Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

9.2. Gainerako lege-testuak


9.2. Gainerako lege-testuak


9.2.1. Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideei buruzko Adierazpena (1789)[1467]

11. artikulua

Pentsamenduak eta iritziak askatasunez komunikatzea gizakiak dituen eskubideetatik baliotsuenetako bat da: herritar orok askatasunez hitz egin, idatz eta inprima dezake; baina, askatasun horretaz abusatuz gero, erantzukizuna izango du, legeak ezarritako kasuetan.


9.2.2. 1924ko ekainaren 1eko Legea, Rhin Behereko, Rhin Garaiko eta Moselako departamenduetan legeria zibil frantsesa indarrean jartzen duena[1468]

I. TITULUA

1. artikulua

Irailaren 1etik aurrera, lege hau promulgatu eta gero, eta ondoren aipatuko diren salbuespenak gorabehera, Rhin Behereko, Rhin Garaiko eta Moselako departamenduetan indarrean egongo da legeria zibil frantses osoa, eta batez ere:

[…]

Eta gai honen gaineko beste edozein xedapen, hargatik eragotzi gabe 1919ko otsailaren 2ko Erabakiaren aplikazioa eta 1922ko maiatzaren 15eko Dekretuarena, biak ere Alsazia eta Lorrenako hizkuntza judizialari buruzkoak.


9.2.3. 1924ko ekainaren 1eko Legea, Rhin Behereko, Rhin Garaiko eta Moselako departamenduetan merkataritza-arloko lege frantsesak indarrean jartzen dituena[1469]

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

10. artikulua

Lege hau indarrean jartzen denetik hasi eta gehienez ere hiru hilabeteko epean, dekretu baten bidez frantsesezko itzulpen eta guzti argitaratuko dira toki-esparruko legeen testuak, lege honen ondorio diren aldaketak ere barnean dituztela. Itzulpenak izaera dokumental hutsa izango du, eta ez zaio benetakotasunik aitortuko.


9.2.4. 46-942 Legea, 1946ko maiatzaren 7koa, Topografo Adituen Elkargoa eratzen duena[1470]

I. TITULUA
Topografo aditu gisa jardutea

3. artikulua

[…]

Inork ezin izango du izena eman Topografo Adituen Elkargoan, baldin eta honako baldintza hauek betetzen ez baditu:

1. Nazionalitate frantsesa ez duten pertsona fisikoei dagokienez, Frantzian topografo aditu gisa jarduteko beharrezkoak diren hizkuntza-ezagutzak izatea.

[…]


9.2.5. 46-2196 Legea, 1946ko urriaren 11koa, Liburuaren Zentro Nazionala eratzen duena[1471]

2. artikulua

Zentro honek helburu hauek izango ditu:

1. Frantsesezko idazleen literatura-jarduera babestea eta sustatzea lan- eta ikasketa-poltsen bitartez, sarien bitartez, dirulaguntzen bitartez eta liburuak erostearen bitartez, horrek guztiak ordain gisa balio dezan eta literatura-obren idazketa erraztu dezan;

2. Dirulaguntzen, diru-aurrerapenen eta beste edozein baliabideren bitartez, frantsesezko literatura-obren argitalpen eta berrargitalpena erraztea, baldin eta obra horiek argitaratzen direla ziurtatzea garrantzizkotzat jotzen bada;

[…]


9.2.6. 51-46 Legea, 1951ko urtarrilaren 11koa, Tokian Tokiko Hizkuntzei eta Dialektoei buruzkoa
(Deixonne legea)[1472]

1. artikulua

Hezkuntza Nazionalaren Kontseilu Nagusia arduratuko da, lege honen eremuan eta aldarrikatua izango delarik, baliabide hoberenak bilatzen, tokian tokiko hizkuntzak eta dialektoak laguntzeko, erabiltzen diren erregioetan.

2. artikulua

Argibide pedagogikoak errektoreei igorriko zaizkie, irakasleei baimena emateko tokian tokiko hizkuntzak erabil ditzaten lehen mailan eta ama-eskoletan, baliagarriak izango diren neurrian beren irakaskuntzan, bereziki hizkuntza frantsesaren ikaskuntzan.

3. artikulua

Eskaera egingo duen irakasle orok baimena erdiets dezake, astero oren bat erabiltzeko ekintza norabideratuentzat, tokian tokiko hizkuntzen irakurketaren eta idazketaren oinarrizko kontzeptuak irakasteko eta araberako literaturaren atal hautatu batzuk lantzeko.

Ikaskuntza hau aukerakoa da ikasleentzat.

4. artikulua

Irakasleei baimena emango zaie liburuak hautatzeko, beren akademiako errektoreak urtero antolatuko duen zerrenda batean, eskoletako liburutegietan ezartzeko, baliatu ahal izango dituztenak ikasleei ezagutarazteko tokiko kulturaren eta folklorearen aberastasunak.

5. artikulua

Heziketa-eskoletan, aukerako ikastaldiak eta egonaldiak antolatuko dira, ahal den neurrian, beren Lanbide Heziketaren denboran, irakaslegaientzat, irakastera joateko xedea badute tokiko hizkuntza bizkor den erregio batera.

6. artikulua

Lizeo eta kolegioetan, tokian tokiko hizkuntza eta dialekto guztien aukerako ikaskuntza antolatuko da, bai eta tokiko folkloreaz, literaturaz, herri arteez ekintza norabideratuen bidez ere.

7. artikulua

Fakultate-kontseiluen eta unibertsitate-kontseiluen abisuak hartu ondoren, eta Hezkuntza Nazionalaren Kontseilu Nagusiaren proposamenez, sortzen ahal izango dira, kreditu eskuragarrien neurrian, euskaldunei buruzko ikaskuntza-institutuak; horietan, katedrak izango dira, tokian tokiko hizkuntzentzat eta literaturentzat, bai eta ere folklore etnografiarentzat, besteak beste.

8. artikulua

Lizentzia-diploma berriek eta goi-mailako ikaskuntza-diplomek, doktore-tesiek onespena emango diote, ikastaldi horiei jarraituz diren ikasleen lanari.

9. artikulua

Epaimahaietan epaile aditu batek parte hartu ahal duen neurrian, unibertsitateek aukerako azterketa sar dezakete batxilergo-programetan.

10. artikulua

Lege hau, bigarren artikulutik bederatzigarrena arte, bi artikulu hauek barne, aplika daiteke aldarrikapenaren ondotik izango den lehen ikasturtean bretoiera, euskara, katalana eta okzitaniera erabiltzen diren erregioetan.

11. artikulua

Zazpigarren eta zortzigarren artikuluen aplikazioak hauexek izango dira, besteak beste:

a) Roazhonen, Ikaskuntza Zeltikoen Institutuak antolatuko du hizkuntza eta literatura zeltikoen irakaskuntza.

b) Bordeleko Unibertsitatean eta Bordeleko Ikaskuntza Iberikoen Institutuan, euskararen eta euskal literaturaren irakaskuntza antolatuko da.

c) Katalan hizkuntza eta literaturaren irakaskuntza antolatuko da Montpellier eta Tolosako unibertsitateetan, Pariseko Ikaskuntza Hispanikoen Institutuan eta Bordeleko Ikaskuntza Iberikoen Institutuan.

d) Okzitaniako hizkuntza, literatura eta historiaren ikaskuntza antolatuko da Aix en Provence, Montpellier eta Tolosako unibertsitateetan.


9.2.7. 52-1322 Legea, 1952ko abenduaren 15ekoa, itsasoz haraindiko Frantziako ministerioen mendekoak diren lurraldeetarako eta lurralde elkartuetarako lan-kode bat eratzen duena[1473]

III. TITULUA
Lan-kontratua

I. KAPITULUA
Lan-kontratu indibiduala

I. atala
Xedapen orokorrak

32. artikulua

Baldin eta lan-kontratu batek hiru hilabetetik gorako iraunaldia badu gehienez, edo langilea bere ohiko bizilekutik kanpora eraman beharra badakar, hura idatziz aurkeztu beharko da, mediku batek langilea ikusi ondoren, lantokia dagoen lekuko lan-bulegoan, edo, halakorik ezean, lan- eta gizarte-arloko legeen ardura duen ikuskatzailearen edo haren legezko ordezkariaren aurrean.

Kontratua baimendu baino lehen, agintaritza eskudunak:

[…]

4. Kontratua irakurriko die aldeei, eta, hala badagokio, baita itzuli ere.

[…]

II. KAPITULUA
Ikaskuntza

I. atala
Ikaskuntzarako lan-kontratuaren izaera eta forma

52. artikulua

Ikaskuntzarako lan-kontratua kontratu-mota bat da, industria-establezimendu, denda edo landetxe bateko nagusiak, eskulangile batek edo fabrikatzaile batek beste pertsona bati egiten diotena edo haren alde eginarazten dutena, pertsona horri lanerako formazio metodiko eta osoa emateko; horren trukean, pertsona horrek bere burua behartzen du jasotzen dituen jarraibideak betetzera eta ikaste aldera agintzen zaizkion lanak egitera.

Kontratua idatziz aurkeztu beharko da, eta, hala egiten ez bada, deuseztzat joko da. Frantsesez idatzi beharko da, bai eta, ahal bada, ikastunaren hizkuntzan ere.

[…]

IV. KAPITULUA
Lan-konbentzio eta -akordio kolektiboak (68. artikulutik 86.era bitartean)

I. atala
Konbentzioaren izaera eta baliozkotasuna

71. artikulua

Konbentzio kolektiboa frantsesez idatzi beharko da, eta, hala egiten ez bada, deuseztzat joko da. Lurraldeen elkarteko, elkartez kanpoko lurraldeetako eta tutoretzapeko lurraldeetako buruak erabaki baten bidez zehaztu beharko du, Lanaren Aholku Batzordearen irizpen batean oinarriturik, zein baldintzatan aurkeztu, argitaratu eta itzuliko diren konbentzio kolektiboak eta, aurreko artikuluko azken paragrafoan aurreikusitakoa aintzat harturik, zein baldintzatan bat egin ahal izango den konbentzioarekin. Itsasoz haraindiko Frantziaren ministroak onetsi beharko ditu erabakiok.

[…]

VII. TITULUA
Betearazpen-organismo eta -baliabideak

I. KAPITULUA
Administrazio-organismoak

154. artikulua

Lan- eta gizarte-arloko legeen ardura duen ikuskatzaileak ahal hauek izango ditu:

[…]

d) Beren bisitaldietan, ondoan eduki ahal izango dituzte zinpeko interprete ofizialak eta bisitatu beharreko enpresako langileen ordezkariak, bai eta goragoko c) paragrafoan aipatu diren mediku eta teknikariak ere;

[…]

VIII. TITULUA
Lan-arloko desadostasunak

II. KAPITULUA
Desadostasun kolektiboak

214. artikulua

Zortzi orduko epean, adituak bere ikerketei buruzko txosten zioduna bidali beharko du. Txosten horretako ondorioak aholkutzat jotzekoak izango dira, eta erregelamendu-proiektu bat zehaztu beharko dute auzipean dauden puntuei buruz.

Aholku-txostena alde guztiei jakinarazi beharko zaie hogeita lau orduko epean. Kode honen 71. artikulua aplikatuz hartu beharrekoa den erabaki baten bidez zehaztuko da zein baldintzapean argitaratu, hedatu eta itzuliko den txosten hori. Nolanahi dela ere, txostena berehala argitaratu beharko da lurraldeko aldizkari ofizialean.


9.2.8. Frantziako Errepublikaren 1958ko urriaren 4ko Konstituzioa[1474]

2. artikulua

Errepublikaren hizkuntza frantsesa da [1475]

75-1 artikulua[1476]

Hizkuntza erregionalak Frantziaren ondare dira.


9.2.9. Frantziako Senatuaren Erregelamendua, 1959ko ekainaren 25ekoa[1477]

XX. KAPITULUA
Europako gaiak

73 octies artikulua

8. Legegintzako egintzaren proiektua Batasuneko hizkuntza ofizialetan helarazten denetik edo legegintzako egintza argitaratzen denetik zortzi asteko epea igarotakoan, ebazpen-proposamena aztertzeko prozedura eten egingo da.


9.2.10. Frantziako Batzar Nazionalaren Erregelamendua, 1959ko uztailaren 24koa[1478]

III. TITULUA
Parlamentuaren kontrola

LEHEN ZATIA
Informazioa, ebaluazioa eta kontrola[1479]

IX. KAPITULUA[1480]
Europako gaiak

151. artikulua[1481]

Europako legegintzako egintzaren proiektu bat subsidiariotasun-printzipiora egokitzeari buruzko irizpen arrazoitua ematen duten ebazpen-proposamenak eta subsidiariotasun-printzipioa urratzeagatik Europar Batasuneko Justizia Auzitegian errekurtsoa jartzeko proposamenak, zeinak aurkezten baitira Konstituzioaren 88.6 artikuluan oinarrituta, zortzi asteko epean onartuko dira, hurrenez hurren, Europako legegintzako egintzaren proiektua Batasuneko hizkuntza ofizialetara bidaltzen denetik edo horiek oinarri dituen Europako legegintzako egintza argitaratzen denetik zenbatzen hasita. Azterketa-prozedura geldiarazi egingo da epe hori igarotakoan.


9.2.11. 71-1130 Legea, 1971ko abenduaren 31koa, zenbait lanbide judizial eta juridikoren gaineko aldaketak egiten dituena[1482]

IV. TITULUA
Kualifikazioa beste estatu kide batean lortu duten eta Europar Batasuneko kide diren estatuetako herritarrek Frantzian modu iraunkorrean abokatu gisa jarduteari buruzko xedapenak

I. KAPITULUA
Jatorrizko titulu profesionalarekin lanean jarduteari buruzko xedapenak

85. artikulua

Profesionalak lanerako darabilen jatorrizko titulua Europar Batasuneko zein estatutan lortua den, estatu horretako hizkuntza ofizialean edo hizkuntza ofizialetako batean idatzirik egon beharko du agiriak.

Jatorrizko titulu profesionalaren aipamenarekin batera, interesduna zein elkarte profesionaletako kide den ere adierazi beharko da beti, edo titulua lortu duen estatu kideko zein jurisdikzio-organotan dagoen izena emanda, bai eta Frantzian zein abokatu-elkargotako kide den ere.

[…]

V. TITULUA
Kualifikazioa beste estatu kide batean lortu duten eta Europar Batasuneko kide diren estatuetako herritarrek Frantzian abokatu gisa jarduteko sarbide partziala izateari buruzko xedapenak

94. artikulua

[…]

VI. Bere lanean jarduteko, interesdunak jatorrizko estatuak bertako hizkuntzan idatzirik emandako titulu profesionala erabiliko du. Sarbide partzialaz baliatzeko ahala duen profesionalak argi eta garbi adierazi beharko die bere bezeroei zein jardueratan aritzeko baimena duen.

[…]

VI. TITULUA
Europar Batasuneko kide ez diren estatuetako abokatu-elkargoetan izena emana duten abokatuek lege-aholkulari gisa jarduteari eta besterentzat egintza pribatuak idazteari buruzko xedapenak

II. KAPITULUA
Abokatu gisa jarduteari buruzko xedapenak

1. atala
Aldi baterako edo noizean behin jardutea

103. artikulua

102. artikulua aplikatuz, abokatuari baimena emango zaio haren jatorrizko estatuan lortutako titulu profesionalarekin lege-aholkulari gisa jardun dezan eta besterentzat diren egintza pribatuak idatz ditzan. Titulu profesional horren aipamenarekin batera, 101. artikuluan aipatzen diren zuzenbide-eremuko jarduerak ere zerrendatu beharko dira, baldin eta abokatuak haietan jarduteko baimena badu. Frantsesez eta jatorrizko estatuko hizkuntza ofizialean edo hizkuntza ofizialetako batean idatzi beharko dira aipamen guztiok.

[…]

2. atala
Abokatu gisa modu iraunkorrean jardutea

104. artikulua

[…]

3. artikuluko bigarren apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, zin egin beharko du. Ez badu frantsesaren ezagutza-maila nahikorik, interprete baten laguntza errekeritu beharko da, eta eskatzaileak gastu guztiak bere gain hartu beharko ditu.

[…]

105. artikulua

104. artikulua aplikatuz, abokatuari baimena emango zaio haren jatorrizko estatuan lortutako titulu profesionalarekin lege-aholkulari gisa jardun dezan eta besterentzat diren egintza pribatuak idatz ditzan.

Titulu profesional horren aipamenarekin batera, Frantzian zein abokatu-elkargotako kide den ere aipatu beharko da, eta 101. artikuluan aipatzen diren zuzenbide-eremuko jarduerak zerrendatu, baldin eta abokatuak haietan jarduteko baimena badu.

Frantsesez eta jatorrizko estatuko hizkuntza ofizialean edo hizkuntza ofizialetako batean idatzi beharko dira aipamen guztiok.


9.2.12. 72-659 Legea, 1972ko uztailaren 13koa, Nazioarteko Ebaluazio Teknikoari buruzkoa[1483]

1. artikulua

Baldin eta, erakunde publikoek kontrataturik, langile publikoak Frantziatik kanpora joaten badira eta atzerriko estatuetan —batez ere Frantziak estatu horiekin burutuak dituen akordioak direla medio—, gobernuz kanpoko nazioarteko elkarteetan edo atzerriko ikerketa-institutu independenteetan kulturaren, zientziaren eta teknikaren alorreko lankidetza-misioetan parte hartzen badute, edo frantsesaren eta frankofoniaren aldeko elkarte atzerritarretan badihardute, halako langileek “nazioarteko ebaluatzaile tekniko” izendapena izango dute. Langile publikoon jarduerak lege honen agintepean egongo dira, hargatik eragotzi gabe magistratuei eta parlamentuetako funtzionarioei dagozkien xedapen bereziak.


9.2.13. 72-964 Legea, 1972ko urriaren 25ekoa, nazionalitate frantsesa eskuratzen, berreskuratzen edo haren aitorpena jasotzen duten pertsonen izen-deiturak frantsesteari buruzkoa[1484]

2. artikulua

Deiturari bere itxura, ahoskera edo izaera arrotza kentzeko beharrezkoak diren aldaketa guztiak egin eta hura frantsesera itzultzean datza deitura frantsestea.

Estatu atzerritar baten erabakiz nazionalitate frantsesa galdua zutenek atzera ere haien jatorrizko deitura berreskuratu, edo deitura etorki frantseseko norbaitengandik jaso, eta aldaketa hori ere deituraren frantsestetzat joko da.

Jatorrizko izenaren ordez izen frantsesa eskuratzean edo izen horri osagarri modura beste bat gehitzean datza izena frantsestea, edo, interesdunak izen bat baino gehiago baditu, izen atzerritarra kendu eta haren ordez izen frantsesa bakarrik uztean.


9.2.14. 78-1184 Legea, 1978ko abenduaren 20koa, gaztelaniazko eskola-liburuak Frantziara inportatzeari buruz Frantziako Errepublikako eta Espainiako Erresumako gobernuen arteko 1977ko uztailaren 7ko gutun-trukea onesteko baimena ematen duena[1485]

Artikulu bakarra

Gaztelaniazko eskola-liburuak Frantziako lurraldera sartzean haiei aplikatzekoak liratekeen inportazio-eskubide eta -tasak ordaintzetik libratzeari buruz Frantziako Errepublikako Gobernuak eta Espainiako Erresumakoak 1977ko uztailaren 7an trukaturiko gutunak onesteko baimena ematen da. Testua eranskin modura gehituko zaio lege honi.


9.2.15. 82-610 Legea, 1982ko uztailaren 15ekoa, Frantziako ikerketa eta garapen teknologikoaren orientazioari eta programazioari buruzkoa[1486]

II. TITULUA
Ikerketa eta garapen teknologikoaren orientazioa

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

1. atala
Politika nazionala

5. artikulua

Ezagutzak areagotzea, ikerketaren emaitzak aintzat hartzea, informazio zientifikoa hedatzea eta frantsesa zientziarako hizkuntza gisa sustatzea: horra hor ikerketa eta garapen teknologikoaren aldeko politikaren xedeak.

IV. KAPITULUA
Informazio eta kultura zientifiko eta teknikoa (erantsitako artikulua)

Jakintza zientifiko eta teknikoa gutxiengo ikasiaren pribilegioa baino ez da. Frantsesak ere oso parte-hartze eskasa du ezagutzaren transmisioan.

[…]

1985etik aurrera, “Frantsesa zientziarako hizkuntza gisa sustatzea eta kultura zientifiko eta teknikoa hedatzea” izeneko programa mobilizatzailearen barruan martxan jarritako ekintzak politika horren parte izango dira.


9.2.16. 83-520 Legea, 1983ko ekainaren 27koa, Zigor Kodea, Zigor Prozeduraren Kodea eta legezko zenbait xedapen itsasoz haraindiko lurraldeetan aplikagarri bihurtzen dituena[1487]

II. TITULUA
Zigor Prozeduraren Kodeari buruzko xedapenak (8. artikulutik 66.era bitartean)

III. KAPITULUA
Instrukzio-arloko jurisdikzioak

13. artikulua

102. artikuluko bigarren apartatua aplikatuz, idazkariari eman ahal izango zaio interprete-lanak egin eta lurraldean hitz egin ohi diren hizkuntzetako batean esanak itzultzeko ardura. Halakoetan, itzultzaileari zinpekoa izan beharraren dispentsa emango zaio.

V. KAPITULUA
Delituak epaitzea

32. artikulua

407. artikulua aplikatuz, idazkariari eman ahal izango zaio interprete-lanak egin eta lurraldean hitz egin ohi diren hizkuntzetako batean esanak itzultzeko ardura. Halakoetan, itzultzaileari zinpekoa izan beharraren dispentsa emango zaio. Interprete ofizial iraunkorrik badago, bere eginkizunak betetzen hastean baino ez du zin egin beharko.


9.2.17. 84-594 Legea, 1984ko uztailaren 12koa, lurralde-mailako funtzio publikoko agenteen prestakuntzari buruzkoa eta lurralde-mailako funtzio publikoaren estatutu-xedapenak ematen dituen 1984ko urtarrilaren 26ko 84-53 Legea osatzen duena[1488]

I. TITULUA
Lurralde-mailako funtzio publikoko agenteen formazioa

I. KAPITULUA
Formazioa jasotzeko eskubidea

1. atala
Formazioa jasotzeko eskubidea egikaritzea

1. artikulua

Lurralde-mailako funtzio publikoari dagokionez, bizitzan zeharreko lanbide-heziketak hauek hartuko ditu barnean:

[…]

5. Analfabetismoari aurre egitearen eta frantsesa ikastearen aldeko ekimenak;

[…]


9.2.18. 85-695 Legea, 1985eko uztailaren 11koa, Ekonomiaren eta Finantzen Alorretako Zenbait Xedapen ematen dituena[1489]

40. artikulua

I. Errentaren gaineko zerga nahiz sozietateen gaineko zerga ezartzean, zuzenbide erkidearen baldintzen arabera sozietateen gaineko zerga ordaintzera beharturik dauden sozietateen kapitalaren eskudiru bidezko harpidetzak gastu kengarritzat joko dira, artikulu honetan definituriko baldintzekin bat etorriz, baldin eta obra zinematografikoen edo ikus-entzunezko obra baimendunen kapital-finantzaketa bada sozietate horien jarduera bakarra.

Sozietate horiek ezin izango dute 1. artikuluan ezarritako araubideak lekarkiekeen onurarik lortu, ez eta Zergen Kode Orokorraren 214 A artikuluko xedapenek lekarkieketenik ere.

Lehen apartatuan aipatzen den baimena Kultura-ministroak eman beharko die jatorriz frantsesez sortuak izan diren eta Europar Batasuneko kide den estatu bateko nazionalitatea duten obrei, eta horrek modua emango die 1960. urterako Aurrekontuei buruzko 1959ko abenduaren 26ko 59-1454 Legearen 76. artikuluan eta 1984. urterako Aurrekontuei buruzko 1983ko abenduaren 29ko 83-1179 Legearen 61. artikuluan industria zinematografikoa eta ikus-entzunezkoen industria babesteko neurriak jasotzeko, salbu eta:

- 1976. urterako Aurrekontuei buruzko 1975eko abenduaren 30eko 75-1278 Legearen 12. artikuluan ezarritako zerrendan ageri diren obrak;

- publizitate-izaera duten xedeetarako erabiltzekoak diren obra zinematografiko eta ikus-entzunezko obrak;

- informazio-saioak, gaurkotasuna duten gaiei buruzko debateak eta kirol- edo entretenimendu-saioak;

- sorkuntzarekin lotutako elementuak bigarren mailakoak baino ez dituzten ikus-entzunezko dokumentu edo saioak.

[…]


9.2.19. 85-1376 Legea, 1985eko abenduaren 23koa, Ikerketa eta Garapen Teknologikoari buruzkoa[1490]

Eranskinak (erantsitako artikulua)

VI. ZATIA
Ikerketarako eta garapenerako aurrekontu-baliabideen programazioa (erantsitako artikulua)

[…]

3. Programa mobilizatzaileak: prozedura eraginkorrak, jarraipena behar dutenak (erantsitako artikulua)

[…]

Azken alderdi horri dagokionez, “Frantsesa zientziarako hizkuntza gisa sustatzea eta kultura zientifiko eta teknikoa hedatzea” izeneko programaren ardatza aldatu egin beharko da, La Villete zientzien eta industriaren hiria sortu izanak ekarritako aukera berriak barnean har ditzan, eta erregioan ikerketarekin eta garapenarekin loturik martxan jar litezkeen jarduerak eta ekimenak zabaltzeko eta sustatzeko balio dezan indar horrek guztiak. Horretan, nagusiki, kultura zientifiko eta teknikoaren aldeko erregio-mailako zentroak eraiki beharko dira.

Zentrook ardatz-giltzarri hauen inguruan artikulatu beharko dira batez ere:

- ikerketaren alorreko langileen mobilizazioa (unibertsitate-organismoak eta unibertsitateko ikerketa-taldeak), legeak ezagutzaren hedapenarekin loturik ematen dien eginkizuna gauzatu dezaten;

- La Villette zientzien eta industriaren hiriaren eta kultura zientifiko eta teknikoaren aldeko beste zentro batzuen arteko artikulazio eraginkorra, batez ere sormena eta garapena sustatzea helburu duten erregio-mailako zentroen artekoa;

- kultura zientifiko eta teknikoarekin lotutako informazioaren hedapena enpresa-mundura;

- gazteentzako neurrien garapen eta jarraipena;

- hedabideen eta argitalpen-produktu berrien esparruko ekimen irmoak (zientziei eta teknikei buruzko entziklopediak, zientzia-itzulpenetarako laguntzak, irrati-telebisten bidezko hedapena) ;

- Europa osoan kultura zientifiko eta teknikoaren aldeko politikak martxan jartzeko lankidetza-sare trinkoa.

Datu-base eta -bankuen eta zientzia-argitalpenen sailetako zenbait ekimeni ere jarraipena eman beharko zaie, eta ekimenok sendotu egin beharko dira.

[…]


9.2.20. 86-845 Legea, 1986ko uztailaren 17koa, Polinesia Frantseseko lan-arloko zuzenbidearen printzipio orokorrei buruzkoa eta lan-arloko ikuskatzailetzen eta auzitegien antolaketari eta funtzionamenduari buruzkoa[1491]

I. LIBURUA
Lan-arloko zuzenbidearen printzipio orokorrak

I. TITULUA
Lanari buruzko konbentzioak

II. KAPITULUA
Lan-kontratua

4. artikulua

Lan-kontratua zuzenbide erkideko arauen mende egongo da. Alde kontratugileak adosten duen moduan aurkeztu ahal izango da kontratua. Idatziz aurkezten bada, kontratua frantsesez idatzi beharko da, eta, harekin batera, Polinesia Frantseseko hizkuntzetako batean ere aurkeztu beharko da kopia bat, soldatako langileak hala eskatuz gero.

Zerbitzuak aldi eta enpresa jakin baterako baino ezin izango dira eskaini.

5. artikulua

Baldin eta soldatako langilea atzerritarra bada, eta kontratua idatziz aurkeztekoa bada, kontratuaren kopia bat langilearen hizkuntzan idatzi beharko da, hark hala eskatuz gero. Frantsesez idatzitako testua bakarrik joko da benetakotzat.


9.2.21. 86-897 Legea, 1986ko abuztuaren 1ekoa, Prentsaren Araubide Juridikoa aldatzen duena[1492]

7. artikulua

Hargatik eragotzi gabe Frantziak hitzartuak dituen nazioarteko konpromisoak eta, konpromiso horiek direla medio, prentsaren esparruan betetzekoak diren klausulak —kanpotarrak bertakoak balira bezala tratatzea dakartenak eta elkarrekikotasun-klausulak—, atzerritarrek ezin izango dute, lege hau argitaratzen denetik kontatzen hasita, ez zuzenean eta ez zeharka frantsesez argitaratzen duen enpresa baten kapital sozialaren edo boto-eskubideen gaineko partaidetzen ehuneko hogei baino gehiago eskuratzerik izango.

Aurreko apartatua aplikatzean, atzerritartzat joko da kapital sozialaren zatirik handiena edo boto-eskubidea duten norbanako gehienak atzerritarren esku dituen eta buruzagi gehienak atzerritarrak dituen sozietate oro.


9.2.22. 86-1067 Legea, 1986ko irailaren 30ekoa, Hedabideen Komunikazio Askatasunari buruzkoa
(Léotard legea)[1493]

3-1 artikulua

[…]

Denei trataera bera ematen zaiela ziurtatu beharko du, ikus-entzunezkoen komunikazio-sektore publikoan independentzia eta inpartzialtasuna nagusi direla bermatu, eta irrati-telebistetako arduradunen eta zerbitzu-banatzaileen artean lehia askea eta harreman ez-diskriminatzaileak erraztu, zerbitzu-hornitzaileok darabilten komunikazio-sare elektronikoa zeinahi dela ere, neutraltasun teknologikoaren printzipioarekin bat etorriz. Halaber, programen kalitate eta aniztasunaz ere arduratu beharko du, bai eta ikus-entzunezko obra nazionalak sortzen eta garatzen direla zaintzeaz ere, [1494]zeinean sartzen baitira itsasoz haraindiko dimentsioa eta musika-aniztasunaren sustapena. Bera Frantziako hizkuntzaz eta erregioetako hizkuntzez osatutako kultura eta hizkuntza-ondare nazionala defendatu eta argitzeaz arduratzen da. Programen kalitatea nola hobetu ere formulatu ahal izango du. [1495]Lurreko uhin hertziarren bidez hedatutako ikus-entzunezko zerbitzuei zenbaki logiko bat esleitzen die, interes publikoa zainduz, betiere informazioaren aniztasunari eta editoreen arteko parekidetasunari dagokienez, eta horretarako bloke zehatzak eratu ahal izango ditu haiek osatzen dituzten zerbitzuen programazioaren arabera. Lurreko uhin hertziarren bidez emandako telebista-zirkuitu irekiko zerbitzu nazionala sareratzean kateen zenbakitze-sistema egokia dela bermatu beharko du, 34-4 artikuluan ezarritako modalitateekin bat etorriz, bai eta zerbitzu-hornitzaileen programa-eskaintzen barruko gainerako telebista-zerbitzuen zenbakitze-sistema parekidea, gardena, homogeneoa eta ez-diskriminatzailea dela ere.

[…]

I. TITULUA
Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzailea[1496]

18. artikulua[1497]

Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzailearen[1498] jarduerei buruzko urteroko txostenean honako xehetasun hauek azaldu beharko dira:

[…]

4. Azpitituluak dituzten telebista-saioen kopurua, bai eta zeinu-hizkuntzara itzulitakoena ere, hala hobeto ikus dadin emanaldien sozietate nazionalei, telebista-kate publikoei eta antzeko zereginetan aritzen diren gainerako erakunde publikoei zenbat kostatzen zaien beren saioak azpititulatzea eta zeinu-hizkuntzara itzultzea.

[…]

8. Balantze bat, irrati-kateetako arduradunek 28. artikuluko 2 bis zenbakiko eta 33. artikuluko 5. zenbakiko xedapenekin loturik egindakoa, frantsesez edo Frantzian hitz egiten diren hizkuntza erregionaletako batean sortuak izan diren musika-lanen emanaldiei, jendeari proposatzen zaizkion musika-lanen aniztasunari, egiaztatuak izan diren urraketei aurre egite aldera Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileak[1499] martxan jarritako neurriei eta, hala badagokio, neurriok aplikatu ez izanaren arrazoiei buruzkoa.

[…]

20-1 artikulua

Frantsesa nahitaez erabili beharko da ikus-entzunezko organismo eta komunikazio-zerbitzuen emanaldi eta iragarkietan, zeinahi dela ere haiek hedatzeko eta banatzeko modua, salbu jatorrizko bertsioan ematekoak diren obra zinematografiko eta ikus-entzunezko obrak.

Hargatik eragotzi gabe lege honen 28. artikuluko 2 bis zenbakiko xedapenak, aurreko apartatua ez zaie aplikatuko hitz guztiak edo batzuk atzerriko hizkuntzaren batean idatzirik dituzten musika-lanei.

Lehen apartatuan aurreikusitako betebeharra ez zaie aplikatuko oso-osorik atzerriko hizkuntzaren batean emateko xedez edo hizkuntzak ikasteko xedez sortuak izan diren saioei edo saioon barruan ematekoak diren iragarkiei, ez eta kultura-ekitaldien emanaldiei ere.

Baldin eta artikulu honetako lehen apartatuan aipatzen diren publizitate-emanaldi edo -mezuak atzerriko hizkuntzetarako itzulpen eta guzti ematen badira, atzerriko hizkuntzan ematen denak bezain irakurgarria, entzungarria edo adigarria izan beharko du frantsesezko azalpenak.

II. TITULUA
Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak

I. KAPITULUA
Uhin hertziarren bidezko zerbitzuak

III. atala
Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuei aplikagarriak zaizkien arauak

27. artikulua

Organismo publikoen interes orokorreko proiektuak eta lurreko uhin hertziarren bidez emandako komunikazio-zerbitzuak era askotakoak direla aintzat harturik, Estatu Kontseiluaren zenbait dekreturen bidez zehaztu beharko dira honako hauen gaineko betebeharren printzipio orokorrak:

[…]

2. Ikusle edo entzule gehieneko orduetan batik bat, ematen diren obra zinematografikoen eta ikus-entzunezko obren gutxienez % 60 jatorriz europarra izatea eta ematen diren obra zinematografikoen eta ikus-entzunezko obren gutxienez % 40 jatorriz frantsesa izatea;

[…]

28. artikulua[1500]

Programa sozietate nazionalek ustiatzen dutenean izan ezik, lurreko bide hertziarrez hedatzen den zerbitzu bakoitzeko irrati-baliabidea erabiltzeko baimenak emateko, aurretik hitzarmen bat egin beharko da Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzailearen (Estatuaren izenean) eta baimena eskatzen duenaren artean.

[…]

Hitzarmenak, batez ere, ondoko puntuetako bat edo batzuk izango ditu:

[…]

2 bis. Frantsesez eta Frantzian hitz egiten diren hizkuntza erregionaletako batean interpretaturiko musika-lanen arteko proportzioa: gutxienez % 40 frantsesezko abestiak izango dira, haien erdiak talentu berrienak edo produkzio berrietakoak, eta entzule gehieneko orduetan programatu beharko dira Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzailearen[1501] baimena duten irrati-kateetako musika- eta entretenimendu-saioetan.

Baldin eta frantsesezko musika-lanen edo Frantzian hitz egiten diren hizkuntza erregionaletako batean interpretaturikoen emanaldien erdiak baino gehiago badaude irrati-kate batek gehien programaturiko frantsesez edo Frantzian hitz egiten diren hizkuntza erregionaletako batean interpretaturiko hamar musika-lanen artean, muga hori gainditzen duten emanaldiak edo entzule gehieneko orduetan ematekoak ez direnak ez dira kontuan hartuko 2 bis hau aplikatzea helburu duen konbentzioan zehazturiko proportzioei dagokienez.

[…]

4. Frantsesez sortuak izan diren obra zinematografikoen emanaldi-eskubideak eskuratzea xede duen negozio-bolumenaren zatia;

4 bis. Frantsesa eta frankofoniaren ospe ona errespetatzen direla bermatzeko berariazko xedapenak;

[…]

30-1 artikulua

Hargatik eragotzi gabe 26. artikuluko xedapenak, Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileak[1502] artikulu honetako baldintzekin bat etorriz eman beharko du baimena lurreko uhin hertziarren bidezko telebista-kate digitalek beren emanaldiak baliabide erradioelektrikoak erabiliz eman ditzaten.

[…]

III. Izangaien entzunaldi publikoari ekingo dio Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileak[1503].

[…]

Bereizmen handiko edo oso handiko telebista-kateen arduradunei baimenak emateari dagokionez, dagoeneko baimena lortua duten lurreko uhin hertziarren bidezko telebista-kate digitalak zein eremu geografikotakoak diren, eremu horiexetako kateei emango zaie lehentasuna. Horretan, kontuan hartuko da izangaiak zenbaterainoko konpromisoa duen bere gain hartua, kopuruari eta generoari dagokienez, bereizmen handiko edo oso handiko saioak ekoizteko eta emateko, batez ere obra zinematografiko eta ikus-entzunezko obra europarrak eta jatorriz frantsesez sortuak direnak programatzeko, bai eta formatua bereizmen handiko edo oso handiko telebistaren beharrizanetara gehien egokitzen dituzten saioak emateko eta ahalik eta jende gehiena bereizmen handiko telebista-kateak ikustera bultzatzeko ere.[1504]

Bereizmen handiko edo oso handiko telebista mugikorren arduradunei baimenak emateari dagokionez, kontuan hartuko da izangaiak zenbaterainoko konpromisoa duen bere gain hartua, kopuruari eta generoari dagokienez, zenbait saio-mota ekoizteko eta emateko, batez ere obra zinematografiko eta ikus-entzunezko obra europarrak eta jatorriz frantsesez sortuak direnak programatzeko, bai eta formatua telebista mugikorraren beharrizanetara gehien egokitzen dituzten saioak emateko ere. [1505]

II. KAPITULUA
Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileak esleitzen dituen maiztasunak erabiltzen ez dituzten sareek banatutako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuei aplikatu beharreko xedapenak[1506]

I. atala
Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileak esleitzen dituen maiztasunak erabiltzen ez dituzten sareek banatutako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen edizioa[1507]

33. artikulua[1508]

Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileak emandakoak ez diren maiztasunak dituzten sareen bidez hedaturiko irrati- edo telebista-kateen kategoria bakoitzari dagokionez, Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzailearen irizpen batean oinarriturik eta Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez zehaztu beharko dira honako alderdi hauek:

[…]

5. Frantsesa eta frankofoniaren ospe ona errespetatzen direla bermatzea xede duten berariazko xedapenak, bai eta frantsesezko musika-lanak eta Frantzian hitz egiten diren hizkuntza erregionaletako batean interpretaturiko musika-lanak irrati-telebistetan emateari buruzkoak ere,

[…]

9. Ikusle edo entzule gehieneko orduetan batik bat, ematen diren obra zinematografiko eta ikus-entzunezko obra europarren eta jatorriz frantsesez sortuak direnen kopurua: gutxienez % 60 eta % 40, hurrenez hurren;

10. Obra zinematografiko eta ikus-entzunezko obra europarren eta jatorriz frantsesez sortuak direnen kopurua, telebista-katearen arduradunak ekoizpenean egindako inbertsioaren zenbatekoa aintzat harturik alda daitekeena, nahiz eta, obra europarrei dagokienez, kopuru hori ezingo den izan % 50 baino apalagoa.

Europar Batasuneko kide ez diren estatuetako hizkuntzetan ematen diren kateei dagokienez, 5. eta 10. zenbakietako xedapenak indargabetzeko modua aurreikusi beharko da gorago aipatu dekretuan. Hargatik eragotzi gabe Frantziak hitzartuak dituen nazioarteko konpromisoak, eta beren saioak Frantziatik kanpora ematen dituzten kateei dagokienez, 3. eta 10. zenbakietako xedapenak indargabetzeko baimena ere eman liteke.

33-1 artikulua

[…]

Egokitutako gailuei dagokienez, eta entzule eta ikusle gehieneko orduetan batik bat, gor eta gor-mutuentzako irisgarritasun-baliabideak eskaintzen dituzten saioen kopurua izango da, bereziki, konbentzioaren ardatza, eta, alde horretatik, saioak denek entzun eta ikusteko modukoak direla bermatu beharko du nagusiki. Urteko batez besteko entzulerien % 2,5 gainditzen duten telebista-kateei dagokienez, Eskubide eta aukera-berdintasunari eta zailtasunak dituzten pertsonen parte-hartze eta herritartasunari buruzko 2005eko otsailaren 11ko 2005-102 Legea argitaratzen denetik hasi eta gehienez ere bost urteko epean aplikatu beharko dute betebehar hori publizitate-mezuek ez beste saio guztiek. Saio batzuen ezaugarriak direla medio, dena den, xedapenok indargabetzea ere aurreikus liteke aipatu dekretuan. Bai kapitala eta bai boto-eskubidearen gaineko partaidetza % 80 baino handiagoa duten irrati-kate eleaniztunetako arduradunen arteko konbentzioak, baldin eta Europako Kontseiluaren parte diren estatuetan sorturiko irrati-difusiozko zerbitzu publikoetako arduradunen artekoak badira eta 44. artikuluan aipatzen diren sozietateetako baten esku badago zerbitzuotako kapitalaren eta boto-eskubideen gaineko partaidetzen gutxienez % 20, ez dira xedapenon mende egongo.

[…]

33-2 artikulua

[1509]Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileak emandakoak ez diren maiztasunak dituzten sareen bidez hedaturiko ordainpeko ikus-entzunezko hedabide-zerbitzuen kategoria bakoitzari dagokionez, Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzailearen irizpen batean oinarriturik eta Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez zehaztu beharko dira honako alderdi hauek:

[…]

2. Frantsesa eta frankofoniaren ospe ona errespetatzen direla bermatzeko berariazko xedapenak;

[…]

III. KAPITULUA
Baimenpeko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu guztiei aplikagarriak zaizkien xedapenak

40. artikulua

Hargatik eragotzi gabe Frantziak hitzartuak dituen nazioarteko konpromisoak, sozietate bati ezin izango zaio baimenik eman lurreko uhin hertziarren bidezko irrati- edo telebista-zerbitzuak frantsesez emateko, baldin eta haren kapitalaren edo boto-eskubidearen gaineko partaidetzaren % 20 baino gehiago zuzenean edo zeharka nazionalitate atzerritarra duten pertsonen esku badago.

[…]

41-3 artikulua

39., 41., 41-1, 41-1-1, 41-2 eta 41-2-1 artikuluen aplikazioari dagokionez:

[…]

2. Baimena zeinahi pertsona fisiko edo juridikori eman ahal izango zaio, baldin eta, Merkataritza Kodearen 233-3 artikuluan ageri diren irizpideen arabera, haren kontrolpean, gidaritzapean edo mendean badago baimenaren titularra izango den sozietatea, bai eta beste nornahiri ere, baldin eta hark ustiatzen edo kontrolatzen duen lurreko uhin hertziarren bidezko irrati- edo telebista-kateak satelite bidezko irrati-telebisten maiztasunen bidez atzerritik edo atzerriko estatu batenak diren maiztasunen bidez soilik ematen baditu bere emanaldiak, eta emanaldi horiek, normalean, frantsesez entzuten edo ikusten badira Frantzian;

[…]

42. artikulua[1510]

[…]

Artikulu honen lehen apartatuan ezartzen den berandutzeko akusazio-prozedura martxan jar dezala eskatu ahal izango diote Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileari honako talde eta elkarte hauek: ikus-entzunezko komunikazioaren sektorean ordezkari gehien dituzten antolakunde profesional eta sindikatuek, Frantzian onura publikoko izaera aitortua duten informazio-askatasunaren aldeko elkarteek, hizkuntza erregionalen erakunde publikoek eta hizkuntza eta kultura erregionalak sustatzearen aldeko elkarteek, familia-elkarteek eta emakumeen eskubideen aldeko elkarteek, bai eta ikus-entzuleen eskubide eta interesak babestea helburu sozialtzat duten elkarteek ere.

III. TITULUA
Ikus-entzunezkoen sektore publikoa

43-11 artikulua[1511]

44. eta 45. artikuluetan aipatzen diren sozietateek zerbitzu publikoko eta interes orokorreko eginkizunak izango dituzte. Ikus-entzuleei, oro har, aniztasunagatik eta pluralismoagatik bereizten diren saio eta zerbitzuak eskaini beharko dizkiete, eta saio eta zerbitzuok bat egin beharko dute kalitate- eta berrikuntza-irizpideekin, eta pertsonen eskubideak eta Konstituzioan definitutako printzipio demokratikoak errespetatu beharko dituzte.

Saio- eta zerbitzu-eskaintza analogiko eta digital ugaria aurkeztu beharko dute, informazioarekin, kulturarekin, ezagutzarekin, entretenimenduarekin eta kirolarekin loturiko edukiak dituena. Eztabaida demokratikoa eta herritarren arteko solasaldiak sustatu beharko dituzte, bai eta gizarteratze- eta herritartasun-printzipioak ere.

Gizarte-kohesioaren eta kultura-aniztasunaren aldeko ekimenak martxan jarri beharko dituzte, bai eta emakumeen eskubideen aldekoak eta haien kontrako diskriminazioari aurre egitekoak ere. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeari lotu beharko zaizkio nagusiki, bai eta aurreiritzi sexistei, emakumeen kontrako indarkeriari eta bikote barruko indarkeriari aurre egiteari ere, eta Frantziako gizartean —batez ere itsasoz haraindikoan— nagusi den aniztasunaren berri ahalik ondoena emateari ere bai. Frantziako gizartean nagusi den aniztasuna islatzen duten saioak programatu beharko dituzte. Frantsesa sustatzeaz arduratu beharko dute, eta, halakorik bada, baita hizkuntza erregionalen berri emateaz ere, eta Frantziako kultura- eta hizkuntza-ondarearen aniztasun eta balioa ezagutarazi beharko dute. Bere gain hartu beharko dute sormen-lan intelektuala, artea, ezagutza zibiko, ekonomiko, sozial, zientifiko eta teknikoak, eta ikus-entzunezkoen eta hedabideen gaineko heziketa garatzeko eta hedatzeko konpromisoa. Atzerriko hizkuntzen irakaskuntza bultzatu beharko dute, eta ingurumenerako eta garapen jasangarrirako hezkuntzan parte hartu. Osasunari eta sexualitateari buruzko informazio-zerbitzu bat ere ziurtatu beharko dute.

Egokitutako gailuei dagokienez, gor eta gor-mutuentzako irisgarritasun-baliabideak eskaintzen dituzten saioak sustatu beharko dituzte.

Ematen duten informazioa zintzoa, independentea eta plurala dela bermatu beharko dute, eta ahalik eta pentsamendu- eta iritzi-ildo gehienak aintzat hartu, trataera-berdintasunaren printzipioarekin bat etorriz eta Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzailearen aholkuei jaramon eginez[1512].

Ikus-entzunezko komunikazio-organismo publikoei, beren zereginen izaera dela medio, ikus-entzunezko auzietarako atzerri-ekintzez arduratzea dagokie, eta, alde horretatik, frankofoniaren ospe ona sustatu eta frantsesa eta Frantziako kultura hedatu beharko dute mundu osoan barrena. Beren saio-eskaintza aberastea edo osatzea helburu duten zerbitzu berriak garatu beharko dituzte, bai eta ikus-entzunezko saio eta zerbitzuak ekoizteko eta hedatzeko teknologia berriak ere.

Txosten bat bidali beharko dute urtero Parlamentura, eta, hartan, artikulu honetako xedapenak zenbateraino eta nola aplikatu dituzten azaldu beharko dute.

44. artikulua[1513]

I. […]

Frantziako Telebistak erregio-mailako saioak sortu eta eman beharko ditu, lurralde bakoitzaren eta, halakorik bada, hizkuntza erregionalen berri eman eta haien balioa ezagutarazteko. Saiook deskonexio espezifikoen bidez emango dira, ikusle eta entzule gehieneko orduetan, eta nazio osoko ikus-entzuleentzat ere errepikatu ahal izango dira gero. Erregioko ekonomia-, gizarte- eta kultura-bizitzaren aniztasuna islatu beharko dute, eta gertuko informazioa eman.

[…]

IV. Frantziako ikus-entzunezko auzietarako atzerri-ekintzaz arduratu beharko duen sozietateak, Emanaldien Sozietate Nazionalak, helburu hauek izango ditu: frantsesa, Frantziako kultura eta frankofonia hedatzea eta sustatzea, eta Frantziak mundu osoan duen ospe ona babestea, eta, horretarako, Frantziari, frankofoniari, Europari eta nazioarteari buruzko gaurkotasun handieneko irrati- eta telebista-saio eta komunikazio-zerbitzu publikoak eskaintzea.

Xede horretarako, beren saioak frantsesez edo atzerriko hizkuntzaren batean, batez ere atzerrian bizi diren ikus-entzule frantsesentzat, baina baita atzerritarrentzat ere, sortzen dituzten sozietateen ikus-entzunezko zerbitzuen estrategia- eta koordinazio-ildoak definitu edo definitzen lagundu beharko du Emanaldien Sozietate Nazionalak, baldin eta sozietate horietako kapital osoa edo zati bat haren esku badago. Finantzaketa ere eman ahal izango die, eta aipatu zerbitzuok sortzeaz eta programatzeaz ere bera arduratu ahal izango da.

[…]

48. artikulua

[…]

44. artikuluko I. zenbakian aipatzen den baldintza-agirian, sozietateak espresuki zehaztu beharko du zein ekimen jarriko dituen martxan, batez ere ematen dituen saio eta fikziozko lanen bitartez, 43-11 artikuluan atzerriko hizkuntzen irakaskuntza sustatzeari buruz ezarritakoa betetzeko.

[…]

48-1 artikulua[1514]

[…]

Artikulu honen lehen apartatuan ezartzen den berandutzeko akusazio-prozedura martxan jar dezala eskatu ahal izango diote Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileari honako talde eta elkarte hauek: ikus-entzunezko komunikazioaren sektorean ordezkari gehien dituzten antolakunde profesional eta sindikatuek, Jabetza Intelektualaren Kodearen 321-1 artikuluan aipatutako kudeaketa kolektiboko organismoek, Frantzian onura publikoko izaera aitortua duten informazio-askatasunaren aldeko elkarteek, hizkuntza erregionalen erakunde publikoek eta hizkuntza eta kultura erregionalak sustatzearen aldeko elkarteek, Familia Elkarteen Batasun Nazionalaren aitortza jasoa duten familia-elkarteek eta emakumeen eskubideen aldeko elkarteek.

53. artikulua

[…]

Zerbitzu publikoko eginkizunei dagokienez, hala nola 43-11 artikuluan definitzen direnei dagokienez, sozietate edo establezimendu publiko bakoitzaren helburu eta baliabideen kontratuan alderdi hauek zehaztu beharko dira:

- obra zinematografiko eta ikus-entzunezko obra europarrak eta jatorriz frantsesez sortuak direnak ekoizte aldera sozietateak, 44. artikuluko I. zenbakiarekin bat etorriz, egindako gutxieneko inbertsioaren zenbatekoa, bai irabaziekiko proportzioarena eta bai balio absolutuarena;

[…]

IV. TITULUA
Emanaldien Sozietate Nazionalak “TF1” katea lagatzea

64. artikulua

Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez zehaztutako epean, eskuratzaile-izangaiek zerbitzua ustiatzeko proiektua aurkeztu beharko dute. Proiektu horretan, 62. artikuluan aipaturiko baldintza-agirian ageri diren betebeharrez gain, izangaiek hitzartuko dituztela hitzematen duten konpromisoak ere aipatu beharko dira. Konpromisook hauekin loturik egongo dira:

[…]

2. Jatorriz frantsesez sortuak diren obrak estreinako aldiz ematea Frantzian;

[…]

V. TITULUA
Sormenezko obra zinematografikoak garatzea

70. artikulua

[…]

Aurreko apartatuan aipatzen diren baimen, dekretu eta baldintza-agirietan obra zinematografikoak hedatzeari buruz ezartzen diren xedapenek honako alderdi hauek zehaztu beharko dituzte:

[…]

2. Ikusle edo entzule gehieneko orduetan batik bat, ematen diren obra zinematografikoen eta ikus-entzunezko obren gutxienez % 60 jatorriz europarra izatea eta ematen diren obra zinematografikoen eta ikus-entzunezko obren gutxienez % 40 jatorriz frantsesa izatea;

[…]

VII. TITULUA
Zenbait xedapen

[…]

81. artikulua[1515]

Gor eta gor-mutuentzako saioak egokitzeari dagokionez, eta 28. artikuluko 5 bis zenbakia, 33-1 artikuluko laugarren apartatua eta 53. artikuluko laugarrena aplikatze aldera, Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileak, berari dagokion neurrian, urtero kontsultatu beharko dio Gizarte-ekintzaren eta Familiaren Kodearen L. 146-1 artikuluan aipatzen den Zailtasunak dituzten Pertsonei buruzko Aholku Batzorde Nazionalari. Kontsulta hori oso modu berezian egongo da loturik helburu eta baliabideen kontratu eta konbentzioetan azpitituluei eta frantsesezko zeinu-hizkuntzari buruz aipatzen diren betebeharrekin, saio batzuen ezaugarriak direla-eta modu justifikatuan aplikatzekoak diren indargabetzeekin, eta irrati- eta telebista-kateen arduradunek gor eta gor-mutuen alde beren gain hartutako konpromisoekin.


9.2.23. 86-1383 Legea, 1986ko abenduaren 31koa, itsasoz haraindiko departamenduetako, Saint-Pierre eta Mikelumeko eta Mayotteko garapen-programei buruzkoa[1516]

[…]

II. Hezkuntza

Estatuak erabateko lehentasuna eman beharko dio itsasoz haraindiko departamenduetan, Saint-Pierre eta Mikelumen eta Mayotten eskola-ekipamenduak eta esparru pedagogikoaren kalitatea hobetzeari, bai eta nekazaritzaren arloko ikasketak, lanbide-heziketa eta ikasketa tekniko eta teknologikoak garatzeari ere.

Alde horretatik, Estatua estuki lotuko zaio Antilletako, Guyanako eta Réunioneko ikastegietan goi-mailako ikasketa teknologikoak eta atzerriko hizkuntzen irakaskuntza garatu eta eskaintzeko lanari. Ikasketa horiek ziurtatzeaz nor arduratuko den (Teknologiako Unibertsitate Institutua, beste unibertsitate batzuk, lizeoak), hori 1987ko urtarrilaren 1etik aurrera identifikatzen diren premien eta aukeren arabera zehaztu beharko da.

Saint-Pierre eta Mikelumen eta Mayotten programa berezi bat aplikatuko da.

[…]


9.2.24. 87-571 Legea, 1987ko uztailaren 23koa, Mezenasgoa garatzeari buruzkoa[1517]

26. artikulua

Berdintasunari eta Herritartasunari buruzko 2017ko urtarrilaren 27ko 2017-86 Legea betez idatziak dira l5., 18.-20., 20-2, 20-3, 22. eta 23. artikuluak, eta Wallis eta Futuna uharteetan eta Kaledonia Berrian izango dira aplikagarriak, hargatik eragotzi gabe honako aldaketa hauek:

1. 5. artikuluko II. zenbakiko lehen apartatua honela idatzi beharko da:

Onura publikoko erakundeek, baldin eta izaera filantropikoa duten interes orokorreko jardueren eta organismoen aldeko inbertsioak jasotzeko baimena badute, dela kirol-, familia- eta kultura-izaera edo izaera zientifiko, sozial eta humanitarioa dutenak, dela ondare artistikoaren balioa ezagutaraztearekin lotuta daudenak, dela natura-ingurunea babestearekin lotuta daudenak, dela Frantziako kultura, hizkuntza eta ezagutza zientifikoa hedatzearekin lotuta daudenak, edo baldin eta jarduera eta organismo horien aldeko inbertsioak erakundeon bitartez jasotzen badira, Merkataritza Kodean ezarritako printzipioekin bat etorriz finkatu beharko dituzte beren urteko kontuak;

2. 18-2 artikuluko laugarren apartatuari dagokionez, hitz hau kendu beharko da: “erregioan”;

3. Wallis eta Futuna uharteetan eta Kaledonia Berrian aplikagarriak ez diren xedapenei buruz lege honetan egiten diren erreferentzien ordez, eta betiere kontuan harturik legeak ez duela haiei dagokien aldaketarik egitea aurreikusten, tokian-tokian objektu aplikagarri bera duten xedapenei egin beharko zaie erreferentzia.


9.2.25. 89-436, 1989ko ekainaren 30ekoa, Parlamentario Frantses-hiztunen Nazioarteko Elkartearen (AIPLF) nazioartekotasunaren aitortzari, pribilegioei eta immunitateari buruzkoa[1518]

1. artikulua

Parlamentario Frantses-hiztunen Nazioarteko Elkartea (AIPLF) frankofoniako nazioarteko elkarte bat da, eta, alde horretatik, bere zereginen izaera dela medio, ondoren definituko diren immunitate eta pribilegioak izango ditu Frantzian.

2. artikulua

Frankofoniako instituzio parlamentario ordezkatzailea da Parlamentario Frantses-hiztunen Nazioarteko Elkartea. Elkarteko kideak zein parlamentu edo batzordetako parlamentarioak diren, parlamentu eta batzorde horiek zuzenean eratua izango da elkartea, eta, hori dela eta, guztiz leku pribilegiatua izango du frankofoniako buruzagi eta herrien artean.

Frantsesaren ospe ona babesteko denetariko ekimenetan elkarlana nagusi izan dadin lortzea izango da elkartearen xede nagusia, frantsesa baita hura hitz egiten dutenen ondasun erkidea.

3. artikulua

Bere nortasun juridikoaren eta zereginen izaera dela medio, elkarteak ahal hauek izango ditu:

a) Kontratuak burutzeko ahala;

b) Ondasun higigarri eta higiezinak eskuratzeko eta besterentzeko ahala;

c) Epaitegietara jotzeko ahala;

4. artikulua

Nazioarteko instituzio interparlamentarioa den aldetik, elkarteak independentzia eta ekintza-askatasuna izango ditu Frantziako lurralde osoan.

5. artikulua

I. Elkarteak bere jarduerekin loturiko premietarako dituen lokalak bortxaezinak izango dira. Frantziako Errepublikako agente eta funtzionarioak ezin izango dira inola ere haietan sartu beren eginkizun ofizialak egikaritzeko, baldin eta elkarteak berak, elkarteko idazkari nagusiaren edo haren ordezkariaren bidez, ez badu horretarako adostasuna ematen edo eskaera egiten.

Dena den, idazkari nagusiak adostasuna ematen duela joko da berehalako babes-neurriak aplikatzea eskatzen duten kasuetan (ageri-ageriko delituak, suteak edo beste ezbehar batzuk).

II. Elkarteak galarazia du bere lokaletan babesa ematea ageri-ageriko delitu edo krimen baten ondorioz auzipeturik dagoen edo agintari frantsesen agindu judizial baten, zigor-arloko kondena baten edo kanporatze-erabaki baten objektu den zeinahi pertsonari.

III. Elkartearen artxiboak, eta, oro har, elkartearen jabetzakoa den dokumentu oro, bortxaezinak izango dira. Elkartearen korrespondentzia ere bortxaezina izango da.

6. artikulua

I. Elkartea jurisdikzio-organo frantsesen mende egongo da. Dena den, elkartearen ondasun higigarri eta higiezinek, hala nola elkartearen egoitzak eta hura osatzen duten gauzek, immunitatea izango dute, non eta elkarteko idazkari nagusiak edo haren ordezkariak ez duten jakinarazten elkarteak espresuki uko egiten diola immunitate horri.

Zeinahi miaketa, errekisizio, konfiskazio, bahiketa eta edonolako premiamendu administratibo edo judiziali dagokienez ere, aipatu ondasunek immunitatea izango dute.

II. Aurreko paragrafoko xedapenak ez dira kasu hauetan aplikatuko:

a) Baldin eta hirugarren batek akzio zibilak hasi baditu elkartearen jabetzakoa den edo haren izenean zirkulatzen duen ibilgailu batek eragindako istripu baten ondoriozko kalteengatik;

b) Baldin eta elkarteko langile baten zorragatik haren soldata enbargatzea erabaki bada behin betiko erabaki judizial betearazle baten bidez;

c) Baldin eta aurreko paragrafoan aipatzen diren neurriak beharrezkoak badira arbitraje-laudo bat betearazteko;

D) Baldin eta, erabaki judizial baten ondorioz, langileei legez dagozkien prestazioak ordaindu behar bazaizkie.

7. artikulua

Bere eginkizunak betetzeko, elkarteak denetariko diru, funts eta dibisak jaso eta eduki ahal izango ditu, bai eta nahi adina kontu ere; diru hori Frantziako lurralde batetik bestera igorri ahal izango du elkarteak, bai eta Frantziatik beste herrialde batera edo beste herrialde batetik Frantziara ere.

8. artikulua

I. Bere jarduerek dakarzkioten beharrekin loturik, elkarteak ez du bere ondasun eta mozkinen gaineko zuzeneko zergarik ordaindu beharrik izango. Dena den, elkartea beharturik egongo da emandako zerbitzuengatiko zergak ordaintzera.

II. Bere jardueretarako beharrezkoak badira, elkarteak ez du zerga hauek ordaindu beharrik izango inportatzen edo esportatzen dituen salgaiengatik:

a) Aduana-zergak eta ondorio baliokideak dituzten ordainarazpenak;

b) Negozio-bolumenaren gaineko zergak.

III. Elkarteak bere gain hartu beharko du, zuzenbide erkideko baldintzekin bat etorriz, saltzen dituen salgaien edo ematen dituen zerbitzuen prezioengatiko zeharkako zergen ordainketa.

Dena den, Estatuko aurrekontuen alde jasotzekoak diren negozio-bolumenaren gaineko zergak, baldin eta ondasun higigarrien erosketa handien edo idazkaritzaren jarduera ofizialekin loturiko zerbitzuen gainekoak badira, amortizatzeko modukotzat joko dira, agintari eskudunekin batera zehaztu beharreko baldintzekin bat etorriz.

9. artikulua

Idazkari nagusiak hala eskatuz gero, agintari frantses eskudunek Frantzian sartzeko eta bertan egonaldi bat egiteko baimenak eman beharko dizkiete honako hauei, horrek elkarteari gasturik eta justifikaziorik gabeko atzerapenik ez eragiteko moduan —ordena publikoarekin lotutako motibo batengatik kontrakoa erabakitzen ez bada behintzat—, elkartearen aurrean bete behar dituzten eginkizun eta zereginenek irauten duten denbora-tartean hartaz balia daitezen:

a) Ordezkaritzetako kide, aholkulari eta adituei;

b) Elkarteko langileei eta haien ardurapeko familiartekoei.

II. 1. paragrafoan aipatzen diren pertsonek ez dute berrogeialdiei eta osasun publikoari buruzko araudia aplikatzearen dispentsarik izango.

10. artikulua

Baldin eta nazionalitate frantsesik ez badute, elkarteko idazkaritza nagusiko langileek:

a) beren altzari eta ondasunak ekartzeko eskubidea izango dute, baldin eta lehen atzerrian bizi baziren eta Frantziara aurreneko aldiz badatoz;

b) egonaldi-baimen berezi bat jasoko dute, agintari frantses eskudunek emana, berentzat, beren ezkontideentzat edo beren ardurapeko seme-alabentzat, baldin eta Frantzian bizi ez badira;

c) aldi baterako inportazio-araubide dispentsaduna aplikatuko zaie, autoa ekarri ahal izan dezaten;

d) ez dute bete beharrik izango ez zerbitzu nazionala eta ez Frantzian nahitaezkoa den beste edozein zerbitzu.

11. artikulua

Hargatik eragotzi gabe indarrean dauden nazioarteko konbentzioen aplikazioa, elkarteko langileak Gizarte Segurantzari eta lan-arloko istripuei buruzko legeria frantsesaren mende egongo dira.

12. artikulua

I. Lege honetan ezartzen diren immunitate eta pribilegioek ez dute helburutzat haien onuradunei abantaila pertsonalak ematea. Zeinahi egoeratan, eta haien zereginen izaera dela medio, elkarteko kideek guztiz modu aske eta independentean jokatzeko modua izan dezaten lortzea da immunitate eta pribilegio horiek ematearen arrazoia.

II. Idazkari nagusiak —edo, halakorik ezean, haren ordezkariak— immunitateari uko egiteko eskubidea eta eginbeharra izango du, baldin eta horrek justiziaren funtzionamendu normalari kalte egin diezaiokeela uste badu eta uko-egiteak elkartearen interesei batere kalterik egiten ez badio.

13. artikulua

Parlamentario Frantses-hiztunen Nazioarteko Elkartearen (AIPLF) nazioartekotasunaren aitortzari, pribilegioei eta immunitateari buruzko 1989ko ekainaren 30eko 88-3 Legea indargabeturik geratzen da.


9.2.26. 90-34 Legea, 1990eko urtarrilaren 10ekoa, atzerritarrak Frantzian sartzeko eta bertan egonaldi bat egiteko baldintzei buruzko 1945eko azaroaren 2ko 45-2658 Agindua aldatzen duena[1519]

3. artikulua

[…]

III. Administrazio Auzitegiko presidenteak, 1945eko azaroaren 2ko 45-2658 Aginduaren 22 bis artikulua aplikatuz, atxikia duen atzerritarrari laguntzeko izendaturiko interpreteen sari eta ordainei dagokienez, Estatuak bere gain hartu beharko ditu gastuok, atzerritarraren kontra errekurtsorik jartzeko modurik gabe, eta justizia penalaren, justizia korrekzionalaren eta polizia-zerbitzuen arloko gastuetarako aurreikusiriko baldintzen arabera.


9.2.27. 91-647 Legea, 1991ko uztailaren 10ekoa, Justiziaren Alorreko Laguntzei buruzkoa[1520]

I. ZATIA
Justiziaren alorreko laguntzak

V. TITULUA
Justiziaren alorreko laguntzen ondorioak

II. KAPITULUA
Justiziaren alorreko laguntzek estaltzen dituzten gastuak

40-1 artikulua

3-1 artikuluan aipatzen diren mugaz bestaldeko auziei dagokienez, demanda eta haren instrukziorako beharrezkoak diren dokumentu guztiak jurisdikzio-organo eskuduna dagoen estatura bidali aurretik haiek guztiak itzultzeagatiko gastuak estaliko dituzte justiziaren alorreko laguntzek. Demanda baztertzen bada, Estatuak bere gain hartu ahal izango ditu itzulpen-gastuak.

Baldin eta epaiketa Frantzian egitekoa bada, auzi-mota berberengatiko justiziaren alorreko laguntzek estali beharko dituzte bai interpretazio-gastuak, bai laguntzen onuradunak azaldutako zioak aztertze aldera epaileak ezinbestekotzat jotzen dituen dokumentuen itzulpen-gastuak, bai, epaileak bere aurrera aurkez dadin eskatzen badie, tartean diren pertsonak auzitegira joan beharrak dakartzan gastuak.


9.2.28. 94-99 Legea, 1994ko otsailaren 5ekoa, Polinesia Frantsesaren garapen ekonomiko, sozial eta kulturalaren orientazioari buruzkoa[1521]

Eranskinak (erantsitako artikulua)

ERANSKINA
Orientazio orokorrak

[…]

Estatuak, batez ere lege honen 8. artikuluan aurreikusten diren konbentzioei eta garapen-kontratuei dagokienez, laguntza tekniko eta finantzarioa emango die lurraldeei, beren eskumenekin bat etorriz definituak dituzten ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren alorretako garapen-helburuak erdiets ditzaten.

Estatuaren laguntza tekniko eta finantzario horrek, nagusiki, honako helburu hauek erdiesteko modua eman beharko die lurraldeei:

[…]

13. Kultura- eta hizkuntza-ondare polinesiarra babestea eta haren balioa ezagutaraztea;

[…]


9.2.29. 94-665 Legea, 1994ko abuztuaren 4koa, Frantsesaren Erabilerari buruzkoa[1522]

1. artikulua

Konstituzioa dela medio, frantsesa da Errepublikako hizkuntza, bai eta Frantziako ondare eta nortasunaren funtsezko elementua ere.

Frantsesa da irakaskuntzako, laneko, harremanetako eta zerbitzu publikoetako hizkuntza.

Frantsesa da frankofonia osatzen duten estatuen arteko lotune nagusia.

2. artikulua

Frantsesaren erabilera nahitaezkoa izango da ondasun baten, produktu baten edo zerbitzu baten izendapen, eskaintza, aurkezpen, erabilera, aplikazio-eremuaren deskripzio eta berme-baldintzekin lotutako dokumentuetan, bai eta faktura eta ordainagirietan ere.

Xedapen berberak aplikatuko zaizkio idatzizko, ahozko nahiz ikus-entzunezko zeinahi publizitateri.

Artikulu honetako xedapenik ez zaie aplikatuko jende gehienarentzat guztiz ezagunak diren produktu tipiko eta bereziei, izen atzerritarra badute ere.

Markei buruzko legeria gorabehera, marka batek grabatuak dituen mezu eta testuei ez zaizkie aplikatuko artikulu honetako lehen eta hirugarren apartatuak.

3. artikulua

Bide publikoan, jendeari zabalik dagoen lekuren batean edo garraiobide publiko batean jendea informatzea helburu harturik ezartzen edo itsasten den idazkun edo iragarki oro frantsesez idatzi beharko da.

Baldin eta hirugarren erabiltzaile batek, aurreko xedapenak urratuz, pertsona juridiko publiko baten jabetzakoa den ondasun batean idazkun bat ezartzen badu, pertsona juridiko publiko horrek berak finkaturiko epean modu irregularrean jokatzeari utz diezaiola errekeritu ahal izango dio hirugarren horri, eta azken horrek gastu guztiak bere gain hartu beharko ditu. Modu irregularrean jokatzeari uzteko errekerimendu horrek ondoriorik eragiten ez badu, eta arau-haustea astuna bada, arau-hausleari ondasuna erabiltzea galarazi ahal izango zaio, hari emandako baimenean edo harekin buruturiko kontratuan ageri diren estipulazioak gorabehera.

4. artikulua

Baldin eta aurreko artikuluan aipatzen diren idazkun edo iragarkiak pertsona fisiko edo juridiko publiko edo pribatuek ezarriak badira zerbitzu publikoren bat ematen ari direla, eta itzuli egin behar badira, gutxienez binaka egin beharko dira itzulpenak.

Baldin eta lege honen 2. eta 3. artikuluetan aurreikusten diren mezu, iragarki eta idazkunen itzulpen bat edo gehiago egin behar badira, atzerriko hizkuntzetan idatzirik dagoen testuak bezain irakurgarria, entzungarria edo adigarria izan beharko du frantsesezkoak.

Nazioarteko garraioen esparruari dagokionez, Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez zehaztuko dira artikulu honetako xedapenak noiz eta nola indargabetu ahal izango diren.

5. artikulua

Baldin eta pertsona fisiko edo juridiko publiko edo pribatuek zerbitzu publikoren bat ematen ari direla kontratu bat burutzen badute, kontratu hori frantsesez idatzi beharko da, haren objektua edo forma zeinahi dela ere. Kontratuan ezin izango da esapide edo termino atzerritarrik erabili, baldin eta, frantsesa aberasteari buruzko erregelamenduzko xedapenetan aurreikusitako baldintzen zentzuan, esapide edo terminook frantsesezko ordaina badute.

Xedapenok ez zaizkie aplikatuko pertsona juridiko publiko batek buruturiko kontratuei, baldin eta pertsona juridiko horrek kudeatzen dituen jarduera industrial edo komertzialekin edo Frantziako Bankuarekin eta Gordailu eta Kontsignazioen Kutxarekin loturiko jarduerei buruzkoak badira kontratuak, eta oso-osorik Frantziatik kanpora betearaztekoak badira. Apartatu hau aplikatzean, Frantziatik kanpora betearaztekotzat joko dira Finantza-jardueren modernizazioari buruzko 1996ko uztailaren 2ko 96-597 Legearen 4. artikuluaren zentzuan eskaintzen diren inbertsio-zerbitzuak, halakoak betearaztea atzerriko jurisdikzio-organoei baitagokie.[1523]

Baldin eta kontratugileetako bat edo gehiago atzerritarrak badira, artikulu honetan aipatzen diren kontratuak, frantsesez ez ezik, atzerriko hizkuntzaren batean idatziriko bertsio batekin edo gehiagorekin batera ere aurkeztu ahal izango dira, eta denak ere berdin-berdin joko dira benetakotzat.

Lehen apartatua urratuz buruturiko kontratu baten parte den aldeak ezin izango du erabili atzerriko hizkuntzaren batean idatzitako xedapen bat, baldin eta horrek haren aurkako aldeari kalte egiten badio.

6. artikulua

Nazionalitate frantsesa duen pertsona fisiko edo juridiko batek Frantzian antolaturiko ekitaldi, hitzaldi edo kongresu batean parte hartzen dutenek frantsesez mintzatzeko eskubidea izango dute. Ekitaldiari ekin baino lehen edo hark irauten duen bitartean parte-hartzaileei programazioaren berri emate aldera banatzen zaizkien dokumentuek frantsesez idatzirik egon beharko dute, baina atzerriko hizkuntza batera edo gehiagotara egindako itzulpen eta guzti aurkeztu ahal izango dira.

Baldin eta ekitaldi batean, hitzaldi batean edo kongresu batean egitekoak diren lanekin lotutako dokumentuak banatu behar bazaizkie parte-hartzaileei, edo haietan egindakoei buruzko aktak edo txostenak argitaratu behar badira gerora, atzerriko hizkuntzaren batean aurkeztutako testu guztiak frantsesezko laburpen eta guzti aurkeztu beharko dira gutxienez.

Xedapenok ez zaizkie aplikatuko tartean atzerritarrak baino ez dauden ekitaldi, hitzaldi eta kongresuei, edo Frantziako kanpo-merkataritza sustatzea helburu duten ekitaldiei.

Baldin eta pertsona juridiko publiko batek edo pertsona juridiko pribatu batek artikulu honetan aipatzen den ekitaldiren bat antolatzeko ardura badu, eta ekitaldi hori zerbitzu publikotzat jotzekoa bada, itzulpen-baliabideak jarri beharko dira haren esku.

7. artikulua

Frantzian barrena banatzekoak diren argitalpen, aldizkari eta berripaperak, baldin eta pertsona fisiko publiko batek, zerbitzu publikoren bat emateko ardura duen pertsona pribatu batek edo dirulaguntza publiko baten onuraduna den pertsona pribatu batek sortuak badira, eta baldin eta atzerriko hizkuntzaren batean idatzirik badaude, frantsesezko laburpen eta guzti aurkeztu beharko dira gutxienez.

14. artikulua

I. Pertsona juridiko publikoek galarazia izango dute fabrika-, merkataritza- edo zerbitzu-marketan esapide edo termino atzerritarrak erabiltzea, baldin eta, frantsesa aberasteari buruzko erregelamenduzko xedapenetan aurreikusitako baldintzen zentzuan, esapide edo terminook frantsesezko ordaina badute.

Debeku hori pertsona juridiko pribatuei ere aplikatuko zaie, baldin eta zerbitzu publiko bat ematen ari badira.

II. Artikulu honetako xedapenak ez zaizkie aplikatuko lege hau indarrean jarri aurretik lehen aldiz erabilitako markei.

15. artikulua

Kolektibitateek edo establezimendu publikoek edozein eratako dirulaguntzak eman ala ez, onuradunek lege honen xedapenak betetzen dituzten aintzat harturik erabakiko da.

Horrekin loturiko arau-hauste orok, interesdunak esateko dituenak entzun ondoren, dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli behar izatea ekarri ahal izango du.

16. artikulua

Kontsumoaren Kodearen L. 511-3 eta L. 511-22 artikuluetan aipatzen diren agenteek ikertu eta egiaztatu beharko dituzte 2. artikulua aplikatze aldera oinarritzat hartzekoak diren testuetako xedapenen kontrako arau-hausteak, kode horren beraren L. 511-22 artikuluko I. zenbakian aurreikusitako baldintzekin bat etorriz.

20. artikulua

Lege honek izaera publikoa du, eta indarrean jarri ondoren buruturiko kontratuei aplikatuko zaie.

21. artikulua[1524]

Lege honen xedapenek ezin izango diote kalterik egin hizkuntza erregionalen erabilerari, ez eta haien aldeko zeinahi ekintza publiko eta pribaturi ere

22. artikulua

Urtero, irailaren 15a baino lehen, Gobernuak txosten bat bidali beharko die parlamentarioei, eta, hartan, lege honen eta nazioarteko instituzioetan frantsesaren estatusaren gainean hitzarturiko nazioarteko konbentzio eta tratatuen xedapenen aplikazio-maila zehaztu beharko da.

23. artikulua

Artikulu honetako xedapenen kontrako arau-hausteak definitzen dituen Estatu Kontseiluaren dekretua argitaratzean jarriko dira indarrean 2. artikuluko xedapenak, lege hau aldizkari ofizialean argitaratzen denetik hasi eta gehienez ere hamabi hilabeteko epean.

Lege honen 3. eta 4. artikuluetako xedapenak 2. artikulua indarrean jartzen denetik hasi eta sei hilabeteko epean jarriko dira indarrean.

24. artikulua

Frantsesaren Erabilerari buruzko 1975eko abenduaren 31ko 75-1349 Legea indargabeturik geratzen da, salbu lege horretako 1., 2. eta 3. artikuluak, zeinak lege honen 2. artikulua indarrean jartzen denetik kontatzen hasita indargabetuko baitira, eta salbu 6. artikulua, zeina lege honen 3. artikulua indarrean jartzen denetik kontatzen hasita indargabetuko baita.


9.2.30. Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna, 1992ko azaroaren 5ekoa,
Frantziako Errepublikak 1999an sinatua[1525]

Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutunaren sinadura, Budapesten 1999ko maiatzaren 7an

I. Frantziak sinatzerakoan egin adierazpena

Adierazpen hau idatzirik ezarria da erabaki osoan eta Europako Kontseiluko idazkari nagusiari eman zaio, txostena sinatu delarik 1999ko maiatzaren 7an.

Frantziako Errepublikaren xedea da Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutunaren berronespen-txostenean adierazpen hau egitea:

1. Helburua gutxiengoen onarpena eta babesa ez den neurrian, baina bai Europako hizkuntza-ondarearen sustapena, eta bestalde hiztunen «taldea» hitzak hizkuntza erregionaletako edo gutxituetako hiztunei eskubide kolektiborik ematen ez dien neurrian, Errepublikaren Gobernuak Gutuna ulertzen du adiera bateragarrian Konstituzioaren Hitzaurrearekin, zeinak segurtatzen baitu herritar guztien berdintasuna legearen aitzinean eta bakarrik onartzen frantses populua, herritar guztiak biltzen dituena bereizketarik gabe jatorri, arraza edo erlijioaren aldetik.

2. Errepublikaren Gobernuak ulertzen du 7-1 artikuluko d) paragrafoak eta 9. eta 10. artikuluek printzipio orokor bat adierazten dutela eta ez doazela Konstituzioaren 2. artikuluaren aurka, zeinak behartzen baititu zuzenbide publikoz diren legezko pertsonak, baita zuzenbide pribatuko pertsonak ere frantsesa erabiltzera, zerbitzu publiko kargua betetzen dutelarik, baita erabiltzaileak ere harremanetan direlarik administrazio eta zerbitzu publikoekin.

3. Errepublikaren Gobernuak ulertzen du 7-1 artikuluko f) paragrafoak eta 8. artikuluak zaintzen dutela hizkuntza erregional eta gutxituen ikaskuntza eta irakaskuntzaren hautuzkotasuna, baita adierazten duten historia eta kulturarena ere, eta aipatu irakaskuntzak ez duela helburutzat lurraldeko ikastetxeetan dauden ikasleak baztertzea beren eskubide eta eginbideetatik, aplikagarri baitzaie hezkuntza zerbitzu publikoa betetzen duten edo hauen partzuer diren ikastetxeetako erabiltzaile guztiei.

4. Errepublikaren Gobernuak ulertzen du 9-3. artikuluak onartzen duela legezko idazkien frantsesezko bertsio ofizialak bakarrik duela indar juridikoa, hizkuntza erregional eta gutxituetan ere eskuragarri direlarik, eta frantsesezko bertsioa bakarrik erabiliko dutela zuzenbide publikoz diren legezko pertsonek, baita zuzenbide pribatuko pertsonek ere, zerbitzu publiko kargua betetzen dutelarik, baita erabiltzaileek ere harremanetan direlarik administrazio eta zerbitzu publikoekin.

Ukitutako artikuluak: 1, 7, 8, 9, 10.

II. Frantziak adierazitako 39 neurriak

Frantziako Errepublikak Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutunaren berronespen-txostenean erakutsiko ditu, 3-1 artikuluari jarraikiz, zein hizkuntzari aplikatuko zaizkion 2-2. artikuluaren arabera hautatu dituen neurriak. Frantziako Errepublikaren kontuan du, 2-2 artikuluari jarraikiz, Gutunaren III. zatiko apartatu edo paragrafo hauek, zatika edo osoki, aplikatzen ahaleginduko dela:

8. artikuluan:

Apartatuak: 1 a (iii); 1 b (iv); 1 c (iv); 1 d (iv); 1 e (i); 1 e (ii); 1 f (ii); 1 g; 1 h; 1 i.

2. paragrafoa.

9. artikuluan:

3. paragrafoa.

10. artikuluan:

Apartatuak: 2 c; 2 d; 2 g

11. artikuluan:

Apartatuak: 1 a (iii); 1 b (ii); 1 c (ii); 1 d; 1 e (ii); 1 f (ii); 1 g.

2. paragrafoa.

3. paragrafoa.

12. artikuluan:

Apartatuak: 1 a; 1 b; 1 c; 1 d; 1 e; 1 g.

2. paragrafoa.

3. paragrafoa.

13. artikuluan:

Apartatuak: 1 b; 1 c; 1 d.

Apartatuak: 2 b; 2 e.

14. artikuluan:

Paragrafoa: a.

Paragrafoa: b.

Ukitutako artikuluak: 10, 11, 12, 13, 14, 2, 3, 8, 9.


9.2.31. 95-1 Legea, 1995eko urtarrilaren 2koa, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 827. Ebazpena, Jugoslavia ohiko lurraldean 1991. urteaz geroztik nazioarteko zuzenbide humanitarioaren aurka izandako urraketen erantzuleak epaitze aldera nazioarteko auzitegi bat eratzeari buruzkoa, legeria frantsesera egokitzen duena[1526]

[…]

II. TITULUA
Lankidetza judiziala

[…]

II. KAPITULUA
Atxiloketa eta entrega

[…]

10. artikulua

Atxiloketa- eta entrega-agindu baten ondorioz atxikia izan den pertsona oro Errepublikak lurraldean duen prokuradore eskudunaren aurrera eraman beharko da hogeita lau orduko epean. Epe horretan, kode honen 63-1 artikulutik 63-4ra bitarteko xedapenak aplikatuko dira.

Pertsona horren nortasuna egiaztatu ondoren, berak ulertzen duen hizkuntza batean azaldu beharko dio magistratuak atxiloketa- eta entrega-agindu baten ondorioz izan dela atxikia, eta gehienez ere bost eguneko epean eramango dutela prokuradore nagusiaren aurrera Parisko Apelazio Auzitegira. Errepublikako prokuradoreak orobat azalduko dio berak aukeratzen duen abokatuaren laguntza jasoko duela, edo, halakorik ezean, abokatu-elkargoko buruak ofizioz izendatzen dionarena, zeinari lehenbailehen eman beharko baitzaio, zeinahi baliabideren bitartez, erabakiaren berri. Izendatu zaion abokatuarekin berehala batzartu ahal izango dela ere jakinarazi beharko dio.

Xehetasun horiek guztiak aktan jasota geratuko dira, eta akta berehala bidali beharko zaio prokuradore nagusiari Parisko Apelazio Auzitegira.

Erreklamatua atxiloketa-gunean atxiki dezatela aginduko du Errepublikako prokuradoreak.

11. artikulua

Halakorik badagokio, erreklamatua Parisko Apelazio Auzitegira eraman beharko da, eta bertako atxiloketa-gunean atxiki. Errepublikako prokuradorearen aurrean deklaratzen duenetik hasi eta gehienez ere bost eguneko epean eraman beharko dute pertsona hori Parisko Apelazio Auzitegira, eta, hala egin ezean, auzitegi horretako instrukzio-salako presidenteak hura berehala aske utzi beharko du, atzerapena arrazoi gaindiezinengatik gertatu ez bada behintzat.

Auzitegi horretako prokuradore nagusiak erreklamatuari berak ulertzen duen hizkuntza batean azaldu beharko dio haren kontra jarritako atxiloketa- eta entrega-agindu baten ondorioz izan dela atxikia, bai eta zein kargu egozten zaizkion ere.

Baldin eta erreklamatuak jada eskatua badu abokatu baten laguntza, eta abokatuari behar bezala eman bazaio horren berri, prokuradore nagusiak haren deklarazioak entzungo ditu.

Bestelako kasuetan, abokatua aukeratzeko edo ofiziozko bat izenda diezaioten eskatzeko eskubidea duela gogorarazi beharko dio magistratuak. Aukeratutako abokatuari edo, baldin eta auzipetuak ofiziozko abokatu bat izenda diezaioten eskatzen badu, abokatu-elkargoko buruari lehenbailehen eman beharko zaie, zeinahi baliabideren bitartez, erabakiaren berri. Abokatuak berehala kontsultatu ahal izango du erreklamatuari buruzko txostena, eta nahi bezala komunikatu ahal izango da harekin. Prokuradore nagusiak ezer ez esateko eskubidea duela ohartarazi beharko dio erreklamatuari, eta, horren ondoren, haren deklarazioak entzun beharko ditu. Ohartarazpen hori ere aktan jasota geratuko da.

12. artikulua

Instrukzio-salak prozedura bere gain hartuko du berehala. Erreklamatua bertara eraman beharko dute prokuradore nagusiaren aurrean deklaratzen duenetik hasi eta zortzi eguneko epean. Prokuradore nagusiak edo erreklamatuak hala eskatuz gero, zortzi eguneko luzapena ere adostu daiteke epaiketa hasi baino lehen. Gero, galdeketari ekingo zaio, eta galde-erantzunak aktan jasota geratuko dira.

Epaiketa eta epaia publikoak izango dira, non eta horrek ez dien kalterik egiten prozeduraren martxari, hirugarren baten interesei, ordena publikoari edo ohitura onei. Halakoetan, ministerio publikoak edo erreklamatuak hala eskatuz gero —edo ofizioz, bestela—, instrukzio-salak auziari buruzko erabaki bat hartu beharko du saio pribatu batean, eta ez da haren kontrako kasazio-errekurtsoa jartzerik izango harik eta, entrega-aginduari buruz 13. artikuluan aurreikusten denarekin bat etorriz, epaia ematen den arte.

Ministerio publikoak eta erreklamatuak esateko dutena entzungo da, eta, horretan, halakorik bada, erreklamatuak bere abokatua izango du ondoan, eta, halakorik badagokio, baita interpretea ere.


9.2.32. 95-115 Legea, 1995eko otsailaren 4koa, Lurralde-antolamendu eta -garapenaren Orientazioari buruzkoa[1527]

I. TITULUA
Lurralde-garapenarekin lotutako dokumentu eta organismoak

V. KAPITULUA
Zerbitzu kolektiboen gidalerroak

2. atala
Kultura-zerbitzu kolektiboen gidalerroak

16. artikulua

Sormena akuilatu eta jendeak lurralde osoko kultura-ondare, -zerbitzu eta -praktiketara jotze aldera Estatuak ardatz hartu beharreko xedeak definituko dira kultura-zerbitzu kolektiboen gidalerroen bitartez.

Haien bidez, zein lurraldetan esku hartu behar den identifikatu beharko da, baliabide publikoak ahalik ondoena banatzeko.

Haien bidez, kultura- eta arte-gune nazional eta internazionalak garatu ahal izango dira. Haien bidez, hala badagokio, ondare-funtsak eskualdatzea ere ezarri ahal izango da.

Haien bidez, Estatuaren dirulaguntzak jasotzen dituzten kultura-organismoek beren jarduerak nola hedatu definitu eta sormena nola babestu definitu ahal izango dute.

Haien bidez, denetariko arte-adierazpenak, kultura-praktikak eta jatorrizko hizkuntzak aitortu eta, hala, integrazio-politikak sendotu ahal izango dira.

Haien bidez, frantsesaren sustapena eta hedapena eta hizkuntza erregionalen edo hizkuntza gutxituen babesa eta transmisioa ziurtatzeko moduko ekintzak zehaztu ahal izango dira.

Haien bidez, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabili ahal izango dira, jendeak sormen-lan eta kultura-praktiketara jotzeko modua izan dezan.

Haien bidez, Estatuak Île-de-France erregioari eta gainerako erregioei inbertsiorako eta funtzionamendurako emandako baliabideak orekatu ahal izango dira, eta, hala, hamar urteko epean, Estatuak ematekoak diren maileguen bi heren jaso ahal izango dituzte erregiook.

Lurralde-antolamendu eta -garapenerako erregio-mailako konferentziak antolatu beharko du kontzertazioa, Estatuak eta lurralde-kolektibitateek erregio bakoitzean gidatu beharreko kultura-politikak nola sendotu eta nola koordinatu erabakitzeko.

Estatuaren, lurralde-kolektibitate interesdunen eta Estatuaren dirulaguntzak jasotzen dituzten kultura-organismoen arteko iraganeko kontratuetan ere aintzat hartu beharko dira gidalerroon xedeak.


9.2.33. 95-836 Legea, 1995eko uztailaren 13koa, “Eskola-kontratu Berria” Egitasmoaren Programazioari buruzkoa[1528]

I. ERANSKINA
Hezkuntza Nazionaleko Ministerioa

Eskola-kontratu berria

Irakaskuntza publikoa eta kontratupeko irakaskuntza pribatua

[…]

Lizeoak: hautazko irakasgai arraroak eta hizkuntza biziak lantzea. - kredituak: "48 40 40" 392

[…]

Lizeoak: hautazko irakasgai arraroak eta hizkuntza biziak lantzea. - kredituak: 5 5 5 5 50

[…]


9.2.34. 97-283 Legea, 1997ko martxoaren 27koa, Europar Batasuneko Kontseiluaren 1993ko irailaren 27ko 93/83 eta 1993ko urriaren 29ko 93/98 zuzentarauen transposizioa egin eta zuzentarauok Jabetza Intelektualaren Kodean sartzen dituena[1529]

III. TITULUA
Zenbait xedapen iragankor

13. artikulua

Baldin eta, lege hau indarrean jarri baino lehen, Frantzian kokaturiko koproduktore batek edo gehiagok ikus-entzunezko obra baterako koprodukzio-kontratua burutu badu edo badute beste estatu batean kokaturiko koproduktore batekin edo gehiagorekin, eta baldin eta kontratu horretan espresuki ezarririk badago eremu geografikoen arabera eta satelite bidezko teledifusioari aplikagarria zaion araubidea eta gainerako ustiapen-baliabideei aplikagarriak zaizkien xedapenak bereizi gabe egingo dela ustiapen-eskubideen banaketa, eta baldin eta, lurralde jakin batean, satelite bidezko teledifusio horrek kalte egiten badio koproduktoreetako baten edo haren legezko ordezkarien esklusibotasunari, batez ere hizkuntzari dagokionez, koproduktoreetako batek edo haren legezko ordezkariek ikus-entzunezko obra hori satelite bidezko telebista-kate batean erakusteko baimena ematea edo ez ematea, hori esklusibotasun horren onuradunak —hau da, koproduktoreak edo haren legezko ordezkariek— aldez aurretik eman beharreko onespenaren baitan egongo da.


9.2.35. 99-209 Legea, 1999ko martxoaren 19koa, Kaledonia Berriari buruzkoa[1530]

II. TITULUA
Eskumenak

I. KAPITULUA
Estatuaren, Kaledonia Berriaren, probintzien eta udalerrien artean eskumenak nola banatu

22. artikulua

Kaledonia Berriak gai hauen gaineko eskumena izango du:

[…]

28. Lehen hezkuntza: programazioa, hargatik eragotzi gabe probintziek, tokian tokiko kultura- eta hizkuntza-berezitasunen arabera, programak egokitzeko dituzten eskumenak; kontrol pedagogikoa;

[…]

III. TITULUA
Kaledonia Berriko instituzioak

IV. KAPITULUA
Ohiturazko Senatua eta ohiturazko kontseiluak

1. atala
Ohiturazko Senatua

140. artikulua

Ohiturazko kontseiluen irizpenean oinarriturik, Ohiturazko Senatuak kanak hizkuntzen akademiako kideak izendatu beharko ditu, Kongresuaren ebazpen batean zehazturiko baldintzekin bat etorriz.

[…]

VIII. TITULUA
Ekonomia-, gizarte- eta kultura-berroreka eta -garapena

215. artikulua

Kaledonia Berriak, bertako kultura-garapenari laguntzea helburutzat harturik, akordio berezi bat burutuko du Estatuarekin, probintzien irizpenean oinarriturik. Kanak kulturaren ondarea eta Tjibaou Kultura Etxea izango dira kontratu horren gai nagusiak.

Kanak hizkuntzek aitortza jaso beharko dute irakaskuntza- eta kultura-hizkuntza gisa.

[…]


9.2.36. 99-533 Legea, 1999ko ekainaren 25ekoa, Lurralde Antolaketa eta Garapen jasangarriari buruzkoa (Voynet legea)[1531]

14. artikulua

1)

[…]

Kultura-zerbitzu kolektiboen egiturak… “zehaztuko du zein ekintza jarri behar den abian, frantsesaren sustapena eta hedapena bermatzeko, eta, orobat, erregioen nahiz gutxiengoen kultura eta hizkuntzen babesa eta transmisioa ziurtatzeko”.



9.2.37. 2000-1207 Legea, 2000ko abenduaren 13koa, Itsasoz Haraindiko Kolektibitateen Orientazioari buruzkoa[1532]

IV. TITULUA
Itsasoz haraindiko kolektibitateetako kulturaren eta identitateen garapena

34. artikulua

Konstituzioaren 73. eta 74. artikuluek barnean hartzen dituzten kolektibitateetan eta Kaledonia Berrian hitz egiten diren hizkuntza erregionalak Frantziako hizkuntza-ondarearen parte dira. Alde horretatik, hizkuntza erregionalok hitz egiten direla bermatze aldera, haien aldeko politikak sendotu beharko dira. Horretarako, Hezkuntzaren Kodearen L. 312-10 eta L. 312-11 artikuluak aplikatuko dira.


9.2.38. 2002-92 Legea, 2002ko urtarrilaren 22koa, Korsikari buruzkoa[1533]

II. TITULUA
Korsikako lurralde-kolektibitatearen baliabide eta tresnak

I. KAPITULUA
Zerbitzuei eta langileei buruzko xedapenak (30. artikulutik 35.era bitartean)

30. artikulua

Lege honen ondorioz eskualdaturiko eskumenetan parte hartzen duten zerbitzuak edo zerbitzuen atalak, kasuaren arabera, Korsikako lurralde-kolektibitatearen esku utziko dira edo eskualdatu egingo zaizkio, Lurralde Kolektibitateen Kode Orokorraren L. 4422-43 artikuluko lehen bi apartatuetan eta L. 4422-44 artikuluan zehazten diren baldintzekin bat etorriz.

31. artikulua

Lege honen ondorioz Korsikako lurralde-kolektibitateari eskualdaturiko zerbitzuak emateko eginkizuna duten Estatuko funtzionarioak eta Estatuko agente ez-titularrak zuzenbide osoz eta modu indibidualean utziko dira lurralde-kolektibitate horren esku, Lurralde-mailako Funtzio Publikoaren Estatu-xedapenak ematen dituen 1984ko urtarrilaren 26ko 84-53 Legearen 125. artikuluan zehaztutako baldintzekin bat etorriz.

32. artikulua

Lege honen ondorioz Korsikako lurralde-kolektibitateari eskualdaturiko zerbitzuak emateko eginkizuna duten Estatuko funtzionarioek lurralde-mailako funtzionario-estatusa izatea aukeratu ahal izango dute.

Aipatu 1984ko urtarrilaren 26ko 84-53 Legearen 123. artikuluko II. eta III. zenbakietan ezarritako baldintzekin bat etorriz lege hau indarrean jartzen denetik hasi eta bi urteko epean egikaritu ahal izango da estatusa aukeratzeko eskubide hori.

Epe hori amaitu ondoren, aipatu 1984ko urtarrilaren 26ko 84-53 Legearen 123. artikuluko IV. zenbakian aipatzen diren xedapenak aplikatuko zaizkie funtzionarioei, eta aurrerantzean ezin izango dute estatusa aukeratu. Dena den, artikulu honen aplikazioaren ondorioz, IV. zenbaki honetako bosgarren apartatuan aipatzen den epea bi urtekoa ez baizik eta urtebetekoa izatea ezarri ahal izango da.

Aipatu 1984ko urtarrilaren 26ko 84-53 Legearen 122. eta 123. artikuluak aplikatzean funtzionario-estatus bakoitzerako zehazturiko integrazio- eta birsailkatze-baldintzak betetzera beharturik egongo dira lurralde-mailako funtzio publikoko lan-poltsetan sartze aldera beren estatusa aukeratzeko eskubidea egikaritzen duten Estatuko funtzionarioak.

Lurralde-mailako funtzio publikoko kide izatea aukeratzen duten Estatuko funtzionarioon lehenagoko zerbitzuak lurralde-kolektibitatean bete beharrekoen barruan geratuko dira.

33. artikulua

I. Korsikako lurralde-kolektibitateari eskualdaturiko zerbitzuak emateko eginkizuna duten Estatuko agente ez-titularrei lurralde-mailako agente-estatusa aitortu ahal izango zaie.

Lege hau indarrean jartzen denetik hasi eta bi urteko epean eskatu ahal izango dute agenteok lurralde-mailako agente-estatusa aitortu edo Estatuko agente ez-titular gisa jarraitzen utz dakiela.

Haien eskabidea jasotzen denetik hasi eta gehienez ere urtebeteko epean erantzun beharko zaie, zenbat lanpostu huts dauden aintzat harturik, ea eskabidea onartu zaien ala ez.

Bigarren apartatuan aipatzen den epea amaitu ondoren, eskabiderik egin ez duten agente ez-titularrek lurralde-mailako funtzio publikoko agente-ez titular izatea aukeratu dutela joko da, eta, egun horretatik hasi eta gehienez ere urtebeteko epean, baita eskabidea formulatua izan dela ere.

Artikulu honekin bat etorriz Korsikako lurralde-kolektibitateko agente ez-titular gisa onartuak izan diren Estatuko agente ez-titularrek beren lan-kontratuko estipulazioei eutsi ahal izango diete modu indibidualean. Agenteon lehenagoko zerbitzuak harrera egiten dien lurralde-kolektibitatean bete beharrekoen barruan geratuko dira.

II. Lege hau zer egunetan argitaratzen den eta egun horretara arte kalte-ordainen gaineko zein araubideren babespean dauden aintzat harturik, Korsikako lurralde-kolektibitateko langileek, hala nahi badute, araubide horri eusteko ahala izango dute modu indibidualean.

34. artikulua

Korsikako lurralde-kolektibitateari eskualdaturiko zerbitzuak emateko eginkizuna duten Estatuko agente ez-titularrek, baldin eta funtzio publikoko titulartasuna lortzen badute Funtzio publikoaren alorreko enplegu ezegonkorra suntsitzeari, langileak kontratatzeari eta lurralde-mailako funtzio publikoaren alorreko lanaldiei buruzko 2001eko urtarrilaren 3ko 2001-2 Legearen ondorioz, lurralde-mailako funtzionario-estatusa izatea aukeratu ahal izango dute.

Aipatu 1984ko urtarrilaren 26ko 84-53 Legearen 123. artikuluko II. eta III. zenbakietan ezarritako baldintzekin bat etorriz lege hau indarrean jartzen denetik hasi eta bost urteko epean egikaritu ahal izango da estatusa aukeratzeko eskubide hori. Epe hori amaitu ondoren, lege honen 32. artikuluko laugarren eta bosgarren apartatuetako xedapenak aplikatuko zaizkie.

35. artikulua

Lege honen ondorioz Korsikako lurralde-kolektibitateari eskualdaturiko zerbitzuak emateko eginkizuna duten portu, bide eta aireportuetako parke eta lantegietako langile ikastun edo titularrak zuzenbide osoz utziko dira lurralde-kolektibitate horren esku.

Estatuaren ordezkariak eta Kontseilu Betearazleko presidenteak burutu beharreko konbentzio baten bitartez eman beharko da eskaintzen diren zerbitzuen, langile-kopuruaren eta horrek dakartzan gastuen berri. Estatuak bere gain hartuko ditu gastuok, tartean baita aparteko orduek eta konbentzio bidez ezarritako lanaren izaerari eta antolamenduari dagozkien gehieneko kalte-ordainek eragindakoak ere.

Baldin eta Korsikako lurralde-kolektibitatearen erabakiren batek gastuak areagotzea badakar, Korsikako lurralde-kolektibitateak hartu beharko ditu bere gain gastuok Estatuaren laguntza-funtsen bitartez.

Agenteak haren esku utzi ondoren, Korsikako lurralde-kolektibitateak bere gain hartu beharko ditu bigarren apartatuan aipatzen diren langileengatiko gastuak, eta konpentsazio finantzario bat ere ordaindu beharko du, Estatuak, departamenduek eta erregioek beren agintepeko zerbitzuetako langileengatiko, funtzionamenduagatiko eta ekipamenduengatiko gastuak beren gain hartzeari buruzko 1985eko urriaren 11ko 85-1098 Legearen I. tituluan ezartzen diren baldintzekin bat etorriz.

II. KAPITULUA
Ondasun eta baliabideen eskualdaketari buruzko xedapenak

I., II. Paragrafook aldatu dira

III. Aurrekontuei buruzko legean zehazturiko baldintzekin bat etorriz, Korsikari Zergen Gaineko Estatutua ematen dion 1994ko abenduaren 27ko 94-1331 Legearen 5. artikuluko bigarren apartatuan aipatzen diren zerga-atxikipenak % 26 igoko dira, artikulu honen I. zenbakian aurreikusitako 1993rako Aurrekontuei buruzko 1992ko abenduaren 30eko 92-1376 Legearen 34. artikulua indargabetzeak eragindako ondorioak eta lege hau aplikatzearen ondoriozko eskumen-eskualdaketak eragindako gastuak konpentsatze aldera.

III. TITULUA
Zerga- eta gizarte-arloko neurriak

I. KAPITULUA
Inbertsioaren aldeko zerga- eta gizarte-arloko neurriak

48. artikulua

A. I.enetik VII.era bitartean. - xedapenok aldatu dira

B. Aurrekontuei buruzko legean ezarritako baldintzekin bat etorriz, berariazko zerga-sistema duten udalerriek, udalerriarteko lankidetza-erakunde publikoek eta lurralde-mailako zergaren banaketarako departamenduko funtsek urtero izaten dituzten diru-sarreren galerak konpentsatu beharko ditu Estatuak, 2002ko urtarrilaren 1etik kontatzen hasita, Zergen Kode Orokorraren 1466 B bis eta 1466 C artikuluetan ezartzen diren karga-arintzeak aplikatuz. Korsikako Zona Frankoari buruzko 1996ko abenduaren 26ko 96-1143 Legearen 3. artikuluko B letrako hirugarren eta laugarren apartatuetan ezarritako baldintzen arabera kalkulatuko da konpentsazio hori.

C. A letrako V. eta VI. zenbakietako xedapenak 2002an aplikatzeko, Korsikari buruzko 2002ko urtarrilaren 22ko 2002-92 Legea argitaratzen denetik hasi eta gehienez ere hogeita hamar eguneko epean izan beharko dute eragina haiekin lotutako ebazpenen ondorioek.

2011. urtetik kontatzen hasita, berariazko zerga-sistema duten udalerri eta udalerri-elkarteei aurreko apartatuetan aipatu konpentsazio edo karga-arintzeekin loturik egitekoak diren zerga-atxikipenak igo egingo dira, 2010ean departamendu eta erregioei emandako konpentsazio-laguntzak ordaintzeko atxikitako zerga-bolumenaren arabera.

2010erako Aurrekontuei buruzko 2009ko abenduaren 30eko 2009-1673 Legearen 77. artikuluko 8. ataleko VI. zenbakian zehaztu beharko dira udalerri eta udalerri-elkarteen aldeko igotze horri buruzko xedapenak.

50. artikulua

Gizarte Segurantzaren Kodearen L. 241-13 artikuluan eta Soldatei, Lanaldiari eta Enpleguaren Garapenari buruzko 2003ko urtarrilaren 17ko 2003-47 Legearen 10. artikuluan aurreikusitako kotizazio-murrizteak aplikatzen zaizkien soldatei dagokienez, Korsikan kokaturik dauden enpresei kotizazio-murrizteak igo ahal izango zaizkie, baldin eta Zergen Kode Orokorraren 1466 C artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Kotizazio-murrizteak zenbat igo, hori dekretu baten bidez zehaztu beharko da.

52. artikulua

I. Baldin eta, 2003ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko ekitaldiei dagokienez, nekazaritzaren sektoreko soldatako langile gisa ordaindu badituzte beren lanagatiko kontribuzioak Gizarte Segurantzaren Oinarrizko Araubidearen barruan, lege hau promulgatzean Korsikan kokaturik dauden laborariek Estatuaren laguntza bat jaso ahal izango dute, aipatu kontribuzioen % 50eko mugaren barruan. Korsikan 2002ko urtarrilaren 23a baino lehen kokaturik dauden laborariek izango dute tresna horretaz baliatzeko ahala.

II. I. zenbakian aurreikusitako laguntza hori jaso ala ez, hori eskatzaile bakoitzak baldintza metagarri hauek betetzen dituen ala ez kontuan hartuta erabakiko da:

- kanpo-auditoria bat egitea, ustiapena bideragarria dela frogatzeko;

- 2002ko abenduaren 31z geroztiko ekitaldiei dagozkien kontribuzio guztiak egunean edukitzea;

- Korsikako Laborantza Mutualitate Sozialaren kuota guztiak ordainduak izatea;

- 2003aren urtarrilaren 1a baino lehen Gizarte Segurantzaren lanagatiko kontribuzioren bat zorretan utzi bada, zor hori % 50 baino apalagoa izatea;

- kontribuzio horiexei dagokienez, eta baldin eta mutualitateak zorra handitzea adostu badu hamabost urtetik gorakoa izan ezin daiteken aldi baterako, gutxienez planaren lehen zortzi urteetako kuotak ordainduak izatea;

- laguntza eskuratzeko beharrezkoak diren Gizarte Segurantzaren soldatagatiko kontribuzio guztiak egunean edukitzea, edo hitzematea kontribuzio guzti-guztiak eguneratuko direla, Nekazaritzaren Kodearen L. 725-21 artikuluko xedapenetan aipatzen diren soldatagatiko kontribuzioei buruz ustiatzaileak eta mutualitateak adostu eta sinaturiko gehienez ere bi urteko egutegi baten arabera.

- Estatuari baimena ematea Korsikako Laborantza Mutualitate Sozialari ordaindu beharreko kontribuzioen ordainketan subrogatzeko.

III. Estatuaren administrazio-agintaritzaren aurrean eta lege hau argitaratzen denetik kontatzen hasi eta sei hilabeteko epean aurkeztu beharko da I. zenbakian aurreikusten den laguntzarako eskabidea.

IV. Laborantza Mutualitate Sozialarekin zorra ordaintzeko egutegia adostu izanak prozedura etetea ekarriko du I., II. eta III. zenbakiak aplikatzearen ondorioz.

V. Inor aberriratu eta soldatapekoa ez den lanbide batean ari bada lanean, haren zorrak murrizte aldera adosturiko laguntza I. zenbakian aurreikusten denari kendu beharko zaio.

VI. Baldin eta Merkataritza Kodearen VI. liburuan eratutako eta Nekazaritzako ustiategiak beren ekonomia- eta gizarte-ingurunera egokitzeari buruzko 1988ko abenduaren 30eko 88-1202 Legearen erregulazio- eta likidazio-baliabideen bidez garatutako prozeduretan parte hartzen badu zordunak, artikulu honen xedapenak ez dira aplikatuko.

V. TITULUA
Zenbait xedapen

58. artikulua

Halakorik behar balitz, Estatu Kontseiluaren zenbait dekreturen bidez zehaztuko dira lege honen aplikazio-modalitateak.


9.2.39. 2003-1312 Legea, 2003ko abenduaren 30ekoa, 2003ko Aurrekontuak zuzentzen dituena[1534]

II. ZATIA
Zerbitzuak eta xedapen bereziak

II. TITULUA
Xedapen iraunkorrak

II: Aurrekontuei buruzko Legeen gaineko Lege Organikoa inplementatzea

77. artikulua

A.-I. Antzerki-sormena sustatu, antzerki-, poesia- eta dantza-ikuskizunen ekoizpenak ahalik eta jende gehienarengana eraman eta antzokien arkitektura-ondarea eta balio artistikoaren errehabilitazioa bultzatzeko, ikuskizunen gaineko zerga bat eratuko da Antzerkigile Pribatuen Elkartearen alde, 2012rako Aurrekontuei buruzko 2011ko abenduaren 28ko 2011-1977 Legearen 46. artikuluko I. zenbakian aurreikusitako mugen barruan.

Elkarteak xede hauetarako laguntzak eman beharko ditu:

[…]

B) Egile berrien frantsesezko sormen-lanak eta atzerriko lanen itzulpen- edo egokitzapen-lanak sustatzea:

[…]


9.2.40. 2004-192 Lege Organikoa, 2004ko otsailaren 27koa, Polinesia Frantsesari Autonomia-estatutua ematen diona[1535]

III. TITULUA
Eskumenak

I. KAPITULUA
Estatuaren, Polinesia Frantsesaren eta udalerrien artean eskumenak nola banatu

7. atala
Kultura-identitatea

57. artikulua

Frantsesa da Polinesia Frantseseko hizkuntza ofiziala. Pertsona juridiko publiko eta pribatuak frantsesa erabiltzera beharturik egongo dira, baldin eta zerbitzu publikoren bat ematen ari badira, bai eta erabiltzaileak ere, baldin eta administrazio eta zerbitzu publikoekin harremanen bat badute.

Tahitiera polinesiarren kultura-identitatearen elementu nagusietako bat da: bertako gizarte-kohesioaren oinarri eta eguneroko komunikazio-bide den aldetik, tahitierak aitortza osoa merezi du, eta haren iraupena babestu beharra dago, gainerako hizkuntza polinesiarrena bezalaxe, Polinesia Frantsesa aberasten duen kultura-aniztasunari eutsiko bazaio.

Frantsesa, tahitiera, marquisiera, tuamotuera eta mangreviera, horiek dira Polinesia Frantseseko hizkuntzak. Beren aktak eta konbentzioak nahi duten hizkuntzan idatzi ahal izango dituzte pertsona fisiko eta juridiko pribatuek; dokumentuok hizkuntza ofizialean idatzirik ez egotea ez da deuseztasun-ziotzat joko.

Tahitiera haur-hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikastetxeetako ohiko ordutegiaren barruko ikasgaietako bat izango da, eta bigarren mailako eta goi-mailako ikasketetako zentroetan ere irakatsiko da.

Polinesia Frantseseko Batzarrak hala erabakitzen badu, zenbait ikastetxe eta zentrotan, tahitieraren ordez, beste edozein hizkuntza polinesiar irakatsi ahal izango dute.

Irakasle-ikasketak ematen dituzten zentroetan, Tahitiko hizkuntzaren eta kulturaren pedagogia ere irakatsi beharko da.

IV. TITULUA
Instituzioak

I. KAPITULUA
Polinesia Frantseseko presidentea eta gobernua

5. atala
Ministro Kontseiluaren eskudantziak

90. artikulua

Hargatik eragotzi gabe 140. artikuluan aurreikusten diren akzioen ahala —“herrialdeko legeak” deritzenena, alegia—, Ministro Kontseiluak zehaztu beharko ditu honako gai hauei aplikagarriak zaizkien arauak:

[…]

3. Toki-esparruko hizkuntzak nola irakatsi ikasketa-zentro guztietan;

[…]


9.2.41. 2004-193 Lege Organikoa, 2004ko otsailaren 27koa, Polinesia Frantseseko Autonomia-estatutua osatzen duena[1536]

IX. TITULUA
Zenbait xedapen

34. artikulua

Polinesia Frantsesean Kode Zibilaren 972. artikulua aplikatzearen ondorioz, baldin eta presazkoa bada Kasazio Auzitegiaren peritu judizialen zerrenda nazionalean edo apelazio-auzitegi bakoitzeko peritu judizialen zerrendan ageri diren interpreteetako bat aukeratzea, edo, horretarako ezintasun materiala badago, zerrenda horietan ageri ez den interprete bat aukeratu ahal izango du testamentugileak.

Ezin izango dute interprete gisa jardun ez legatu-hartzaileek, zeinahi direla ere, ez haien gurasoek eta ez laugarren mailarainoko senitartekoek ere.


9.2.42. 2004-806 Legea, 2004ko abuztuaren 9koa, Osasun Publikoaren Arloko Politikari buruzkoa[1537]

IV. TITULUA
Plan nazionalen helburuak eta inplementazioa

II. KAPITULUA
Minbizia eta kontsumo-ohitura arriskutsuak

52-1 artikulua

I. Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko kide den estatu bateko herritarrei psikoterapeuta-titulua erabiltzeko baimen indibiduala eman ahal izango die agintaritza eskudunak, baldin eta, 52. artikuluan aipatzen diren diplometako baten jabe ez izan arren, titulu hauek badituzte:

[…]

Agiria zein estatuk eman dion, titulua erabiltzeko ahala duen psikoterapeutak bertako hizkuntzan aurkeztu ahal izango du bere formazio-titulua. Titulua zein erakunde eta lekutan emana izan den ere adierazi beharra dago.

[…]

II. Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko kide den estatu bateko herritarra den psikoterapeutak, baldin eta estatu kide batean bizi bada eta estatu horretan legez badihardu lanean psikoterapeuta gisa, 52. artikuluko bigarren apartatuan aipatzen den erregistroan izena eman beharrik gabe psikoterapeuta gisa jardun ahal izango du Frantzian aldi batez edo noizean behin.

[…]

Agiria zein estatuk eman dion, zerbitzu-hornitzaileak bertako hizkuntzan aurkeztu ahal izango du bere formazio-titulua. Titulua zein erakunde eta lekutan emana izan den ere adierazi beharra dago.

[…]

Egintza horiek betearazteko, aldez aurretik deklarazio bat egin eta aurkeztu beharko da. Deklarazio horrekin batera, zenbait frogagiri ere aurkeztu beharko dira —osasunaren gaineko ardura duen ministerioaren erabaki baten bidez zehaztuko da zerrenda—, bai eta zerbitzu-emaileak zerbitzuak emateko beharrezkoak diren hizkuntza-ezagutzak dituela egiaztatzen duen adierazpena ere.

[…]

III. Lanean jarduteko baimena edo zerbitzuak emateko deklarazioa eskuratzerako, bere lanerako beharrezkoak diren hizkuntza-ezagutzak dituela erakutsi beharko du psikoterapeutak.

Baldin eta zalantzarik badago lanean jarduteko beharrezkoa den hizkuntza-ezagutzen mailari buruz, eskatzaileak frantses nahikoa badakiela egiaztatu beharko du agintaritza eskudunak.

Hizkuntza-maila zehazteko azterketa lanpostuaren araberakoa izango da, eta izangaiaren kualifikazio profesionala aitortu ondoren egingo da.

[…]


9.2.43. 2005-102 Legea, 2005eko otsailaren 11koa, zailtasunak dituzten pertsonen eskubide- eta aukera-berdintasunari, parte-hartzeari eta herritartasunari buruzkoa[1538]

VI. TITULUA
Herritartasuna eta gizarte-bizitzan parte hartzea

76. artikulua

Administrazioaren arloko, arlo zibileko eta arlo penaleko jurisdikzio-organoen aurrean, gorrek beren beharretara egokituriko komunikazio-baliabideak aukeratu ahal izango dituzte. Estatuak bere gain hartu beharko ditu horrek dakartzan gastuak.

Halakorik behar bada, ikusmen-arazoak dituzten pertsonei laguntza teknikoa emango zaie, erregelamenduz zehaztutako modalitateen arabera, beren txosteneko dokumentuak kontsultatu ahal izan ditzaten.

Hizkuntza-ahalmena erabat edo neurri batean galdua izatearekin loturik dituzten komunikazio-zailtasunak direla medio, aukeratzen duten pertsona edo profesional bat ondoan dutela aurkeztu ahal izango dira afasikoak haiei dagokien jurisdikzio-organoaren aurrean.

77. artikulua

I. Gor eta gor-mutuen zirkulazio askea bermatu eta gidabaimena lortzeko azterketa berriak haien beharretara egokitze aldera, zeinu-hizkuntzaren interprete edo bitartekari bat egon ahal izango da ibilgailu arinentzako gidabaimena (B motakoa) lortzeko azterketa teoriko eta praktikoetan gorrentzat berariaz antolatzen diren saio espezializatuetan. Gutxieneko saio-kopurua dekretu baten bidez zehaztu beharko da.

II. Azterketa teorikoetan bertan erabaki beharko da, eta dekretu baten bidez zehaztu, azterketa-egileak eta itzultzaileak zenbat denbora izango duten itzuli beharrekoa ongi ulertzeko, horrek zeinu-hizkuntzaren interprete edo bitartekariari jarraitzeko modua eman diezaion azterketa-egileari.

78. artikulua

Zerbitzu publikoekiko harremanetan, eta kontuan harturik zerbitzuok ematea Estatuari, lurralde-kolektibitateei edo haien ordezkari gisa diharduten organismoei dagokiela, bai eta zerbitzu publikoak ematen dituzten pertsona pribatuei ere, entzumen-arazoak dituzten pertsonek aldibereko itzulpen-zerbitzua jaso ahal izango dute, bai idatzizkoa eta bai bisuala, ahoz ematen zaien zeinahi informazio ongi uler dezaten, erregelamenduz zehazturiko modalitate eta epeekin bat etorriz.

Haien beharretara egokituriko komunikazio-baliabideen artean, idatzizko transkripzio-baliabideak, frantsesezko zeinu-hizkuntzako interpretazio-baliabideak eta Cued Speech sistemako kodetze-baliabideak izango dira nagusi.

Entzumen-arazoak dituzten pertsonek telefono bidezko larrialdi-zerbitzuetara jotzeko modalitateak ere dekretu baten bidez zehaztu beharko dira.

VII. TITULUA
Zenbait xedapen

93-3 artikulua

Mayotten, Kaledonia Berrian, Polinesia Frantsesean, eta Wallis eta Futunan, frantsesezko zeinu-hizkuntza zuzenbide osoko hizkuntzatzat jotzen da. Administrazioan ere, zeinu-hizkuntza erabil dadin erraztuko da.


9.2.44. 2005-412 Legea, 2005eko maiatzaren 3koa, Nazioarteko Erregistro Frantsesaren sorrerari buruzkoa[1539]

I. TITULUA
Frantziako bandera, eta itsas enpleguen arloko segurtasun eta garapena sustatzea

2. atala
Enplegatzailearen betebeharrak

5. artikulua

[…]

Nazioarteko Erregistro Nazionalean immatrikulaturik dauden itsasontzietan, kapitaina edo haren ordezko ofiziala —makineriako burua, esate baterako—, biak ere itsasontzian eta tostartekoen artean ordena betearazten dela, ingurumena babesten dela eta segurtasuna zaintzen dela bermatzearen arduradun izanik, Europar Batasuneko kide den estatu bateko, Europako Esparru Ekonomikoko kide den estatu bateko edo Suitzako Konfederazioko herritarrak izango dira. Eginkizun horiek bete ahal izateko, ezinbesteko kualifikazio profesionalak dituztela, frantsesaren ezagutza-maila nahikoa dutela, itsasontziko dokumentazioa prestatzeko ezagutza juridiko nahikoak dituztela eta kapitain gisa botere publikoa egikaritzeko beharrezkoak diren eskumenen jabe direla egiaztatu beharko dute izangaiek. Azken xedapen horren aplikazio-baldintzak Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez zehaztuko dira, armadore eta marinel interesdunen ordezkari gehien dituzten elkarteen irizpenean oinarriturik.

II. TITULUA
Frantziatik kanpora bizi diren nabigatzaileen estatusa

1. atala
Lan-arloko zuzenbideari buruzko xedapenak

16. artikulua

[…]

Ongi ikusteko moduko leku batean dagoen taula batean, egitekoak nola antolatu adierazi beharko da, bai eta, eginkizun bakoitzerako, itsasoan eta portuan eskaini beharreko zerbitzuen programazioa zehaztu ere. Taula frantsesez eta ingelesez idatzi beharko da, eredu estandar baten arabera.


9.2.45. 2005-754 Legea, 2005eko uztailaren 4koa, Frantziako Errepublikako eta Andorrako Printzerriko gobernuek irakaskuntzaren alorrean buruturiko akordioa onesteko baimena ematen duena[1540]

Eranskina
Konbentzioa
Frantziako Errepublikako eta Andorrako Printzerriko gobernuen artekoa, irakaskuntzaren alorrekoa (bi eranskin batera), Parisen sinatua 2013ko uztailaren 11n

Frantziako Errepublikako Gobernuak eta Andorrako Printzerriko Gobernuak,

Uste dutelarik, batetik, beren interesen aldekoa dela ikastetxe frantsesek Printzerrian eskaintzen dituzten irakaskuntza-zerbitzuen kalitateari eustea, eta, bestetik, bien ala bien nahia dela, eleaniztasunaren garapen-esparruaren barruan, Andorrako hizkuntzari eta kulturari buruzko ikerketa-lana sendotzea, batez ere andorratarren nortasunari buruzkoa, eta, aldi berean, Andorrako hezkuntza-sisteman frantsesaren irakaskuntza garatzea,

[…]

I. TITULUA
Frantsesaren irakaskuntza-sistema Andorran

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

[…]

7. artikulua

Frantziako estatuak hezkuntza nazionalaz arduratzen den ministeriorako onetsitako aurrekontuen mende egongo dira konbentzio honen 4. artikuluan aipatzen diren ikastetxeetako langileak.

Katalana eta Andorrarekin loturiko giza eta gizarte-zientziak irakasteko, Andorrako Gobernuak ikastetxeen esku jarri beharko ditu ikasgai horiek martxan jartzeko beharrezkoak diren irakasleak. Irakasleon kualifikazioaz ere Andorrako Gobernuak arduratu beharko du. Andorrako Gobernuak hezkuntzaren arloko langileei buruz onartua duen legeriaren mende egongo dira irakasleok. Zein ikastetxetan jardungo duten irakasle, haietako pedagogia-taldeetan integratuko dira, eta haien funtzionamendu-arauak bete beharko dituzte. Ikastetxean dauden bitartean, bertako ikasketa-buruen eta zuzendarien agintepean egongo dira.

Haien pedagogia-jarraipena nola egin, hori 15. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz propio osatutako Batzorde Parekide Franko-andorratarrak zehaztu beharko du.

[…]

II. KAPITULUA
Esparru pedagogikoa

13. artikulua

Formazio andorratarraren esparruan katalana eta Andorrarekin loturiko giza eta gizarte-zientziak irakasten direla bermatzeko, egokitzapen hauek egingo dira:

- katalanaren irakaskuntza Haur Hezkuntzan hasiko da eta Lehen Hezkuntzan jarraituko du; kolegioan eta Batxilergoko 1. mailan, lehen hizkuntza bizi gisa irakatsiko da, eta batxilergoko 2. mailan eta 3. mailan, berriz, hizkuntza bizi gisa;

[…]

III. KAPITULUA
Administrazio-egiturak

15. artikulua

[…]

Batzordeak bi zerrenda eman beharko ditu aditzera: batetik, hezkuntza nazionalaz arduratzen den ministerio frantsesak hautatutako langileena; eta, bestetik, Andorrako Gobernuak katalana eta Andorrarekin loturiko giza eta gizarte-zientziak irakasten direla bermatze aldera Frantziako ikastetxeen esku utzitako irakasleena.

Goi-mailako ikasketekin lotutako auziak ere landu ahal izango ditu propio osatutako Batzorde Parekide Franko-andorratarrak.

[…]

II. TITULUA
Beste lankidetza-forma batzuk

II. KAPITULUA
Lanbide Heziketa

26. artikulua

Ikasketa-plan erkideak antolatu ahal izango dituzte bi aldeek, eta diploma bikoitzak onetsi. Hori egiteko modalitateak, batez ere irakasleei, eskoletan erabiliko diren hizkuntzei, ikasketa-programei eta lokalei dagokienez, Batzorde Parekide Franko-andorratarrak erabaki beharko ditu.

Printzerriko hezkuntza-sistematik datozen ikasleek parte hartu ahal izango dute ikasketa horietan.

Derrigorrezko hezkuntzaz harago, Andorrako Gobernuak martxan jartzen dituen gizarteratze-egitasmoetan eta lanbide-heziketako programetan ere parte hartu ahal izango dute ikasleok.

[…]

III. KAPITULUA
Bizitzan zeharreko prestakuntza

28. artikulua

Etengabeko prestakuntzarekin loturiko jarduerak bultzatuko dituzte bi aldeek, batez ere frantsesaren garapen eta praktikaren inguruan Comte de Foix Lizeoak antolatzen dituenak. Zein jarduera antolatu, hori propio osatutako Batzorde Parekide Franko-andorratarrak erabaki beharko du, Frantziak Andorrako Printzerrian duen enbaxadako zerbitzuekin batera. Jardueron antolaketa bi aldeek finantzatu beharko dute.

[…]

III. TITULUA
Amaierako xedapenak

Parisen emana, 2013ko uztailaren 11n, bi aletan, frantsesez eta katalanez. Bi testuak berdin-berdin joko dira benetakotzat.

Eranskina

II. ERANSKINA
Katalanaren eta Andorrarekin loturiko giza eta gizarte-zientzien irakaskuntza Andorrako ikastetxe frantsesetan

Haur Hezkuntzan:

- katalana eta Andorrako ingurunearen ezagutza, 2. mailan eta 3. mailan: astean 3 ordu.

Lehen Hezkuntzan:

- katalana eta Andorrako ingurunearen ezagutza: astean 3 ordu.

Kolegio eta lizeoetan:

Kolegioko 6. mailatik batxilergoko 3. mailara bitartean, Frantzian hizkuntza bizien irakaskuntzarako indarrean dauden ordutegi berberak aplikatuko dira.

Andorrarekin loturiko giza eta gizarte-zientziei buruzko ikasgaiek, ordea, ordubete gehiago izango dute.

1. Kolegioetan:

Kolegioko 1. mailatik 4. mailara bitarteko ikasleek nahitaez ikasi beharko dute katalana lehen hizkuntza bizi gisa. Horrez gain, beste hizkuntza batzuk ere aukeratu ahal izango dituzte hizkuntza bizi gisa.

2. Lizeo orokor eta teknologikoetan:

Lizeoko 1. mailako ikasleek nahitaez ikasi beharko dute katalana lehen hizkuntza bizi gisa.

2. mailan eta 3. mailan, batxilergoko diploma nazionala (baxoa) eskuratzeko balioztatutako hizkuntza bizi gisa ikasi ahal izango dute katalana ikasleek.

Lizeo orokor eta teknologikoetan hizkuntza biziak irakasteari buruzko agindu ofizialen arabera ezarritako ordutegia izango du katalanak. Batxilergoko 2. eta 3. mailetako ikasleek, baldin eta ikasgaia hautatu ez badute, astean behin eman beharko dute katalana, baina ez dute katalaneko azterketarik egin beharko batxilergoko diploma nazionala (baxoa) eskuratzeko.

3. Lanbide Heziketako lizeoetan:

Ikasmaila zeinahi dela ere, ikasle guztiek ikasi beharko dute katalana. Lanbide Heziketako lizeoetan hizkuntza biziak irakasteari buruzko agindu ofizialen arabera ezarritako ordutegia izango du katalanak. Bigarren hizkuntza bizi bat ere aukeratu ahal izango dute ikasleek.

Lanbide Heziketako zeinahi diploma eskuratzeko, ikasleek katalaneko azterketa bat egitea aukeratu ahal izango dute.

4. Goi-mailako ikasketa teknikoetan:

Goi-mailako ikasketa teknikoetako ikasleek hizkuntza bizi gisa ikasi ahal izango dute katalana. Goi-mailako teknikari-titulua eskuratzeko beste edozein ikasgaik duen maila berekotzat joko da katalana.

Andorrara iristen diren ikasleak:

Kolegioetako edo batxilergoko lehen mailako ikasleek, baldin eta, bertan matrikulatzen direnerako, gutxienez hiru urte eginak badituzte Andorran eta artean katalan nahikorik ez badakite, hasiberrientzako katalan-ikastaro bat egin beharko dute astean lau orduz. Ikastaroak bi urteko iraupena izango du gutxienez, eta beste urtebete luzatu ahal izango da. Batxilergoko bigarren eta azken mailetako ikasleek hasiberrientzako katalan-ikastaro bat egin beharko dute astean ordubetez.

[…]


9.2.46. 2006-1771 Legea, 2006ko abenduaren 30ekoa, 2006ko Aurrekontuak zuzentzen dituena[1541]

III. TITULUA
Xedapen iraunkorrak

II. Beste neurri batzuk

165. artikulua

Nazioarteko sail bat edo gehiago dituzten ikastetxeetan, edo zenbait ikasgai atzerriko hizkuntzaren batean erabiliz eman beharra dakarren irakaskuntza-mota berezia eskaintzen dutenetan, tartean diren atzerriko herrialdeak arduratu ahal izango dira ikasgai horiek emateko ardura duten irakasleak ikastetxeen esku jartzeaz, edo elkarte baimendunek kontratatu beharko dituzte, eta haiek ordaindu beharko diete. Estatuak ere kontratatu ahal izango ditu, Hezkuntzaren Kodearen L. 932-2 artikuluan ezarritako baldintzekin bat etorriz. Finantzez arduratzen den ministerioaren txostenean oinarriturik, Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez zehaztuko dira irakaskuntza-mota berezi horren truke ordaindu beharreko saria jasotzeko baldintzak.


9.2.47. 2008-496 Legea, 2008ko maiatzaren 27koa, diskriminazioari aurre egitea helburu duen Europar Batasuneko legeriarekin bat egiteko zenbait xedapen ematen dituena[1542]

1. artikulua

Zuzeneko diskriminaziotzat joko da norbait pairatzen ari den, pairatu izan duen edo pairatuko lukeen egoera bat, baldin eta egoera berean beste norbaitek pairatu izandakoak edo pairatuko lituzkeenak baino ondorio kaltegarriagoak baditu, eta horrek arrazoi hauetako bat badu oinarri: pertsonen jatorria, sexua, familia-egoera, haurdun egotea, itxura fisikoa, egoera ekonomikoak ekarritako kalteberatasun-egoeraren bat —egoera hori eragin duenak jakin zein ez—, deitura, bizilekua, banku-helbideratzea, osasun-egoera, autonomia galdu izana, zailtasunen bat edukitzea, ezaugarri genetikoak, ohiturak, sexu-orientazioa, genero-identitatea, adina, iritzi politikoak, sindikatu-jarduerak, frantsesaz bestelako hizkuntzaren batean mintzatzea, edo pertsona juridiko horiek edo horietako batzuk —egiaz nahiz ustez— etnia, nazio, arraza edo erlijio jakin bateko kide izatea edo ez izatea.

[…]


9.2.48. 2009-594 Legea, 2009ko maiatzaren 27koa, Itsasoz Haraindiko Lurralde-kolektibitateen Ekonomia-garapenari buruzkoa[1543]

V. TITULUA
Zenbait xedapen

58. artikulua

I. Itsasoz haraindiko lurralde-kolektibitateetan eta Kaledonia Berrian, Kode Zibilaren 74. artikulua indargabetzearen ondorioz, nazionalitate atzerritarra duten eta Frantzian bizi ez diren bi pertsona haiek aukeratzen duten udalerrian ezkondu ahal izango dira, udalerri horretan ezkongaietako inor bizi ez bada ere.

II. Baldin eta I. zenbakia aplikatzen bada, ezkongaiek aukeratutako udalerriko alkateak bere lurralde-mailako eskumenak egikaritu ahal izateko, ezkontideek Kode Zibilaren 63. artikuluan ezarritakoak argitaratu baino hilabete lehenago entregatu beharko dute xede horretarako berariaz eratutako txostena.

III. Hipotesi berean, eta 63. artikulu horretantxe ezarritakoari jarraituz, lurraldean eskumenak dituen agintaritza diplomatikoari edo kontsul-agintaritzari ezkongaien entzunaldiari ekin diezaiola eskatu ahal izango dio Erregistro Zibileko funtzionarioak.

IV. II. zenbakian aurreikusitako epea amaitu ondoren, eta Kode Zibilaren 165. artikulua indargabetzearen ondorioz, haiek aukeraturiko udalerriko Erregistro Zibileko funtzionarioaren aurrean ezkondu ahal izango dira ezkongaiak, ezkontza publikoan, zinpeko itzultzaile-interprete bat ondoan dutela.

73. artikulua

Kreole hizkuntzak Frantziako hizkuntza-ondarearen parte dira.


9.2.49. 2009-1436 Legea, 2009ko azaroaren 24koa, Espetxeei buruzkoa[1544]

I. TITULUA
Espetxe-zerbitzu publikoari eta atxilotu-izaerari buruzko xedapenak

III. KAPITULUA
Atxilotuen eskubide eta eginbeharrei buruzko xedapenak

1. atala
Xedapen orokorrak

23. artikulua

Espetxera eraman bezain laster, atxilotuari harrera-liburuxka bat entregatu eta ahoz azaldu beharko zaizkio, berak ulertzen duen hizkuntza batean, zein atxiloketa-araubide aplikatuko zaion, zein eskubide eta betebehar izango dituen, eta zein errekurtso eta eskabide aurkeztu ahal izango dituen. Espetxeari aplikagarriak zaizkion arauak ere jakinarazi beharko zaizkio, eta gero ere, haren atxiloketak irauten duen bitartean, noiznahi eman beharko zaizkio aditzera.

2. atala
Jardueraren batean parte hartzeko eginbeharra

27. artikulua

Kondenatua beharturik egongo da espetxeburuak eta espetxeko baldintzapeko askatasun- eta gizarteratze-zerbitzuko zuzendariak proposatzen dizkioten gutxienez jardueretako batean parte hartzera, interesdunaren gizarteratzea baita jardueron helburua, eta haren adinera, gaitasunetara, zailtasunetara eta nortasunera egokiturik baitaude.

Baldin eta kondenatuak oinarrizko ezagutzak menderatzen ez baditu, irakurtzen, idazten eta zenbatzen ikastearekin lotuta egongo dira jardueraren eduki nagusiak. Baldin eta frantses nahikorik ez badaki, hizkuntza ikastea izango da jardueraren helburu nagusia. Baldin eta kondenatuak lanen bat badu, ikasketen antolaketa haren lanera egokitu beharko da.


9.2.50. 2010-160 Legea, 2010eko otsailaren 22koa, Frantziako Errepublikako eta Botswanako Errepublikako gobernuek hezkuntzari eta frantsesari buruz sinaturiko esparru-akordioa onesteko baimena ematen duena[1545]

Artikulu bakarra

Hezkuntzari eta frantsesari buruz Frantziako Errepublikako Gobernuak eta Botswanako Errepublikakoak 2008ko martxoaren 20an Parisen sinaturiko esparru-akordioa onesteko baimena ematen da. Testua eranskin modura gehituko zaio lege honi (2).

Lege hau estatu-lege gisa betearaziko da.

Esparru-akordioa, Frantziako Errepublikako eta Botswanako Errepublikako gobernuek hezkuntzaren eta frantsesaren alorretan hitzartutako lankidetzari buruzkoa, 2008ko martxoaren 20an Parisen sinatua.

Batetik, Frantziako Errepublikako Gobernuak, eta, bestetik, Botswanako Errepublikako Gobernuak,

[…]

Hezkuntzaren eta, batez ere, frantsesaren irakaskuntzaren alorretan beren arteko lankidetza-lokarriak estutu nahirik, eta nazioarteko komunikazio-hizkuntzak ikasteak duen garrantzia dela medio, honako xedapenok hitzartzen dituzte:

[…]

III. artikulua. Lankidetza horren xede nagusia esparru hauek garatzea izango da:

[…]

- esperientzia-trukearen bidez elkar aberastea, batez ere hizkuntzen irakaskuntzari eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren sustapenari dagokienez.


9.2.51. 2010-873 Legea, 2010ko uztailaren 27koa, Estatuaren kanpo-harremanei buruzkoa[1546]

I. TITULUA
Frantziaren kanpo-harremanen alde diharduten erakunde publikoei buruzko xedapenak

II. KAPITULUA
Campus France erakunde publikoa

6. artikulua

[…]

II. Honako hauek dira Campus France erakunde publikoaren eginkizun nagusiak:

1. Frantziako goi-mailako ikasketa-sistema eta lanbide-heziketakoa atzerrian sustatzea eta haien balioa ezagutaraztea, eta ikasketak Frantziako ikasketa-sisteman edo ikasketa frantsesen atzerriko sarean egiten ari diren herritar atzerritarren jarraipena egitea modu erregularrean.

[…]

III. KAPITULUA
Institutu Frantsesa

9. artikulua

[…]

II. Atzerrian kultura- eta hizkuntza-aniztasuna sustatzearen alde Frantziak dituen egitasmoen parte den aldetik, eta betiere harrera-herrialdearekin elkarlanean jarduteko gogoz, Kanpo Arazoetako Ministerioak, tartean diren gainerako ministerioekin batera —batez ere Kultura Ministerioarekin—, kulturaren alorrean definituak dituen kanpo-politiketan esku hartu beharko du Institutu Frantsesak, Frantziak atzerrian duen kultura-sarearen barruan. Honako hauek izango dira Institutu Frantsesaren eginkizun nagusiak:

[…]

7. Atzerrian frantsesa sustatzea, hedatzea eta irakastea;

8. Atzerrian Frantziako kultura-sareari buruzko informazioa ematea, bai eta Frantziako kultura-eskaintzarekin loturik diharduten instituzio eta profesionalei buruzkoa ere;

[…]

Institutu Frantsesak lankidetza-harreman estua izango du nazioarteko eta Europako elkarteekin, lurralde-kolektibitateekin eta, batez ere, itsasoz haraindiko departamendu eta kolektibitateekin, Frantziako kultura-industriaren esportazioan diharduten elkargo profesionalekin, sormenaren eta kultura-hedapenaren esparruetako instituzio frantses eta atzerritarrekin, eta lankide publiko eta pribatuekin, tartean baita Aliantza Frantsesarekin ere.

[…]

10. artikulua

Frantsesaren eta Frantziako kulturaren ospe ona atzerrian zabaltzeko estrategiak antolatze aldera, Kanpo Arazoetako ministroak eta Kultura-ministroak batzorde estrategiko bat eratu beharko dute, gutxienez urtean behin batzartuko dena, eta, hartan, tartean diren ministerioetako ordezkariek parte hartu beharko dute. Beste eragile batzuek ere parte hartuko dute batzorde horretan, hala nola Kanpo Arazoetako ministroak eta Kultura-ministroak izendaturiko pertsona ospetsu kualifikatuek, bai eta lurralde-kolektibitateen eta Aliantza Frantsesaren ordezkariek ere, eta kultura digitalen alorreko ordezkari adierazgarri batek ere bai. Diputatu eta senatari banak ere parte hartuko dute batzorde estrategiko horretan. Beren batzarretako kultura-arazoetarako batzorde iraunkorrak izendatu beharko ditu ordezkariok.

[…]


9.2.52. 2013-595 Legea, 2013ko uztailaren 8koa, Errepublikako Eskola-birfundazioaren Orientazioari eta Programazioari buruzkoa[1547]

Eranskina

Artikulua

Errepublikako eskola-birfundazioaren orientazioa eta baliabideen programazioa

Orientazioari eta programazioari buruzko lege hau nazioarentzat lehentasuntzat jotzekoa den eskola-birfundazioaren urrats nagusietako bat da. Eta, hala ere, beste neurri asko ere hartu beharko dira oraindik eskola-birfundazio hori osatzeko, hala nola legezkoak ez diren hainbat erreforma eta xedapen.

Lege honek eranskin modura dakarren txostenean aurkezten dira hezkuntza-diseinu bikain horren arrakastarako beharrezkoak diren orientazio eta langai guztiak.

Errepublikako eskola-birfundazioa: helburu eta baliabideak

Gure gazteen geroa, Frantziaren susperraldia, haren kultura-, gizarte- eta ekonomia-garapena: hori guztia, neurri handi batean, Errepublikako eskola-birfundazioari heltzeko dugun gaitasun kolektiboaren baitan dago.

Gure hezkuntza-sistema hobetzea eta zuzena izan dadin lortzea, ikasleak eta Frantzia osoa ardatz harturik:

Frantziako hezkuntza-sistemak abantaila asko ditu, eta iraganean ere ederki asko erakutsia du gai dela jendea mobilizatuz eboluzionatzeko, baina, horiek horrela, gure eskolak orain dela hogei urte utzi zion aurrera egiteari. Frantzian hezten ditugun ikasleen gaitasun-maila orokorrak hobetu egin behar du, nabarmen-nabarmen, eskola-arrakastari dagokionez justizia izango bada nagusi eta, nazioarteko ezagutzaren ekonomia-sisteman, Frantziak hazkunde estrukturalaren bidea hartuko badu.

Hamarren bat urteren ondoren, idazteko zailtasunak dituzten ikasleen kopuruak oso modu adierazgarrian egin du gora, eta kolegioetan, esate baterako, 1. mailari ekiten dioten ia bost ikasletik batek idazteko zailtasunak ditu. Ikasleen batez besteko mailak, beraz, gutxi egin du aurrera; ebaluazioek erakusten dutenez, ordea, ikasle ahulenen artean larritu dira bereziki zailtasunak.

15 urteko ikasleen % 20 inguruk zailtasun handiak ditu ondo idazteko. 2000. urtetik 2009.era bitartean, kopuru hori % 30 inguru igo eta % 15etik % 20ra igaro zen. Matematikan eta zientzietan, derrigorrezko eskolatze-aldiaren amaierara iristean, ikasle frantsesen emaitzak eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko (ELGA) herrialdeetako ikasleenak paretsukoak izan dira beti, baina, 2000. urtetik 2009.era bitartean, Frantzia nazioarteko azterketa-sailkapeneko burutik urrunduz joan da apurka-apurka, eta matematika-ezagutzen maila apaldu egin da.

[…]

Izatez, Frantziako hezkuntza-sistema ez da gai izan gizarte- eta lurralde-mailako determinismoei aurre egiteko, eta determinismook dira, hain zuzen, desberdintasun sozial eta geografikoen eragile nagusiak, herritarren zati bat gizarte-maila apalago batera eraman eta haiengan konfiantzarik eza erein dutenak. Eskola-esparruko ekitateari dagokionez, Frantzia azken postuetan dago ELGAko herrialdeen artean (hogeita hamalau herrialderen artean, Frantzia hamazazpigarren postuan dago); alegia, horrek esan nahi du gurean gizarte-mailak ondorio zuzenagoa duela emaitza akademikoetan ELGAko beste herrialdeetan baino. Estatistika-datu nazionalek adierazten dutenez, eskolatze-lekuaren arabera lortzen diren emaitza akademikoen arteko aldeak handiak dira oraindik, bere hartan jarraitzen dute, eta horregatik da hain zaila gizarte- eta lurralde-mailako desberdintasunei aurre egitea: zenbait ikastetxetan beste zenbaitetan baino bi aldiz handiagoa da frantsesean ezagutza-maila nahikorik ez duten Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleen kopurua. Era berean, batxilergoko diploma nazionala (baxoa) eskuratzeko azterketaren arrakasta-tasari dagokionez, metropolietako ikastetxe batzuetatik besteetara hamar puntu inguruko gorabehera dago, eta itsasoz haraindiko ikastetxeetan, berriz, aldea askoz nabarmenagoa da. Kolegioan ere, 4. mailan, ikasleen oinarrizko gaitasunak oso nabarmen apaldu ziren 2007tik 2011ra bitartean.

[…]

Nazioak bere eskolarako zehazturiko helburuak: denekin zuzen jokatzen duen eta bakoitzari berea eskatzen dion eskola bat

Ikasle guztien maila orokorra igotzeko modua eman beharko liguke, nagusiki, eskola-birfundazioak. Lehenik eta behin, helburuak pedagogikoa izan beharko luke:

― Lehen Hezkuntzako 2. maila amaitzerako, ikasle guztiek frantsesezko oinarrizko gaitasunak (irakurmena, idazmena, ulermena eta lexikoa) eta oinarrizko matematika-gaitasunak (aritmetika, kalkulua eta geometria) eskuratzen dituztela bermatzea (Lehen Hezkuntzako 2. maila amaitzerako oinarrizko ezagutzen 1. mailari dagozkion gaitasunak eskuratuak dituzten ikasleen proportzioa ere adierazi beharra dago), eta, Lehen Hezkuntza amaitzerako, ikasle guztiek funtsezko ezagutza-baliabide guztiak eskuratzen dituztela bermatzea (Lehen Hezkuntzako 4. maila amaitzerako oinarrizko ezagutzen 2. mailari dagozkion gaitasunak eskuratuak dituzten ikasleen proportzioa ere adierazi beharra dago);

― Lehen Hezkuntzako 4. maila amaitzerako, lehentasunezko hezkuntzako ikasleen eta lehentasunezkoa ez den hezkuntzako ikasleen arteko aldea % 10etik behera jaistea (Lehen Hezkuntzako 4. maila amaitzerako oinarrizko ezagutzen 1. eta 3. mailei dagozkien gaitasunak eskuratuak dituzten lehentasunezko hezkuntzako ikasleen eta lehentasunezko hezkuntzakoak ez direnen arteko aldeen proportzioa ere adierazi beharra dago);

[…]

Errepublikako eskola-birfundazioa: orientazioak

I. Birfundazio pedagogikoa

Irakasle-ikasketekin eta hezkuntzaren alorreko ikasketekin lotutako hasierako eta etengabeko prestakuntza birfundatzea:

[…]

Gure hezkuntza-sisteman, praktikak aldatu gabe baliabide osagarriak gehitzeak ez luke, emaitzei dagokienez, ondorio handirik eragingo. Irakasleei beren praktika profesionalak aldatzen eta beren zereginerako beharrezkoak diren tresnak lortzen laguntzeko, hasierako eta etengabeko prestakuntza da pizgarri aproposena: ezagutzak eguneratzea; jarduera pedagogikoak ondo prestatzea; ikasgelako jarrerak hobetzea; baliabide digitalak erabiltzea eta txertatzea eguneroko praktika pedagogikoan; hezkuntza-beharrizan bereziak aintzat hartzea eta zailtasunak identifikatzea, batez ere ikasteko zailtasunak; itsasoz haraindiko departamendu, kolektibitate eta lurraldeetan idazmena, mintzamena eta frantsesezko irakurmena modu espezifikoan irakatsi behar direla ohartzea; lan-merkatua ezagutzearekin eta hartan orientatu eta txertatzearekin lotutako arazoen berri jakitea; egoera tirabiratsu eta bortitzei aurre egitea; gizarte-gaien gaineko prestakuntza eskuratzea (genero-estereotipoei aurre egiteari buruzkoa, ingurumenari eta garapen jasangarriari buruzkoa, ekonomia solidarioa...).

[…]

Hizkuntza bizi bat prestakuntza-ikasturteaz geroztik.

Hizkuntza biziei dagokienez, ikasle frantsesen emaitzak bereziki larritzeko modukoak dira. Nazioarteko ebaluazioen arabera, kolegioko aldi osoan emandako gaitasunak guztiz barneratu gabe amaitzen dute ikasle frantsesek 4. maila, baina deigarriena ez da hori: gaitasunon barneratze-maila ebaluatzen dieten ikasle europarren artean, frantsesak dira azkenak.

Hizkuntza biziak, atzerrikoak nahiz erregioetakoak, albait azkarren ikasten eta hitz egiten hastea: frogaturik dago horixe dela hizkuntza horien ikaskuntzan aurrera egiteko faktore nagusietako bat.

Beraz, derrigorrezko eskolatze-aldiaren hasieran bertan ekin beharko zaio hizkuntza bizien irakaskuntzari. Tartean diren ikastetxeei dagokienez, haur-hezkuntzaren hasieratik erraztu eta sustatuko da hizkuntza erregionalen eta sistema elebidunaren (frantsesa eta hizkuntza erregionala) irakaskuntza osagarria.

Atzerriko hizkuntzaren batean edo hizkuntza erregionaletan sorturiko lan eta baliabide pedagogikoei dagokienez, haiek eskola-orduetan, ordu perieskolarretan eta eskolaz kanpoko orduetan erabil daitezen sustatuko da.

Hizkuntza erregionalak hitz egin ohi diren lurraldeetan, hizkuntza horiek ikasteko modua erraztuko zaie hala nahi duten familiei. Hala, Estatuaren eta hizkuntza erregionalak hitz egiten dituzten lurralde-kolektibitateen artean buruturiko konbentzioen bidez eskolatze-aldi osoan eskaintzekoa den hizkuntza erregional eta gutxituen gaineko ikasgaiaz gain, lurralde-kolektibitateek berek antolatzekoak diren hezkuntza- eta kultura-jarduera osagarrien bidez ere eman ahal izango dira aditzera hizkuntza eta kultura erregionalak.

Hizkuntza erregionala irakasten duten ikastetxeetarako sarbidea errazte aldera, hizkuntza hori irakasten duten ikastetxeetan matrikulatzeko modua izango dute aukera hori eskaintzen ez duten ikastetxeak dituen udalerri batekoak diren ikasleek, haurrak haietan eskolatuak izateko lekua badago.

[…]

Eskolan kultura digitala lantzeko asmo sendoa izatea:

Kultura digitalak zuztarretik aldatu ditu gure gizarteak. Informazioaren gizarteak ezagutzarako eta hezkuntzarako irispide berriak sortu ditu. Gaur egun, xix. mendeko Industria Iraultzaren garrantzi berdintsua duen haustura teknologikoa ari da bizitzen gure mundua. Teknologia digitalek dena aldatu dute erro-errotik: bai jakintzak produzitzeko eta hedatzeko moduak eta bai gizarte-harremanak ere. Eskola ere aldaketa handi horien muinean dago.

Teknologiok bikain-bikainak dira hezkuntza-sistema eta pedagogia-metodoak hobetzeko akuilu gisa, lana haurraren erritmora eta premietara egokitzeko, ikasleak elkarrekin lan egitera zirikatzeko, haien autonomia sendotzeko, familiak eskolara erakartzeko eta hezkuntza-erkidegoaren barruko harremanak estutzeko ahala ematen digutenez gero. Hori gutxi ez, eta ikaskuntza-aukera berriak ere ematen dizkigute: atzerriko hizkuntzekin edo zailtasunak dituzten ikasleekin lotutakoak, besteak beste.

[…]

II. Birfundazioaren xedea: denon hezkuntza-sistemak arrakasta izatea

Europarekiko eta munduarekiko irekitasun handiagoa sustatzea:

[…]

Hizkuntza biziak ikastea baliabide aparta da irekitasun horretara iristeko.

[…]

Hizkuntza-gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta kulturarteko gaitasunak lantzeko are lagungarriagoa den aldetik, mugikortasuna ere modu indibidual eta kolektiboan landu beharko dute ikasleek, eta irakasleek ere bai. Irakaskuntza Frantseserako Atzerriko Sarearen eta atzerriko ikastetxeen bitartez bermatu beharko da irakasleen mugikortasuna. Desiragarria litzateke eskolek ikasle bakoitzari modua ematea, derrigorrezko eskolatze-aldian behin gutxienez, atzerrira ikasketa-bidaia bat egiteko.

Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak hezkuntzaren arloko lankidetza-ildo bat landu beharko du, Frantziako hezkuntza-sistema eta hari dagozkion balio errepublikanoak atzerrian zabaltzeko, kanpotarrak frantsesa ikastera animatzeko, ezagutzak partekatzeko, denoi eragiten diguten arazoei buruz gogoeta egiteko, eta gure hezkuntza-sistema nazionala mundu osora eramateko, batez ere Irakaskuntza Frantseserako Atzerriko Sarearen bitartez.

Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak, Kanpo Arazoetako Ministerioarekin batera, gertu-gertutik esku hartu beharko du Frantziako irakaskuntza-sistemak Europar Batasunean eta hirugarren herrialdeetan duen presentzia sendotzeko lanetan, batez ere herrialde erkideotan filial elebidunak, aldebiko sailak eta nazioarteko sailak eratuz.

Lankidetza-harreman horiek areago estutuko dira Frantziarekiko interes biziagoa duten herrialde eta erregioekin.

[…]

Zailtasunak dituzten ikasleak eskolatzea eta eskola inklusiboa sustatzea:

[…]

Ikasle gorren eta haien familien hizkuntza-proiektuak aintzat hartu beharko dira. Eskola-ibilbide osoan, ikasle gorrek bi komunikazio-eredu izango dituzte aukeran: komunikazio-eredu elebiduna (zeinu-hizkuntza eta frantsesa) eta frantsesezko komunikazio-eredua (frantsesezko mintzamena, Cued Speech sistema eta frantsesezko idazmena). Horretarako, eskolatze-mota horretara egokituriko baliabideak sortu beharko dira, eta halako zailtasunak dituzten ikasleak gela berean elkartu, ikastetxeak eskura izan ditzan beharrezkoak gerta dakizkiokeen baliabide akademiko guzti-guztiak.

Labur esanda, zailtasunak dituzten ikasleen beharrizan berezietara ahalik ondoena egokituriko material pedagogiko guztia finantzatu beharko du Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak, egunerokotasunean haien inklusioa errazteko.

[…]


9.2.53. 2013-660 Legea, 2013ko uztailaren 22koa, Goi-mailako Ikasketei eta Ikerketari buruzkoa[1548]

I. TITULUA
Goi-mailako ikasketen eta ikerketaren zerbitzu publikoko eginkizunak

I. KAPITULUA
Goi-mailako ikasketen zerbitzu publikoko eginkizunak

3. artikulua

Lege hau promulgatzen denetik hasi eta hiru urteko epean, Gobernuak ebaluazio-txosten bat bidali beharko die Batzar Nazionaleko eta Senatuko batzorde iraunkor eskudunei. Txosten horretan, zera ebaluatu beharko da: frantsesaren erabilerari dagokionez, ea lege honen 2. artikulua zer-nolako eragina izaten ari den goi-mailako ikastegi publiko eta pribatuetan, eta ea zer-nolako bilakaera izaten ari diren ikasketak atzerriko hizkuntzetan egiteko programak, ikasle atzerritarrek ikasketak frantsesez egitekoak eta atzerriko ikastegietan frantsesezko ikasketak egitekoak.


9.2.54. 2014-773 Legea, 2014ko uztailaren 7koa, Nazioarteko Garapen- eta Elkartasun-politiken Orientazioari eta Programazioari buruzkoa[1549]

I. TITULUA
Frantziako nazioarteko garapen- eta elkartasun-politiken orientazioa eta programazioa (1. artikulutik 11.era bitartean)

I. KAPITULUA
Nazioarteko garapen- eta elkartasun-politiken helburuak

2. artikulua

Nazioarteko garapen- eta elkartasun-politiken orientazioak zehazten dituen txostena, lege honi atxikita aurkezten dena, onetsirik geratzen da. Hala badagokio, lege honi atxikita aurkezten den txostenean zehazten diren baldintzen arabera eguneratu beharko dira orientaziook, Nazioarteko Garapen eta Elkartasunerako Batzorde Nazionalari eta Batzar Nazionaleko eta Senatuko batzorde iraunkor eskudunei kontsultatu ondoren.

(2. artikuluaren eranskina)

Atarikoa

[…]

1. Frantziako nazioarteko garapen- eta elkartasun-politiken helburuak eta lehentasunak

[…]

1.1. Frantziako nazioarteko garapen- eta elkartasun-politiken xedeak.

[…]

Herrialde bazkideen garapen-maila eta haien kokapen geografikoarekin, historiarekin, kulturarekin eta hizkuntzarekin loturiko lehentasunak aintzat harturik, Frantziak bazkide dituen herrialdeen berezitasunetan oinarriturik eratuko ditu bere nazioarteko garapen- eta elkartasun-politikak.

[…]

Hezkuntzaren eta prestakuntzaren alorreko politika eraginkorrak martxan jartzen laguntzea, eta herritarren garapen autonomorako eta haien ekonomia- eta gizarte-integraziorako eta gizartean herritar gisa aitortuak izateko beharrezkoak diren gaitasun eta ezagutzak eskuratzeko ahala bermatzea: horretan laguntzea da nazioarteko garapen- eta elkartasun-politika frantsesaren eginbehar nagusia. Hori dela eta, haurrek eskolara joateko eta bertan jarraitzeko ahala dutela bermatzea oinarri-oinarrizko garapen-faktoretzat joko da. Denentzako Hezkuntza deritzon egitasmoaren helburuak erdiesten ere lagundu beharko du politika horrek, lehen eta bigarren mailetako oinarrizko hezkuntza, haur txikienek bizitzan zeharreko hezkuntza-eskaintza jasotzeko moduan egotearen garrantzia eta kalitateko hezkuntza-eskaintzetan —bazterturik dauden edo kalteberak diren herritarrei eskaini beharrekoetan, nagusiki— pedagogia-taldeei dagokien aparteko rola lehenetsiz. Atzerriko ikasleei Frantziara etorri eta bertan ikasketak egiteko ahala emateko politiken bitartez ere lagunduko du Frantziak helburu horiek betetzen. Garapen-politika horren barruan, frantsesa babestearen eta sustatzearen aldeko politika ere garrantzi handiko bektorea izango da.

[…]

1.4. Lehentasun geografikoak: bazkide desberdinduak

Garapen bidean den munduan ere, botere ekonomiko eta politiko berriak sortzeaz batera, eta Afrikako, Asiako eta Ameriketako hainbat herrialderen aldakortasuna eta krisi- eta kalteberatasun-egoera betean egoten jarraitzen duten estatuen egoera dela tarteko, desberdintasunak hazi egin dira. Nazioarteko garapenaren eta elkartasunaren mesedetan martxan jarriak dituen bitartekoak ahalik ondoena erabiltze aldera, Frantziak gorabehera itzel horiei buruzko ondorioak atera beharko ditu, eta bere xede eta esku-hartzeak herrialde bakoitzaren beharrizan berezietara egokitu. Xede horiek eta herrialde bakoitzaren kokapen geografikoa, historia, kultura eta hizkuntza aintzat harturik, Frantziak lau herrialde-kategoriaren arabera desberdinduko ditu bere bazkideak. Horiek horrela, gorago aipaturiko hamar lehentasun-esparruetatik hiru definitu beharko ditu Frantziak bazkide bakoitzarekin batera.

[…]

Afrika eta herrialde mediterraneoak.

[…]

Frantziak lehentasuntzat joko ditu Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeak. Erregio hori da, baita kontinenteko gainerako herrialdeen aldean ere, mundu osoko erregiorik azpigaratuena. Giza garapenaren indizean postu okerrenak dituzten herrialde gehienak bertan daude. Aldi berean, baina, erregioko herrialde gehienetako ekonomiek oso nabarmen egin dute aurrera. Azken hamar urteetan, Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeetako batez besteko ekonomia-hazkundea ELGAko herrialdeetakoa baino askoz handiagoa izan da. Unean uneko fenomenoak gorabehera, dena den, epe luze eta ertaineko azterketek ere argi samar dioskute hazkunde-prozesu hori martxan dela hainbat herrialde txirotan: ekonomia demografia baino azkarrago hari da hazten, eta horrek biztanleko errenta igotzea ere ekarri du; egonkortasun makroekonomikoa nabarmen hobetu da (kanpo-zorra jaitsi egin da, eta inflazioa dezeleratu, eta aurrekontu-defizita eta kanpo-defizita ere murriztu egin dira); gatazka-kopurua izugarri jaitsi da, eta prozesu demokratikoak errotu. Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialde gehienetan frantsesa hitz egitea ere abantaila handia da, eta Frantziak oso gogoan izango du hori erregioa garatzearen aldeko bere egitasmoak martxan jartzean. Egokiak iruditzen zaizkion sektore guztietan esku hartuko du Frantziak, eta, herrialde bakoitzaren premiei behar bezala aurre egiteko, eskura dituen baliabide guztiak mobilizatuko ditu: dohaintzak, aurrekontu-laguntzak, dirulaguntzen bidezko maileguak edo bestelako maileguak, subiranoak nahiz ez-subiranoak, partaidetzak, bermeak eta beste finantzaketa-tresna berritzaile batzuk.

[…]


9.2.55. 2016-1321 Legea, 2016ko urriaren 7koa, Errepublika Digital Baten Aldekoa[1550]

III. TITULUA
Baliabide digitalak erabiltzeko ahala

III. KAPITULUA
Pertsona kalteberenek baliabide digitalak erabiltzeko ahala

1. atala
Zailtasunak dituzten pertsonek telefono-zerbitzuak erabiltzeko ahala

105. artikulua

[…]

IV. Posta eta Komunikazio Elektronikoen Kodearen L. 33-1 artikuluko I. zenbakiko p letra, Zailtasunak dituzten pertsonen eskubide- eta aukera-berdintasunari, parte-hartzeari eta herritartasunari buruzko otsailaren 11ko 2005-102 Legearen 78. artikulua eta Kontsumoaren Kodearen L. 112-8 artikulua martxan jartzeko, lanbide arteko talde bat sortu beharko da, komunikazio elektronikoen alorreko eragileek osatua, telefono bidezko irisgarritasun-zerbitzuen antolaketa, funtzionamendua eta kudeaketa bermatzeko. Horretarako, lanbide arteko talde horrek kostuak partekatu beharko ditu, artikulu honetako VII. zenbakian aipatzen den dekretuan ezarritako modalitateen arabera eta Posta eta Komunikazio Elektronikoen Erregulazio Agintaritzaren kontrolpean.

Frantsesetik frantsesezko zeinu-hizkuntzarako interpretazio-baliabideak eta Cued Speech sistema bidezko kodetze- eta idatzizko transkripzio-baliabideak ziurtatu beharko dituzte, eskatzaileak hala eskatuz gero, Posta eta Komunikazio Elektronikoen Kodearen L. 33-1 artikuluko I. zenbakiko p) letran, aipatu otsailaren 11ko 2005-102 Legearen 78. artikuluan eta Kontsumoaren Kodearen L. 112-8 artikuluan aipatzen diren aldibereko itzulpen-zerbitzuek.

Aipatu otsailaren 11ko 2005-102 Legearen 78. artikuluan eta Kontsumoaren Kodearen L. 112-8 artikuluan aipatzen diren arreta-zerbitzuen irisgarritasuna bermatzeko, teleaholkulari profesionalek frantsesezko zeinu-hizkuntza eta Cued Speech sistema bidezko kodetze- eta idatzizko transkripzio-ezagutzak menderatzen dituztela ziurtatu beharko da, bai eta artikulu honetako VII. zenbakian aipatzen diren diploma eta kualifikazioak dituztela ere.

V. Lege hau promulgatzen denetik hasi eta gehienez ere hamar eguneko epean, eta VII. zenbakian ezarritako dekretuaren bidez definituriko modalitateen arabera, Posta eta Komunikazio Elektronikoen Kodearen L. 33-1 artikuluko I. zenbakiko p) letran aipatzen den itzulpen-zerbitzua hogeita lau orduz egongo da martxan, urteko egun guztietan; aipatu otsailaren 11ko 2005-102 Legearen 78. artikuluan aipatzen denak, berriz, tartean diren telefono bidezko arreta-zerbitzuen ordutegi bera izango du, eta Kontsumoaren Kodearen L. 112-8 artikuluan aipatzen denak, bezeroentzako zerbitzuen ordutegi bera.

VI. Posta eta Komunikazio Elektronikoen Kodearen L. 33-1 artikuluko I. zenbakiko p) letra, aipatu otsailaren 11ko 2005-102 Legearen 78. artikulua eta Kontsumoaren Kodearen L. 112-8 artikulua martxan jartzeko, komunikazio elektronikoko aplikazioak erabili ahal izango dira, eta testuak ozenki irakurri, ahots bidezko mezuak transkribatu eta testu bihurtu, testuok frantsesezko zeinu-hizkuntzara edo zeinu-hizkuntzatik frantsesera itzuli, edo Cued Speech sistema erabiliz transkribatu. Aplikazio horiek ezin izango dute ordeztu, dena den, Posta eta Komunikazio Elektronikoen Kodearen L. 33-1 artikuluko I. zenbakiko p) letran, aipatu otsailaren 11ko 2005-102 Legearen 78. artikuluan eta Kontsumoaren Kodearen L. 112-8 artikuluan aipatzen den aldibereko itzulpen-zerbitzua —ez idatzizkoa eta ez bisuala—, non eta bi zerbitzuek ez dituzten irisgarritasun- eta kalitate-baldintza berdintsuak eta ez dizkieten itzulpen-lan berdintsuak eskaintzen gor, gor-mutu, gor-itsu eta afasikoei.

[…]


9.2.56. 2016-1547 Legea, 2016ko azaroaren 18koa, xxi. Mendeko Justiziaren Modernizazioari buruzkoa[1551]

VIII. TITULUA
Zenbait xedapen

VI. KAPITULUA
Gaikuntza

109. artikulua

I. Konstituzioaren 48. artikuluan ezarritako baldintzekin bat etorriz, Gobernuak ahala izango du ordenantza bidez lege-mailako neurriak onesteko:

[…]

8. Alde batetik, Peritu Judizialei buruzko 1971ko ekainaren 29ko 71-498 Legearen 2. artikuluan ezarritako zerrendetan izena emana ez duten interprete eta itzultzaileengana nola jo zehazteko ahala emanez, baldin eta beren aditu-lan edo -eginkizunekin loturiko lege eta erregelamenduak hautsi badituzte edo beren zintzotasun edo ohoreari huts egin badiote —tartean baita atzerrian egin beharrekoak diren lanekin loturiko gertaerei dagokienez ere—, eta, horretarako, apelazio-auzitegi bakoitzak bere peritu judizialen zerrenda osa dezan aginduz, aipatu arau-hauste edo faltak egin dituzten interprete edo itzultzaile adituek zerrenda horretan eman dezaten izena; eta, bestetik, 2. artikuluan bertan ezarritako zerrendetan izena emana duten interprete eta itzultzaile adituei aplikagarriak zaizkien legezko xedapenak koordinatzeko ahala emanez, aldi baterako baja edo behin betiko baja hartzeko erabakiaren objektu badira ere zerrenda horretan bertan izena emanda egon daitezen.

[…]


9.2.57. 2017-256 Legea, 2017ko otsailaren 28koa, itsasoz haraindi berdintasun erreala ezartzeko programazioari buruzkoa eta arlo sozial eta ekonomikoko beste xedapen batzuk ematen dituena[1552]

VII. TITULUA
Kulturari buruzko xedapenak

76. artikulua

II. urteko thermidorraren 2ko (1794ko uztailaren 20ko) Dekretuaren 1. artikulua esaldi honekin osatu beharko da:

«Baldin eta frantsesaren erabilera bermaturik badago, xedapenok ez dute ez objektutzat ez ondoriotzat izango itzulpenen erabilera galaraztea».


9.2.58. 2018-133 Legea, 2018ko otsailaren 26koa, segurtasunaren alorreko Europar Batasuneko legeriarekin bat egiteko zenbait xedapen ematen dituena[1553]

I. TITULUA
Europar Batasun osoan informazio-sare eta -sistemen segurtasun-maila handia bermatze aldera onetsitako neurriei buruz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2016ko uztailaren 6an emandako 2016/1148 (eb) zuzentarauaren transposizioari buruzko xedapenak

III. KAPITULUA
Zerbitzu digitalen hornitzaileek eskainitako informazio-sare eta -sistemen segurtasunari buruzko xedapenak

10. artikulua

Kapitulu hau aplikatzeko:

[…]

2. Zerbitzu digitalen hornitzailetzat joko da zerbitzu hauetako bat eskaintzen duen zeinahi pertsona fisiko:

[…]

b) Online bilaketa-tresnak, hau da, Interneten edo Interneteko zeinahi webgunetan hizkuntza jakin batean bilaketak egiteko modua ematen duten zerbitzu digitalak, erabiltzaileei aukera ematen diena zeinahi gairi buruz gako-hitzak, esaldiak edo beste edozein eduki idatzi eta, zenbait estekatara birbidaliz, eskatutako parametroarekin loturiko informazioa aurkitzeko;

[…]


9.2.59. 2018-771 Legea, 2018ko irailaren 5ekoa, Nork Bere Etorkizun Profesionala aukeratzeko Askatasunari buruzkoa[1554]

II. TITULUA
Langabezia-prestazio unibertsalagoak eta zuzenagoak

III. KAPITULUA
Laguntza pertsonalizatuagoa enplegu-eskatzaileentzat, eta enplegu bila aritzearekin loturiko betebeharren gaineko neurri eraginkorragoak

1. atala
Lurralde-mailako esperientzia pilotua, enplegu-eskatzaileentzako laguntza-zerbitzuak hobetze aldera

58. artikulua

Esperientzia pilotu modura, enpleguaren gaineko ardura duen ministerioaren erabaki baten bidez izendaturiko erregioetan, Lanaren Kodearen L. 5411-1 artikuluan aipatzen den enplegu-eskatzaileen zerrendan izena emanda egoten jarraitu ala ez erabakitzeko, eta betiere kode horrexen L. 5411-2 artikuluan eta L.5411-10 artikuluko 2. zenbakian ezarritako baldintzen osagarri modura, eskatzaileak bere enplegu-bilaketaren martxari buruzko informazioa eman beharko du izen-emate hori berriztatzeko aldian behingo eskaera egitean. Esperientzia pilotuak kontuan hartu beharko ditu bai zailtasunak dituzten pertsonen egoera eta bai enplegu-eskatzaileen frantsesaren ezagutza-maila.

Esperientzia pilotuak hemezortzi hilabeteko iraupena izango du, 2019ko ekainaren 1etik kontatzen hasita.

Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez zehaztu beharko dira esperimentazio-modalitateak eta esperientzia ebaluatzeko modua.

Esperientzia pilotuaren ebaluazioa eperik gabe bidali beharko da Parlamentura.

[…]


9.2.60. 2019-222 Legea, 2019ko martxoaren 23koa, 2018-2022 Aldiaren Programazioari eta Justiziaren Erreformari buruzkoa[1555]

VII. TITULUA
Itsasoz haraindiko lurraldeetan indarrean jartzeari eta aplikatzeari buruzko xedapenak

Artikulua

Atxikitako txostena

[…]

1.3. Erreforma honek haize berria eman beharko dio instituzioen funtzionamenduari

1.3.2. Lan-metodoen berrikuntza

Bere inguruan zenbait lantalde eratzeak bere-bereak diren lanetan buru-belarri jarduteko modua emango dio magistratuari, eta auzi jakin baten izaera dela medio ezagutza espezializatuak behar badira ere, magistratuak lantalde horiengana jo ahal izango du. Legelari-laguntzaile postua sortu izanak sekulako arrakasta izan du jada zenbait jurisdikzio-organotan, eta harrobi horretatik aterako dira etorkizuneko magistratuak ere. Hurrengo bosturtekoan zehar, 248 legelari-laguntzaile lanpostu sortuko dira. Idazkari-laguntzaile gehiago ere egongo dira auzitegietako auzi-geletan, horretarako 250 lanpostu sortuko baitira. Laguntzaile judizial eta laguntzaile espezializatu gehiago ere kontratuko dira. Aldian behingo laguntzaileen ordez, premiarik badago, aldi osoko interpreteak ere kontratatuko dira.

[…]

1.3.4. Azterketa bat egin beharko da kudeaketa-lanen eraginkortasunari buruz.

[…]

Itzulpen automatikoko software bat ere eskuratu beharko da, eta itzultzaile fisikoen esku-hartzea murriztu ala ez erabaki. Jurisdikzio-organoei laguntze aldera, talde eragile batek izango du garrantzi handiko zenbait gairen gaineko ardura, hala nola lizitazioak ireki edo aurrekontuak negoziatzearen gainekoa.

[…]


9.2.61. 2019-1461 Legea, 2019ko abenduaren 27koa, Toki-esparruan Engaiatzeari eta Gertuko Akzio Publikoari buruzkoa[1556]

V. TITULUA
Hautetsien eskubideak aitortzea eta sendotzea

106. artikulua

Esperientzia pilotu modura, lege hau argitaratzen denetik hasi eta gehienez ere hiru urteko epean, tartean den kolektibitate bakoitzeko gutxienez pertsona bat proposatu beharko dute 10 000 biztanletik gorako lurralde-kolektibitateek perfekzionamendu-ikastaro bat egin eta frantsesezko zeinu-hizkuntza ikas dezan.

Artikulu honen aplikazio-modalitateak dekretu baten bidez zehaztuko dira.


9.2.62. 2021-641 Legea, 2021eko maiatzaren 21ekoa, Hizkuntza Erregionalen Ondare-babesari eta Sustapenari buruzkoa (Molac legea)[1557]

Batzar Nazionalak eta Senatuak onartua,

Konstituzio Kontseiluaren 2021eko maiatzaren 21eko 2021-818 AE[1558] Ebazpena aztertu ondoren;

Errepublikako presidenteak honela idatziriko legea promulgatzen du:

I. TITULUA
Hizkuntza erregionalen ondare-babesa

1. artikulua

Ondarearen Kodearen L. 1 artikuluko bigarren apartatua honela aldatu beharko da:

1. Hitz hauek gehituko dira: «bai eta hizkuntza-ondarea ere, hau da, frantsesa eta hizkuntza erregionalak»;

2. Esaldi bat gehituko da, honela idatzia: «Estatuak eta lurralde-kolektibitateek parte hartu beharko dute hizkuntza horiek irakasteko, zabaltzeko eta sustatzeko lanetan».

2. artikulua

Ondarearen Kodearen L. 111-1 artikuluko 5. zenbakian, «arteari» hitzaren ondoren, esaldi hau idatzi beharko da: «arkeologiari, eta frantsesaren eta hizkuntza erregionalen ezagutzari dagokienez».

3. artikulua

Frantsesaren Erabilerari buruzko 1994ko abuztuaren 4ko 94-665 Legearen 21. artikulua honela idatzi beharko da:

«21. artikulua. Lege honen xedapenek ezin izango diote kalterik egin hizkuntza erregionalen erabilerari, ez eta haien aldeko zeinahi ekintza publiko eta pribaturi ere».

4. artikulua

[2021eko maiatzaren 21eko 2021-818 AE Ebazpenaren arabera Konstituzioarekin bat ez datozen xedapenak.][1559]

5. artikulua

Hezkuntzaren Kodearen L. 372-1 artikulua indargabetu egingo da.

6. artikulua

Hezkuntzaren Kodearen L. 442-5-1 artikuluko seigarren eta zazpigarren apartatuen ordez, apartatu hau idatzi beharko da:

«Hizkuntza erregionalak L. 312-10 artikuluko 2. zenbakiaren zentzuan irakasteko lankidetza-kontratua duten lehen mailako ikastegi pribatuetan eskolatzekoak diren haurren gastuei aurre egiteko, haurra bizi den udalerriak akordio bat egin beharko du beste udalerri batean dagoen ikastegi batekin, baldin eta haurra bizi den udalerri horretan ez badago hizkuntza erregionala irakasten duen eskolarik».

II. TITULUA
Hizkuntza erregionalen irakaskuntza

7. artikulua

Hezkuntzaren Kodearen III. liburuaren I. tituluaren II. kapituluko 4. atala osatzeko, L. 312-11-2 artikulua idatzi beharko da, honela:

«L. 312-11-2 artikulua.- Hargatik eragotzi gabe L. 312-11-1 artikulua, Estatuaren eta erregioen, Korsikako lurralde-kolektibitatearen, Alsaziako Kolektibitate Europarraren eta Konstituzioaren 73. artikuluaren agintepeko lurralde-kolektibitateen arteko konbentzioekin bat etorriz, tartean diren lurraldeetan edo lurralde horietako leku batzuetan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako eta kolegio eta lizeoetako ohiko ordutegiaren barruko ikasgaietako bat izango da hizkuntza erregionala, ikasle guztiei hura ikasteko modua emateko asmoz».

III. TITULUA
Zerbitzu publikoak: seinaletika eleaniztuna eta hizkuntza erregionaletako zeinu diakritikoak egoera zibilaren aktetan

8. artikulua

Eraikin publikoetan, bide publikoetan, bide nabigagarrietan, garraio-azpiegituretan, bai eta komunikazio-euskarri instituzional nagusietan ere, baldin eta haietan guztietan idazkun edo seinaleak jartzen edo berritzen badira, frantsesezko idazkunak eta seinaleak erregioan hitz egiten den edo diren hizkuntzetako itzulpen eta guzti jartzen direla ziurtatu ahal izango dute zerbitzu publikoek lurralde osoan edo lurraldeko leku batzuetan.

9. artikulua

[2021eko maiatzaren 21eko 2021-818 AE Ebazpenaren arabera Konstituzioarekin bat ez datozen xedapenak.][1560]

10. artikulua

Gobernuak, urtero Parlamentura txosten bat bidali, eta azalpenak eman beharko ditu beren etxetik ahalik gertuena dauden eta ikasketak hizkuntza erregionalean egiteko modua ematen dieten ama- edo haur-eskoletara bidaltzeko eskabidea egina duten familietako haurrei tartean diren ikastegietan egindako harrerari buruz.

11. artikulua

Gobernuak, urtero Parlamentura txosten bat bidali, eta azalpenak eman beharko ditu Estatuak lurralde-kolektibitateekin eta hizkuntza erregionalak sustatzearen aldeko elkarteekin hizkuntza horiek irakasten dituzten ikastegi publiko edo pribatuen gainean buruturiko konbentzio espezifikoen nondik norakoei buruz, bai eta hizkuntza erregionala murgiltze-programen bidezko pedagogiak aplikatuz irakasten duten eskola-elkarte asoziatiboek Estatuarekin kontratu sinpleak edo lankidetza-kontratuak hitzartzeko dituzten aukerei buruz ere.

Lege hau estatu-lege gisa betearaziko da.


9.2.63. 2021-1031 Legea, abuztuaren 4koa, garapen solidarioari eta munduko desberdintasunen aurkako borrokari buruzko programazioari buruzkoa[1561]

II. TITULUA
Garapen solidarioari eta munduko desberdintasunen aurkako borrokari buruzko xedapen arauemaileak

10. artikulua

IV. Frantziako Garapen Agentziak frantsesa hobesten du lan-hizkuntza gisa. Frantsesaren erabilera bultzatuko da Frantziako Garapen Agentziaren eta berak erabakitzen duen garapen-laguntza eskatzen duten organismoen arteko kontratu-harremaneko maila guztietan.

TXOSTEN ERANTSIA
Elkarbizitzarako esparru globala
Hitzaurrea

I. Helburuak eta ekintza-printzipioak

E. Garapen iraunkorrerako politiken koherentzia

Frantziaren garapen solidarioari buruzko eta munduko desberdintasunen aurkako borrokari buruzko politikak babestu eta defendatu egiten du kultura- eta hizkuntza-aniztasuna, batez ere frantses hizkuntzaren eta eleaniztasunaren erabilera esparru anitzetan. Arreta berezia eskaintzen dio frankofoniari, eta parte hartzen du esparru frankofonoaren kohesio politiko eta ekonomikoan. Dinamika demografikoen eta hizkuntza-paisaiaren bilakaeraren aurrean, batez ere Afrikan, Frantziak babestu egiten ditu frankofoniako instituzioek zabaltzen dituzten ekintzak, betiere ekintzon helburua bada frantsesa eta haren ikaskuntza sustatzea eta guztientzako kalitateko hezkuntza lortzea insertzio zibikoa, gizarteratzea eta lanbideratzea sustatze aldera.


9.2.64. 2021-1109. Legea, abuztuaren 24koa, Errepublikaren printzipioekiko errespetua onartzen duena

I. TITULUA
Estatuaren printzipioak eta gizarteko bizitzako gutxieneko eskakizunak errespetatuko direla bermatzea[1562]

V. KAPITULUA
Hezkuntzari eta kirolei buruzko xedapenak

1. atala
Familiako irakaskuntzari buruzko xedapenak

49. artikulua

I. Hezkuntzaren Kodea honela aldatu da:

Bi. L. 131-5. artikulua honela aldatu da:

C) Hirugarren apartatuaren ondoren, hamabi apartatu sartuko dira, honela idatzita:

«4. Hezkuntza-proiektua eragiten duen haurraren egoera egokia izatea; betiere, haren ardura dutenek justifikatzen badute haurra hezteko ardura dutenek familia-irakaskuntza bermatzeko gaitasuna dutela, haurraren interes gorena errespetatuta. Kasu horretan, baimen-eskaerak hezkuntza-proiektuaren aurkezpen idatzia izango du, irakaskuntza hori gehienbat frantsesez egiteko konpromisoa, bai eta familia-irakaskuntza bermatzeko gaitasuna justifikatzen duten agiriak ere».


9.2.65. 2022-272 Legea, otsailaren 28koa, Atzerriko Frantses Irakaskuntzarako Agentziaren gobernantza ebaluatu eta heziketako institutu erregionalak sortzekoa[1563]

1. artikulua

Hezkuntzaren Kodearen L. 452-6 2. puntuari amaierako tartekia erantsi dio.

2. artikulua

Hezkuntzaren Kodearen L. 452-6 artikuluari amaierako apartatua erantsi du.

3. artikulua

Hezkuntzaren Kodearen L. 452-6 artikuluko edukia aldatu du, bai eta artikulu horren azken apartatua ere.

4. artikulua

Hezkuntzaren Kodearen L. 452-2 artikuluari 7.-10. puntuak erantsi zaizkio.

5. artikulua

Hezkuntzaren Kodearen L. 452-3 artikulua aldatu egin da.

6. artikulua

Hezkuntzaren Kodearen L. 452-8 artikuluari apartatu bat erantsi zaio.

7. artikulua

Gobernuak Parlamentuari, 2022ko ekainaren 30a baino lehen, txosten bat emango dio, zeinak aztertuko baitu baimena eman dakiokeen Atzerriko Frantses Irakaskuntzarako Agentziari jesapenak egiteko bere higiezinen proiektuak finantzatze aldera eta zein den finantzaketa-ahalmenaren bilakaera.

8. artikulua

Gobernuak Parlamentuari, 2022ko ekainaren 30a baino lehen, txosten bat emango dio, Errepublikaren eta, batez ere, laikotasunaren printzipioen errespetuari buruzkoa, atzerrian dauden frantses establezimenduetan.

9. artikulua

Gobernuak Parlamentuari, lege hau promulgatu eta urtebeteko epean, txosten bat emango dio, zeinak ebaluatuko baititu atzerriko frantses irakaskuntzaren sareko gizarte-nahasketaren gaur egungo egoera eta haren bilakaera-ikuspegiak, betiere frantses irakaskuntza atzerrian garatzeko planaren esparruan. Txosten horrek puntu bat jorratuko du postua atzerrian duten funtzionario eta militarren seme-alabei harrera egiteari buruz frantses establezimenduetan, batez ere ea egokiak diren haiek, eskolatze-gastuen zenbatekoei dagozkienez, hartzen dituzten gehikuntzak eta laguntzak.


9.2.66. 2023-22 Legea, 2023ko urtarrilaren 24koa, Barne Ministerioaren Orientazio eta Programazioari buruzkoa[1564]

TXOSTEN ERANTSIA

Sarrera

[…]

1.2. Herritarren “identitate digitala” aberastea

1.2.2. Giza kontaktu bat prozedura desmaterializatu bakoitzarentzat

[…]

Laguntza fisikoa, adibidez, Frantziako Barne Ministerioa engaiatua den Frantziako zerbitzuen espazioetan, tresna digitalekin edo frantses hizkuntzarekin zailtasunak dituzten edo urrutitik ukitzeko aukerei buruzko informazio eskasagoa duten populazio ahulenentzat irtenbide pribilegiatua izanen da.

[…]

3.5. Gure indarrak hobeki moldatzea

3.5.2. Prestakuntza hobea karreran zehar

[…]

Nazioartera zabaldu

Polizien eta jendarmeen bikaintasuna atzerriko hizkuntzan komunikatzeko eta Europako lankidetza-dispositiboetan txertatzeko gaitasun hobearen ondorio ere bada.

[…]

Hizkuntzen irakaskuntza ere indartua izanen da hastapeneko eta etengabeko formakuntzan, bat-bateko itzulpen tresnen bidez, erregio-mailako formakuntza eskaintzaren garapena eta e-formakuntza plataformen garapena, datozen nazioarteko gertakari handiei begira. Ingelesezko prestakuntza-eskaintza dentsifikatua izango da, batez ere goi-mailako zuzendariei zuzendutako ahozko adierazpen profesionalerako gaitasun bikainera bideratua, eta, oro har, nazioartean destinoak lortzeko aukera izan dezaketen esparruetara, eta identifikatutako haztegi baten arteko gaitasunak aurreikusteko kudeaketaren esparruan hautatua izango da.


9.2.67. 2023-379 Legea, 2023ko maiatzaren 19koa, osasun arloko profesionalengan konfiantza izateagatik arreta iristeko aukera hobetzeari buruzkoa[1565]

14. artikulua

I. Osasun Publikoaren Kodearen laugarren zatiko III. liburua honela aldatu da:

1. Izenburuaren amaieran, «eta dentista-laguntzaileak» hitzen ordez, «dentista-laguntzaileak eta medikuntza-erregulazioko laguntzaileak» jarriko da;

2. Aldatu egiten da IX. titulua:

a) Izenburuaren amaieran, «eta dentista-laguntzaileak» hitzen ordez, «dentista-laguntzaileak eta medikuntza-erregulazioko laguntzaileak» jarriko da;

b) III bis kapituluaren ondoren, III ter kapitulua txertatuko da, honela idatzita:

«III ter KAPITULUA
»Medikuntza-erregulazioko laguntzaileak

»L. 4393-22. artikulua.— Medikuntza-erregulazioko laguntzaileak bere prestakuntza-titulua erabil dezake titulu hori berari eman zion estatuko hizkuntzan. Titulu horrek agerrarazi behar du zein lekutan eta zein establezimendutan lortu den.

»[...]

»L. 4393-23. artikulua.— Medikuntza-erregulazioko laguntzailea Europar Batasuneko estatu kide bateko nazionala bada edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioan parte hartzen duen beste estatu bateko nazionala bada, eta medikuntza-erregulazioko laguntzailearen jarduerak legez egikaritzen baditu estatu kide batean edo Akordioaren parte den estatu batean, orduan medikuntza-erregulazioko laguntzaileak aldi baterako edo noizbehinka Frantzian gauzatu ahal izango ditu lanbide-egintzak.

»[...]

»Egintza horiek gauzatu ahal izateko, aldez aurreko adierazpena egin beharko da; adierazpen horrekin batera, egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, eta horien zerrenda osasun arloan eskumena duen ministroaren agindu bidez zehaztuko da. Zerbitzu-emaileak adierazpen bat erantsiko du, zerbitzua emateko behar diren hizkuntza-ezagutzei buruz.

»[...]

»Art. L. 4393-24.— Frantzian jarduteko baimena edo zerbitzuak emateko deklarazioa ematerakoan, medikuntza-erregulazioko laguntzaileak lanbidean aritzeko behar diren hizkuntza-ezagutzak izan beharko ditu, bai eta Frantzian erabiltzen diren pisu- eta neurri-sistemei dagozkienak ere.

»Hizkuntza menderatzeko kontrola egin beharreko jardueraren araberakoa izango da, eta lanbide-prestakuntza aitortutakoan egingo da.


9.2.68. 2023-659 Legea, 2023ko uztailaren 26koa, Mantxako kanalaren gaineko dumping sozialaren aurka borrokatzeko eta itsas garraioaren segurtasuna indartzeko[1566]

1. artikulua

I. Garraioen Kodearen bosgarren zatiko V. liburua osatzeko, IX. titulua gehitu zaio, zeina honela geratuko baita idatzita:

«IX. TITULUA
»Nazioarteko zenbait zerbitzuri aplika dakizkiekeen baldintza sozialak

»III. KAPITULUA
»Nahitaezko dokumentuak

»L. 5593-1 artikulua.— Dekretu bidez ezarriko da eskifaiako kideen esku zein dokumentu jarriko diren, zeinak erakutsiko baitira eskifaiarentzat gordetako lokaletan, bai eta dokumentu horiek zein hizkuntzatan jarri behar diren ere».

2. artikulua

Garraioen Kodearen bosgarren zatiko V. liburuko VI. titulua osatzeko, VIII. kapitulua gehitu zaio, zeina honela geratuko baita idatzita:

«VIII. KAPITULUA
»Administrazio-zehapenak

»L. 5568-1 artikulua.— Administrazio-agintaritza eskudunak, Lanaren Kodearen L. 8112-1 artikuluan aipatzen diren Lan Ikuskatzailetzako kontrol-agenteen txostenari jarraikiz, eta zigor-zehapenik ez badago, enplegatzaileari edo armadoreari ohartarazpen bat egin diezaioke, edo enplegatzailearen edo armadorearen aurkako isun bat ezarri, hurrengoak gertatzeagatik:

»5. Lan-ikuskatzailetzako kontrol-agenteei L. 5565-2 artikuluaren arabera eskatutako dokumentuak ez aurkezteagatik edo dokumentuok frantsesez ez aurkezteagatik.

»L. 5568-2 artikulua.— Administrazio-agintaritza eskudunak, itsas arazoen eremuan kontrol-eginkizunak betetzen dituzten zerbitzuei atxikitako ofizialen eta funtzionarioen txostenari jarraikiz, edo Itsas Arazoetako ministroaren eta 5222-1 artikuluko 1.-3., 8. eta 10. zenbakietan aipatzen diren pertsonen agintepean edo haien esanetara, eta zigor-zehapenik ez badago, enplegatzaileari edo armadoreari ohartarazpen bat egin diezaioke, edo enplegatzailearen edo armadorearen aurkako isun bat ezarri, hurrengoak gertatzeagatik:

»2. Itsas arazoen eremuan kontrol-eginkizunak betetzen dituzten zerbitzuei atxikitako ofizialen eta funtzionarioen txostenari jarraikiz, edo Itsas Arazoetako ministroaren eta 5222-1 artikuluko 1.-3., 8. eta 10. zenbakietan aipatzen diren pertsonen agintepean edo haien esanetara, L. 5565-2 artikuluaren arabera eskatutako dokumentuak ez aurkezteagatik edo horiek frantsesez ez aurkezteagatik».


9.2.69. 2023-703 Legea, 2023ko abuztuaren 1ekoa, 2024.-2030. urteetarako programazio militarrari buruzkoa eta defentsarako interesgarriak diren hainbat xedapeni buruzkoa[1567]

Txosten erantsia

1.4. Frantzia indartsua, zeina baita eragingarri, solidario eta subiranotasun-bazkide

[...]

Senegalen, Boli Kostako Errepublikan, Txaden eta Gabonen, bereziki, baina baita afrikar kontinenteko kide guztietan ere, frantziar dispositibo militarrak bilakaera sakona izango du herrialde anfitrioi bakoitzaren igurikimenei erabat eta berariaz erantzuteko. [...] Frantziako baseak finkatuak diren herrialdeetan, herri horietako biztanleekin elkarrekintza erregularragoak antolatuko dira. Tokiko ingurumaria kontuan hartzen duen komunikazio egokia hedatua izanen da herrialde horietan, baita tokiko hizkuntzetan ere. [...]

2.2. Anbizioaren neurrira jarritako bitartekoak eta formatuak

2.2.1. Giza formatuko armada eredu indartua, zeina leiala baita gure historiarekin

[...]

[...]. Horrek giza baliabideen politika modernizatua ekarriko du: karreren kudeaketa, bereziki profilen aniztasuna, zeharkakotasuna, eta defentsako militarren eta zibilen ordainsari indexatu eta kalte-ordaintzailearen errebalorizazioa, bai eta emakumeak gure armadetan integratzea ere gradu militarrak feminizatuz, betiere frantses hizkuntza errespetatuz. [...]


9.2.70. 2023-1059 Legea, 2023ko azaroaren 20koa, Justizia Ministerioaren 2023-2027ko Orientazio eta Programazioari buruzkoa[1568]

II. TITULUA
Zigor-prozedura sinplifikatu eta modernizatzeari buruzko xedapenak (2.-25. artikuluak)

II. KAPITULUA
Zigor-prozeduraren garapena hobetzeko xedapenak (4.-25. artikuluak)

1. atala
Ikerketa, instrukzio, epaiketa eta zigorren betearazpenari buruzko xedapenak (4.-24. artikuluak)

6. artikulua

I. Zigor Prozeduraren Kodea honela aldatu da:

44) 706-24-2 artikulua honela berrezarri da:

«706-24-2 artikulua.— Interpreteak eska daitezke 706-16 artikuluaren aplikazio-eremuan sartzen diren arau-urratzeei buruzko prozedurak direla-eta, edo 10-3 artikuluan eta 100-5 artikuluaren bigarren apartatuan aurreikusitako egintzetan laguntzeko, edo 803-5 artikulua aplikatzeko; bada, orduan interpreteoi Parisko Apelazio Auzitegiko fiskal nagusiak izendun baimena eman ahal izango die haien izen-deituren bidez identifikatuak ez izateko, baldin eta, haien eginkizuna betetzeko baldintzak kontuan hartuta, haien identifikazioak arriskuan jar badezake haien bizitza edo osotasun fisikoa edo haien ahaideena.

»Baimen horri esker, haren onuradun den interpretea zenbaki anonimo baten bidez identifika daiteke.

»Ezin da jakinarazi zein den artikulu honen lehen apartatuan aipatutako interpreteen egoera zibila, baldin eta Parisko Apelazio Auzitegiko fiskal nagusiaren erabakiz ez bada. Halaber, fiskalak eskatuta, egitateez arduratzen den epaiketaren jurisdikzioko lehendakariari jakinaraziko zaio zein den egoera zibil hura.

»Artikulu hau aplikatzeko moduak dekretu bidez zehaztuko ditu Estatu Kontseiluak».

48) 803-5 artikuluaren hirugarren apartatuaren ondoren, bi apartatu gehituko dira, eta honela geratuko dira idatzita:

«Adin nagusiko bat atxilotuta dagoen bitartean edo 61-1 artikuluan aurreikusitako entzunaldi askean zehar, interpreteak esku hartu ahal izango du atxilotuari haren eskubideak jakinarazten zaizkiolarik, eta atxilotuari interprete baten laguntza eman ahal izango zaio, 706-71 artikuluan xedatutakoa gorabehera; hori guztia egin ahal izango da Estatu Kontseiluan dekretu bidez zehaztutako moduan, telekomunikazio-bitartekoen bidez, zeinek bermatuko baitituzte elkarrizketen kalitatea, konfidentzialtasuna eta segurtasuna, bereziki pertsonaren eta haren abokatuaren artean. Apartatu hau ez da aplikatuko atxilotuta dagoen pertsona adin nagusiko babestua denean.

»Atxiloketaren ondoren berrogeita zortzi ordu igarotakoan, interpreteak esku hartuko du artikulu honen laugarren apartatuan aurreikusitako baldintzetan, baldin eta beharrezkoa bada interpreteak ezin duelako hara joan, eta, betiere, prozesuaz arduratzen den magistratuak aurretik baimena eman duelako».

17. artikulua

Zigor Prozeduraren Kodea honela aldatuko da:

1) Lehen apartatuaren lehen esaldian eta 88-2 artikuluaren bigarren apartatuan, «second» hitzaren ordez «deuxième» jarriko da.

2) 800-1 artikuluari beste apartatu bat gehituko zaio, zeina honela idatziko baita:

«Interpretazio-gastuak audientziak hartu dituelarik, baina interpretazioa behar duen/duten pertsona/pertsonak ez badira agertu entzunaldira, edo ez direla agertuko jakinarazi ez bada gastu horiek ez egiteko moduko epean, jurisdikzioak gastuok pertsona horren edo horien karguan jar ditzake modu solidarioan».

Justizia Ministerioaren 2023-2027ko Orientazio eta Programazioari buruzko Legearen proiektuari erantsitako txostena

2.4.3.2. Zigor-prozedurako neurriak

[…]

Zazpigarrenik, ikertzaileei denbora baliotsua aurreratzeko, beharrezkoa den orotan, ikus-entzunezko komunikazio-teknologietara joko da helburu hauekin: bai azterketa mediko baterako eskubidea egikaritzeko, bai interprete baten laguntza ukaiteko.

[…]

2.6. Borondatea, herritarrak haiei dagokien justiziara hurbiltzeko[1569]

2.6.1. Zuzenbiderako irispidea

[…]

Justiziapekoen informazioa hobetzeko helburu horri jarraikiz, ministerioak, bereziki, aurreikusi ahal izango du komunikazio-euskarriak itsasoz haraindiko kolektibitateen hizkuntza erregionaletara itzultzea.


9.2.71. 2023-1268 Legea, 2023ko abenduaren 27koa, profesionalen lurralde-engaiamenduaren bidez arreta jasotzeko aukera hobetzekoa[1570]

35. artikulua

Osasun Publikoaren Kodea honelaxe geratuko da aldatuta:

1. L. 4111-2 artikuluaren ondoren, L. 4111-2-1 artikulua gehituko da, eta honela geratuko da idatzita:

«L4111-2-1 artikulua.— L. 4111-1 artikuluan xedatutakoa gorabehera, agintari eskudunak ziurtagiri bat eman ahal izango die Europar Batasuneko kide ez den estatu batek edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioan parte hartzen duen estatu batek emandako prestakuntza-titulu baten titularrei, baldin eta titulu horrek aukera ematen badu estatu horretan aritzeko L. 4111-1 artikuluan aipatutako lanbideetako batean, titularrok lanbide horretan badihardute, lanbide-esperientzia ezartzen badute edozein bitartekoren bidez, eta Frantzian lan egiteko behar besteko frantses hizkuntza ezagutzen badute. Horretarako, aldez aurretik batzorde baten irizpena beharko du. Batzorde horrek osasun-arloko profesionalak izango ditu, eta, horien artean, arlo horretako ordezkariak egongo dira. Baimenak bide emango du behin-behinean aritzeko baimenaren eskaerari dagokion espezialitateko mediku lanbidean, zirujau-odontologo lanbidean, hala badagokio baimen-eskaerari dagokion espezialitatean, edo emagin lanbidean, non eta osasun-, gizarte- edo gizarte-medikuntza arloko zentro publiko batean edo irabazi-asmorik gabeko zentro pribatu batean. Profesional horiek, halaber, engaiamendua hartzen dute L. 4111-2 artikuluan aipatzen diren ezagutzak egiaztatzeko probak gainditzeko.

»Ziurtagiri horren indarraldia, behin luza daitekeena, ez da hamahiru hilabetetik gorakoa izango.

»Zirujau-odontologoen eta emaginen lanbideetarako, artikulu honen lehenengo apartatuan aipatutako batzordea nazionala izango da.

»Estatu Kontseiluaren dekretu batek zehaztuko ditu artikulu hau aplikatzeko baldintzak».

2. L. 4221-12 artikuluaren ondoren, L. 4221-12-1 artikulua gehituko da, eta honela geratuko da idatzita:

«4221-12-1 artikulua.— L. 4221-1 artikuluan xedatutakoa gorabehera, agintari eskudunak ziurtagiri bat eman ahal izango die Europar Batasuneko kide ez den estatu batek edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioan parte hartzen duen estatu batek emandako prestakuntza-titulu baten titularrei, baldin eta titulu horrek aukera ematen badu estatu horretan aritzeko L. 4221-1 artikuluan aipatutako lanbidean, titularrok lanbide horretan badihardute, lanbide-esperientzia ezartzen badute edozein bitartekoren bidez, eta Frantzian lan egiteko behar besteko frantses hizkuntza ezagutzen badute. Horretarako, aldez aurretik batzorde nazional baten irizpena beharko du. Batzorde horrek osasun-arloko profesionalak izango ditu, eta, horien artean, arlo horretako ordezkariak egongo dira. Baimenak bide emango du behin-behinean aritzeko baimenaren eskaerari dagokion espezialitateko farmazialari lanbidean. Profesional horiek, halaber, engaiamendua hartzen dute L. 4221-12 artikuluan aipatzen diren ezagutzak egiaztatzeko probak gainditzeko.

»Ziurtagiri horren indarraldia, behin luza daitekeena, ez da hamahiru hilabetetik gorakoa izango.

»Estatu Kontseiluaren dekretu batek zehaztuko ditu artikulu hau aplikatzeko baldintzak».


9.2.72. 2023-1322, 2024rako Finantza Legea, 2023ko abenduaren 29koa[1571]

BIGARREN ZATIA
Politika publikoen eta xedapen berezien bitartekoak

I. TITULUA
2024rako xedapenak

I. Misioen kredituen baimena eta errendimendua
A. Misioen kredituak (167.-176. artikuluak)

B. Errendimenduaren datuak

170. artikulua

2024. urterako, aurrekontu orokorraren, aurrekontu erantsien eta kontu berezien kargura definituko dira helburuak eta horiei lotutako adierazleak, betiere lege honen eranskineko G egoera-orriari emandako misioen araberako banaketaren arabera.

Erantsitako legegintzako egoera-orriak

G legegintzako egoera-orria

(Legearen 170. artikulua)

Helburuen eta adierazleen zerrenda

Estatuaren kanpo ekintza:

—Frantziaren eragin kultural, linguistiko eta hezitzailea indartzea

—Frantsesaren hedapena

Eskola-irakaskuntza:

—Ikasleen proportzioa, hirugarren mailaren amaierakoa, oinarri erkideko “pentsatzeko eta komunikatzeko hizkerak” izeneko 1 eremuko osagai nagusiak menderatzen dituena

[…]

—Ikasleen proportzioa, CE2 mailaren amaierakoa, oinarri erkideko “pentsatzeko eta komunikatzeko hizkerak” izeneko 1 eremuko osagai nagusiak menderatzen dituena

—Ikasleen proportzioa, seigarren mailaren amaierakoa, oinarri erkideko “pentsatzeko eta komunikatzeko hizkerak” izeneko 1 eremuko osagai nagusiak menderatzen dituena

[…]

—Ikasleen proportzioa, CE2 mailaren amaierakoa, oinarri erkideko “pentsatzeko eta komunikatzeko hizkerak” izeneko 1 eremuko osagai nagusiak menderatzen dituena

[…]

—Ikasleen proportzioa, seigarren mailaren amaierakoa, oinarri erkideko “pentsatzeko eta komunikatzeko hizkerak” izeneko 1 eremuko osagai nagusiak menderatzen dituena

—Ikasleen proportzioa, hirugarren mailaren amaierakoa, oinarri erkideko “pentsatzeko eta komunikatzeko hizkerak” izeneko 1 eremuko osagai nagusiak menderatzen dituena

Immigrazioa, asiloa eta integrazioa:

[…]

—Hizkuntza-prestakuntzaren efizientzia CIRen (errepublikar integrazioaren kontratua) esparruan (104)

[…]

—Hizkuntza-prestakuntzaren efizientzia CIRen (errepublikar integrazioaren kontratua) esparruan (estrategikoa)

[…]


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.