Euskararen Gramatika

4.1.1. Sarrera


4.1.1. Sarrera

4.1.1a Ondoren aztertuko ditugun atzizki guztiek izen kategoriako hitzak sortzen dituzte. Izen horiek zein motatakoak diren aztertzerakoan, izenei dagokien kapituluan eginiko sailkapena hartuko dugu kontuan (§ 12. kapitulua). Modu askotako sailkapenak ikusiko ditugu Izenari dagokion kapituluan: izen arruntak eta bereziak; izen banakariak eta izen multzokariak; izen abstraktuak eta izen konkretuak; izen zenbakarriak eta zenbakaitzak; izen zenbakaitz neurgarriak eta neurgaitzak; izen bizidunak eta bizigabeak; argumentu izenak, gertaera izenak, kuantifikazio izenak eta sailkapen izenak. Baina gurutzatu egiten dira horietako asko: izen abstraktuak, esaterako, bizigabeak eta neurgaitzak dira; izen zenbakarriak eta zenbakaitz neurgarriak, guztiak, izen konkretuak dira eta abar. Irizpide semantikoak kontuan hartuta, izen askok eta askok entitateei egiten diete erreferentzia, baina badira egoerak adierazten dituztenak ere (maitasun, adore, gorroto), bai eta emaitzak (suntsiketa) eta prozesuak (dantza) adierazten dituztenak ere (§ 11.2d). Horregatik komeni da begiratzea nola sailkatu dituzten atzizki izen sortzaileak inguruko hizkuntzetan.

4.1.1b Lau azpisail nagusi egiten ditu Espainiako Akademiaren gramatikak (Manual 2010): nolakotasuna eta egoera adierazten duten izenen sortzaile diren atzizkiak; pertsona, tresna eta lekua adierazten duten izenak sortzen dituztenak; izen multzokariak, leku eta denbora adierakoen sortzaileak; ekintza edo gertaera eta ondorioa adierazten duten izenen sortzaileak. Itxuraz sailkapenean errepikapenak gertatzen direla dirudi, bi tokitan ageri baitira leku adierako izenak; azpisail batean eta bestean aztertzen diren atzizkiak ikusirik, ordea, jabetzen gara ‘pertsona, tresna eta lekua’ azpisailean -dor atzizkia dela nagusia, gehienetan pertsona izenak sortzen dituena, beste batzuetan tresna izenak eta, gutxi batzuetan, lekua adierazten dutenak (comedor). Ingelesez, ostera, hiru azpisail bereizi dituzte Bauer-ek, Lieber-ek eta Plag-ek (2013): gertaera, egoera eta ondorioa adierazten duten izenak sortzen dituzten atzizkiak biltzen dira azpisail batean; pertsona adierakoak beste batean, eta multzokariak, nolakotasuna adierazten dutenak eta bestelako izen abstraktuen sortzaileak hirugarren azpisail batean. Azkuek askoz sailkapen zehatzagoa egin zuen, zortzi azpisail guztira: izen abstraktuak; egile izenak; izen multzokariak; tresna adierakoak; objektua, produktua adierazten dutenak; leku adierakoak; denbora edo garaia adierazten dutenak, eta ekintza zein ondorioa adierazten dutenak bereizi zituen. Izenaren kapituluan eginiko sailkapena eta inguruko hizkuntzetakoak ikusirik, honako azpisail hauek egingo ditugu gramatika honetan izenak sortzen dituzten atzizkiak aztertzeko: 1) nolakotasuna, izaera edo lanbidea adierako izenak sortzen dituztenak; 2) izen bizidunen sortzaileak; 3) izen multzokariak sortzen dituztenak; 4) objektua, tresna, lekua adierazten duten izenen sortzaileak; 5) gertaera, egoera eta ondorio izenak sortzen dituzten atzizkiak. Izenaren kapituluko argumentu, gertaera, kuantifikazio eta sailkapen izenei dagokienez (§ 12.3.5), proposatu ditugun bost azpisail horietako bakoitzean zehaztuko dugu zein atzizkik sortzen dituzten horrelako izenak.

4.1.1c Nolakotasun, izaera edo lanbidea adierako izenak sortzeko erabiltzen ditugu atzizki batzuk. Horien artean, -tasun, -keria, -go, -tza1 eta -gintza dira gaurko estandarrean emankorrenak: gorritasun, zikinkeria, adiskidego, belartza eta eztigintza bezalako izenak sortzen dituztenak, alegia. Ondoko ataletan ikusiko ditugu guztiak.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper