Euskararen Gramatika

4.1. Eratorpena. Atzizki izen-sortzaileak (I). Nolakotasuna, izaera edo lanbidea adierako izenak (-tasun, -keria, -go, -tza1, -gintza, -era1)


4.1. Eratorpena. Atzizki izen-sortzaileak (I). Nolakotasuna, izaera edo lanbidea adierako izenak (-tasun, -keria, -go, -tza1, -gintza, -era1)

4.1.1. Sarrera

4.1.1a Ondoren aztertuko ditugun atzizki guztiek izen kategoriako hitzak sortzen dituzte. Izen horiek zein motatakoak diren aztertzerakoan, izenei dagokien kapituluan eginiko sailkapena hartuko dugu kontuan (§ 12. kapitulua). Modu askotako sailkapenak ikusiko ditugu Izenari dagokion kapituluan: izen arruntak eta bereziak; izen banakariak eta izen multzokariak; izen abstraktuak eta izen konkretuak; izen zenbakarriak eta zenbakaitzak; izen zenbakaitz neurgarriak eta neurgaitzak; izen bizidunak eta bizigabeak; argumentu izenak, gertaera izenak, kuantifikazio izenak eta sailkapen izenak. Baina gurutzatu egiten dira horietako asko: izen abstraktuak, esaterako, bizigabeak eta neurgaitzak dira; izen zenbakarriak eta zenbakaitz neurgarriak, guztiak, izen konkretuak dira eta abar. Irizpide semantikoak kontuan hartuta, izen askok eta askok entitateei egiten diete erreferentzia, baina badira egoerak adierazten dituztenak ere (maitasun, adore, gorroto), bai eta emaitzak (suntsiketa) eta prozesuak (dantza) adierazten dituztenak ere (§ 11.2d). Horregatik komeni da begiratzea nola sailkatu dituzten atzizki izen sortzaileak inguruko hizkuntzetan.

4.1.1b Lau azpisail nagusi egiten ditu Espainiako Akademiaren gramatikak (Manual 2010): nolakotasuna eta egoera adierazten duten izenen sortzaile diren atzizkiak; pertsona, tresna eta lekua adierazten duten izenak sortzen dituztenak; izen multzokariak, leku eta denbora adierakoen sortzaileak; ekintza edo gertaera eta ondorioa adierazten duten izenen sortzaileak. Itxuraz sailkapenean errepikapenak gertatzen direla dirudi, bi tokitan ageri baitira leku adierako izenak; azpisail batean eta bestean aztertzen diren atzizkiak ikusirik, ordea, jabetzen gara ‘pertsona, tresna eta lekua’ azpisailean -dor atzizkia dela nagusia, gehienetan pertsona izenak sortzen dituena, beste batzuetan tresna izenak eta, gutxi batzuetan, lekua adierazten dutenak (comedor). Ingelesez, ostera, hiru azpisail bereizi dituzte Bauer-ek, Lieber-ek eta Plag-ek (2013): gertaera, egoera eta ondorioa adierazten duten izenak sortzen dituzten atzizkiak biltzen dira azpisail batean; pertsona adierakoak beste batean, eta multzokariak, nolakotasuna adierazten dutenak eta bestelako izen abstraktuen sortzaileak hirugarren azpisail batean. Azkuek askoz sailkapen zehatzagoa egin zuen, zortzi azpisail guztira: izen abstraktuak; egile izenak; izen multzokariak; tresna adierakoak; objektua, produktua adierazten dutenak; leku adierakoak; denbora edo garaia adierazten dutenak, eta ekintza zein ondorioa adierazten dutenak bereizi zituen. Izenaren kapituluan eginiko sailkapena eta inguruko hizkuntzetakoak ikusirik, honako azpisail hauek egingo ditugu gramatika honetan izenak sortzen dituzten atzizkiak aztertzeko: 1) nolakotasuna, izaera edo lanbidea adierako izenak sortzen dituztenak; 2) izen bizidunen sortzaileak; 3) izen multzokariak sortzen dituztenak; 4) objektua, tresna, lekua adierazten duten izenen sortzaileak; 5) gertaera, egoera eta ondorio izenak sortzen dituzten atzizkiak. Izenaren kapituluko argumentu, gertaera, kuantifikazio eta sailkapen izenei dagokienez (§ 12.3.5), proposatu ditugun bost azpisail horietako bakoitzean zehaztuko dugu zein atzizkik sortzen dituzten horrelako izenak.

4.1.1c Nolakotasun, izaera edo lanbidea adierako izenak sortzeko erabiltzen ditugu atzizki batzuk. Horien artean, -tasun, -keria, -go, -tza1 eta -gintza dira gaurko estandarrean emankorrenak: gorritasun, zikinkeria, adiskidego, belartza eta eztigintza bezalako izenak sortzen dituztenak, alegia. Ondoko ataletan ikusiko ditugu guztiak.

4.1.2. -tasun

4.1.2a Atzizkiaren lemari dagokionez, -tasun da forma hedatuena aspaldidanik; -tarzun ekialdeko euskalkietarako, behe-nafarreraz eta zubereraz erabiltzen da batik bat; -asun (eta -arzun) ikus ditzakegu zenbait hitzetan (maitasun, osasun), baina ez dira erabiltzen izen berriak sortzeko.

Edozein motatako adjektiboei eransten zaie -tasun, nolakotasuna, adjektibo horiei dagokien izaera adierazteko. Beraz, izen abstraktuak sortzen dituela esan daiteke. Esan bezala, mota guztietako adjektibo kalifikatzaileek hartzen dute -tasun: kolore adjektiboek (zuritasun, gorritasun, belztasun, berdetasun), neurri adierakoek (handitasun, txikitasun, estutasun, luzetasun), izaera adierazten dutenek (eskuzabaltasun, maitagarritasun, nagitasun, santutasun, trebetasun, zuhurtasun), izenaren bestelako ezaugarriak adierazten dituzten adjektiboek (edertasun, erraztasun, garraztasun, hezetasun, lehortasun, lizuntasun, zailtasun), kopuru edo kantitatea adierazten duten adjektiboek (bikoiztasun, bakuntasun, hirukoiztasun); maileguek ere hartzen dute -tasun (liberaltasun, normaltasun, praktikotasun). Hona hemen beste adibide batzuk:

aberastasun, aisetasun, alfertasun, arraitasun, askatasun, beratasun, berotasun, bortiztasun, erosotasun, erotasun, eskastasun, eztitasun, fintasun, flakotasun, gaitasun, gaixotasun, gaiztotasun, garbitasun, gogortasun, hoztasun, itsutasun, justutasun, laztasun, laxotasun, maitasun, mehartasun, mintasun, nagusitasun, onestasun, ontasun, osasun, pisutasun, sendotasun, sinpletasun, ttipitasun, uhertasun, umiltasun, usteltasun, zabaltasun…

4.1.2b Gogoan izan behar dugu nolakotasuna adierazten duten izen hauek ere heredatu egiten dutela oinarrian den adjektiboaren argumentua20. Izenaren kapituluan esana hitzez hitz hona ekarriaz (§ 12.3.5a): “Parekoak dira, argumentuei dagokienez, mutil hori goxoa da eta mutil horren goxotasuna; kalea garbia da eta kalearen garbitasuna, edo argazkia ederra da eta argazkiaren edertasuna”. Beraz, modu batean edo bestean, noren edo zeren eskastasun, eztitasun, garbitasun, garraztasun, santutasun, sendotasun, trebetasun edo umiltasunaz ari garen esan beharko dugu.

Hona zenbait adibide, testuetan nolakotasun izenaren argumentua nola ageri den erakusten dutenak: Ezezaguna begira geratu zen eta, zuhaitzen berdetasuna ikusirik, laudorioka hasi (Aristi); Ahotsaren garraztasuna printzipioen garraztasunetik dator eta leuntasuna ere haien leuntasunetik (X. Amuriza); Arantxak astiro hitz egiten du, umiltasunez, geldiune luzeak eginez (Sarrionandia); Damu dut ohoinen trebetasuna ez izana (Jon Muñoz). Badira, hala ere, balio orokorrean ageri direnak, noren edo zeren nolakotasunaz ari garen zehaztu gabe: Orain mehartasuna dago modan (Zubizarreta).

Hemen -tasun atzizkiaren bidez sorturiko izenez diogunak berdin-berdin balio du, jakina, -keria atzizkiaz sorturikoentzat (edo -eziaz sortutako izenentzat —abilezia, dotorezia— eta abarrentzat ere).

-dun eta -tar atzizkiez osatutako adjektiboek ere har dezakete -tasun (donostiartasun, euskalduntasun); bai eta zenbait erreferentzia adjektibok ere (nazionaltasun, industrialtasun, ekonomikotasun, politikotasun).

4.1.2c Adjektiboaren kapituluan, adjektiboen eta izenlagunen arteko bereizketa egitean (§ 14.1), besteak beste aipatzen da adjektiboek har ditzaketela atzizkiak (hemen aztertzen ari garen -tasun lekuko, edo -ki, handiki eta abar), baina izenlagunek nekez hartzen dutela horrelakorik (§ 14.1h); eta, oro har, hala da. Baina -ko daramaten izenlagunetako batzuek onartzen dute ondoren -tasun (betikotasun, egunerokotasun, egurrezkotasun, etxekotasun, gauekotasun, gaurkotasun, urterokotasun, zerukotasun). Eta horrek berak adierazten du, nolabait esateko, “adjektiboago” direla, adjektiboetatik gertuago daudela -ko atzizkiaren bidez osatzen ditugun izenlagunak, -(r)en atzizkiaren bidez osatuak baino.

Gizakia adierazten duten izenei, pertsonen erreferentzia duten izen arruntei ere erants dakieke -tasun (adiskidetasun, ahaidetasun, aitatasun, aitzindaritasun, amatasun, bertsolaritasun, erregetasun, esklabotasun, gatibutasun, gizatasun, haurtasun, idazletasun, jainkotasun, umetasun). Adjektibo gisa erabil daitezkeen izenak dira, oro har (§ 14.1e), predikatu osagarri modura erabil daitezkeenak (§ 2.7e).

4.1.2d Azken urteetan sortu diren izen batzuetan, hala nola kiroltasun edo lurraldetasun izenetan, izen konkretu bat ageri da oinarri gisa. Nola ulertu behar ditugu? ‘Kirolari dagokion nolakotasuna’, ‘lurrari dagokion nolakotasuna’? Ez, noski. Bi adibide horietan erdal deportividad eta territorialidad ordezkatzeko modua aurkitu dugu; euskaraz berez erreferentzia izenondorik ez dugunez, deportivo eta territorial izenondoak mailegatu beste erremediorik ez genuke deportibotasun eta territorialtasun esanez (hala egin dugu ekonomikotasunekin, esaterako). Baina erdal erreferentzia adjektibodun sintagmak askotan izen elkartuen bidez ematen ditugu, problema laboral = lan arazo eta abar (§ 7.2.2.2a), eta hemen ere deportivo adjektiboari dagokion euskal kirol eta territorialidad-en oinarriko izenaren pareko den lurralde izenak hartu ditugu, eta, izen elkartuekiko mimetismoz jokatuz, gazt. -(i)dad atzizkiaren kide den -tasun erantsi. Izenlaguna ere izan daiteke erreferentzia adjektiboaren ordaina, -tasun atzizkiaren oinarria: gauekotasun = nocturnidad.

4.1.2e Baditu, azkenik, -tasun atzizkiak beste hainbat oinarri ere, emankortasun aldetik askoz marjinalagoak direnak, adibide bat edo beste eman dutenak, baina hitz berriak sortzeko eredutzat erabiltzen ez ditugunak: batasun, hirutasun; bikoiztasun, hirukoiztasun. Baina ez *seitasun edo *seikoiztasun. Zenbatzaile mugagabe bat: aniztasun. Zenbatzaile ordinala: lehentasun. Eta zenbatzailedun sintagma: elebitasun, agian elebiduntasun-en ordez sortua. Aditzondoa du oinarri maiztasun izenak.

Adibideetan ikusi dugunez, beste hainbat eratorpen atzizkiren ondoren aurki daiteke -tasun (bertsolaritasun, emankortasun, euskalduntasun…). Bereziki aipagarria da azken urteetan erdal -bilidad itzultzeko erabili izan den garritasun segida (§ 5.5.2).

Bestalde, izen beregain moduan ere ageri da literaturan. Hala erabili dute Mendiburuk, Ubillosek, Zaitegik, Villasantek, Gandiagak edo Mitxelenak. Erabilera beregain hori areagotu egin da euskara estandarrean. Horren adierazgarri da Euskaltzaindiaren Hiztegiak sarrera eman izana, izen kategoria eta ‘ezaugarria, nolakotasuna’ adiera duela esanez. Honako adibide hauetan ikus daiteke tasunen izen erabilera: Fedeak edo siniste onak agertzen digu Jesusen gizatasuna, ta Jesus beraren Jainkotasuna, eta, tasun oriei dagozten, gauza guziak (Ubillos); Gizakumearen tasun, doai edo propietate bat (Villasante). Gramatikaren alorrean ere erabiltzen da.

4.1.3. -keria

4.1.3a -keria hartzen dugu gaur lematzat, nahiz hitz zaharretan -eria ere aurkitu (arloteria, lukureria, urgulleria). Hala ere, arloteria forma zaharraren ondoan, askoz gehiagotan ageri da arlotekeria gaur egungo corpusetan.

Adjektibo kalifikatzaileei eransten zaie -keria, baina ez edozein ezaugarri adierazten dutenei, baizik eta pertsonez predikatzen direnei eta gaitzesten dugun, begi onez ikusten ez dugun ezaugarriren bat adierazten dutenei (alferkeria, arlotekeria, bortizkeria, doilorkeria, ergelkeria, erokeria, esnobkeria, gaiztakeria, lelokeria, lizunkeria, zurikeria…). Oro har ona iruditzen zaigun ezaugarria adierazten duen adjektiboari eransten diogunean ere, sortzen den izenak beti izango du gaitzespen kutsua, kutsu peioratiboa: maitakeria ‘maitasun gaitzesgarria’ (EH); santukeria ‘itxura hutseko santutatuna’ (EH). Oinarriaren egitura kontuan hartuz gero, adjektibo eratorri zein elkartuei erants dakieke -keria (ardozalekeria, izugarrikeria, berekoikeria, lotsagabekeria, ahoberokeria…).

4.1.3b Izen bizidunak ere izan daitezke -keria atzizkiaren oinarri. Batetik, animalia izenak (astakeria, azerikeria, oilokeria, txakurkeria, zerrikeria); bestetik, pertsona adierako izenak (aztikeria, deabrukeria, sorginkeria, umekeria). Horrelako izenei buruz, adjektibo gisa erabiltzen direla esan dugu adjektiboari eskainitako kapituluan (§ 14.1e). Izan ere, astoen, azerien, oiloen edo aztien jokabidean antzematen dugu gaitzesteko moduko ezaugarriren bat eta ezaugarri hori (edo jokabide hori) egozten diogu ondoan ageri den izenari (mutiko astoa, pertsona zakurra, gizon oiloa eta abar). Erabilera horrek argitzen du zergatik hartzen duten -keria aipatu berri ditugun izenek.

Azken urteetan sortu dira bestelako izenak oinarri dituzten -keriadun eratorriak ere (bortxakeria, indarkeria), baita aditza oinarri dutenak ere (bazterkeria, bereizkeria); baztertu edo bereizi, gizartekideez ari garela, gaitzesten ditugun jokabideak diren heinean, -keria erantsi zaie jokabide gaitzesgarria dela adierazteko. Mailegua eta -keria atzizkiaz sortutako izena, bata bestearen ondoan ere aurkitzen ditugu behin baino gehiagotan: bereizkeria eta diskriminazioa, bazterkeria eta esklusioa eta abar.

4.1.3c Atzizkiaren adierari dagokionez, beraz, argi ikusten da gizarteak gaitzesten dituen kualitateak, jokabideak adierazten dituzten izenak sortzen dituela. Villasantek (1974: 93-94) dioen bezala, atzizki markatua da; -tasun, aldiz, markatugabetzat hartu dute gramatikariek. Adibidez, alfer adjektiboak adierazten duen ezaugarria ez dugu oso begi onez ikusten, baina oinarri horretatik bi modutako izenak sor ditzakegu, alfertasuna eta alferkeria. Lehen kasuan, alfer ezaugarriari dagokion izaera, nolakotasuna, adieraziko dugu, inolako baloraziorik egin gabe; alferkeria diogunean, berriz, gaitzesten dugun zerbait adierazten dugu. Edo zuritasun ‘zuria denaren nolakotasuna’ / zurikeria ‘losintxa; faltsukeria, bertuteen itxurakeria’ (Euskaltzaindiaren Hiztegia). Bada, ordea, -tasun eta -keria atzizkiak bereizten dituen beste zerbait ere. Biak hartu izan dira izen abstraktuen sortzailetzat, baina jokabide desberdina dute -tasun atzizkiaz sortutako izenek eta -keria atzizkiak sortutakoek. Izen abstraktuak zenbakaitzak dira, dagokien izen sintagmak ez du plural markarik edo kuantifikatzailerik hartzen. Eta hala jokatzen dute -tasun atzizkidunek: *Maitasun handiak dizkiot Joni; Zenbat alfer dagoen mundu honetan / *Zenbat alfertasun dagoen mundu honetan. Bestelako jokabidea dute, ordea, -keriadun izenek: Zenbat gaiztakeria dagoen mundu honetan; Astakeria handiak egin ditu bere bizitzan. Azken adibide honetan ikusten dugunez, gainera, -keria atzizkia erantsiz sortu diren izen asko egin aditzaren objektu izan daitezke: Ohartzen naiz nolako gaiztakeriak egin ditudan (Elizen arteko Biblia); Gero eta zerrikeria handiagoak eginda ere (X. Mendiguren Elizegi); edo esan aditzaren objektu: Aneri lizunkeriak esaten (U. Iturriaga). Beraz, hein batean zalantzan ere jar daiteke egiaz izen abstraktuak sortzen dituen atzizkia den; edo zenbateraino diren lapurreta, azterketa, erosketa eta mota horretako izenen antzekoak; ikus, esaterako, nola definitzen duen Euskaltzaindiaren Hiztegiak haurkeria: ‘haurrari dagokion egintza gaitzesgarria’.

4.1.4. -go

Ekialdeko testuetan ageri den atzizki honek bi motatako erabilerak izan ditu tradizioan. Batetik, gizaki adierako izenei eransten zaien -tasun atzizkiaren baliokide da ahaidego, etsaigo, adiskidego edo euskaldungo adibideetan. Erabilera nagusia, ordea, lanbide adierakoa du: gizakia adierazten duten izenei erantsi eta lanbide edo estatus izena sortu (abeltzaingo, alkatego, apezgo, berettergo, buruzagigo, hargingo, zurgingo…). Ondoren ikusiko dugun mendebaldeko -tza1 atzizkiaren baliokide da (§ 4.1.5). Badira bestelako adibideak ere, baina zaharkiturik daudenak eta eratorri berriak sortzeko eredutzat hartzen ez ditugunak (bekaizgo, gaitzerizko, hegigo, onerizko…).

Euskara estandarrean, ordea, beste eredu hau gertatu da emankorra, hitz berriak sortzeko bide eman duena (biztanlego, entzulego, irakaslego, ikuslego…), hots, izen multzokaria sortzeko baliatzea, baina tradizioan oinarririk ez duena. Erabilera oker horri, eta multzokariaren gehiegizko erabilerari aurre egin nahi izan dio Euskaltzaindiak (73. araua). Euskaltzaindiak oroitarazi du, batetik, gehienetan ez dugula izen multzokariaren beharrik, nahikoa dugula plurala erabiltzea (ikastetxe honetako ikasle eta irakasleak; herri bateko biztanleak); bestetik, izen multzokaria beharrezko denean, -eria atzizkiaz baliatzea (§ 4.3.3) gomendatu du Euskaltzaindiak (langileria, biztanleria, bezeria). Eta -go atzizkia erabil dadila ofizioa edo lanbidea adierazteko (artzaingo, zurgingo…), nahiz -tasun atzizkiaren baliokide (euskaldungo, ahaidego…).

Ikus honetaz 73. araua: “-go atzizkia eta izen multzokariak”, Donostian, 1997ko maiatzaren 30ean onartua.

4.1.5. -tza1

Eratorpenaren sarreran esan dugunaren harira, mota bateko baino gehiagoko izenak sortzen ditu -tza atzizkiak: gizakien lanbidea edo estatusa adierazten dutenak (artzaintza, ikazkintza), multzo adierakoak (belartza, sasitza) eta gertaera edo ondorio adierakoak (ezkontza, jaiotza). Oinarriak ere desberdinak dira: izen bizidunak, izen bizigabeak eta aditzak, hurrenez hurren. Beraz, itxura bereko hiru -tza atzizki ditugula esan dezakegu: hemen aztertuko dugun -tza1, izen multzokarien azpisailean ikusiko dugun -tza24.3.4) eta gertaera, egoera eta ondorio izenen azpisaileko -tza34.5.8).

-go atzizkiaren pareko dugu -tza1: lanbide edo estatus jakin bat duen pertsona adierazten duen izena oinarri hartu eta lanbide izena sortzen du (aitzurlaritza, alkatetza, artzaintza, bertsolaritza, erregetza, ikazkintza, neskametza, soldadutza…). Euskara estandarrean lanbide izen asko sortzeko baliatu dugu (erizaintza, hizkuntzalaritza, ingeniaritza, merkataritza, zirujautza…). Ohikoa du -ari, -le edo -tzaile atzizkien ondoren agertzea (§ 4.2); hau da, atzizki horien bidez eratorritako izenak hartzea oinarri.

4.1.6. -gintza

-gin + -tza atzizkien elkarketaz sortua izanik ere, badira arrazoiak batez ere mendebaldean erabiltzen den -gintza atzizkiari bere lekua emateko. Izan ere, -gin ez dugu euskara estandarrean baliatzen ‘zerbait egiten duen pertsona’ izendatzeko (tradizio handiagoa izan du eta du gaur ere bizkaieraz, baina ahulduz joan da euskara estandarrean); -gile darabilgu horren ordez (etxegile, liburugile, oinetakogile / ?etxegin, ?liburugin, ?oinetakogin) (ikus -gin, -gile § 4.2.3). Baina etxeak, oinetakoak edo liburuak egiteari dagokion lanbidea izendatzeko, ez diogu -tza1 gehitzen -gile atzizkiari; ez dugu sortu etxegiletza, liburugiletza edo oinetakogiletza. Bertsolari edo idazle oinarrietatik sortu dugu horrelako jarduna duten pertsonen lanbidea adierazteko bertsolaritza edo idazletza; baina, bide beretik, ez dugu egiten etxegile > etxegiletza. Horren ordez, -gintza aukeratzen dugu mota bateko objektuak, gauzak… egiteari dagokion lanbidea edo jarduna izendatzeko (araugintza, armagintza, eztigintza, izozkigintza, jantzigintza, legegintza, liburugintza, oihalgintza, teilagintza, testugintza…). Irudizko adiera ere badu batzuetan, oinarrian objektu konkretu bat adierazten duen izena ez dugunean (apaizgintza, ezkontzagintza, haurgintza…).

Euskaltzaindiak (1991) hitz elkartu sintetikotzat (§ 7.2.7) hartu zituen -gintza atzizkiaz sortutako izenak Hitz-Elkarketa/3 liburuan, egin aditzaren oihartzuna dagoelako. Hala ere, elementu beregaina ez den heinean, eratorpenean sailkatu dugu Gramatika honetan, Azkuek edo Villasantek egin bezala.

4.1.7. -era1

Dimentsioa, neurria adierazten duen heinean, atzizki hau izen abstraktuak sortzen dituztenen artean sailkatu zuen Azkuek. Neurriarekin zerikusia duten adjektiboak hartzen ditu oinarri (altu, garai, lodi, luze, sakon, zabal) eta ‘zerbaitek behetik gora duen neurria’, edo ‘luzetasunaren, sakontasunaren neurria, zabaltasunaren neurria’ adierako izenak sortzen ditu (Euskaltzaindiaren Hiztegiko definizioak): altuera, garaiera, lodiera, luzera, sakonera, zabalera. ‘Loditasunaren neurria’, ‘luzetasunaren neurria’, ‘sakontasunaren neurria’ edo ‘zabaltasunaren neurria’ definizioa eman die Euskaltzaindiaren Hiztegiak izen horiei.

4.1.8. Beste atzizki batzuk: -ezia, -tate, -tzia

Beste atzizki batzuk ikusten ditugu -ezia, -tate, -tzia… izen abstraktuen sortzaile eta, beraz, hein handi batean -tasun atzizkiaren baliokide; hain zuzen ere, euskarak askotan izango du -tasundun eratorria (ahuldade/ahulezia/ahultasun, gabezia/gabetasun eta abar) beste atzizki hauekin sortutako izenaren ondoan. Baina hemen aipatuko ditugun atzizkiok ez dute emankortasun handiegirik izan euskararen ondare lexikoan, eta ihartutzat eman ditzakegu euskara estandarrean hitz berriak sortzeko. Horien artean adibide gehien utzi dizkiguna -ezia da (ikus Villasante 1974: 75), adjektibo kalifikatzaileei erantsirik nolakotasuna adierazten duten izenak sortzen dituena (abilezia, ahulezia, artezia, finezia, gabezia, pobrezia, trebezia). Gehienetan mailegu egokituen amaieran aurkituko dugu -tate atzizkia (besterik da euskal ondare lexikoko mailegu horiek zer leku duten gaur euskara estandarrean), eta, horrenbestez, ez genuke euskal eratorpen atzizkitzat hartuko (birjinitate, karitate, libertate, sinzeritate); baina latinezko -tate(m) atzizki horren aldaerak ere antzematen ditugu euskal adjektiboetatik eratorritako izenetan (ahuldade, bakardade, gogortade, ondare, ondade…)21. Gramatikarien artean -tzia atzizkiaren formak zalantzak sorrarazi ditu; Azkuek (1923-1925) eta Lafittek (1944) forma horretako atzizkia hartu dute kontuan, izen abstraktuak edo egoera izenak sortzeko baliatzen ditugun atzizkiak aztertzean. Villasantek (1974: 135), berriz, -tza atzizkiaren aldaeratzat jo zuen. Nolanahi ere, oso izen gutxitan antzemango dugu -tzia literatura ondarean (ausartzia, nabarbentzia, zuhurtzia…).

20 Izen jakin bati buruz predikatzen dira adjektiboak eta izen hori hartzen da adjektiboaren argumentutzat (ikus honetaz Baker 2003): mutil handi esatean, mutil izenaz predikatzen dugu handi nolakotasuna. Beraz, handitasun izena ere zerbaiten edo norbaiten “handitasuna” izango da.

21 Aditzoinari erantsirik sorturikoak dira egitate, ikustate, jakitate eta besteren bat. Ihartutzat eman ditzakegu, hurrenez hurren, ekintza, begirune edo jakituria izenen baliokide diren hauek ere.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper