Lehen ikusi dugu -tza1, izen bizidunei erantsirik ‘lanbidea’ adierako izenak sortzen dituen atzizkia (§ 4.1.5). Bestelakoa da hemen aztergai duguna, izen bizidun zein bizigabeei erantsita multzo edo kopuru handia adierazten baitu (horietako batzuk toponimo eta deitura bihurtuak ditugu): artotza, basatza, belartza, dirutza, Elortza, Gorostitza, harritza, jendetza, lizartza…
Berehala ohartuko gara baditugula belardi/belartza, lizardi/lizartza… moduko bikoteak, izen arrunt gisa erabiltzen badira esanahian alde handirik ez dutenak; baina goraxeago esan bezala, Lizartza eta Belartza toponimo ere badira. Bestalde, kontuan izan behar dugu ‘multzo handia’, ‘andana’, adierazteko, aukeran dugula hitz elkartua sortzea, bigarren osagai multzo, mordo, pila, sail… duten izen elkartuak (§ 7.2.2.3b); ez da harritzekoa, beraz, -tza2 atzizkia oso emankorra ez izatea.