Azkuek, Villasantek eta Lafittek aurrizkien artean aztertzen dute, ukatzeko erabiltzen dugun elementu bera dela esanez. Nolabaiteko beregaintasuna duenez, esan al daiteke aurrizki dela? Baietz uste dugu, beregaina denean perpaus mailako elementua delako, bereziki aditzaren inguruan ageri dena (§ 22.9.3.7). Ondoko adibideetan, berriz, izenari edo adjektiboari erantsirik aurkituko dugu: ezaldi, ezbehar, ezezagun, ezgarai, ezgauza, ezizen, ezleku, ezordu, ezoren, ezuste; ezatsegin, ezaxola, ezberdin, ezdeus, ezezagun, ezgai, ezikasi, ezjakin… Berehala ohartzen gara askotan ez dagoela alde handirik des- eta ez- aurrizkien artean eta bikoteak aurki ditzakegula, batez ere adjektiboak oinarri ditugunean: desordu/ezordu, desatsegin/ezatsegin, desberdin/ezberdin…
Batez ere izenondoari eransten zaizkion atzizkientzat izan daitezke oinarri aurrizkidun forma hauek: ezdeustasun, ezjakintasun, ezdeustu, ezdeuskeria…