldun dena izendatzen duela. Azken urteetan sortuak dira gaztelaniako koordinazio egiturako zenbait hitz elkarturi emandako ordainak: galtza-gona, garbigailu-lehorgailu, jan-egongela (jangela + egongela), kafe antzoki, igorgailu-hargailu, irrati-iratzargailu, sukalde-egongela. Gaztelaniaz koordinazio elkartutzat hartu dituzte marxismo-leninismo edo udaberri-uda modukoak ere (Val Álvaro 1999).

7.1.3c Atributu egiturako izen elkartuak. Bi izenez osatuak egonik ere, hitz elkartu mota honetan bietatik batek adierazten du zertaz ari garen (osagai nagusi dei diezaiokegu, beraz), eta besteak adjektiboaren pareko zeregina du; osagai nagusiaren ezaugarri edo bereizgarri bat adierazten du. Horrexegatik ez da harritzekoa askotan osaba bertsolari edo neskatila zerbitzari moduko egiturak aurkitzea; hau da, izen kategoriako lexemak ala adjektibo kategoriakoak sortzen dituzten eztabaidagai diren -ari edo -tzaile atzizkia daramaten osagaiak dituztenak (§ 4.2). ‘Osaba bertsolaria da’, ‘neskatila zerbitzaria da’ irakurketa ematen diegu halakoei. Bestalde, bi osagaietatik bat nagusi delako, Mendekotasunezko elkartutzat ere hartu dira hitz elkartu hauek (Perez Gaztelu, Zabala eta Gràcia 2004; Val Álvaro 1999).

Osagaietako bat adjektiboaren pareko dela esaten badugu, esperoko genuke halako funtzioa duen osagaia bigarrena izatea, osagai nagusiaren eskuinean agertzea, horixe delako euskaraz adjektiboaren kokagunea, izenaren eskuinekoa. Ez da, baina, beti horrela. Batzuetan bai, lehen osagaia da esanahia nagusia adierazten duena eta bigarrena izenondo kutsua hartzen duena. B den A moduan definitu zuen Euskaltzaindiak Hitz-Elkarketa/3 lanean (1991) elkartu mota hauen egitura. Halako egitura dute ondorengo adibideak:

alkate asto, Ama Birjina, Ama Neskuts, ardi-lagun, armario-biblioteka, artzipreste pintore, asto-eme, diru-urre, etxe bizitza, gizon ale, harri zilindro, haur seme, hiri buruzagi, Ilargi Amandre, kanon-eredu, Kapitain pilotu, langile gizon, mutil saltari, neskatila zerbitzari, okilama, pago lizar, ume azeri, zakur galgo, zeinu seinale, zerrama…

Sardiña jaten ari diren mahaia, bi aulki eta armario-biblioteka bat (Saizarbitoria); diru-urhe faltsu bat kurri-arazi nahi izanik (Lafitte); Muxikako olerkari aundiaren antz aundia atera eutsan lauko onetan artzipreste-pintoreak (Bitaño); Yainkoak mundua egin ebanetik ez ebala alako ume azeririk egin (Orixe).

7.1.3d Izenondo kutsua hartzen duen bigarren osagai horretan modu batekoak baino gehiagokoak aurki ditzakegu. Batzuetan animalien eta landareen sexua adierazten dugu, ar eta eme osagaien bidez; eta, konparazioz, bi atalez osatutako gauzetan, atal zulodunaren barruan sartzen dena ere bai (astar, asto-eme, iratze ar, iratze eme, lehoi eme, lore eme, molde ar, palmondo eme, tigreme…). Pertsonen sexua ere adieraz dezakegu gizon, mutil, andre edo neska izenen bidez (langile gizon). Beste batzuetan ahaidetasuna adierazten du (haur seme, okilama, zerrama…). Zakur galgo izen elkartuan, berriz, zakur klasea adierazten du bigarren osagaiak (kontrako hurrenkera ikusiko dugu sumpsumtive motako elkartuetan (§ 7.2.2.3h)).

Beste batzuetan, ordea, bigarren osagaia da nagusia, eta lehena da adjektibo kutsua hartzen duena. A den B egitura dute mota honetako izen elkartuek (Hitz-Elkarketa/3). Mota honetakotzat hartu zituen Euskaltzaindiak honakoak:

aita Jaungoiko, Ama Lur, anai apez, aurpegi-orri, dorre-etxe, Eliza Ama, eskola etxe, giltza hitz, hegazkin-tramankulu, Jainko aita, Jainko haur, makina-tresna, neskatila zerbitzari, ostatu etxe, otso-zakur, patruila-kotxe, Seme Jainko, taberna-etxe, trator-makina…

Adibideei arretaz erreparatuz gero, berehala ohartuko gara mota berean sartu ditugula aita Jaungoiko eta Jainko aita. Biek onartzen dute sailkapen honi dagokion irakurketa; lehen izenak Jainkoa izendatzen du, aita den Jainkoa. Bigarrenak, ostera, ‘aita’, Jainkoa dena. Ikus dezagun nola ageri diren literaturan horietako izen elkartu batzuk: Midikua dator bere otso-zakurrarekin (Etxarren); Koartelerantz zihoazen beren patruila kotxean (X. Amuriza); Auxe da Axularren liburu aipatuaren lenengoko arpegi-orrian dinoana (Bitaño).

7.1.3e Mota honetakotzat har ditzakegu mutil lagun eta neska lagun ere, uler baitaiteke ‘lagun’az ari garela, eta lehen osagaiak sexua adierazten duela. Beraz, sexua adierazteko lehen osagaia zein bigarrena (ikus goiko langile gizon) baliatu da literatura tradizioan. Berriagoak diren bonba-gutun, bonba-pakete, iragarki gizon eta abar ere hemen sailkatzekoak dira. Hizkuntzalari batzuek aposizio egiturako elkartutzat hartzen dituzte (§ 7.2.8).

Hirugarren mota bat ere bereiz daiteke, Euskaltzaindiak egin bezala: A nolako B, konparazio kutsua ematen diolako osagai batek besteari. Begi gaztainak diogunean, esaterako, norbaiten begiez ari gara, eta gaztainekin alderatzen ditugu begi horiek. Horrelakoak dira etxe-orratz edo gaizkin deabru ere; etxea eta gaizkina, orratzarekin edo deabruarekin alderatzen ditugu, hurrenez hurren. Eta horrela uler daitezke, neurri batean, goraxeago ikusi ditugun alkate asto edo ume azeri ere, astoarekin edo azeriarekin alderatuko bagenitu bezala alkatea eta umea.

7.1.3f Ez da zaila zehaztea zein irizpideren arabera bereizten ditugun koordinazio elkartuak eta atributu elkartuak. Besterik da adibide jakin bat bi sail horietatik zeini dagokion esatea. Gizotso, esaterako, zer da? Aldi berean gizona eta otsoa den biziduna? Gizona, tarteka otso bihurtzen dena? Edo armairu-biblioteka? Armairua da, biblioteka izateak, liburuak edukitzeko izateak bereizten duena beste armairu mota batzuetatik, ala altzari jakin bat, aldi berean armairu eta biblioteka dena? Hitz-Elkarketa/3 lanean atributu elkartutzat hartu zen, eta hala egin dugu guk ere; baina erraz onartuko luke beste irakurketa ere: hau da, koordinazio elkartutzat hartzea. Nolanahi ere, hizkuntzan sailkapenak egitean askotan gertatzen dira zalantzak elementu jakin bat non kokatu behar den.

Idazkerari dagokionez, gehienetan marratxo bidez elkarturik ematen ditugu koordinazio elkartuak; atributu elkartuetan, ostera, modu bateko eta besteko idazkerak aurki ditzakegu, marratxodunak nahiz bi osagaiak bereiz ematen direnak.

54 Argibide gehiagotarako ikus Azkarate (1990b: 174-190); Hitz-Elkarketa/3 (1991: 77-99); Perez Gaztelu, Zabala eta Gràcia (2004).

55 Alderantziz ere uler daiteke, zerbitzaria da izendatu nahi duguna, eta zerbitzari horri neskatila ezaugarria gehitzen diogu.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper