Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

9.1.37. Zigor Prozeduraren Kodea


9.1.37. Zigor Prozeduraren Kodea[1460]

Atariko artikulua

[…]

Susmagarriak edo auzipetuak, ez badu frantsesez ulertzen, prozedura amaitu bitartean interprete baten laguntza jasotzeko eskubidea izango du, abokatuarekin dituen elkarrizketak ere berak ulertzen duen hizkuntza batera itzuliko dizkiona, baldin eta elkarrizketa horiek galdeketekin edo entzunaldiekin zuzeneko lotura badute, bai eta, berak espresuki uko egin edo kontrako agindurik ematen ez badu behintzat, bere defentsarako eta prozesua zuzena dela bermatzeko oinarri-oinarrizkoak diren dokumentuen itzulpena jasotzekoa ere, dokumentuok guztiok, kode honen aplikazioarekin bat etorriz, hari bidaltzekoak eta jakinaraztekoak baitira.

[…]

Atariko TITULUA
Xedapen orokorrak

I. AZPITITULUA
Akzio publikoa eta akzio zibila

2-14 artikulua

Frantsesaren Erabilerari buruzko 1994ko abuztuaren 4ko 94-665 Legearen 2., 3., 4., 6., 7. eta 10. artikuluak aplikatze aldera oinarritzat hartutako testuko xedapenetan aipatzen diren arau-hausteei dagokienez, alde zibil orori aitortzen zaizkion eskubideak egikaritu ahal izango dituzte beren estatutuetan frantsesa babesteko helburua aitortua duten eta Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez finkaturiko baldintzen arabera horretarako onespena jasoa duten elkarteek.

Alde zibil orori aitortzen zaizkion eskubideak artikulu honetan aipatzen diren elkarteentzat ezarritako baldintza eta muga berberen arabera egikaritu ahal izango dituzte onura publikoko izaera aitortua duten fundazioek.

III. AZPITITULUA
Biktimen eskubideak

10-2 artikulua

Polizia judizialeko agente eta ofizialek zeinahi baliabideren bitartez jakinaraziko diete biktimei eskubide hauek dituztela:

[…]

7. Frantsesa ulertzen ez duten biktimei dagokienez, interprete baten laguntza eta beren eskubideak egikaritzeko beharrezkoak diren xehetasunen itzulpena jasotzekoa;

[…]

10-3 artikulua

Alde zibilak frantsesez ulertzen ez badu, eskubidea izango du, berak hala eskatuz gero, bere eskubideak egikaritzeko ezinbestekoak diren xehetasunak berak ulertzen duen hizkuntza batera itzuliko dizkion interprete baten laguntza jasotzeko, xehetasun guztiok, kode honen aplikazioarekin bat etorriz, hari bidaltzekoak eta jakinaraztekoak baitira.

Alde zibila epaile baten aurrean agertu aurretik, frantsesa ulertu eta hitz egiteko gai dela ziurtatu beharko du hura entzungo duen pertsona aginpidedunak.

Aparteko neurri gisa, lehen apartatuan aipaturiko xehetasunak ahoz itzuli edo laburtu ahal izango zaizkio.

Artikulu honen aplikazio-modalitateak dekretu baten bidez zehaztu beharko dira, eta, hartan, oinarrizko zein dokumentu itzuli behar diren ezarri beharko da batez ere.

I. LIBURUA
Zigor-arloko politika, akzio publikoa egikaritzea eta instrukzioa

I. TITULUA
Zigor-arloko politikaz, akzio publikoa egikaritzeaz eta instrukzioaz arduratu behar duten agintariak

I. KAPITULUA
Polizia judiziala
4. atala
Ikerketako laguntzaileak[1461]

21-3 artikulua

[…]

Ikerketako laguntzaileen zeregina izango da, haien eginkizunak betetzean, polizia nazionaleko eta jendarmeria nazionaleko polizia judizialeko ofizialei eta agenteei laguntzea; laguntza horren helburu bakarra, berriz, bada polizia judizialeko ofizialaren berariazko eskariaz eta haren kontrolpean, edo, eskudun denean, polizia judizialeko agentearen kontrolpean honako egintza hauek egitea eta haien hitzezko prozesuei eragitea:

1) Edozein pertsonari deitzea ofizial edo polizia judizial batek entzun dezan, eta, beharrezkoa bada, entzunaldi horretarako interpretearekin harremanetan jartzea.

II. TITULUA
Nortasunaren gaineko ikerketak eta kontrolak

I. KAPITULUA
Ageri-ageriko krimen eta delituak

61-1 artikulua

Hargatik eragotzi gabe adingabeei aplikatzekoak diren berme espezifikoak, pertsona baten kontra arau-hauste bat egin izanaren edo egiten saiatu izanaren susmagarritzat joa izateko arrazoi nahikoa badago, hark gertaerei buruz esateko zer duen entzuten hasi baino lehen, informazioa eman beharko zaio xehetasun hauei guztiei buruz:

[…]

3. Halakorik bada, interprete baten laguntza jasotzeko eskubidea duela;

[…]

63-1 artikulua

Polizia judizialeko ofizial batek edo haren kontrolpeko agente batek berehala informatu beharko dute atxiloturik daukaten pertsona berak ulertzeko moduko hizkuntza batean, eta, hala badagokio, hamahirugarren apartatuan aurreikusitako inprimakiaren bitartez helarazi beharko dizkiote xehetasun hauek:

[…]

3. Zein onura dagozkion:

[…]

-halakorik bada, interprete baten laguntza jasotzeko eskubidea;

[…]

Pertsona horrek gorreria badu eta irakurtzen eta idazten ez badaki, zeinu-hizkuntzaren interprete baten edo harekin komunikatzeko ahala ematen dion hizkuntza edo metodoren batean gaitasun kualifikatua duen beste edozein pertsonaren laguntza jasoko du. Beste edozein gailu tekniko erabiltzea ere erabaki ahal izango du, gorreria duen pertsonarekin komunikatzeko ahala ematen badio.

Pertsona horrek frantsesez ulertzen ez badu, interprete batek berehala eman beharko dio haren eskubideen berri, eta, hala badagokio, inprimaki baten bitartez helarazi beharko dizkio xehetasun guztiak.

[…]

III. KAPITULUA
Nortasunarekin lotutako kontrola egiaztapena eta agiriak

78-3-1 artikulua

[…]

II. Polizia judizialeko ofizial batek edo haren kontrolpeko agente batek berehala informatu beharko dute atxiloturik daukaten pertsona berak ulertzeko moduko hizkuntza batean, eta xehetasun hauek eman beharko dizkiote:

1. Atxiloketaren lege-oinarriak;

2. Neurriaren gehieneko iraupena;

3. Atxiloketak ez dakarrela deklarazioa egin beharrik eta isilik egoteko eskubidea duela;

4. Eskubidea duela polizia judizialak berak erabakitzen duen pertsonari eta haren enplegatzaileari bere egoeraren berri eman diezaioten.

Polizia judizialeko ofizialari, atxiloketarekin loturiko arrazoiak direla tarteko, atxilotuak bere eskaera betetzeko eskubiderik ez duela iruditzen bazaio, luzapenik gabe jo beharko du Errepublikako prokuradorearengana, hark erabaki dezan, hala badagokio, eskubiderik baduen ala ez.

Ezer egin ezin daitekeen kasuetan izan ezik —eta halakoak aktan jaso beharko dira—, polizia judizialeko ofizialak 4. zenbakiko lehen apartatua aplikatzean martxan jartzekoak diren eginbideak betearazi beharko dira atxiloturik daukan pertsonak bere eskaera formulatzen duenetik hasi eta gehienez ere bi orduko epean.

[…]

III. TITULUA
Instrukzio-arloko jurisdikzioak

I. KAPITULUA
Instrukzioko epailea: lehen mailako instrukzio-arloko jurisdikzioa
3. atala
Telekomunikazio bidez bidalitako korrespondentzia transferitzea, miatzea, bahitzea eta atxikitzea

2. azpiatala
Telekomunikazio bidez bidalitako korrespondentzia atxikitzea

100-5 artikulua

Instrukzioko epaileak edo hark izendatutako polizia judizialak egia jakiteko baliagarri izan litekeen korrespondentzia transkribatuko dute. Transkripzioa aktan idatzita geratuko da, eta txostenari gehituko zaio.

Atzerriko hizkuntzaren batean idatzirik dauden korrespondentziak frantsesez transkribatuko ditu xede horretarako berariaz izendatutako interprete batek.

Debekatuta dago abokatu batekin izandako korrespondentzia transkribatzea, baldin eta defentsa-eskubidearekin loturiko jarduerei buruzkoa bada, eta, hala eginez gero, transkripzioa deuseztzat joko da.

Debekatuta dago kazetari batekin izandako korrespondentzia transkribatzea, baldin eta horrek, Prentsa Eskubideari buruzko 1881eko uztailaren 29ko Legearen 2. artikulua urratuz, iturri bat identifikatzea badakar, eta, hala eginez gero, transkripzioa deuseztzat joko da.

4. atala
Lekukoak entzutea

1. azpiatala
Xedapen orokorrak

102. artikulua

Instrukzioko epaileak, idazkaria ondoan duela, bereiz eta aldeak bertan egon gabe entzungo ditu lekukoak, edo aurrez aurre eta aldeetako bat bertan dagoela, eta haien deklarazioa aktan jasota geratuko da.

Instrukzioko epaileak bere idazkaria eta lekukoak ez beste interprete bati eskatu ahal izango dio laguntza. Zinpekoa ez bada, interpreteak bere ohore eta kontzientziagatik zin egin beharko du justiziari lagunduko diola.

Lekukoetako batek gorreria baldin badu, instrukzioko epaileak, hari laguntze aldera, zeinu-hizkuntzaren interprete bat edo gorrekin komunikatzeko ahala ematen dion hizkuntza edo metodoren batean gaitasun kualifikatua duen beste edozein pertsona izendatuko du. Zinpekoa ez bada, interpreteak bere ohore eta kontzientziagatik zin egin beharko du justiziari lagunduko diola. Beste edozein gailu tekniko erabiltzea ere erabaki ahal izango du, lekukoarekin komunikatzeko ahala ematen badio. Gorreria duen lekukoak irakurtzen eta idazten baldin badaki, instrukzioko epailea idatziz komunikatu ahal izango da harekin.

106. artikulua

Epaileak, idazkariak eta lekukoak aktaren orrialde bakoitza sinatu beharko dute. Transkribatu berri den deklarazioa irakur dezala eskatuko zaio lekukoari, eta, gero, baita sina dezala ere, baldin eta harekin ados badago. Lekukoak irakurtzen ez badaki, deklarazioa idazkariak irakurri beharko dio. Lekukoak deklarazioa sinatu nahi ez badu edo sinatzerik ez badauka, aktan bertan eman beharko da horren berri. Halakorik badago, interpreteak ere aktaren orrialde bakoitza sinatu beharko du.

107. artikulua

Aktak ez du lerroarterik edukiko. Instrukzioko epaileak, idazkariak, lekukoek eta, halakorik bada, interpreteek onetsi beharko dituzte zuzenketa eta ohar guztiak. Onespenik ezean, zuzenketa eta ohar horiek baliogabetzat joko dira.

Baliogabetzat joko dira, halaber, behar bezala sinaturik ez dauden aktak.

4. atala
Lekukoak entzutea

2. azpiatala
Lagunduriko lekukoa

113-3 artikulua

Lagunduriko lekukoak abokatu baten laguntza jasotzeko eskubidea izango du. 114. eta 114-1 artikuluetako xedapenekin bat etorriz, abokatuari entzunaldien berri eman beharko zaio aldez aurretik, eta prozedurari buruzko txostena eskuragarri izango du. Lagunduriko lekukoak berak aukeratu ahal izango du abokatua, edo, bestela, interesdunak hala eskatuz gero, abokatu-elkargoko buruak ofiziozko bat izendatuko dio.

Halaber, eta halakorik bada, txostenerako oinarri-oinarrizkoak diren dokumentuak interpreta eta itzul diezazkioten eskatzeko eskubidea ere izango du lagunduriko lekukoak.

5. atala
Galdeketak eta aurrez aurrekoak

116. artikulua

Baldin eta oraindik lagunduriko lekuko gisa entzuna izan ez den pertsona bat inputatzeko asmoa badu instrukzioko epaileak, pertsona horrek artikulu honetan aurreikusitako modalitateen arabera agertu beharko du epailearen aurrean.

Halakorik badagokio, inputatuari interprete baten laguntza jasotzeko eskubidea duela azaldu beharko zaio, eta, pertsona horren nortasuna egiaztatu ondoren, instrukzioko epaileak banan-banan jakinarazi beharko dizkio zein gertaerak eraman duten atxilotua eta inputatua izatera, gertaera bakoitzaren kalifikazio juridikoa zehazteaz batera. Gertaera eta kalifikazio juridiko horiek guztiak aktan jasota geratuko dira.

Halakorik bada, txostenerako oinarri-oinarrizkoak diren dokumentuak itzul diezazkioten eskatzeko eskubidea duela ere azalduko zaio inputatuari.

[…]

121. artikulua

Galdeketen eta aurrez aurrekoen aktak 106. eta 107. artikuluetan ezarritakoaren arabera idatziko dira.

Interprete baten laguntza eskatzen bada, 102. artikuluko xedapenak aplikatuko dira.

Inputatutako pertsonak gorreria baldin badu, instrukzioko epaileak, hari laguntze aldera, zeinu-hizkuntzaren interprete bat edo gorrekin komunikatzeko ahala ematen dion hizkuntza edo metodoren batean gaitasun kualifikatua duen beste edozein pertsona izendatuko du. Zinpekoa ez bada, interpreteak bere ohore eta kontzientziagatik zin egin beharko du justiziari lagunduko diola. Beste edozein gailu tekniko erabiltzea ere erabaki ahal izango du, inputatutako pertsonarekin komunikatzeko ahala ematen badio. Inputatutako pertsonak irakurtzen eta idazten baldin badaki, instrukzioko epailea idatziz komunikatu ahal izango da harekin.

7. atala
Kontrol judiziala, nahitaezko bizilekuaren esleipena eta behin-behineko atxiloketa

1. azpiatala
Kontrol judiziala

141-4 artikulua

[…]

Polizia judizialeko ofizial batek edo haren kontrolpeko agente batek berehala azaldu beharko dizkiote atxiloturik daukaten pertsonari, berak ulertzeko moduan, neurriak zenbat denbora iraungo duen gehienez eta zein arau-hauste leporatzen zaizkion, bai eta zein onura dagozkion ere:

[…]

1. Halakorik bada, interprete baten laguntza jasotzeko eskubidea;

[…]

II. LIBURUA
Epaitze-organoak

I. TITULUA
Zigor-auzitegia

III. KAPITULUA
Zigor-auzitegiaren osaera
2. atala
Epaimahaia

1. paragrafoa
Epaimahai-eginkizunetarako gaitasun-baldintzak

255. artikulua

Honako hauek baino ezin bete ditzakete epaimahai-eginkizunak: sexu bateko zein besteko herritarrek, hogeita hiru urtetik gora badituzte, frantsesez irakurtzen eta idazten badakite, beren eskubide politiko, zibil eta familiar guztien jabe badira, eta hurrengo bi artikuluetan zerrendatuko diren ezgaitasun edo bateraezintasunak ez badituzte.

IV. KAPITULUA
Zigor-arloko saioen prestaketa-prozedura
1. atala
Nahitaezko ekintzak

272. artikulua

Zigor-auzitegiko presidenteak ahalik eta eperik laburrenean galdekatu beharko du akusatua, hura espetxera eraman eta haren txostena auzitegiko bulegora bidali bezain laster.

Akusatua aske baldin badago, 272-1 artikuluan esaten den bezala jokatuko da.

Presidenteak bere aholkularien esku utzi ahal izango du galdeketa.

Akusatuak frantsesez hitz egiten edo ulertzen ez badu, presidenteak interprete baten laguntza eskatu beharko du.

273. artikulua

Halakorik badagokio, akusatuari interprete baten laguntza jasotzeko eskubidea duela azaldu beharko zaio, eta, haren nortasuna argitzeko galderak egin ondoren, hura akusatzeko erabakiaren jakinarazpena jaso duela ziurtatu beharko du presidenteak, edo, apelazio-kasuetan, zigor-auzitegiko apelazio-sala izendatzeko erabakiaren jakinarazpena jaso duela.

276. artikulua

272. eta 275. artikuluetan agintzen diren formalitate guztiak bete diren ala ez azaldu beharko da akta batean, eta, gero, presidenteak edo haren ordezkoak, idazkariak eta akusatuak sinatu beharko dute akta hori, eta, halakorik bada, baita interpreteak ere.

Akusatua ez bada akta sinatzeko gai, edo sinatu nahi ez badu, aktan bertan eman beharko da horren berri.

V. KAPITULUA
Saioa hastea
1. atala
Epaimahaikideen zerrenda berrikustea

291. artikulua

Auzi bakoitza epaitu aurretik, auzitegiak, hala badagokio, 288., 289. eta 289-1 artikuluetan aurreikusitako lanak egin beharko ditu. Gainera, zerrenda aldi baterako aldatu eta akusatuaren edo haren abokatuaren ezkontide, guraso, izeba-osaba, iloba eta gainerako senitartekoen izenak bertatik behin-behinean kentzeko agindua emango du auzitegiak, bai eta auzian lekuko, interprete, salatzaile, aditu, kereila-jartzaile edo alde zibil gisa esku hartzen dutenena edo polizia judizial edo instrukzioan tartean dauden poliziena ere.

VI. KAPITULUA
Eztabaidak
3. atala
Frogen ekoizpena eta frogei buruzko eztabaida

344. artikulua

Akusatuak, alde zibilak, lekukoek edo haietako batek frantses nahikorik hitz egiten ez badute edo ahozko epaiketan erabiltzekoa den dokumenturen bat itzultzea beharrezkoa bada, presidenteak ofizioz izendatu beharko du interprete bat, gutxienez hogeita bat urte dituena, eta bere ohore eta kontzientziagatik zin egin beharko du justiziari lagunduko diola.

Ministerio publikoak, akusatuak eta alde zibilak interpretearen esku-hartzea errekusatu ahal izango dute; horretan, errekusazioaren zioak ere azaldu beharko dituzte. Auzitegiak iritzia eman beharko du errekusazio horri buruz. Ez da egongo auzitegiaren erabakiaren kontra errekurtsoa jartzerik.

Akusatuak edo ministerio publikoak horretarako adostasuna ematen badute ere, interpretea ez da auzitegia osatzen duten epaileen, epaimahaikideen, entzunaldia gidatzen ari den idazkariaren, aldeen eta lekukoen artekotzat jotzerik egongo.

345. artikulua

Akusatuak gorreria baldin badu, auzitegiko presidenteak, hari laguntze aldera, zeinu-hizkuntzaren interprete bat edo gorrekin komunikatzeko ahala ematen dion hizkuntza edo metodoren batean gaitasun kualifikatua duen beste edozein pertsona izendatuko du ofizioz. Interpreteak bere ohore eta kontzientziagatik zin egin beharko du justiziari lagunduko diola.

Beste edozein gailu tekniko erabiltzea ere erabaki ahal izango du epaileak, gorreria duen pertsonarekin komunikatzeko ahala ematen badio.

Akusatuak irakurtzen eta idazten baldin badaki, instrukzioko epailea idatziz komunikatu ahal izango da harekin.

Aurreko artikuluko xedapenak ere aplikagarriak izango dira.

Presidenteak berdin jokatuko du gorreria duten lekukoekin edo alde zibilarekin.

II. TITULUA
Delituak epaitzea

I. KAPITULUA
Auzitegi korrekzionala
1. atala
Auzitegi korrekzionalaren eskumenak eta haren aurrean errekurtsoak aurkezteko ahala

2. paragrafoa
Borondatezko agerraldia eta zitazioa

391. artikulua

Fiskalak entzunaldia zer egunetan izango den jakinarazi beharko dio salaketa aurkeztu duen pertsona orori.

Biktimak frantsesez ulertzen ez badu, eskubidea izango du, berak hala eskatuz gero, entzunaldira joateko jakinarazpena itzul diezaioten. Aparteko neurri gisa, jakinarazpenaren xehetasunak ahoz itzuli edo laburtu ahal izango zaizkio.

[…]

3. paragrafoa
Idatzizko jakinarazpena eta berehalako agerraldia

393. artikulua

Arlo korrekzionalari dagokionez, 394. eta 395. artikuluak aplikatuz pertsona bat auzipetu nahi bada, Errepublikako prokuradoreak bere aurrera eraman dezatela aginduko du.

Halakorik badagokio, auzipetuari interprete baten laguntza jasotzeko eskubidea duela azaldu beharko zaio, eta, pertsona horren nortasuna egiaztatu ondoren, zer egozten zaion jakinarazi, egozten zaizkion horien kualifikazio juridikoa zehaztu eta Errepublikako prokuradoreak abokatu baten laguntza jasotzeko eskubidea duela edo ofiziozko bat izendatuko zaiola jakinarazi beharko dio. Aukeratutako abokatuari edo, baldin eta auzipetuak ofiziozko abokatu bat izenda diezaioten eskatzen badu, abokatu-elkargoko buruari ahalik eta eperik laburrenean eman beharko zaie erabakiaren berri.

[…]

4. atala
Eztabaidak

1. paragrafoa
Auzipetuaren agerraldia

406. artikulua

Halakorik badagokio, auzipetuari interprete baten laguntza jasotzeko eskubidea duela azaldu eta haren nortasuna egiaztatu ondoren, presidenteak edo hark izendatutako aholkulariek auzitegian haren kontra zer salaketa jarri duten jakinaraziko diote pertsona horri. Auzipetuari jakinaraziko zaio eskubidea duela deklarazioak egiteko, galdetzen diotenari erantzuteko edo ezer ez esateko. Halakorik bada, erantzule zibila, alde zibila, lekukoak, adituak eta interpreteak salan daudela edo ez daudela ere egiaztatu beharko da.

407. artikulua

Auzipetuak, alde zibilak edo lekukoek frantses nahikorik hitz egiten ez badute edo ahozko epaiketan erabiltzekoa den dokumenturen bat itzultzea beharrezkoa bada, presidenteak ofizioz izendatu beharko du interprete bat, gutxienez hogeita bat urte dituena, eta bere ohore eta kontzientziagatik zin egin beharko du justiziari lagunduko diola.

Ministerio publikoak, auzipetuak eta alde zibilak interpretearen esku-hartzea errekusatu ahal izango dute; horretan, errekusazioaren zioak ere azaldu beharko dituzte. Auzitegiak iritzia eman beharko du errekusazio horri buruz. Ez da egongo auzitegiaren erabakiaren kontra errekurtsoa jartzerik.

Auzipetuak edo ministerio publikoak horretarako adostasuna ematen badute ere, interpretea ez da auzitegia osatzen duten epaileen, epaimahaikideen, entzunaldia gidatzen ari den idazkariaren, aldeen eta lekukoen artekotzat jotzerik egongo.

408. artikulua

Auzipetuak gorreria baldin badu, auzitegiko presidenteak, hari laguntze aldera, zeinu-hizkuntzaren interprete bat edo gorrekin komunikatzeko ahala ematen dion hizkuntza edo metodoren batean gaitasun kualifikatua duen beste edozein pertsona izendatuko du ofizioz. Interpreteak bere ohore eta kontzientziagatik zin egin beharko du justiziari lagunduko diola.

Beste edozein gailu tekniko erabiltzea ere erabaki ahal izango du epaileak, gorreria duen pertsonarekin komunikatzeko ahala ematen badio.

Auzipetuak irakurtzen eta idazten baldin badaki, presidentea idatziz komunikatu ahal izango da harekin.

Aurreko artikuluko xedapenak ere aplikagarriak izango dira.

Presidenteak berdin jokatuko du gorreria duten lekukoekin edo alde zibilarekin.

3. paragrafoa
Frogaren administrazioa

443. artikulua

Baldin eta lekukoren bat gor-mutua bada eta frantses nahikorik hitz egiten ez badu, 407. eta 408. artikuluetako xedapenak aplikatuko dira.

IV. LIBURUA
Zenbait prozedura berezi

I. TITULUA
Gizadiaren aurkako krimenei eta gerra-krimenei aplikagarriak zaizkien prozedura-arauak

I. AZPITITULUA
Nazioarteko Zigor Auzitegiarekiko lankidetza
I. KAPITULUA
Lankidetza judiziala

2. atala
Atxiloketa eta entrega

627-5 artikulua

Atxiloketa- eta entrega-agindu baten ondorioz atxikia izan den pertsona oro Errepublikak lurraldean duen prokuradore eskudunaren aurrera eraman beharko da hogeita lau orduko epean. Epe horretan, kode honen 63-1 artikulutik 63-7ra bitarteko xedapenak aplikatuko dira.

Pertsona horren nortasuna egiaztatu ondoren, berak ulertzen duen hizkuntza batean azaldu beharko dio magistratuak atxiloketa- eta entrega-agindu baten ondorioz izan dela atxikia, eta gehienez ere bost eguneko epean eramango dutela prokuradore nagusiaren aurrera Parisko Apelazio Auzitegira. Errepublikako prokuradoreak orobat azalduko dio berak aukeratzen duen abokatuaren laguntza jaso ahal izango duela, edo, halakorik ezean, abokatu-elkargoko buruak ofizioz izendatzen dionarena, zeinari lehenbailehen eman beharko baitzaio, zeinahi baliabideren bitartez, erabakiaren berri. Izendatu zaion abokatuarekin berehala batzartu ahal izango dela ere jakinarazi beharko dio.

[…]

627-6 artikulua

Halakorik badagokio, erreklamatua Parisko Apelazio Auzitegira eraman beharko da, eta bertako atxiloketa-gunean atxiki. Errepublikako prokuradorearen aurrean deklaratzen duenetik hasi eta gehienez ere bost eguneko epean eraman beharko dute pertsona hori Parisko Apelazio Auzitegira, eta, hala egin ezean, auzitegi horretako instrukzio-salako presidenteak hura berehala aske utzi beharko du, atzerapena arrazoi gaindiezinengatik gertatu ez bada behintzat.

Auzitegi horretako prokuradore nagusiak akusatuari berak ulertzen duen hizkuntza batean azaldu beharko dio haren kontra jarritako atxiloketa- eta entrega-agindu baten ondorioz izan dela atxikia, bai eta zein kargu egozten zaizkion ere.

[…]

627-7 artikulua

Instrukzio-salak prozedura bere gain hartuko du berehala. Akusatua bertara eraman beharko dute prokuradore nagusiaren aurrean deklaratzen duenetik hasi eta zortzi eguneko epean. Prokuradore nagusiak edo akusatuak hala eskatuz gero, zortzi eguneko luzapena ere adostu daiteke epaiketa hasi baino lehen. Gero, galdeketari ekingo zaio, eta galde-erantzunak aktan jasota geratuko dira.

Epaiketa eta epaia publikoak izango dira, non eta horrek ez dien kalterik egiten prozeduraren martxari, hirugarren baten interesei edo giza duintasunari. Halakoetan, ministerio publikoak edo akusatuak hala eskatuz gero —edo ofizioz, bestela—, instrukzio-salak auziari buruzko erabaki bat hartu beharko du saio pribatu batean, eta ez da haren kontrako kasazio-errekurtsoa jartzerik izango harik eta, entrega-aginduari buruz 627-8 artikuluan aurreikusten denarekin bat etorriz, epaia ematen den arte.

Ministerio publikoak eta akusatuak esateko dutena entzungo da, eta, horretan, halakorik bada, erreklamatuak bere abokatua izango du ondoan, eta, halakorik badagokio, baita interpretea ere.

627-14 artikulua

Agintari eskudunek Estatutuaren 87. artikuluaren arabera nazioarteko jurisdikzio-organoren baten eskaera formala jaso baino lehen ere, Estatutuaren 9. artikuluan aurreikusitako baldintzekin bat etorriz behin-behinean atxilotua izan den pertsona Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esku utzi ahal izango da, pertsona horrek bere onespena ematen badu.

Hura entregatzeko epaia Parisko Apelazio Auzitegiko instrukzio-salan emango da, auzitegiak pertsona horri entrega-prozedura formal baterako eskubidea duela azaldu eta hark bere onespena eman ondoren.

Instrukzio-salan egitekoa den entzunaldian, akusatuak ondoan eduki ahal izango du berak aukeraturiko abokatua edo, halakorik ezean, abokatu-elkargoko buruak ofizioz izendatutakoa eta, halakorik badagokio, baita interpretea ere.

[…]

X. TITULUA
Elkarrekiko laguntza judiziala

II. KAPITULUA
Frantziaren eta Europar Batasuneko kide diren gainerako estatuen arteko lankidetzari buruzko xedapen bereziak
1. atala
2014ko apirilaren 3ko 2014/41/EB Zuzentarauan zigor-arloko Europako ikerketa-aginduarekin lotuta aurreikusitako ebazpenak

1. azpiatala
Frantziako agintari judizialek zigor-arloko Europako ikerketa-agindu bat emateko ebazpenei buruzko xedapenak

1. paragrafoa
Xedapen orokorrak

694-22 artikulua

Europako ikerketa-agindua hura betearaztea dagokion estatuko hizkuntza ofizialetako batera edo estatu horrek onetsitako Europar Batasuneko instituzioetako hizkuntza ofizialetako batera itzuli beharko da.

2. atala
Araketa-talde erkideak

695-2 artikulua

[…]

Frantsesez jaso eta idatzi edo frantsesera itzuli beharreko akten jatorrizkoa prozedura frantsesaren parte izango da.

5. atala
Ondasunak enbargatzeko ebazpena ematea eta betearaztea

1. paragrafoa
Xedapen orokorrak

695-9-5 artikulua

Ebazpena betearaztea dagokion estatuko hizkuntza ofizialetako batera edo estatu horrek onetsitako Europar Batasuneko instituzioetako hizkuntza ofizialetako batera itzuli beharko da ziurtagiria.

3. paragrafoa
Atzerriko agintariek ondasunak enbargatzeko emandako ebazpenak betearazteari buruzko xedapenak

695-9-17 artikulua

Hargatik eragotzi gabe 694-4 artikuluaren aplikazioa, honako kasu hauetako batean uko egin ahal izango zaio ebazpena betearazteari:

[…]

3. Baldin eta frogatzen bada haren sexua, arraza, erlijioa, jatorri etnikoa, nazionalitatea, hizkuntza, iritzi politikoak, sexu-orientazioa edo genero-identitatea direla medio eman dela pertsona baten ondasunak enbargatzeko ebazpena, edo, arrazoi horietako bat dela-eta, aipatu ebazpenak pertsona horri kalte egin diezaiokeela ondorioztatzen bada;

[…]

IV. KAPITULUA
Europako Kontseiluaren 2002ko ekainaren 13ko Esparru Erabakia, Europako atxiloketa-aginduari, Europar Batasuneko kide diren estatuen arteko entrega-prozedurei eta Europar Batasunak beste estatu batzuekin buruturiko akordioen ondorio diren entrega-prozedurei buruzkoa.
1. atala
Xedapen orokorrak

695-14 artikulua

Agindua betearaztea dagokion Europar Batasuneko kide den estatuko hizkuntza ofizialetako batera edo estatu horrek onetsitako Europar Batasuneko instituzioetako hizkuntza ofizialetako batera itzuli beharko da estatu horretako agintaritza eskudunera bidaltzekoa den Europako atxiloketa-agindua.

2. atala
Frantziako agintari judizialek Europako atxiloketa-agindu bat emateari buruzko xedapenak

2. paragrafoa
Europako atxiloketa-aginduaren ondorioak

695-19 artikulua

695-18 artikuluko 2. zenbakian definitzen den kasuan, atxilotuak entregatua izan den instrukzioko jurisdikzio-organoan, lehen auzialdiko auzitegian edo espetxe-zaintzako epaitegian aurkeztu ahal izango du bere uko-egitea, eta ezeztaezina izango da.

Entregatua izan den pertsonaren agerraldian zehar, jurisdikzio-organo eskudunak haren nortasuna egiaztatu eta haren esanak jaso beharko ditu. Transkripzioa aktan idatzita geratuko da. Halakorik bada, interesdunak bere abokatua izango du ondoan, eta, halakorik badagokio, baita interpretea ere, eta bere egoera penalarekin lotutako espezialitate-printzipioaz baliatzeari uko egiteak zein ondorio juridiko dituen azalduko zaio, bai eta uko egite horrek izaera ezeztaezina duela ere.

[…]

3. atala
Atzerriko jurisdikzio-organoek emandako Europako atxiloketa-agindua betearazteari buruzko xedapenak

1. paragrafoa
Betearazpen-baldintzak

695-22 artikulua

Honako kasu hauetako batean uko egin ahal izango zaio Europako atxiloketa-agindua betearazteari:

[…]

3. Baldin eta frogatzen bada haren sexua, arraza, erlijioa, jatorri etnikoa, nazionalitatea, hizkuntza, iritzi politikoak, sexu-orientazioa edo genero-identitatea direla medio eman dela pertsona bat pertsegitzeko edo zigortzeko atxiloketa-agindua, edo, arrazoi horietako bat dela-eta, aipatu aginduak pertsona horri kalte egin diezaiokeela ondorioztatzen bada;

2. paragrafoa
Betearazpen-prozedura

695-27 artikulua

Europako atxiloketa-agindu bat betearaztearen ondorioz atxikia izan den pertsona oro Errepublikak lurraldean duen prokuradore eskudunaren aurrera eraman beharko da hogeita lau orduko epean. Epe horretan, 63-1 eta 63-7 artikuluetako xedapenak aplikatuko dira.

Pertsona horren nortasuna egiaztatu ondoren, berak ulertzen duen hizkuntza batean azaldu beharko dio prokuradore nagusiak Europako atxiloketa-agindu baten ondorioz izan dela atxikia. Errepublikako prokuradoreak orobat azalduko dio berak aukeratzen duen abokatuaren laguntza jaso ahal izango duela, edo, halakorik ezean, abokatu-elkargoko buruak ofizioz izendatzen dionarena, zeinari lehenbailehen eman beharko baitzaio, zeinahi baliabideren bitartez, erabakiaren berri. Izendatu zaion abokatuarekin berehala batzartu ahal izango dela ere jakinarazi beharko dio.

[…]

3. paragrafoa
Instrukzio-salako epailearen aurreko agerraldia

695-30 artikulua

Ikertua izaten ari den pertsonaren agerraldian zehar, instrukzio-salako epaileak haren nortasuna egiaztatu eta haren esanak aktan jaso beharko ditu.

Entzunaldia publikoa izango da, non eta horrek ez dien kalterik egiten prozeduraren martxari, hirugarren baten interesei edo giza duintasunari. Halakoetan, ministerio publikoak edo ikertua izaten ari den pertsonak hala eskatuz gero —edo ofizioz, bestela—, instrukzio-salak auziari buruzko erabaki bat hartu beharko du saio pribatu batean, eta ez da haren kontrako kasazio-errekurtsoa jartzerik izango harik eta, entrega-aginduari buruz 695-31 artikuluko laugarren apartatuan aurreikusten denarekin bat etorriz, epaia ematen den arte.

Ministerio publikoak eta ikertua izaten ari den pertsonak esateko dutena entzungo da, eta, horretan, halakorik bada, erreklamatuak bere abokatua izango du ondoan, eta, halakorik badagokio, baita interpretea ere.

Instrukzio-salako epaileak, kontrako errekurtsoa jartzeko modukoa ez den ebazpen baten bidez, entzunaldian esku hartzeko baimena eman ahal izango dio atxiloketa-agindua eman duen estatuak izendatutako ordezkariari. Atxiloketa-agindua eman duen estatuak entzunaldian esku hartzeko baimena izan arren, horrek ez dio prozeduraren parte izateko ahalik emango.

695-36 artikulua

[…]

Ministerio publikoak eta ikertua izaten ari den pertsonak esateko dutena entzungo da, eta, horretan, halakorik bada, erreklamatuak bere abokatua izango du ondoan, eta, halakorik badagokio, baita interpretea ere.

[…]

5. paragrafoa
Kasu bereziak

695-44 artikulua

Europako atxiloketa-agindua zigor-prozedura bat martxan jartzeko xedez eman bada, instrukzio-salak ahala izango du agindua eman duen estatu kideko agintaritza judizialak atxilotu nahi duen pertsona ikertzeko egindako eskaera guztietara jotzeko.

Abokatua ondoan duela edo abokatuari behar bezala abisatu ondoren soilik ekin ahal izango zaio galdeketari, eta orduantxe bakarrik hartuko zaio deklarazioa ikertua izaten ari den pertsonari, pertsona horrek espresuki horri uko egiten ez badio behintzat.

Ikertua izaten ari den pertsonaren abokatuari gehienez ere bost egun lehenago helarazi beharko zaio entzunaldirako deialdia. Jakinarazpena posta ziurtatu bidez bidaliko zaio, hura jaso izanaren berri emateko eskatuz, edo fax bidez, frogagiri eta guzti, edo ahoz, prozeduraren erregistroan sina dezala eskatuz.

Instrukzio-salako presidentearen zuzendaritzapean, eta agindua eman duen estatu kideko agintaritza judizialak xede horretarako izendaturiko ordezkaria ere bertan dela, hartuko zaio deklarazioa interesdunari, zeinak, hala badagokio, interprete baten laguntza izango baitu.

[…]

V. KAPITULUA
Estradizioa
2. atala
Zuzenbide erkideko estradizio-prozedura

696-10 artikulua

Estradizio-agindu bat betearaztearen ondorioz atxikia izan den pertsona oro Errepublikak lurraldean duen prokuradore eskudunaren aurrera eraman beharko da berrogeita zortzi orduko epean. Epe horretan, 63-1 artikulutik 63-7ra bitarteko xedapenak aplikatuko dira.

Akusatuaren nortasuna egiaztatu ondoren, berak ulertzen duen hizkuntza batean azaldu beharko dio prokuradore nagusiak estradizio-agindu baten ondorioz izan dela atxikia eta berak aukeratzen duen abokatuaren laguntza jaso ahal izango duela, edo, halakorik ezean, abokatu-elkargoko buruak ofizioz izendatzen dionarena, zeinari lehenbailehen eman beharko baitzaio, zeinahi baliabideren bitartez, erabakiaren berri. Izendatu zaion abokatuarekin berehala batzartu ahal izango dela ere jakinarazi beharko dio. Xehetasun horiek guztiak aktan jasota geratuko dira, eta, hala egiten ez bada, prozedura deuseztzat joko da.

[…]

696-13 artikulua

Baldin eta erreklamatuak bere estradizioa onesten duela deklaratzen badu prokuradore nagusiaren aurrean, instrukzio-salak prozedura bere gain hartu beharko du berehala. Erreklamatua bertara eraman beharko dute prokuradore nagusiaren aurrean deklaratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean.

[…]

Ministerio publikoak eta akusatuak esateko dutena entzungo da, eta, horretan, halakorik bada, erreklamatuak bere abokatua izango du ondoan, eta, halakorik badagokio, baita interpretea ere.

696-21 artikulua

Baldin eta erreklamatuak bere borondatez bazter uzten baditu kontrol judizialarekin edo etxean baliabide elektronikoen bidez zaindurik atxilo egotearekin lotuta dagozkion betebeharrak, edo baldin eta kontrol judizialarekin edo etxean baliabide elektronikoen bidez zaindurik atxilo egotearekin lotutako inolako betebeharrik gabe hura aske utzi ondoren argi eta garbi geratzen bada pertsona horrek itzuri egingo diola bere aurkako estradizio-aginduari, instrukzio-salak, ministerio publikoaren auzi-eskabidea jaso ondoren, hura atxilotzeko agindu ahal izango du.

[…]

Ministerio publikoak eta akusatuak esateko dutena entzungo da, eta, horretan, halakorik bada, erreklamatuak bere abokatua izango du ondoan, eta, halakorik badagokio, baita interpretea ere.

[…]

696-23 artikulua

Presazko kasuetan, baldin eta estatu errekeritzaileko agintari eskudunek zuzenean hala eskatzen badute, estatu horrek emandako estradizio-aginduaren ondorioz erreklamaziopean den pertsona behin-behinean atxilotu dezatela agindu ahal izango du Errepublikak lurraldean duen prokuradore eskudunak.

Erreklamatuaren nortasuna egiaztatu ondoren, berak ulertzen duen hizkuntza batean azaldu beharko dio prokuradore nagusiak behin-behineko atxiloketa-agindu baten ondorioz izan dela atxikia. Pertsona hori aske ez uztea erabakitzen badu prokuradore nagusiak, hura apelazio-auzitegiko presidentearen aurrera bidali beharko du —edo hark izendaturiko magistratuaren aurrera—, hark, 696-11 artikuluarekin bat etorriz, epaia eman dezan.

[…]

3. atala
Europar Batasuneko kide diren estatuen arteko estradizioari buruzko prozedura sinplifikatua

696-26 artikulua

Erreklamatua atxilotzen dutenetik hasi eta bi eguneko epean, prokuradore nagusiak berak ulertzen duen hizkuntza batean azaldu beharko dio pertsona horri zein piezaren ondorioz izan den atxikia. Orobat jakinarazi beharko dio instrukzio-salaren aurrean prozedura sinplifikatuaren arabera onetsi ahal izango duela haren aurkako estradizio-agindua, bai eta espezialitate-printzipioaz baliatzeari uko egin ahal izango diola ere. Xehetasun horiek guztiak aktan jasota geratuko dira, eta, hala egiten ez bada, prozedura deuseztzat joko da.

Interesdunak abokatu baten laguntza jasotzeko eskubidea izango du, 696-10 artikuluko bigarren eta hirugarren apartatuetan ezarritako baldintzekin bat etorriz.

696-28 artikulua

Baldin eta, 696-27 artikuluko lehen apartatua aplikatzearen ondorioz, erreklamatuak instrukzio-salaren aurrean deklaratu behar badu, salako presidenteak haren nortasuna egiaztatu eta haren esanak aktan jaso beharko ditu.

[…]

Ministerio publikoak eta akusatuak esateko dutena entzungo da, eta, horretan, halakorik bada, erreklamatuak bere abokatua izango du ondoan, eta, halakorik badagokio, baita interpretea ere.

4. atala
Estradizioaren ondorioak

696-40 artikulua

Baldin eta Europar Batasuneko kide diren estatuen arteko estradizioari buruzko 1996ko irailaren 27ko Konbentzioa aplikatzearen ondorioz lortu badu Frantziako Gobernuak pertsona baten estradizioa, hura entregatua izan aurreko arau-hauste batengatik ere auzipetu eta kondenatu ahal izango dute, arau-hauste hori estradizio-aginduarekin lotuta ez badago ere, baldin eta entregatua izan eta, beheragoko baldintzekin bat etorriz, espezialitate-printzipioaz baliatzeari espresuki uko egiten badio.

[…]

Estraditatua izan den pertsonak epaiketa publiko batean deklaratu beharko du, eta haren agerraldian zehar, instrukzio-salak pertsona horren nortasuna egiaztatu eta haren esanak jaso beharko ditu. Haren deklarazioak aktan idatzita geratuko dira. Halakorik bada, interesdunak bere abokatua izango du ondoan, eta, halakorik badagokio, baita interpretea ere, eta bere egoera penalarekin lotutako espezialitate-printzipioaz baliatzeari uko egiteak zein ondorio juridiko dituen azalduko zaio, bai eta uko egite horrek izaera ezeztaezina duela ere.

[…]

5. atala
Zenbait xedapen

696-44 artikulua

Atzerrian zigor-prozedurak martxan diren kasuetan, baldin eta Frantzian bizi den norbaiti idazki prozesal edo judizial bat helaraztea beharrezkotzat jotzen badu gobernu atzerritar batek, 696-8 eta 696-9 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz eta, hala badagokio, frantsesezko itzulpen eta guzti entregatu beharko da pieza. Jakinarazpena zuzenean entregatu beharko da, ministerio publikoak hala eskatuz gero. Gobernu errekeritzaileari bide berak erabiliz birbidali beharko zaio jakinarazpena entregatu izana egiaztatzen duen dokumentuaren jatorrizkoa.

VI. KAPITULUA
Europar Batasuneko kide diren estatuetan Europako Kontseiluaren 2009ko urriaren 23ko Esparru Erabakia aplikatu eta kontrol judiziala ezartzeko ebazpenak betearaztea
1. atala
Xedapen orokorrak

696-53 artikulua

Kontrol- eta aitorpen-xedeekin loturik kapitulu honetan azaldutakoa Frantziako Errepublikako lurraldean edo Europar Batasuneko kide den estaturen bateko lurraldean aplikatu eta haietan kontrol judiziala ezartzeko erabaki ororekin batera, ziurtagiri bat ere aurkeztu beharko da, eta, hartan, nagusiki, honako alderdi hauek zehaztu:

[…]

6. Kontrol judiziala ezarri zaion pertsonak zein hizkuntza ulertzen dituen;

[…]

2. atala
Frantziako agintariek Europar Batasuneko kide den estatu bateko agintari eskudunei kontrol judizialaren gaineko ebazpenak igortzeari buruzko xedapenak

696-58 artikulua

Kontrol judiziala ezartzeko agindua eman duen agintaritza judizialak edo ministerio publikoak dokumentu hauek igorri beharko dituzte: kontrol judiziala ezartzeko ebazpenaren kopia ziurtatua, 696-53 artikuluan ezartzen den ziurtagiria, bai eta ziurtagiri horren itzulpena ere, dela agindua betearaztea dagokion estatuko hizkuntza ofizialetako batera egindakoa, dela estatu horrek onetsitako Europar Batasuneko instituzioetako hizkuntza ofizialetako batera egindakoa.

VII. KAPITULUA
Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2011ko abenduaren 13an onetsitako Europako Babes Aginduari buruzko 2011/99 EB Zuzentaraua Europar Batasuneko kide diren estatuetan aplikatu eta Europako babes-aginduak emateko ebazpenak betearaztea
1. atala
Frantziako agintariek Europako babes-agindu bat emateko ebazpenei buruzko xedapenak

696-95 artikulua

Errepublikako prokuradoreak Europako babes-agindua emateko ebazpena igorri beharko dio hura betearaztea dagokion estatuko agintaritza eskudunari, ebazpen hori benetakoa dela egiaztatze aldera erregistratua geratzeko modua ematen duen zeinahi baliabideren bitartez igorri ere, bai eta ziurtagiriaren itzulpena ere, dela agindua betearaztea dagokion estatuko hizkuntza ofizialetako batera egindakoa, dela estatu horrek onetsitako Europar Batasuneko instituzioetako hizkuntza ofizialetako batera egindakoa.

[…]

XV. TITULUA
Terrorismo-ekintzen jazarpen, instrukzio eta epaiketa

2. atala
Prozedura

[1462]706-24-2 artikulua

Interpreteak eska daitezke 706-16 artikuluaren aplikazio-eremuan sartzen diren arau-urratzeei buruzko prozedurak direla-eta, edo 10-3 artikuluan eta 100-5 artikuluaren bigarren apartatuan aurreikusitako egintzetan laguntzeko, edo 803-5 artikulua aplikatzeko; bada, orduan interpreteoi Parisko Apelazio Auzitegiko fiskal nagusiak izendun baimena eman ahal izango die haien izen-deituren bidez identifikatuak ez izateko, baldin eta, haien eginkizuna betetzeko baldintzak kontuan hartuta, haien identifikazioak arriskuan jar badezake haien bizitza edo osotasun fisikoa edo haien ahaideena.

Baimen horri esker, haren onuradun den interpretea zenbaki anonimo baten bidez identifika daiteke.

Ezin da jakinarazi zein den artikulu honen lehen apartatuan aipatutako interpreteen egoera zibila, baldin eta Parisko Apelazio Auzitegiko fiskal nagusiaren erabakiz ez bada. Halaber, fiskalak eskatuta, egitateez arduratzen den epaiketaren jurisdikzioko lehendakariari jakinaraziko zaio zein den egoera zibil hura.

Artikulu hau aplikatzeko moduak dekretu bidez zehaztuko ditu Estatu Kontseiluak.

XXIII. TITULUA
Prozeduran telekomunikazio-bideak erabiltzea

706-71 artikulua

Aurreko apartatuetako xedapenak aplikatze aldera, baldin eta pertsona abokatu baten edo interprete baten laguntza jasotzen ari bada, biak ala biak egon ahal izango dira magistratu, jurisdikzio-organo edo batzorde eskudunen edo interesdunaren aurrean. Lehen kasuan, abokatua edo interpretea isilpean elkarrizketatu ahal izango dira auzipetuarekin ikus-entzuneko telekomunikazio-bideen bitartez. Bigarren kasuan, txosten osoaren kopia bat utziko da eskuragarri atxiloketa-gunean, non eta txosten hori abokatuari bidali ez zaion.

[…]

Interpreteak salara joateko modurik ez badu eta haren esku-hartzea beharrezkoa bada, interpreteak telekomunikazio-bideen bitartez esku hartu ahal izango du entzunaldian, galdeketan edo aurrez aurrekoan.

[…]

XXV. TITULUA
Kriminalitate eta delinkuentzia antolatuari eta krimenei aplikagarria zaien prozedura

II. KAPITULUA
Prozedura
6. atala
Zenbait leku eta ibilgailuren soinu- eta irudi-grabazioak

1. paragrafoa
Xedapen erkideak

L. 706-95-18 artikulua

Atal hau aplikatzean erabiltzekoak eta martxan jartzekoak diren baliabide tekniko eta jardueren berri eman eta hori guztia akta batean jaso beharko dute Errepublikako prokuradoreak, instrukzioko epaileak edo hark izendatutako edo Errepublikako prokuradoreak errekeritutako polizia judizialeko ofizialak edo ofizial horren kontrolpeko agenteak. Jarduerak zein ordutan hasi eta amaitu diren ere zehaztu beharko da akta horretan.

Grabazio guztiak zigilupean gordeko dira.

Polizia judizialeko ofizialak eta haren kontrolpeko agenteak egia jakiteko baliagarri izan litezkeen grabazioak transkribatu edo deskribatu beharko dituzte txostenaren parte izango den akta batean. Neurria baimentzeko ematen den autoan ageri diren arau-hausteekin inolako loturarik ez badute, bizitza pribatuari buruzko sekuentziak prozedurari buruzko txostenetik kanpo geratuko dira.

Atzerriko hizkuntzaren batean dauden solasaldi eta datuak frantsesez transkribatuko ditu xede horretarako berariaz izendatutako interprete batek.

V. LIBURUA
Betearazpen-prozedurak

I. TITULUA
Zigor-arloko epaiak

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

709-1-1 artikulua

Poliziak edo jendarmeek, ofizioz edo Errepublikako prokuradorearen edo zigorren aplikazioko epailearen instrukziopean, Zigor Kodearen 131-9 artikuluko bigarren apartatua edo 131-11 artikuluko bigarren apartatua aplikatzean kondenatua izan den pertsona oro atxilotu eta zigorren aplikazioko epailearen esku utzi beharko dute, baldin eta epaileak susmoa badu pertsona horrek ez dituela beteko ezarri zaion kondenaren aplikazioaren ondorioz dagozkion betebeharrak. Polizia judizialeko ofizialak hala erabakiz gero, kondenatua polizia-etxeko edo jendarmeriako atxiloketa-gunera eraman eta gehienez ere hogeita lau ordu eduki ahal izango dute han, harik eta haren egoera argitu eta haren betebeharren urraketei buruz deklarazioa hartzen dioten arte.

Kondenatua atxilotzen dutenetik aurrera, polizia judizialeko ofizialak jazotzen den guztiaren berri eman behako dio Errepublikako prokuradoreari edo zigorren aplikazioko epaileari.

Polizia judizialeko ofizial batek edo haren kontrolpeko agente batek berehala azaldu beharko dizkiote atxiloturik daukaten pertsonari, berak ulertzeko moduan, neurriak zenbat denbora iraungo duen gehienez eta zein arau-hauste leporatzen zaizkion, bai eta zein onura dagozkion ere:

[…]

1. Halakorik bada, interprete baten laguntza jasotzeko eskubidea;

[…]

III. KAPITULUA
Konfiskazio-ebazpenak betearaztea helburu duen nazioarteko lankidetza
1. atala
Europako Kontseiluko 2006ko urriaren 6ko Esparru Erabakia aplikatu eta konfiskazio-ebazpenak igortzea eta betearaztea

1. paragrafoa
Xedapen orokorrak

713-3 artikulua

Ebazpena betearaztea dagokion estatuko hizkuntza ofizialetako batera edo estatu horrek onetsitako Europar Batasuneko instituzioetako hizkuntza ofizialetako batera itzuli beharko da ziurtagiria.

3. paragrafoa
Europar Batasuneko kide den estatu bateko jurisdikzio-organo batek ondasunak konfiskatzeko emandako ebazpenak betearazteari buruzko xedapenak

713-17 artikulua

Baldin eta epaileak ebazpena itzultzea beharrezkotzat jotzen badu, ondasuna bahitzeko edo enbargatzeko neurria jada aplikatu badu, edo beste prozedura baten barruan hura behin betiko konfiskatzeko erabakia betearazi badu, auzitegi korrekzionalak kasua artxibatu ahal izango du.

Kasua artxibatuz gero, auzitegi korrekzionalak ondasunak bahitzeko neurriak agindu ahal izango ditu 484-1 artikuluan ezarritako modalitateen arabera.

Ebazpena atzeratzea erabakiz gero, Errepublikako prokuradoreak lehenbailehen jakinarazi beharko dio erabakia neurriak agindu dituen estatuko agintaritza eskudunari, erregistratua geratzeko modua ematen duen zeinahi baliabideren bitartez jakinarazi ere, eta, hartan, erabakiaren zioak azaldu beharko dizkio, bai eta, ahal bada, atzerapenak zenbat denbora iraungo duen ere.

713-20 artikulua

Hargatik eragotzi gabe 694-4 artikuluaren aplikazioa, honako kasu hauetako batean uko egin ahal izango zaio konfiskazio-ebazpena betearazteari:

[…]

4. Baldin eta frogatzen bada haren sexua, arraza, erlijioa, jatorri etnikoa, nazionalitatea, hizkuntza, iritzi politikoak, sexu-orientazioa edo genero-identitatea direla medio eman dela konfiskazio-ebazpena, edo, arrazoi horietako bat dela-eta, aipatu ebazpenak pertsona horri kalte egin diezaiokeela ondorioztatzen bada;

[…]

2. atala
Atzerriko agintari judizialek ondasunak konfiskatzeko emandako ebazpenak betearaztea

713-37 artikulua

Hargatik eragotzi gabe 694-4 artikuluaren aplikazioa, honako kasu hauetako batean uko egin ahal izango zaio konfiskazio-ebazpena betearazteari:

[…]

4. Baldin eta frogatzen bada haren sexua, arraza, erlijioa, jatorri etnikoa, nazionalitatea, hizkuntza, iritzi politikoak, sexu-orientazioa edo genero-identitatea direla medio eman duela atzerriko agintaritzak bere ebazpena, edo, arrazoi horietako bat dela-eta, aipatu ebazpenak pertsona horri kalte egin diezaiokeela ondorioztatzen bada;

[…]

II. TITULUA
Atxiloketa

V. KAPITULUA
Kondenatuen transferentzia

728-3 artikulua

Frantziako lurraldera iritsi bezain laster, atxiloturik dakarten kondenatua Errepublikak bertan duen prokuradorearen aurrera eraman beharko da, prokuradoreak haren nortasuna argitzeko galderak egin diezazkion eta hori guztia akta batean jaso dezan. Dena den, galdeketa ezin bada berehala egin, kondenatua atxiloketa-gunera eraman beharko da, non ezingo duten hogeita lau ordutik gora atxilo eduki. Epe hori amaitzean, atxiloketa-guneko zuzendariaren aginduz, pertsona hori ofizioz eraman beharko dute Errepublikako prokuradorearen aurrera.

Transferentziari buruz estatuek adosturikoa eta interesdunaren onespena egiaztatzen duten dokumentuak aintzat harturik, eta atzerriko kondena-epaiaren jatorrizkoa edo haren hitzez hitzeko kopia eta, hala badagokio, epaiaren itzulpen ofiziala aztertu ondoren, Errepublikako prokuradoreak kondenatua berehala espetxeratu dezatela errekeritu ahal izango du.

VI. KAPITULUA
Europar Batasunean betearaztekoak diren eta askatasunaz gabetzeko zigorrak eta beste neurri batzuk ezartzea helburu duten zigor-arloko epaien elkarrekiko aitorpen-printzipioaren aplikazioari buruzko Europako Kontseiluaren 2008ko azaroaren 27ko 2008/909/JAI Esparru Erabakia aplikatu eta nor edo nor askatasunaz gabetzeko zigor edo neurriren batera kondenatzeko ebazpena betearaztea
2. atala
Frantziako jurisdikzio-organoek emandako kondena-epaiak Europar Batasuneko kide diren beste estatuetan betearazteari buruzko xedapenak

1. paragrafoa
Ministerio publikoak agindua igortzea

728-18 artikulua

Baldin eta kondena-epaia eta ziurtagiria hura betearaztea dagokion estatuko agintaritza eskudunari igortzea erabakitzen badu ministerio publikoaren ordezkariak, erabaki hori berak ulertzen duen hizkuntza batean jakinarazi beharko dio kondenatuari. Horrez gain, hauek ere jakinarazi beharko dizkio:

1. Kondena-epaia estatu horretan betearaztekoa bada, zigorra bertako legeriarekin bat etorriz betearazi beharko dela, eta kondenatua garaia baino lehen edo baldintzapean aske uzteko neurriak ere legeria horren arabera zehaztuko direla;

2. Ezarri zaion kondenarekin lotuta askatasunaz gabeturik egon den denbora-tartea kenduko zaiola betetzeko gelditzen zaion zigorraldiari;

3. Kondena betearaztea dagokion estatuko agintaritza eskudunak askatasunaz gabetzeko zigorra edo neurria egokitzea erabaki ahal izango duela, baldin eta, haren iraupen edo izaera dela tarteko, zigorra bat ez badator estatu horretako legeriarekin;

4. Kondena betearaztea dagokion estatuak, askatasunaz gabetzeko zigorra edo neurria egokitzen ari dela, ez duela zigorra edo neurria larriagotzerik izango.

Artikulu honetan ezartzen den formalitatea aktan jasota geratuko da.

Baldin eta kondenatua kondena betearaztea dagokion estatuan badago, ministerio publikoaren ordezkariak formalitate hori martxan jar dezala eskatu ahal izango dio estatu horretako agintaritza eskudunari.

728-19 artikulua

Ministerio publikoaren ordezkariak dokumentu hauek bidali beharko dizkio kondena betearaztea dagokion estatuko agintaritza eskudunari: kondena-epaiaren kopia, 728-12 artikuluan aipatzen den ziurtagiriaren jatorrizkoa edo haren kopia, eta, hala badagokio, kondenatuak eta haren ordezkari edo laguntzaile gisa jardun duen pertsonak beren entzunaldietan zehar esandakoen akten kopia bana.

Ziurtagiria kondena betearaztea dagokion estatuko hizkuntza ofizialetako batera edo estatu horrek onetsitako Europar Batasuneko instituzioetako hizkuntza ofizialetako batera itzuli eta itzulpena ere bidali beharko zaio estatu horretako agintaritza eskudunari. Kondena betearaztea dagokion estatuko agintaritza eskudunak hala eskatuz gero, kondena-epaia edo epai horren funtsezko zatiak ere itzuli egin beharko dira, eta itzulpena aurreko baldintza berberetan bidali.

Kondena betearaztea dagokion estatuko agintaritza eskudunak hala eskatuz gero, kondena-epaiaren kopia ziurtatua eta ziurtagiriaren jatorrizkoa ahalik eta eperik laburrenean bidali beharko dira.

2. paragrafoa
Transferentzia eta estatu batetik bestera igarotzea

728-24 artikulua

Justizia Ministerioak transferentzia egitean beren lurraldetik igarotzeko eskabidea eta ziurtagiriaren kopia bidaliko dizkie tartean diren estatu kideetako agintari eskudunei. Agintari horiek hala eskatuz gero, tartean diren estatuetako hizkuntza ofizialetako batera edo estatu horiek onetsitako Europar Batasuneko instituzioetako hizkuntza ofizialetako batera itzuli beharko da ziurtagiria.

3. atala
Europar Batasuneko beste estatu batzuetako jurisdikzio-organoek emandako kondena-epaiak Frantziako lurraldean betearazteari buruzko xedapenak

1. paragrafoa
Aitorpenari eta betearazpenari uko egiteko zioak

728-32 artikulua

Honako kasu hauetako batean uko egin ahal izango zaio kondena-epaia betearazteari:

[…]

3. Baldin eta frogatzen bada haren sexua, arraza, erlijioa, jatorri etnikoa, nazionalitatea, hizkuntza, iritzi politikoak, sexu-orientazioa edo genero-identitatea direla medio ezarri zaiola kondena pertsonari, edo, arrazoi horietako bat dela-eta, aipatu aginduak pertsona horri kalte egin diezaiokeela ondorioztatzen bada;

[…]

2. paragrafoa
Errepublikako prokuradoreak epaia jaso eta instrukzioari ekitea, hura aitortze eta betearazte aldera

[…]

728-38 artikulua

Baldin eta Europar Batasuneko kide den estatu bateko jurisdikzio-organo batek askatasunaz gabetzeko zigor edo neurriren bat ezartzeko emandako kondena-epaia Frantzian aitortu eta betearaz dadila eskatzen badu estatu horrek, kondena-epaia eman duen estatuko agintaritza eskudunak epaiaren jatorrizkoa edo haren kopia ziurtatua, 728-12 artikuluan aipatzen den ziurtagiria eta haren frantsesezko itzulpena bidaltzen dizkiola ziurtatu beharko du Errepublikako prokuradoreak.

Ziurtagiriaren edukia aski iruditzen ez bazaio epaia aitortu eta betearazteko eskabideaz ezer erabakitzeko, kondena-epaia edo prokuradoreak berak eta kondena-epaia eman duen estatuko agintaritza eskudunak funtsezkotzat jotzen dituzten zatiak frantsesera itzul ditzatela eskatu ahal izango du Errepublikako prokuradoreak. Ziurtagiria osatugabea edo okerra dela iruditzen bazaio, gainera, osatu edo zuzendu dezala ere eskatu ahal izango dio agintaritza horri.

3. paragrafoa
Aitorpenari eta betearazpenari buruzko ebazpena eta errekurtsoak

728-54 artikulua

Baldin eta, aparteko kasuren batean, kondenaren aitorpen eta betearazpenari buruzko behin betiko erabakia ezin bada hartu kondena-epaia eta ziurtagiria jasotzen direnetik hasi eta hogeita hamar eguneko epean, Errepublikako prokuradoreak ahalik eta eperik laburrenean eman beharko dio horren berri kondena-epaia eman duen estatuko agintaritza eskudunari, atzerapenaren arrazoiak eta erabakia hartzeko beharrezkoa iruditzen zaion epe gehigarria adieraziz.

Baldin eta Errepublikako prokuradoreak edo auzitegi korrekzionaleko apelazio-salak ziurtagiria osatzeko edo zuzentzeko edota kondena-epaia osorik edo zatika itzuli eta itzulpena bidaltzeko eskatzen badiote epaia eman duen estatuko agintaritza eskudunari, lehen apartatuan epeei buruz ezarritakoa bertan behera utziko da, harik eta kondena-epaia eman duen estatuak eskatzen zaizkion piezak bidaltzen dituen arte.

5. paragrafoa
Transferentzia

728-63 artikulua

Ministerio publikoak 728-62 artikuluko 7. zenbakian aipatzen den onespen-eskabidea bidali beharko dio kondena-epaia eman duen estatuko agintaritza eskudunari. 695-13 artikuluan ezarritako xehetasun guztien berri eman beharko du eskabide horrek, eta 695-14 artikuluan ezarritako modalitateen arabera itzuli beharko da.

6. paragrafoa
Behin-behineko atxiloketa

728-65 artikulua

Atxilotua haren aurrera eramaten dutenean, Errepublikako prokuradoreak haren nortasuna egiaztatu eta berak ulertzen duen hizkuntza batean azaldu beharko dio kondenatu duen estatuaren epai baten ondorioz izan dela atxikia. Askatasunen eta atxiloketaren epaileari espetxera dezala, etxean baliabide elektronikoen bidez atxilo har dezala edo kontrol judiziala ezar diezaiola eskatzeko asmoa duela azaldu beharko dio prokuradoreak atxilotuari, bai eta berak aukeratzen duen abokatuaren laguntza jaso ahal izango duela ere, edo, halakorik ezean, abokatu-elkargoko buruak ofizioz izendatzen dionarena, zeinari lehenbailehen eman beharko baitzaio, zeinahi baliabideren bitartez, erabakiaren berri. Izendatu zaion abokatuarekin berehala batzartu ahal izango dela ere jakinarazi beharko dio.

4. atala
Frantziako lurraldean barrena igarotzeari buruzko xedapenak

728-72 artikulua

Frantziatik igarotzeko eskabidearekin batera, 728-12 artikuluan aipatzen den ziurtagiria ere aurkeztu beharko da, kondena-epaia eman duen estatuko agintaritza eskudunak igorria. Justizia-ministroak ziurtagiriaren frantsesezko itzulpena eskatu ahal izango du.

728-74 artikulua

Justizia-ministroak ahalik eta eperik laburrenean eman beharko ditu azalpenak, Frantziatik igarotzeko eskabidea jasotzen duenetik hasi eta gehienez ere astebeteko epean. Ziurtagiriaren itzulpena eskatuz gero, hura bidaltzen denetik aurrera hasiko da kontatzen epe hori.

VII QUATER TITULUA
Europako Kontseiluko 2008ko azaroaren 27ko Esparru Erabakia aplikatu eta kondena- eta zaintzapeko askatasun-epaiak betearaztea

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

764-6 artikulua

Epaia betearaztea dagokion estatuan titulu honetan aitorpen- eta jarraipen-xedeekin loturik azaldutakoa aplikatzearen ondorioz igortzekoa den kondena- edo zaintzapeko askatasun-epai ororekin batera, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, eta, hartan, nagusiki, honako alderdi hauek zehaztu:

[…]

6. Kondenatuak zein hizkuntza ulertzen dituen;

[…]

II. KAPITULUA
Frantziako jurisdikzio-organoek emandako kondena- eta zaintzapeko askatasun-epaiak Europar Batasuneko kide diren beste estatuetan aitortzeari eta haien jarraipena egiteari buruzko xedapenak

[…]

764-11 artikulua

Ministerio publikoak dokumentu hauek bidali beharko dizkio epaia betearaztea dagokion estatuko agintaritza eskudunari: kondena- edo zaintzapeko askatasun-epaiaren kopia, bai eta 764-6 artikuluan aipatzen den ziurtagiriaren jatorrizkoa edo haren kopia ere.

Ziurtagiria kondena betearaztea dagokion estatuko hizkuntza ofizialetako batera edo estatu horrek onetsitako Europar Batasuneko instituzioetako hizkuntza ofizialetako batera itzuli eta itzulpena ere bidali beharko zaio estatu horretako agintaritza eskudunari.

[…]

X. TITULUA
Epaiketako gastuak

Xedapen orokorrak

800-1 artikulua

[…]

[1463]Interpretazio-gastuak audientziak hartu dituelarik, baina interpretazioa behar duen/duten pertsona/pertsonak ez badira agertu entzunaldira, edo ez direla agertuko jakinarazi ez bada gastu horiek ez egiteko moduko epean, jurisdikzioak gastuok pertsona horren edo horien karguan jar ditzake modu solidarioan.

803-5 artikulua

Atariko artikuluko III. zenbakian ezartzen denez, susmagarriak edo auzipetuak interprete edo itzultzaile baten laguntza jasotzeko eskubidea izango du, eta eskubide hori artikulu hau aplikatuz egikarituko da.

Zalantzarik badago ea susmagarria edo auzipetua gai den frantsesa ulertzeko, hura entzungo duen edo deklarazioa hartuko dion agintari judizialak hizkuntza hori ulertzen duela egiaztatu beharko du.

Aparteko neurri gisa, kode hau aplikatzean bidali edo jakinaraztekoak diren oinarrizko piezak ahoz itzuli edo laburtu ahal izango zaizkio.

[1464]Adin nagusiko bat atxilotuta dagoen bitartean edo 61-1 artikuluan aurreikusitako entzunaldi askean zehar, interpreteak esku hartu ahal izango du atxilotuari haren eskubideak jakinarazten zaizkiolarik, eta atxilotuari interprete baten laguntza eman ahal izango zaio, 706-71 artikuluan xedatutakoa gorabehera; hori guztia egin ahal izango da Estatu Kontseiluan dekretu bidez zehaztutako moduan, telekomunikazio-bitartekoen bidez, zeinek bermatuko baitituzte elkarrizketen kalitatea, konfidentzialtasuna eta segurtasuna, bereziki pertsonaren eta haren abokatuaren artean. Apartatu hau ez da aplikatuko atxilotuta dagoen pertsona adin nagusiko babestua denean.

[1465]Atxiloketaren ondoren berrogeita zortzi ordu igarotakoan, interpreteak esku hartuko du artikulu honen laugarren apartatuan aurreikusitako baldintzetan, baldin eta beharrezkoa bada interpreteak ezin duelako hara joan, eta, betiere, prozesuaz arduratzen den magistratuak aurretik baimena eman duelako.

Artikulu honen aplikazio-modalitateak dekretu baten bidez zehaztu beharko dira, eta, hartan, oinarrizko zein dokumentu itzuli behar diren ezarri beharko da batez ere.

803-6 artikulua

Kode honen xedapenak aplikatzean askatasunaz gabetzeko neurria ezarria zaion pertsona susmagarri edo auzipetu orori, neurri horren berri ematen dion jakinarazpenarekin batera, beste dokumentu bat ere igorriko zaio, hitz soil eta ulerterrazak erabiliz eta berak ulertzen duen hizkuntza batean azaltzeko prozeduran zehar, kode honekin bat etorriz, eskubide hauek izango dituela:

[…]

4. Interprete eta itzultzaile baten laguntza jasotzeko eskubidea;

[…]

Dokumentua pertsona horrek ulertzen duen hizkuntza batean eskuratzeko modurik ez badago, ahoz eta berak ulertzen duen hizkuntza batean azaldu beharko zaio artikulu honetan ezartzen diren eskubideetatik zein dagokion. Azalpen horiek guztiak aktan jasota geratuko dira. Pertsona horri atzerapenik gabe eta berak ulertzen duen hizkuntza batean idatzirik bidali beharko zaio dokumentuaren bertsio bat.

VI. LIBURUA
Itsasoz haraindiko erregioei buruzko xedapenak

I. TITULUA
Polinesia Frantsesean, Wallis eta Futuna uharteetan, eta Kaledonia Berrian aplikagarriak diren xedapenak

V. KAPITULUA
Instrukzio-arloko jurisdikzioak

817. artikulua

102. artikuluko bigarren apartatua aplikatuz, idazkariari eman ahal izango zaio interprete-lanak egin eta lurraldean hitz egin ohi diren hizkuntzetako batean esanak itzultzeko ardura. Halakoetan, itzultzaileari zinpekoa izan beharraren dispentsa emango zaio.

VII. KAPITULUA
Delituak epaitzea

839. artikulua

407. artikulua aplikatuz, idazkariari eman ahal izango zaio interprete-lanak egin eta lurraldean hitz egin ohi diren hizkuntzetako batean esanak itzultzeko ardura. Halakoetan, itzultzaileari zinpekoa izan beharraren dispentsa emango zaio.

Interprete ofizial iraunkorrik badago, bere eginkizunak betetzen hastean baino ez du zin egin beharko.

II. TITULUA
Mayotteko departamenduari buruzko xedapen bereziak

IV. KAPITULUA
Zigor-auzitegia

885. artikulua

Mayotteko Zigor Auzitegiko epaimahaia zinpeko hiru kidek osatuko dute lehen auzialdian, eta zinpeko sei kidek, berriz, apelazioan.

[…]

Gainera, zerrenda aldi baterako aldatu eta akusatuaren edo haren abokatuaren ezkontide, guraso, izeba-osaba, iloba eta gainerako senitartekoen izenak bertatik behin-behinean kentzeko agindua emango du auzitegiak, bai eta auzian lekuko, interprete, salatzaile, aditu, kereila-jartzaile edo alde zibil gisa esku hartzen dutenena edo polizia judizial edo instrukzioan tartean dauden poliziena ere.

[…]


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper