6.5.2a Lema aukeratzea ez da erraza. Villasantek bir- hautatu du; Lafittek bir- eta ber- aurrizkiak (pluralean) aipatzen ditu; Mitxelenak (1977b) ere “prefijo ber-, bir-” dio. Azkuek morfema bakar baten alomorfotzat hartzen dituela esan daiteke, bir- askoz emankorragoa dela zehaztuaz. Izenari erantsitako hitz zaharretan, bestalde, bir- da ageri den alomorfoa; zenbatzailearekin, ostera, ber- (berrogei, berrehun). Larramendiren hiztegian (1745) biak ageri dira, nahiz badirudien bir- dela maizen erabilia; gainera, ber- formaren ondoan askotan bir- aurrizkiaz osatutako aditza aurki daiteke. Lhandek (1926) ere bi alomorfoei ematen die sarrera. Zalantzak izanez gero, hiztegian begiratzea da gomendagarriena euskara estandarrerako zein forma den egokiena jakiteko.
Aditzei lotzen zaie ber-/bir-, baina ez du edozein aditzek onartzen ber-/bir- aurrizkia, telikoak izan behar dute aditzok (Gràcia et al. 2000); hau da, amaiera jakina duen gertaera adierazten dutenek bakarrik har dezakete bir-. Horrek esplikatzen du *berregon edo *berribili modukorik sortu ezina.
6.5.2b Hiztegigileek ber-/bir- aurrizkidun aditz askori eman diote sarrera, gaztelaniazko re- aurrizkidunen ordain gisa. Euskaltzaindiak, ordea, literatura tradizioan ageri direnak arautu ditu estandarrerako: berraztertu, berregin, berreraiki, berrerosi, berresan, berreskuratu, berrezarri, berrikusi, berpiztu, berretsi, birjaio, birlandatu, birlandu, birloratu, birmoldatu, birsaldu, birsortu. Aditzak adierazten duen ekintza edo gertaera errepikatzea, berriro gertatzea, hori da aurrizkiak gehitzen dion balioa.
6.5.2c Euskararen ondare lexikoan aurki ditzakegu izenari bir- erantsirik sorturiko izen eratorriak ere: birrarto, birrazi, birgari, birririn, birloba, birlora, birzahi… ‘Bigarren aldiz lortzen dena’ izan daiteke oro har izen hauen adiera. Eratorbide ihartutzat eman daiteke. Mota honetakoak ditugu birraitona edo birramona ere.
6.5.2d Bi aurrizki ezin dira metatu, baina bai hitz berean aurrizkia eta atzizkia azaldu; zehazkiago esateko, aurrizkidun aditzak, beste edozein aditzek har ditzakeen atzizkiak hartzen ditu: berrikusle, berronespen, berpizgarri, berpizkunde…