Garai batean euskarak bi aldaerak zituen, herskariduna (-kizun) eta herskarigabea (-izun); baina beste hainbat atzizkiren kasuan bezala (-asun/-tasun, -ari/-kari, -eria/-keria, -oi/-koi, -or/-kor…), herskariduna nagusitu da.
Aditzoina hartzen du oinarri atzizki honek, du edo dio motakoa gehienetan (asmatu, eman, erantzun, eskatu, galdetu, igarri, ikusi, irakurri, jasan, kontatu, ospatu) nahiz da motakoa (agertu, etorri, gertatu). Atzizkiak barne argumentua, ‘gaia’ hartzen du bere gain eta, beraz, izen eratorriak ‘igartzen dena, eskatzen dena, asmatzen dena, kontatzen dena, ospatzen dena’ eta abar adierazten du: asmakizun, eginkizun, emankizun, eskakizun, etorkizun, galdekizun, gertakizun, ikaskizun, irakurkizun, jasankizun, kontakizun, ospakizun…
Predikatu sintagmak osatzen dituzten adjektiboak ere sortzen ditu atzizki honek (§ 5.5.3).