Villasantek (1974) aurrizkien artean sartzen du aurrizki hau, berez erdal re- aurrizkiaren euskarazko egokitzapena baino ez dena. Ematen dituen adibide gehienak mailegu egokitutzat hartuko genituzke, hala nola erredoblatu, errekeritu, erremediatu, errendatu, errepartitu, errepika edo errezuzitatu. Mailegu egokituak dira, halaber, OEHtik hartu ditugun erreforma, errekalatu, errekontatu, errematxatu eta beste asko. Euskal oinarria dute, ordea, beste hauek, erreberritu, errebidatu, erregaldu. Ipar-ekialdeko arra- aldaera ageri da arrailoba, arramaiatz edo arraseme izenetan, eta arrabizi, arraerori, arragoratu, arraikusi, arrajin, arramoldatu edo arra-oritarazi aditzetan. Arra- aldaera bizirik dago gaur ere ipar-ekialdean, honako adibide hauek erakusten dutenez: Hitzeman du bestalde erien asurantza kutxa arramoldatuko dela eta sei hilabete barne ezagunko dela hori nolatsu eginen den (Herria); Lehenagoko aldi batez aipatü badeitzüegü ere, arra-oritaraz dezagün, halaber, Domingo Garat trajeria hontan ariko direnetan kargü nausien etxekizaleak zoin diratekean (Herria).
Bada beste erdal aurrizki bat ere, anti-, tarteka euskal oinarriei erantsirik aurki dezakeguna; ez da emankorra, baina zenbait hitz eratorri sortu ditu: antiabertzale, antiamatasun, antimendekotasun, antisorgailu…