Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

9.2.22. 86-1067 Legea, 1986ko irailaren 30ekoa, Hedabideen Komunikazio Askatasunari buruzkoa (Léotard legea)


9.2.22. 86-1067 Legea, 1986ko irailaren 30ekoa, Hedabideen Komunikazio Askatasunari buruzkoa
(Léotard legea)[1493]

3-1 artikulua

[…]

Denei trataera bera ematen zaiela ziurtatu beharko du, ikus-entzunezkoen komunikazio-sektore publikoan independentzia eta inpartzialtasuna nagusi direla bermatu, eta irrati-telebistetako arduradunen eta zerbitzu-banatzaileen artean lehia askea eta harreman ez-diskriminatzaileak erraztu, zerbitzu-hornitzaileok darabilten komunikazio-sare elektronikoa zeinahi dela ere, neutraltasun teknologikoaren printzipioarekin bat etorriz. Halaber, programen kalitate eta aniztasunaz ere arduratu beharko du, bai eta ikus-entzunezko obra nazionalak sortzen eta garatzen direla zaintzeaz ere, [1494]zeinean sartzen baitira itsasoz haraindiko dimentsioa eta musika-aniztasunaren sustapena. Bera Frantziako hizkuntzaz eta erregioetako hizkuntzez osatutako kultura eta hizkuntza-ondare nazionala defendatu eta argitzeaz arduratzen da. Programen kalitatea nola hobetu ere formulatu ahal izango du. [1495]Lurreko uhin hertziarren bidez hedatutako ikus-entzunezko zerbitzuei zenbaki logiko bat esleitzen die, interes publikoa zainduz, betiere informazioaren aniztasunari eta editoreen arteko parekidetasunari dagokienez, eta horretarako bloke zehatzak eratu ahal izango ditu haiek osatzen dituzten zerbitzuen programazioaren arabera. Lurreko uhin hertziarren bidez emandako telebista-zirkuitu irekiko zerbitzu nazionala sareratzean kateen zenbakitze-sistema egokia dela bermatu beharko du, 34-4 artikuluan ezarritako modalitateekin bat etorriz, bai eta zerbitzu-hornitzaileen programa-eskaintzen barruko gainerako telebista-zerbitzuen zenbakitze-sistema parekidea, gardena, homogeneoa eta ez-diskriminatzailea dela ere.

[…]

I. TITULUA
Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzailea[1496]

18. artikulua[1497]

Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzailearen[1498] jarduerei buruzko urteroko txostenean honako xehetasun hauek azaldu beharko dira:

[…]

4. Azpitituluak dituzten telebista-saioen kopurua, bai eta zeinu-hizkuntzara itzulitakoena ere, hala hobeto ikus dadin emanaldien sozietate nazionalei, telebista-kate publikoei eta antzeko zereginetan aritzen diren gainerako erakunde publikoei zenbat kostatzen zaien beren saioak azpititulatzea eta zeinu-hizkuntzara itzultzea.

[…]

8. Balantze bat, irrati-kateetako arduradunek 28. artikuluko 2 bis zenbakiko eta 33. artikuluko 5. zenbakiko xedapenekin loturik egindakoa, frantsesez edo Frantzian hitz egiten diren hizkuntza erregionaletako batean sortuak izan diren musika-lanen emanaldiei, jendeari proposatzen zaizkion musika-lanen aniztasunari, egiaztatuak izan diren urraketei aurre egite aldera Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileak[1499] martxan jarritako neurriei eta, hala badagokio, neurriok aplikatu ez izanaren arrazoiei buruzkoa.

[…]

20-1 artikulua

Frantsesa nahitaez erabili beharko da ikus-entzunezko organismo eta komunikazio-zerbitzuen emanaldi eta iragarkietan, zeinahi dela ere haiek hedatzeko eta banatzeko modua, salbu jatorrizko bertsioan ematekoak diren obra zinematografiko eta ikus-entzunezko obrak.

Hargatik eragotzi gabe lege honen 28. artikuluko 2 bis zenbakiko xedapenak, aurreko apartatua ez zaie aplikatuko hitz guztiak edo batzuk atzerriko hizkuntzaren batean idatzirik dituzten musika-lanei.

Lehen apartatuan aurreikusitako betebeharra ez zaie aplikatuko oso-osorik atzerriko hizkuntzaren batean emateko xedez edo hizkuntzak ikasteko xedez sortuak izan diren saioei edo saioon barruan ematekoak diren iragarkiei, ez eta kultura-ekitaldien emanaldiei ere.

Baldin eta artikulu honetako lehen apartatuan aipatzen diren publizitate-emanaldi edo -mezuak atzerriko hizkuntzetarako itzulpen eta guzti ematen badira, atzerriko hizkuntzan ematen denak bezain irakurgarria, entzungarria edo adigarria izan beharko du frantsesezko azalpenak.

II. TITULUA
Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak

I. KAPITULUA
Uhin hertziarren bidezko zerbitzuak

III. atala
Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuei aplikagarriak zaizkien arauak

27. artikulua

Organismo publikoen interes orokorreko proiektuak eta lurreko uhin hertziarren bidez emandako komunikazio-zerbitzuak era askotakoak direla aintzat harturik, Estatu Kontseiluaren zenbait dekreturen bidez zehaztu beharko dira honako hauen gaineko betebeharren printzipio orokorrak:

[…]

2. Ikusle edo entzule gehieneko orduetan batik bat, ematen diren obra zinematografikoen eta ikus-entzunezko obren gutxienez % 60 jatorriz europarra izatea eta ematen diren obra zinematografikoen eta ikus-entzunezko obren gutxienez % 40 jatorriz frantsesa izatea;

[…]

28. artikulua[1500]

Programa sozietate nazionalek ustiatzen dutenean izan ezik, lurreko bide hertziarrez hedatzen den zerbitzu bakoitzeko irrati-baliabidea erabiltzeko baimenak emateko, aurretik hitzarmen bat egin beharko da Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzailearen (Estatuaren izenean) eta baimena eskatzen duenaren artean.

[…]

Hitzarmenak, batez ere, ondoko puntuetako bat edo batzuk izango ditu:

[…]

2 bis. Frantsesez eta Frantzian hitz egiten diren hizkuntza erregionaletako batean interpretaturiko musika-lanen arteko proportzioa: gutxienez % 40 frantsesezko abestiak izango dira, haien erdiak talentu berrienak edo produkzio berrietakoak, eta entzule gehieneko orduetan programatu beharko dira Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzailearen[1501] baimena duten irrati-kateetako musika- eta entretenimendu-saioetan.

Baldin eta frantsesezko musika-lanen edo Frantzian hitz egiten diren hizkuntza erregionaletako batean interpretaturikoen emanaldien erdiak baino gehiago badaude irrati-kate batek gehien programaturiko frantsesez edo Frantzian hitz egiten diren hizkuntza erregionaletako batean interpretaturiko hamar musika-lanen artean, muga hori gainditzen duten emanaldiak edo entzule gehieneko orduetan ematekoak ez direnak ez dira kontuan hartuko 2 bis hau aplikatzea helburu duen konbentzioan zehazturiko proportzioei dagokienez.

[…]

4. Frantsesez sortuak izan diren obra zinematografikoen emanaldi-eskubideak eskuratzea xede duen negozio-bolumenaren zatia;

4 bis. Frantsesa eta frankofoniaren ospe ona errespetatzen direla bermatzeko berariazko xedapenak;

[…]

30-1 artikulua

Hargatik eragotzi gabe 26. artikuluko xedapenak, Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileak[1502] artikulu honetako baldintzekin bat etorriz eman beharko du baimena lurreko uhin hertziarren bidezko telebista-kate digitalek beren emanaldiak baliabide erradioelektrikoak erabiliz eman ditzaten.

[…]

III. Izangaien entzunaldi publikoari ekingo dio Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileak[1503].

[…]

Bereizmen handiko edo oso handiko telebista-kateen arduradunei baimenak emateari dagokionez, dagoeneko baimena lortua duten lurreko uhin hertziarren bidezko telebista-kate digitalak zein eremu geografikotakoak diren, eremu horiexetako kateei emango zaie lehentasuna. Horretan, kontuan hartuko da izangaiak zenbaterainoko konpromisoa duen bere gain hartua, kopuruari eta generoari dagokienez, bereizmen handiko edo oso handiko saioak ekoizteko eta emateko, batez ere obra zinematografiko eta ikus-entzunezko obra europarrak eta jatorriz frantsesez sortuak direnak programatzeko, bai eta formatua bereizmen handiko edo oso handiko telebistaren beharrizanetara gehien egokitzen dituzten saioak emateko eta ahalik eta jende gehiena bereizmen handiko telebista-kateak ikustera bultzatzeko ere.[1504]

Bereizmen handiko edo oso handiko telebista mugikorren arduradunei baimenak emateari dagokionez, kontuan hartuko da izangaiak zenbaterainoko konpromisoa duen bere gain hartua, kopuruari eta generoari dagokienez, zenbait saio-mota ekoizteko eta emateko, batez ere obra zinematografiko eta ikus-entzunezko obra europarrak eta jatorriz frantsesez sortuak direnak programatzeko, bai eta formatua telebista mugikorraren beharrizanetara gehien egokitzen dituzten saioak emateko ere. [1505]

II. KAPITULUA
Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileak esleitzen dituen maiztasunak erabiltzen ez dituzten sareek banatutako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuei aplikatu beharreko xedapenak[1506]

I. atala
Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileak esleitzen dituen maiztasunak erabiltzen ez dituzten sareek banatutako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen edizioa[1507]

33. artikulua[1508]

Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileak emandakoak ez diren maiztasunak dituzten sareen bidez hedaturiko irrati- edo telebista-kateen kategoria bakoitzari dagokionez, Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzailearen irizpen batean oinarriturik eta Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez zehaztu beharko dira honako alderdi hauek:

[…]

5. Frantsesa eta frankofoniaren ospe ona errespetatzen direla bermatzea xede duten berariazko xedapenak, bai eta frantsesezko musika-lanak eta Frantzian hitz egiten diren hizkuntza erregionaletako batean interpretaturiko musika-lanak irrati-telebistetan emateari buruzkoak ere,

[…]

9. Ikusle edo entzule gehieneko orduetan batik bat, ematen diren obra zinematografiko eta ikus-entzunezko obra europarren eta jatorriz frantsesez sortuak direnen kopurua: gutxienez % 60 eta % 40, hurrenez hurren;

10. Obra zinematografiko eta ikus-entzunezko obra europarren eta jatorriz frantsesez sortuak direnen kopurua, telebista-katearen arduradunak ekoizpenean egindako inbertsioaren zenbatekoa aintzat harturik alda daitekeena, nahiz eta, obra europarrei dagokienez, kopuru hori ezingo den izan % 50 baino apalagoa.

Europar Batasuneko kide ez diren estatuetako hizkuntzetan ematen diren kateei dagokienez, 5. eta 10. zenbakietako xedapenak indargabetzeko modua aurreikusi beharko da gorago aipatu dekretuan. Hargatik eragotzi gabe Frantziak hitzartuak dituen nazioarteko konpromisoak, eta beren saioak Frantziatik kanpora ematen dituzten kateei dagokienez, 3. eta 10. zenbakietako xedapenak indargabetzeko baimena ere eman liteke.

33-1 artikulua

[…]

Egokitutako gailuei dagokienez, eta entzule eta ikusle gehieneko orduetan batik bat, gor eta gor-mutuentzako irisgarritasun-baliabideak eskaintzen dituzten saioen kopurua izango da, bereziki, konbentzioaren ardatza, eta, alde horretatik, saioak denek entzun eta ikusteko modukoak direla bermatu beharko du nagusiki. Urteko batez besteko entzulerien % 2,5 gainditzen duten telebista-kateei dagokienez, Eskubide eta aukera-berdintasunari eta zailtasunak dituzten pertsonen parte-hartze eta herritartasunari buruzko 2005eko otsailaren 11ko 2005-102 Legea argitaratzen denetik hasi eta gehienez ere bost urteko epean aplikatu beharko dute betebehar hori publizitate-mezuek ez beste saio guztiek. Saio batzuen ezaugarriak direla medio, dena den, xedapenok indargabetzea ere aurreikus liteke aipatu dekretuan. Bai kapitala eta bai boto-eskubidearen gaineko partaidetza % 80 baino handiagoa duten irrati-kate eleaniztunetako arduradunen arteko konbentzioak, baldin eta Europako Kontseiluaren parte diren estatuetan sorturiko irrati-difusiozko zerbitzu publikoetako arduradunen artekoak badira eta 44. artikuluan aipatzen diren sozietateetako baten esku badago zerbitzuotako kapitalaren eta boto-eskubideen gaineko partaidetzen gutxienez % 20, ez dira xedapenon mende egongo.

[…]

33-2 artikulua

[1509]Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileak emandakoak ez diren maiztasunak dituzten sareen bidez hedaturiko ordainpeko ikus-entzunezko hedabide-zerbitzuen kategoria bakoitzari dagokionez, Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzailearen irizpen batean oinarriturik eta Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez zehaztu beharko dira honako alderdi hauek:

[…]

2. Frantsesa eta frankofoniaren ospe ona errespetatzen direla bermatzeko berariazko xedapenak;

[…]

III. KAPITULUA
Baimenpeko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu guztiei aplikagarriak zaizkien xedapenak

40. artikulua

Hargatik eragotzi gabe Frantziak hitzartuak dituen nazioarteko konpromisoak, sozietate bati ezin izango zaio baimenik eman lurreko uhin hertziarren bidezko irrati- edo telebista-zerbitzuak frantsesez emateko, baldin eta haren kapitalaren edo boto-eskubidearen gaineko partaidetzaren % 20 baino gehiago zuzenean edo zeharka nazionalitate atzerritarra duten pertsonen esku badago.

[…]

41-3 artikulua

39., 41., 41-1, 41-1-1, 41-2 eta 41-2-1 artikuluen aplikazioari dagokionez:

[…]

2. Baimena zeinahi pertsona fisiko edo juridikori eman ahal izango zaio, baldin eta, Merkataritza Kodearen 233-3 artikuluan ageri diren irizpideen arabera, haren kontrolpean, gidaritzapean edo mendean badago baimenaren titularra izango den sozietatea, bai eta beste nornahiri ere, baldin eta hark ustiatzen edo kontrolatzen duen lurreko uhin hertziarren bidezko irrati- edo telebista-kateak satelite bidezko irrati-telebisten maiztasunen bidez atzerritik edo atzerriko estatu batenak diren maiztasunen bidez soilik ematen baditu bere emanaldiak, eta emanaldi horiek, normalean, frantsesez entzuten edo ikusten badira Frantzian;

[…]

42. artikulua[1510]

[…]

Artikulu honen lehen apartatuan ezartzen den berandutzeko akusazio-prozedura martxan jar dezala eskatu ahal izango diote Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileari honako talde eta elkarte hauek: ikus-entzunezko komunikazioaren sektorean ordezkari gehien dituzten antolakunde profesional eta sindikatuek, Frantzian onura publikoko izaera aitortua duten informazio-askatasunaren aldeko elkarteek, hizkuntza erregionalen erakunde publikoek eta hizkuntza eta kultura erregionalak sustatzearen aldeko elkarteek, familia-elkarteek eta emakumeen eskubideen aldeko elkarteek, bai eta ikus-entzuleen eskubide eta interesak babestea helburu sozialtzat duten elkarteek ere.

III. TITULUA
Ikus-entzunezkoen sektore publikoa

43-11 artikulua[1511]

44. eta 45. artikuluetan aipatzen diren sozietateek zerbitzu publikoko eta interes orokorreko eginkizunak izango dituzte. Ikus-entzuleei, oro har, aniztasunagatik eta pluralismoagatik bereizten diren saio eta zerbitzuak eskaini beharko dizkiete, eta saio eta zerbitzuok bat egin beharko dute kalitate- eta berrikuntza-irizpideekin, eta pertsonen eskubideak eta Konstituzioan definitutako printzipio demokratikoak errespetatu beharko dituzte.

Saio- eta zerbitzu-eskaintza analogiko eta digital ugaria aurkeztu beharko dute, informazioarekin, kulturarekin, ezagutzarekin, entretenimenduarekin eta kirolarekin loturiko edukiak dituena. Eztabaida demokratikoa eta herritarren arteko solasaldiak sustatu beharko dituzte, bai eta gizarteratze- eta herritartasun-printzipioak ere.

Gizarte-kohesioaren eta kultura-aniztasunaren aldeko ekimenak martxan jarri beharko dituzte, bai eta emakumeen eskubideen aldekoak eta haien kontrako diskriminazioari aurre egitekoak ere. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeari lotu beharko zaizkio nagusiki, bai eta aurreiritzi sexistei, emakumeen kontrako indarkeriari eta bikote barruko indarkeriari aurre egiteari ere, eta Frantziako gizartean —batez ere itsasoz haraindikoan— nagusi den aniztasunaren berri ahalik ondoena emateari ere bai. Frantziako gizartean nagusi den aniztasuna islatzen duten saioak programatu beharko dituzte. Frantsesa sustatzeaz arduratu beharko dute, eta, halakorik bada, baita hizkuntza erregionalen berri emateaz ere, eta Frantziako kultura- eta hizkuntza-ondarearen aniztasun eta balioa ezagutarazi beharko dute. Bere gain hartu beharko dute sormen-lan intelektuala, artea, ezagutza zibiko, ekonomiko, sozial, zientifiko eta teknikoak, eta ikus-entzunezkoen eta hedabideen gaineko heziketa garatzeko eta hedatzeko konpromisoa. Atzerriko hizkuntzen irakaskuntza bultzatu beharko dute, eta ingurumenerako eta garapen jasangarrirako hezkuntzan parte hartu. Osasunari eta sexualitateari buruzko informazio-zerbitzu bat ere ziurtatu beharko dute.

Egokitutako gailuei dagokienez, gor eta gor-mutuentzako irisgarritasun-baliabideak eskaintzen dituzten saioak sustatu beharko dituzte.

Ematen duten informazioa zintzoa, independentea eta plurala dela bermatu beharko dute, eta ahalik eta pentsamendu- eta iritzi-ildo gehienak aintzat hartu, trataera-berdintasunaren printzipioarekin bat etorriz eta Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzailearen aholkuei jaramon eginez[1512].

Ikus-entzunezko komunikazio-organismo publikoei, beren zereginen izaera dela medio, ikus-entzunezko auzietarako atzerri-ekintzez arduratzea dagokie, eta, alde horretatik, frankofoniaren ospe ona sustatu eta frantsesa eta Frantziako kultura hedatu beharko dute mundu osoan barrena. Beren saio-eskaintza aberastea edo osatzea helburu duten zerbitzu berriak garatu beharko dituzte, bai eta ikus-entzunezko saio eta zerbitzuak ekoizteko eta hedatzeko teknologia berriak ere.

Txosten bat bidali beharko dute urtero Parlamentura, eta, hartan, artikulu honetako xedapenak zenbateraino eta nola aplikatu dituzten azaldu beharko dute.

44. artikulua[1513]

I. […]

Frantziako Telebistak erregio-mailako saioak sortu eta eman beharko ditu, lurralde bakoitzaren eta, halakorik bada, hizkuntza erregionalen berri eman eta haien balioa ezagutarazteko. Saiook deskonexio espezifikoen bidez emango dira, ikusle eta entzule gehieneko orduetan, eta nazio osoko ikus-entzuleentzat ere errepikatu ahal izango dira gero. Erregioko ekonomia-, gizarte- eta kultura-bizitzaren aniztasuna islatu beharko dute, eta gertuko informazioa eman.

[…]

IV. Frantziako ikus-entzunezko auzietarako atzerri-ekintzaz arduratu beharko duen sozietateak, Emanaldien Sozietate Nazionalak, helburu hauek izango ditu: frantsesa, Frantziako kultura eta frankofonia hedatzea eta sustatzea, eta Frantziak mundu osoan duen ospe ona babestea, eta, horretarako, Frantziari, frankofoniari, Europari eta nazioarteari buruzko gaurkotasun handieneko irrati- eta telebista-saio eta komunikazio-zerbitzu publikoak eskaintzea.

Xede horretarako, beren saioak frantsesez edo atzerriko hizkuntzaren batean, batez ere atzerrian bizi diren ikus-entzule frantsesentzat, baina baita atzerritarrentzat ere, sortzen dituzten sozietateen ikus-entzunezko zerbitzuen estrategia- eta koordinazio-ildoak definitu edo definitzen lagundu beharko du Emanaldien Sozietate Nazionalak, baldin eta sozietate horietako kapital osoa edo zati bat haren esku badago. Finantzaketa ere eman ahal izango die, eta aipatu zerbitzuok sortzeaz eta programatzeaz ere bera arduratu ahal izango da.

[…]

48. artikulua

[…]

44. artikuluko I. zenbakian aipatzen den baldintza-agirian, sozietateak espresuki zehaztu beharko du zein ekimen jarriko dituen martxan, batez ere ematen dituen saio eta fikziozko lanen bitartez, 43-11 artikuluan atzerriko hizkuntzen irakaskuntza sustatzeari buruz ezarritakoa betetzeko.

[…]

48-1 artikulua[1514]

[…]

Artikulu honen lehen apartatuan ezartzen den berandutzeko akusazio-prozedura martxan jar dezala eskatu ahal izango diote Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileari honako talde eta elkarte hauek: ikus-entzunezko komunikazioaren sektorean ordezkari gehien dituzten antolakunde profesional eta sindikatuek, Jabetza Intelektualaren Kodearen 321-1 artikuluan aipatutako kudeaketa kolektiboko organismoek, Frantzian onura publikoko izaera aitortua duten informazio-askatasunaren aldeko elkarteek, hizkuntza erregionalen erakunde publikoek eta hizkuntza eta kultura erregionalak sustatzearen aldeko elkarteek, Familia Elkarteen Batasun Nazionalaren aitortza jasoa duten familia-elkarteek eta emakumeen eskubideen aldeko elkarteek.

53. artikulua

[…]

Zerbitzu publikoko eginkizunei dagokienez, hala nola 43-11 artikuluan definitzen direnei dagokienez, sozietate edo establezimendu publiko bakoitzaren helburu eta baliabideen kontratuan alderdi hauek zehaztu beharko dira:

- obra zinematografiko eta ikus-entzunezko obra europarrak eta jatorriz frantsesez sortuak direnak ekoizte aldera sozietateak, 44. artikuluko I. zenbakiarekin bat etorriz, egindako gutxieneko inbertsioaren zenbatekoa, bai irabaziekiko proportzioarena eta bai balio absolutuarena;

[…]

IV. TITULUA
Emanaldien Sozietate Nazionalak “TF1” katea lagatzea

64. artikulua

Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez zehaztutako epean, eskuratzaile-izangaiek zerbitzua ustiatzeko proiektua aurkeztu beharko dute. Proiektu horretan, 62. artikuluan aipaturiko baldintza-agirian ageri diren betebeharrez gain, izangaiek hitzartuko dituztela hitzematen duten konpromisoak ere aipatu beharko dira. Konpromisook hauekin loturik egongo dira:

[…]

2. Jatorriz frantsesez sortuak diren obrak estreinako aldiz ematea Frantzian;

[…]

V. TITULUA
Sormenezko obra zinematografikoak garatzea

70. artikulua

[…]

Aurreko apartatuan aipatzen diren baimen, dekretu eta baldintza-agirietan obra zinematografikoak hedatzeari buruz ezartzen diren xedapenek honako alderdi hauek zehaztu beharko dituzte:

[…]

2. Ikusle edo entzule gehieneko orduetan batik bat, ematen diren obra zinematografikoen eta ikus-entzunezko obren gutxienez % 60 jatorriz europarra izatea eta ematen diren obra zinematografikoen eta ikus-entzunezko obren gutxienez % 40 jatorriz frantsesa izatea;

[…]

VII. TITULUA
Zenbait xedapen

[…]

81. artikulua[1515]

Gor eta gor-mutuentzako saioak egokitzeari dagokionez, eta 28. artikuluko 5 bis zenbakia, 33-1 artikuluko laugarren apartatua eta 53. artikuluko laugarrena aplikatze aldera, Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Komunikazio Digitalaren Agintaritza Arautzaileak, berari dagokion neurrian, urtero kontsultatu beharko dio Gizarte-ekintzaren eta Familiaren Kodearen L. 146-1 artikuluan aipatzen den Zailtasunak dituzten Pertsonei buruzko Aholku Batzorde Nazionalari. Kontsulta hori oso modu berezian egongo da loturik helburu eta baliabideen kontratu eta konbentzioetan azpitituluei eta frantsesezko zeinu-hizkuntzari buruz aipatzen diren betebeharrekin, saio batzuen ezaugarriak direla-eta modu justifikatuan aplikatzekoak diren indargabetzeekin, eta irrati- eta telebista-kateen arduradunek gor eta gor-mutuen alde beren gain hartutako konpromisoekin.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper