Tzar adj. kategoriako sarrera da hiztegietan, adiera hauek dituena: ‘gaiztoa, txarra; erraldoia’. Azken adiera honetan izenari loturik aurkituko dugu gehienetan eta, beraz, badirudi atzizki bihurtua dela:
ahotzar, atetzar, autotzar, dunatzar, eskutzar, etxetzar, eulitzar, ezpatatzar, gurdi tzar, hankatzar, harritzar, harresi tzar, hodeitzar, karabanatzar, karpatzar, katutzar, liburutzar, listu-bola tzar, maletatzar, makinatzar, mamutzar, menditzar, nabetzar, piztitzar, platertzar, purutzar, sugetzar, sutzar, tititzar, tripa tzar, txoritzar, zakiltzar, zakurtzar, zalditzar
Adierari dagokionez, ez dago zalantzarik atzizki handigarrien artean sailkatzeko; hiztegiek ere ‘handi’ darabilte askotan definizioa ematerakoan, ‘katu handia’, ‘piztia handia’, ‘suge handia’. Baina ‘handia’ baino zerbait gehiago ere bada: balio adierazkorra duen atzizki den neurrian, bereziki handia, deigarri izateraino handia, edo horrelako zerbait adierazten duela esan daiteke. Hona zenbait adibide: Erregaiak arriskutsu bihurtzen ditu hegazkinak, su hartzen baitute, eta berehala sutzar bihurtzen baitira (Egunkaria); Itxi ezak hire ahotzar hori, baboa! (Goenkale); Purutzar bat ezpainetan duela dator (Goenkale); Luxuzko hotel batean ostatatu ninduten eta autotzar dirdiratsu bat eman zidaten bazterrak kurritzeko (Berrizbeitia); Mundu guztia egon izanen da noizbait - une batez badere - jenderik gabeko eliza baten barrenean, eta jakinen du nolako sentsazioa sortzen duten gogoan nabetzar isil horiek (Rey); Izugarrizko dunatzar batzuen erdian zeuden (X. Aranburu).