Berez adjektibo kategoriakoa da zale. Bakarrik oso gutxitan erabiltzen delako, atzizkietatik gertu dagoen osagaitzat hartu dute gramatikariek; baina, hala ere, adjektibo beregaina, autonomoa da, zaletu aditzaren edo zaletasun izen abstraktuen oinarri den heinean, edo ez naiz batere zalea moduko perpausetan erabiltzen dugun heinean. Hortaz, adjektibo elkartuak dira x+zale egiturak: apustuzale, bakezale, liskarzale… (§ 8.2). Baditugu, ordea, zale bigarren osagai duten izenak, norbaiten lanbidea adierazten dutenak —argizale, bizikletazale, esnezale, kamioizale, taxizale—. Uhaitzaren eskuin aldetik: Pettarra kurritzen züan mezülari, argizale lanetan (Herria); Hala ere, nire ustez, hori baino garrantzitsuagoa da auto gidariak bizikletazaleak errespetatzea (Berria). Ez da oso bide emankorra, euskalki bateko erabilera da, baina lanbidea adierazten duten atzizkien artean jasotzekoa da -zale hau.