Euskararen Gramatika

7.1. Hitz elkarketa. Izen elkartuak (I). Dvandva motako elkartuak, atributu eta koordinazio egiturako elkartuak, tautologiazko elkartuak


7.1. Hitz elkarketa. Izen elkartuak (I). Dvandva motako elkartuak, atributu eta koordinazio egiturako elkartuak, tautologiazko elkartuak

7.1.1. Sarrera

Bi osagai beregain elkartuz sortzen dugun kategoria lexikoari esaten diogu hitz elkartu. Hitz elkartuak, beraz, izenak, adjektiboak edo aditzak izan daitezke. Hitz elkartuko osagaien kategoria ere hartu beharko dugu kontuan: iz[izen+izen]iz, iz[aditzoin+izen]iz, adj[izen+adj]adj, ad[izen+aditz]ad… Osagaien kategoriaz gain, bien arteko erlazioa nolakoa den ere aztertu behar da; bi osagaiak maila berean dauden, ala bat den nagusi (§ 3.3).

Lehenik izen kategoriako hitz elkartuak aztertuko ditugu, eta, horien artean, maila berean dauden bi izenez osatuak. Maila berean egoteak esan nahi du ez duela osagai batek esanahi nagusia ematen eta besteak haren esanahia mugatu edo zehazten. Biek adierazten dutena hartuko du, maila berean, izen elkartuaren esanahiak. Esaterako, izeba-osabak, seme-alabak, goi-beheak, ate-leihoak edo errege-erreginak izen elkartuek osagai bakoitzaren esanahia biltzen dute; beraz, izen elkartu horiek bikotea (edo elementu gehiagoko multzoa) adierazten dute: izeba(k) eta osaba(k), semea(k) eta alaba(k), goia(k) eta behea(k), atea(k) eta leihoa(k) eta abar.

Badira horien antzeko beste izen elkartu batzuk, baina ez guztiz modu berekoak: afari-merienda, errege-profeta, hego-ekialde, hego-mendebalde, hargin-meatzari, bertsolari-poeta motakoak. Hauetan ez dugu bikotea, edo bitik gorako multzoa izendatzen; pertsona, otordu, puntu kardinal… bakarraz ari gara; osagaiek adierazten dutena bateratzen duen ‘zera’ bakarraz. Afaria eta merienda batera egiten dugu afari-merienda egitean; errege izatea eta profeta izatea, biak uztartzen zituen pertsonaz ari gara errege-profeta diogunean eta abar. Horixe da, beraz, atal honetan bereiziko ditugun hitz elkartuen arteko desberdintasun nagusia, bikoa (edo hortik gorako multzoa) adieraztea edo pertsona, leku, otordu… bakarra.

7.1.2. Dvandva elkartuak

7.1.2a Inguruko hizkuntzekin alderatuta, hitz elkartu mota hau da euskararen bereizgarrietako bat; alegia, euskarak bizi-bizirik gorde ditu mota honetako elkartuak, baina inguruko hizkuntzetan ez dugu aurkituko horrelakorik. Sanskritoari buruzko gramatikak idatzi zituztenek eman zioten izena elkartu mota honi, dvandva ‘bikotea’. Ondoren Uhlenbeck-ek (1911) ekarri zuen deitura eta sailkapena euskarara eta Azkuek eman zion jarraibidea, kopulatibo izenaz bataiaturik. Hemen izen dvandvak aztertuko ditugu, izen kategoriako osagaiak dituztenak; baina harreman mota bera aurki dezakegu adjektiboen, aditzen eta adberbioen kasuan ere (§ 8.1, § 9.2, § 9.4.1). Askoz emankortasun urriagokoak dira bi zenbatzaile elkartuaz osatzen ditugunak —gutxi-asko, zortzi-hamar, hirurehun-laurehun…— edo galde hitzekin osatuak —noiz-nongo, zer-nolako51.

Bi izenez osatuak aztertuko ditugu ondoren; hots, izen elkartu dvandvak.

7.1.2b Dvandva elkartuko izenak maila berekoak direla esan dugu. Eta horrek eskatzen du biak azpikategorizazio berekoak izatea: pertsona adierazten dutenak, animalia izenak, izen bizigabeak, izen propioak… Lehen bereizketa, beraz, irizpide honen araberakoa izango da.

Izen bizidunez osatuak dira aita-amak, aita-semeak, aitona-amonak, ama-alabak, ama-semeak, amona-ilobak, anai-arrebak, andre-gizonak, dama-galaiak, duke-dukesak, errege-erreginak, gizon-emakumeak, izeba-osabak, jaun-andreak, lehengusu-lehengusinak, maisu-maistrak, marinel-merkatariak, nagusi-etxekoandreak, neska-mutilak, osaba-ilobak, seme-alabak, senar-emazteak. Baita beste hauek ere: bildots-ardiak, idi-behiak, zozo-birigarroak…

Izen bizigabeak —konkretuak zein abstraktuak— dituzte, ostera, osagai ondorengo dvandva elkartuek: ate-leihoak, ardo-ogiak, arto-babarrunak, atabal-danbolinak, begi-bekokiak, begi-belarriak, begi-bihotzak, bihotz-gogoak, beso-mihiak, buru-buztanak, buru-belarriak, belar-landareak, esku-oinak, ezpain-masailak, gatz-ozpinak, gogo-bihotzak, goiz-arratsak, gose-egarriak, hanka-lepoak, hotz-beroak, janari-edariak, kezka-nekeak, landa-baratzak, lepo-belarriak, mendi-zelaiak, neke-oinazeak, on-gaitzak, ogi-ardoak, patata-ilarrak, porru-patatak, zeru-lurrak, zoko-bazterrak…

Badira itxuraz aditzointzat hartuko genituzkeen osagaiez eratuak ere, edo aditzetik eratorritako izenez: esan-eginak, harremanak, itaun-erantzunak, jan-edanak, joan-etorriak, sal-erosketak… Baina bi aditzoin elkartuz ezingo genuke izen kategoriako elkarturik sortu; beraz, nahitaez ondorioztatu behar dugu izen balioa hartzen dutela horrelako hitz elkartuetan. Izan ere, esan(a), egin(a), itaun(a), erantzun(a), jan(a), edan(a)… izen balioan ere erabiltzen ditugu; eta hala jaso ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak.

Askoz emankortasun urriagokoak izanik ere, baditugu gure literatura tradizioan izen propioez osatutako dvandvak: Afrika-Asiak, Axular-Etxepareak, Azpeiti-Azkoitiak, Bilbo-Iruñeak, Bizkai-Gipuzkoak, Oria-Bidasoak, Sakana-Burundak, Unamuno-Barojak.

7.1.2c Azkueren ‘compuesto copulativo’ deituratik erraz ondoriozta daitekeen bezala, eta juntagailuaz loturik ere eman ditzakegu goiko hitz elkartu horietako asko eta asko: seme(a) eta alaba(k), aita eta ama, begiak eta belarriak, errege eta erregina(k), izeba eta osaba(k), lepoa eta belarriak, ogia eta ardoa eta abar.

Horrek dakar, esan bezala, izen elkartuak (gutxienik) biko multzoa izendatzea. Eta horrek dakar, aldi berean, dvandva elkartuak pluralean erabili beharra, edo ez, behintzat, singularrean. Hau da, artikulu plurala, erakusle plurala, edo zenbatzailea hartu behar du dvandva motako hitz elkartu bat buru duen sintagmak. Alde horretatik ezin dira zuzentzat jo azken boladan maiz irakurtzen ditugun mota honetako erabilerak: zure seme-alaba udalekuetara bidali nahi baduzu… Seme-alaba euskaraz ‘semea(k) eta alaba(k)’ adierazteko erabili izan da, eta komeni da erabilera horri eustea. ‘Semea edo alaba’ esan nahi bada, zehar-marra (/) izan daiteke hori adierazteko bide laburra: zure seme/alaba udalekuetara bidali nahi baduzu

Nolanahi ere, plural markaren derrigortasun hori dvandva elkartuak hartzen duen kasu markaren araberakoa ere bada. Nor, nork eta nori kasu markekin, hots, egiturazko kasuekin da nahitaezko plural marka; postposizioekin, errazago ager daiteke mugagabea: Hemen ordea ez gabiltza hezur-haragizko gizakien artean (Mitxelena); Aho-mihitan kurritu zuen Aldudeko jaun mirikuaren famak (J. Etxepare); Gizon ospetsuak hezur-mamitan ikustea (Lizardi). Partitiboa ere har dezakete, jakina: Iñork ez dit haren izen-deiturarik eman (A. Zavala); Ez aita-amarik, ez nausirik (J. Etxepare); Inork nahi al du porru-patatarik?

7.1.2d Bi osagaiak azpikategorizazio berekoak izatea baino zerbait gehiago behar dugu, dena den, dvandva motako hitz elkartua osatzeko. Mahai eta zeru izen bizigabeak dira, baina nekez osatuko dugu mahai-zeruak (edo zeru-mahaiak) elkartua. Zergatik? Osagaiak bateragarriak izatea eskatzen duelako erlazio mota honek. Eta bateragarritasun hori etor daiteke esanahi kidetasunetik (Azkuek ‘relación de afinidad’ deitu zuena) zein antonimiatik. Izen bizidunen kasuan, esanahi kidetasuna, ahaidetasun harremana izan daiteke (izeba-ilobak), edo ahaidetasun harreman batean, edo oro har multzo batean, sexu batekoak eta bestekoak izatea (aita-amak, izeba-osabak, neska-mutilak), edo gizarte estatus batean sexu batekoak eta bestekoak, edo maila batekoak eta bestekoak izatea (duke-dukesak, errege-erreginak, ikasle-irakasleak, ugazaba-langileak).

Izen bizigabeen kasuan ere arlo semantiko berekoak behar dute izan, edo, behintzat, esanahiaren aldetik bateragarriak: dela txoriak (zozo-birigarroak), animaliak52 (behi-idiak, zakur-katuak), barazkiak (aza-porruak, porru-patatak), gorputz-atalak (aho-mihiak, esku-oinak, hanka-lepoak, lepo-belarriak), soinu-tresnak (atabal-danbolinak) zein erakunde izenak (aldundi-udaletxeak).

Antonimia harremana ere indartsua da dvandva elkartuak eratzeko: atze-aurreak, estutze-lasatzeak, galde-erantzunak, gau-egunak, goi-beheak, goiz-arratsak, hezur-mamiak, zeru-lurrak… Egia da, bestalde, antonimia harremanean ere badagoela esanahi kidetasuna, esan baitaiteke arlo bereko bi muturrak direla elkartzen ditugunak.

7.1.2e Dvandva motako hitz elkartuen tradizioko erabilera kontuan izanik eman zuen Euskaltzaindiak araua, mota honetako elkartuak direla egokienak bikoteak izendatzeko: “erdarazko los hijos / les enfants, los reyes / les rois edo los padres / les parents esamoldeen (hau da, bikotea izendatzen duten sintagmen) ordain jatorrak seme-alabak, errege-erreginak eta aita-amak (edo gurasoak) dira euskaraz; inoiz horien lekuan agertzen diren erregeak, aitak bezalakoak ez dira onargarriak. Nombre y apellidos esateko izen-deiturak edo izen-abizenak dugu, orobat, azalbide arteza: han-hemen ugaritzen hasi zaizkigun izena eta abizenak gisako koordinazio sintagmak alferrikakoak dira, sarri, horrelakoetan”.

Ikus Euskaltzaindiaren 25. araua: “Hitz elkartuen osaera eta idazkera”, Donostian, 1995eko urtarrilaren 27an onartua.

7.1.2f Berrelkarketa. Gehien-gehienetan bi izen elkartzen ditugu izen elkartu dvandva sortzeko. Baina hitz elkarketa baliabide errekurtsiboa da, behin eta berriz erabil daiteke (§ 3.3d). Baita hitz elkartu mota honetan ere. Bi osagai baino gehiago izan ditzakegu: a) hiru izen (edo gehiago), guztiak maila berean daudenak (ama-seme-alabak, hezur-haragi-muinak, neke-trabaju-penaz, nahigabe-pena-nekeak, pago-haritz-pinudiak); b) dvandva elkartua beste izen elkartu bateko mugatzaile (gargar-gari sortak, Sakana-Burunda haranetan, Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundea); c) dvandva elkartua beste izen elkartu bateko mugakizun (eper aita-amak, marrajo hortz-haginez, Euskal Irrati-Telebista).

Azken urteetan sortu dira Behobia-Donostia lasterketa, izar triangelu konexio edo ama-alaba harremana moduko hitz elkartuak ere. Ez dira aurreko paragrafoan aipatuen guztiz parekoak, egitura hauek ez baitute ‘Behobia eta Donostia lasterketa’, ‘ama eta alaba harremana’ adierazten; ez dira, beraz, garagar-gari sortak (garagar eta gari sortak) bezalakoak. Dvandva itxurako lehen osagaia izan arren, Behobia eta Donostia arteko lasterketa, ama eta alaba(ren) arteko harremana, izar eta triangelu erako konexioak… moduan ulertu behar ditugu elkartu horiek.

7.1.2g Eratorpenean oinarri ere izan daitezke dvandva elkartuak aditz eratorriak sortzeko, aitamatu, gatz-ozpindu, izu-ikaratu, senar-emaztetu. Beste batzuetan, bigarren osagaian bakarrik ageri den atzizkia badagokio lehenengoari ere: seme-alabatxo esan arren, argi dago seme(txo) ulertu behar dugula. Beste horrenbeste gertatzen da aurrerago aztertuko ditugun aldi eta gai izenei dagokienez honako adibide hauetan: poz-negarraldi, senar-emaztegai. Bietan ulertzen dugu ‘pozaldiak eta negarraldiak’, ‘senargai eta emaztegai’.

7.1.2h Dvandva elkartuak buru bikoak direla esan dugu; hau da, bi osagaiak daude maila berean, biak dira buru. Nola jakin, beraz, zein hurrenkeratan eman behar ditugun? Ez dago arau zorrotzik honetan; adibidez, ogi-ardoak eta ardo-ogiak, biak aurki ditzakegu. Hala ere, Euskaltzaindiak bi arau aipatu zituen: a) osagaien luzerari dagokionez, silaba gutxienekoa jartzen dugu lehen lekuan gehienetan; b) generoari dagokionez, ar/eme ordena erabiliago da kontrakoa baino (jaun-andreak, senar-emazteak, seme-alabak, etab.). Baina ez dira arau zorrotzak, hortxe ditugu izeba-osabak, neska-mutilak… Beste irizpide hauek ere aipatu dituzte gramatikariek: gizartean goragoko estatusa duena, edo familia-harremanetan zaharrena dena lehenik: aita-semeak, ama-alabak, osaba-ilobak, nagusi-langileak… Espazioan, goian dagoena lehenik: zeru-lurrak, goi-beheak53

Idazkerari dagokionez, marrarekin idaztekoak dira dvandva motako hitz elkartuak.

7.1.3. Atributu eta koordinazio egiturako izen elkartuak54

7.1.3a Maila bereko bi izenez osaturik, bikotea (edo bitik gorako multzoa) adierazten dute aztertu berri ditugun dvandva elkartuek. Horretantxe bereizten dira, hain zuzen, batetik, hemen aztertuko ditugun afari-merienda, bertsolari-poeta, errege profeta, erretor bikario edo irribarre moduko egituretatik, eta, bestetik, hegazkin tramankulu, Jainko haur, neskatila zerbitzari edo harri zilindro gisakoetatik. Bi izenez osaturik egon arren, elkartu hauetan pertsona, otordu, objektu… bakarra izendatzen dugu; ez da ‘afaria eta merienda’, baizik aldi berean afari eta meriendatzat hartzen dugun otordua. David errege-profeta diogunean, ez gara ari errege batek eta profeta batek osatzen duten bikoteaz, baizik pertsona bakarraz, bere baitan errege izaera eta profeta izaera biltzen dituenaz. Bide beretik, pertsona edota objektu bakarra izendatzen dugu neskatila zerbitzari zein harri zilindro diogunean.

Baina pertsona edo objektu bakarra izendatu arren, desberdina da goian eman ditugun hitz elkartu horietako bi izenen arteko harremana. Lehen motakoetan, bi izenak maila berean daudela esan dugu, ‘errege eta profeta’, ‘afari eta merienda’ bietatik duela, maila berean, sortzen dugun izen elkartuak. Horrexegatik esaten zaie ‘koordinazio egiturako izen elkartu’. Neskatila zerbitzari elkartua darabilgunean, aldiz, ez gara ari aldi berean neskatila eta zerbitzari den gizakiaz, baizik neskatila batez; ezaugarri gisa zerbitzari izatea duen neskatilaz55. Hala gertatzen da harri zilindro elkartuan ere; harria da adierazten duena zer objektu motaz ari garen, eta zilindro osagaiak beste harri-mota batzuetatik bereizten du. Ezin da esan, beraz, bi osagaiak guztiz maila berean daudenik; bietatik bat da zer izendatzen dugun adierazten duena, eta besteak ezaugarri edo bereizgarri bat gehitzen dio, gutxi gorabehera adjektiboak izen bati gehitzen dion modura. Horrexegatik hartu dute euskaraz ‘atributu egiturako elkartu’ izena. Xehekiago aztertuko dugu ondoren bi egitura mota hauetako bakoitza.

7.1.3b Koordinazio egiturako izen elkartuak. Esan berri dugunez, maila berean dauden bi izenez osatuak daude koordinazio egiturako elkartuak, baina bi izen horien baturak pertsona, objektu, leku… bakarra adierazten du. Horrelakoak dira: afari-merienda, Ama Birjina, apostolu ebanjelista, bertso kanta, bertsolari-poeta, erretor bikario, irribarre, kapitan pilotu… Hemen sartu zituen Euskaltzaindiak nafar-euskaldun modukoak ere, izentzat hartu zituelako biak eta ulertu izen elkartuak aldi berean nafar eta euskaldun dena izendatzen duela. Azken urteetan sortuak dira gaztelaniako koordinazio egiturako zenbait hitz elkarturi emandako ordainak: galtza-gona, garbigailu-lehorgailu, jan-egongela (jangela + egongela), kafe antzoki, igorgailu-hargailu, irrati-iratzargailu, sukalde-egongela. Gaztelaniaz koordinazio elkartutzat hartu dituzte marxismo-leninismo edo udaberri-uda modukoak ere (Val Álvaro 1999).

7.1.3c Atributu egiturako izen elkartuak. Bi izenez osatuak egonik ere, hitz elkartu mota honetan bietatik batek adierazten du zertaz ari garen (osagai nagusi dei diezaiokegu, beraz), eta besteak adjektiboaren pareko zeregina du; osagai nagusiaren ezaugarri edo bereizgarri bat adierazten du. Horrexegatik ez da harritzekoa askotan osaba bertsolari edo neskatila zerbitzari moduko egiturak aurkitzea; hau da, izen kategoriako lexemak ala adjektibo kategoriakoak sortzen dituzten eztabaidagai diren -ari edo -tzaile atzizkia daramaten osagaiak dituztenak (§ 4.2). ‘Osaba bertsolaria da’, ‘neskatila zerbitzaria da’ irakurketa ematen diegu halakoei. Bestalde, bi osagaietatik bat nagusi delako, Mendekotasunezko elkartutzat ere hartu dira hitz elkartu hauek (Perez Gaztelu, Zabala eta Gràcia 2004; Val Álvaro 1999).

Osagaietako bat adjektiboaren pareko dela esaten badugu, esperoko genuke halako funtzioa duen osagaia bigarrena izatea, osagai nagusiaren eskuinean agertzea, horixe delako euskaraz adjektiboaren kokagunea, izenaren eskuinekoa. Ez da, baina, beti horrela. Batzuetan bai, lehen osagaia da esanahia nagusia adierazten duena eta bigarrena izenondo kutsua hartzen duena. B den A moduan definitu zuen Euskaltzaindiak Hitz-Elkarketa/3 lanean (1991) elkartu mota hauen egitura. Halako egitura dute ondorengo adibideak:

alkate asto, Ama Birjina, Ama Neskuts, ardi-lagun, armario-biblioteka, artzipreste pintore, asto-eme, diru-urre, etxe bizitza, gizon ale, harri zilindro, haur seme, hiri buruzagi, Ilargi Amandre, kanon-eredu, Kapitain pilotu, langile gizon, mutil saltari, neskatila zerbitzari, okilama, pago lizar, ume azeri, zakur galgo, zeinu seinale, zerrama…

Sardiña jaten ari diren mahaia, bi aulki eta armario-biblioteka bat (Saizarbitoria); diru-urhe faltsu bat kurri-arazi nahi izanik (Lafitte); Muxikako olerkari aundiaren antz aundia atera eutsan lauko onetan artzipreste-pintoreak (Bitaño); Yainkoak mundua egin ebanetik ez ebala alako ume azeririk egin (Orixe).

7.1.3d Izenondo kutsua hartzen duen bigarren osagai horretan modu batekoak baino gehiagokoak aurki ditzakegu. Batzuetan animalien eta landareen sexua adierazten dugu, ar eta eme osagaien bidez; eta, konparazioz, bi atalez osatutako gauzetan, atal zulodunaren barruan sartzen dena ere bai (astar, asto-eme, iratze ar, iratze eme, lehoi eme, lore eme, molde ar, palmondo eme, tigreme…). Pertsonen sexua ere adieraz dezakegu gizon, mutil, andre edo neska izenen bidez (langile gizon). Beste batzuetan ahaidetasuna adierazten du (haur seme, okilama, zerrama…). Zakur galgo izen elkartuan, berriz, zakur klasea adierazten du bigarren osagaiak (kontrako hurrenkera ikusiko dugu sumpsumtive motako elkartuetan (§ 7.2.2.3h)).

Beste batzuetan, ordea, bigarren osagaia da nagusia, eta lehena da adjektibo kutsua hartzen duena. A den B egitura dute mota honetako izen elkartuek (Hitz-Elkarketa/3). Mota honetakotzat hartu zituen Euskaltzaindiak honakoak:

aita Jaungoiko, Ama Lur, anai apez, aurpegi-orri, dorre-etxe, Eliza Ama, eskola etxe, giltza hitz, hegazkin-tramankulu, Jainko aita, Jainko haur, makina-tresna, neskatila zerbitzari, ostatu etxe, otso-zakur, patruila-kotxe, Seme Jainko, taberna-etxe, trator-makina…

Adibideei arretaz erreparatuz gero, berehala ohartuko gara mota berean sartu ditugula aita Jaungoiko eta Jainko aita. Biek onartzen dute sailkapen honi dagokion irakurketa; lehen izenak Jainkoa izendatzen du, aita den Jainkoa. Bigarrenak, ostera, ‘aita’, Jainkoa dena. Ikus dezagun nola ageri diren literaturan horietako izen elkartu batzuk: Midikua dator bere otso-zakurrarekin (Etxarren); Koartelerantz zihoazen beren patruila kotxean (X. Amuriza); Auxe da Axularren liburu aipatuaren lenengoko arpegi-orrian dinoana (Bitaño).

7.1.3e Mota honetakotzat har ditzakegu mutil lagun eta neska lagun ere, uler baitaiteke ‘lagun’az ari garela, eta lehen osagaiak sexua adierazten duela. Beraz, sexua adierazteko lehen osagaia zein bigarrena (ikus goiko langile gizon) baliatu da literatura tradizioan. Berriagoak diren bonba-gutun, bonba-pakete, iragarki gizon eta abar ere hemen sailkatzekoak dira. Hizkuntzalari batzuek aposizio egiturako elkartutzat hartzen dituzte (§ 7.2.8).

Hirugarren mota bat ere bereiz daiteke, Euskaltzaindiak egin bezala: A nolako B, konparazio kutsua ematen diolako osagai batek besteari. Begi gaztainak diogunean, esaterako, norbaiten begiez ari gara, eta gaztainekin alderatzen ditugu begi horiek. Horrelakoak dira etxe-orratz edo gaizkin deabru ere; etxea eta gaizkina, orratzarekin edo deabruarekin alderatzen ditugu, hurrenez hurren. Eta horrela uler daitezke, neurri batean, goraxeago ikusi ditugun alkate asto edo ume azeri ere, astoarekin edo azeriarekin alderatuko bagenitu bezala alkatea eta umea.

7.1.3f Ez da zaila zehaztea zein irizpideren arabera bereizten ditugun koordinazio elkartuak eta atributu elkartuak. Besterik da adibide jakin bat bi sail horietatik zeini dagokion esatea. Gizotso, esaterako, zer da? Aldi berean gizona eta otsoa den biziduna? Gizona, tarteka otso bihurtzen dena? Edo armairu-biblioteka? Armairua da, biblioteka izateak, liburuak edukitzeko izateak bereizten duena beste armairu mota batzuetatik, ala altzari jakin bat, aldi berean armairu eta biblioteka dena? Hitz-Elkarketa/3 lanean atributu elkartutzat hartu zen, eta hala egin dugu guk ere; baina erraz onartuko luke beste irakurketa ere: hau da, koordinazio elkartutzat hartzea. Nolanahi ere, hizkuntzan sailkapenak egitean askotan gertatzen dira zalantzak elementu jakin bat non kokatu behar den.

Idazkerari dagokionez, gehienetan marratxo bidez elkarturik ematen ditugu koordinazio elkartuak; atributu elkartuetan, ostera, modu bateko eta besteko idazkerak aurki ditzakegu, marratxodunak nahiz bi osagaiak bereiz ematen direnak.

7.1.4. Tautologiazko elkartuak

7.1.4a Hitz elkartu mota honetan biltzen ditugun bi izenak ere maila berean daude; buru biko egituratzat hartuko genituzke, beraz, tautologiazko elkartuak. Hain zuzen ere, Euskaltzaindiak Hitz-Elkarketa/1 lanean (1987) dvandva elkartuetako azpimultzo gisa aztertu zituen; baina, aldi berean aitortzen zuen atributu edo koordinaziozko elkartuekin ere ahaidetasun nabarmena dutela, eta badirela arrazoiak izen elkartu moduok dvandva elkartuetatik kanpora tratatzeko. Ondoren, multzo berezia eskaini zien 1992ko sailkapenean (Hitz-Elkarketa/4). Horixe egin dugu guk ere; hirugarren multzo gisa aztertu.

7.1.4b Zein da, ordea, hitz elkartu mota honen berezitasuna? Tovarrek (1959) ‘geminados semánticos’ deitu zien, osagai biek esanahi bertsua dutelako. Literatura tradizioan jasotakoak dira honakoak:

abere-animaliak, agiri-paperak, atsegin-kontentuak, atsegin-gusto, alor-zelai, ebaluazio-neurketa, gogorantz-oroitza, gorro-txapela, izelonbre, katadera-sila, itsaso ozeano, lan-neke, poema-olerki, sasoi-edade, sermoi-prediku, udatiar turista, usatortola, usocolumba…

7.1.4c Tautologiazko elkartuek ez dute bikotea adierazten; izaki edo ‘zera’ bakarra da, sinonimo biz izendatzen dena (alde honetatik, beraz, gertuago daude koordinazio elkartuetatik). Bestalde, Euskaltzaindiak dioenez, ez dirudi euskaraz tautologiazko hitz elkartu hauek oso zaharrak direnik, gehienak XVIII. mendeaz gerozkoak baitira. Idazleen araberakoa ere bada mota honetako elkartuen ugaritasun edo urritasuna; Mendiburuk, esaterako, ia beste inork baino askoz gehiagotan darabiltza neke-tormentu, neke-oinazeak, katadera-sila, sermoi-prediku

7.1.4d Bi izenez osatutako tautologia elkartuak dira gehien-gehienak, baina bada bat edo beste bi adjektiboz osatua dagoenik, busti-palatal, esaterako; edo bi aditzez, onetsi-maitatu, ordain-kitatu.

Leku izen propioetan, euskarazko eta gaztelaniazko izenak parez pare emateko sortu ditugun Arrasate / Mondragón, Donostia / San Sebastián, Lizarra / Estella modukoak, edo erakunde izenenak ere —Eusko Trenbideak / Ferrocarriles Vascongados, UPV/EHU (Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea)…—, tautologiazko elkartutzat har ditzakegu. Horrelako hitz elkartuetan zehar-marra (/) erabiltzea gomendatzen da euskarazko eta gaztelaniazko forma bereizteko.

7.1.4e Hitz elkartu hauek sortzeko arrazoia zein izan daitekeen azaltzen ere saiatu zen Euskaltzaindia (Hitz-Elkarketa/1: 160): “esanahi beretsuko hitz bietarik bat, bestea baino hagiz ezagunagoa izan arren, maileguzkoa izateagatik edo beste zenbait arrazoirengatik, sinonimo «jatorrago» edo «egokiago» batez plazaratu nahi izaten da maiz”. Euskararen kasuan, euskalkien arteko lexiko desberdintasunak errazteko ere baliatu izan dira tautologiazko elkartuak, euskalki bateko izena eta adiera bereko beste euskalki batekoa batera jarriaz.

51 Argibide zehatzagoak edo hemen ematen ditugun adibideen testuingurua ikusi nahi dituenak jo dezake Hitz-Elkarketa/1 (1987: 151-175) argitalpenera.

52 Ohart gaitezen, hala ere, ‘animalia’ kategoria zabala baino bikote estuagoak ageri direla adibideetan: animalia mota berekoak (ardi-bildotsak), etxeko animaliak (zakur-katuak), ukuilukoak (behi-idiak) eta abar.

53 Ikus Jacobsen (1982).

54 Argibide gehiagotarako ikus Azkarate (1990b: 174-190); Hitz-Elkarketa/3 (1991: 77-99); Perez Gaztelu, Zabala eta Gràcia (2004).

55 Alderantziz ere uler daiteke, zerbitzaria da izendatu nahi duguna, eta zerbitzari horri neskatila ezaugarria gehitzen diogu.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper