Alomorfo edo aldaerei dagokienez, hiru txistukariak aurki ditzakegu: horizka, horiska, horixka. Euskaltzaindiaren Hiztegiko formak kontuan hartuaz, batasunerako -xka aukeratu da, oro har, forma adierazkorrak izaten direlako txikitasuna adierazten dutenak.
Balioari dagokionez, atzizki txikigarritzat hartuko dugu izenei eransten diegunean: adaxka, arrainxko, bidexka, buruxka, gelaxka, herrixka, idisko, liburuxka, ligaxka, mendixka, mordoxka, ontzixka, sardexka, zuhaixka. Adjektiboekin, bereziki kolore eta tamaina adierakoekin, goraxeago esan dugunaren arabera, ‘aski’, ‘samar’ esanahia eransten dio oinarriari, ‘aski luzea’, ‘lodi samarra’. Kolore adjektiboei ‘gorriaren antzekoa, gorrira jotzen duena’, ‘horiaren antzekoa, horirantz jotzen duena’… esanahia eransten die -xka, -xko atzizkiak (§ 14.10.3a): berdexka, gaiztoxko, gaztexko, gorrixka, horixka, ilunxko, lodixka/lodixko, luzexka/luzexko, urdinxka, zurixka. Testuetan hainbat aldaera aurkituko ditugu: luzezka, luzeska, berdeska, horixka, horizka, zurizka… Adberbio batzuk ere har dezakete -xka, -xko: beranduxko ‘berandu samar’, urrunxko ‘urrun samar’.