Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

9.2.52. 2013-595 Legea, 2013ko uztailaren 8koa, Errepublikako Eskola-birfundazioaren Orientazioari eta Programazioari buruzkoa


9.2.52. 2013-595 Legea, 2013ko uztailaren 8koa, Errepublikako Eskola-birfundazioaren Orientazioari eta Programazioari buruzkoa[1547]

Eranskina

Artikulua

Errepublikako eskola-birfundazioaren orientazioa eta baliabideen programazioa

Orientazioari eta programazioari buruzko lege hau nazioarentzat lehentasuntzat jotzekoa den eskola-birfundazioaren urrats nagusietako bat da. Eta, hala ere, beste neurri asko ere hartu beharko dira oraindik eskola-birfundazio hori osatzeko, hala nola legezkoak ez diren hainbat erreforma eta xedapen.

Lege honek eranskin modura dakarren txostenean aurkezten dira hezkuntza-diseinu bikain horren arrakastarako beharrezkoak diren orientazio eta langai guztiak.

Errepublikako eskola-birfundazioa: helburu eta baliabideak

Gure gazteen geroa, Frantziaren susperraldia, haren kultura-, gizarte- eta ekonomia-garapena: hori guztia, neurri handi batean, Errepublikako eskola-birfundazioari heltzeko dugun gaitasun kolektiboaren baitan dago.

Gure hezkuntza-sistema hobetzea eta zuzena izan dadin lortzea, ikasleak eta Frantzia osoa ardatz harturik:

Frantziako hezkuntza-sistemak abantaila asko ditu, eta iraganean ere ederki asko erakutsia du gai dela jendea mobilizatuz eboluzionatzeko, baina, horiek horrela, gure eskolak orain dela hogei urte utzi zion aurrera egiteari. Frantzian hezten ditugun ikasleen gaitasun-maila orokorrak hobetu egin behar du, nabarmen-nabarmen, eskola-arrakastari dagokionez justizia izango bada nagusi eta, nazioarteko ezagutzaren ekonomia-sisteman, Frantziak hazkunde estrukturalaren bidea hartuko badu.

Hamarren bat urteren ondoren, idazteko zailtasunak dituzten ikasleen kopuruak oso modu adierazgarrian egin du gora, eta kolegioetan, esate baterako, 1. mailari ekiten dioten ia bost ikasletik batek idazteko zailtasunak ditu. Ikasleen batez besteko mailak, beraz, gutxi egin du aurrera; ebaluazioek erakusten dutenez, ordea, ikasle ahulenen artean larritu dira bereziki zailtasunak.

15 urteko ikasleen % 20 inguruk zailtasun handiak ditu ondo idazteko. 2000. urtetik 2009.era bitartean, kopuru hori % 30 inguru igo eta % 15etik % 20ra igaro zen. Matematikan eta zientzietan, derrigorrezko eskolatze-aldiaren amaierara iristean, ikasle frantsesen emaitzak eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko (ELGA) herrialdeetako ikasleenak paretsukoak izan dira beti, baina, 2000. urtetik 2009.era bitartean, Frantzia nazioarteko azterketa-sailkapeneko burutik urrunduz joan da apurka-apurka, eta matematika-ezagutzen maila apaldu egin da.

[…]

Izatez, Frantziako hezkuntza-sistema ez da gai izan gizarte- eta lurralde-mailako determinismoei aurre egiteko, eta determinismook dira, hain zuzen, desberdintasun sozial eta geografikoen eragile nagusiak, herritarren zati bat gizarte-maila apalago batera eraman eta haiengan konfiantzarik eza erein dutenak. Eskola-esparruko ekitateari dagokionez, Frantzia azken postuetan dago ELGAko herrialdeen artean (hogeita hamalau herrialderen artean, Frantzia hamazazpigarren postuan dago); alegia, horrek esan nahi du gurean gizarte-mailak ondorio zuzenagoa duela emaitza akademikoetan ELGAko beste herrialdeetan baino. Estatistika-datu nazionalek adierazten dutenez, eskolatze-lekuaren arabera lortzen diren emaitza akademikoen arteko aldeak handiak dira oraindik, bere hartan jarraitzen dute, eta horregatik da hain zaila gizarte- eta lurralde-mailako desberdintasunei aurre egitea: zenbait ikastetxetan beste zenbaitetan baino bi aldiz handiagoa da frantsesean ezagutza-maila nahikorik ez duten Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleen kopurua. Era berean, batxilergoko diploma nazionala (baxoa) eskuratzeko azterketaren arrakasta-tasari dagokionez, metropolietako ikastetxe batzuetatik besteetara hamar puntu inguruko gorabehera dago, eta itsasoz haraindiko ikastetxeetan, berriz, aldea askoz nabarmenagoa da. Kolegioan ere, 4. mailan, ikasleen oinarrizko gaitasunak oso nabarmen apaldu ziren 2007tik 2011ra bitartean.

[…]

Nazioak bere eskolarako zehazturiko helburuak: denekin zuzen jokatzen duen eta bakoitzari berea eskatzen dion eskola bat

Ikasle guztien maila orokorra igotzeko modua eman beharko liguke, nagusiki, eskola-birfundazioak. Lehenik eta behin, helburuak pedagogikoa izan beharko luke:

― Lehen Hezkuntzako 2. maila amaitzerako, ikasle guztiek frantsesezko oinarrizko gaitasunak (irakurmena, idazmena, ulermena eta lexikoa) eta oinarrizko matematika-gaitasunak (aritmetika, kalkulua eta geometria) eskuratzen dituztela bermatzea (Lehen Hezkuntzako 2. maila amaitzerako oinarrizko ezagutzen 1. mailari dagozkion gaitasunak eskuratuak dituzten ikasleen proportzioa ere adierazi beharra dago), eta, Lehen Hezkuntza amaitzerako, ikasle guztiek funtsezko ezagutza-baliabide guztiak eskuratzen dituztela bermatzea (Lehen Hezkuntzako 4. maila amaitzerako oinarrizko ezagutzen 2. mailari dagozkion gaitasunak eskuratuak dituzten ikasleen proportzioa ere adierazi beharra dago);

― Lehen Hezkuntzako 4. maila amaitzerako, lehentasunezko hezkuntzako ikasleen eta lehentasunezkoa ez den hezkuntzako ikasleen arteko aldea % 10etik behera jaistea (Lehen Hezkuntzako 4. maila amaitzerako oinarrizko ezagutzen 1. eta 3. mailei dagozkien gaitasunak eskuratuak dituzten lehentasunezko hezkuntzako ikasleen eta lehentasunezko hezkuntzakoak ez direnen arteko aldeen proportzioa ere adierazi beharra dago);

[…]

Errepublikako eskola-birfundazioa: orientazioak

I. Birfundazio pedagogikoa

Irakasle-ikasketekin eta hezkuntzaren alorreko ikasketekin lotutako hasierako eta etengabeko prestakuntza birfundatzea:

[…]

Gure hezkuntza-sisteman, praktikak aldatu gabe baliabide osagarriak gehitzeak ez luke, emaitzei dagokienez, ondorio handirik eragingo. Irakasleei beren praktika profesionalak aldatzen eta beren zereginerako beharrezkoak diren tresnak lortzen laguntzeko, hasierako eta etengabeko prestakuntza da pizgarri aproposena: ezagutzak eguneratzea; jarduera pedagogikoak ondo prestatzea; ikasgelako jarrerak hobetzea; baliabide digitalak erabiltzea eta txertatzea eguneroko praktika pedagogikoan; hezkuntza-beharrizan bereziak aintzat hartzea eta zailtasunak identifikatzea, batez ere ikasteko zailtasunak; itsasoz haraindiko departamendu, kolektibitate eta lurraldeetan idazmena, mintzamena eta frantsesezko irakurmena modu espezifikoan irakatsi behar direla ohartzea; lan-merkatua ezagutzearekin eta hartan orientatu eta txertatzearekin lotutako arazoen berri jakitea; egoera tirabiratsu eta bortitzei aurre egitea; gizarte-gaien gaineko prestakuntza eskuratzea (genero-estereotipoei aurre egiteari buruzkoa, ingurumenari eta garapen jasangarriari buruzkoa, ekonomia solidarioa...).

[…]

Hizkuntza bizi bat prestakuntza-ikasturteaz geroztik.

Hizkuntza biziei dagokienez, ikasle frantsesen emaitzak bereziki larritzeko modukoak dira. Nazioarteko ebaluazioen arabera, kolegioko aldi osoan emandako gaitasunak guztiz barneratu gabe amaitzen dute ikasle frantsesek 4. maila, baina deigarriena ez da hori: gaitasunon barneratze-maila ebaluatzen dieten ikasle europarren artean, frantsesak dira azkenak.

Hizkuntza biziak, atzerrikoak nahiz erregioetakoak, albait azkarren ikasten eta hitz egiten hastea: frogaturik dago horixe dela hizkuntza horien ikaskuntzan aurrera egiteko faktore nagusietako bat.

Beraz, derrigorrezko eskolatze-aldiaren hasieran bertan ekin beharko zaio hizkuntza bizien irakaskuntzari. Tartean diren ikastetxeei dagokienez, haur-hezkuntzaren hasieratik erraztu eta sustatuko da hizkuntza erregionalen eta sistema elebidunaren (frantsesa eta hizkuntza erregionala) irakaskuntza osagarria.

Atzerriko hizkuntzaren batean edo hizkuntza erregionaletan sorturiko lan eta baliabide pedagogikoei dagokienez, haiek eskola-orduetan, ordu perieskolarretan eta eskolaz kanpoko orduetan erabil daitezen sustatuko da.

Hizkuntza erregionalak hitz egin ohi diren lurraldeetan, hizkuntza horiek ikasteko modua erraztuko zaie hala nahi duten familiei. Hala, Estatuaren eta hizkuntza erregionalak hitz egiten dituzten lurralde-kolektibitateen artean buruturiko konbentzioen bidez eskolatze-aldi osoan eskaintzekoa den hizkuntza erregional eta gutxituen gaineko ikasgaiaz gain, lurralde-kolektibitateek berek antolatzekoak diren hezkuntza- eta kultura-jarduera osagarrien bidez ere eman ahal izango dira aditzera hizkuntza eta kultura erregionalak.

Hizkuntza erregionala irakasten duten ikastetxeetarako sarbidea errazte aldera, hizkuntza hori irakasten duten ikastetxeetan matrikulatzeko modua izango dute aukera hori eskaintzen ez duten ikastetxeak dituen udalerri batekoak diren ikasleek, haurrak haietan eskolatuak izateko lekua badago.

[…]

Eskolan kultura digitala lantzeko asmo sendoa izatea:

Kultura digitalak zuztarretik aldatu ditu gure gizarteak. Informazioaren gizarteak ezagutzarako eta hezkuntzarako irispide berriak sortu ditu. Gaur egun, xix. mendeko Industria Iraultzaren garrantzi berdintsua duen haustura teknologikoa ari da bizitzen gure mundua. Teknologia digitalek dena aldatu dute erro-errotik: bai jakintzak produzitzeko eta hedatzeko moduak eta bai gizarte-harremanak ere. Eskola ere aldaketa handi horien muinean dago.

Teknologiok bikain-bikainak dira hezkuntza-sistema eta pedagogia-metodoak hobetzeko akuilu gisa, lana haurraren erritmora eta premietara egokitzeko, ikasleak elkarrekin lan egitera zirikatzeko, haien autonomia sendotzeko, familiak eskolara erakartzeko eta hezkuntza-erkidegoaren barruko harremanak estutzeko ahala ematen digutenez gero. Hori gutxi ez, eta ikaskuntza-aukera berriak ere ematen dizkigute: atzerriko hizkuntzekin edo zailtasunak dituzten ikasleekin lotutakoak, besteak beste.

[…]

II. Birfundazioaren xedea: denon hezkuntza-sistemak arrakasta izatea

Europarekiko eta munduarekiko irekitasun handiagoa sustatzea:

[…]

Hizkuntza biziak ikastea baliabide aparta da irekitasun horretara iristeko.

[…]

Hizkuntza-gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta kulturarteko gaitasunak lantzeko are lagungarriagoa den aldetik, mugikortasuna ere modu indibidual eta kolektiboan landu beharko dute ikasleek, eta irakasleek ere bai. Irakaskuntza Frantseserako Atzerriko Sarearen eta atzerriko ikastetxeen bitartez bermatu beharko da irakasleen mugikortasuna. Desiragarria litzateke eskolek ikasle bakoitzari modua ematea, derrigorrezko eskolatze-aldian behin gutxienez, atzerrira ikasketa-bidaia bat egiteko.

Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak hezkuntzaren arloko lankidetza-ildo bat landu beharko du, Frantziako hezkuntza-sistema eta hari dagozkion balio errepublikanoak atzerrian zabaltzeko, kanpotarrak frantsesa ikastera animatzeko, ezagutzak partekatzeko, denoi eragiten diguten arazoei buruz gogoeta egiteko, eta gure hezkuntza-sistema nazionala mundu osora eramateko, batez ere Irakaskuntza Frantseserako Atzerriko Sarearen bitartez.

Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak, Kanpo Arazoetako Ministerioarekin batera, gertu-gertutik esku hartu beharko du Frantziako irakaskuntza-sistemak Europar Batasunean eta hirugarren herrialdeetan duen presentzia sendotzeko lanetan, batez ere herrialde erkideotan filial elebidunak, aldebiko sailak eta nazioarteko sailak eratuz.

Lankidetza-harreman horiek areago estutuko dira Frantziarekiko interes biziagoa duten herrialde eta erregioekin.

[…]

Zailtasunak dituzten ikasleak eskolatzea eta eskola inklusiboa sustatzea:

[…]

Ikasle gorren eta haien familien hizkuntza-proiektuak aintzat hartu beharko dira. Eskola-ibilbide osoan, ikasle gorrek bi komunikazio-eredu izango dituzte aukeran: komunikazio-eredu elebiduna (zeinu-hizkuntza eta frantsesa) eta frantsesezko komunikazio-eredua (frantsesezko mintzamena, Cued Speech sistema eta frantsesezko idazmena). Horretarako, eskolatze-mota horretara egokituriko baliabideak sortu beharko dira, eta halako zailtasunak dituzten ikasleak gela berean elkartu, ikastetxeak eskura izan ditzan beharrezkoak gerta dakizkiokeen baliabide akademiko guzti-guztiak.

Labur esanda, zailtasunak dituzten ikasleen beharrizan berezietara ahalik ondoena egokituriko material pedagogiko guztia finantzatu beharko du Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak, egunerokotasunean haien inklusioa errazteko.

[…]


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper