6.3.5a Emankortasun handikoa da batez ere Hegoaldeko testuetan aurkituko dugun atzizki txikigarri hau. Edozein motatako izenek har dezakete:
aguretxo, aitatxo, aldapatxo, amatxo, amonatxo, arraintxo, asmotxo, baratzetxo, bekatutxo, elizatxo, etxetxo, ezkilatxo, gauzatxo, gaztetxo, gelatxo, geldialditxo, gizontxo, gorrototxo, haurtxo, herritxo, hilabetetxo, hitzalditxo, iruditxo, iturritxo, kaletxo, katutxo, kolpetxo, laguntzatxo, liburutxo, maitasuntxo, menditxo, mutiltxo, ordu erditxo, otoiztxo, saltotxo, txakurtxo, txerritxo, txoritxo, umetxo, urtetxo, zaratatxo…
6.3.5b Adjektiboek ere hartzen dute -txo: berdetxo, gaiztotxo, gaztetxo, gorritxo, handitxo, luzetxo, loditxo, txikitxo, urdintxo, zahartxo. Adibide hauetan, adjektiboei eransten zaizkien gainerako atzizki txikigarrien pareko balioa aurkituko dugu, ‘aski gaztea’, ‘aski handia’, ‘lodi samarra’ (§ 14.10.3b)… Gortinak jartzera joan den neska loditxo hori (Atxaga); Horregatik gustatzen zaie horrenbeste zahartxoei, bizitza ia agortu zaienei, hitz egitea, kontatzea, esatea (Oñederra). Batez ere bizkaieraz, -egi graduatzailearen pareko dira horrelako zenbait adjektibo, ‘aukeran gazteegi, txikiegi…’ Oraindik txikitxoa da baina ilusioa egingo lidake gure zaharrarekin ibiliko balitz, hark basoez asko daki eta (M. Amuriza). Adberbio batzuk ere hartzen dute -txo: berandutxo, goiztxo, urrutitxo.
6.3.5c Estandarrerako -xe indartzailea hobetsi den arren (ikus § 6.3.7), Hegoaldean, eta bereziki mendebaldean, ahozko erabileran -ago konparazio markaren aurretik ere ezar daiteke: atzeratxoago, aurreratxoago, beheratxoago, berandutxoago, goiztxoago, goratxoago…