Euskararen Gramatika

4.5.4. -keta3


4.5.4. -keta3

4.5.4a Literatura tradizioan, du motako aditzak hartu ditu, gehienbat, oinarri atzizki honek; euskara estandarrean ere -keta atzizkiaz sortutako izen askok du motako aditza dute oinarrian. Aditz horiek askotan ‘egilea-gaia’ (garbitu, hil…) argumentu egitura dute, ekintza bat adierazten dute. Garrantzitsua da argumentu egitura nabarmentzea, du motakoak izan arren, ‘esperimentatzailea’-‘gaia’ egiturakoek, hau da, aditz psikologiko deitu zaienek (desiratu, deitoratu, mespretxatu, pairatu, sentitu, sufritu…), oro har, ez baitute -keta hartzen. Sortzen den izenak bi adierak har ditzake, bai ‘ekintza’ (edo ‘gertaera’), bai ‘ondorioa’:

araketa, ardazketa, azterketa, bahiketa, bozketa, erosketa, galdeketa, garbiketa, harilketa, heziketa, hilketa, irakurketa, ikasketa, ikerketa, mozketa, salaketa, sendaketa, soilketa, zainketa, zapalketa, zorrozketa, zuriketa, zuzenketa

4.5.4b Euskara estandarrean da motako aditzei ere erantsi zaie -keta, ‘gertaera’ adierako izenak sortzeko. Gure corpusetan aurki daitezke biraketa (Lurraren eta ilargiaren biraketa-ardatzen ezberdintasuna), erorketa, susperketa (Sektorearen susperketa itsas garraioaren hazkundetik dator) eta abar. Euskaltzaindiak tradizioko eroriko arautu du, eta suspertze; biraketa, aldiz, onartu du euskara estandarrerako (oso erabilia da, besteak beste Fisikaren arloan).

4.5.4c ‘Ekintza’ adierako izenak erraz har dezake barne argumentua, ‘gaia’ (edo objektua) biltzen duen izenlaguna34; edo hitz elkartu batean ageri bada, lehen osagaiak adieraziko du objektua. Orobat, iraupena adierazten duen modifikatzailea (izenlaguna) ere har dezake: Lehen ekintza publikoa Aramburu jeneral eta presidente ohiaren bahiketa eta hilketa izan zen, 1970eko maiatzean (Berria); Diru-zuriketa; tortura-salaketa; emazteen kontrako bortizkeriaren salaketa (Herria); Egoitza eder eta lasaiak ziren, gaixo larrien zainketarako prestatuak (Otsoa); Era guztietako labanen zorrozketa (Goienkaria); Atentatuaren ikerketari dagokionez (Berria).

‘Ekintza’ adierakoak dira Matematikaren arloan sortu diren hauek ere: batuketa, biderketa, kenketa, zatiketa.

4.5.4d ‘Ondorio’ adierakoa denean, ostera, plural marka, adjektiboak, erakusleak, kuantifikazioa… onartuko ditu (§ 4.5.1c): Mexikoko beste edozein hiri handitan 100 mila biztanleko 12 hilketa eta 18 bahiketa izaten dira, eta Ciudad Juarezen, berriz, 66 hilketa eta 133 bahiketa izaten dira (Berria); Artezia berezia erakutsi duela inguruko herrien ikerketa praktiko guztiak bereganatzen (Pérez Iglesias); Ez egin salaketa faltsurik (Elizen arteko Biblia); Ikerketa historikoan aspalditik egiten zen galdera horrek ez du erantzun errazik (Navarro).

4.5.4e Adiera ‘ekintza’ (‘jarduera’) izanik ere, oinarritzat aditza ez duten adibideak ere baditugu: zuketa, noketa, zezenketa… Baita oinarrian izena ala aditza duten oso argi ez dauden lehiaketa, sariketa, txapelketa adibideak ere.

‘Jarduera’ balioa nabarmentzen da oinarrian izena izanik, ‘bila joan’ adierazten duten ondoko izen hauetan ere: andraketa, ardiketa, arrainketa, egurketa, lurketa, ogiketa, ongarriketa, sagarketa, urketa… Batez ere ipar-ekialdeko euskaretakoa da balio hau. Eta zaila da hitz eratorria izen kategoriakoa den esatea, askotan predikatu egituran ageri baita bildu, ibili, joan… aditzez lagundurik (ikus 23.2.1.3.5), baina ez beti; horrek eraman zuen, hain zuzen ere, Lafitte -keta atzizkiaren balio hau atzizki adberbio-sortzaileen artean sailkatzera: Ni bihotz-keta nabila, eta ez ogi edo arroltze-keta (Joanategi); Lehenago ere ardiketa ibilia zen, frangotan, alderdi heetan, bortu zoko guzietan bezala (J. Etxepare); Izraeldarrek gizon bat larunbatarekin egurketa zabilala hatzeman zuten eta Moisi eraman (Arbelbide); Guazen ogiketa Versaillarat (M. Elizanburu); Hain xuxen, tenore hartan herriko neskatxa gazteak harat biltzen ohi ziren urketa (Zerbitzari); Edo mahasti aitzurre, mendian harri-zerratze […] mendiko ongarriketa35 (Larre). Maiz ageri da -ketan (‘zertan’) forman ere: Lau egunez aritu ginen lurketan (Duvoisin).

Jarduera balioa nabarmena da -keta atzizkiaz sortu eta -n inesibo postposizioaz lagundurik erabiltzen ditugun hizketan, berriketan, jostaketan, igeriketan eta abarretan. Baina izen hauek (eta sail berekoak diren igerian, aitzurrean, musean, ehizan edo jolasean) ezin ditugu aditzetik eratorritako izentzat hartu (§ 11.5e).

34 Gogoan izan behar da, ordea, sarritan izenlagunak ‘egilea’ adierazten duela, eta ez ‘gaia’: maltzur haren salaketa.

35 OEHk ‘acarreo de abono’ itzultzen duena.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper